2014 Iraken

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jarraian, 2014. urtean Iraken izandako gertaerak azaltzen dira.

Urtarrila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Anbarreko gatazka»

2013ko abenduaren 30an, Anbar probintzian gatazka piztu zen.

Ekaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren 5ean, Estatu Islamikoaren aurkako borroka hasi zuen Irakeko gobernuak eta nazioarteak, Irak eta Siriako eremu handiak hartu baitzituzten matxinatu taldeko kideek

Uztaila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 24ean, Fuad Masun Kurdistango Batasun Patriotikoko burua izendatu zuen parlamentuak Irareko presidente. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia herrialdean izan zen, eta batasuneko gobernu nazional bat sortzeko eskatu zuen. Gutxienez hirurogei preso eta zortzi polizia hil zituzten garraiatzen zituzten autobusari egindako erasoan[1].

Abuztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 2an, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1.737 lagun hil zituzten uztailean Iraken. Horietatik gehienak, 1.186, zibilak ziren. Bagdaden hil dute zibil gehien: 415. NBEk argitaratutako kopuruek ez zituzten kontuan hartzen Al-Anbar probintzian Irakeko armadaren erasoaldian hildakoak[2].

Abuztuaren 9an, Barack Obama AEBetako presidenteak esan zuen «luzerako» izango zela Iraken Estatu Islamikoaren aurkako gatazka. Aire erasoei eutsiko ziela jakinarazi zuen, baina batasuneko gobernu bat exijitu zion Iraki[3].

Abuztuaren 11ean, Gobernu berria osatzeko ardura Haidar al Abadi xiitaren, Zuzenbide Estatua koalizioko buruzagiaren, esku utzi zuen Fuad Masum Irakeko presidenteak. Nuri al Maliki ordezkatzeko zeregina utzi zion Masumek Al Abadiri ekitaldi batean, Salim al Yaburi Parlamentuko presidentearen aurrean. Ibrahim al Yaafari Aliantza Nazionaleko buruzagia ekitaldian izan zen. Yaafarik Al Abadi kargurako proposatu zuen. Apirilean hauteskundeak egin zituztenetik, Irak Gobernu berria osatzeko zain zegoen eta Al Maliki behin-behinean karguan zegoen. Al Abadi Londresen erbesteratu zen 2003ra arte, Sadam Hussein boteretik kendu zuten arte. Ondoren herrialdera itzuli zen[4].

Krisi politikoan are gehiago hondoratu zuten Irak al-Malikiren adierazpenek. Masum Irakeko presidentearen aurka salaketa jarriko zuela esan zuen, gobernua eratzeko epeak «nahita» amaitzeagatik. Armadaren elite komandoak eta Al-Malikiren aldeko milizia xiitak gobernuko eraikinetan hedatu ziren, eta estatu kolpe baten beldurra zabaldu zen hiriburuan. Al-Malikiren indar erakusketa horri Irakeko Auzitegi Federalaren epaiak lagundu zion. Ebatzi zuen jarduneko lehen ministroaren Estatu Zuzenbidea koalizioak eratu behar zuela gobernua, boto gehien jaso zuelako hauteskundeetan. Malikik, bozak irabazi arren, ez zuen lortu gehiengo osoa. Aurreko igandean aukeratu behar zuten lehen ministroa, legebiltzarrean, baina bertan behera utzi zuten saioa, taldeen arteko desadostasun handiengatik.

Horregatik eskatu zion Masum presidenteak Al-Abadiri parlamentuaren babesa eskura zezakeen gobernua eratzeko, telebista bidez emaniko parlamentuko saio batean. Agintari xiita jo zuten askok krisiaren erantzuletzat, haren politika «baztertzaileek» suniten eta kurduen artean estatuarekiko ezinikusia sortu dutelakoan. Izan ere, Estatu Islamikoa nekez ahal izango zen hedatu Irak iparraldean barrena, buruzagi suniten sostengurik gabe. Horregatik, herrialdeko zein atzerriko eragileek ezinbestekotzat zuten Al-Maliki baztertzea krisia bideratze aldera. Sunitek eta kurduek ez ezik, xiitek ere horren alde egin dute: Muqtada al-Sadr eta Ali al-Sistani buruzagi erlijiosoak haren aurka agertu ziren[5].

Abuztuaren 12an, Haider al-Abadiren izendapena babestu zuen Iranek, Atzerri Ministerioak helarazitako adierazpen baten bidez. Bestalde, Irakeko presidenteak, Fuad Masumek, gobernua eratzeko eskaera egin zion Al-Abadiri, jardunean zegoen lehen ministro Al-Maliki baztertuz[6].

Abuztuaren 13an, Nuri Al Maliki Irakeko lehen ministroak ez zuela kargua utziko jakinarazi zuen eta haren Gobernua ez zutela ez ordezkatu, ezta geldituko ere aipatu zuen. Al Malikik espero zuen alde guztiek legearekin eta Konstituzioarekin hartzea konpromisoa. Ordura arteko lehen ministroak berriro eskatu zien segurtasun indarrei krisialdi politikotik kanpo geratzea, Auzitegi Goren Federalari bidea libre uzteko eta Irak defendatzeko lanean aritzeko[7].

Abuztuaren 14ean, Nuri al-Maliki Irakeko jarduneko lehen ministroak amore eman zuen, eta herrialdea gidatzeko hautagaitza bertan behera utzi zuen. Presioei men egin zien, eta ez zion hirugarren legealdi bati helduko. Telebistan emandako hitzaldian esan zue Haider al-Abadiren hautagaitza babestuko zuela[8].

Abuztuaren 21ean, herrialdeko segurtasun gabezia konpontze aldera, Haider al-Abadi Irakeko lehen ministrogaia gobernua osatzeko lanetan zebilen. Konstituzioaren arabera, 30 egun zituen gobernua osatzeko eta legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortzeko. Al-Abadik uste zuen gai izango dela desadostasun politikoak gainditzeko. Herrialdeko kurdu eta sunita gutxiengoek bidali zizkioten gobernuan sartzeko baldintzak, eta Al-Abadi programa horiek aztertzen ari zen[9].

Abuztuaren 22an, miliziano xiitek Diyala probintzian egindako eraso sektario batean, dozenaka pertsona hil zituzten meskita sunita batean. Bin Wais herriko Musaab bin Omair meskita ostiral eguerdiko errezorako jendez gainezka zegoela, miliziano xiitek lehergailu batzuk jaurti eta tiro egin zieten errezoan ari ziren sunitei. 34 hildako zenbatu zituzten; baina 70 artean izan zitezkeen hilak. Erasoaren ondoren, miliziano xiitek setiatuta eduki zuten meskita eta zaurituak ospitalera eramatea galarazi zuten. Ordu batzuk lehenago, sei xiita hil zituzten handik gertu, lehergailuak zartarazita[10].

Abuztuaren 23an, miliziak armagabetzeko hainbat lege onartzeko asmoa zuen Irakeko Parlamentuak. Salim al Jaburi legebiltzarreko presidenteak jakinarazi zuenez, soilik armadari baimendu nahi zioten armak izatea[11].

Iraila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 4an, ISek kontrolatutako eremuetatik eta gerra frontetik haratago, erretaguardian ere erasoak etengabeak ziren. Gutxienez 43 lagun hil zituzten bonba auto batekin[12].

Irailaren 8an, kurduen babesarekin, Irakeko Parlamentuak gobernu berria onartu zen. Al-Abadi lehen ministroak adierazi zuen prest zegoela kurduen autonomiarekin «erabaki gabe» zeuzkaten auziak eztabaidatzeko[13].

Irailaren 13an, John Kerry AEBko Estatu idazkariak aitortu zuenez, Estatu Islamikoa garaitzeko abian zeuden operazio militarrak "ez dira nahikoak", eta taldearen finantzazioa eta Irakera eta Siriara zihoazen jihadista atzerritarren joan-etorria kontrolatzea ere ezinbestekoa izango zela adierazi zuen[14]. Egun berean, Haider al-Abadi Irakeko lehen ministro izendatu berriak armadari agindu zion Estatu Islamikoak hartutako herrietako bizitoki auzoak bonbardatzeari uzteko, «biktima errugaberik izan ez dadin». Sunitak kexu ziren, Irakeko armada jihadistak besteko arriskutzat baitzuten[15].

Irailaren 15ean, AEBek lehenengoz Bagdadetik gertu egin zituen bonbardaketak, hiriaren hego-mendebaldean, hain justu. Sirian ere erasoak egiteko asmoa azaldu berri zuen Obamak, Iraken operazioa hedatzearekin batera. Horrekin batera, 30 herrialdek konpromisoa hartu zuten Iraki "laguntza militar egokia" emateko Estatu Islamikoaren aurka borroka zedin[16].

Irailaren 16an, Al-Kaidaren Yemengo eta Afrika iparraldeko adarrek ISri laguntzeko deia egin zieten beste talde jihadistei. Al-Kaidak 2013an hautsi zuen ISrekiko harremana. Irakeko Gobernuak Siriakoarekin elkarlana areagotu nahi zuela adierazi zuen[17].

Irailaren 17an, Etxe Zuriari eraso egingo ziola mehatxu egin zuen Estatu Islamikoak. "Borroka hasi baino ez da egin", adierazi zuen talde islamiarrak bere grabaketan. Bideoak pelikula baten aurrerakinaren antza zuen[18].

Irailaren 21ean, Berriak zabaldu zuenez, Iraken barruko Kurdistango fronte guztietan zebiltzan peshmerga andrazkoak, Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Talde jihadistak kurduen herrien aurkako erasoaldia hasi zuenetik, ehunka ziren soldadugaien zentroetara zihoazen emakumeak[19].

Irailaren 26an, EIren kontrako borrokak 'urteak' iraungo zuela esan zuen Cameronek. Ezusterik izan ezean, Estatu Islamikoak Iraken zituen gordelekuen kontra airezko erasoak egiteko baimena emango zuen egun horretan Parlamentu britainiarrak[20].

Azkenik, Iraken Estatu Islamikoari eraso egitea babestu zuen Erresuma Batuko Parlamentuak. Aldeko 524 boto eta aurkako 43 izan zituen egitasmoak. Protestak izan ziren kanpoaldean[21]. Belgika ere hasiko zen, parlamentuak gobernuari hartarako baimena eman ondoren. Danimarkak eta Herbehereek ere prest zituzten hegazkinak, parlamentuek erasoekin bat egiteko baimena emateko zain. Europako beste zenbait herrialde, EB Europako Batasunekoak ia denak, armaz hornitzen ari ziren Kurdistango Eskualde Autonomoa eta Irakeko armada. EBren Justizia eta Barne Gaietarako zuzendariaren arabera, 3.000 dira Sirian eta Iraken ISren alde borrokan ari ziren EBko herritarrak[22].

Irailaren 30ean, Erresuma Batuko hegazkinek aurreneko erasoa egin zuten Iraken. Ehiza-hegazkinek jihadisten ibilgailu bati eta posizio armatu bati eraso egin zieten. Ordura arte helburu posibleak antzemateko ikuskapen hegaldiak egin zituzten Erresuma Batuko hegazkinek[23]. Egun berean, Irakeko kurduen peshmerga indarrek aurrerapen garrantzitsua egin zuten IS Estatu Islamikoaren aurka, Mosul ondoko Rabia hiria hartu zuten, eta, horrekin, Irakeko iparraldea Siriarekin lotzen zuen errepide nagusia kontrolatzea lortu zuten. AEBek zuzendutako koalizioaren hegazkinen laguntza izan zuten erasoaldian[24].

Urria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 1ean, Irakeko lehen ministroak ez zuela nahi herrialde arabiarrek aire erasoak egiterik adierazi zuen. Soilik Mendebaldeko herrialdeak nahi zituela adierazi zuen Al-Abadik[25].

Urriaren 2an, Sirian eta Iraken erasotzeko baimena berritu zuen Turkiako Gobernuak. Parlamentuan aldeko 298 boto izan ziren, eta aurkako 98[26]. Egun berean, Irakeko Gobernuak jakinarazi zuen Hit hiriaren hegoaldea ISren esku erori zela. Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako datuen arabera, ISren erasoaldiaren ondorioz urtarriletik irailera 9.347 zibil hil ziren Iraken[27].

Urriaren 9an, gutxienez Estatu Islamikoko 220 ekintzaile hil zituzten Iraken, nazioarteko koalizioaren bonbardaketa batean. Mosul hiriaren mendebaldetik Ramadira armaz beteta zihoan 25 ibilgailuko konboi bati egin zioten eraso gerra hegazkinek. Mosul hiriaren inguruan ere aire erasoei ekin zien berriro nazioarteko koalizioak, Eid al-Adha ospakizunagatik egindako etenaren ondoren[28].

Urriaren 10ean, Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmerga indarrek Mendebaldeko herrialdeen armak jaso zituzten, eta hegazkinekin koordinatuta ari ziren erasoan. Hala hartu zituzten hiru herri Mosuldik 75 kilometrora. Bagdadetik 90 kilometrora AEBek zuzendutako koalizioak ISko ustezko 53 kide hil zituen bonbardaketa batean[29].

Urriaren 15ean jakin zenez, Estatu Islamikoak astebetean 159 lagun hil zituen Bagdaden, lehergailuekin egindako erasoetan. EIk estatuko egitura ofizialei ere erasan zien azken egunotan. Urriaren 12an, Ahmad Sadak al-Dulaimi mendebaldeko Al-Anbar probintziako Poliziaren burua hil zuen, haren lau bizkartzainekin batera. Hit hirian sartu zen EI, eta auzo bakarrari eutsi zion armadak. Bagdadetik 150 kilometrora zegoen; 300.000 biztanle zeuzkan, baina EIren erasoaldiaren ondorioz 100.000 errefuxiatu ere bazeuden bertan[30]. Bestalde, Barack Obama AEBetako presidenteak EI Estatu Islamikoaren aurkako koalizioko aliatuei eskatu zien «luzerako» prestatzeko talde horren aurkako borrokan[31].

Urriaren 18an, Estatu Islamikoak debekatu egin zien Mosulgo herritarrei Irak iparraldeko hiria uztea. Erlijio auzitegi baten oniritzia izanez gero, gehienez ere hamar eguneko irteera baimenak ematen hasi zen EI. Baimena lortzeko, gainera, 6.500 euroko berme bat utzi beharra zeukaten herritarrek[32].

Urriaren 20an, EI Estatu Islamikoak berriz ere yezidien aurkako erasoaldi bat hasi zuen Irakeko Sinjar mendian. Etnia kurduko gutxiengo erlijioso bat dira yezidiak, eta 2014ko udan EIk sarraski bat egin zuen haien aurka. Milaka babestu ziren Sinjarren, eta, «genozidio arriskua» zegoela iritzita, AEBek aire erasoak hasi zituzten. YPG eta PKK gerrillak erabakigarriak izan ziren errefuxiatuak salbatzeko. 7.000 zibil arriskuan zeudela zioten gerrillariek[33].

Urriaren 21ean, EIren agerpenaren ondorioz are gehiago estutu zen Iraken eta Iranen arteko harremana. Horren adierazle, Haidar al-Abadi Irakeko lehen ministroak Teheranera bidaiatu zuen. Hassan Rohani Irango presidenteak babes osoa agertu zion. Halaber, Rohanik bi mezu zuzendu zizkien AEBei[34].

Urriaren 24an, Irakeko armadak helikopteroekin bonbardatu zituen EI Estatu Islamikoak Sinjar mendian zeuzkan posizioak. Azken egunetan, eguraldi txarraren ondorioz AEBek zuzentzen zuten koalizioak ezin izan zituen hegazkinekin bonbardaketak egin. Halaber, milizianoek EIko 35 kide hil zituztela jakinarazi zuen. EIren erasoaren helburua Sinjarren babestutako milaka yezidiak sarraskitzea zen. Abuztuan muturreko islamisten erasoaldi handi bat pairatu zuten. Ordutik, babeserako milizia bat eratu zuten PKK eta YPG gerrilla kurduen laguntzarekin[35].

Urriaren 25ean, AEBen bonbardaketa baten ondoren, peshmerga kurduek Zumar hiria berreskuratu zuten[36].

Urriaren 30ean, EI Estatu Islamikoak 150 pertsona hil zituen Irakeko mendebaldean; tartean zeuden poliziak eta milizianoak. Eskuak lotu eta begiak estali ostean hil zituzten, tiroz. Urriaren 28an beste 40 polizia hil zituzten. Irakeko lehen ministroak ohartarazi zuen «indar ororekin» erantzuteko prest zeudela[37].

Azaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 1ean, EI Estatu Islamikoak Irakeko Al-Anbar probintziako Al-Bu Nimr tribu sunitako 50 lagun hil zituen gutxienez. Tribuko buruzagiek eta Irakeko Gobernuko bozeramaileek adierazi zutenez, EIren hedapenaren aurka egin ostean exekutatu zituzten. e. Bestalde, Kurdinstan Autonomoko pexmergak Kobane hirian sartu ziren, egoera aztertzeko, baina ez zuten era zuzenean parte hartu borroketan[38].

Azaroaren 3an, tribu sunita bateko 370 kide inguru hil zituen Estatu Islamikoak Iraken. Gobernuaren aldeko izatea leporatu zion EIk Albu Nimr tribuari, eta «apostata» izendatu zuen[39].

Azaroaren 14an, Iraken eta kurduen petrolioaren auzian akordio bat lortu zuten bi aldeek[40].

Azaroaren 15ean, Estatu Islamikoa Biyiko findegitik botatzea lortu zuen Irakeko armadak[41].

Azaroaren 19an, Estatu Islamikoak Irakeko gutxiengo etnikoen (yezidi, asiriar eta turkmenei) aurka egindako erasoak genozidiotzat jo zituzten[42].

Azaroaren 20an, Estatu Islamikoaren buruzagi bat hil zuten Mosul hirian[43].

Azaroaren 21ean jakin zenez, nazioarteko koalizioak EI Estatu Islamikoaren 30 gune bonbardatu zituen Iraken eta Sirian. Gainera, EIk Ramadi hiriaren kontrako erasoaldia hasi zuen[44].

Azaroaren 25ean jakin zenez, Estatu Islamikoa Irakeko Diyala probintziako bi hiritatik kanporatu zuten baina Al-Anbar probintzian, ezinean zebiltzan[45].

Abendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abenduaren 2an jakin zenez, Armadan lanean egon gabeko 50.000 irakiar soldaduei zegoekien soldata jasotzen ari ziren[46]. Egun berean, petrolio ustiaketaren inguruko afera konpondu zuten Irakeko Gobernuak eta kurduek[47].

Abenduaren 3an, Estatu Islamikoaren aurkako garaipenak azaldu zituzten Bruselan, EIren aurkako koalizioko 60 Atzerri ministroak elkartu ondoren. Iraken eta Sirian talde jihadistaren oztopatu zutela esan zuten[48].

Abenduaren 9an, Pentagonoko burua Irakera joan zen ezustean eta AEBk 3.100 soldadu bidaliko zituela bertara, Estatu Islamikoaren aurka borrokatzeko adierazi zuen[49].

Abenduaren 13an, 17 milioi xiitek jihadisten mehatxuari muzin egin, eta Karbala hiriko xiiten santutegira erromesaldia egin zuten[50].

Abenduaren 19an, gerrillari kurduek islamistek Sinjar mendian zuten setioarekin bukatzea lortu zuten, izan ere, kurduek korridore bat ireki zuten abuztutik setiatuta zeuden milaka yezidiei bertatik ateratzen laguntzeko[51].

Abenduaren 21ean, Berrian egindako elkarrizketan, Pedro Rojo Al-Fanar fundazio arabistako presidentearen arabera, Iraken sektarismoa gaindituko zuen akordio politiko bat lortzea zen herrialdea salbatzeko konponbide bakarra. Oso kritiko azaldu zen ordungo gobernuarekin eta AEBen eta Iranen esku hartzeekin[52].

Abenduaren 23an, Estatu Islamikoak emakume yezidien aurka egindako torturak salatu zituen AIk. Emakume asko erosten edo opari hartzen zituzten eta haien erlijioa uztera eta islamera bihurtzera behartzen zituzten[53].

Abenduaren 24an, gutxienez 38 miliziano suni hil eta 60 zauritu ziren Bagdaden, eraso suizida batean[54].

Abenduaren 25ean, Iraken hogei herri berriz eskuratu zituen armadak[55].

Estatu Islamikoaren aurkako erasoen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 23an, Aljerian talde islamista batek jakinarazi zuen Frantziako herritar bat bahitu zuela. 24 orduko epean Parisek Iraken hasitako bonbardaketak gelditu ezean, bahituari lepoa moztuko ziola esan zuen. Frantziak bonbardaketei eutsiko ziela Iraken. esan zuen. Australian, berriz, Poliziak 18 urteko gazte bat hil du tiroz Melbournen. ISren jarraitzailea izan zitekeelakoan, eta polizia-etxera eraman eta labana batekin eraso zielako tirokatu zuten[56].

Irailaren 23an zabaldu zenez, irailaren 21ean Frantziako turista bat bahitu zuten Aljeria ekialdean, Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioak berretsi zuenez. Gobernuak esan zuen inork ez zuela gertaera bere gain hartu. Aljeriako komunikabideek identifikatu gabeko erakunde terrorista bati leporatu zioten[57].

Irailaren 24an, Aljerian bahitutako turista frantziarra hil zuten jihadistek. Estatu Islamikoari lotutako Kalifatoaren soldaduak taldeak bideoa zabaldu zuen interneten. Hala ere, Frantziak ez zituela Estatu Islamikoaren kontrako erasoak etengo ohartarazi zuen[58].

Irailaren 30ean, Erresuma Batuko Gobernuak Poliziaren eskumenak gehitu zituen atzerrian «terroristen alde borrokan ibilitako susmagarriei» pasaportea kentzeko[59].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://web.archive.org/web/20140729133312/http://www.berria.eus/paperekoa/5004324/013/002/2014-07-25/fuad_masun_izendatu_dute_irakeko_presidente.htm Berria, 2014-07-25
  2. «UZTAILEAN INDARKERIAREN ONDORIOZ IRAKEN HILDAKOAK», Berria, 2014-08-03
  3. «Obama: «Irakeko arazoa luzerako izango da»», Berria, 2014-08-10
  4. «Gobernua osatzeko ardura Haider Al Abadiren esku utzi du Masumek», EiTB, 2014-08-11
  5. Adrian Garcia, «Al-Maliki baztertu dute Iraken, «gobernu zabalago bat» osatzeko», Berria, 2014-08-12
  6. «Haider al-Abadi Irakeko lehen ministro izateko izendapena babestu du Iranek», Berria, 2014-08-13
  7. «Ebazpen judizialik izan ezean, Al Malikik ez du Gobernua utziko», EiTB, 2014-08-14
  8. Adrian Garcia, «Al-Malikik amore eman du», Berria, 2014-08-15
  9. Adrian Garcia, «AEBek, mehatxuei muzin egin, eta aire erasoekin jarraitu dute Iraken», Berria, 2014-08-21
  10. «Dozenaka sunita hil dituzte tiroka meskita batean», Berria, 2014-08-23
  11. «Irakeko miliziak armagabetzeko legeak onartuko ditu parlamentuak», Berria, 2014-08-24
  12. Mikel Rodriguez, «AEBek eta Erresuma Batuak ISren aurkako koalizio bat osatu nahi dute», Berria, 2014-09-05
  13. Mikel Rodriguez, «Kurduen babesarekin, Irakeko Parlamentuak gobernu berria onartu du», Berria, 2014-09-09
  14. «'Estatu islamikoaren kontrako operazio militarrak ez dira nahikoak'», EiTB, 2014-09-13
  15. «Bizitegi auzoak ez bonbardatzeko agindu du Irakek», Berria, 2014-09-14
  16. «Bagdadetik gertu eraso diote AEBek Estatu Islamikoari», Berria, 2014-09-16
  17. «AEBek Bagdad ingurua bonbardatu dute lehen aldiz Estatu Islamikoaren aurka»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-17
  18. «Etxe Zuriari eraso egingo diola mehatxu egin du Estatu Islamikoak»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-09-17
  19. A. Pampliega, «Peshmerga andrazkoek, heriotzari beldurrik ez»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-21
  20. «EIren kontrako borrokak 'urteak' iraungo duela esan du Cameronek», EiTB, 2014-09-26
  21. «Iraken Estatu Islamikoari eraso egitea babestu du Erresuma Batuko Parlamentuak», Berria, 2014-09-26
  22. Mikel Rodriguez, «Europa gerrara doa», Berria, 2014-09-27
  23. «Erresuma Batuko hegazkinek aurreneko erasoa egin dute Iraken», EiTB, 2014-09-30
  24. Mikel Rodriguez, «Laguntza selektiboa», Berria, 2014-10-01
  25. «Irakeko lehen ministroak ez du nahi herrialde arabiarrek aire erasoak egiterik», Berria, 2014-10-02
  26. «Sirian eta Iraken erasotzeko baimena berritu du Turkiako Gobernuak», Berria, 2014-10-02
  27. Mikel Rodriguez, ««Kobane infernu bilakatuko dugu Estatu Islamikoarentzat»», Berria, 2014-10-03
  28. Xabin Makazaga, «Turkiak begira jarraituko du», Berria, 2014-10-10
  29. «Irakeko kurduek bertze hiru herri hartu dituzte», Berria, 2014-10-11
  30. Mikel Rodriguez, «Erretaguardian ere borrokan», Berria, 2014-10-16
  31. «Aliatuei «luzerako» prestatzeko erran die Obamak», Berria, 2014-10-16
  32. «Mosuldik irteteko baimenak mugatu egin ditu EIk», Berria, 2014-10-19
  33. «EIk berriz ere yezidien kontra ekin dio Iraken», Berria, 2014-10-21
  34. Mikel Rodriguez,«AEBek Turkiari erantzun diote Siriako kurduen PYD alderdia ez dela «terrorista»», Berria, 2014-10-22
  35. «Irakeko armadak Sinjar mendian eraso dio EIri», Berria, 2014-10-25
  36. «Pexmergek hiri bat kendu diote Estatu Islamikoari», Berria, 2014-10-26
  37. «150», Berria, 2014-10-31
  38. «Estatu Islamikoak Irakeko tribu sunita bat sarraskitu duela salatu dute», Berria, 2014-11-02
  39. Mikel Rodriguez, «Tribu sunita bateko 370 kide inguru hil ditu Estatu Islamikoak Iraken», Berria, 2014-11-04
  40. «Iraken eta kurduen petrolioaren auzia bideratu dute», Berria, 2014-11-15
  41. «Estatu Islamikoa Biyiko findegitik kanporatzea lortu du Irakeko armadak», Berria, 2014-11-16
  42. «Yezidien aurkako EIren erasoak, genozidio Iraken», Berria, 2014-11-20
  43. «Estatu Islamikoko buruzagi bat hil dute Mosulen», Berria, 2014-11-21
  44. «30», Berria, 2014-11-22
  45. Mikel Rodriguez, «Irakeko Diyala probintziako bi hiritatik bidali dute Estatu Islamikoa», Berria, 2014-11-25
  46. «50.000», Berria, 2014-12-02
  47. «Petrolio ustiaketaren auzia konpondu dute Irakeko Gobernuak eta kurduek», Berria, 2014-12-03
  48. Adrian Garcia, «Estatu Islamikoaren aurkako lorpenak bistaratu dituzte Bruselan», Berria, 2014-12-04
  49. «Pentagonoko burua Irakera joan da, ezustean», EiTB, 2014-12-09
  50. «17», Berria, 2014-12-14
  51. «Islamistek Sinjar mendian jarritako setioa amaitzea lortu dute gerrillari kurduek», Berria, 2014-12-19
  52. Mikel Rodriguez, ««Estatu Islamikoaren basakeriak Irakeko Estatuak egindakoekin konpara litezke»», Berria, 2014-12-21
  53. «EIko kideek emakume yezidien kontra egindako torturak salatu ditu AIk», EiTB, 2014-12-23
  54. «Gutxienez 38 miliziano suni hil dira Bagdaden, eraso suizida batean», EiTB, 2014-12-24
  55. «Iraken hogei herri berreskuratu ditu armadak», Berria, 2014-12-26
  56. «Frantziak bonbardaketei eutsiko die Iraken»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-24
  57. «Frantziako turista bat bahitu dute Aljeria ekialdean»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-09-22
  58. «Aljerian bahitutako turista frantziarra hil dute jihadistek»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-09-24
  59. «Erresuma Batuak kontrol neurriak zorroztu ditu», Berria, 2014-10-01

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]