Geografiaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Geografiaren historiak honako garapena izan du.

Grezia eta Erromako aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezia zaharreko filosofo asko arduratu ziren geometriaz eta geografiaz, eta haien artean baziren Lurra biribila zela esaten zutenak; Eratostenek, adibidez, K.a. III. mendean, kalkulu aski zehatzak egin zituen Lurraren zirkunferentziari buruz, eta Ptolomeok latitudeak eta garaierak adierazten zituen mapa bat egin zuen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan geografiak, beste zientzia guztiek bezala, atzera egin zuen Europan, eta Lurra laua eta zapala zelako ustea errotu eta zabaldu zen erlijioaren eraginak hartaraturik. Ez zen gauza bera gertatu Sortaldean, Islamaren eraginpean zeuden lurraldeetan, han Grezia zaharreko kulturaren jarraitzaile izan baitziren; esaterako, Ptolomeo arabierara itzuli eta meridianoaren neurketak egin zituzten, eta X. mendean Lurraren eta zeruaren globoak egin zituzten.

Arabiar munduan kartografiak indar handia hartu zuen garai hartan eta geografo jakintsuak izan ziren, Ibn Batuta edo El Edrisi, adibidez. XIII. mendean Europak arabiarren jakintzaren berri izan zuen, eta horien bitartez greziar filosofoak ezagutu zituen; Aristoteles eta Ptolomeo, besteak beste.

Aldi berean, Marco Poloren eta beste merkatari batzuen bitartez Ekialde Urruneko kultura ezagutu zuen Europak; mongoliarren inperio zabala, Txina, India… Eta Txinako kartografia oso aurreratuta zegoen garai hartan. Horrela bada, XV. mendean geografiak indar handia hartu zuen Europan, grina handia baitzegoen bidaiak egiteko, itsasoz batez ere, eta artean ezezagunak ziren mundu berriak arakatzeko.

Errenazimentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentua geografiako aurkikuntza handien garaia izan zen. Kopernikoren eta Galileoren lanek Lurra biribila zelako teoria baieztatu zuten, eta Ptolomeo greziarraren kartografiako irudikapenak oso aintzakotzat hartu ziren. Aipagarria da Gerardus Mercator geografoak asmatu zuen proiekzio teknika; 1569an munduko mapa proiekzio zilindrikoarekin argitaratu zuen.

XVI. mendetik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean, zientziaren garapenak hartara bultzatuta, geografia adarretan hasi zen banatzen. XIX. mendean Alexander von Humboldt eta Carl Ritter geografoei esker erabat aldatu zen geografiaren funtsa eta helburua, eta ordu arte Lurra nolakoa zen azaltzera mugatzen bazen ere, harrezkero zergatiak, arrazoiak eta ondorioak bilatzen eta horiek aditzera ematen saiatu ziren. Ildo horretatik, asko ugaritu dira geografiaren adarrak; gaur egun espazio fisikoa ikertzeaz gainera, gizonengan duen eragina ere aztergai du geografiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]