Edukira joan

Mahoma

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Mahoma

Bizitza
JaiotzaMeka571ko apirilaren 20a
BizilekuaMeka
Medina
Talde etnikoaArabiarra
Lehen hizkuntzaarabiera
HeriotzaMedina632ko ekainaren 8a (61 urte)
Hobiratze lekuaSacred Prophetic Chamber (en) Itzuli
Familia
AitaAbd Allah ibn Abd al-Muttalib
AmaAmina bint Wahb
Ezkontidea(k)Khadija  (595 -  619)
Sawda bint Zamʿa (en) Itzuli  (619 -  632)
Aisha  (619 -  632)
Hafsa bint Umar  (624 -  632)
Zaynab bint Khuzayma (en) Itzuli  (625 -  627)
Zaynab bint Jahsh (en) Itzuli  (627 -  632)
Juwayriyya bint al-Harith (en) Itzuli  (628 -  632)
Ramla bint Abi Sufyan  (628 -  632)
Rayhana bint Zayd ibn ʿAmr (en) Itzuli  (629 -  631)
Safiyya bint Huyayy (en) Itzuli  (629 -  632)
Umm Salama (en) Itzuli  (629 -  632)
Mariya al-Qibtiyya  (630 -  632)
Maymunah bint al-Harith (en) Itzuli  (630 -  632)
Seme-alabak
Familia
LeinuaBanu Hashim (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakartzaina, consignor (en) Itzuli, merkataria, profeta, predikaria, politikaria eta buruzagi militarra
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakExpeditions of Muhammad (en) Itzuli
Badreko gudua
Battle of Uhud (en) Itzuli
Battle of the Trench (en) Itzuli
Battle of Khaybar (en) Itzuli
Battle of Hunayn (en) Itzuli
Tabukeko gudua
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaHanifa
islama

Musicbrainz: a7fac559-f72e-4c9c-a746-9a6dd08902db Find a Grave: 8215419 Edit the value on Wikidata

Mahoma edo Mahomet[1][2] (izen tradiziodunak) edo Muhammad (izen modernoa, arabieratik transkribatua), izen osoa Abu l-Qasim Muhammad ibn Abd Allah al-Hashimi al-Qurashi (arabieraz: محمد‎, transliterazioa: Muḥammad; Meka, Arabia, gaur egun Saudi Arabia, 570eko apirilaren 26a inguruan - Medina, Arabia, 632ko ekainaren 8a) Islamaren sortzailea eta profeta nagusia da[3].

Musulmanek uste dute Islamaren ardatzak Mahomaren aurrekoak direla, eta haien ustez Adam, Noe (Nuh), Moises (Musa) eta Jesus (Isa) ere Jainkoak bidalitako profetak ziren. Haien arabera, Jainkoak, Gabriel goiaingeruaren bitartez, errebelazioa egin zion Mahoma profetari.

Mahoma Mekan jaio zen 570ean, Quraix tribuko familia aberats batean. Aita Abd Ala ibn Abd al-Mutalib zen, hashimi klaneko kidea, eta Mahoma sortu baino lehen hil zen. Tradizioaren arabera, haurra basamortuko familia beduino batera eraman zuten jaio eta laster, uste baitzuten desertuko bizitza Mekakoa baino osasuntsuagoa zela[4]. Beraz, bi urte bete arte Halima izeneko amatzakoarekin bizi izan zen. Sei urte zituenean, ama hil zen, eta umea aitona Abd al-Mutalib-en gain geratu zen. Aitona bi urte geroago hil zenez, osaba Abu Talib, Ali ibn Abi Taliben aita, arduratu zen haurraren heziketaz[5].

Gaztaroan, Damasko eta Meka artean aritu zen merkataritzan, Khadijaren esanetara. Khadija, Juwaylid (arabieraz: خديجة بنت خويلد‎) merkatariaren alaba, alargun aberatsa zen, Mahomak baino 20 urte zaharragoa. Mahomak 25 urte zituelarik, harekin ezkondu eta lau alaba izan zituzten[5]: Zainab, Ruqayyah, Umm Kulzum eta Fatima[6]. Bi seme ere izan zituztela dirudi, Al-Qasim eta Abdullah, baina berehala hil ziren; Mariyah Al-Qibtia koptoarekin beste ume bat ere izan zuen Medinan: Ibrahim, oso gazterik hil zena, 17 edo 18 hilekin.

Mahomak Arabiatik Siriara zihoazen karabanak antolatzen zituen, eta baliteke batzuetan bera ere joatea. Mekara iristen ziren judu eta kristauekin hitz egiteko aukera asko izan zuenez gero, Biblia nahiko ongi ezagutzen zuen[7].

Jainkoaren profeta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

610 aldean, Mahomak 40 urte zituela, Gabriel goiaingerua (arabieraz: جبريل‎, Jibril) azaldu omen zitzaion, Mekatik gertu dagoen mendi batean[5]. Jainkoak (Alak) bidaltzen zizkion bertsoak buruz ikasi eta behin eta berriro errepikatzeko agindua jaso zuen; geroago, bertso horiek Koranean idatzi ziren. Gabrielek azken profeta zela esan zion, eta Jainkoaren hitza predikatzen hasi behar zuela. Mekako biztanleek jarraitzen zuten betidaniko politeismoaren aurrean, erlijio berria monoteista zen[3], eta Azken Epaiaren Eguna iragartzen zuen.

Koranaren arabera, Mahoma analfabetoa zen (ummi). Gabrielek agertu zion Jainkoaren hitza errezitatzen zien jarraitzaileei, eta hori behin eta berriro errepikatuz ikasi egin zuten. Profeta hil zenean, inongo aldaketarik gabe jaso nahian, idatziz jarri zuten; hartatik aldentzen ziren bertsioak Uthman ibn Affan kalifaren garaian (651-652an) galeraziak izan ziren[8].

Sakontzeko, irakurri: «Hejira»
Mahoma Kaaban (Nakkaş Osman, 1595 inguru, Istanbul). XVI. mendetik aurrera, Mahomaren aurpegia beloz estalia irudikatzen hasi zen.

Senideak izan zituen lehen jarraitzaileak, eta ondoren esklabo eta beduino asko elkartu zitzaizkion[3]. Jarraitzaileak ugaritzea mehatxu izaten hasi zen tribuetako buruzagientzat. Tribu haien aberastasuna Kaaban zetzan, Mekako erlijio gune garrantzitsuenean. Mahoma politeismoaren aurka zegoen eta horrek arrisku handia zekarkion bere tribu Quraix-i, Kaabaren zaintzaile baitziren. Hori izan zen Mahomari eta haren jarraitzaileei egin zitzaien jazarpenaren arrazoi nagusietako bat.

Bizitza arriskutsu bihurtu zen, eta Mahomaren jarraitzaileek Mekako merkatarien bortizkeria pairatu zuten. 619an, Jadiya emaztea eta osaba Abu Talib hil ziren. Tristuraren urtea deitu izan zaio. Bere burua arriskuan ikusirik, Mahoma Ta'ifeko oasira joan zen babes bila; baina bertakoek egotzi zuten, ez baitzuten Mekako merkatariekin[7] haserretu nahi. Horren ondoren, Jathribeko dizipulu batzuekin jarri zen harremanetan; 622ko ekainaren 23an, Aqaban, Itsaso Gorriaren bazterrean, hitzarmen bat sinatu zuen Jathribeko ordezkariekin, Mekatik 400 km iparraldera zegoen oasi-herri horretan (geroago Medina deitua), Mahomaren 70 jarraitzaile onartzeko[9].

622ko uztailaren 16an abiatu ziren Mekatik Mahoma eta jarraitzaileak[9]; ihes hori, Hejira (arabieraz: هجرة‎), musulmanen egutegiaren hasiera urtetzat hartzen da harrezkero. Aqaban eite politikoa hartu zuten profetaren ekintzek. Komunitate politiko-teokratiko baten buru bilakatu zen, aldi berean profeta eta agintari zela. Mahomaren lana ez zen jadanik fede berria zabaltzera mugatu[3].

Ezkontza politika eta egonkortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Khadija hil ondoren (619), Sawda bint Zamʿa-ekin (555-644) ezkondu zen. Orduko Sawdak 65 urte inguru zituen, Mahomak baino 15 gehiago.
  • Ondoren, 50 urte inguru zituela, Abu Bak adiskidearen alaba Aisha gaztearekin (605/610-678) ezkondu zen. Gerora, Mahoma hil ondoren, Abu Bakr musulmanen burua izan zen. Askoren ustetan, Aishak 6 urte zituen eta Mahomak 54, 9 urte bete arte kontsumatu ez bazuten ere. Beste batzuen iritziz, Abu Bakren alabak zaharrago behar zuen garai hartan.
  • 625ean Umarren alaba Hafsa bint Umar-ekin (602-667) ezkondu zen. Hura izan zen Abu Bakr-en ondorengo. Ezkontza horien bidez, Mahoma eta haren jarraitzaile nagusien arteko harremanak finkatuz joan ziren. Ezkontza gehiago ere izan ziren.
  • Mahomaren alaba Fatima Alirekin ezkondu zen, Mahomaren lehengusuarekin.
  • Beste alaba bat, Ruqayyah, Uzmanekin ezkondu zen, baina Ruqayyah hil egin zen.
  • Uzman koinata Umm Kulzumekin ezkondu zen, hau da, Mahomaren beste alaba batekin.

Gizon horiek izan ziren ondoko urteetan Mahomaren ondorengo; beraz, lehenengo lau kalifak Mahomarekin erlazionaturik zeuden, ezkontzez bitartez. Musulmanek rashidun (arabieraz: الخلفاء الراشدون‎) deitzen diete, «zuzenduak».

Mahomak jarraitzaileen (musulmanen) eta erlijio komunitatearen (islamaren) jokabidea osorik gidatu eta antolatuko zuen lege bat ezarri zuen. Estatu berriaren arrakasta handiagotu egin zen, ordu arte leinuetan sakabanaturik bizi ziren arabiar guztiek bat egitearen aldeko jarrera agertu zutenean. Guztientzako hizkuntza poetikoa izan zen batasun hori aurrera eramateko bidea[3].

Mahomak Medinan egin zuen lanaren helburua Islama eta inguruko erlijio monoteistak bereiztea zen eta, aldi berean, ekintza militar handiak aurrera eramatea fede berriaren arerioen kontra: Jihad edo Gerra Santua. Gerra piztu zen Meka eta Medinaren artean eta 630ean garaile sartu zen Mekan, hango idoloak ezabatu zituen, bere erlijio berria ezarri zuen, eta etsaiei barkatu zien; horrek ospe handia eman zion arabiarren artean. 631n beste garaipen batzuk lortu zituen tribu etsaien kontra. 632rako Arabiar penintsula osoa Islamera bihurtua zen, Siria eta Palestinarekin batera, eta Islama zabaltzen ari zen etengabe. Mahomak izan zuen arrakastaren arrazoiak alde batetik predikurako gaitasuna eta garaipen militarrak izan ziren eta, bestetik, ordu arte zatikaturik egon zen arabiar herriari egoera horretatik irtenarazteko izan zuen kemena. Ordena politiko eta militar berriak batasun sendoa eta herri zentzua eman zien arabiar leinuei[3].

Gaixotasun labur baten ondoren, Mahoma 632ko ekainaren 8an hil zen, Medinan, burua Aisharen altzoan zuela. Musulmanen tradizioaren arabera, 63 urte zituen[10].

Mahomaren ondorengoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahoma hil ondoren, Abu Bakr, Aisharen aita, aukeratu zuten kalifa, bera baitzen profetaren gogokoa; haren ondorengoak Omar eta Uthman izan ziren. Uthman hil ondoren, Ali, Mahomaren lehengusu eta suhia, hautatu zuten kalifa, baina ez aho batez. Aliren aldekoak eta aurkakoak, Muawiyah I.a buru zutenak, Siffingo guduan borrokatu ziren.

Gatazka horrek zatiketa eragin zuen musulmanen artean, eta bi multzo eratu ziren: sunitak eta xiiak. Suniten ustean, aginpideak herriak aukeratutako kalifen esku egon behar zuen; kalifa horiek ez ziren hutsezinak, eta Koranaren tradizioa eta Sunna errespetarazi behar zuten. Xiiak gutxiengoa ziren; haien ustez, berriz, aginpideak Mahomaren suhi Aliren eta haren ondorengoen esku behar zuen egon. Oinordekotza hark berekin zekarren, gainera, kalifak erlijio buruzagi hutsezinak izatea, profetaren odola baitzuten haren alaba Fatimaren bidez. Zatiketa horrek liskar handiak sortu zituen Islamaren baitan. Borroka haiek zirela eta, inperio musulmana estatu askotan zatitu zen berehala. Kalifa Omeiarren eta Abbasiarren arteko gerrak X. mendeaz geroztik gero eta handiagotu ziren zatiketa haien adierazgarri izan ziren[11].

Mahomaren ondorengoei sayyid (edo xarif) izena ematen zaie. Herrialde musulmanetako hainbat lider eta noblek Mahomaren ondorengotzat jotzen dute beren burua: Iparraldeko Afrikako fatimitar dinastiak, idrisiek, egungo Jordaniako errege familiak, Aga Khan titulua erabiltzen duten iman ismaildarrek...

Mahomaren bizitzaren berri Koranaren bidez jaso dugu. Ezagutzen den biografia zaharrena Ibn Ishaqen Jainkoaren profetaren bizitza (768) da, Mahoma hil eta 120 urtera idatzia; al-Waqidiren biografia 822. urtekoa da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 16 or..
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. a b c d e f Mahoma edo Mahomet. in: Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-6-30).
  4. Watt, W. Montgomery. Ḥalīma Bint Abī Ḏh̲uʾayb. in: Encyclopaedia of Islam, Second Edition. referenceworks.brillonline.com (Noiz kontsultatua: 2016-6-30).
  5. a b c Pignon, Tatiana. Mahomet (571-632) et les débuts de l’Islam. in: Les clés du Moyen-Orient. lesclesdumoyenorient.com (Noiz kontsultatua: 2016-6-30).
  6. Fatimak izena eman zion Fatimitar Kaliferri xiitari; izan ere, fatimitarrek Fatima eta Aliren ondorengotzat zuten beren burua.
  7. a b Mahomet (570 - 632). herodote.net (Noiz kontsultatua: 2016-7-1).
  8. Koran. in: Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-1).
  9. a b L'Hégire et la fuite de Mahomet à Médine. herodote.net (Noiz kontsultatua: 2016-7-1).
  10. The Last Prophet. usnews.com (Noiz kontsultatua: 2016-7-17).
  11. Islamaren sorrera eta zabaltzea (VI-XII. mendeak). in: Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-17).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mahoma Aldatu lotura Wikidatan