Txekia

Wikipedia(e)tik
Txekiar Errepublika» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txekiar Errepublika
Česká republika
Txekiar Errepublikako bandera
Bandera

Txekiar Errepublikako armarria
Armarria

Goiburua: Pravda vítězí
( Egia Gailentzen da )
Nazio ereserkia:
Kde domov můj
Txekiar Errepublika: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Praga
50°05′N 14°28′E / 50.083°N 14.467°E / 50.083; 14.467Koordenatuak: 50°05′N 14°28′E / 50.083°N 14.467°E / 50.083; 14.467
Hizkuntza ofiziala(k) Txekiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Miloš Zeman
Bohuslav Sobotka
Eraketa
Independentzia
Banaketa
1918ko urriaren 28a
1993ko urtarrilaren 1a
Eremua
• Guztira
• Ura

78866 km² (116)
% 2
Biztanleria
• Zenbatespena (2012)
• Errolda (2011)
• Dentsitatea

Herritarra

10.513.209 (81.)
10.436.560
134 biztanle/km² (84.)

txekiar[1]
Dirua Txekiar Koroa(Kč) (CZK)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +1)
Bai (UTC +2)
Interneteko domeinua .cz
Telefono aurrezenbakia +4201
11997 arte +42, Eslovakiarekin banatua

Txekia[1] txekieraz: Česko, ˈt͡ʃɛsko ahoskatua) ofizialki Txekiar Errepublika (txekieraz: Česká republika, ˈt͡ʃɛskaː ˈrɛpuˌblɪka ahoskatua) Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Ipar-mendebalde eta mendebaldean Alemaniarekin du muga, ipar-ekialdean Poloniarekin, hego-ekialdean Eslovakiarekin eta hegoaldean Austriarekin. Historikoki bi eskualdetan banatuta egon da: Bohemia eta Moravia. Horiez gain, Silesiaren zati bat, Txekiar Silesia, ere barnean hartzen du.

Hiriburua eta hiri nagusia Praga da. Honez gainera, aipagarriak dira Moraviako hiru hiri nagusiak: Brno (392.600 biztanle), Ostrava (326.500 biztanle) eta Olomouc (224.800 biztanle).

Lehen Mundu Gerra bukatutakoan Txekoslovakia izeneko herrialdea osatu zen nazio burujabe gisa. 1939an galdu zuen independentzia, alemaniarrak sartu zirenean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunaren eragin eremuaren barruan geratu zen. 1968an, Txekoslovakian egiten ari ziren erreformek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jar zezaketelakoan, sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, Txekoslovakia aske geratu zen ostera. 1993ko urtarrilaren 1ean, Txekoslovakia osatzen zuten bi herri nagusitan banandu zen, bakean: Txekia eta Eslovakia.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txekiar Errepublika satelite irudian

Txekiar Errepublikako geografia askotarikoa da. Bohemia, herrialdearen mendebaldean dagoena, arro zabala da, Elba (txekieraz: Labe) eta Vltava ibaiek zeharkatua, eta mendi ez oso garaiek (Sudeteak) inguratua. Bertan kokatua dago herrialdeko tontor handiena, Sněžka mendia (1.602 m). Moravia, ekialdean dagoena, menditsuagoa da. Eskualdeari izena ematen dion Morava ibaia da garrantzitsuena, eta bertan dago Odra ibaiaren sorlekua.

Estatu itsasgabe honetako ibaiak hiru itsaso desberdinetan isurtzen dira: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza. Txekiar Errepublikak Moldauhafen izeneko lurraldea du aldi baterako exklabe modura, Hanburgoko portuko 30.000m², Versaillesko Itunak Txekoslovakiari emandakoa itsasora irteera izan zezan. Lurralde hau Alemaniari itzuliko zaio 2028an.

Energia sortzeko indarretxeek sufre bioxido asko kanporatzen dute, eta euri azidoa eragiten dute. Airearen kutsadurak baso eremu handiak hondatu ditu. Lurraldeko zuhaitzen % 75 inguruk defoliazio arazoak ditu. Ura ere oso kutsatua dago leku askotan, batez ere nekazaritza inguruneetan. Industriak, meatzaritzak eta nekazaritzak sortzen dituzten hondakinek arriskuan jartzen dute lurrazalako eta lur azpiko uraren garbitasuna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txekiar Errepublikako historia»

Antzinatean, K. a. III. mendetik aurrera boii izeneko zeltak igaro ziren egungo Txekian. Geroago marcomanni eta quadi tribu germaniarrak finkatu ziren bertan. Emigrazioen Garaian, Erdialdeko Europatik hegoaldera eta mendebaldera jo zuten germaniar askok. Maila bereko migrazio batean, eslaviarrak zonalde horretan kokatu ziren Itsaso Beltzatik eta ekialdetik abiatuta. IV. mendean eslaviarrak iritsi ziren, eta haiekin batera txekiarrak Bohemia erdialdean finkatu ziren.

IX. mendearen amaieran Premysl dinastiak Bohemiako lehenengo erreinua sortu zuen, eta XI. mendean Moraviako lurraldeak hartu zituen. Erdialdeko Europako Erdi Aroko erresuma garrantzitsu samarra izan zen, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuan egon zen beti. 1310. urtean Luxenburgo dinastiak hartu zuen aginpidea. 1355ean, Bohemiako errege zen Karlos I.a Bohemiakoa Inperio Santuaren enperadore izendatu zuten, eta Pragan ezarri zuen Inperioaren hiriburua. Garai hartan kulturak gorakada handia izan zuen.

XV. mendean Jan Husek erreforma bultzatu zuen erlijioan. Haren jarraitzaileak, hustarrak, gogor borrokatu ziren katolikoen aurka, baina 1526. urtean Bohemia Habsburgotarren esku geratu zen. Hala ere, hustarrek borrokak jarraitu zituzten, eta 1627an, Hogeita hamar urteko gerraren ondoren, lurraldea Fernando II.a enperadorearen mendean geratu zen.

Napoleondar Gerretan, Inperioa desegindakoan, Bohemia Austriako Inperio, eta geroago, Austria-Hungariako Inperioko zati bilakatu zen.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomáš Masaryk, Txekoslovakiako lehen presidentea

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Austria-Hungariako inperioa bukatuta, Txekoslovakiako Errepublika independentea eratu zen 1918an. Bohemia, Moravia, Silesia, Eslovakia eta Karpatotako Rutenia zeuden bilduta. Estatu berriak Polonia eta Hungariako zatiak, eta Sudeteetan hiru milioi alemaniarren bizilekua hartzen zituen barruan, gerra irabazi zutenek hala erabakita. Txekiar eta eslovakiar buruzagiek konstituzioa prestatzeko agindu zioten Nazio Biltzar bati. Biltzarrak sistema parlamentario zorrotza hautatu zuen -presidentea, bere ministro kabinetea, eta legegintzarako bi ganbera- eta emakumeari botoa emateko zein hartzeko eskubidea ezagutu zitzaion, aurreneko aldiz. Biltzarrak Tomáš Masaryk izendatu zuen errepublikako lehendakari. Baina estatu berriak alemaniar, hungariar, poloniar eta ruteniar gutxiengoak zituen. Hainbat eskubide eman bazitzaizkien ere, lurralde-autonomia izan gabe, nahigabea eta Txekoslovakiatik alde egiteko gogoa hedatu ziren zenbaiten artean.

1929tik aurrera mundu osoa erasan zuen Depresio Handiak eragin handiagoa izan zuen Sudeteetan, eskualde industrializatuena zelako, eta alemaniar nazionalismoa piztu zuen. Hitlerrek agintea lortu zuenean, 1933an, nazionalismoa areagotu egin zen. Sudeteetako alemaniarrek Txekoslovakiatik bereiztea eskatu zuten. 1938an, Ingalaterrak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Txekoslovakiaren egonkortasuna lortzeko Sudeteak Alemaniaren eskuetan uztea erabaki zuten, 1938ko Municheko Itunaren bidez. Masarykek kargua utzi zuen, eta haren ordez, Edvard Beneš izendatu zuten. Ia aurreikus zitekeen bezala, hurrengo urtean Alemaniako gudarosteak Txekoslovakia osoa hartu zuen. 1939ko martxoan Eslovakia independizatu zen, Hitlerrekin aliatuta. Okupazioa 1945eko maiatzaren 9an amaitu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasuneko gudarosteak okupatua, Txekoslovakiak 1919ko mugak berreskuratu zituen atzera. Hurrengo urteetan, 2,7 milioi alemaniarrak Alemaniara edo Austriara kanporatu zituzten.

1946ko hauteskundeetan, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botoen %38 eskuratu zituen, eta 1948an, botoen %51. Azkeneko urte horretan, ekainean, gobernu komunistak hala aginduta, herrialdeak Herri Errepublika izena eta sobietarrena bezalatsuko eredu ekonomikoa hartu zituen. Halaber, Txekoslovakia Sobietar Batasunaren mendeko itun sistemako kide bihurtu zen, alegia, COMECONeko eta Varsoviako Ituneko kide. 1960an, Txekoslovakiako Herri Errepublikak Sozialista deitura hartu zuen. Hamarraldi hura aldaketa politiko baten hasiera izan zen. Aurreko hamarraldian Alderdi Komunistatik kanporatutako buruzagi eslovakiarrak atzera onartu zituzten, eta eslovakiarrak sutsuago aritu ziren beren autonomiaren alde borrokan, konstituzio sozialista berriak murriztu egin baitzuen. 1967an, ikasleen manifestazioek alderdi komunistako burua, Antonin Novotny, bere karguaren dimisioa ematera behartu zuten. 1968ko hasieran, Alexander Dubček hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari, eta Ludwik Svoboda lehendakari. Bi buruzagi berriek ekonomiaren deszentralizazio programa bat abiarazi eta nazioaren burujabetasuna berretsi zuten, herriaren gehiengoaren babesaz. Sobietar Batasunak eta Varsoviako hitzarmeneko gainerako kideek erreforma haiek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jartzen zutela iritzi zioten, eta abuztuan sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. Pragako Udaberria deitzen zaioneko buruzagiak alderdi komunistatik kanporatu zituzten, eta herrialdeko politika Sobietar Batasunaren esanetara jarri zen ostera.

Belusezko Iraultza Pragan, 1989ko azaroan.

Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasunean bultzatu zuen erreformak aldaketa handiak eragin zituen Txekoslovakian. 1989an, errepresioa gorabehera, gobernuaren kontrako protestak handitu egin ziren, eta erregimena kinka larrian geratu zen. Gobernuak oposizioko taldeak ordezkatzen zituen Foro Hiritarrarekin negoziatzen hasi behar izan zuen. Urtearen bukaeran, behin-behineko gobernu bat eratu zen, gehiengo ez komunistarekin. Horrela, 1946. urteaz geroztik agintean zegoen erregimen komunistari amaiera eman zitzaion. Abenduan, Foro Hiritarrak alderdi komunista salatu zuen alderdikideak postu nagusietan jartzeaz. Pragan berrehun mila pertsona inguru elkartu ziren, kabinetean oposizioko kide gehiago egon behar zuela eskatzeko. Gustav Husák lehendakariak dimisioa aurkeztu zuen, eta Vaclav Havel idazleak hartu zuen haren lekua. Havelek preso politikoentzat amnistia dekretatu zuen, eta hauteskundeak deitu zituen 1990eko ekainerako.

1989tik aurrera, sobietar eta txekoslovakiar gobernuek armada gorriko 70 mila soldadu handik ateratzeko egin beharreko urratsak hitzartu zituzten. Lehendakariak kontinentea erdibanatzen zuten bi bloke militarren desagerpena aldarrikatu zuen lehenago, baina Varsoviako Ituna indargabetu zenez gero, eta Jugoslaviakoak bezalako gerra nazionalistak pizteko arriskuaren aurrean, 1991n NATOrekin nolabait elkartzeko eskaria egin zuen, Hungaria eta Poloniarekin batera.

1990eko ekaineko hauteskundeetan Havel atera zen garaile, eta Txekia eta Eslovakiako Errepublika aldarrikatu zen. Hauteskundeen ondoren, Foro Hiritarra bitan banandu zen: Alderdi Hiritar Demokratikoa, eskuinekoa, eta Mugimendu Hiritarra. Eslovakian, Eslovakia Demokratikoaren aldeko Higikundeak herrialdea hartzen ari zen eskuin joerari aurre egitea deitu zuen. Gobernu berriaren erreformek ez zituzten berehala emaitza onak eman. 1991ko martxoan, 185.000 pertsona lanik gabe zegoen, eta urteak aurrera egin ahala askoz gehiago izango zirela kalkulatzen zen. 1992ko hauteskundeetan, Txekiako Alderdi Hiritar Demokratikoa eta Eslovakia Demokratiko baten aldeko Higikundea atera ziren garaile, zein bere errepublikan. Federazio berriaren estatutuari buruzko negoziazioek ez zutenez aurrera egiten, txekiar eta eslovakiar buruzagiek elkarrengandik banatzea erabaki zuten, alegia, Txekoslovakia mapatik desagerraraztea eta haren ordez bi errepublika burujabe sortzea: Txekiar Errepublika eta Eslovakiar Errepublika. Txekoslovakiako lehendakari federalak, Vaclav Havelek, bere karguaren dimisioa eman zuen 1992ko uztailean, Eslovakiako Biltzar Nazionalak errepublika honen burujabetasuna aldarrikatu ondoren. Eslovakiaren nahi nazionalak areagotuta, 1993ko urtarrilaren 1ean Txekiar Errepublika eta Eslovakia jaio ziren.

Vaclav Havel, Txekiar Errepublikako lehen presidentea.

1993an, Vaclav Havel bera izan zen Txekiar Errepublikako lehen lehendakaria, eta Vaclav Klaus lehen ministroa. 1994an, Txekiako Errepublika Bakerako Elkartean sartu zen, bloke sozialistako herrialdeak pixkana sartzeko NATOk sortutako erakundean, hain zuzen. Herrialdearen zorra inguruko herrialde komunista ohiena baino txikiagoa zen, eta atzerritarren inbertsioa, berriz, handienetako bat. Klaus lehen ministroak gidatu zuen erreforma ekonomikoa, pribatizazio kanpaina azkar batean oinarritua. 1995ean, Txekiar Errepublika OCDEko (Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundea) kide egiten zen lehen herrialde komunista ohia bihurtu zen. 1996ko hauteskundeetan, sozialdemokratek aurrera egin zuten, eta Klausek Legebiltzarreko gehiengoa galdu zuen. Abenduan, Txekiako Errepublikak eta Alemaniak adiskidantza agiri bat izenpetu zuten. Agirian, Alemaniak barkamena eskatzen zuen naziek Bigarren Mundu Gerran egin zituzten gehiegikeriengatik. Txekiar Errepublikak ere barkamena eskatzen zuen, gerraren ondoren hiru milioi alemaniar Sudeteetatik egozteagatik.

1997an zehar, diruaren debaluazioak kaos politikoa ekarri zuen. Alderdi Hiritar eskuindarra eta haren burua, Klaus, finantza talde jakin batzuei ezkutuko sariz laguntzeaz akusatu zituzten. Havelek Klausi kargua uzteko eskatu zion jendaurrean. Klausek azaroan aurkeztu zuen dimisioa eta Josef Tosovskyk hartu zuen haren lekua. Krisi ekonomikoaren batera, xenofobiak gora egin zuen, eta arrazismo ekintza bortitzak gertatu ziren ijitoak bezalako gutxiengoen aurka. Itxura denez, ekintza horiek biztanleriaren parte handi baten babesa dute. 1998ko apirilean, Txekiar Errepublika NATOko kide bihurtu zen.

2004an Europako Batasunean sartu zen. Vaclav Klaus politikari kontserbadorea izan zen lehendakaria 2003 eta 2013 bitartean, eta nahiz ez zen Europako Batasunaren zalea, Txekiar Errepublikari egokitu zitzaion 2009ko lehenengo sei hilabeteetan Europako Batasunaren lehendakaritza. 2013ko martxotik Miloš Zeman da Txekiako presidentea.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txekiar Errepublikaren banaketa administratiboa»

2000tik, Txekiar Errepublika 13 eskualde (kraje, singularra kraj), gehi hiriburuaz (hlavní město), osaturik dago. Eskualde bakoitzak Eskualde Batzar bat du (krajské zastupitelstvo) eta hejtman edo lehendakari bat. Pragan, eskumen hauek udalbatzak eta alkateak dituzte. Lehengo banaketa administratiboa, 76 barrutikoa (okresy, sing. okres), 1999an aldatu zen.

CZ-cleneni.svg
(Matrikula) Eskualdea Hiriburua Biztanleria (2004) Biztanleria (2012)[2]
A Praga hiriburua (Hlavní město Praha) 1.170.571 1.241.664
S Erdialdeko Bohemia (Středočeský kraj) bulegoak Pragan kokatuak 1.144.071 1.279.345
C Hego Bohemia (Jihočeský kraj) České Budějovice 625.712 636.138
P Pilsen eskualdea (Plzeňský kraj) Pilsen 549.618 571.709
K Karlovy Vary eskualdea (Karlovarský kraj) Karlovy Vary 304.588 303.165
U Ústí nad Labem eskualdea (Ústecký kraj) Ústí nad Labem 822.133 828.026
L Liberec eskualdea (Liberecký kraj) Liberec 427.563 438.600
H Hradec Králové eskualdea (Královéhradecký kraj) Hradec Králové 547.296 553.856
E Pardubice eskualdea (Pardubický kraj) Pardubice 505.285 516.411
M Olomouc eskualdea (Olomoucký kraj) Olomouc 635.126 638.638
T Moravia-Silesia (Moravskoslezský kraj) Ostrava 1.257.554 1.230.613
B Hego Moravia (Jihomoravský kraj) Brno 1.123.201 1.166.313
Z Zlín eskualdea (Zlínský kraj) Zlín 590.706 589.030
J Vysocina (Kraj Vysočina) Jihlava 517.153 511.937

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pragako Finantza Gunea.

Txekia Europako herri industrializatuenetako bat izan da XIX. mendearen erdialdez geroztik. Bloke komunistaren baitan ere, Txekoslovakia COMECON (estatu sozialisten arteko ekonomia harremanak sendotzeko eta elkarren laguntza sustatzeko sortu zen erakundea, Europar Ekonomia Erkidegoaren parekoa) erakundeko potentzia industrial handienetakoa zen, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoarekin lehiatzen zen teknologia handiko produkzioetan. Komunismoa erori zenean, Txekiak merkatu kapitalistaren beharrizanetara egokitu behar izan zuen bere produkzio azpiegitura. Horrek sektore guztien birmoldaketa eta modernizazioa eragin zuen, eta aldaketa traumatikoa izan zen askotan. Hala ere, Txekiak Europa ekialdeko beste herrialdeek baino baldintza hobeagotan aurre egin zion prozesuari, bere teknika eta zientzia maila handiari esker.

Nekazaritzari dagokionez, Moraviako eta Bohemiako lur behereetan, laboreak eta azukre erremolatxa egiten dira batez ere, eta behi eta txerri hazkuntzak garrantzi handia du. Bohemiako ibarretan, berriz, zekalea eta patata egiten dira. Oloa pentsutarako erabiltzen da, eta garagarra garagardoa egiteko, batez ere. Izan ere, Txekia munduko garagardo ekoizle handienetakoa da. Laboreez gainera, azukre erremolatxa, patata, tabakoa, kalamua eta lihoa egiten dira, eta baita mahatsa eta fruta ere, baina lekurik beroenetan bakarrik. Abere hazkuntzak ere garrantzia handia du, lurraldeko larre eremu eta pentsu produkzio handiei esker. Basoek lurraldearen laurdena hartzen dute, eta paper eta altzari fabrikak hornitzen dituzte.

Ostravako siderurgia lantegiak.

Baina Txekiaren aberastasun handienetako bat bere mea baliabideak dira: harrikatza, lignitoa, grafitoa eta uranioa Bohemian, eta ikatza Moravian. Meatoki nagusiak Bohemiako iparraldean eta batez ere Ostravako ikatz arroan daude, Silesian. Gai horiez gainera, gas naturala, burdina, urrea, zilarra eta mea erradioaktiboak ustiatzen dira.

Industriak nazio errentaren % 60 sortzen du. Bi sektore nabarmentzen dira guztien gainetik: ehungintza, iparraldean, eta siderurgia, Silesian eta Bohemian. Eraikuntza mekanikoen sektorea ere oso aurreratua dago: zentral nuklearretako osagaiak egiten dira Pilsenen, motorrak Brnon, gerrarako makinak eta tresnak Vitkovicen. Industria kimikoa ere oso aurreratua dago, Ostravako eskualdean batez ere, eta garrantzi handikoa da, baita ere, nekazaritzako produktuen eraldatze industria, batez ere azukregintza eta garagardogintza (Praga eta Pilsenen batez ere). Azkenik, oinetako eta larruzko produktuen fabrikak eta Bohemiako beira industria ospetsua aipatu behar dira.

Turismoa herrialdearen diru iturri nagusietako bat bihurtu da. Europako ekialdeko beste herrialde batzuetan ez bezala, Errumanian edo Jugoslavian, esate baterako, Txekian bakean gauzatu dira erreforma demokratikoa eta herrialdearen zatiketa, eta horri esker turismoak ez du batere indarrik galdu, alderantziz baizik. Praga da, bertako kultura tradizioagatik eta hiriaren bikaintasunarengatik, turista gehien erakartzen duen lekua.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txekiarrak dira gizatalde nagusia, biztanleen %81. Moraviarrak %13 dira eta eslovakiarrak %3. Horiez gainera, poloniarrak, alemaniarrak, ijitoak, hungariarrak eta ukrainiarrak daude. XX. mendearen azkeneko bi hamarraldietan biztanle kopurua ez da handitu, alderantziz baizik. 1992an, 1.000 biztanleko 12 jaioberri zeuden. XX. mendearen bukaeran, bizi itxaropena 73 urtekoa zen. Txekiarren eta egun Txekiako Errepublikan bizi diren eslovakiarren arteko harremanak onak dira. Herritartasun eskubidea lortzeko bete beharreko baldintza gogorrak direla eta, belaunalditan herrialdean bizi izan diren errumaniar batzuek ezin izan dute eskubide hori edota lan baimenik lortu. Immigrazio ilegala eta iheslariak arazo handia dira Txekian, Sobietar Batasuna desegin zenetik. XX. mendearen azkeneko urteetan, urtero 25.000 errefuxiatu sartzen ziren Txekiara Europa Ekialdetik eta Balkanetatik. Biztanleriaren banaketa ez da berdina alde guztietan: Moraviako iparraldeko industria guneetan jende asko bizi da, eta beste leku batzuetan, berriz, Bohemiako hegoaldean, adibidez, oso jende gutxi. Biztanleen hiru laurdenak hirietan bizi dira.

Erlijioen banaketa hau da: ateoak % 39, katolikoak % 39, protestanteak % 5, ortodoxoak % 3, eta beste.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Praha
Praga
Brno
Brno
Ostrava
Ostrava

Hiria Eskualdea Biztanleria[3] Metropoli eremuko biztanleria

Plzeň
Plzeň
Liberec
Liberec
Olomouc
Olomouc

1. Praga Praga 1 246 780 2 300 000
2. Brno Hego Moravia 378 327 729 510
3. Ostrava Moravia-Silesia eskualdea 297 421 1 164 328
4. Plzeň Pilsen eskualdea 167 472 380 000
5. Liberec Liberec eskualdea 102 113 270 000
6. Olomouc Olomouc eskualdea 99 471 480 000
7. Ústí nad Labem Ústí nad Labem eskualdea 93 747 -
8. Hradec Králové Hradec Králové eskualdea 93 035 -
9. České Budějovice Hego Bohemia 93 883 190 000
10. Pardubice Pardubice eskualdea 89 467 -
11. Havířov Moravia-Silesia eskualdea 82 679 -
12. Zlín Zlín eskualdea 76 010 450 000
13. Kladno Erdialdeko Bohemia 70 178 -
14. Most Ústí nad Labem eskualdea 67 058 95 316
15. Karviná Moravia-Silesia eskualdea 59 627 -
16. Opava Moravia-Silesia eskualdea 58 643 -
17. Frýdek-Místek Moravia-Silesia eskualdea 58 193 -
18. Karlovy Vary Karlovy Vary eskualdea 53 737 -
19. Jihlava Vysočina eskualdea 50 760 -
20. Děčín Ústí nad Labem eskualdea 50 289 -

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txekierazko literatura»

Idazle txekiarren artean, azpimarragarriak dira Franz Kafka, alemanez lan egin zuena, eta Milan Kundera, txekieraz eta frantsesez idatzi zuena.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txekiako Orkestra Filarmonikoa munduko hoberenen artean ditugu. Bestela, Antonin Dvorak (1841-1904) musikagile klasikorik ezagunena da.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txekia Aldatu lotura Wikidatan