Najib Mahfuz
Naguib Mahfouz Abdelaziz Ibrahim Ahmed Al-Basha (egiptoar arabieraz: نجيب محفوظ عبد العزيز ابراهيم احمد الباشا, næˈɡiːb mɑħˈfuːzˤ; ahoskatua; Kairo, Egipto, 1911ko abenduaren 11 - 2006ko abuztuaren 30a), Najib Mahfuz deitua, Egiptoko arabierazko idazlea izan zen. Egile oparoa izan zen, 34 eleberri, 350 istorio labur baino gehiago, dozenaka pelikula gidoi eta 5 antzezlan plazaratu baitzituen.
1957an Egiptoko Literatura Sari Nazionala irabazi zuen Bayn al-Qasrayn (arabieraz: بين القصرين) lanarekin, eta 1968an Nazio Domina Literatur Merezimenduei.[1] 1988an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen, eta bera da, orain artean, sari hori eskuratu duen arabierazko idazle bakarra.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Najib Mahfuz Kairoko hirian jaio zen 1911. urtean Gamalija auzo herrikoi eta antzinakoan, Al-zhar eta Al-Hussain (arabieraz: مسجد الإمام الحسين; ) meskitak eta Jan el-Jalili azoka barne dituena, familia txiro eta erdi mailakoz osatua -merkatariak eta funtzionarioak-. Gamalija auzoko giroa Mahfuzen obretan islatzen da.
Zazpi senidetan txikiena, amaren seme kuttuna izan zen. Aita, Mahfuz Abdul Aziz, egiptoar abertzale sutsua eta musulman zorrotza, ez zen ama bezain tolerantea izan. Amarekin antzinako egiptoarren eraikinak (piramideak, tenpluak) eta kristau koptoen monumentuak ezagutu zituen .
Mahfuz familia Abasija auzunera aldatu zen Najibek bederatzi urte zituela. Eskola koranikoan hasi zituen ikasketak, garaiko ume guztiek bezala, eta 1925ean Fuaad Errege eskolan jarraitu zituen.
Futbola, irakurketa eta musika izan ziren bere gaztaroko zaletasunak. Arabiar literatura eta Mendebaldeko literatura irakurtzen zituen. 1930ean Kairoko unibertsitatean Filosofia ikasteari ekin zion eta laster hasi zen artikulu filosofiko eta politikoak argitaratzen.
Idazle lanaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1934an Unibertsitatean graduatu zen, eta administrazioan egin zuen lan ia bizitza osoan: 1939an Legatu eta Gai Erlijiosoen ministerioan estreinakoz, 1953an Arte Institutuko Teknika departamentuaren zuzendari moduan, eta 1960an Zinema Institutu Nazionalaren lehendakari gisa.
1945ean Al-Guri meskitako bibliotekako lantaldean onartu zuten eta “Mailegu Onaren” proiektua bideratu zuen, liburuak pobreen eskura jartzeko asmotan.[2]
Mehatxuak eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere obra eta ideiengatik, kultur tradizio arabiar-musulman eta Sortaldeko ideologia arrazional-laikoa uztartu beharra aldarrikatzen zuen. 1994an Kairoko kale batean labankada bat jaso zuen. Larri zaurituta egon ondoren, erdi itsu eta eskuin beso-eskuak mugitu ezinik geratu zen. 1996an islamdar talde erradikalek “herexe” izendatu zuten eta fatua (arabieraz: فتوى; pluralez fatāwā,) ezarri zioten. Bizitzako azken urteak gaixo eta ia etxetik irten gabe igaro zituen, poliziaren babesean.
Mohamed Salmawy idazle eta lagunari esker, artikuluak eta lan txikiak argitaratzen jarraitu zuen “Al-Ahram” (arabieraz: الأهرام, ) egunkarian. 2006ko abuztuaren 30ean zendu zen 94 urte zituelarik.
Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hogeita hamahiru nobela eta hamalau ipuin bilduma argitaratu zituen.
Bere obran etapa nagusi hauek azaltzen dira:
- Lehenengo etapa,[3] 1939tik 1944ra, nobela historikoena. Egiptoko Antzinako Historiari buruzko lanak. Bere lehen nobela historikoa 1939 argitaratu zuen: 'Abath al-aqdâr (arabieraz: عبث الأقدار, Patuaren josketak), Radôbîs (arabieraz: رادوبيس) 1942an.
- Bigarren etapa errealista[3] 1945etik 1957ra. Urte hauetako Egiptoko gizartearen gorabeherez idazten du eta maila baxuenetakoak dira batez ere bere “heroiak”. Garai honetakoak dira Mirarien kalezuloa (1947) eta Thulathiat alqahr (arabieraz: ثلاثية القاهرة) (1956-1957).
- Hirugarren etapa: sinbolismoa eta filosofia. 1961etik 1967ra. [3]. 1959an Awlâd hâratinâ (arabieraz: أولاد حارتنا) idatzi zuen, errealismoaren eta sinbolismoen arteko zubi den nobela. Hurrengo lanetan gogoeta metafisikoak agertuko dira: ongia, amodioa, zoriontasuna, askatasunaren bilaketan izandako ezintasuna erakusten du. Aipatzekoak dira Al-Liss wa-l-kilâb (arabieraz: اللص والكلاب) (1961) eta Alhabu taht almatar(arabieraz: الحب تحت المطر) (1973), Protagonistak bakartiak eta ulertezinak dira.
- Laugarren etapa 1968tik 1972ra “absurdoaren” garaia da[3], ipuin oniriko eta surrealistak idatziko ditu. Narrazioak elkarrizketari uzten dio leku. Gizartearen ezkortasuna nabaritzen da bere lanetan: 1967an Israelen aurkako gerra galdu dute arabiar nazioek. Khamarat alqati al'aswad (arabieraz: خمارة القط الأسود) (1969) aldi honetakoa da.
- 1972tik aurrera, bere lanetan nahastu egingo dira aurreko ezaugarri desberdinak.
Euskaratuak[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Mila eta bat gauen gauak (1982) (Txalaparta, 2006). Itzultzailea: Patxi Zubizarreta.
- Mirarien kalezuloa (1947) (Alberdania-Elkar, 2006). Itzultzailea: Patxi Zubizarreta.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Gaztelaniaz) El mundo de Naguib Mahfuz. Madrid, Instituto Egipcio de estudios Islámicos, 218 or. ISBN 84-505-8895-2..
- ↑ Zubizarreta, Patxi. (2006). Nagib Mahfuz, Mirarien kalezuloa. Atarikoa.. Alberdania & Elkar, 8 or. ISBN 84-9783-425-9..
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) María Luisa Prieto, Nuria Nuin,. (1999). Introducción de: Espejos, Naguib Mahfuz.. Madrid, Cátedra, 44,49,62,74 or. ISBN 84-376-1724-3..
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Patxi Zubizarreta, Mirarien kalezuloa. Atarikoa. (2006) Alberdania, Elkar. ISBN 84-96643-12-3
- El mundo de Naguib Mahfuz. (1989), Instituto Egipcio de Estudios Islámicos. Madril. ISBN 84-505-8895-2
- Marcelino Villegas, La narrativa de Naguib Mahfuz: ensayo de síntesis. (1991). Alacanteko Unibertsitatea. ISBN 84-7908-011-6
- Nuria Nuin y María Luisa Prieto, Espejos. Introducción.(1999) Cátedra argitaletxea. ISBN 84-376-1724-3
Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Naguib Mahfouz – The Son of Two Civilizations at Nobel Prize website
- The 100th Anniversary of the Birth of Naguib Mahfouz at Qantara.de
- Naguib Mahfouz at Encyclopædia Britannica
- Instituto Egipcio de Estudios Islámicos.