Antso I.a Gartzez
- Artikulu hau Iruñeko erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Antso I.a (argipena).
| Antso I.a Gartzez | |
|
|
|
|---|---|
| 905 – 925 | |
| Aurrekoa | Fortun Gartzia |
| Ondorengoa | Gartzia Antso |
|
|
|
| Jaiotza | 865 Rocaforte |
| Heriotza | 925eko abenduaren 10a Resa |
| Ezkontidea | Nafarroako Toda |
| Senideak | Gartzia Ximenez |
| Erlijioa | Kristaua |
Antso I.a Gartzez[1] (Rocaforte, 865- Resa, 925eko abenduaren 10a) Iruñeko lehen erregea (905-925) izan zen.
Biografia [aldatu]
Semeno leinuarena, Gartzia Ximenez eta Dadildis Pallarskoa zituen gurasoak[2]. Gartzia Eneko 882an hil zenean, Valdonsella jauna zen eta laster hasi zen inguruko lurraldeetan eskuak sartzen.
Fortun Gartzia erregea zela, tronua usurpatu zuen, Alfontso III.a Asturiaskoa eta Ribagortzako kondearen laguntzari esker. Erregeen semeen eskubideak kendu eta bere emaztea eta Fortunen iloba zen Todari esker bere buruarentzat aldarrikatu zuen boterea.
Galindo II.a Aznarez Aragoiko kondea hil zenean honen lurraldeak okupatu zituen. Huescako walia zen al-Tawilek ondoretza eskubideak zituen lurraldean bere emaztea antzinako kondearen arreba zen Antsa zelako. Baina kondearen alaba zen Andregoto Galindezek eta Gartzia Antso bere semeak ezkon-hitza eman ondoren arazoa konpondu zuten.
Iruñeko Erresuma Errioxa aldera (Naiara) eta hegoaldera (Ega harana eta Calahorra aldera) zabaldu zuen. Naiaran ezarri zuen bere Gortea. Honela aukera ekonomiko berriak sortu ziren erreinuan lur berriengatik eta sozialki mozarabiarrak eta Naiara eta Calahorrako hiritar kultura barneratu zen. Bere erreinaldian txanponak egiteari ekin zioten, hori egiteko lehendabiziko kristau erregea izanik. Gainera feudalismo babestu zuen bere lurraldeetan.
917an Ordoño II.a Leongoa aliatu eta kordobar armada menderatu zuen San Esteban de Gormazen. Kordobako Abderraman III.ak, 924an "Iruñeko kanpaina" egin zuen Antso zigortzeko baina honek gudarostea mendi aldera eraman zuen lautadan gudu zabal bat ekiditeko eta Iruñea eta beste herriak emirraren esku utzi zituen honek sakea zitzan. Hala ere, ez zuen bere lurren boterea galdu, kanpaina bukatzean egoera lehengora itzuli baitzen[3].
Hurrengo urteko abenduaren 10ean hil zen Resan, Ebrotik gertu. Deioko gazteluan lurperatu zuten. Bere semeak ordezkatu zuen, baina gazteegia zelako Ximeno Gartzia bere anaia aritu zen erregeorde.
Orduko leondar Chronicon Albeldensek honela deskribatu zuen:
| « | In era DCCCCXLIIII surrexit in Panpilona rex nomine Sancio Garseanis. Fidei Xpi inseparabiliterque uenerantissimus fuit, pius in omnibus fidefibus misericorsque oppressis catholicis. Quid multa? In omnibus operibus obtimus perstitit. Belligerator aduersus gentes Ysmaelitarum multipficiter strages gessit super Sarrazenos. Idem cepit per Cantabriam a Nagerense urbe usque ad Tutelam omnia castra. Terram quidem Degensem cum opidis cunctam possideuit. Arbam namque Panpilonensem suo iuri subdidit, necnon cum castris omne territorium Aragonense capit. Dehinc expulsis omnibus biotenatis XX' regni sue anno migrauit a seculo. Sepultus sancti Stefani portico regnat cum Xpo in polo (Obiit Sancio Garseanis era DCCCCLXIIII (A marg.))[4]
|
» |
Seme-alabak [aldatu]
Antso I.ak Toda Aznar ezkondu zuen eta, Rodako kodexaren arabera, zazpi seme-alabak izan zituen[5]:
- Urraka, Leongo Ramiro II.a ezkonduko zuena.
- Oneka, Leongo Alfonso IV. aren emaztea. Leongo erregina 926 eta 931 artean. 931an hila.
- Antsa, lehendabizikoz Ordoño II.a Leongoa, bigarrenez Arabako kondea Alvaro Herrameliz eta hirugarrenez Fernan Gonzalez, Gaztelako kondea ezkondu zuena.
- Gartzia Antso, Iruñeko erregea, Andregoto Galindez eta Leongo Teresa ezkondu zuena.
- Belaskita Antso, lehendabizikoz Arabako Munio Belaz kondea, bigarrenez Ribagorzako Galindo eta hirugarrenez Fortun Galindez ezkondu zuena.
- Munia Antso.
- Orbita Antso, ziur asko al-Tawil, Huescako gobernadorea ezkondu zuena.
Alaba ez legitimoa ere bazuen, Lupa izenekoa, Raimundo I.aren ama, Bigorreko kondea izango zena.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Lakarra, José María (1972-1973), Historia política del Reino de Navarra, desde sus origenes hasta su incorporación a Castilla, I-III, Iruñea
- ↑ Altamira, Rafael (1999), Il califfato occidentale, Storia del mondo medievale, II, 477-515. orr.
- ↑ Crónica Albeldense (CSIC)
- ↑ García Villada, Zacarías (1928), «El códice de Roda recuperado», Revista de Filología Española (15): 113-3
|
||||||||||||||||