Ragusa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ragusa
Ragusa
Italiako udalerria
Ragusa Ibla.jpg
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Libero consorzio comunaleLibero consorzio comunale di Ragusa (en) Itzuli
Izen ofiziala Ragusa
Jatorrizko izena Ragusa
Posta kodea 97100
ISTAT kodea 088009
Geografia
Koordenatuak 36° 55′ 30″ N, 14° 43′ 50″ E / 36.925°N,14.7306°E / 36.925; 14.7306Koordenatuak: 36° 55′ 30″ N, 14° 43′ 50″ E / 36.925°N,14.7306°E / 36.925; 14.7306
Map of comune of Ragusa (province of Ragusa, region Sicily, Italy).svg
Azalera 444.67 km²
Altuera 520 m
Mugakideak Chiaramonte Gulfi, Comiso, Giarratana, Modica, Monterosso Almo, Rosolini, Santa Croce Camerina, Scicli, Vitoria eta Caltanissettako probintzia
Demografia
Biztanleria 73.276 (2016ko ekainaren 30a)
Red Arrow Down.svg0 (2016)
Dentsitatea 164,79 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera 1800
Telefono aurrizkia 0932
Ordu eremua UTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuak Dubrovnik, Little Rock, Asuncion, Milan, Tours, Mosta eta Rădăuți (en) Itzuli
Katastro kodea H163
Sailkapen sismikoa 2 (Ertaina)
Matrikula RG
Hizkuntza ofiziala Italiera
comune.ragusa.gov.it

Ragusa[1] (sizilieraz: Raùsa) Italiako hiria eta izen bereko probintziako (1.614 km2) hiriburua da, Siziliako hego-ekialdean, Irminio ibaiak eratzen duen haranaren gainean, Sirakusa hiriaren mendebalean. 73,999 biztanle (2011)[2]. Bi auzo nagusi bereizten dira Ragusako hirian: Ragusa Ibla edo auzo zaharra (hiriaren behealdean dagoena) eta hiri modernoa, Iblei mendiaren mazelan eraikia. Harmaila luze batek lotzen ditu bi auzoak. Ekonomiari dagokionez, nekazaritza-produktuen merkataritza (mahastiak, zitrikoak) eta industria (petrolio-findegiak, eraikuntzarako gaiak) dira ekonomia-jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVIII. mende hasierako katedrala, mende bereko San Giorgio basilika eta XV. mendeko Santa Maria della Scale elizaren hondakinak. 1693. urteko lurrikarak ia erabat suntsitu zuen hiri zaharra. Val di Noto beste zazpi hirirekin batera Gizateriaren Ondarean parte hartzen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ragusaren jatorriak K.a. III. milurtekoan daude, zonalde honetan sikuloen zenbait ezarpen zeudenean. Kondairaren arabera, errege sikulo Hyblonek lehenengo nukleoa fundatu zuen. Greziar aldian, Hybla Heraia deitu zen Hera jainkosaren ohorez, soroen babeslea.

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magna Graecia

Antzinako hiria, 300 metro garaiko muino baten gainean eraikitakoa, greziar koloniekin harremanetan jarri zen eta Camarina inguruko portuari esker garatu zen. Greziarrek alperrik setiatu zuten hiria. K.a. 491.ean, Hipokrates Gelakoa hil zen ibleoen kontrako guda batean. K.a. 450.ean Falaridek, Agrigentoko tiranoak, zenbaitetan joan zen Iblaren kontra baina azkenean tiranoak porrot egin zuen Camarina eta sikuloen laguntzari esker. Honen ondoren, hiria ospetsua izan zen antzinako munduan, Audax ezizena jarri zioten[3] eta bere independentziari eutsi zion K.a. III. mendera arte. Camarina hiriak, sikuloez eta greziarrez populatuta, ez zuen arrakasta bera izan; behin eta berriz arpilatuta, despopulatuta izan zelako eta bere biztanleak Iblan errefuxiatu zirelako. Kartagotarrek denboraldi labur batez hiria kontrolatu zuten. Geroago, erromatarren garaian hiri dekumanoa bilakatu zen, Modica bezala.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren ondoren bizantziarren esku egon zen. Hauek K.o. 700. urtean hiria harresiz inguratzeaz gain, gaztelu handi bat egin zuten ere. Hauen eraginez Basilio eta Nikola hiriko patroiak izendatu ziren. IX. mendearen hasieran, sarrazenoek irlaren zatirik handiena konkistatu zuten eta 844an Modica, hiri aliatua, menperatu zuten. Arabiarrak behin eta berriz saiatu ziren Ragusa konkistatzen eta azkenean, 848an asmatu zuten[4] sartzen. Iblear populazioak 866an matxinatu eta musulmanak kanporatu zituen, baina hauek 878an Ragusa berreskuratu zuten. Arabiarrak zeuden bitartean, landetxe ugari egin, kotoia laboratu, ureztatutako alorrak sortu eta nekazaritzarako terrazak antolatu ziren. Arabiarrek Sizilia kontrolatu zuten 200 urteetan izugarrizko bultzada eman zioten nekazaritzari. 1090ean, normandiarren laguntzarekin sortutako matxinada baten ondorioz, arabiarrak betirako kanporatu ziren.

Normandiarren garaian, Ragusa 500 urtez hainbat kondek modu autonomoan administratu zuten. Lehenengoa Gofredo izan zen, Roger I.a Siziliakoaren semea. Suabiar garaian, hiriak autonomia galdu zuen baina Frederiko II.arekin zenbait pribilegio berreskuratu zuen. Anjouko[5] dinastiak ezin txarrago administratu zituen Sizilia eta Ragusa, horrek Siziliar bezperak eragin zituen. Giovanni Prefoglioak, matxinada zuzentzeagatik bere bizitza bukatu zuen frantziar espetxeetan. Honen ostean, aragoiarrek agindu zuten eta Ragusak antzinako autonomia berreskuratu zuen. Jaurerri moduan eman zioten Prefoglio markesari, Giovanniren emazteari. Ragusako konderria Modicakoarekin batu zen 1296.ean Chiaramonteko Manfredo I.a Elisabet Moscarekin (Modicako kondearen alaba) ezkondu zenean. Ragusa 1366. urtean, Chiaramonteko Manfredo III.arekin gailurrean egon zen Terranova eta Maltako artxipelagoa eskuratu zituenean. Modicako konderriak berezko administrazio bat izan zuen Palermoko gobernutik aparte. Geroago, Bernardo Cabrera kondearekin Italiako estatu feudalen artean garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1693ko lurrikarak hiria suntsitu eta 13.000 biztanletik 5.000 hil zituen. Honen ondoren, hiria berreraiki zen, hortaz, barroko berantiarraren estiloko eraikinak. Biztanle gehienak Patro burrutira mugitu ziren, zeina udalerri berria Ragusa Superiore deitu baitzitzaion, zaharrari, berriz, Ragusa Inferiore.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1838. urtean, asfaltoko metaketa bat aurkitu zen, gaur egun ustiatzen dena. 1848an, uhartearen independentzia lortzeko Modicarekin eta Siziliarekin batera Borboien kontra matxinatu zen. Garibaldi Marsala hirian lehorreratu zenean, Ragusako boluntario armatuak joan ziren laguntzera. Geroago, Italiako Erresumaren parte bat izan zen Corrado Arezzo de Spuches di Donnafugata gidaritzapean. 1889.ean, Banca Popolare Cooperativa di Ragusa jaio zen, Banca Agricola Popolare di Ragusaren enbrioia. Banku hau konderriaren nekazaritza aberatsari esker jaio zen. XX. mendearen hasieran, ideia sozialistak askoz gehiago hedatu ziren Ragusan bere eskualdean baino. Hortaz, hainbat historialari faxisten uistez Ragusa zen: Gorrien feudoa, Boloniaren antzekoa[6]. Azkenean, faxismoa Ragusan inposatu zen baina erantzun bortitza eragin zuen. 1921eko urtarrilaren 29an, talde faxista batek Vittoriako zirkulu sozialista suntsitu zuen, gizon bat hil eta beste hamar zauritu zituen. Bi hilabete geroago, Ragusan lau lagun hil zituzten eta hirurogei zauritu. Hiri hau izan zen Siziliako lehena mugimendu faxistaren sorreran, honela adierazi zen Mussoliniren borondateaz eraikitako dorre liktoriarrean: Facismo ibleo Tu primo a sorgere nella generosa terra di Sicilia. Filippo Pennavaria buruzagi faxistarekin, 1927an, Ragusak Modica ordezkatu zuen probintziako hiriburua[7] izatean, aukera aprobetxatuz Ibla eransteko[8]. Bigarren Mundu Gerran, 1942 eta 1943 artean, bonbardatua izan zen. Azken urte honetan, aliatuak lehorreratu ziren. Gerraren amaieran normaltasuna etorri zen. Erlijioari dagokionez, Ragusa elizbarrutia bilakatu zen 1950ean.

Gaur egun, Ragusa hiri dinamikoa da, hegoaldeko gune finantzario BAPR Italiako laugarren bankuarekin. Agintariak saiatzen dira joan zen mendeko laurogei hamarkadatik Ragusako ekonomia bigarren sektorera bideratzen, baina azpiegituren falta oztopo handia da. Bestalde, Ragusa 1993tik hiri unibertsitarioa da.

Toki interesgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UNESCOk, 2002.ean, Val di Notoko barroko berantiarreko hiriak Gizateriaren Ondarearen aitortu zituen, beraien artean Ragusa, 1024-007 kodearekin sailkaturik. Eraikin gehienak estilo barrokokoak dira, 1693ko lurrikararen ondoren eraikitakoak. Azken hogei urteetan, turismoak Ragusaren fisonomia asko aldatu du, baina hiriko zenbait partetan XVIII. mendeko kutsua nabaria da. Hiriak bi parte ezberdin ditu: Ragusa Ibla (zaharrena) eta Goiko Ragusa (garaiena eta berriena). Zubien Haranak bi zonaldeak banatzen ditu, guztira lau zubi dira. Hauetariko bat, XVIII. mendean eraikitako Kaputxinoen zubia, ederra da benetan.

Goiko Ragusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Giovanni Battista katedrala eraikin harrigarria da, Goiko Ragusaren eraikinik garrantzitsuena. Hasieran, eliza hau antzinako Ragusaren mendebaldeko zonaldean kokatu zen, Erdi Aroko gazteluaren harresien behealdean, gaurko Santa Ines (Sant'Agnese) eliza dagoen tokian. 1693ko lurrikara gertatu orduko, tenplu txiki bat eraiki zen, baina laster agerian geratu zen desegokia zela. Gaurko eraikina 1718 eta 1778ren artean altxatu zen. Bere aurrealdea estilo barroko berantiarrekoa da. Kanpoko zutabeek eraikina bertikalki hiru kaletan banatzen dituzte. Horizontaltasunari dagokionez, hiru gorputz ditu. Aurrean dauden eskulturak Ama Birjinari, San Joan Bataiatzaileari eta San Joan Ebangelariari dagozkie. Nahiz eta hasieratik bi kanpandorre pentsatuta egon, bakarrik ezkerraldekoa (50 m. garaiera) burutu zen. Katedralaren oinplanoa gurutz latindarrekoa da eta presbiterio absideduna. Ragusako kareharrizko hamalau zutabek banatzen dituzte hiru nabeak. Gaurko organoa 1858.ean egin zen. 1950etik Ragusa elizbarrutia bilakatu zen. Transeptu eta nave zentralaren gurutzean kupula bat altxatzen da, XX. mendearen hasieran kobrezko xaflekin estali zena uraren infiltrazioa ekiditzeko, egitura arriskuan jartzen zuelako.

Goiko Ragusan Museo Arkeologikoa aipagarria da ere. Honek baditu sei sail non Historiaurreko eta Antzinaroko aurkikuntzak ikus baitaitezke.

Ragusa Ibla (Beheko Ragusa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrokoko arkitekturarik interesgarriena Ragusa Iblan dago. San Giorgio katedrala Rosario Gagliardi arkitektoa 1738an hasi zen eraikitzen lehen zegoen tenpluaren gainean. Eraikin honetaz, bakarrik aragoiar estiloko atariak dirau. Tenpluaren aurrean 250 mailetako eskailera bat dago. Aurrealdeko hamar zutabek eliza hiru nabetan banatzen dute. Horizontaltasuna aztertuz gero, hiru gorputz ditu. Goikoan kanpanile dago erraboila itxurako gailur batean bukatuta. Oinplanoa gurutz latindarrekoa da eta nabeak abside erdizirkularretan amaitzen dute. Bere kupula neoklasikoa da, 1820koa.

Ragusa Ibla eta Ragusa Superiore konektatzen duen etxarte bihurri baten gainean, Santa Maria delle Scale dago. Eliza hau oso interesgarria da. XV. eta XVI. mendeetan eraiki zen, baina 1693ko lurrikarak larriki kaltetu zuen. Elizaren erdia estilo barrokoan berreraiki zen, zutik zirauen parteak jatorrizko estiloan jarraitu batzuen ere. Aipatzekoak dira eskumaldeko nabearen estilo aragoiarreko hiru atariak. Nabe honetako azken kaperak Errenazimenduko atari bat du. Kaperetan XVIII. mendeko zenbait margolariren lanak eskegita daude.

Hauexek dira zonalde honetako beste eraikin aipagarri batzuk: Purgatorioko Arimak, Santa Maria dell'Itria, San Giorgio, San Giuseppe, San Antonio, San Giorgio Vechio, Capuchini Vecchi, Santiago eta San Dominico elizak. Azkenean, Zacco jauregia hiriko eraikin barrokorik ederrenetako bat da, bere zutabe korintoarrek burdin-forjatuzko balkoiei eusten dizkiete. Kariatideak eta groteskoak ba daude ere.

Herri eta hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. 157. araua: Europako hiriak. .
  2. demo.istat.it
  3. Ragusari buruzko artikulua. http://www.iblei.net/web/default.asp?Page=http://www.iblei.net/web/provrg/ragusa.aspsul
  4. "Cambridgeko kronika" eta "Storia dei Musulmani": Michele Amari
  5. Euskaltzaindia (2008-05-30), 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak.
  6. Mafia faxismoaren garaian: Duggan Christopher
  7. R.D.L. 2 gennaio 1927, n. 1, art. 1
  8. R.D.L. 2 gennaio 1927, n. 1, art. 4

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ragusa Aldatu lotura Wikidatan