Irakeko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Irakeko historia Mesopotamian hasten da. Gaur egungo Irak Mesopotamia deitua izan da anitzinatetik, eta han, Tigris eta Eufrates ibaietako haran emankorretan, sortu ziren munduko lehen zibilizioak. Herri askok nahi izan dute Mesopotamiako lurra bizilekutzat hartu eta gudu asko izan dira han historian zehar.

K.A. 3.500 - III. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 3500. urte inguruan sumeriarrak heldu ziren lurralde hartara, idazkera kuneiformea landu zuten eta Ur, Uruk, Lagash eta Kish hiriak sortu zituzten. K.a. 2350. urte inguruan Sargon akkadiar buruzagiaren mende geratu ziren hiri horiek, eta akkadiarren nagusitasuna galdu ahala beste bi inperio ahaltsu sortu ziren: babiloniarrena eta asiriarrena.

Babiloniarrek Hammurabi izan zuten errege; haren erreinualdian egin zen ezagutzen den lehen lege bilduma. Asiriarrek, K.a. 609. urtea arte, antzinako Sortalde Hurbila osorik hartzen zuen inperio erraldoia izan zuten mendean. Babiloniar inperioak bigarren aldi bat ere izan zuen, harik eta K.a. 538an Persiako Zirio II.ak Mesopotamia osoa hartu zuen arte.

Alexandro Handiak K.a. 331ean menderatu zituen persiarrak, eta Irango ekialdean bizi izan ziren partoak K.a. 141-129 bitarteko urteetan Mesopotamiaraino heldu eta inperio ahaltsu bat sortu zuten. Erromatarrek huts egin zuten Mesopotamia beretzeko lehen ahaleginean (K.a. 53-54), baina Trajano enperadorek Erromako probintzia bihurtu zuen lurraldea K.o. 114-177 urteetan.

III. mendea - Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III. eta VII. bitarteko mendeeetan partoen eta erromatarren, eta petsiar sasaniden eta bizantziarren arteko lehiak izan ziren. 641. urtean arabiarrek persiar sasanidarrak garaitu eta Mesopotamia hartu zuten. Islama zabaldu zuten, eta ondoko mendeetan islamiar kulturaren gune nagusiak izan ziren Irakeko hiriak. Lurraldea arabiarren, irandarren eta turkiarren arteko gudaleku bihurtu zen.

Abasi kalifen dinastiaren ondoren, hiriburutzat Bagdad hautatu zutenak, Iraneko buyidar dinastiak (945-1058) eta turkiar selyukidarrak (1058-1258) izan ziren nagusi. Irakeko kultura oparotasunak gainbehera egin zuen mongolen mendeko aldian. 1534. urtean Suleiman sultan otomanoak hartu zuen hiriburua. 1638tik Lehen Mundu Gerra bitartean turkiar otomanoen inperioaren mende egon zen Irakeko lurraldea.

Lehen Mundu Gerra - Iraken independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiak Lehen Mundu Gerran parte hartu zuenean britainiarrak Shat al Arab inguruetara joan ziren beren petrolio ondasunak zaintzera eta Basorako egoera kontrolatzera. 1917an Bagdad hartu zuten eta Mosul 1918an. Hala, Britainia Handiaren mende geratu zen Irak. 1920an Nazio Batuek lurraldea gobernatzeko eta babesteko baimena eman zieten britainiarrei. Erabaki horren kariaz herria matxinatu zen eta lurraldeari nolabaiteko autonomia ematera eta Faysal I.a emirrari Irakeko koroa ematera beharu zituen britainiarrak (1921). Irakek 1932an lortu zuen independentzia.

1932 - 1968[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faysal I.a erregearen ondoren Gazi I.a haren semeak gobernatu zuen. Gazi I.a erregearen erreinaldian (1933-39) Irakeko politika egoera nahasia zen oso; bien bitartean, militarrek gero eta indar handiagoa eskuratu zuten. Gazi hil zenean Faysal II.ari egokitu zitzaion erregetza.

1941ean Rashid Ali al Gaylanik lortu zuen aginpidea estatu kolpe baten bidez; Alemaniaren aldekoa zen, eta horren kariaz britainiar gudarosteek Irak hartu zuten, berriz ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu bitartean (1945), eta Faysal II.a ezarri zuten berriro aginpidean.

Militarrek, ordea, Abdul Karim Kasem politikariaren gidaritzapean, beste kolpe bat jo zuten eta errepublika ezarri zuten Iraken. 1961ean kurduak matxinatu ziren eta bederatzi urteko gerra baten ondoren nolabaiteko autonomia eman zitzaien. 1963an Abd al Salam Aref koronelak kolpe militarra jo zuen eta erregimen sozialista ezarri zuen.

1968 - 2002[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste kolpe bat izan zen 1968an, Baath alderdi nazionalistako eskuindarrei aginpidea eman ziena. 1971ean Baath alderdiaren buruak, Sadam Husseinek, Salek Mahdi Amas jeneralari lehendakariordearen kargua kendu zion, eta Baath alderdiaren eta komunisten arteko harremanak hobera egin zuten.

1972an Irakeko Petrolio Konpainiaz jabetu zen estatua, eta adiskidetasun hitzarmen bat izenpetu zuen Sobiet Batasunarekin. 1978an hautsi ziren komunistekiko harremanak, traizioz akusatutako buruzagi komunista batzuk heriotzara zigortu eta hil zituztenean. 1979an Sadam Hussein jeneralak hartu zuen lehendakariaren kargua. 1980an Iranen eta Iraken arteko gerra hasi zen, Iranen esku zegoen Shat al Arab estuarioa arabiarrentzat behar zuela izan eta Irak hura eskuratzen ahalegindu zenean. Gerrak 1988 arte iraun zuen eta oso ondorio kaltegarriak izan zituen herriarentzat, eta bereziki kurduentzat (200.000 kurdu inguru Turkiara eta Iranera joan zen ihes).

Gerra haren ondorioz ekonomiak hondoa jo zuen eta Persiako golkoko herriekiko zor ugari ekarri zizkion Iraki. Hala, herri horiekiko harremanak gaiztotu egin ziren eta 1990eko abuztuan Irakek Kuwait hartu zuen (Persiako golkoko gerra). Irakeko gudarostea 1991eko martxoan atera zen Kuwaitik, nazioarteko indar militarren eraso gogorrari ezin aurre eginik.

Gerra ostean Irakeko erregimenak hegoaldeko xiien eta iparraldeko kurduen matxinadei aurre egin eta gogor eraso zien. Kurduek ez zuten inolako laguntzarik jaso eta Turkiara eta Iranera ihes egin behar izan zuten; azkenik, 1991eko apirilean, Europako Elkarteak eta Estatu Batuek gudaroste bat bidali zuten Irakeko iparraldera kurduei laguntza eman ahal izateko.

Aldi berean Estatu Batuek hegoaldeko xiitak eta iparraldeko kurduak Sadam Husseinen kontra altxatzera adoretu zituen. Hala ere, haien arteko politika gorabeherak zirela eta, ez ziren ados jarri, eta Estatu Batuek ez zuten ezer egin Irakeko gudarosteak matxinatuak zanpatzea eragozteko.

Milioi bat kurdu baino gehiago joan zen Iranera eta Turkiara babes bila, eta milaka hil ziren, gosez edo hotzez, negua iritsi zenean. Gerran 200.000 pertsona inguru hil ziren, zibilak gehienak. Blokeoaren eraginez, 70 mila pertsona hil ziren, horietatik 20 mila haurrak.

Bien bitartean, bai turkiarrek bai irakiarrek mugaldeko kurduak zapaltzen jarraiatu zuten. Gerraren ondoren hartutako dokumentuen arabera, Irakek arma kimikoak erabili zituen Kurdistango biztanleak deuseztatzeko saio batean 1988an. Halabja herriaren kontrako erasoan, adibidez, 1988ko martxoan, bost mila kurdu zibil hil zituzten.

Blokeoa altxatzeko baldintzak oso gogorrak ziren, Hussein agintetik eraisteko asmoz. 1991. urtearen bukaeran gobernuak baimena eman zion Nazio Batuen Erakundeari Irakeko militar guneak ikuskatzeko. NBEko ekipoek gas hilgarriz betetako 460 kohete suntsitu zituzten, arma kimikoak fabrikatzeko lantegi batez eta beste instalazio susmagarri batzuez gainera.

1994an zehar Iraki gogor egiten jarraitu zuten, Kuwaiteko muga berria onar zezan. Urte hartan bertan igarobide bat zabaldu zen Turkiako mugan janariak eta sendagaiak sartzeko NBEren baimenaz, eta merkataritza bahikuntzaren salbuespen bakar gisa. Hala ere, hilabete gutxi batzuk geroago, 1995eko martxoan, Turkiako gudarosteak Irak aldeko Kurdistanen –indar “aliatuek” zainduta– sartu ziren, Langile Kurduen Alderdiko kideen aurka jotzeko, horiek Turkia aldeko Kurdistanen zeuden gudaroste turkiarrei eraso egiten zietelako. 1966an, Jordaniak Kuwaitekin eta Saudi Arabiarekin harremanak hobetu baitzituen eta Husseinen gobernutik aldendu, Bagdad are bakartuago geratu zen. Azkeneko bi herrialde horiek kontra bazeuden ere, NBEk petrolioa saltzen utzi zion Iraki, janariak eta sendagaiak eros ahal zitzan.

NBEren 1997ko txosten batean jakinarazi zenez, milioi bat pertsona baino gehiago (horietatik 570.000 haur) hil ziren Iraken bahikuntzaren ondorioz, janari eta sendagai faltagatik. Urrian egoerak okerrera egin zuen ostera, Iraken arma kimikoak eta biologikoak egiten ziren egiaztatu behar zuten ikuskatzaileei Husseinen gobernuak sartzen utzi ez zielako. NBEko Segurtasun Kontseiluak zigor gehiago ezarriko zizkion mehatxu egin zion Iraki. Kongresuan bere kontrako epaiketa bideratuko zuen eztabaida hasi zenarekin batera, Estatu Batuetako lehendakari Bill Clintonek, Britainia Handiko Lehen Ministro Tony Blairren onespenaz, Irakeko hiri batzuei misilez erasotzeko baimena eman zuen. “Basamortuko azeria” izeneko operazio horretan ehunka irakiar hil ziren, zibilak zein militarrak.

Dorre Bikien aurkako erasoen ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002. urteaz geroztik, eta World Trade Centerreko atentatuaren ondoren bereziki, Estatu Batuetako gobernuak Al Kaida sarearekin harremanak zituela eta suntsipen masiboko armak zeuzkala egotzi zion Irakeko gobernuari; salaketa horiek inoiz frogatu ez baziren ere, 2003an, Estatu Batuak gidari zituen koalizio batek Irak inbaditu zuen, Sadam Hussein harrapatu eta hil zuten, eta estatubatuarren mendeko administrazio bat ezarri zuten.

Aurreko administrazioko zerbizu guztiak —armada, polizia, ur eta elektrizitate sarea…— desegin izanak sekulako kaosa eragin zuen. Bestalde, estatubatuar armadaren okupazioak eta errepresio gogorrak, batetik —horren lekuko dira Abu Ghraib espetxean estatubatuar soldaduek ateratako tortura argazki lazgarriak—, eta beste herrialdetako islamiar erradikalek inbaditzaileen aurka borrokatzera Irakera joan izanak sekulako sarraskia eragin du: zibil pila hil dira ia egunero atentatu suizidetan eta estatubatuar soldaduen eta insurgentziaren arteko borroketan.

Egoera horrek hondamen ekonomiko handia eragin du, gainera, eta izugarri zaildu du herritarren bizimodua. Hainbat hauteskunde ere izan dira, bai gobernu irakiarra eta bai legebiltzarra eratzeko, eta polizia eta administrazio irakiarra berrantolatzen ari dira pixkanaka agintariak, estabatuaren gidaritzapean. 2009ko hasiera arte Estatu Batuetako lehendakari izandako Bushek Iraken bideratu zuen politika gogorra aldatzeko promesa egin du Obama lehendakari berriak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]