Taxonomia

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Taxonomiko» orritik birbideratua)
Artikulu hau sailkatzeko zientzia eta jarduerari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sailkapen zientifiko».
Bizidunen taxonomi-hierarkia. Eskema honen arabera gizakiak esaterako Eukarya domeinukoak gara, Animalia erreinukoak, Chordata filumekoak eta Vertebra subfilumekoak, Mammalia klasekoak, Primates ordenakoak, Hominidae familiakoak, Homo generokoak eta sapiens espeziekoak.

Taxonomia (grezieratik ταξις, taxis, "ordena", i νομος, nomos, "arau" edo "erregela") sailkatzeko zientzia eta jarduera da. Taxonomia biologikoan, klasea organismoen sailkapenaren maila taxonomiko bat da. Maila hau filumaren eta ordenaren artean dago.

Klase izeneko maila taxonomikoa Joseph Pitton de Tournefort frantziar botanikariak erabili zuen lehen aldiz, 1694an argitaratu zuen landare sailkapenean (Eléments de botanique). Carolus Linnaeusek bere erabilera orokortu zuen 1735ean argitaratu zen Systema Naturae liburuan, natura sailkatzeko sortu zituen hiru erreinuetan (alegia, mineraletan, landareetan eta animalietan) erabili baitzuen.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzin Aroaz geroztik egin izan dira izaki biziak sailkatzeko ahaleginak. Izadiko zientzien artean, sistematika eta sistematikaren tresna, taxonomia, arduratu dira horretaz, denboraren eta bilakaeraren alderdiak lantzen dituen filogeniarekin batera. Usadiozko taxonomiak –horrexek du onarpen zabalena–, sailkapen hierarkikoak egiten ditu, ezaugarri sailak kategoria taxonomiko desberdinetan konparatuz, mota dela banakoa. Azken garaiotan beste eskola batzuk ere sortu dira, kontzeptu berriak ekarri dituztenak. Antzinatik saiatu izan da gizakia inguruan duen mundua sailkatzen. Izaki biziei dagokienez, gauzak ez dira desberdinak izan, eta, horregatik, izadi zientziek hainbat jakintzaren adar garatu dituzte, izaki bizi horiek, sailkatuz, ulertu ahal izateko.

Sistematika jakintza baten aztergai diren gauzakien azterketa ordenatua da, gauzaki horien ezagutza sakontzeko asmoz. Taxonomia berriz jakintza laguntzailea da, organismoen sailkapenaren teoria eta praktika aztertzen dituena. Hobeto ulertzeko, liburutegi bat ekar genezake gogora: liburuen azterketa –ordenaturik, gaika–, izango litzateke "sistematika", eta liburuak antolatzeko metodoen azterketa berriz "taxonomia". Gure kasuan, beraz, organismo biziak taxonetan ordenatzea da taxonomiaren helburua, eta taxonomialariek ordenaturiko taxonak ahalik eta ondoen ezagutzea da sistematikaren xedea. Bada jakintzaren beste eremu bat, aurrekoekin oso estu lotua dagoena, filogenia alegia.

Gaur egun guztiz onartua dago bilakaeraren kontzeptua, eta, hori dela-eta, kontuan izan behar da bilakaera izaki biziak sailkatzerakoan. Hala, filogeniak denboraren alderdia eransten dio taxonen azterketari, haien bilakaeraren historia aztertzen baitu. Izan ere, gaur egun filogenetikoa izaten saiatzen da sistematika, alegia, bilakaera hurbiltasunaren arabera sailkatzen ditu taxonak, eta ez kanpoko itxuraren arabera, beste garaietan bezala.

Taxonomiaren azken emaitza sailkapena da, irizpide taxonomikoetan oinarriturik, taxonen antolamendu hierarkizatuan datzana, elkarren mendeko diren taxonomia kategoriak ezarriz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Aristoteles ulertzeko gakoak.

XIX. mendea ondo sartu arte, erlijio (kreazioa, uholde handia), eta filosofia ereduen garrantziak gaur egun onartzen diren kontzeptuen sarrera eragotzi dute, hala ahaidetasun, bilakaera, moldatze, eta horien antzeko kontzeptuen sarrera, eta, hori dela-eta, XIX. mendea arteko sistematika, neurri handi batean, izadiaren zerrendatzea besterik ez da izan. Zerrenda horietan, gainera, mitologiako izakiak ere sartzen ziren sarritan, hala adarbakoitza, edo alegia kutsukoak, erromeroa adibidez, ustez itsasontziak geldiarazteko gauza zen arraina.

Aristotelesi zor zaizkio ezagutzen diren izaki bizien lehen sailkapen saioak; bi erreinu bereizi zituen hark, animaliena eta landareena. Antolamenduaren irizpideak antzekotasunean oinarritzen ziren batez ere, eta akats bat baino gehiago ekarri zuen horrek, kaxaloteak (gizakiak bezala, ugaztun direnak) arrainekin batera sailkatzea, adibidez.

Geroago egile askok eta askok landu zuten gai hau, sailkapen ahalegin desberdinekin, zein bere izadi ikusmoldeari loturik; nabarmentzekoa da horien artean eskolastika. XVIII. mendean Lineok irtenbidea eman zion ezagutzen ziren motak izugarri ugaltzean sortu zen izendapen arazoari. Une horretaraino, mota bat izendatzeko aski izaten zen herri izena, zenbaitetan taxonen latinezko deskribapen nolabaitekoa zuela aldamenean. Horren ondorioz, kontsulta lanak oso erabil nekezak izaten ziren; bestalde, hitz batzuen adiera ugariek ere arazoak ekartzen zituen, nahiz eta izen zientifiko unibertsala, lehen esan den bezala, latinezkoa izan.

Lineoren ekarri nagusia taxon jakin bakoitzarentzat izen bikoitza erabiltzea izan zen. Era horretan, gizakia izendatzeko, lehenik generoaren izena erabiltzen zuen (Homo), eta horren atzetik determinatzaile berezi bat (sapiens); hala, Homo sapiens zen motaren izendapena.

Anatomia konparatua eta ontogenia izan ziren beste ekarri garrantzitsu batzuk. Lehena Cuvierrek landu zuen batez ere, bere korrelazioen teoriaren bidez; horren arabera, adibidez, ugaztunen adarrak belarjaleei dagozkie, eta, era horretan, animalia adardun batek, badakigu hortzak barazkiak jateko egokituak izango dituela, nahiz eta ikusi ez.

Ontogeniaren azterketa, hau da, enbrioiaren sorrerarena, Naturphilosophie delako eskola alemanak bideratu zuen, Haekelek batez ere, animalia talde desberdinek enbrioiaren garapenean dituzten antzekotasunak eta aldeak aztertuz. Baina Lamarcken eta batez ere Darwinen bilakaera kontzeptuak egin zion sistematikari ekarri handiena; Aristotelesen garaietatik zetozen teoria kreazionistak hautsi, eta bilakaeran eta filogenetikan oinarritzen den sistematika modernoaren zimenduak ezarri zituen.

Sailkapen nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki bizien lehen sailkapenek animalien erreinua eta landareena bereizten zituzten, batez ere mugimendu ahalmenaren arabera; irizpide guztiz okerra da, ezagutzen baititugu animaliak hein batean mugigaitzak direnak (hala belakiak eta bizkarroi asko), eta badira halaber landare batzuek halako mugikortasun bat badutenak, bai tropismoez, bai barreiatuz. Beste alde batetik, organismo zelulabakarren ezagutzak aurrena, eta zelula prokariotoenak gero (gunea edo nukleoa berezitu gabea dute prokariotoek), nahasmendua areagotu dute.

Horren adibide dira, esate baterako, dinoflagelatuak, luzaroan zoologoek eta biologoek zeinek bere eremuan ezarri dituztenak, zoologoek higikortasunagatik eta klorofiladunak direlako biologoek, eta, hortaz, argia energia iturri gisa erabiltzen dutelako; hau da, zelula mailetan, edo antolamendu bakunetan, nahastuak zeuden animalien eta landareen erreinuen arteko aldeak; arazoa areagotu egiten da beste bizitza formak kontuan hartuta, hala bakterioak adibidez.

Horrengatik guztiagatik, urte askoan zehar erreinuak bereizteko saioak egin dira, ezaugarri desberdinen arabera: zelula mota (prokariotoa, eukariotoa), metabolismoa (autotrofoa, heterotrofoa), antolamendua (zelulabakarra, zelulanitza), etab. Kontzeptu horiek 1969an Whitakerrek jaso zituen, eta bizitza formak bost erreinutan sailkatu zituen:

Sailkapen honi buruz ohar batzuk egin behar dira. Hasteko, eta askok onartzen badute ere, zoologoek batez ere, botanikari batzuk eta beste ikerlariak ez datoz bat sailkapen honekin, hainbat zelulabakar eta onddoen banaketan gehiago ikusten baitute irizpide praktiko bat errealitatearen agerpena baino. Bestalde, sailkapen honek ez ditu argitzen birusen gaineko zalantzak; izan ere, horiei buruz organismo bizi ote diren ere zalantza egiten baitu zenbaitek. Bestalde, argitu beharra dago zelula aniztasunaren kontzeptua, ez baitira nahastu behar izaki zelulabakarren kolonia zenbaezinak eta benetako izaki zelulanitzak. Izan ere, zelula aniztasuna dagoela esaten da zelula multzoak ugaltze eta begetazio funtzioen arabera banaturik daudenean, eta, begetazio funtzioetan, elikadura eta mugimendu-sentimen funtzioak bereizten direnean.

Usadiozko taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taxonomia eskola ezagunena da. Lineoren eskolaren ondorengoa da, eskola kreazionistakoa beraz, baina bilakaera kontzeptuak ere erabiltzen dituena. Izaki desberdinen azterketatik abiaturik, tipoak sortzen ditu, ereduzko ezaugarriak dituztenak, taxon bera duten beste izakietatik estrapolazioa eginez.

Irizpide desberdinak erabiliz, taxon horiek multzokatzen ditu, bilakaeratik ahalik eta hurbilen dagoen sailkapen bati erantzun nahiz. Antolamendurako erabiltzen dituen taxonomia irizpideak, batetik, morfologikoak dira (formari dagozkionak), eta orobat ontologikoak (enbrioiaren garapenari dagozkio), ekologikoak (ingurunearen baldintzei), biogeografikoak (banaketari), paleontologikoak (fosilen erregistroari), etologikoak (animalien jokamoldeari), eta, egun, baita biokimikoak eta genetika molekularrari dagozkionak ere. Horren ondoriozko sailkapena hierarkia baten araberakoa da. Mota da banakoa; mota desberdinak generoetan elkartzen dira, generoak familietan, etab., sistema piramidal bat sortzen dela. Era horretan sortzen den egitura taxonomia hierarkia izenaz ezagutzen da, eta taxon desberdinak biltzen dituzten taxonomia kategorietan (familia, generoa, etab.) dago banatua.

Hala adibidez, zerriari dagozkion kategoria taxonomikoak eta taxonak (edo taxak), ondoko taulakoak dira:

Taxonomia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaSuidae
GeneroaSus
EspezieaSus scrofa
Azpiespeziea Sus scrofa domesticus
Erxleben, 1777
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaktxerriki, pig nail (en) Itzuli, pork liver (en) Itzuli, knuckle (en) Itzuli, pig's bladder (en) Itzuli, Crackling (en) Itzuli, pig's intestine (en) Itzuli eta pork tail (en) Itzuli

Taxonomia kategoria nagusi horien ondoan, beste batzuk, bigarren mailakoak, ipini daitezke; hala, kasu honetan Vertebrata azpifiluma edo azpitipoa.

Filum (phylum) latin hitzaren erabilerari dagokionez (plurala phyla da), hitz horren ordez tipo edo enbor hitzak erabiltzen dira sarritan, eta, hortaz, superfilum edo azpifilum ordez, supertipo edo superrenbor, eta azpitipo edo azpienbor.

Zientzia izenen erabilerari dagokionez, ohar batzuk egitea komeni da. Lehen adierazi den bezala, moten izenak bikoitzak izaten dira, hau da, bi hitzez osatuak. Lehena dagokion generoarena izaten da, eta bigarrena izen ezaugarri-emailea, genero bereko motarentzat bakarra dena. Lehen hitza letra larriz hasten da beti, eta letra xehez bigarrena.

Bigarren hitzak ez du berez esanahirik, eta, izan, berdina izan daiteke mota desberdinetan, beste genero bateko beste taxon batean baitago sartua izen osoa. Hala adibidez, Montpellierko sugearen zientzia izena Malpolon monspessulanus da, frantses iharrarena Acer monspessulanum eta dunetako krabelinarena Dianthus monspessulanus. Hiru kasuetan ikusten dugunez, izendatzaile bereizlea berbera da, Montpellierko landare edo animaliei buruz deskribatu baitziren aurreneko aldiz hiru taxonak.

Moten izenei buruzko beste datu argigarri bat da, idazkeraren beraren bidez, testuko gainerako hitzetik bereizten direla beti, letra etzana, beltza edo azpimarratua erabiliz esate baterako.

Goi mailako kategorietako taxonen nomenklaturari dagokionez (generotik erreinura), hitz bakar batez idazten dira, letra larriz hasten dela beti.

Taxonomia berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usadiozko taxonomiak hainbat arazo sortzen ditu. Alde batetik, kontraesanak ditu, etengabe aldatzen ari diren tipoen hierarkia bat sortzen baitu, hau da, sortzen duen zuhaitza, aldi berean da bilakaerazkoa –bilataxonkatzen eta aldatzen diren organismoek osatua–, eta kreazionista –egitura aldaezina baitu–. Beste alde batetik, erabiltzerakoan ere arazoak sortzen ditu: arreta gutxi jartzen du banakoen artean diren aldeetan, ez ditu populazioak kontuan hartzen, ale jakinak (tipoak) baizik, eta ezaugarri morfologikoei lehentasuna emateko joera du, erabilerrazagoak baitira. Azkenik, fosilen erregistroa, bilakaeraren benetako froga, eta filogeniaren oinarri eta kontrastea, sakabanatuta gertatzen da denboran zehar, eta zenbait talde biologikoren kasuan, erregistrorik ere ez dago.

Hori guztia dela-eta, eskola berriak sortu dira XX. mendean; horien artean aipatzekoak dira zenbakizko taxonomia, eskola kladistikoa eta eskola misto edo sintetikoa. Bestalde, horien ingurukoak ere badira.

Zenbakizko taxonomiaren jarraitzaileak mikrobiologoak eta entomologoak dira batez ere, eta lehengo Adamsonen eskolan oinarritzen dira; eskola honek dioenez, organismoen arteko alde taxonomikoak proportzionalak dira azterturiko banako guztien ezaugarri komunen kopuruarekiko.

Hori dela-eta, banako asko aztertzen dituzte, eta ahalik eta ezaugarri gehien. Datu horiek estatistika bidez lantzen dira, hautaturiko banako desberdinen arteko antzekotasuna aztertzeko; banako horiei OTU deritze (Jardun Banako Taxonomikoa, ingelesez), eta era horretan, antzekotasunaren arabera, taldeak eratzen dira. Eskola honek hasieran ez zuen ikusmolde filogenetikorik, nahiz eta geroago fenotipoa genotipoaren adierazpen dela ikusteak egitura taxonomiko filogenetikoak egitea ekarri duen, era horretan bilakaera islatzen dela.

Eskola kladista, premisa sail batetik abiaturik, zenbait zoologok taxonomia guztiz filogenetikoa sortzeko egin duten ahaleginaren emaitza da. Eskola honen arabera, kladogenesi bidez gertatzen da beti bilakaera, hau da, irrada bidez, halako eran non taxon zahar batek berriak sorrarazten dituen (biberri, lehen kladistikaren arabera). Lan metodoa populazio bakoitzaren ezaugarri batzuk, gutxi –ezaugarri morfologikoak, biogeografikoak, ekologikoak eta fisiologikoak– konparatzean datza, era horretan berezkoak edo eratorriak diren aztertuz.

Beraz, aztertu beharreko aleak (hemen "semaforonte" deritzenak), binaka alderatzen dira, eta, azterketaren ondorioz, esan daiteke bilakaerazko ahaidetasunik ba ote duten, aurrekari komun bat dutela uste denean; era horretan, zuhaitz dikotomikoak osa daitezke. Azkenik, aurrekoen kontzeptu erabilgarrienez baliatzen saiatzen da eskola mistoa. Hasteko, onartzen ditu hatsapen kladistak, baina aldatu egiten ditu; hala adibidez, azterketa ezaugarri gehiago onartzen ditu –hala ezaugarri paleontologiko eta biokimikoak–, eta halaber onartzen du anagenesi bidezko bilakaera, hau da, aurrekari baten garapen zuzenaz, aurrekaria zenbait taldetan banatu gabe alegia, talde berri bat sortzea. Bestalde, zenbaki eskolako teknika estatistiko berak erabiltzen ditu analisian.

Eskola berri horien emaitzak ez dira izan uste bezain emankorrak; bat datoz usadiozko eskolarekin zailtasun gutxien duten taldeei dagokienez, baina galdera asko erantzun gabe uzten dituzte talde zailenetan. Hala eta guztiz ere, teoriazko oinarriek onarpen zabalik ez badute ere, estatistiken emaitzak, populazio taldeen eta ezaugarrien bilakaeraren arteko konparazioak, estimu handitan dauzkate gaur egun taxonomialariek.

Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taxonomiko maila Landareek algek onddoak Animaliak Eubakterioak[1]
Dibisio/Filum -phyta -mycota
Subdibisio/Subfilum -phytina -mycotina
Klase -opsida -phyceae -mycetes -Ia
Subklase -idae -phycidae -mycetidae -idea
Superordena -anae
Ordena -ales -ales
Subordena -ineae -ineae
Infraorena -aria
Superfamilia -acea -oidea
Epifamilia -oidae
Familia -aceae -idae -aceae
Subfamilia -oideae -inae -oideae
Infrafamilia -odd[2]
Tribu -eae -ini -eae
Subtribu -inae -ina -inae
Infratribu -ad

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Codi dels Bacteris (Revisió del 1990)
  2. Adibidez, infrafamiliak Testudines Chelodd (Gaffney & Meylan 1988: 169) i Baenodd (ibid., 176).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]