Nahiz eta sarbidea irisgarria izan eta geltokiak irisgarritasun neurriak betetzen dituen arren, nasa eta trenaren arteko maila ezberdintasuna dela eta geltokiaren erabilera ez da irisgarria.
Arartekoak argitaratutako irisgarritasuna eta garrioaren ikerketa-diagnosiaren arabera, «Mugikortasun Urriko Pertsona erabiltzaileak ezin du modu autonomoan nasa eta unitate mugikorraren plataformaren arteko desnibela libratu», eta «Burdinbide zerbitzuen eragileak ez dio Mugikortasun Urriko Pertsona erabiltzaileari bermatzen ibilgailutik igo edota jaistea.»[2]
Etorkizunean Bilboko Renfeko Aldirien sarean mugikortasun urriko pertsonei egokitutako trenak ezartzea espero da. Bitartean, 2018ko udan zehar plataforma irisgarri mota ezberdinekin hainbat froga egin ziren.[3]
Hiru urte eta erdiko iraupena izan zuten lanen ondoren, geltokia 2008koabenduaren 18an inauguratu zen. Eraikuntzak, Bilbao Ría 2000 erakundeak bultzatuta, 17,5 milioi euroko kostua izan zuen.[6]
Geltokia lurpean kokatzen da, 50 metroko sakoneran. Horrek ADIFen sare osoko geltokirik sakonena bihurtzen du. Eraikuntza gauzatzeko hiru putzu egin behar izan ziren, igogailuak, aireztapena eta larrialdietarako hustubideak kokatzeko. Igogailuen putzuak 50 metroko sakonera eta 15 metroko diametroa dauka. Gainera, gaur egun geltokia kokatzen den trenbide tunela handitu behar izan zen, bitartean ibiltzen zen tren zerbitzua gelditu gabe.
Nasetara sarbidea bestibulu nagusi batetik egiten da, Miribilla eraikinaren aurrean dagoen plazan kokatzen dena. Bestibulua, 0 solairuan dagoena, beiradun eraikuntza bat da, 300 metro koadroko azaleraduna eta txartel salmenta, balioztatze makinak eta leihatila batez hornituta dagoena. Nasetara jaisteko sei igogailu panoramiko daude, horietariko bakoitzak 21 pertsona jaso ditzake eta 30 segundotan ibilbidea egiten du. Igogailuetatik artifizialki argiztaturiko putzua ikus daiteke.
-1 solairua 42 metroko sakoneran dago, eta bertan dago Urduña zentzuan ibiltzen diren trenen nasarako sarbidea. -2 solairuan, 47 metroko sakoneran, Abandoko geltokira doazen trenen nasarako sarbidea dago. 0 eta -1 solairuen artean S1, S2, S3 eta S4 solairuak daude, solairu iristezinak direnak.