2009ko Frantziako Tourra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

2009ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 96. edizioa izan zen. 2009ko uztailak 4an hasi eta uztailak 26an amaitu zen, Monakon hasiz eta Parisen amaituz, 3459 kilometroko ibilbidea egin ondoren 21 etapatan banatuta, etapa horietatik 3 erlojupekoak izan zirelarik (banakako 2 eta taldekako 1) hiru etapen artean 93 kilometro osatuz.

Frantziako Tourraren edizio honetan 180 txirrindularik parte hartu zuten bederatzi txirrindulariko 20 taldetan banatuta, proba 157k amaitu zutelarik, azkenean 156 izan zirenak, proba hasi aurreko doping kasu bategatik Mikel Astarloza kanporatua izan baitzen (ikus "Astarloza, itzulia hasi aurreko doping kasua" sekzioa).

Itzulia, esan bezala, uztailak 4an hasi zen, Monakon (1 Formulako Monakoko Zirkuituaren zati bat zeharkatu zuen 15,5 kilometroko banakako erlojupeko batekin) eta, ohi bezala, Parisko Champs Eliséesetan amaitu zen uztailak 26an. Itzuliak, edizio honetan, sei herrialde zeharkatu zituen, kronologikoki honakoak izan zirenak: Monako, Frantzia, Espainia, Andorra, Suitza eta Italia.

Edizio honetako hiru berritasun nagusiak azkenaurreko etapako Mont Ventouxera igoera (hala, etapa horretako ohiko banakako erlojupekoa mendiko etapa bategatik aldatuz), bi etapatan, 10.ean eta 13.ean pinganilloa erabiltzeko debekua (azkenean 10. etapara soilik mugatu zena 14 taldek planto egin ondoren) eta 2005eko ediziotik ospatu ez zen taldekako erlojupekoaren berreskuratzea izan ziren, edizio hau, 1967kotik erlojupeko kilometro gutxien izan zituena bihurtuz.

Itzuliaren dominatzailea Alberto Contador madrildarra izan zen, itzulia eta bi etapa erabakigarri irabazi zituena: Verbierren amaitu zen etapa alpetarra eta Annecyko erlojupeko luzea. Podiumean, berarekin batera, Andy Schleck luxenburgotarra (bigarren aldiz jarraian gazteen sailkapena irabazi zuena) eta Lance Armstrong estatubatuarra egon ziren. Eta, podiumaren gorenean zegoen arren, Alberto Contadorrek Danimarkako ereserkia entzutearekin konformatu behar izan zuen.

Gainontzeko sailkapenen garaileak honakoak izan ziren: Franco Pellizotti mendiko eta lehiakortasunaren sailkapenean, Thor Hushovd puntukakoan eta Astana taldea taldekakoan.


Aurrekoa
2008ko Frantziako Tourra
Frantziako Tourra
2009ko uztailak 4 eta 26 artean ospatua
Ondorengoa
2010eko Frantziako Tourra
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 2009ko Frantziako Tourra Aldatu lotura Wikidatan