Austria-Hungariako Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Austriar-Hungariar Inperioa» orritik birbideratua)
Austria-Hungariako Inperioa
Österreichisch-Ungarische Monarchie
Osztrák–Magyar Monarchia
1867 – 1918
Monarkia duala
bandera

armarria


Ereserkia
Gott erhalte Franz den Kaiser

1913ko Austria-Hungariako mapa
Geografia
HiriburuaViena eta Budapest
Ekonomia
DiruaKoroa
Kultura
Hizkuntza(k)Alemana, hungariera, txekiera, poloniera, ukrainera, errumaniera, kroaziera, eslovakiera, serbiera, esloveniera, italiera
Historia
Konpromisoa1867ko maiatzaren 29a
Txekoslovakiaren zatiketa1918ko urriaren 28a
Desagerpena1918ko urriaren 31
Aurrekoa
Austriar Inperioa
Ondorengoak
Austriar Alemania
Hungaria
Txekoslovakia
Polonia
Ukraina
Mendebaldeko Ukraina
Esloveniarren, Kroaziarren eta Serbiarren Estatua
Italia
Errumania

Austria-Hungariako Inperioa[1] (alemanez Österreichisch-Ungarische Monarchie, hungarieraz Osztrák–Magyar Monarchia) 1867an sortutako estatu europarra izan zen, Austriako inperioak bere baitan Hungariako Erresumaren autonomia onartu zuenean. Une horretatik aurrera, enperadoreak bi erreinuetako koroa izan zuen, baina bakoitzak autonomia maila esanguratsua izan zuen eguneroko jardueretan. Modu horretan, monarkia duala sortu zen 51 urtez, alde batean erresuma eta bestean inperioa zena, Kaiserlich und königlich (Inperiala eta erreala) kontzeptuaz.

Europa erdialdeko lurralde zabalak menperatu zituen. 1914an, Lehenengo Mundu Gerra hastean, 676.615 km² eta 52.799.000 biztanle zituen. Gerra hori inperioaren amaiera izan zen: Austria eta Hungaria banatu egin ziren eta beraien menpe egondako herrialde askok independentzia lortu zuten.

Gaur egungo estatuen banaketa aintzat hartuz, Austria, Hungaria, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinako lurraldeak izan ziren inperioko zati, baita Serbia, Montenegro, Italia, Errumania, Polonia eta Ukrainako zenbait eskualde ere.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austria-Hungariako Inperioak hartzen zituen lur zabaletan hainbat hizkuntza hitz egiten ziren. Euren herritarrek izen hauek ematen zizkioten inperioari:

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1867ko Austria-Hungariako Konpromisoarekin batera sortu zen Austriar Inperioaren ondoko egitura bikun berria, ordu arteko egitura unitarioaren ordez. Austria garai horretan boterea eta indarra galtzen ari zen: alde batetik, Italiar penintsulan galerak izan zituen Italiako Bigarren Independetzia gerraren ondorioz, 1859an; bestetik, Alemaniar Konfederazioan, Prusia zen indar nagusi berria, Austriar-prusiar gerraren ondotik, 1866an.

Gainera, hungariarrak ez zeuden pozik Vienatik zetorren boterearekin eta Austriar Inperioaren barruan herri-nortasun gero eta handiagoak nabari ziren. Hungarian 1848-1849an iraultza liberala gertatu zen eta Austriako Inperioa, Errusiako Inperioaren laguntzaz, hori bukatzen ahalegindu zen. Hala ere, egoera horrek soilik ez zizkion Austriari arazoak sortu.

1850ko hamarkadaren bukaera aldera, haatik, iraultza babestu zuten hungariar asko Habsburgotarren monarkia onartzeko prest ziren. Euren iritziz, Hungariak independentzia osorako eskubidea bazuen ere, 1713ko Santzio Pragmatikoaren ondotik, bai Austriak bai Hungariak defentsa eta kanpo aferak bateratuak zituzten.

Austriak Königgrätzen jasandako galeraren ostean, Hungariarekiko harremanak sendotzea garrantzitsua zen, botere handiko estatusa zutela erakusteko. Friedrich Ferdinand von Beust atzerri ministro berriak gogo handia zuen Hungariarekin negoziazioak amaitu eta sinatzeko. Monarkiaren aldeko indarrak biltze aldera, Frantzisko Josef I.a Austriakoak negoziazioak hasi zituen, hungariar nobleziaren laguntza izateko: elite horrek nahi zuen enperadorea Hungariako Errege izendatzea eta, aldi berean, Budapesten beste parlamentu bat sortzea, Hungariako lurraldeen barruan erregearen legeak garatu ahal izateko.

1867tik aurrera, Austria-Hungariako instituzioetako buruaren laburdurak argi utzi zuen ardura berri hori: K. u. k. ("Kaiserlich und königlich", inperial eta erreal). Horrela, armadak K.u.k. Armee izena zuen eta hiru ministeritzok ere K.u.k. laburdura erabili zuten:

  • Kanpo Harremanetarko eta Etxe Inperialaren Ministro Inperial eta Erreala
  • Gerrarako Ministro Inperial eta Erreala
  • Finantzen Ministro Inperial eta Erreala

Azken horren ardura aurreko biek kudeatzen zituzten eremuen finantzak kontrolatzea zen, beste guztirako bi estatu bereizi gisa funtzionatzen baitzuten, baita finantza arloan ere.

1867tik aurrera, diru-irteerak horrela banatu ziren: % 70 Austrian eta % 30, Hungarian. Tarte hori hamar urtetik behin negoziatu behar zen berriro, eta 1907rako Hungariaren zatia % 36,4ra igo zen. 1917an egindako negoziazioek Monarkia Dualaren bukaera izan ziren.

Politika eta gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austria-Hungariako Inperioan hiru aginte zeuden:

  • monarkia bateratuaren pean zeuden kanpo harreman, jarduera militar eta lan finantzieroa,
  • Austriako edo Cisleithaniako gobernua, eta
  • Hungariako gobernua

Hungariak eta Austriak parlamentu bana zuten, bakoitzak lehen ministro bat zuela. Bien arteko koordinazioa eta ekintza batasuna monarkaren esku zegoen: horrek teorian botere absolutua zuen, baina praktikan, mugatua. Monarkia duala arduratzen zen armadaz, itsas armadaz, kanpo-harremanez eta batasunaren aduanak kudeatzeaz.

Bien artean osatutako Ministro Kontseiluak gobernu komuna kudeatzen zuen: hiru ministro zituen elkarrekin egiten ziren arduretarako, bi lehen ministro, artxiduke batzuk eta monarka bera. Bi ordezkarien delegazioek, bakoitzak 60 kiderekin, beren kabuz biltzen ziren eta Ministerio Bateratuen Kontseiluak eginiko gastuak onartzen zituzten. Horrela, bi gobernuek zuten ardura bera kudeaketa bateratu horretan. Hala ere, ministroek bakarrik monarkaren aurrean erantzun behar zuten, eta horrek zituen kanpo harreman zein gai militarren inguruan azken erabakia hartzeko eskumena.

Ministerio komunek eta alde bakoitzak zituen ministroen arteko konpetentzia talkek hainbat arazo eta eraginkortasunik eza ekarri zituen. Indar armatuek, batez ere, konpetentzien bikoizte hori pairatzen zuten: gobernu bateratuak baldin bazuen politika militarra erabakitzeko eskubidea, Austria zein Hungariako parlamentuek zuten ardura armadako kide kopuru propioa zehaztu, derrigorrezko soldadutza ezarri, militarrak leku batetik bestera mugitzeko eta armadak egin zitzakeen lan zibilak ezartzeko ardura. Modu horretan, Monarkia Dualeko alde bakoitzak gaitasun handia zuen bien arteko lana oztopatzeko, bere interesen araberakoa ez bazen.

Mende erdia iraun zuen akordio horrek arazo handiak izan zituen, zorren eta gastuen gaineko eztabaidak egin behar ziren bakoitzean. 1867an sinatutako konpromisoaren arabera, 10 urtetik behin berritu behar zen alde bakoitzak eman beharreko diru kopurua. Negoziazioak iristerakoan, mobilizazio ugari egoten ziren, baita eztabaida politiko sutsua ere. 1906an, Hungarian koalizio abertzalea iritsi zen boterera eta arazoak sortu ziren akordioekin. Hungariako militarrek zein hizkuntza erabili behar zuten zen argudio nagusia gatazka hori pizteko. Hala ere, 1907an eta 1917an akordioak berritu ziren, egoerak hala eskatuta.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1713ko Santzio Pragmatikoa alde batera utzita, ez zegoen lege komunik Austria-Hungariarako: guztiek, baita berak zirenek ere —1867ko Konpromisoak, kasu— Viena eta Budapesteko Parlamentuen oniritzia behar zuten bakoitzaren medio ofizialean argitaratzeko (Austriarenak Reichsgesetzblatt zuen izena eta zortzi hizkuntzatan argitaratzen zen). Legeak zehazki berdinak izateko, parlamentu bakoitzak 60 kidez osatutako ordezkaritza aukeratzen zuen eta euren artean negoziazioak egiten zituzten, konpromisoak lortu arte. Konpromisoaren ostean, Hungariako lehendabizko Lehen Ministroa Gyula Andrássy izan zen. Antzinako Hungariako Konstituzioa berrezarri zen eta Frantzisko Josef I.a Hungariako Errege koroatu zuten. Denbora horretan zehar, Austria-Hungaria zen geografikoki Europako bigarren herrialderik handiena, Errusiako Inperioaren ostean, eta hirugarren populatuena, Errusiako eta Alemaniako Inperioen ostean.

Inperioak burokrazia gero eta kosmopolitagoa behar zuen eta hor txekiarrek paper garrantzitsua jokatu zuten. Gainera, alemaniar, hungariar, poloniar eta kroaziar aristokraziaren babesa behar zuen, bizirik irauteko.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monarkia duala Austria edo Hungariaren menpeko hainbat estatutan banatzen zen; aldiz, Bosnia-Herzegovina bien artean kudeatzen zuten. Muga Leitha ibaian jarri zenez, Austriaren aldeak Cislethania izena zuen, eta Hungariakoak, Transleithania.

Austria-Hungariako Inperioaren mapa
Austria-Hungariako Inperioaren mapa
  • Cisleithania
1. Bohemia
2. Bukovina
3. Karintia
4. Karniola
5. Dalmazia
6. Galitzia eta Lodomeria
7. Kostako probintzia
8. Behe Austria
9. Moravia
10. Salzburgo
11. Austriar Silesia
12. Estiria
13. Tirol
14. Goi Austria
15. Vorarlberg
  • Transleithania
16. Hungaria, Vojvodina eta Transilvaniarekin
17. Kroazia eta Eslavonia
  • 18. Bosnia eta Herzegovina
Austria (alemanez, Österreich; hungarieraz, Ausztria'')
Estatua Izaera Hedadura (km²) Biztanleria (1910) Hiriburua Biztanleria (1910)
Austria Garaia (Österreich ob der Enns) Artxidukerria 11.982 853.006 Linz 71.000
Austria Beherea (Österreich unter der Enns) Artxidukerria 19.825 3.531.814 Viena (Wien) 2.031.000
Bohemia (Böhmen) Erresuma 51.947 6.769.548 Praga (Prag) 224.000
Bukovina (Bukowina) Dukerria 10.441 800.198 Chernivtsi (Czernowitz) 87.000
Karintia (Kärnten) Dukerria 10.326 396.200 Klagenfurt 29.000
Karniola (Krain) Dukerria 9.954 526.000 Ljubliana (Laibach) 47.000
Dalmazia (Dalmatien) Erresuma 12.831 645.666 Zadar (Zara) 14.000
Estiria (Steiermark) Dukerria 22.425 1.444.157 Graz 152.000
Galitzia eta Lodomeria (Galizien und Lodomerien) Erresuma 78.497 8.025.000 Lviv (Lemberg) 206.000
Gorizia eta Gradisca (Görz und Gradisca)* Printzipatua 2.918 260.721 Gorizia (Görz)
Istria (Istrien)* Marka 4.956 403.566 Pula (Pola)
Moravia (Mähren) Marka 22.222 2.622.271 Brno (Brünn) 126.000
Salzburgo (Salzburg) Dukerria 7.153 214.737 Salzburgo 36.000
Silesia (Schlesien) Dukerria 5.147 756.949 Opava (Troppau) 31.000
Tirol (Tirol) Printzipatua 26.683 946.613 Innsbruck 53.000
Trieste (Triest)* Hiria 95 230.000 Trieste (Triest) 161.000
Vorarlberg (Vorarlberg) Estatua (Land) 2.602 145.000 Bregenz 9.000
Austria (Österreich) Inperioa (Kaiserlich)) 300.004 28.571.446 Viena (Wien) 2.031.000
Hungaria (alemanez, Ungarn; hungarieraz, Magyarország)
Estatua Izaera Hedadura Biztanleria (1910) Hiriburua Biztanleria (1910)
Kroazia eta Eslavonia (Kroatien und Slavonien) Erresuma 42.534 2.622.000 Zagreb (Agram) 80.000
Hungaria (Ungarn) Erresuma 282.297 18.265.000 Budapest 882.000
Rijeka (hungarieraz eta italieraz, Fiume) Hiria 21 48.800 Rijeka (Fiume) 39.000
Hungaria (Ungarn) Erresuma (Königlich) 324.852 20.935.800 Budapest 882.000
Administrazio bateratua (1908tik aurrera)
Estatuta Izaera Hedadura Biztanleria (1910) Hiriburua Biztanleria (1910)
Bosnia-Herzegovina (Bosnien und Herzegowina) Estatua (Land) 51.082 1.931.802 Sarajevo (Sarajewo) 52.000

Oharra: Gorizia eta Gradiscak, Istriak eta Triestek Küstenlad osatzen zuten, edo Austriako Litorala izeneko probintzia. 894.286 biztanle zituen eta 7.969 km2.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]