Bildoze-Onizepea
|
Bildoze-Onizepea |
|
|---|---|
| Izen ofiziala | Viodos-Abense-de-Bas |
| Estatua Eskualdea Departamendua Barrutia Kantonamendua |
Frantzia Akitania Pirinio Atlantikoak (64) Oloroe-Donamaria Maule Lextarre |
| Alkatea | Pierre Sueskun (2008-2014) |
| Herritarra | bildoztar, oniztar[1] |
| Koordenatuak | 43°14′30″N 0°52′48″W / 43.24167°N 0.88°WKoordenatuak: 43°14′30″N 0°52′48″W / 43.24167°N 0.88°W |
| Eremua | 12,71 km2 |
| Garaiera | 110 - 420 m |
| Distantzia | 2,5 km Maule-Lextarrera |
| Posta kodea | 64130 |
| INSEE kodea | 64559 |
| Biztanleria | 740 bizt. |
| Dentsitatea | 58,22 bizt./km² |
| Sorrera | 1842 |
Bildoze-Onizepea[2] Zuberoako iparraldean dagoen udalerria da, Pettarra eskualdekoa.
Zuberoako udalerri jendetsuenetatik laugarrena da; izan ere, 743 biztanle zituen 1999an. Maulerekiko hurbiltasunak esker, ez du Zuberoako herri gehienek bezainbesteko biztanle galerarik izan.
Eduki-taula |
Etimologia [aldatu]
Frantsesezko bere izena Viodos-Abense-de-Bas da.
Bildozerentzat Jean-Baptiste Orpustanek[3] euskarazko jatorrizko formaren etimologia topatzeko zokoratzen ditu Dauzat eta Rostaingen teoria (bildots hitza oinarritzat) zein Lemoinerena (latinezko Vinatius); -oz amaiera duten gehienetan bezala oinarri antroponimikoa duela uste du. Egun frantsesez erabiltzen den Viodos toponimoa agertu baino lehen[4] honako itxurak izan ditu: Biudos (1337), Biodos (1496, Ohixen kontratuak[5]), Viudos (1690).
Onizerena azaltzeko, Orpustanek Onizmendi muino eta etxe noblearen presentzia aipatzen du. Abense-de-Bas toponimoa azaltzeko,[4] berriz, Abenssa dejus Mauleon eta Avensa (1460an eta 1496an hurrenez hurren, Ohixen kontratuak[5]) eta Beata Maria d'Abence Inferioris (1658, Oloroeko elizbarrutiaren paperak[6]).
Okzitanieraz Biudòs-Avensa de Baish deritzo. Zuberoan herri askoren izenekin gertatu bezala, euskarazko jatorrizko izenetik gaskoi aldaera bat sortu zen, eta gaskoi forma horretan oinarritu zen frantsesez arautu eta ofizial bihurtu dena. Okzitanian bada herri homonimo bat, Landetako Biudòs (frantsesez Biaudos), Baionarekin harreman handia duen Senhans (Seignanx) eskualdean.
Geografia [aldatu]
Biztanle-entitateak [aldatu]
Egungo udalerriak batu ziren biren batuketa da; bakoitzak zenbait auzo ditu.
- Bildoze (oraingo udalburua): biztanle gehienak herri barnean eta bere iparraldean zabaltzen den Eki Begia auzoan biltzen dira. Auzo txiki sakabanatuen artean mendebalderantz dagoen Bizkaiburu edo Uhaitzandi ondoko Uhartia.
- Onizepea: kaskoaz gain hegoaldean Bildozerekiko mugan dagoen Haitz Bidea nabarmentzen da; txikiagoak: Onizmendi (gaztelua barne) eta mendebalderantz dauden Agerreberria, Aizagerria eta beste. Azkenik udalerriak Uhaitzandiren ekialdean duen lur zati bakarrean Urdagieta auzo zaharra dago.
Ingurune naturala [aldatu]
Uhaitzandi ibaiak udalerriaren ekialdeko muga markatzen du, aipatu Urdagietaren salbuespena izan ezik; beste aldean Sohüta, Berrogaine-Larüntze eta Larrabile daude. Ibaiaren ertzean daude punturik baxuenak (120 bat m). Akharrabia[7] errekak mendebalde-ekialde norabidean antzinako bi udalerrien banaketa egiten du.
Punturik altuenak mendebaldean daude: Lapitzaga (406 m) Ainharbetik oso hurbil eta beste muino bat (400 m) azken herri honetako, Bildozeko eta Lextarreko lurrek bat egiten duten lekutik hurbil. Urdagietan, Bildoze-Onizepea, Berrogaine-Larüntze, Ürrüstoi-Larrabile eta Mitikile-Larrori-Mendibilek bat egiten duten puntuan muino bat dago, Larleta (292 m); aztarnategi protohistorikoa dago.
Udalerri mugakideak [aldatu]
- Ezpeize-Ündüreine eta Ürrüstoi-Larrabile iparraldean
- Ainharbe mendebaldean
- Maule-Lextarre hegoaldean
- Sohüta eta Berrogaine-Larüntze ekialdean
Historia [aldatu]
Jakes Bela, XVII. mendeko euskal idazleak Bildozen foruak zeudela azaldu zuen, ondo gordeta zeudenak ere[8].
Bildoze eta Onizepea herriak, lehenago udalerri bana zutenak, 1842an batu ziren udalerri bakarra osatzeko.
Ekonomia [aldatu]
Udalerriko ekonomia tradizionala laborantzan dago oinarritua (abelazkuntza, belardiak). Hala ere, Maulerekiko hurbiltasunak[9] sektore industrialaren garapena ere ekarri du, batez ere tailer eta lantegi txikiak[10].
Demografia [aldatu]
|
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Politika [aldatu]
Alkateak [aldatu]
| Alkatea | Agintaldia |
|---|---|
| Jean-Charles Barkoïsbide | 1995-2001 |
| Pierre Sueskun | 2001-2008 |
| Pierre Sueskun | 2008-2014 |
Kultura [aldatu]
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Abuztuko lehen asteburuan ospatzen dira udalerriko zaindariaren jaiak.
Ikastetxeak [aldatu]
Bildozen eta Onizepean Lehen Hezkuntzako eskola publiko bana dago[11].
Ondasun nabarmenak [aldatu]
- Onizepeko Jasokundearen eliza. XVII-XVIII mendeetako erretaula dago bertan.
- Bildozeko elizak XVII-XVIII mendeetako erretaula du. Eliza XVIII. mendekoa da.
- Onizepeko Onizmendi jauregia, herriaren izena daramana.
Bildoztar-oniztar ospetsuak [aldatu]
- Pete Agerreberri (1874-1945), aitzindaria urre meategien aurkikuntzan Ameriketako Estatu Batuetako Heriotzaren Ibarrean.
- Argitxu Camus (1980 -), historialaria.
Kartografia [aldatu]
- IGN frantseseko 1445 E (Mauléon-Licharre, lur gehienak hartzen dituena) eta 1445 O (Saint-Palais, mendebaldeko bazterrak) mapak, 1:25.000 eskalakoak.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindia: [http://euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0099.pdf 99. araua: Zuberoako herri eta herritarren izenak.
- ↑ Euskaltzaindia: [http://euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0092.pdf 92. araua: Zuberoako herri izendegia.
- ↑ Jean-Baptiste Orpustan: Toponymie basque, Presses Universitaires de Bordeaux, Bordele, 1991.
- ↑ a b Paul Raymond: "Dictionnaire topographique Béarn-Pays Basque"
- ↑ a b XV. mendeko Zuberoako notarioa zen Ohixen kontratuak - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ XVII. mendea - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ Accarabie Cassiniren mapan eta Recalt (Errekalte, Errekarte) Paul Raymonden Dictionnaire topographique du département des Basses-Pyrénées, 1863.
- ↑ Philippe Veyrin, "Les Basques", 156. orr. Arthaud, 1975, ISBN 2-7003-0038-6 . Jatorrizko testuak honela zioen: "c'est au village de Viodos que de tout jamais en ça les habitants de Soule ont mis et tiennent les escrits de leurs privilèges, qui y sont serrés en l'église, dans un endroit de la muraille à ce destiné et qui se ferme à sept clefs, qui sont gardées par les sept dégans du païs, chascun en ayant une"
- ↑ Maule-Lextarre eta Sohütarekin "konurbazio" txiki bat osatzen duela esan daiteke.
- ↑ Etrxegintzarekin zerikusia duten enpresa batzuk adibide gisa.
- ↑ Eskola zerrenda Zuberoako Herri Elkargoaren webgunean.
|
|||||||
