Horma irudi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Txillardegiren omenez Donostiako Gaskuña plazan jarritako horma irudia

Horma irudia edo murala horman, sabaian edo bestelako euskarri finko eta egonkor baten gainazalean itsasten edo marrazten den artelana da[1]. Gizakiak antzinatik erabili du horma bere arte adierazpenetarako eta Paleolito garaiko kobazuloetan egindako horma irudiak dira, hain zuzen ere, pinturaren historiaren hastapena[2]. Hala ere, freskoa da mendeetan zehar gehien erabili den horma pinturako teknika.

Horma irudiak margolanak, mosaikoak, zeramikazkoak eta esgrafiatuak izan daitezke eta funtzio edo helburu dekoratiboa edo didaktikoa izan dezakete. Horma irudien berezitasunetako bat zera da, duten konposizio konplexuari esker, ikuspuntu eta angelu ezberdinak eremu plastiko berean barnebiltzen direla eta batzuetan hiru dimentsioko efektua sortzen dutela[3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horma izan da historiaurretik artelanen euskarri nagusia eta adierazpen erlijiosoak, estetikoak, politikoak, sozialak zein didaktikoak egiteko erabili izan da. Horma irudien lehenbiziko arrastoa Goi Paleolitoko kobazuloetako labar artea da. Leizeetan, landare eta mineraletako pigmentu naturalen bidez eta aglutinatzeko erretxinaren laguntzaz, ehizarekin lotutako animalia basatien irudiak agertu dira[4]. Adibiderik ezagunenetakoak Lascaux (Dordoina, Frantzia) eta Altamira (Kantabria, Espainia) kobazuloetakoak dira, eta Euskal Herrian, Santimamiñe (Kortezubi), Altxerri (Aia) eta Ekaingoak (Deba)[5].

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrez gain, antzinako Egiptoko eta Mesopotamiako horma pinturak ere ezagunak dira. Egipton, bereziki, hilobietan agertu dira eta heriotzaren inguruko sinesmenekin lotutako irudiak dira (Nefertari erreginaren hilobia, adibidez). Hil ondorengo munduan bizirauteko tresnak eta baliabideak irudikatzen zituzten eta zenbait kasutan hieroglifikoak ere bai. Mesopotamian, jauregietan eta etxebizitzetan muralak egin arren, askok ez dute iraun gaur arte[6]. Ondoren, greziarrek eta erromatarrek bereganatu zuten horma irudien teknika eta Mediterraneoan zehar zabaldu zuten[2]. Erromatar Inperioan, Etruriako eskualdeko hilobiak dira batez ere aipagarriak, baina luxuzko etxebizitza ugaritako hormetan ere egin zituzten muralak (adibidez, Ponpeian). Erromako Inperioaren gainbeheraren eta inbasioen ondorioz, ordea, Europa mendebaldean horma pinturen ekoizpena nabarmen urritu zen.

Erdi Aroa eta Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin-behineko ahulaldiaren ondoren, erromanikoan indarrez berreskuratu zen horma irudien teknika. Garai honetan (XI. eta XII. mendeetan), elizetako hormetan Bibliako pasarteak irudikatu zituzten irakurtzen ez zekitenei Ebanjelioa hurbiltzeko, beraz, kutsu sinboliko eta erlijioso handiko margolanak ziren[6]. Gotikoan jarraipena izan zuten mota honetako artelanek, baina errenazimendua izan zen horma irudien gorengo unea[2]. Garai honetako lanik ezagunenak Leonardo da Vinciren Azken afaria eta Michelangeloren Kapera Sixtinoko freskoak dira. Barrokoan ere jarraipena izan zuten horma pinturek, sabaian eginek, bereziki.

Diego Riverak Jauregi Nazionalean eginiko horma irudia

Muralismo mexikarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromanikotik Barrokora arte, horma pintura erlijioari lotutako pasarteak eta elementuak irudietara eramateko erabili izan zen, xede erlijiosoetarako, alegia. XX. mendearen hasieran, baina, horma irudiak erro-errotik aldatu ziren Mexikon loratu zen muralismo izeneko mugimendu artistikoaren ondorioz. 1920an mugimendua sortzea ekarri zuten arrazoien artean daude, batetik, iraultza mexikarra eta, bestetik, Jose Vasconcelos Hezkuntza Publikoko idazkari izendatzea[7]. Mexikoko gizartearen gehiengoak irakurtzen eta idazten ez zekienez garai hartan, Vasconcelosek iraultzako balio eta idealak modu errazago batean helarazteko artista talde bat osatu zuen. “Hiru handiak” (Los tres grandes) izan ziren garrantzitsuenak, David Alfaro Siqueiros, Diego Rivera eta Jose Clemente Orozco. Mexikoko ohiturak, tradizioak eta iragan prehispanikoa islatu zituen mural sozial eta politikoak egin zituzten, adibidez, Riverak Jauregi Nazionalean egin zuena[8].

1923. urtearen amaiera aldera, iraultza errusiarrak eragina izan zuen Mexikoko muralismoan eta ideia komunistaz eta marxistaz jositako bigarren etapa abiatu zen. Horrez gain, abangoardien (futurismoa, kubismoa, espresionismoa…) eragina ere hauteman zitekeen estetikan, formetan eta konposizioan. Ondorioz, monumentaltasuna, pertsonaien ezaugarriak esajeratzea, eskortzo nabarmenak eta angeluen ugaritasuna bihurtu ziren muralismo mexikarraren ezaugarri bereizgarriak. 1933an hasi zen, batez ere muralismoa Mexikoz haratago zabaltzen eta berebiziko eragina izan zuen Estatu Batuetan eta Latinoamerikan[7].

New Yorkeko metroan eginiko grafitiak, 1973an

Horma irudi urbanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamarkadetako horma irudiek kutsu urbanoagoa eta kaletarragoa dute. Mural garaikide edo moderno hauek 1930an sortu ziren Estatu Batuetako gobernu federalak W.P.A. (Work of Public Art) ekimena martxan jarri zuenean New Deal-en baitan. Garai hartako eraikin publikoetan agertu ziren horma irudietan muralismo mexikarraren eragina igartzen zen. Ondoren, hainbat muralista talde eta elkarte sortu ziren Bostonen, Baltimoren, Chicagon edo San Frantziskon, esate baterako. 60ko hamarkadan, New Yorken eta Los Angelesen pop artea loratu zen eta hurrengo hamarkadan, berriz, grafitia[9]. Gaur egun, kaleetako hormetan ez ezik, barne-diseinuetan ere egiten dira muralak eta horma irudiak.

Materialak eta teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarria harrizkoa, hormigoizkoa edo adreiluzkoa izan ohi da eta material hori karez, igeltsuz edo lurrez estalita lortzen da irudia egiteko gainazala. Lehen eskualdia arriccio zeritzon ore lodi batez egiten zuten hormari ondo atxikitzeko; eta bigarrena, intonaco deitua, askoz meheagoa eta trinkoagoa zen, pinturaren oinarria izango zen gainazala[2]. Irudia zuzenean margotu daiteke horman olioa, kola, argizaria eta abar erabiliz, edo mihiseetan egin ondoren itsats daiteke paretan.

Horma irudiak egiteko historian zehar bi teknika nagusi egon dira, al fresco (freskoan) eta al secco (lehorrean), baina zenbait artista teknika mistoaz ere baliatu dira.

Kapera Sixtinoko freskoaren zati bat

Al fresco[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freskoa izan da horma pinturaren teknikarik erabiliena. Teknika honen gakoa intonacoa heze egotea da, kareak uretan disolbatutako pigmentuak xurga ditzan eta lehortzean, pintura gainazalaren parte bihurtu dadin. Oso iraunkorra da, ez du islarik egiten eta garbitu egin daiteke, baina aldi berean, trebetasun eta zehaztasun handia eskatzen du teknika honek, ez duelako ez akatsik ez zuzenketarik onartzen. Al fresco teknika erabiltzen zuten, besteak beste, Mesopotamian, Egipton, Grezian, Txinan eta Indian, baina erromatarren garaian garatu zen teknikoki, eta gerora, erromanikoan, gotikoan eta errenazimenduan erabilera areagotu egin zen[10].

Al secco[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika honetan, horma irudia gainazal lehor batean egiten da eta pigmentuak aglutinatzaileetan disolbatzen dira (karea, tenpera edo olioan, esaterako) horman atxiki ahal izateko [2].

Mezzo fresco[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika mistoa, berriz, freskoan hasi eta lehorrean amaitzen den teknikari deritzo[2]. Bi tekniken arteko konbinazioa efektu estetikoak lortzeagatik edo material batzuk kare hezean duten ezegonkortasunagatik erabiltzen da[11].

Pigmentuei dagokionez, Erroman eta Grezian enkaustika erabili ohi zuten, baina tenpera da horma pinturetako metodorik zaharrenetakoa. XVI. mendean, berriz, mihise gaineko olio pinturaren erabilera gailendu zen Europan. Olio pinturak eta akrilikoak pintzelez edo aerosolez aplika daitezke. Gaur egun, pigmentu horiez gain, mural digitalak ere izan daitezke eta, bereziki, publizitaterako erabiltzen dira (publizitate estatikorako, esaterako)[12].

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horma irudi urbanoak euren funtzioen arabera sailka daitezke[9]:

Publizitate murala Somalian
  • Identitate muralak
  • Ihesbide muralak
  • Animazio plastikozko muralak
  • Mural espazialak
  • Mural sozialak
  • Mural politikoak
  • Kaleko artea
  • Mural pedagogikoak
  • Mural ludikoak
  • Seinale muralak
  • Publizitate muralak

Munduan zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexiko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muralismo mugimenduaren ondorioz, Mexikon horma irudiek berebiziko garrantzia hartu zuten. Hasieran, Iraultza mexikarrak, 1929ko Depresio Handiak eta Lehen Mundu Gerrak eragindako ondorioei erantzuteko sortu zituzten muralak David Alfaro Siqueiros, Diego Rivera eta Jose Clemente Orozcok, beste artista ugariren artean[13]. Batez ere, erlijio eta politika gaiak lantzen zituzten muralek, gaur egun, ordea, publizitaterako ere erabiltzen dira.

Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muralismo mexikarraren eraginez, 1960 eta 1970eko hamarkadetan New Yorken eta Los Angelesen horma pinturak eta, bereziki, grafitiak ugaritzen hasi ziren. Filadelfian, 3.000 horma irudi daude eraikinetan eta Short North auzoa (Columbus, Ohio) bertako mural erraldoiengatik da ezaguna[14].

Valparaisoko (Txile) horma irudia

Txile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horma irudiak egiteko tradizioa ez da oso oparoa izan Txilen, besteak beste, lurrikarek eragindako ezegonkortasunagatik eta artista talde faltagatik. Hala ere, Estatuak hainbat saiakera egin zituen 1920 eta 30eko hamarkadetan artistak herrialdean zehar muralak egitera bultzatzeko. Garai hartako mural artistarik ezagunenak Pedro Subercaseaux, Pedro Lira, Arturo Gordon eta Laureano Guevara ziren eta, bereziki, ikuspegi etniko eta kulturaletik egin zituzten horma irudiak. Dena den, Txilen horma pintura benetan suspertu zutenak muralista mexikarrak izan ziren eta nabaria egin zen beraien eragina bertako artistengan. Horren ondoren, etapa garaikidea iritsi zen Txileko horma pinturan, lehena baino indartsuago[15]. Txileko horma irudien adibiderik esanguratsuena Valparaiso hiria da.

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malaysia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernest Zacharevicen horma irudia, Penangen

Azken urteetan horma irudiek berebiziko oihartzuna lortu dute Malaysian, bai bertako nahiz atzerriko artistek egindako lanei esker. 2012an hartu zuten muralek garrantzia, Ernest Zacharevic lituaniarrak Georgetown-eko (Penang) kultura festibalean sei horma irudi egin zituenean. Lituaniarrak Malaysiako eguneroko bizitzako eszenak eta bertako bizilagunak irudikatu zituen eta, geroztik, beste hainbat herritan ere areagotu da horma pinturen ekoizpena[16].

Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipton horma pinturak tradizio luzea du, antzinako tenpluetatik eta hilobietatik hasi eta gaur egun artekoa. Nahiz eta hamarkada luzetako errepresioaren ondorioz motelduta egon den horma irudien ekoizpena, Hosni Mubaraken ondoren, adierazpen askatasunaren eta aldarrikapen politikoen isla bihurtu dira. Edozein txokotan aurki daitezkeen arren, Kairoko Mohamed Mahmoud kalea da gunerik ezagunena eta bertako horma irudiek ia kronologikoki kontatzen dituzte jazotako gertaerak.

Hego Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apartheid garaian, zeuden horma irudi gutxiek askatasuna aldarrikatzen zuten baina nahiko modu mendekarian, ondorioz, oso egoera arriskutsua zen artistentzat . 1970 eta 80ko hamarkadetan, ordea, arte urbanoa edo arte hiritarra loratu zen eta, ordutik, kutsu politikoa alde batera utzi eta funtzio dekoratibo, sozial eta komertzialagoetara daude bideratuta muralak. Oso koloretsuak, jai-girokoak eta umoretsuak dira, baina askok azpian daramate afrikar identitatearen aldarrikapena ere, horregatik, horma irudi ugaritan agertzen dira Afrikako mapak[17].

East Side Galleryko horma irudia, Berlingo harresian

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako hormarik ezagunena Berlingo harresia da, mural ugariren euskarria, hain justu ere. 1989an eraitsi ondoren, 1990ean, 21 herrialdetako 118 artistek harresia aire libreko arte galeria bat bihurtu zuten (East Side Gallery). 1.316 metroko horma puska da eta 103 horma irudi ditu guztira, Gerra Hotza amaitu osteko euforia, askatasuna eta itxaropena ospatzeko margotuak. Urteen joanarekin, faktore klimatologikoekin eta turisten joan-etorriarekin, ordea, kalte ugari jasan ditu eta, horregatik, mantentzeko eta zaharberritzeko eta ahaleginak egiten ari dira[18].

Ipar Irlandako horma irudia, Belfasten

Ipar Irlanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Irlandako horma irudiak artistikoki kalitate handikoak dira eta ezagunenak Belfast eta Derrykoak dira. Oro har, gai sozial, kultural eta politikoak jorratzen dituzte: kultura zeltaren tradizioak eta Erresuma Batutik bereiztearen gatazka politikoa, besteak beste. Nolanahi ere, azken urteetako horma irudiak ez dira hasieretakoak bezain gogorrak eta mehatxariak (unionistek egindako armatutako paramilitarren irudiak, esaterako). Aitzitik, gisa horretako muralak urritu (edo kasu batzuetan ezabatu) eta kulturarekin zerikusia duten irudiekin ordezkatu dituzte[19].

Britainia Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorken hasitako mugimendua laster zabaldu zen Britainia Handian ere —1980ko hamarkada inguruan—, baina estilo eta forma ezberdina hartu zuen leku bakoitzean: Manchesterren, Bristolen, Birminghamen eta Londresen, esaterako[20]. Britainia Handiko artistarik ezagun eta garrantzitsuenetako bat Bansky da. Bere identitatea ezezaguna da eta bere horma irudi eta grafitiak politikari, pop kulturari eta etikari egindako satira eta kritikak dira. Banskyren hitzetan, “Horma bat, arma oso boteretsua da. Norbait kolpekatzeko existitzen den gauzarik desatseginena”[21].

Italia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako horma irudirik ezagunenetakoak Dozza (iparraldean), Satriano di Lucania eta Diamante (hegoaldean) herrietakoak dira. Horrez gain, Sardinian ere horma irudien ale ugari ikus daitezke, bereziki, Orgosolo herrian, 400 irudi inguru baitaude. Sardiniako muralak gai politikoak lantzen dituzte, baina badaude historikoak eta herrikoiak ere, besteak beste, langile borroka, artzainen bizimodua, edo zentral nuklearren eta okupazio militarren aurkako pasarteak kontatzen dituztenak[14].

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuz esku horma irudia, Gasteizen

Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan ikus daitezke irudiak eraikinen hormetan, kaleko paretetan edo lurrazpiko pasabideetan, besteak beste. Azken urteetan, gainera, joera goranzkoa da eta hainbat ekimen jarri dira martxan kaleetako hormak margotzeko. Gasteizen, esaterako, IMVG (Itinerario Muralísitco de Vitoria-Gasteiz) sortu zuten adierazpen publiko eta komunitarioei bide emateko[22]. Bilbon, 2016an, Bilbo Zaharreko Hormetako Arte Publikoaren lehen katalogoa argitaratu zuten Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako fatxadetako horma irudiekin[23]. Donostian ere, Hormek Diote eta Olatu Talka kultur jaialdiaren baitako Horma Irekiak ekimenarekin hiriko hormak koloreztatzeko proiektuak abiatu dira[24][25]. Horrez gain, horma pinturan diharduten banakako artistak ere badaude, Udane Juaristi azkoitiarra, esaterako[26]. Hori horrela, horma irudi aipagarri asko daude euskal hiriburuetan zein herrietan.

Joxan Artze gogoan, motxiladun umeei eskainitako horma irudia, Zumaian

Bestalde, Zumaian, 2016an hasita, Kalea Guztiona Da mugimenduak Erribera kalean horma irudi ugari egin ditu, gaur-gaurko gaien inguruko irudiak gehienetan. Hala ere, hurrengo egunetan berehala estaltzen dituzte muralak pintura marroiz, izan ere, Zumaiako udalak eremu publikoetan jarritako edozein kartel, pankarta eta horma irudi kendu edo ezabatzeko erabakia hartu zuen[27].

Zumaian ez ezik, Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Zarautz, Soraluze, Portugalete, Errenteria, Pasaia, Eibar, Ordizia, Altsasu eta Bergaran ere antzeko udal ordenantza dago, batzuetan zorrotzago eta besteetan malguago[28]. Zumaian bezalatsu, beste herri ugaritan ere ezabatu dituzte muralak, esate baterako, Donostiako Antigua auzoan, Mikel Laboaren horma irudia eta Lekeitioko hondartzan, Potxuak Martxan talde feministak egindakoa[29][30].


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   «Euskaltzaindiaren Hiztegia», www.euskaltzaindia.eus, http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?sarrera=horma-irudi&option=com_hiztegianbilatu&view=frontpage&Itemid=410&lang=eu&bila=bai. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  2. a b c d e f   «Pintura Mural», www2.gipuzkoakultura.net, http://www2.gipuzkoakultura.net/patrimonio/mural/index.htm. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  3. (Katalanez)  Mural, 2016-02-27, https://ca.wikipedia.org/w/index.php?title=Mural&oldid=16546697. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  4. (Gaztelaniaz)  Mural, 2018-05-24, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Mural&oldid=108091694. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  5.   Labar artea, 2018-02-14, https://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Labar_artea&oldid=6132344. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  6. a b (Alemanez)  Wandmalerei, 2018-05-08, https://de.wikipedia.org/w/index.php?title=Wandmalerei&oldid=177259613. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  7. a b (Gaztelaniaz)  Laven, Patricia Pagnone (2015-12-01), «La poliangularidad en el muralismo contemporáneo», Revista de la Red Intercátedras de Historia de América Latina Contemporánea - Segunda Época (3): 161–162, ISSN 2250-7264, https://revistas.unc.edu.ar/index.php/RIHALC/article/view/13459. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  8. (Gaztelaniaz)  Muralismo mexicano, 2018-05-29, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Muralismo_mexicano&oldid=108247314. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  9. a b   Muñoz Asensio, Tomás (1993), Arte mural urbano. Madrid, 1981-1991, Universidad complutense de Madrid .
  10.   «Técnicas y Motivos de la Pintura Mural», www.iaph.es, http://www.iaph.es/sys/productos/PinturaMural/Presentacion/tecnicas.html. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  11. (Gaztelaniaz)  «Mezzo fresco | Museu Nacional d'Art de Catalunya», www.museunacional.cat, http://www.museunacional.cat/es/mezzo-fresco. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  12. (Ingelesez)  Mural, 2018-05-30, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Mural&oldid=843678266. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  13. (Gaztelaniaz)  Cera, Diego (2017-04-25), Técnicas del muralismo que nos demuestran su grandeza, https://culturacolectiva.com/arte/tecnicas-de-muralismo-mexicano/. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  14. a b (Frantsesez)  Peinture murale, 2018-06-01, https://fr.wikipedia.org/w/index.php?title=Peinture_murale&oldid=149126473. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  15.   Pérez, Zamorano; Emilio, Pedro; Cortés López, Claudio (00/2007), «Muralismo en Cile: texto y contexto de su doscurso estético», Universum (Talca) (2): 254–274, doi:10.4067/S0718-23762007000200017, ISSN 0718-2376, https://scielo.conicyt.cl/scielo.php?script=sci_abstract&pid=S0718-23762007000200017&lng=es&nrm=iso&tlng=es. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  16. (Ingelesez)  «Malaysia’s Stunning Street Art: The Coolest Murals and Where to Find Them», Lim Kit Siang, https://blog.limkitsiang.com/2015/08/12/malaysias-stunning-street-art-the-coolest-murals-and-where-to-find-them/. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  17.   «Murals in the cities of South Africa», www.mgm.fr, https://www.mgm.fr/ARECLUS/page_auteurs/Antheaume2.html. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  18. (Gaztelaniaz)  País, Ediciones El (2014-11-06), «Fotos: East Side Gallery», El País, ISSN 1134-6582, https://elpais.com/elpais/2014/10/15/album/1413361783_924089.html. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  19.   «Ipar Irlandan graffitiak bakearen irudi • ZUZEU», ZUZEU, 2009-07-07, https://zuzeu.eus/mundua/ipar-irlandan-graffitiak-bakearen-irudi/. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  20.   Maric, Bojan (2014), «History in the Making», Widewalls, https://www.widewalls.ch/history-of-street-art-in-the-uk/history-in-the-making/. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  21.   Gaztezulo (2018), «Banksy bueltan da, eta inoiz baino gordinago!», Gaztezulo, https://www.gaztezulo.eus/albisteak/banksy-bueltan-da. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  22.   «Itinerario muralístico de Vitoria-Gasteiz · Muralismo Público IMVG», www.muralismopublico.com, http://www.muralismopublico.com/p/eu/hasiera.php. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  23.   «Bilbao.eus, InfoBilbao, Albisteak, BILBO, HIRIKO HORMA-ARTEAREN NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA», www.bilbao.eus, http://www.bilbao.eus/cs/Satellite?c=BIO_Noticia_FA&cid=1279159335056&language=eu&pageid=3000075248&pagename=Bilbaonet/BIO_Noticia_FA/BIO_Noticia. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  24.   «Hormek Diote», hormekdiote.ereiten.eus, http://hormekdiote.ereiten.eus/home. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  25.   «Horma Irekiak», Olatu Talka, http://www.olatutalka.eus/images/inscripzioak/2018/Horma-irekiak-bases.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  26.   «Udatxo :: Galeria», www.udatxo.com, http://www.udatxo.com/eu/galeria. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  27.   «Udalak herriko eremu publikoetan ezarritako kartel eta pankarta oro kentzeko erabakia hartu du», https://baleike.eus, 2016, https://baleike.eus/zumaia/1456135925460-udalak-herriko-eremu-publikoetan-ezarritako-kartel-eta-pankarta-oro-kentzeko-erabakia-hartu-du. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  28.   Arbelaitz, Lander (2017), «Kalea guztiona al da?», Argia, http://www.argia.eus/argia-astekaria/2546/adierazpen-askatasuna-vs-garbiketa-ordenantzak. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  29.   «Potxuak Martxan: Loditasuna lohitzat jo, eta horma irudia ezabatu du udalak», lea-artibaietamutriku.hitza.eus, http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2016/07/13/loditasuna-lohitzat-jo-eta-horma-irudia-ezabatu-du-udalak/. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .
  30.   Alustiza, Maite (2017), «Hormek ez dute marroirik nahi», Berria, https://www.berria.eus/paperekoa/1848/030/001/2017-05-17/hormek_ez_dute_marroirik_nahi.htm. Noiz kontsultatua: 2018-06-03 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]