Richard Smalley
Richard Errett Smalley (Akron, Ohio, 1943ko ekainaren 6a - Houston, 2005eko urriaren 28a) estatubatuar kimikari eta fisikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Michigango Hope Collegen egin zituen kimikako lehen ikasketak; Michigango Unibertsitatean eskuratu zuen lizentzia 1965ean, eta handik zortzi urtera doktore izendatu zuten Princetongo Unibertsitatean. Ondoren irakasle gisa lan egin zuen, eta 1981ean katedra eskuratu zuen. 1973an Chicagoko Unibertsitatera aldatu zen Smalley, eta 1976an Houstongo Rice Unibertsitatean hasi zen irakasle eta ikerketa-buru gisa. Smalleyk eta haren lankide Robert F. Curlek atomoek zenbait sustantziaren multzo txikietan duten egoera ikertu zuten. Smalleyk laser izpien bidez gaiak lurruntzeko sistema bat asmatu zuen, zeinaren bidez lurrundutako atomoek berak kontrolatzeko moduko multzoak osatzen zituzten, eta horrela gaiei buruzko ikerketak egin zitzaketen. 1984an Kroto zientzialariak sistema hura karbonoarekin erabiltzeko proposamena egin zion. Horrela, egitura esferikoak osatzen dituzten karbonozko atomo sail berri bat, fullereno izenekoa, aurkitu zuen Smalleyk, eta kimikaren baitan alor berri bat sortu zuen. Aurkikuntza horri esker Kimikako Nobel Saria eman zieten Smalley, Kroto eta Curl zientzialariei 1996an. Harrezkero, fullerenoen egituren inguruko lanak egiten jarraitu dute, eta erakutsi dute posible dela atomo espezifikoak txertatzea egitura horietan; aurkikuntza horri esker ate berriak zabaldu dizkiote industrian eta medikuntzan duten aplikazioari. 1997an Rice Unibertsitateko Nanoeskalen Zientzia eta Teknologia Zentroko zuzendari izendatu zuten. 2005. urtean hil zen Houstoneko M.D. Anderson Cancer Center ospitalean leuzemia baten ondorioz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]