Edukira joan

Antso VII.a Nafarroakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Antso VII.a» orritik birbideratua)
Antso VII.a Nafarroakoa


Nafarroako erregea

1194 - 1234
Antso VI.a Nafarroakoa
Bizitza
JaiotzaTutera, 1154
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaTutera1234ko apirilaren 7a (79/80 urte)
Hobiratze lekuaSan Agustinen kapera
Familia
AitaAntso VI.a Nafarroakoa
AmaAntsa Gaztelakoa
Ezkontidea(k)Konstantzia Tolosakoa
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaXimeno etxea
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
nafar-aragoiera
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakagintaria

Antso VII.a Azkarra[1] (?, 1154Tutera, 1234ko apirilaren 7a) Nafarroako erregea izan zen (1194-1234). Antso nafar etxeko edo ximenotarren bigarren aldiko dinastiaren azken monarka izan zen eta, beraz, bertako dinastien azkenekoa. Bere garai aztoratuan, ekimen handia agertu zuen oreka bihurrien erdian, eta hainbat kanpaina militarretan parte hartu. Bere erregealdiko 1199-1200. urteetako Nafarroako Erresumaren inbasioa, Nafarroa itsasaldea galduz, eta 1212ko Navas de Tolosako Gudua erabakigarriak izan ziren Nafarroaren eta euskaldunen hurrengo mendeetako estatuserako.

Arrano Beltza, Antso Azkarraren zigilua[2]

Antso VII.a Azkarra[3] 1154an jaio zen ez dakigu non; aditu batzuen arabera Tuteran, bertan baitzegoen gurasoen egoitza, baina zentzuzkoa iruditu arren, ez dago horren frogarik, eta Tuterako gazteluan hil zen 1234an. Antso VI.a Jakitunaren eta Antsa Leongoaren semea izan zen, eta Erresumako XVI. erregea 1194tik 1234ra bitartean. Bere arreba Berengaria Ingalaterrako Rikardo I.a Lehoibihotzarekin ezkondu zen.

Oso altua eta indartsua omen zen. Luis del Campo Jesús (1912-1995) auzitegiko medikuaren arabera, 2,22 eta 2,31 metroko altuera zuen; Erregearen hilotza ikustean Uharteko azpiprioreak 1622an bere izterrezurraren neurria eman eta estrapolazioaren bidez atera zuen ondorioa del Campok.[4]

Erregea izan aurretik, bere koinatu Rikardo I.aren alde jardun zuen; hasieran Gaskoniako haren eskubideak babesteko (1192) eta ondoren, Filipe II.a Frantziakoaren kontra (1194).[5] Frantziarrek Rikardo I.aren gatibutasuna aprobetxatu zuten zenbait angerstar gotorleku, tartean Lochesko gaztelua, hartzeko. Rikardo kontinentera itzuli zenean, Antso bere izenean gaztelua setiatzen ari zen. Hala ere, ez zuten elkarrekin borrokatu, nafarrari aita hil zitzaiolako eta ekainaren 28an Iruñean koroatu zutelako.

Bi ekintza hauen artean Mugaosteko merindadeko lurrak finkatuz joan ziren. Bere erregealdia aberastasun ekonomikoagatik nabarmendu zen batez ere. Hiru Erregeen Mahaiko batzarrean parte hartu zuen. Hainbat gudutan garaile gertatu eta Nafarroako erresumaren burujabetza sendoturik zegoenean, pixkanaka inguruko errege guztiei dirua mailegatu zien; bide horretatik, Aragoiko lurraldean zenbait gaztelu estrategiko lortu zituen. Ekonomiaren suspertze horrek garrantzi handiagoa eman zion penintsulako eta konkistako politikan.

Aitak hasitako Iruñeko katedralaren eraikitze-lanei ekin zien, bere ondorengoak bukatuko zituenak. Ebro zeharkatzeko zubi gotiko bat ere eraikiarazi zuen.

1195eko udazkenean, Alarcoseko Guduaren Nafarroa eta Leongo erregeek almohadeekin ituna egin zuten Gaztelako eraso eta hedakuntza feudaletik babesteko. Gainera Antsok Soria eta Almazán eraso zituen. Inozentzio III.a aita santuak, horren jakitun, eginahal guztiak egin zituen Gaztela, Aragoi eta Nafarroa elkartu eta musulmanen aurka aritzeko. 1196an, Hiru Erregeen Mahaia deitutako lekuan bildu ziren, Tarazonatik hurbil. 1198an, Inozentzio III.a aita santuak Antso eskumikatu zuen, Gaztelan berreskuratutako lur batzuen eta Aulki Santuaren begi oneko ziren gaztelarren kontra aritzeko almohadeen aliatu izatearen aitzakiaz.[6]

Alfontso VIII.a Gaztelakoak Leongo erregearekin bakea eginda Petri II.a Aragoikoarekin hitzartu zuen euskaldunen erresuma erdibanatzea (Calatayudeko ituna, 1198). Antso VII.a Azkarrak almohadeen laguntza eskatu beste erremediorik ez zuen izan. Gero, Tilimsengo Abu Yusuf Yacub erregeak laguntza eskatu zion eta Nafarroako erregea Magrebera joan zen; han zegoela aprobetxatuz, Petri II.a Aragoikoak eta Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroa elkarren artean zatikatzea adostu zuten. Alfontso VIII.a Gaztelakoak Gasteiz setiatu zuen (1199-VII-5); gero, Araba, Durangaldea eta egungo Gipuzkoa okupatu zituen.

Zazpi hilabeteko setioaren ondoren Gasteiz 1200eko urtarrilean errenditu zen, Antso VII.ak baimenduta. Berriki jakin denez, Donostia ere konkista militar baten ondorioz pasa zen Gaztelara.[7] Nafarroak sekulako galera izan zuen, lur horiek nafar merkataritzaren berezko irtenbidea baitziren.[8] Euskal Herritik Marokora mezulari bat atera zen eta erregeari kontatu zion gertatutakoa.

1202an bake eta lankidetzarako hitzarmena sinatu zuen Joan Lurgabea Ingalaterrako erregearekin, Rikardo I.a Lehoi Bihotzaren anaiarekin hain zuzen. 1207ko urriaren 29an, berriz, Antso Azkarrak eta Gaztelako erregeak Guadalajarako bost urteko su-etena sinatu zuten. Tamalez, denborak berretsi zuen indarraren bitartez lortutako gaztelar eremu berriak.[9]

1212an, Europan oso boteretsua zen elizaren presioren eraginez Antso VII.a Azkarrak, Navas de Tolosako guduan, almohadeen kontra parte hartu zuen.[10][11] Guduan, nafarrak almohadeen kalifa zen Muhammad al-Nasirren kanpadendaraino ailegatu ziren, denda babesten zituen kateak moztuz. Kondairak dio, ekintza honen omenez, orduko arrano beltza ikurraren ordez egungo karbunkoa eratu zuela Nafarroako armarria. Hala ere, badaude karbunkoa irudikatzen duten irudiak gudua baino antzinagokoak direnak. Tomás Urzainkik Lizarrako Done Mikel elizan (1160), Chartresko katedralaren erliebe batean (1164) eta Iruñeko Bibliaren miniaturetan (1189) topatu ditu.

Iparraldean, Tartas, Ostibarre eta Agramondeko jaurerriak menpera ekarri zituen.[9]. Joan Lurgabearekin hitzarmena sinatu zuen. Jakue I.a Aragoikoarekin ondorengotza erabakitzeko hitzarmenak (Tutera, 1231ko otsailaren 2) ez zuen aurrera egin, nafarrek ez baitzuten onartu; Viana populatzea bultzatu zuen. Antso VII.a Azkarra barize-ultzera baten ondorioz hil zen[4] eta, hasieran San Nikolas elizan eta gero Orreagako kolegiatako San Agustinen kaperan ehortzi zuten. Berengaria bere arrebak, Antsoren gaixotasun luzean erregeorde moduan aritu zenak, ilobari ipini zion nafar koroa. Antso hil zenean, Semeno leinuko azken erregea izanda, Nafarroako erresuman frantziar jatorriko leinuak kokatu ziren: Tibalt I.a Koblakaria izan zen lehena.

Alberic Trois-Fontaineskoa frantziar kronikariaren arabera,[12] hiltzean 1,7 milioi liburu zituen liburutegia utzi zuen. Kopurua ahobero iruditu arren, musulmanekin eta angestarrekin zituen harremanei esker, orduko Europako errege finduenetariko bat izan zen. Erresumaren altxortegia egoera ezin hobean zegoen eta nafarrek, baita juduek ere, bere giza eskubideak (garaiak kontuan harturik) bermatuak zituzten.

Aitona
Gartzia V.a
Nafarroako errege
Amona
Margarita
L'Aigle-koa
Aitona
Alfontso VII.a
Gaztelako errege
Amona
Berengaria
Bartzelonakoa
Aita
Antso VI.a
Nafarroako errege
Ama
Antsa
Gaztelakoa
Antso VII.a
Nafarroako errege
Antso VII.a Nafarroakoa.
Antso VII.aren hilobia Orreagako San Agustinen kaperan.

Antso VII.a Tolosako Raimundo VI.a kondearen alaba Konstantziarekin ezkondu zen. Luis del Campok dio ezkontza 1195ean egin zutela. Ezkontzak, baina, porrot egin zuen, eta erregeak Konstantzia arbuiatu zuen. Batzuen ustez, Frederiko I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren Klementzia izeneko alabarekin ezkondu zen,[13] baina enperadoreak ez zuen izen horretako alabarik, eta ez dago ustezko ezkontza horri buruzko agiririk.

Beste iturri batzuen arabera, Abu Yaqub II.a al-Mustansir-en alaba batekin ezkondu zen; Abu Yaqub Almohadeen Inperioko emirra zen; hala ere, ez dago teoria hori berresten duen iturri sendorik. Egungo historialari batzuek diote Antsoren lehenengo ezkontzak erregearen homosexualitateagatik egin zuela porrot. Karlos IV.a Nafarroakoaren Kronika-ren arabera, bazuen seme bat, baina hamabost urte zituela hil zen zaldi batetik erorita, aita baino lehen; gainera, Fernando, Gilen eta Rodrigo izeneko sasiko batzuk bide zituen, iturri beraren arabera. Edonola ere, ez zuen seme-alaba legitimorik izan eta bai, berriz, natural batzuk, Semeno leinua aurrera aterako zutenak.

                           Antso VI.a
                        Nafarroako errege
                           (1150-1194)
                                |
           _____________________|______
          |                            |
     Antso VII.a                    Blanka = Tibalt III.a
  Nafarroako errege                        | Xanpainiakoa
     (1194-1234)                           |
                                       Tibalt I.a
                                   Nafarroako errege
                                      (1234-1253)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Martínez de Aguirre y Aldaz, Javier. «El Signo del Águila en los Documentos de Sancho VII el Fuerte, Rey de Navarra (1194-1234)» Anales De La Real Academia Matritense De Heráldica y Genealogía 8 (1): 557-574..
  3. Leralta, Javier. (2008). Apodos reales: historia y leyenda de los motes regios. Silex Ediciones ISBN 978-84-7737-211-0..
  4. a b Del Campo, Luis. (1952). «La estatura de Sancho el Fuerte» Príncipe de Viana (48-49): 481-494..
  5. Hoveden, Roger of. (1870). Chronica magistri Rogeri de Houedene. in: Rolls Series. 3, 194 or..
  6. Barbour, Nevill. (1967). «The relations of King Sancho VII of Navarre with the Almohads» Revue de l'Occident musulman et de la Méditerranée 4 (4): 13..
  7. Arrieta Elizalde, Idoia. (2011-04-08). «Ezkutatu digutena: Donostiaren konkista» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  8. Pérez Equiza, María Cruz. (2006). Atlas de Navarra — Geografía e Historia. Nafarroako Gobernua eta EGN Comunicación ISBN 84-934512-1-5..
  9. a b Fortún Pérez de Ciriza, Luis Javier. La quiebra de la soberanía navarra en Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199–1200). .[Betiko hautsitako esteka]
  10. Goienetxe, Eugène. (1979). Notre Terre Basque: Notions de géographie, histoire et culture populaire. Société Nouvelle d'Éditions Régionales et de Diffusion, 50 or..
  11. Guggenberger, Anthony. (1913). A General History of the Christian Era: The Papacy and the Empire. 1 B. Herder, 372 or..
  12. Alberic Trois-Fontaineskoa. (1874). Chronica Albrici Monachi Trium Fontium. in: Monumenta Germaniae Historica: Scriptorum. 23 Hanover: Paulus Scheffer-Boichorst, 631-950 or..
  13. Elizari Huarte, Juan Francisco. (1993). Historia Ilustrada de Navarra. Iruñea: Diario de Navarra ISBN 84-604-7413-5..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa:

Antso VI.a


Antso VII.a
Nafarroako errege
(1194-1234)
Ondorengoa:

Tibalt I.a