Zaldia euskal mitologian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Behor beltz batek bahitu zuen Etsoinberriko neskamea, Obantzungo leizera eramateko

Zaldia euskal mitologiaren irelu edo jenio mota bat da, zaldi itxurakoa.

Irelu hau askotan leizetako biztanle edota zaindari azaltzen da, eta Mari jainkosarekin zein Sugaar bere senarrarekin lotutako irelua da. Batzuetan harpetara lotuta agertzen da ere, Mariko beste hainbat irelu bezala.

Zamari Zuria, zerealaren izpiritua islatzen duen zaldi irelua, zaldiz mozorrotako dantzariak irudikatzen du Zuberoa maskaradetan zein Gipuzkoako jaietan[1].

Zaldia eta gizakiaren arteko harreman historia aztertzerakoan, bere esanahi kulturala barne, zera hartu behar dugu kontutan; zaldia askoz mende gehiago izan da ehizagai bat gaur egungo etxekotutako aberea baino [2].

Zaldia, aldi berean, Euskal HerrikoLabar-artean sarri islatua agertzen da eta teoria ezberdinak daude abere hauek Paleolitoan gizakien sinismenetak jokatzen zuten paperaren inguruan.

Pottoka euskal mitologian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko mendietan, bertako zaldi arraza batek aspaldidanik gaur egun arte iraun du. Pottokak dira, eta Euskal Herriko mendietan baldintza erdi basatietan bizi izan dira. Zalantzarik gabe, mendi eta basoetako pottokak Zaldia ireluaren inguruko sinesmen iturri nagusi izan dira euskaldunen artean. Hala ere, Euskal Herriko mendietan beste zenbait zaldien arraza daude, baina ez pottoka bezain antzineko eta basatiak.

Sakontzeko, irakurri: «pottoka»

Euskal Herriko historiaurreko leizeetako labar-pinturetan pottokak gogora ekartzen dizkiguten zaldien irudiak agertzen dira oso maiz. Ekaingo leizean batez ere (Deba). Zaldien marrazkiak gordetzen dituzten beste leizeak hauek dira: Altxerri, Atxeta, Santimamiñe, Torrea, Aldekerdi, Urkiaga , Izturitze.

Zaldia labar-artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Migel Barandiaranen arabera, zaldien margoa hauek baliteke mitologian pottokek leizeekin duten loturarekinzer ikusirik izatea, behigorriaren kasuan bezala[3].

Irelu hauen gustuko leize eta parajeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elezaharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Atharratzen kontatzen zuten, Laxarrigibele izeneko harpean, Ahuskiko magalean, Alzaitik gertu, zaldi zuri bat bizi omen zela. Behin eskualde hartako mutil bat bahitu zuen. Mutila ez zegoen ondo integratuta bere inguruan.
Pottokez gain, bertako beste zaldi arrazak izan dira Euskal Herriko mendietan. Auritzekoak, Mendiko zaldia arrazakoak... haiek ere zaldi magikoei buruzko istorioen oinarrian daude. Argazkian mendiko arrazako zaldiak Bianditzen.

Baserrikoek behor bat zuten. Aberea egunero bidaltzen zuten mendira eta iluntzean jaso. Etxeko morroi-neskameak egunero egiten zuten lan hori. Ohitura zuten aurrenekoa behorra ikusten zuena, bere gainean etxera itzultzeko. egun bat neskamea izan zen lehengoa behorra ikusten eta halaxe esan zuen: Horra hor gure behor beltza, eta korrika abiatu eta aberearen gainera igo zen. Igo orduko behorra arrapaladan abiatu zen Obantzungo leizera eta bertan sartu zen bere zaldizkoarekin. Morroia luze egon zen leize barnera begira bere lagunaren bila, baina ez zuen ezer topatu.

Baserriko bidean galdetzen zuen bere buruari: "ze behor klase zen hori" , orduna ikusi omen zuen Etsoinberriko benetako behorra sakon batean lasai lasai larretzen.

Handik denboraldi batera, Etsonberrikoek arropa garbitzera joan ziren Itturrarango iturrira, eta bertan topatu zituzten bahitutako neskamearen belarritakoak eta eraztuna.

  • Amezketako Irari baserriko alaba bat Aralarreko Marizulo leizera eraman zuen bahituta zaldi zuri itxura zeukan irelu batek.
  • Aralarreko Putteriko larreetan, bere ardiak larretzen ari zen artzain bati zaldi zuri baten gainean zebilen gizon bat azaldu zitzaion, eta mendi hartako leizea non zegoen galdetu zion. Zaldunak artzainari urrezko txanpon bat eman zion saritzat, eta joan zen. Txanpona hauts bilakatu zen arztzainaren eskuetan.
  • Ataungo Artzate atakaren gainean, Gurutzegorri eta Aspildi haitzen artean, zenbait gauetan, suzko zaldi ugari jausika zebilen batetik bestera Sugaarzulo harpearen parera.

Suzko zaldiekin ikuskizun berbera posiblea zen ikustea gauez Igartu mendian. Bertan baserri zahar baten hondakinak ikusi daitezke.

  • Behor zuriaren kondaira:

Ba omen zen behin hiru alaba zituen gizon aberatsa. Egun batean, belarri atzean zerbait sumatzen zuela eta, alaba gazteenari han zer ote zuen begiratzeko eskatu zion. Alabak, Maider izenekoa, zorri bat aurkitu zuen. Gizonak zorria eltzean sartzeko agindu zion. Zorria hazi eta hazi hasi zen. Oso denbora laburrean asko hazi zen eta eltzea lehertu egin zuen. Orduan, aitak barrika batean sartu zuten zorria, baina hura ere lehertu egin zuen. Azkenean akabatu eta haren larrua leihotik zintzilik jarri zuten. Gizonak orduan, mundu guztiari jakinarazi zion bere alabetako bat eskua emango ziola larru hura zein animaliarena zen asmatzen zuenari. Haren dotorean usainera gate asko agertu zen, baina haietako bakar batek ere ez zuen erantzun zuzenik eman. Egun batean, urrez jantzitako gizon dotore bat azaldu zen. Etxe aurrean jarri eta zintzilik zegoen hari begira jarri ondoren, esan zuen:

-Zorri-larrua da hori!

Gizona pozez zoratzen zegoen halako gizon bizkor eta prestua suhitzat hartzearekin. Afaltzera gonbidatu eta hiru alabetatik nahi zuena hautatzeko esan zion. Etorri berriak afalostean erantzungo ziola erantzun zion. Geroxeago, Maider lorategira joan zen mahaia apaintzeko lore bila. Ukuilu aurretik igarotzerakoan ahots bat entzun zuen berari deika. Harrituta hara begiratu zuen, baina ez zuen aitaren behor zuria besterik ikusi.

-Ez larritu -esan zion behorrak- jakinaren gainean jarri nahi zaitut eta; urrez jantzitako gizona deabrua

da eta zu hautatuko zaitu emaztetzat. Ez ahaztu orain esango dizudana! Aitak dirua eskaintzen dizunean, ez hartu zentimorik ere, behor zuria nahi duzula esaiozu! Eta hala, afalostean, deabruak Maider eskatu zuen emaztetzat eta berehala alde egin behar zutela esan zuen. Behorrak esan bezala, aitak nahi hainbat diru eskaini zion Maiderri, baina honek, behor zuria nahi zuela esan zion. Deabruaren zalgurdira igotzerakoan Maiderrek behor zuria aurrean jartzen utz ziezaiotela eskatu zuen. Bide puska bat egin zutenean, behorra ostikoka hasi zen lurraren kontra eta hau bi zatitan irekitzen zen bitartean, honela esan zuen:

-Sar hadi hor zazpi urtetarako!

Eta une hartan bertan, bai zalgurdia eta bai deabrua, biak lurpean desagertu ziren. Maider eta behorra lurrazalean geratu ziren. Orduan animaliak esan zion.

-Zazpi urtetan bakea izango duzu! Eta biak bideari jarraitu zitzaizkion. Asko ibili ondoren, gaztelu bat begiztatu zuten. Zer deritzozu hemen gelditzen bagara? -galdetu zion behorrak-. Gaztelu horretan printze gazte bat bizi da eta berarekin ezkonduko zara. Behor zuriak esan bezala, printzea Maiderrekin maitemindu zen eta handik egun batzuetara ezkondu egin ziren biak sekulako jaialdien artean. Ezkontzaren ondoren, behorra era honetan mintzatu zitzaion Maiderri:

-Joan-ordua dut, baina aurrenik txirula hau eman nahi dizut opari. Arazorik duzunean jo ezazu eta berehala azalduko natzaizu. Eta behorra desagertu egin zen. Ezkonberriak oso zoriontsu bizi ziren eta bi haur izan zituzten. Baina, halako batean, senarrak gerrara joan behar izan zuen. Maider eta bi haurrak etxean geratu ziren aita noiz itzuliko zain. Bien bitartean, zazpi urte joan ziren eta deabrua andrearengana azaldu zen esanez:

-Zatozte nirekin! Emazte baten ordez, hiru izango ditut orain! Eta Maiderrek bi haurrak hartu eta ez zuen izan haren ondotik atera beste irtenbiderik. Asko ibili ondoren, baso ilun batean sartu ziren.

-Hementxe hilko zarete! -esan zien deabruak.

-Hil aurretik utz iezadazu haurrentzat txirula jotzen -eskatu zion Maiderrek.

Deabruak baiezkoa eman zion eta Maider txirula jotzen hasi zen. Hasi besterik ez zuen egin, behor zuria azaldu zenean.

-Hara! Hemen al haiz berriro? -esan zuen abereak deabrua ikusitakoan-. Hemendik aurrera ez diok bada, beste inori kalterik egingo! Eta lurra kolpatuz, oihukatu zuen:

-Lurra! Ireki hadi eta irentsi ezak betiko deabru madarikatu hau.

Eta lurra ireki egin zen eta gaizkilea desagertu egin zen berehala.

-Orain zure etxera itzul zintezke, Maider -esan zion behor zuriak-. Hemendik aurrera ez duzu gehiago nire beharrik izango eta. Animalia zoragarri hura desagertu egin zen eta Maider gaztelura itzuli zen bere bi haurrekin. Han egon zen senarra agertu zain eta, etorri zenean, gertatu zitzaion dena kontatu zion.

  • Aizaarte-Saaltse etxeko gizon bat, Aralar inguruko Agaoz mendiko artzaina zebilen. Egun batean, bere sarobean zegoela ardiak jeizten, bat batean suzko zaldi baten gainean zebilen zaldun bat agertu zitzaion. Zaldunak galdetu omen zion ea non zegoen San Migel Aralarreko Santutegiko bidea. Artzainak beldurtuta aitarena egin zuen. Une hartantxe ezkutatu ziren zaldi eta zalduna Ubediko leizezuloan amilduz.

Bururik gabeko zaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bururik gabeko zaldia Zamaria zuria izenez ere ezagutua da Zuberoan eta Nafarroa Beheran. Zamari zuriaren inguruko elezaharrek aparteko aipamena merezi dute.

Bururik gabeko halako zaldi baten agertzea, heriotza edo ezbehar larri baten igarlea zen. Dirudienez Zamari zuriak badauka zer ikusirik beste zenbait kulturen mitoekin. Zaldi zuri hauek hildakoen eta bizidunen arteko munduen zubi, mezularien edota garraiolarien lana egiten dute. Horregatik bere kolore zuria eta bururik gabekoak izateko ezaugarria[4].

Bururik gabeko zaldi hauek askotan azaltzen omen ziren gauetan Pirinioetako kontrabando bideetan, bereziki zaldien kontrabando bideetan.

Zamari zuria gaueko agerpenik bildurgarrienetakoa zen Larrun mendiko inguruko malkar eta basoetan lan eta bizi zirenentzat.

Zaldi mamu zuriak, bestela, hildako eta bizidunen arteko munduen lotura-bektorea izan dira Europako kultura askotan.

Zerealaren Izpiritua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, Zerealaren Izpirituak zaldi zuriaren itxura hartzen omen zuen

Europa guztian barrena zabalduta dago "Zereal edo Laborearen Izpirituaren" mitoa. Sinismen honen arabera, laboretan izpirutu bat bizi omen da. Esate baterako, izpiritu hau da galburuak mugitzen dituena. Laboreak segatzerakoan, laborearen izpiritua azken labore sortetan gordetzen doa, eta azkenean, hondar azaoan geratzen da. Hau mozterakoan, bertan harrapatuta geratzen da laborearen izpiritua, eta horregatik oso berezia zen azken azao hau ebakitzeko ekintza. Moztutzen zuen laborariak, emakumea askotan, sari berezi bat jasotzen zuen.

Orokorrean Zerealaren Izpiritu honek, animali baten itxura hartzen du. Otsoa zen Polonian eta Alemanian, Galizian azeri itxura hartzen omen zuen, Katalunian aker beltzarena eta Euskal Herrian berriz zaldi zuriarena[5].

Hodeiak eta zaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko euskalki guztietan zaldizkoak deitzen dira hodeietatik botatzen dituzten ur-jasak[6].

Euri zaldizkoak.

Zaldia euskal sinesmen mundu sinboliko zaharretan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldia baskoien txanponetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskunes zekaren txanpon baskoiarra.

Antzinako baskoien txanponeta, protohistorian (Burdin aro amaiera eta Antzinaro hasieran), ohikoa zen zaldunaren edo zaldiaren irudia agertzea [7] .

Zaldia hilarrietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldia agertzen da Euskal Herriko zenbait hilarrietan. Seguruen lehen aipatu den heriotza eta zaldiak lotzen dituzten sinismenak direla eta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Violet Alford, Pyrenean Festivals, Londres, 1937
  2. "SOS caballo losino" WEB orrialdea [1]
  3. Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  4. Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica". Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
  5. Ramon Grande del Brio. El lobo ibérico. Biología y mitología. Blume, 1984
  6. (Gaztelaniaz)https://www.euskonews.eus/zbk/114/alrededor-de-la-mitologia-vasca/ar-0114014001C/#
  7. Mikel Legorburu, Aranzadi Zientzia Elkarteko numismatikan aditua izen hori erabiltzen du. Ikusi: "Txanponak Historian, Historia txanponetan", Aizu, AEK-ren aldizkaria.


Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi pottoka zaldi borrokan. Zaldi pottoka basatiak daude Euskal Herriko kondaira askoren oinarrian
  • Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978.
  • "Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica". Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
  • Wentworth Webster Légendes basques, Nicolas Burguetek itzulita, Aubéron, 2005. ISBN 2-84498-080-5
  • Jean-François Cerquand, Légendes & récits populaires du Pays Basque, Aubéron, 2006. ISBN 2-84498-093-7

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]