Alfontso XII.a Borboikoa (Espainia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula Alfontso XII.a Borboikoa (izen osoa gaztelaniaz: Alfonso Francisco Fernando Pío Juan de Maria de la Concepcion Gregorio Pelayo de Borbon y Borbon; Madrilgo Errege Jauregia, Madril, 1857ko azaroaren 28a - El Pardo, 1885eko azaroaren 25a), Baketzailea ezizenez, Espainiako errege izan zen 1875etik 1885era bitartean. Elisabet II.a Espainiakoaren eta honen senarra Frantzisko Asiskoa Borboikoaren semea zen. Borboien berrezarkuntzaren lehen erregea izan zen, 27 urterekin tuberkulosiak hil zuen arte. Haren hil ondoko seme Alfontso izan zen ondorengo erregea, adin txikikoa zen bitartean Alfontso XII.aren alarguna Maria Kristina erreginordea izan bazen ere.

Biografia

Lehen urteak

Elisabet erregina bere hiru alabekin

Alfontso Madrilgo Errege Jauregian jaio zen 1857ko azaroaren 28an. Gurasoak Elisabet II.a Borboikoa eta Frantzisko Asisko Borboikoa printzea izan zituen. Egia esateko, garaiko zurrumurruek Frantzisko homosexuala zela zioten eta benetako aita Enrique Puig i Moltó kapitaina edo Francisco Serrano jenerala izan zitekeela uste zen, biak erreginaren maitale ezagunak baitziren[1].

Jaio bezain pronto, Alfontsok Asturiasko printzea titulua jaso zuen. Lau arreba izan zituen:

  • Isabel infanta, Gingentiko kondesa (1851-1931)
  • Maria del Pilar infanta (1861-1879)
  • Maria de la Paz, Bavariako printzesa (1862-1946)
  • Maria Eulalia infanta, Gallierako dukesa (1864-1958).

José Isidro Osorio y Silva-Bazán eta Burgosko artzapezpikua izan zituen irakasle, azken hau, Pio IX.a aita santuaren aholkua jarraituz, erreginak berak aukeratua.

Deserrialdia

Alfontso XII.a, irakasle izan zuen Sesto dukearekin

1868an, artean haurra zelarik, haren ama La Gloriosa deitutako iraultzaren ondorioz destronatua izan zen eta, horrela, errege familia erbestera joan beharrean izan zen. Aspaldi bananduta zeuden zurrumurrua baieztatuz, errege-erreginak bakoitza bere aldetik bizitzen jarri ziren Parisen.

Europara irtetean, printze honek esperientzia berriak bizi izan zituen, hala frantsesa, austriarra edo ingelesa bezalako sistema politikoekin topo eginez. Gainera, Alfontso izan zen atzerriko ikastetxe eta akademia militarretan hezi zen lehenbiziko Asturiasko printzea. Aurreneko ikastetxea Parisko Stanislas eskola izan zen. 1869ko irailaren 29an, errege familia Genevara joan zen; bertan, banakako klaseak jaso zituen eta Akademia Publikora ere joan zen. Bere hezkuntzari jarraipena emanez, Vienako Errege Akademia Inperial Teresiarrera joan zen. Azkenik, Ingalaterrako Sandhursteko akademia militarrera ere joan zen. Herrialde honetan ezagutu zuen printzeak ingeles konstituzionalismoa. Alfontso eta Erreginaren arteko gutunen bidez jakin daiteke errege familia, garai hartan, jasaten ari zen egoera ekonomiko estuaren berri.

1870eko ekainaren 25ean, Parisen, Elisabet II.ak bere eskubide dinastikoei uko egin zien, Alfontsoren faboretan.

Bitartean, Borboi leinua kanporatuta, Espainian, Seiurteko demokratikoan, gobernu forma ezberdinak izan ziren:

Azken hau urtarrilean amaitu zen Pavía jeneralaren estatu kolpearen ondorioz eta, berriro ere, behin-behineko gobernuetako aroa hasi zen. Etapa historiko honetan zehar, Alfontsoren kausa Antonio Canovas del Castillok ordezkatu zuen gorteetan.

Espainiako errege

1874ko abenduaren 1ean, Alfontsok Sandhursteko manifestua kaleratu zuen, espainiar estatuko kideen aurrean bere burua printze katoliko, espainiar, konstituzionalista, liberal eta nazioari zerbitzatu nahia agertuz . Urte bereko abenduaren 29an, Arsenio Martínez-Campos segoviar jenerala altxatu zen Sagunton (Valentzia), Alfontso printzea tronuratzearen alde. Alfontso Ingalaterratik itzuli zen, eta 1875ean koroatu zuten Gorteen aurrean[2].

1869ko Konstituzioa indarrik gabe utzi eta 1876an berri bat aldarrikatu zuen, atzerakoiagoa hain zuzen ere. Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz aberastu eta indartu zen burgesiak eta haren alde agertu zen armadak lagundu eta bultzaturik, monarkia egonkortzen eta oreka instituzionala lortzen saiatu zen; hala, bakezale ezizena eman zioten. Bi zeregin politiko nagusiri ekin zion penintsula barrenean, Antonio Cánovas del Castillo politikari boteretsuaren laguntzaz:

  • Hirugarren Karlistaldian garaile izan zen, Erregimen Zaharraren moldeei loturiko aginpide ekonomiko eta politikoak zokoratu zituen eta, estatuaren batasuna bermatuz, zapalduriko nazioek zituzten eskubide apurrak ukatu (Euskal Herriko foruen erabateko abolizioa, 1876ko uztailaren 21ean), eta aurretik foru lurralde zena probintzia soil bihurtu zuen.
  • 1869ko Konstituzioa indar gabe utziz, bestalde, bidea itxi zien, zapalkuntzaren bitartez, mugimendu liberal aurrerazale, errepublikazale, sozialista eta anarkistei, kontserbadore eta liberal moderatuak nagusituko ziren sistema politikoa ezarriz.

Atzerrian, ordea, Espainiaren inperio handi haren azken lurraldeetan askapen gerra hasia zen eta Kubako lehen independentzia saioari eutsi bazioten ere (Zanjóngo Bakea), espainiarrek, Alfontso XII.a buru eta Martínez Campos jenerala beso, ezin iraungiarazi zuten han pizturiko sua.

1883an, Alfontso XII.ak bisita ofizial bat egin zuen Belgika, Austria, Alemania eta Frantziara. Alemanian, Alsaziako erregimenaren ohorezko koronelaren titulua onartu zuen; lurralde hau alemanek konkistatua zen eta Frantziak erreklamatzen zuen. Ekintza honen ondorioz, Frantziara bisitan joan zenean, paristarren aldetik ongietorri hotza jaso zuen.

Alemania espainiarren esku zeuden Karolina uharteak okupatzen saiatu zen, bi herrialdeen arteko gatazka sortuz. Liskarra diplomaziaren bidez sahiestu zen, Leon XIII.a aita santuaren bitartekotzari esker, hain zuzen ere[2]. Azkenik, 1885ean espainiar-alemaniar akordioa sinatu zen.

Urte hartan bertan, Valentzian kolera epidemia zabaldu zen, ondoren herrialdearen barnealdera hedatuz joan zena. Gaixotasuna Aranjuezera heldu zen eta, Alfontsok kaltetuak bisitatzeko nahia erakutsi arren, Canovas del Castilloren gobernuak, arriskutsua zela eta, ez zion utzi. Erregeak, orduan, aurrez abisatu gabe, Aranjuezera joan eta bertako Errege Jauregia irekitzeko agindua eman zuen, tropak bertan sartzeko. Behin han zegoela, gaixoak bisitatu eta laguntza eskaini zuen. Gobernuak honen berri izatean, Grazia eta Justizia Ministroa, Kapitain jenerala eta Gobernadore Zibila bidali zituen hara, erregea Madrilera bueltan eraman zezaten. Iristean, herriak ongietorri egin zion erregeari[3].

Handik denbora gutxira, azaroaren 25ean, tuberkulosiak hil zuen Alfontso XII.a El Pardo jauregian (Madril). Alfontsoren emazte Maria Kristina Espainiako erreginorde izan zen Alfontso XIII.a semeak 16 urte bete zituen arte (1902).

Ezkontzak eta seme-alabak

Maria de las Mercedes Orleansekoa
Alfontso XII.a Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoarekin

Alfontso XII.a bi aldiz ezkondu zen:

Seme-alaba legitimoez gain, Alfontso XII.ak gutxienez bi seme sasiko ere izan zituen, Elena Sanz kontraltoarekin[6]. Bi haur hauek ez zuten tronurako inolako eskubiderik:

  • Alfontso (1880-1970).
  • Fernando (1881-1922).

Alfontso XII.a fikzioan

  • ¿Dónde vas, Alfonso XII? (filma). Erregea Vicente Parra aktoreak interpretatzen du.
  • ¿Dónde vas, triste de ti? (filma). Erregea Vicente Parra aktoreak interpretatzen du.

Iruditegia

Ikus, gainera

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfontso XII.a Borboikoa (Espainia) Aldatu lotura Wikidatan