Karl Marx

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ketxus (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 00:11, 26 otsaila 2016

Karl Heinrich Marx (Treveris, Prusiako Erresuma, 1818ko maiatzaren 5a - Londres, 1883ko martxoaren 14a) alemaniar filosofo eta politika eta ekonomiaren pentsalaria izan zen, bereziki ezaguna komunismoaren aitzindaria izateagatik. Bere teoriek garrantzi handia izan dute Aro Garaikideko pentsamendu filosofiko, politiko eta ekonomikoan, marxismoa izeneko teoria eratuz, eta hainbat herrialdetako erregimen politikoek bere ideologian oinarrituta eratu dira. Bere lan ezagunena Kapitala (Das Kapital) izan zen. 1848 urteko Agiri Komunista lanaren egilea ere izan zen Friedrich Engelsekin batera. Lan horretan komunismoaren oinarri teorikoak eta helburuak lehen aldiz agertu ziren era sistematikoan. Bere teoria nagusia materialismo historikoa da; horren arabera, historiako sistema sozioekonomikoen goraldia eta gainbehera gizakiaren lan-indarraren garapenarekin loturik dago; horrela, historia ekoizpen-modu zenbaiten bilakaera besterik ez da, klase-borrokaz irauliak eta azkenean komunismoa ekarriko dutenak.[1] Marx gizartearen teoriko handienetakotzat hartu dute filosofo askok: filosofia ireki eta zabala du, baina aldi berean, kritikoa. Bere obra Industria Iraultzan eta 1814an Napoleon erori ondoren Europak izan zuen berregituratzean, Vienako Batzarraren ondorengo egoeran, kokatzen da.[erreferentzia behar]

Bizitza

Marxen erretratu (H.F. Helmolt (arg.): History of the World. New York, 1901).

Familia judu burges batean jaio zen, baina gurasoek protestantismoan hezi zuten, juduen aurkako legeak direla eta aitak abokatu moduan aurrera egin ahal izateko. Zuzenbide ikasketak egin zituen Bonn eta Berlingo jesuiten unibertsitateetan; han ikasleen elkarteen buru izan zen. Bitartean, 1836 urtean, hemezortzi urterekin Jenny von Westphalenekin ezkontzeko hitza hartu zuen; harekin zazpi urte geroago ezkonduko zen, 1843an. Zazpi seme-alaba izango zituzten, baina horietatik lau txikiak zirelarik hl ziren. Beste hirurak, emakumeak denak, ekintzaile sozialista izan ziren.

Marxek ikasketak amaitu eta filosofiako doktorego-tesia egin zuen, non Demokritoren eta Epikuroren filosofiak alderatu zituen. Artean egin zen Hegelen filosofiaren jarraitzaile, Berlinen kazetari gisan lanean ari zela. Bere ideia iraultzaileak zirela eta, hainbat alditan erbesteratu zuten, Parisera lehenik (garai hartan ezagutu zuen Friedrich Engels, gerora beti ondoan izango zuen lagun mina) eta Bruselara gero. Han, filosofian soilik jardungo zuela erabaki zuen.

Polizia beti ibili zitzaion atzetik. Prusiatik behin betiko bota zutenean, Londresera joan zen bizitzera. Engelsek emandako babes ekonomikoari esker (Ingalaterrako hainbat lantegiren jabe baitzen), ikertzeko eta idazteko aski denbora lortu eta 1867an, Das Kapital ("Kapitala") lan nagusia argitaratu zuen.

Pentsamendua

Kapitalismoaren lehen krisi handiaren lekukoa eta biktima izan zen (1830ko hamarkadan) eta baita 1848ko Iraultzena ere. Marxek teoria ekonomiko bat garatzea planteatu zuen krisiari azalpen bat emateko gai zena, eta horrekin batera langileria bultzatu nahi zuen bertan parte hartzera aldaketa iraultzaile bat emateko.

Marxen lana modu ezberdinetan irakurria izan da. Bertan lan teorikoak eta ekonomiaren kritika, filosofiaren eztabaidak, erakunde politikoen adierazpena, lanerako koadernoak eta XIX. mendean gaurkotasuna zuten kazetaritzako artikuluak sartzen dira barnean. Obra ugari idatzi zituen Engelsekin batera. Marxek lan egindako aztergai garrantzitsuenak filosofiaren kritika, politikaren kritika eta ekonomia-politikaren kritikak izan ziren.

Zenbait autorek Marxen eta Engelsen lanak bateratu nahi izan zituzten sistema filosofiko batean, marxismoan, materialismo dialektikoa izeneko metodo filosofiko baten inguruan artikulaturik. Analisi marxisten errealitatearen printzipioak ere sistematizatuak izan dira materialismo historiko eta ekonomia marxista izenarekin. Materialismo historikotik, klaseen borroka jartzen duelarik analisiaren zentro bezala, XX. mendeko hainbat zientzialari baliatu izan dira: historialariak, soziologoak, antropologoak, artearen teorialariak eta abar. Alienazio teoriak ere eragin handia izan du.

Beste autore batzuek, Louis Althusser nabarmenduz, Marxen idatziak ez direla erabat koherenteak argudiatzen dute, baizik eta Marx berak, ekonomia politikoaren hausnarketa garatzen ari zenean 1850eko hamarkadan, lehengo kontzientzia filosofikoak alde batera utzi eta zientifikoki hasi zen lanean. Ikuspegi honetatik ez da zientzia marxistarik egongo, Marxek sozietate modernoen funtsezko mekanismoen funtzionamendua baizik. Horrela bere lan ospetsua sortuz, ”Das Kapital”.

Marxen lanak hainbat erakunde politiko inspiratu ditu kapitalismoa gainditzeko, adibidez “leninistak”. Leninistak langileen aldekoak ziren, eta nahi zutena zen lagileria burgesiari eta aristokraziari boterea kentzea eta haiek harekin geratzea. Hori guztia egin nahi zuten sozialismora eta komunismora iristeko. Hau eginez, gizartearen eta klaseen banaketarekin bukatzeko.

Kritikak

XIX .mendeko kritika nagusiak intelektualen eta langileen mugimenduen antolatzaileen eskutik jasan zituen, politika inguruko iritzi ezberdinak zituztelako Marxekin alderatuz; Bakuninek, esaterako, Marx autoritarismoa gaitzetsi zuen. Marxen heriotzaren ondoren, Austriako Böhm- Bawerk ekonomistak, Kapitala lana ezeztatzen saiatu zen. XX. mendean Karl Popperrek “Gizarte irekia eta bere etsaiak”en profezia marxista aztertu zuen eta historian gezurtatua izan zela baieztatu.[erreferentzia behar]

Lanak

  • "Epikuroar filosofiaren gaineko koadernoak", 1839.
  • "Demokritoar eta epikuroar natura-filosofien arteko desberdintasuna, eranskin batekin batera", 1841 (Marxen doktorego-tesia).
  • Kapitala (Das Kapital) 1867.
  • Familia Santua («Die heillige Familie»).
  • Filosofiaren Miseria (Das Ehlend der Philosophie).
  • Alderdi Komunistaren Manifestua edo Manifestu Komunista edo Agiri Komunista (Engelsekin batera) (Manifest der Kommunistischen Partei)
  • Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena
  • Klase arteko borrokak Frantzian.
  • Luis Bonaparteren 18 Brumaire-a (Der Achtzehnter Brumaire des Louis Bonaparte)

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Wolff, Jonathan. Karl Marx. in: The Stanford Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2014-01-15).

Bibliografia euskaraz

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karl Marx
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Karl Marx