Tabako
Tabakoa legezko droga bat da,[1][2][3][4][5] Nicotiana generoko zenbait espezierekin ekoitzia, berez nikotina duena, nahiz eta saltzen den tabakoari nikotina zati handi bat artifizialki gehitzen zaion.[6] Entsegu mediko ugaritan frogatu izan da mendekotasun handia sortzen duela.[7] Tabakoa modu askotan kontsumi daiteke: zigarreta, pipa, zigarroa, xurgatuta, mastekatuta eta abar, baina gehiena zigarretatan erreta kontsumitzen da. Munduan 1.100 milioi tabako kontsumitzaile daude, eta, Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun munduan heriotza saihesgarri gehien sortzen du: urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoagatik ―barnean direlarik erretzaile izan gabe tabakoaren keagatik gertatzen diren 1,3 milioi heriotzak―, munduan urtean izaten diren heriotzen % 10 inguru.[8]
Europar Batasunean, populazioaren % 26 tabako erretzailea da (2023), eta % 29 dira 15-24 urtekoen artean. Urtero, 700.000 pertsona hiltzen dira tabakoagatik.[9]
Landarea Nicotiana generoaren parte da, Solanaceae familian. Egun, 70 espezie erabiltzen dira tabakoa egiteko, baina nagusia Nicotiana tabacum da. hala ere, herrialde askotan indar handiagoko Nicotiana rustica landarea ere erabiltzen da.
Tabakoak nikotina alkaloidea du —droga kitzikagarria da— eta tetrahidrodarmina.[10] Tabakoaren hosto lehorrak batez ere erabiltzen dira zigarreta, puru, erretzeko pipan edo xixa zaporedun tabako eran. Tabako-hauts, mastekatzeko tabako edo snus moduan ere eskaintzen da.
Arrisku faktorea da gaixotasun askotan, batez ere bihotzari, gibelari eta birikei eragiten dietenetan, eta minbiziaren sortzaile da. 2008an Munduko Osasun Erakundeak tabakoa izendatu zuen mundu osoan saihets daitezkeen heriotza-arrazoi nagusietako dat.[11]
Tabakoaren keak ―ez bakarrik erretzaileek baizik erretzaileengandik hurbil daudenek ere xurgatzen dute― osasunerako kaltegarriak diren bost osagai nagusi ditu: mundrunak, karbono monoxidoa, elementu erradioaktiboak, substantzia narritagarriak eta nikotina. Frogatuta dago tabako kontsumoak zenbait minbizi mota eragiten dituela, hala nola ahokoa, laringekoa, biriketakoa eta iraitz aparatukoa; ama erretzaileen umekien heriotza edo malformazio larriak eragiten dituela; eta gaixotasun kardiobaskularrak areagotu eta ugaltzen dituela.[12]
Etimologia
Hitza gaztelania eta portugeseko tabacotik dator: haren jatorri zehatzaren inguruan eztabaida dago, baina uste da taino hizkuntza batetik datorrela, zehazki Karibeko arawaketik. Tainoz, Bartolomé de las Casasen arabera, tabago hitza tabako hostoen zilindro bat egitea zen. Oviedoren esanetan, hostoei cohiba izena ematen zitzaien eta Y forma zuen tabakoaren kea esnifatzeko tresna zen tabago hori.[13][14]
Hala ere, eta agian kasualitatez, gaztelaniaz, portugesez eta italieraz oso antzeko ele bat erabili zen 1410etik aurrera, zenbait belar sendagarri izendatzeko, arabierazko ṭubbāq (طُبّاق) hitzetik eratorria: berba jadanik IX. mendean erabiltzen zen eta landare batzuen izen arrunta zen.[15]
Jatorria
Tabakoaren landarea Ameriketan sortu zen.[16] Tabakoak kontsumo mota ugari zituen Hego Amerikan. Erretzeaz gain, tabakoa sudurretik xurgatzen zuten, mastekatu, jan, edan (egoskin bat eginda uretan), gorputzaren gainean igurtzi egiten zuten, begietan tantatan erabili eta enemetan erabiltzen zen. Errituetan, borrokaren aurretik gerrarien aurpegian putz egiten zuten tabako hautsa, soroetan sakabanatzen zen erein aurretik, jainkoei eskaintzen zitzaien, sexu harreman baten aurretik barreiatzen zen emakumeen gainean, eta narkotikotzat erabiltzen zuten.[17]
Maia herriak erritu eta erlijio ospakizunetarako erabili zuenez, europarrek Amerika mendean hartu zuten orduko ezagutu zuten. 1559an, Francisco Hernández de Toledok eraman zuen hazia Espainiara, eta urtebete geroago, Jean Nicot diplomatikoak sartu zuen Frantzian; hari zor zaio landarearen izen generikoa (Nicotiana). 1585ean, Ingalaterrara eraman zuen Francis Drake nabigatzaileak; Walter Raleigh esploratzaile ingelesak, berriz, gortean hasi zuen tabakoa pipatan erretzeko ohitura, dotoreziaren, aristokraziaren eta bereizketaren ikur gisa.[18]
Tabakoaren laborantza masiboa eta ekoizpen industriala Estatu Batuetako hegoaldean hasi zirelarik, handik gutxira, hain errentagarriak ez ziren kotoizko laboreak ordeztu zituen. Estatu Batuetako tabako industriaren garapena herrialde horretako gerra zibiletik aurrera egin zen batez ere. Gerra horrek azkar aurrerarazi zuen ekonomia, eta enpresa espezializatu handiak sortu zituen. XX. mendeko lehen hamarkadatik aurrera, jakina zen osasunarentzat kaltegarria zela tabakoa, baina zuzeneko publizitateak, alde batetik, eta argazkigintzak lehenik eta zinemak gero, droga hori jendarteratzen eta modan jartzen lagundu zuten.[19]
XX. mendean zehar, pixkanaka hazten joan ziren, alde batetik, tabakoaren gaitzen kontzientzia kolektiboa; eta, bestetik, zigarretatan produktu kaltegarri gehiago eranstea, edo, behintzat, horren berri izatea. Hala, jakina zen, esate baterako, 1970eko urteetan Brown & Williamson ―British American Tobacco enpresaren adar bat― tabako ekoizleak tabako landarearen aldaera berri bat lortu zuela, nikotina bikoitza zuena, % 3,4 izan ordez % 6,5era iritsita. 1990eko hamarkadan, jakina zen tabako ekoizleek artifizialki handitzen zutela nikotina edukia, eta hamar urte geroago jakin zen 210 polonioa gehitzen hasi zirela (substantzia erradioaktibo oso toxikoa).[20]
Tabako ekoizle handiek, ekonomikoki oso indartsuak direnez, presio handi bat eragin ohi dute politikari eta agintariengan, tabakoa desarautzearen alde egin dezaten.[21] Estatu Batuetan kanpaina politikoak enpresa pribatuen ekarpenen bidez finantzatzen direnez, tabakoaren lobbyak milakoa dolar erabiltzen ditu auzibidetan.[22] Nolanahi ere, tabakoaren kontsumoa gero eta handiagoa da herrialde eta gizarte klase pobreenetan; horietan, tabakoak modu desorekatuagoan eragiten dute negatiboki.[23]
Historia
Europarrek Indietara iritsi zirenean, tabakoaren berri izan zuten. Ameriketan oso zabalduta zegoen landare horren erabilera eta zenbait modutara hartzen zuten bertakoek: hauts bihurtuta, hostoa ahoan ibilita edo erreta (zigarro moduan, pipan...). produktuak izen ugari zituen: aztekek pisietl deitzen zioten, maia zibilizazioan kutz eta Brasilen, petum. Hitza ez dator Karibeko Tobago irlatik, arabiar hitza baita, tubbaq terminoaren eratorria, arabiarrek medikuntzarako erabiltzen zituzten zenbait belarrentzako izenetik hartua.[24]
Tabakoa mundu magiko eta terapeutikoarekin oso lotuta zegoen Ameriketan eta botika berezia balitz bezala pasatu zen Europako gizarte klase altuetara. Jean Nicot de Villemain Portugaleko enbaxadore frantsesak Frantziako gortera eraman zuen eta Katalina Medici erreginak gustura hartu zuen landarea. Bestaldetik, Ameriketatik etorritako esklabu beltzen eta marinelen artean ere oso azkar zabaldu zen, lan nekezaren ostean lasaitu egiten zuelako. XVII. mendearen bukaeran, Europa guztian erabiltzen zen. Aristokratek eta aberatsek tabako hautsa hartzen zuten sudurretik (frantsesez râpé deitzen zitzaion). Jende xehearen artean, ordea, ohikoagoa zen erretzea. Gero, tabakoa erretzeko ohitura hori klase sozial altuetara pasa zen.[24]
Noski, tabakoaren kontsumoa geldiarazteko saiakera asko izan ziren. Izan ere, medikuntzarekin baino, aztikeriarekin lotu baitzuen batek baino gehiagok. Errusian esate baterako, tabakoa sudurretik hartzen zuenak sudurra mozteko arriskua zuen;[24] Urbano VIII.a aita santuak berriz, tabakoa hartzen zuten elizgizonak eskumikatzeko agindua eman zuen.[25] Baina herrialde gehienek kalterik ez, onurak ikusi zizkioten tabakoari, poltsikoak betetzeko aukera paregabea, adibidez.
Produkzioa eta merkataritza, euskaldunen itzal
1634an Espainiak tabakoa estankatu zuen. Estankoak esan nahi zuen estatuak monopolio guztia zuela tabakoa produzitu eta saltzeko. Gerora, izen hori bereganatu zuten tabakoa saltzen zuten saltokiek eta gaur egun horrela ezagutzen ditugu. Tabakoa estankatu aurretik, Sevillan munduko lehenengo tabako fabrika sortu zen. Bertatik pasa behar zen kolonietatik etorritako tabako guztia. Espainiar Inperioak produkzio eta merkataritza sare handia osatu zuen tabakoaren inguruan eta laster produktu hau Koroaren diru sarrera nagusiena bilakatu zen.[24]
Sare handi horretan euskaldunak ere izan ziren. Madril eta Sevillako euskal jatorriko familiek tabako erakundeetan zuzenean parte hartu zuten. Ameriketako kolonietan tabakoari esker aberastu zen euskaldunik ere badugu, batez ere Kuban. Juan Jose Justiz Etxabarria gipuzkoarra, Kubako kreole aberats batekin ezkondu zen eta horrekin batera bilakatu zen irla hartako lur jabe handienetakoa. XVIII. mendeko urte oparoetan, tabakoaren industrian etekin ugari izan zituen Justizeko markesak (jubilatzean eman zioten titulua), eta bere tabakoa espainiar gortera eramaten zuten zuzenean, kalitate handikoa zelako. Badugu beste adibide bat. Oraindik existitzen da Por Larrañaga zigarro marka. Ignacio Larrañagak asmatu zuen 1834an Kuban eta fabrika eraiki zuen. Zigarroak industrializatzen aitzindari izan zen Larrañaga. Mende horren amaieran hain zuzen, Heraclio Farias izeneko batek makina berezi bat patentatu zuen zigarroak egiteko, Farias puruak.[24]
XVIII. mendean, tabakoa eta beste kolonialak (azukrea, kakaoa, kafea...) merkaturatzeko, zenbait ekimen martxan jarri ziren eta horien artean euskaldunek sorturiko bi merkataritza konpainia daude: Habanako Errege Konpainia eta Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Habanako Konpainiaren bultzatzaile nagusi izan zen Martin Arostegi arantzarra. Arostegi, tabako produkzioarekin oso lotuta zegoen, Kuban zituen jabegoen bidez. Hain zuzen, konpainia honen lehentasuna zen Sevillako fabrikak tabakoz hornitzea. 1739an Espainiako erregearen baimena lortu zuten Kubako merkataritzaren monopolioa izateko eta hurrengo urteetan Kubako tabako produkzioa izugarri igo zen konpainia honi esker. Habanako Konpainia akzioen bidez sortu zen, eta akziodunen artean euskaldun ugari aurki daitezke, batez ere nafarrak eta gipuzkoarrak: Arostegi, Basabe, Goienetxe, Iturralde, Zuaznabar... Urte batzuen ostean Koroak tabakoaren asientoa kendu zion Habanako Konpainiari. Tabakorik gabe konpainiak nekez egin zuen aurrera, azukrearen negozioari nola hala helduta.[24]
Caracasko Konpainia ezagunagoa da agian. Donostiako kontsulatuak eta merkatariek sortutako konpainia honek Venezuelako kakaoa zuen helburu, baina horrezaz gain tabakoa ere ekarri zuen Ameriketatik. Dena den, konpainiak aurkari gogorrak izan zituen, holandarrek aspaldi sortu baitzuten venezuelar tabakoarekin merkataritza sare sendoa. Gipuzkoarrek, tabakoa Cádizera edo Donostiara eraman eta gero, Amsterdamera bidaltzen zuten, bertan manufakturatu zezaten. Jakina den bezala, merkataritza pribilegioa galdu zuenean desagertu zen Caracasko Konpainia, 1778an[24].
Tabako kontrabandoa Euskal Herrian
Eta zer gertatzen zen Euskal Herrian tabakoarekin? Foruen bidez, Hego Euskal Herriko probintziek zerga sistema berezia zuten. Oinarrizko produktuentzako aduanak ez zeuden kostaldean, barrualdeko mugetan baizik. Oinarrizko produktu horien artean dago tabakoa. Bilbo edo Donostiara inolako trabarik gabe iristen ziren Ameriketako tabakoak eta horrek, hala beharrez, kontrabando emankorra sortu zuen[24].
Gipuzkoa eta Bizkaiko kostara Brasil tabakoz beteriko barku holandarrak eta ingelesak iristen ziren behin eta berriro. Caracas eta Habanako konpainiek ez zieten sekula itzalik egin. Horrezaz gain, Donostian, Baionatik ekarritako tabakoa sartzen zuten. XVII. mende amaieran, donostiarren merkataritza jarduera okerrenean zegoenean, Baionakoek sartu zuten tabako gehiena Gipuzkoan, Donostiako portutik. Iparraldetik bestelako tabakorik ere sartzen zen muga pasata: bertako faktoria eta plantazioetatik ateratakoa. Nafarroari dagokionez, erreinuan estanko sistema berezia zegoen eta etekinak berarentzat izaten ziren[24].
Horiek horrela, agerian zegoen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, kontsumitzen zena baino askoz ere tabako gehiago sartzen zela eta sobera zegoen hori kontrabandora bideratzen zela, Gaztelara batez ere. Horrek, Espainiaren eta euskal probintzien arteko auzi eta liskar ugari ekarri zituen mendeetan zehar: lehenak kontrabandoa geldiarazteko neurriak hartu nahi zituen, bigarrenek berriz ez zuten konpetentzia kentzerik nahi. Soluzioa izan zen probintzien esku uztea lurralde hauentzako tabako estankoaren kudeaketa. Hala ere, kontrabandoa eragozteko zigorrak, indarra eta kontrola izan ziren ohikoena: Oiartzunen, bertako alkateak bizilagun bat salatu zuen mikeleteek bere lurretan tabako plantazio bat aurkitu zutelako; Hernanin, 1770ean aguazila auzitan sartu zuten tabako kontrabandoagatik atxiloturik zuen pertsona batek ihes egin ziolako; Bergaran, Tolosako bizilagun bat izan zen auzitan sartu zutena tabako kontrabandoagatik, «bi fardel tabako hostotan eta beste bat tabakoa hauts bihurtuta» zeramatzan. Euskal Herriko artxiboak tabako kontrabandoarekin zerikusia duten horrelako dokumentuz gainezka daude.[24]
Osaera
Tabako landareak nikotina kontzentrazio handi bat du; alkaloide horrek tabakoarekiko mendekotasuna ―hau da, tabakismoa― eragiten du erretzen denean, eta, gainera, produktu oso toxikoa da, egoskinetan, batez ere intsektizida gisa erabiltzen baita.
Konposizio konplexuko landarea da, tratamendu ugari ematen zaizkio eta substantzia ugari gehitzen, guztiak zehazki ezagutzen ez badira ere.[26] Horrek are eta konplexuagoa egiten du tabakoarekin egiten diren produktuen konposizioa. Izan ere, tabako landareek multzo zabal bat osatzen dute, elkarren artean antzekoak baina desberdinak, bakoitzak bere ezaugarriak baititu. Adibidez, Nicotiana tabacum landareak alkaloide nahasketa bat du, gehiena (S)-nikotina (% 93,0), eta gainerakoa (S)-anatabina (% 3,9), (S)-nornikotina (% 2,4) eta (S)-anabasina (% 0,5).
Baina tabakoaren osagai nagusia ez da landare hori, mundruna baizik, zigarretaren % 88-% 99 artean osatzen baitu. Mundruna petrolioaren azpiproduktu bat da, substantzia ugari dituena, jatorriaren arabera kopuru eta kalitate aldagarriekin. Gehienak kaltegarriak dira osasunerako, baita zigarreta piztean errekuntzak sortu eta keak barreiatzen diren gehienak ere. Substantzia horietako batzuk dira hidrogeno zianuroa, karbono monoxidoa (CO), karbono dioxidoa (CO2), amoniakoa, nitrogeno oxidoa (NxOy) eta abar.
American Journal of Public Health aldizkariak[27] nabarmendu zuen, 2008an, AEBko tabako industria garrantzitsuenak (besteak beste, Philip Morris, RJ Reynolds eta British American Tobacco) ezkutatzen egon zirela substantzia erradioaktibo oso kantzerigenoak, besteak beste 210 polonioa (adibidez, Alexander Litvinenko espiaren heriotza eragin zuena, pozoituta) zeudela zigarretetan.[28][29][30] 210 polonioa gai erradioaktibo kutsagarrienetako bat da, eta Estatu Batuetan birikako minbizi guztien % 1 eragiten du.[31] Polonioa zigarretan dago, baina erretzerakoan keak hartzen du: tabako laborean erabilitako fosfato ugariko ongarriak apatito meategietara ateratzen dira, eta arroka mota hori oso aberatsa da radioan eta polonioan. Substantzia horiek, zehazki, landareari eragiten diote nitrato eduki murritzagoa ukan dezan, zigarretaren gustu eta usain bereizgarria lortzeko; gehigarri aromatizatzaile gisa erabiltzen dira.[28][31][32] Erraza izan daiteke erradioaktibitate eta 210 polonio kopurua murriztea zigarretatan, ongarriak aldatuta edo, besterik gabe, disolbatzaile egoki bat erantsita, baina tabako ekoizleek baztertu egiten dute, tabakoaren usain bereizgarria galduko litzatekeelakoan.[28][30]
Tabakoaren laborantza eta idortzea
Prozesatu gabeko tabako
ekoizle handienak (2020)[33] | |
---|---|
Herrialdea | Tonak |
Txina | 2.611.610 |
India | 804.454 |
Brasil | 769.801 |
Zimbabwe | 257.764 |
AEB | 212.260 |
Indonesia | 197.250 |
Zambia | 153.839 |
Bangladesh | 128.597 |
Tanzania | 116.603 |
Argentina | 106.319 |
Mundu osoan | 6.685.611 |
Zigarretatan edo beste modutan erreta kontsumitzen den tabakoa landare hostoetatik ateratzen da, idortzen utzi eta egoki prestatu ondoren. Xehatu eta zenbait produktu gehitzen zaizkio, nahasketa hobeki lotzeko, eta kolorea, zaporea edo usaina aldatzeko, hobeki kontserbatzeko eta plastikotasuna emateko, besteak beste. Orain arte, tabako enpresa bakar batek ere ez du xehetasunez azaldu zein gai gehitzen dituen, ezta zein kopurutan ere. Duela urte batzuetatik, baina Europar Batasunak produktu bukatuaren nikotina eta mundrun kopurua adieraztera behartzen ditu ekoizleak, erraz egiazta daitekeenez laborategiko analisien bidez.
Tabako landareak mintegietan jaio eta sei aste dituztenean sailetan birlandatzen dira.[34] Gehienezko luzerara (2 metro inguru) iritsi baino lehen, infloreszentziak mozten dira, hostoen kalitatea hobea izan dadin. Geroago, alboetako ernamuinak ere kendu behar izaten dira. Gaur egun, lan horiek egiteko makinak eta produktu kimikoak (hidrazida maleikoa, esate baterako) erabiltzen dira. Hostoak heltzen direnean, haien kolorea berdetik hori argira aldatzen da. Beheko hostoak goikoak baino lehenago heltzen dira, eta bilketa noiz egin erabakitzeko, konposizio kimikoa kontuan hartzen da. Eskuz edo makinaz bil daitezke.[35][36]
Bildu ostean, hostoak ondu (idortu) egin behar dira. Idortzean ura galdu eta prozesu biokimikoek aurrera jarraitzen dute.[35] Lau modu nagusi daude:[37]
- Airearen bidez: hostoak ongi haizeztatutako lehortegietan zintzilikatzen dira. Prozesuak 4-8 aste irauten du. Era horretan ondutako tabako hostoak kolore marroia, oso azukre gutxi eta nikotina eduki handia izaten ditu.
- Beroaren bidez: hostoak esekirik dauden lehortegian bero artifiziala sartzen da. Hostoek kolore hori-laranja hartzen dute eta azukre eduki handia daukate. Virginiako tabakoa ontzen da modu horretan.
- Eguzkiaren bidez: hostoak armazoietan lotu eta eguzkitan jartzen dira. Idortzeko 12-30 egun behar dute. Hostoen kolorea horia edo laranja izaten da, eta azukre edukia handia.
- Suaren bidez: zintzilik dauden tabako hostoen azpian adar lehorrak erretzen dira. Era horretan, idortzeaz gain, ke usaina hartzen dute. Piparako tabako batzuk ontzen dira horrela.
Tabako produktuak
Tabakoa zigarro puruetan, zigarretetan edo pipan erretzeko erabiltzen da, edo murtxikatzeko edo sudurretik xurgatzeko.
Tabako hostoak idortu egiten dira, eguzkitan jarrita edo behar adina aireztatutako lokaletan, edo artifizialki, lehorgailu bidez. Lehenengo hautaketa egin ondoren, 10-50 hosto bitarteko sorta lotuak hartzitu egiten dira, lortu nahi den produktuaren eta kalitatearen arabera. Hartzidurarik aktiboena da hostoak 55 °C ingururaino berotzea; eragiketa horretan, nikotinaren zati bat galtzen dute. Rapé xurgatzeko tabako hautsa egiteko erabiltzen diren hostoak gatzunetan beratzen dira, zerrendatan zatitu eta hartzitzen uzten dira, hilabete luzez. Ondoren, birrindu eta hauts bihurtuta, berriro hartzitzen dira.
Murtxikatzeko tabakoa egiteko ere, hostoak gatzunetan jartzen dira, eta, ondoren, tabako zuku gaziko bainu batean. Ondoren, gogorki konprimitzen dira prentsa hidraulikoetan, likido gehiena gal dezaten.
Erretzeko tabakoak zenbait modutan prestatzen dira, lortu nahi den zaporearen arabera, baina tabako mota ugariko nahasteak izaten dira, modu ezberdinetan tratatuak. Tratamendu hauek egin ohi dira: beroan egindako hezetze bat edo gehiago, beheranzko tenperaturetan, eta ondoren torrefakzioa, eta, batzuetan, nikotina guztiz edo hein batean kentzeko tratamenduak.[38]
Legedia
Europar Batasunean ez dago debekatuta tabakoaren kontsumoa, fabrikazioa eta salmenta.[39] Mugak daude, baina, kontsumorako. Espainian,[40] Frantzian[41] eta beste herrialde batzuetan legez debekatuta dago tabakoa erretzea erakunde publikoetan, lantokietan, eskoletan eta inguruetan, ospitaleetan eta inguruetan, kiroldegietan, era guztietako saltokietan, ostalaritza lokal eta eraikinetan, garraio publikoetan eta, orobat, sarbide publikoa dagoen lokal edo eraikin guztietan edo janaria eta edaria saltzen denetan. Gasolina zerbitzugunetan, debekua segurtasun arrazoiengatik egiten da. Era berean, debekatuta dago adingabeei tabakoa saltzea, baina, beste droga batzuetan ez bezala (adibidez, marihuana), adingabeko kontsumitzaileek edo droga hori daramatenek ez zigortuak izaten.
Europar Batasunaren araubidea oso zehatza da tabako kontsumoaren aurkako ohartarazpenei dagokienez, nahitaezko baita zigarreta pakete guztietan osasunerako ondorio kaltegarriak agertzea, ezaugarri tipografiko deigarriak erabilita: «erretzeak hil egiten du» mezu bat agertu behar da, letra beltzez hondo zuriaren gainean, beltzez nabarmenduta eta kaxaren alde nagusiaren erdia okupatuta.[39]
Tabakismoa
Tabakismoa tabakoarekiko mendekotasuna da, modu naturalean eta, batez ere, artifizialean dagoen nikotinaren ondorioz, mendekotasun efektua indartzeko eta, hartara, gehiago saltzeko. Zigarreta erako tabakoa oso kaltegarria da osasunerako, osagai toxiko ugari dituelako (mundruna, CO, sulfatoak, eta abar), erradioaktiboak (0,01 becquerel tabako gramo bakoitzeko)[42] eta kantzerigenoak, landareari artifizialki gehituak. Nikotina, mendekotasuna sortzeaz gain, oso toxikoa da, eta 50 mg-tik gora hilgarri izan daiteke.
Erreferentziak
- ↑ «Tabakoa - Drogak eta adikzioak - Osasun Saila - Euskadi.eus - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» web.archive.org 2022-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Frantsesez) «Tableau de bord des indicateurs relatifs au tabac et au tabagisme en France - OFDT» web.archive.org 2022-12-30 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) España. (2023-03-08). «Portal Plan Nacional sobre Drogas - Tabaco» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Frantsesez) «Le tabagisme et la dépendance - Canada.ca» web.archive.org 2023-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Ingelesez) National Institute on Drug Abuse (NIDA). (2023-06-06). «Cigarettes and Other Tobacco Products DrugFacts» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Ingelesez) «How Big Tobacco made cigarettes more addictive» web.archive.org 2023-07-01 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ «Comprendre la dépendance - Québec sans tabac» web.archive.org 2023-05-14 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Ingelesez) World Health Organization. (2023-07-31). «Tobacco» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Frantsesez) Commission européenne. (2023-07-11). «Le tabagisme - Vue d’ensemble» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ «Tobacco : the most dangerous drug in the world» www.biopsychiatry.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ «WHO | WHO report on the global tobacco epidemic 2008» WHO (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ (Frantsesez) «Tabagisme, conséquences sur la santé - Santé publique France» web.archive.org 2023-02-15 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ «Christopher Columbus discovers Cuba 11.04.03» wais.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ (Ingelesez) Ernst, A.. (1889). «On the Etymology of the Word Tobacco.*» American Anthropologist A2 (2): 133–142. doi: . ISSN 1548-1433. (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ «Mawrid Reader» ejtaal.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ (Ingelesez) «Tobacco: Its historical, cultural, oral, and periodontal health association - PMC» web.archive.org 2023-06-02 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Ingelesez) Wilbert, Johannes. (1987-01-01). Tobacco and Shamanism in South America. Yale University Press ISBN 978-0-300-05790-4. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
- ↑ (Ingelesez) Wallace Collection Online. (2012-11-09). «Sir Walter Raleigh's tobacco pouch» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Frantsesez) Gallopel-Morvan, Karine; Béguinot, Emmanuelle; Martinet, Yves; Mourouga, Philippe; Nieraad, Christelle; Ratte, Sylviane. (2006). «Le placement des produits du tabac dans les films» Les Tribunes de la santé 11 (2): 81. doi: . ISSN 1765-8888. (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ «Radiation Studies: CDC - Cigarette Smoking and Radiation» web.archive.org 2023-07-16 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) García, Pablo. (2016-06-15). «Philip Morris, el poder del ‘lobby’ tabaquero en Bruselas» ctxt.es (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Ingelesez) Action on Smoking and Health. (2010-11-26). «Tobacco Spends Over $100,000 Daily to Lobby in DC [10/23/01»] web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Ingelesez) Munduko Osasun Erakundea. (2006-04-28). «Tobacco» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ a b c d e f g h i j Urko APAOLAZA: Landare magiko eta terapeutiko hura Argia.eus. Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported[Betiko hautsitako esteka] lizentziarekin argitaratua
- ↑ Luis REYES: La primera ley antitabaco Tiempodehoy.com
- ↑ (Frantsesez) Comité scientifique des risques sanitaires émergents et nouveaux - Union Européenne. (2006). «Les additifs du tabac» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Ingelesez) «American Public Health Association (APHA)» web.archive.org 2023-08-04 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ a b c (Ingelesez) Muggli, Monique E.; Ebbert, Jon O.; Robertson, Channing; Hurt, Richard D.. (2008-09). «Waking a Sleeping Giant: The Tobacco Industry’s Response to the Polonium-210 Issue» American Journal of Public Health 98 (9): 1643–1650. doi: . ISSN 0090-0036. PMID 18633078. PMC PMC2509609. (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Frantsesez) «Cigarette : Le secret du polonium 210» web.archive.org 2022-10-01 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ a b (Frantsesez) «Du polonium 210 dans les cigarettes: les industriels savaient - Le Nouvel Observateur» Le Nouvel Observateur (web.archive.org) 2008-08-28 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ a b (Frantsesez) Vitkine, Benoît. (2008-08-28). «Du polonium dans le tabac : un secret bien gardé par les cigarettiers» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Ingelesez) Marmorstein, Jerome. (1986-02). «Lung Cancer: Is the Increasing Incidence Due to Radioactive Polonium in Cigarettes?:» Southern Medical Journal 79 (2): 145–150. doi: . ISSN 0038-4348. (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ «World Tobacco Production by Country - AtlasBig.com» web.archive.org 2023-04-19 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ El cultivo del tabaco (1ª parte) Infoagro.com
- ↑ a b Ana GALARRAGA (2005): Tabako-ekoizpenari kea dario[Betiko hautsitako esteka] Elhuyar aldizkaria. Zientzia.net
- ↑ El cultivo del tabaco (2ª parte) Infoagro.com
- ↑ Tabaco: Cosecha, curado y procesamiento Batcentralamerica.com
- ↑ (Gaztelaniaz) FAO. (2003). Cuestiones relacionadas con la economía mundial del tabaco. web.archive.org ISBN 978-9253050837. (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ a b (Ingelesez) Directive 2014/40/EU of the European Parliament and of the Council of 3 April 2014 on the approximation of the laws, regulations and administrative provisions of the Member States concerning the manufacture, presentation and sale of tobacco and related products and repealing Directive 2001/37/EC Text with EEA relevance. 2014-04-03 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jefatura del Estado. (2010-12-31). Ley 42/2010, de 30 de diciembre, por la que se modifica la Ley 28/2005, de 26 de diciembre, de medidas sanitarias frente al tabaquismo y reguladora de la venta, el suministro, el consumo y la publicidad de los productos del tabaco. , 109188–109194 or. (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Frantsesez) «Quelles sont les dispositions de lutte contre le tabagisme en France ?» web.archive.org 2023-03-26 (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- ↑ (Frantsesez) Vitkine, Benoît. (2008-08-28). «Du polonium dans le tabac : un secret bien gardé par les cigarettiers» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- «Tabako-kerik Gabeko Euskadi» programa, Osasun Saila.
- «XXI. mendean 1.000.000.000 pertsona hilko dira tabakoaren ondorioz», Argia, 2019-01-22.
- «Kea biriketan nikotina garunean», zientzia. net webgunea.
- «Tabakoaren aurkako nazioarteko lehen ituna», Eroski Consumer, 2003-05-21.
- Hannah Ritchie eta Max Roser (2013) - «Smoking». OurWorldInData.org.