Nazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 14:33, 16 apirila 2015

Nazio edo abenderri kontzeptuak esanahi desberdinak ditu erabilitako ikuspegi edo kokapen politikoaren arabera; baina gehienetan, ezaugarri komun batzuk dituen gizatalde aski zabalari ematen zaion izena da, bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituena.. Ezaugarriok objektiboak (hizkuntza, kultura, etnia...) edo-eta subjektiboak (borondatea, nahia...) izan daitezke. Nazioa ezaugarri objektiboek osatzen dutela defendatzen du Alemaniar Eskolak, Frantziar Eskolak ezaugarri subjektiboen alde egiten duelarik.

Etimologikoki, nazio terminoa latineko natio hitzetik eratortzen da, jaiotza, arraza, tribu, gizatalde nahiz jende-multzo esanahia duen terminoa, hain uzen.

Normalean, nazio eta etniaren artean ondoko desberdinketa egiten da: etnia ezaugarri batzuen inguruan (hizkuntza gehienetan) sortzen den gizataldea da, eta asmo politikoa duen gizarteak (etnia bat izan daitekeena) nazio bat osatzen du. Hots, ezaugarri objektiboez harago, nazioa kontzientzia politikodun etnia dela esan daiteke.

Historia

Gizarteak era desberdinetan egituratu dira historian zehar: leinua, estatu-hiria, inperioa, jaurerri feudala, etab. Nazioa, alabaina, aski berria da. Latinezko natio (jaiotza) hitza jatorri bereko pertsonen multzoa adierazteko erabiltzen zen Erdi Aroan. Frantziako Iraultzarekin nazio hitza zentzu modernoan erabiltzen hasi zen: lege beraren azpian bizi diren pertsona elkartuen multzoa.

XIX. mendean nazio bakoitzak elkarte politiko burujabea edo estatua osatzeko eskubidea aldarrikatzen duen nazionalitateen printzipioak onarpen orokorra izan zuen Europan. Ildo horretatik, prozesu nazional nabarmenenak Alemaniakoa (1870) eta Italiakoa (1861) dira.

Burgesiak eragin handia izan zuen XIX. mendeko Europako nazioak egituratzen; kapitalismoaren hedatzeak eta merkatu nazionalen ezartzeak homogeneotasuna ekarri zuten, barne aduanak kendu eta garraiobideak garatu baitzituen. Lehen Mundu Gerrak Austria-Hungariako Inperioaren azkenarekin batera nazio berezi burujabe zenbaiten sorrera ekarri zuen: Austria, Hungaria, Txekoslovakia. Halaber, Poloniak independentzia lortu zuen berriro. Garai bertsuan, autodeterminazioaren printzipioa berretsiz, Baltikoko nazioek independentzia eskuratu zuten: Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania.

Amerikari dagokionez, Estatu Batuen independentziak (1776) eragina izan zuen Frantziako Iraultzan, eta baita XIX. mendean sortutako Europako nazioen askatasunean ere.

Asia eta Afrikari dagokienez, XX. mendearen erdialditik aurrera herri zahar anitzek osaturiko nazio berriak sortu dira, indar kolonialen aurkako borroka odoltsuen ondorioz askotan.

XX. mendearen bukaeran, bi higikunde hein batean kontrajarriak nabarmentzen dira: alde batetik, nazioen arteko harremana, gehienbat ekonomikoa, dakarren nazioarteko erakundeen garapena, eta bestetik nazio berrien eratzea, batez ere Sobietar Batasuna ohiaren barnean eta inguruan.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nazio Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak