Edukira joan

Antzinako Grezia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Antzinako grezia» orritik birbideratua)

Antzinako Grezia
K.a. 1100 – K.a. 146
Geografia
HiriburuaAtenas
Kultura
Hizkuntza(k)Antzinako greziera
Historia
Aro ilunaK.a. 1100-K.a. 800
Aro arkaikoaK.a. 800-K.a. 480
Aro klasikoaK.a. 480-K.a. 323
Aro helenistikoaK.a. 323-K.a. 146
Delfosko estadioa

Antzinako Grezia[1] greziar hizkuntza eta kulturako herrien zibilizazioa izan zen, K.a. XIII. eta IX. mendeen artean hasi eta Antzinaroa bukatu arte iraun zuena (K.o. 600 urtea). Mendebaldeko zibilizazioaren jatorrizko kulturatzat hartzen da, itzelezko eragina izan baitzuen Erromatar Inperioan, bai eta Pizkundean eta ondorengo beste aroetan ere. Gaur egungo Grezian eta Asia Txikian hasi zen, eta gero Mediterraneo osora zabaldu, Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino.

Historialari batzuen ustetan, Antzinako Grezia izenaz ezaguna den garaiari K.a. 776 urteko lehenengo Olinpiar Jokoek eman zioten hasiera. Garai mizenikoaren eta Lehenengo Olinpiar Jokoen artean Aro Iluna zeritzan garaia igaro zen: ez da horri buruzko idatzirik gorde eta erlikia arkeologiko gutxi, besterik ez.[2]

Tradizionalki Antzinako Greziako garaia K.a. 323. urtean Alejandro Handiaren heriotzarekin bukatu zela jotzen zen, garai helenistikoari hasiera eman zitzaionean. Hala ere, Antzinako Grezia askotan K.a. 146. urtea arte, hau da, Erromatarren konkistaraino luzatu izan da.[3]

Aro hura honela zatitu izan da zenbait gertaera politiko, sozial eta kulturalen arabera:

  • Aro iluna (K.a.1100-k.a.800): garaiko zeramikek diseinu geometrikoak zituzten.
  • Garai arkaikoa (K.a. 800- k.a. 480): eskulturek “irribarre arkaikoa” zuten. Esaten da Garai Arkaikoa Atenasko azken tiranoa uzkaili ondoren amaitu zela K.a. 510 urtean.
  • Garai klasikoa (K.a. 480- 323 k.a.): estilo ezberdin bat garatu zen, ondoren ereduzkoa bilakatu zena; Partenoia garai hartan eraiki zen.
  • Garai helenistikoa (K.a. 323- k.a. 146): greziar kultura eta boterea Ekialde Hurbil eta Ertainera zabaldu zen. Alejandro Handiaren heriotzarekin hasi eta erromatar konkistarekin amaitu zen, Korintoko guduaren ostean (K.a. 146).[4]

Horiek guztiak Antzinako Grezia izenaz ezagun den aroaren barruan sailkatzen dira; hala ere, Greziak aldaketa asko jasan zituen hurrengo urteetan, eta honela sailkatzen dira Garai Helenistikoaren ondoren etorri ziren aroak:

Helenismoaren aurreko garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezian, kontinente barruan aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak Epipaleolitokoak dira (40.000 K.a.). Neolitoko lehen aztarnategiak K.a. 6200. urtekoak dira. Garai hartan itsas bidaldiak ohikoak ziren kontinentearen eta uharteen artean, eta horren adierazgarri da Milos uharteko obsidiana harria, Grezia guztian barrena barreiatua dagoena. Brontzearen antzinako garaian (K.a. 2600-2000) agertu ziren uharteetako aurreneko kulturak: zikladikoa eta minoikoa. Kultura zikladikoa nagusi izan zen 2600. urtetik 1800era bitartean, eta minoikoa edo Kretakoa izan zen ondoren. Kretako kulturak merkataritza harremanak zabaldu zituen Mediterraneoaren ekialdean, eta luxu handiko hiriak, artelan ugariez apainduak, sortu zituen, eta haiek egundoko eragina izan zuten kontinentean. K.a. 1400 inguruan desagertu zen kultura hura, zibilizazio mizenikoak bereganatuta.

Zibilizazio mizenikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mizenasko Lehoien atea.

Lehen herri indoeuroparrak K.a. 3000. urtean iritsi ziren Egeo ingurura. Beren zibilizazioa finkatu zuten lurralde hartan, nahiz eta kultura minoikoaren eragina jaso itsas merkataritzaren bidez. Mizenas zen bertako hiri nagusia eta hartatik datorkio izena kultura hari. Aurkitu diren aztarnategiek adierazten dutenez, gizarte gerrazalea bide zen hura. Eguneroko bizitza harresi garaiez babestutako hiri inguruan egiten zen, eta hiriko jauregia izaten zen erregearen eta aitonen semeen bizilekua. Abere hazkuntza eta nekazaritzaz gainera, Mizenaskoak merkataritzan aritzen ziren eta baita itsaslapurretan ere. Ekonomia ongiro nabarmena eta kultura adierazpide aberatsak iritsi zituzten, eta horren adierazgarri dira hilobietan aurkitu den tresneria aberats fina (Atreoren altxorra). K.a. 1200 urte inguruan desagertu zen Mizenasko zibilizazioa itsasaldeko herrien erasoek eraitsita. Mizenasko zibilizazioa desagertu zenean asko jaitsi zen Greziako biztanle kopurua, baina K.a. XII. mendean, doriarrek Greziara emigratu zutenean igo egin zen berriro.

Aro iluna / Antzinako Greziaren Erdi Aroa (K.a. 1201-700)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doriarrek Grezia menderatu zutenean, mizenastarren hiri-jauregiak desagertu ziren. Garai hartan erabat hedatu zen burdinaren erabilera. Hiribildu batzuk sortu ziren, politikari dagokionez burujabeak (polis) izan zirenak, eta lursailak landu ziren haien inguruan. Erregeek gobernatzen zituzten, aitonen semeek lagunduta, haiek baitziren, hain zuzen, artaldeetako eta lurretako jabeak eta kontseiluko kideak. Laborariek eta artisauek bazuten ordezkaririk biltzarrean, baina kontseilu nagusiak esaten zuena izenpetzea zen haien eginkizun bakarra ia. Jopuek eta esklaboek ez zuten eskubide politikorik. Polisak burujabeak baziren ere, elkarren artean bazuten alderdi komunik: hizkuntza, idazkera eta erlijioa, esaterako, bat zuten guztiek. Greziako hiriak Asia Txikiaren kostaldeetara ere hedatu ziren.

Garai arkaikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako Grezia K.a. VI. mendean

Garai hartan polis hiribilduetan ekonomia aldatuz joan zen, eta merkataritzak eta artisautzak garrantzi handia izan zuten. Lehengo erregetza ere aldatuz joan zen eta erregimen aristokratiko bihurtu zen, VIII. mendean Asia Txikian sortu eta Grezia osora hedatu zena gero. Hiria gobernatzeko eztabaida politikoen lekua aitonen semeen kontseilua edo biltzarra (bule) izan zen. Herriaren biltzarra (ekklesia) bigarren mailan geratu zen, eta, horregatik, politikan parte hartzeko eskubidea aberatsen eta ahaldunen esku zegoen ia oso osorik. VIII. eta VI. mendeen bitartean gertatu zen Greziaren kolonizazioa Mediterraneo itsasoaren eta itsaso Beltzaren kostaldean. Hasieran, emigrazioa, nekazaritzako lursailen faltaren kariaz gertatu zen, izan ere, antolaketa patriarkalaren arabera, lurraren gaineko eskubideak noble familietako premuarentzat izaten baitziren. VII. mendetik aurrera emigrazioaren merkataritza alderdia hasi zen azaltzen, eta, hala, polis berriak jatorrizko hiriaren faktoria edo sukurtsal bihurtu ziren.

Kolonizazioarekin batera merkataritza heldu zen eta hark ekarri zuen ekonomia garapenaren ondorioz erregimen aristokratikoa ahulduz joan zen VII. mendetik aurrera; gizarte maila berri bat sortu zen hala, gizon askeena, jatorriz pobrea baina merkataritza zela medio aberastua, eta eskubide politikoak eskatzen zituena. Herri xehea, aldi berean, aristokraziaren aurka matxinatu zen, lurren banaketa eskatzeko. Maila ezberdinen arteko harremanak arautzeko, lege batzuk argitaratu zituzten Atenasen (Solonek) eta Mitilenen (Pitakok). Egin ziren eraberritzeak ez baitziren nahikoak izan, gobernurako bidea zabaldu zitzaion tiraniari. Herentziaz ondorengorik izateko eskubiderik ez zuten buruzagiak ziren tiranoak eta herriaren laguntzari esker egiten ziren aginpidearen jabe. Oro har, tiranoek merkatariei, artisauei eta lur jabe txikiei laguntzen zieten, eta behartsuenei lana ematen zieten herri lanetan. Tiranoei esker bukatu zen betiko oligarkiaren antolaketa, eta K.a. 507. urtean ezarri zen demokraziarako bidea erraztu zen, halaber.

Sakontzeko, irakurri: «Grezia klasikoa»

Mediar Gerrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mediar Gerrak.
Artikulu nagusia: «Mediar Gerrak»

Persiar Inperioak greziar munduarekin topo egin zuen, mendebalderantz hedatzen ari zenean. Gatazka itzuri ezina zen, Mediterraneo itsasoaren ekialdean zeuden merkataritza bideen nagusitasuna baitzegoen jokoan. K.a. 540. urtean persiarrek mendean hartuak zituzten Asia Txikiko hiri greziarrak. Joniako hiriak persiarren nagusitasunaren aurka matxinatu ziren eta gerra hasi zen. Dario I.a persiar erregearen osteak Atikan lurreratu ziren, baina atenastarren oinezko gudarien osteek (hoplitak) aurre egin eta garaipena lortu zuten. Greziarren garaipenak agirian utzi zituen garai hartako gerra teknika batzuen akatsak. Esaterako, han frogatu zen gehiago zela herritar gudaria, bere lantza, kasko, koraza, zangoko eta ezkutu biribil gogorrarekin (hoplon) ilara itxietan antolatua (falangeak), ezen ez hainbat etniatako persiar gudariak, arma arinak soinean zituztela, borrokarako ilara irekietan antolatuak. Greziar gudariak falange ilaratan antolatuta zeuden, ahaide eta auzoen ondoan. Horrek borrokarako adorea ematen zien, eta guduaren une gogorrenetan borroka bertan behera uzteko tentazioa galarazten. Hoplitaren hornidura guztia (berez, nahiko garestia) herritarraren kontura zihoan, eta ordaintzeko ezina azaltzen zutenak, berriz, galeretara bidaltzen zituzten arraunlari lanetarako.

Xerxes I.a Persiakoa izan zen Dario persiar erregearen ondorengoa eta hura ere garaitua izan zen bi gudu handitan; bata, Salaminako gudua (480) itsasoan, eta bestea, Plateako gudua (479) lurrean.

Atenasen nagusitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Perikles.

Atenasek eta Joniako hiriek bat egin eta Delosko Liga sortu zuten K.a. 477an, hiri joniarrak persiarren erasoetatik babestu asmoz. Elkarteko kide ziren hiriak burujabe ziren; hala ere, Atenasek eduki zuen beti nagusitasuna elkartearen barruan, bai alderdi militarrean, bai ekonomia aldetik ere. Persiarren aurka garaipena lortu ondoren, elkarte hura inperio bihurtu zen Atenasen gidaritzapean. Atenasek, gainera, zergak jasotzen zituen elkarteko beste hirietatik. Horrez gainera, Atenasko herritarren bizilekuak ugaritu egin ziren Jonian (klerukiak). Hala, Atenasek zuen nagusitasuna Grezia guztira hedatu nahi izan zuen, baina Espartako hiri elkartearekin topo egin zuen. Atenasen nagusitasuna 446. urtetik 431ra luzatu zen. Delosko elkarteko hirien laguntzari esker Atenasek indar handiko ontziteria bildu zuen, eta Mediterraneoaren ekialdea eta itsasoko merkataritza bideak kontrolatu zituen haren bidez. Demokrazia zen Atenasko antolamendu politikoa; hala ere, herri xeheak ezin zuen gobernuan parte hartu (Thetoak, metekoak eta esklaboak). Aginpidea gutxiengo aristokratikoaren esku zegoen, eta klase hark zituen eskubide guztiak. Garai hartan Atenasen oso modu aberatsez landu ziren arteak eta antzerkiak. Politikan, berriz, Perikles izan zen estatu berriaren antolatzailea.

Peloponesoko Gerra eta polisaren gainbehera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Peloponesoko Gerrako aliantzak.
Artikulu nagusia: «Peloponesoko Gerra»

Delosko Liga eta Peloponesoko Ligaren arteko gatazka izan zen Greziako estatu guztien arteko gerra piztu zuen txinparta. Hogeita hamar urtez iraun zuen guduak (K.a. 431-404) eta Greziako polis guztiak krisialdian amildu zituen. Hasieran hiri estatu batzuen eta besteen indarrak elkarren pare zeuden, baina Espartaren alde jarri ziren gauzak, Perikles izurriteak hil baitzuen eta Atenasko ontziteriak eta gudarosteek hondamendia jasan baitzuten Sizilian. Atenasek borroka nagusia galdu zuen Egospotamosen (405), espartarrek eta persiarrek elkar hartu eta gudaroste handi bat eratu baitzuten haren kontra. 404. urtean izenpetu zen bake ituna; Atenas Delosko elkartea bertan behera uztera behartu zuten eta bere kabuz baliatzera.

Handik aurrera, Espartak izan zuen nagusitasuna eta gobernu oligarkikoak ezarri zituen polisetan. Greziako hiriek gerraren ondorioak nozitu zituzten; hala, lursailak hutsik geratu ziren eta mertzenario taldeak harrapaketak eta triskantzak eginez ibili ziren; herri xehearen ekonomia baliabideak esklaboenaren pareraino jaitsi zen, eta matxinadak ugari ziren nonahi. 403an Atenasek, Espartaren uztarria astindu eta haren kontra altxaturik, demokrazia ezarri zuen berriro lurralde hartan. Atenasek eta Espartak beste bake itun bat izenpetu zuten 374an; bertan Atenasek Espartaren nagusitasuna onartu zuen kontinentean, eta Espartak, bere aldetik, itsasaldeko beste elkarte bat antolatzen utzi zion Atenasi. Tesaliak eta Tebasek Beoziako Liga sortu zuten, eta haiei aurre egiteko elkar hartu behar izan zuten Atenasek eta Espartak. Mantineako guduan (362) Espartako eta Atenasko osteek hondamendia izan zuten. Alabaina, gudu hartan hil zen Epaminondas buruzagia, eta heriotza harekin bukatu zen Tebasen nagusitasunaren aldi laburra.

Aro helenistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Garai helenistikoa»
Garai helenistikoko lurraldeen jabetza:      Ptolomeotar Erreinua      Kasandroren Erreinua      Lisimakoren Erreinua      Seleukotar Inperioa      Epiro Mapan ere agertzen dira:      Greziar koloniak      Kartago (ez zen greziarra)      Erroma (ez zen greziarra) Laranjaz dauden lurraldeak liskarretan egon ziren k.a. 281 urtea eta gero. Pergamoko Erreinuak lurraldeetako zati bat hartu zuen.

Filipo II.a Mazedoniakoak, bere erresuma batu eta Greziako hirien arteko borrokaz baliatuz, laster bereganatu zuen Greziako penintsulako iparralde guztia. Pangeoko urre meategiak hartu zituen, eta handik atera zuen behar adinako aberastasuna lurraldeak konkistatzen jarraitzeko. Borrokarako falangeen antolaketa eraberritu zuen eta bi eskuez erabili behar ziren bost metroko lantza luzeak (sarissa) eman zizkien bere soldaduei. Filipo erregeak atenastarrak eta tebastarrak garaitu zituen Keroneako guduan (K. a. 338), eta handik gutxira Eubeako eta Peloponesoko lurraldeak eskuratu zituen. Korintoko Liga sortu zuen orduan, heleniar herri guztiak bere inguruan bildu eta Persiar Inperioa menderatu asmoz. Baina K. a. 336an hil egin zuten.

Filiporen ordez, Alexandro haren semea egin zen errege. Traziarrak eta iliriarrak haren kontra matxinatu baitziren, kanpaina bati ekin zion haiek zapaltzeko. Tebastarrak une hartaz baliatu ziren Mazedoniari erasotzeko, baina Alexandrok berehala zapaldu zuen Tebasko hiria, eta biztanleak esklabo gisa saldu zituen. Grezia barruko gatazka guztiak bukatu ondoren, Persiako Inperioa menderatu zuen Alexandro Handiak. Era hartan bi kulturak elkartu ziren, Greziakoa eta Ekialdekoa, eta hura izan zen zibilizazio helenikoaren hasiera.

Alexandro K. a. 323. urtean hil zenean, hark bildutako inperioa banatzeko gerrak hasi ziren. Azkenean, diadokoen, alegia Alexandroren jeneralen, esku geratu ziren erresumak: antigonidak Mazedonian, seleukotarrak sortaldean (Levanten, Mesopotamian eta Persian) eta lagidak Egipton. Garai hartan, greziarrek, batez ere gazteek, etengabe emigratu zuten ekialdeko heleniar inperioetara, Alexandriara eta Antiokiara batez ere. Horren ondorioz, bi hiri horiek kultura helenistikoaren erdigune bilakatu ziren.

Greziako hiriek beren askatasunaren zati bat berreskuratu ahal izan zuten, Mazedoniako Erresumari kontuak eman behar bazizkioten ere. Greziar polisak bi ligatan elkartu ziren, Akaiar Liga (Tebas, Korinto eta Argos) eta Etoliar Liga (Esparta eta Atenas), eta elkarren arteko borrokan jarraitu zuten, harik eta K. a. 146n Erromak menderatu zituen arte. Handik aurrera, greziar kulturak eta, orobat, helenikoak Erromako mundua sakonetik eraberritu zuen.

Gizartea eta politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziako gizartean biztanleek maila eta eginkizun desberdinak zituzten legearen aurrean. Orokorrean pertsonak esklabo edo askeak izan zitezkeen, eta aldi berean pertsona askeen artean hiritarrak eta atzerritarrak bereizten ziren.

Esklabua bere jabearen menpe zegoen eta ez zuen inolako eskubiderik. Mota askotako jarduerak egiten zituzten, eta askotan esklaboek eta askeek batera egiten zuten lan.

Atzerritar edo metekoek zerga bereziak ordaindu behar zituzten, eta ez zitzaizkien hiritarrei ematen zitzaizkien eskubide politiko eta juridikoak ematen, gainera ezin zuten bizitza publikoan parte hartu. Horrez gain, ezin zituzten lurrak eskuratu, horren ondorioz beren jarduera ekonomiko nagusiak artisautza eta merkataritzara mugatzen ziren.

Hiritarrari aitortzen zitzaizkion hiritartasunari lotuta zeuden eskubide eta betebeharrak. Lurrak erosi ahal izatea, bizitza politikoan parte hartzea, kargu politikoak lortzea eskubideen artean eta betebeharrei dagokienez gerrako gastuak ordaintzea eta soldadutzara joatea.

Atenasen ondo bereizten ziren hiritarrak, atzerritarrak eta esklaboak. Lehenak ziren eskubide politiko guztien jabe eta Greziako demokraziaren eskubidea zutenak, baina beste biak ere aintzakotzat hartzen ziren, Atenasentzat funtsezkoak zirelako.

Emakumeei dagokienez, hiritartasuna aitortzen bazitzaien ere, emakumeak ez ziren inola ere benetako hiritartzat hartzen. Greziako zenbait etxetan ginezeoa zeukaten, emakumezkoentzat bereizten zen gela edo gela multzoa. Horren ondorioz, bizitza publikotik aparte mantentzen ziren emakumeak, nahiz eta bazegoen salbuespenik.

Egitura politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «[[1]

Atenasen egitura politiko berri bat ezarri zen: demokrazia. Demokrazia (demos + krator = "herriaren agintea" grezieraz) aginte-modu bat da, non estatuaren zuzendaritza hiritarren eskuetan dagoen.

Hasiera batean, Atenasko hiri-estatua monarkia bat zen (mono + krator = "bakarraren agintea" grezieraz) errege batek agintzen zuen, baina K.a. 753. urtean lur-jabe handiek boterea kendu zioten erregeari eta egitura oligarkikoa ezarri zuten. Oligarkiarekin (oligos + arkia = "gutxi batzuen agintea"), boterea esku gutxi batzuetan zegoen, pertsona edo familia zehatzetan. Lurraldeko pertsona eraginkorrenak ziren eta euren artean antolatzen zuten agintea. Horrela, oligarkia indarrean egon zen garai hartan, Atenasko aristokratak politika, armada eta justizia osoa kontrolatzera iritsi ziren.

Pixkanaka, Atenasko politikan aldaketak gertatu ziren. Herria aberastu egin zen, merkataritza hobetu eta gerrarako bitarteko gehiago zituzten. Ez zuten jasan nahi oligarka haien menpe egotea eta haien kontrako altxaketak hasi ziren, baita idatzizko legeak eskatzen hasi ere. K.a. 621. urtean Dracon legegileak lege zorrotz batzuk sortu zituen, eta tiranoen (tyrannos = "Jauna") bidez indarrez eta bortxaz inposatu ziren. Garai haietan mahastiak eta olibondoak ugaritu ziren, baita lan publiko handiak ere, langabezia murrizteko. Itsas merkataritzaren bilakaerari esker, aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna txikituz joan zen.

"Atenasko demokraziaren aita" izenez ezagun zen Kalistenesen busto modernoa

K.a 594. urtean Solon, merkatari aberats eta Atenasko estatu-gizona, erreforma politiko garrantzitsuak egiten hasi zen: bule (Boule) izeneko hiritarren batzarra sortu zuten, hiriko gaiak jorratzeko arduradun ziren hiritarrentzako bakarrik zena. Bertako partaideak zozketaz aukeratzen zirenez, ez zen berdintasunean oinarritutako egitura, baina demokraziaranzko lehen pausoak izan ziren. Herri-epaimahai bat ere sortu zuen, Heliee, eta, demokraziaren bidez, herriak bere eskubideak errespetatuak izatea lortu zuen. Solonek, era berean, partaidetza politikoaren lehen arauak ezarri zituen. Horien ondorioz, magistratu izatea ez zen jaiotzaz gertatzen, aberastasunaren arabera baizik.

K.a 508. urtean, Klistenes aristokrata eta ideia berriko gizon politikoak Atenasko egitura politikoan aldaketak egitea erabaki zuen. Solonen erreformatan oinarrituta, Klistenesek erabaki zuen hiritar gehiagok parte hartzea bizitza politikoan eta baita Atenasko zuzendaritzari buruzko erabakietan ere. Lehen aberatsenak bakarrik parte hartzen zuten eta orain hiritar guztiek zuten horretarako eskubidea; hau da, gizonezko libre guztiak hasi ziren hiriaren agintean parte hartzen. Lege-gaitasunaren bidez, hiritarrek herriaren batzarrean —ekklesian— parte hartzen zuten eta aurkezten ziren legeen alde edo aurka botoa ematen. Hiritar guztiek parte har zezaketen erakunde politikoetan; hala nola, bulean, edo ekklesian. Demokraziaren hastapenak ziren.

K.a. 451. urtean, Perikles, Atenasko estatu-gizonak, stratega (armadako komandantea) kargu garrantzitsua lortu zuen. Hamabost aldiz jarraian hautatua izan ondoren, bere buruzagitza militarra inposatu zen Atenasko bizitza politikoan. Herri-batzarrean, ekklesian, zuen botere handia baliatuta, Atenasko esperientzia demokratikoak gorena jo zuen. Aristokratei boterea murriztu zien eta egitura oligarkikoaren arrastoei amaiera eman. Gainera, erakunde politikoetan parte hartzen zutenei ordainsari bat ezartzea erabaki zuen, aberastasun gutxiago zuten hiritarrek ere hiriaren administrazioan esku hartzeko aukera izan zezaten. Aginte-postuak hiritar guztiek betetzen zituzten txandaka eta herri-batzarraren boterea erabatekoa izatera iritsi zen.

Atenasko esperientzia demokratikoak, mende bakarra iraun zuen. Espartarekin izandako gerrak eta gaixotasunak Atenasen ahuldadearen hasiera izan ziren, eta K.a. 411. urtean Atenasek egitura oligarkikoa berrartu zuen.

Pixkanaka, Mazedoniako errege Filipo II.ak Greziako lurralde guztiak eskuratu zituen K.a. 346. urtean. K.a. 336. urtean Alexandro Handia haren semeak, inperio handi bat sortu zuen, baina, 33 urterekin hiltzean, Greziako lurraldeak, erresuma helenistiko txikietan zatitu ziren.

Hiri-estatuak: polisak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Polis»
Kamiroko antzinako polisa, Kamiro uhartean.

Antzinako Greziako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoak ziren, hau da, askatasun eta autonomia politikoa zuten hiriak ziren. Nahiz eta hizkuntza, erlijio, kultura eta arraza bera eduki, ezin izan zuten estatu bateratu bat osatu, horregatik, lehiakortasun handia zegoen polisen artean.

Oro har, hiri batek eta elikadura ziurtatzen zuen inguruko lurraldeak osaturiko estatu burujabea zen polisa. Hiri antolaketa honen eredua eta garapena Antzinako Grezian hasi zen, baina ondoren Mesopotamiako, Ekialde Hurbileko eta Mediterraneo aldeko (Sumer, Fenizia, Siria, Zipre, Kreta) lurraldeetara ere zabaldu zen. Grezian ehunka polis sortu ziren, eta halako estatu txikien ugalketaren arrazoia izadia, mendiek eta itsasoak mugaturiko lurraldeak, eta tribu zein erlijio zatiketak dira.

Hiri horietako gehienen historia eta konstituzioa zatika besterik ez da ezagutzen; hala, askotan, greziarren historiak Atenas, Esparta eta beste polis gutxi batzuei buruzko datuak biltzen ditu. Greziako polisak K.a. VIII. mendean agertu ziren. Hiriak punturik garaienean eraikitako gotorlekuak (ἀκρόπολις, akropoli), merkatu plazak (ἀγορά, agora) eta bizitegiek (ἄστυ, asty) osaturik zeuden. Hiriaren inguruan nekazal lursailen eraztun bat egoten zen eta bertan polis bakoitzak behar zuena landatzen zen. Klasiko deituriko garaian –monarkia eta tirania gobernu moten ondoren– polisen helduaroa iritsi zen eta demokrazia garatu zen (Atenasen bereziki). Polis guztiek beren konstituzioa (politeia) eta legeak (nomoi) zituzten. Hiritarrak politikaz ez arduratzea gaitzetsia zen, eta Atenasen batzarrean (ekklesia), kontseiluan (boule) eta epaitegietan (heliaia) esku hartzen zuten.

Partenoia, Atena jainkosari sagaratua.

Greziako gizartea politeista zen, garai mizenikoan asmatutako jainko anitz gurtzen baitzituzten. Hirietan egiten zen, batez ere, erlijio bizitza. Hiri bakoitzak zuen bere jainko babeslea, eta hari eskaintzen zizkioten tenpluak. Errituak konplexuak ziren, eta jainko bakoitzeko erritu bat izaten zen. Otoitzak, eskaintzak, opariak, herri jaiak eta jokoak ziren gurtza nagusiak; haien artean zeuden Joko Olinpikoak ere, lau urtez behin udan antolatzen zirenak. Garrantzi handikoak ziren orakuluak, hots, apaizen bidez jainkoek ematen zituzten erantzunak, eta ez zen egitasmorik aurrera eramaten jainkoei aholkua eskatu gabe. Delfos hirikoa zen orakulurik ezagunena. Apolori eskainitako santutegia zen Delfos, Apolo baitzen argiaren eta egiaren jainkoa, Zeusen semea eta Artemisaren neba. Bertan pitonisa batek eman ohi zuen erantzuna, eta apaizek hari entzundakoak idazten zituzten.

Antzinako Grezian arteak, eginkizun estetikoaz aparte, erlijio zeregina edota helburu praktikoa zuen. Artistak soldata baten truke lan egiten zuen, eta haren obrak behar eta egitasmo jakin bati erantzuten zion.

Lehoien Atea, Mizenasen.

Jauregiarena izan zen brontze aroko Greziako arkitekturaren eraikuntza adierazgarriena. Kultura minoikoan jauregiek ez zituzten harresiak babesteko, solairu bat baino gehiago izaten zuten, eta haien oina labirintoaren tankerakoa zen, erdian lauki zuzenaren itxurako patioa zutela. Sabaian zulo batzuk izaten zituzten argia sartzeko eta egurasteko. Eraikuntzari eusteko zutabeak eta euskarriak erabiltzen ziren, hasieran zurezkoak eta harrizkoak gero. Zutabearen gerriak alderantziz jarritako konoaren tankera zuten eta gorriz pintatuta egoten ziren; kapitelak, berriz, beltzak eta abako itxurakoak ziren. Gelak horma irudiz apainduta egon ohi ziren.

Kultura mizenikoan jauregiek harresi sendoak zituzten inguruan babes gisa. Aldi arkaikoan, VIII. mendetik aurrera alegia, arkitektura egitura berriak agertu ziren eraikuntzetan; etxeak eta tenpluak arrunt sinpleak ziren eta ekai sotilez eginak. VII. mendean finkatu zen greziar tenpluaren egitura klasiko ezaguna (Olinpiako Heraion tenplua): harresi erregularrak, bi isuriko teilatuak eta peristilo arkupedunak.

Arkitektura egiturek, ordea, halako ñabardura eta berezitasun batzuk izan zituzten leku batzuetatik besteetara, hiru arkitektura ordena edo estilo desberdin izan baitziren: doriarra, joniarra eta korintiarra. Aurrez pentsatutako egitasmo bati jarraitu gabe altxatzen ziren etxeak eta eraikuntzak agoraren inguruan, eta egitura apaingarriak (frontoiak, frisoak, triglifoak, metopak, moldurak eta terrakota polikromatuzko estaldurak) erabiltzen ziren arkitekturako atalen funtzionalismoa estaltzeko. Eraikuntzetan era askotako kareharriak erabiltzen ziren, gero zuritu eta pintatu egiten zirenak. Zurgintzan zedroaren eta gaztainaren zura erabili ohi ziren, eta brontzea, urrea eta bolia apainketarako.

Korintiar estiloa K.a. V. mendean hasi zen erabiltzen, hasieran doriar estiloarekin nahastuta (tholoi Basaskoa). Geroago, hiru arkitektura ordenak nahastu ohi ziren eraikuntza bakar batean. Santutegiak arkitekturako egitura erraldoiak izan ziren: Pesto, Selinonte, Agrigento, Olinpia, Korinto, Eleusis, Atenas, Delfos, Delos, Zirene eta Samos ziren handienak. Era askotako eraikuntzak eta egiturak biltzen ziren santutegietan: arkupeak, liburutegiak, gimnasia etxeak, antzokiak eta tenpluak. Alexandroren konkista ugarien ondoren, ekialdeko eragin sakona jaso zuen greziar arkitekturak.[5]

Milosko Afrodita, ezagunagoa Venus Miloskoa izenez.

K.a. VII. mendekoak dira eskulturaren lehenengo adierazpenak; giza itxurako jainkoen irudikapenak dira (Xoanon). Denborarekin, ordea, eskulturak errealismoaren bidea hartu zuen, eta gizonezkoaren zein emakumezkoaren gorputzaren perfekzioa bilatzea izan zuen helburu. VI. mendearen bigarren partean lortu zuten errealismoak eta adierazgarritasunak goren maila eskulturan, hainbat pertsonaiaz betetako iruditerietan (Sifnosko altxorra). K.a. 450. urtean artista talde bat sortu zen Atenasen; haien artean Fidias izan zen nabarmenena, eta artista haiek greziar polisaren funtsa zen ideal aristokratikoa islatu zuten beren lanetan (Partenoiko eta Erekteiongo eskulturak). Aldi berekoak dira Argosko Polikleto, giza gorputza geldiaren kanona edo eredua sortu zuena, eta Peonio Mendekoa. K.a. IV. mendean adierazgarritasuna eta alegoriazko egiturak areagotu ziren (Praxiteles, Eskopas, Timoteo). Helenismoarekin ekialdeko eraginak indar eman zion adierazgarritasunari eta higidurari (Viktoria Samotraziakoa, Lakoonte).

Knossosko jauregiko fresko minoikoa.

Horma pintura apaingarri gisa erabili izan zen aldi minoikoan eta mizenikoan. Aldi haietan pinturaren gai erabilienak itsasokoak, zezenena eta emakumeena izan ziren, eta kolore biziak ziren erabilienak: gorria, urdina, zuria eta horia. Aldi arkaikotik eta klasikotik ez da pintura askorik gorde, eta pintatutako zeramikak dira gorde diren eredu bakarrak. VI. mendean irudiak beltzez margotzen ziren buztin gorriaren gainean, eta xehetasunak lerro etenez egiten ziren. K.a. 530. urte inguruan estilo berri bat agertu zen, irudiak gorriz eta xehetasunak beltzez margotuak zituena.

Geroago, dekorazioa aberatsago eta oparoago egin zen, baina, azkenik, ekoizpena ugaritu eta apainketa lana kopiatzera mugatu zen; hala, sormenik gabeko eta kalitate eskaseko lan bilakatu zen.

Filosofia eta zientzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tales Miletokoa (K.a. 624-547).

Antzinako Greziako lehenengo filosofo ezagunak Tales Miletokoa (K.a. 624-547), Anaximandro (K.a. 610-547) eta Pitagoras (K.a. 582-507) izan ziren. Filosofoak ez ezik, matematikariak, fisikariak eta astronomoak ere izan ziren haiek, izan ere, ordu arteko ezaguera guztiak bildu baitzituzten, eta gertaera eta fenomeno partikularrak azaltzen zituzten hastapen eta teoria unibertsalak eman baitzituzten aditzera. Sokrates aurreko filosofo haiei esker, beste zientzia berri batzuk sortu ziren; esaterako, medikuntza, Hipokrates izan zuena sortzaile eta buru, eta historia (Herodoto eta Xenofonte).

Polis demokratikoen hasieran izan ziren iraultzek gizakiarekiko interesa piztu zieten greziar filosofoei. VI. mende bukaerako sofistek (Gorgias eta Protagoras) eguneroko bizitzari buruzko gaiak eztabaidatzen zituzten. Sokrates (K.a. 470-399) arimaz, moralaz, giza gogoaz eta psikologiaz aritu zen, eta eragin sakona izan zuen bere jarraitzaileengan, Euklidesengan eta Fedonengan, esate baterako; hala ere, Platon izan zen Sokratesen jarraitzailerik garrantzizkoena (K.a. 427-347). Platonek metafisika zabal bat sortu zuen, ideien teoria zuena muin eta gune, eta bere idatzietan Sokratesen teoriak eman zituen ezagutzera elkarrizketen bidez. Atenasko eskola sortu zuen Platonek eta han hezi ziren gerora entzute handia hartu zuten greziar filosofo asko: Aristoteles, Polemon, Krates eta Krantor, beste askoren artean.

Aristotelesek (K.a. 384-322) filosofia errealista sortu zuen, Platonen idealismoari aurre eginda, arrazoiaren zientzia laguntzailea den logika sistematizatu zuen, eta zientzian saioek eta esperientziek duten garrantzia eta horien arauak irakatsi zizkien bere jarraitzaileei. Aristotelesen filosofiak berebiziko eragina izan zuen gerora kristau pentsalari batzuengan, San Agustinengan, adibidez. Alexandro Handiaren konkistekin batera greziar kultura ekialdera hedatu zen eta horrek bi ondorio ekarri zituen; batetik, polisetako kulturaren gainbehera eta, bestetik, kultura helenikoaren jaiotza, kultura kosmopolita eta batasun irmoa zuena. Alexandriako eta Pergamoko liburutegiak izan ziren helenismoa zabaldu zuten kulturguneak eta zientzialari handiak sortu ziren haien itzalean: Euklides (K.a. 330. urte inguruan), Arkimedes Sirakusakoa (K.a. 280-212), Aristarko Samotraziakoa (K.a. 320-250) eta Hiparko Nizeakoa (K.a. 190-120) besteak beste. Helenismoaren garaian filosofia eskola berriak sortu ziren: zinikoak, estoikoak eta epikureoak.

Epidauroko antzokia.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Homeroren Iliada eta Odisea azaltzen dituen bideoa.

Greziako literatura izan zen Europan izan zen aurrenekoa eta bere bilakaeran ia genero guztien oinarriak jarri zituen. Aldi arkaikoan agertu ziren Iliada eta Odisea poema epikoak, polis guztien arteko greziar kultura zaharra sortzeko laguntza handikoak izan zirenak biak ere. Hesiodok (K.a. 700. urte inguruan) segitu zuen epikaren tradizioarekin Lanak eta egunak liburuan. K.a. VII. mendetik aurrera lirika indarra hartuz joan zen, bai musika tresnen laguntzaz kantatzen zena, bai errezitatzen zena ere.

Hitz laua VI. mendearen bigarren partean hasi zen indartzen, Asia Txikiko joniar hirietan batik bat. Hekateo Miletokoa izan zen lehenengo narratzaile eta historialari ezaguna. Aldi klasikoan Atenas bihurtu zen Grezia guztiko kulturaren eta literaturaren gune nagusi. Aldi hartan agertu zen antzerkia eta bere bi moduak: tragedia eta komedia. Eskilo izan zen tragediaren sortzailea, baina Sofoklesek eman zion bere egitura klasikoa. Bere obretan (Ajax, Antigona, Edipo erregea, Elektra) gizonaren handitasuna goratzen zuen, halabeharrezko patuaren aurrean.

Euripidesek gizonaren grina islatzen zuen, eta politikari eta erlijioari buruz indarrean zeuden ideiak kritikatzen zituen gogortasunez (Medea, Hipolito). Komediak eguneroko bizitzatik hartzen zituen gaiak. Hasieran gizartearen eta politikaren satira izan zen: Aristofanesek burla egiten zien bere obretan (Igelak, Hodeiak) bere garaiko politikari ospetsuenei. Denborarekin gaiak aldatu ziren eta Menandro etxe barneko gatazkei buruz aritu zen bere obretan. Hitz lauzko historia lanak ere bere goren maila hartu zuen aldi klasikoan (Herodoto, Tuzidides eta Xenofon); eta hizkuntza filosofikoari esker grekoak adierazpiderako ahalmen handia hartu zuen. Helenismoaren aldian lirikak eta antzerkiak eredu klasikoak imitatu zituzten. Era berean, zientziaren hizkuntza sortu zen, matematikak, fisikak, geografiak eta astronomiak indar handia hartu baitzuten aldi hartan.[6]

  • Robert Flacelière, La vie quotidienne en Grèce, Paris, Librairie générale française, coll. « Le Livre de Poche » (5806 zk.), 1983, 415 or. (ISBN 2-253-03207-7).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu honen edukiaren zati bat Infogunetik txertatu zen 2018/02/13 egunean. Infoguneren webgunea
  • Ikus, gainera

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]

    Kanpo estekak

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]