Gasteizko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gasteizko historia ofiziala 1181. urtean hasi zen, Nafarroako Antso VI.a erregeak hiria fundatu zuenean. Hala ere, lehenago bertan bizi izandako jendearen aztarna asko daude.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako geografo erromatarren arabera, karistiarren lurraldeak Gasteiz eta bere udalerria kokatuta dagoen esparrua barne hartzen zituen. Gasteizko hainbat tokitan erromatarren aurreko biztanleen bizitzaren aztarnak daude. Olarizuko muinoan Kutzemendiko kastroa dago, Arabako herrixka zaharrenetako bat izan daitekeena (K. a. IX. mende-K. a. III. mende bitartekoa). 1926an Jose Migel Barandiaranek ikertu zuen lekua, eta ondoren ikerketa gehiago ere egin dira. Bestalde, Zadorra ibaiaren gainean dagoen Atxako muinoan aurkitutako aztarna erromatarren azpian, aurretik bertan existitu zen populatze baten hondakinak aurkitu ziren.

Nahiz eta udalerrian ez egon, gauza bera esan daiteke Iruña-Veleiari buruz, han ere erromatarrak iritsi baino lehen bizi zen komunitate baten aztarnak aurkitu baitira Arkitz izeneko muinoan.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko gainerako eskualdeetan bezala, Kristo aurreko I. mendean zehar erromatarrek Gasteiz eta bere inguruak mendean hartu zituzten[1]. Arabako Lautadatik, Gasteizko lurrak zeharkatuz, Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarra igarotzen zen.

Gasteiz inguruetan erromatarren sasoiko aztarna asko daude, besteak beste, Veleia, Arkaiako gunea, Mariturriko aztarnategia[2] edo Atxako muinoko asentamendua.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1181. urtea baino lehen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako inperioaren krisiaren ondoren, Europa iparraldeko zenbait tribu eskualdera iritsi ziren. Testuinguru honetan, Gasteiz egun dagoen lurraldea bisigodoen (hegoaldean) eta frankoen (iparraldean) arteko ertzeko eskualde batean geratu zen.

Zenbait historialariren ustez (agian nabarmenena Armando Besga da), Leovigildo errege bisigodoak 581. urtean sortu zuen Victoriaco hiria egungo Gasteizi dagokio[3], gehien bat ondoko testuan oinarrituz[4]:

« Anno V Tiberii, qui est Leovegildi XIII annus, [...] Leovegildus rex partem Vasconiae occupat et civitatem, quae Victoriacum nuncupatur, condidit  »
« Itzulpena: Tiberioren V. urtea, Leovigildoren XIII. dena, [...] Leovigildo erregeak Baskoniako zati bat okupatu du eta Victoriaco deituriko hiria fundatu du  »

Beste aditu batzuek Victoriacum Arabako beste herri batekin erlazionatu dute, alegia, Zuiako Bitorianorekin[5].

Hala ere, azken aldian Gasteizko arkeologian egindako lanek bisigodoen presentziaren aurka doaz, eta zaildu egiten dute pentsatzea bisigodoek hiri bat fundatu zutela Gasteizen. Ez dago garai honetako aztarna askorik, baina badirudi Gasteiz inguruko zenbait lekutan frankoen asentamendu egonkorrak sortu zirela. Aldaietako aztarnategian (Langara Ganboa), esaterako, frankoen ohiturei jarraiki apaindutako hilobiak aurkitu dira. Aztarnategi hau VI. eta VIII. mendeen artekoa dela uste da. Era berean, Gasteizko Andre Mariaren katedralaren azpian eta Goiurin egindako indusketetan aurkitutako objektuak ere kultura horretakoak direla dirudi[6][7]. Are gehiago, objektu horien ezaugarriei kasu eginez gero, badirudi VIII. mendekoak edo berriagoak direla[8].

Erdi Arorako ez da geratzen karistiarren aipamenik inongo agiritan, eta eskualdean bizi den jendearen aipamena egitean baskoiez hitz egiten da. Badirudi Goi Erdi Aroan, V. mendetik aurrera, euskararen sendotzea gertatu zela eskualdean. Donemiliagako goldea agirian ageri den Arabako toponimian azaltzen denez, XI. menderako Gasteizko herri gehienen izenek euskal jatorria zuten edo euskaldundutako izen latinak ziren[9].

Victoria hiriaren 1181eko fundazio agiria

1181-1368[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1181n Antso VI.a errege nafarrak "Nova Victoria" hiria fundatu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean. Fundazio honen zergatia, beste hiri batzuetan bezala (Antoñana, Bernedo, Argantzun, Guardia) Gaztelako erreinuaren aurkako defentsa lerroa eratzean izan zen[10]. Hala ere, babes honek ez zuen luzaro iraun, eta 1200ean Gaztelako errege Alfonso VIII.ak hiria konkistatu zuen, Bizkaiko jaun Diego Lopez II.a Harokoaren laguntzarekin, bederatzi hilabete inguruko setio luzearen ondoren. Erasoa bitartean, hiribilduaren "tenentea" edo gazteluzaina Martin Txipia izan zen.

1202an gertatu zen sute garrantzitsu bat aprobetxatuz, Alfontso VIII.ak jatorrizko hiriaren hedapena sustatu zuen muinoaren mendebaldean, Hedegile kalea, Zapatagile kalea eta Errementari kalea sortuz eta hiria Zapardiel errekaraino zabalduz. 1256an Gaztelako Alfontso X.ak beste aldeko malda okupatu zuen, Aiztogile kalea, Pintore kalea eta Juduen kalea (egungo Barrenkale Berria) sortuz. Hiriak osaera hau izan zuen XVIII. mendera arte.

Jatorrizko izaera militarra galduz, Gasteizek merkataritzara zuzendu zuen bere ekonomia. Foru pribilegioei esker, aduanak ez zeuden itsasoan, euskal lurraldeek Gaztelarekin bat egiten zuten tokian baizik (Balmaseda, Urduña, Gasteiz), eta Gasteizek ederki aprobetxatu zuen egoera hau.

Gasteizen hiri izaera eta indarra gero eta handiagoa zen inguruko lurraldeetako jaun feudalen aurrean. Azken hauek, Arriagako kofradian baturik, ezin izan zuten hiriaren boterea mugatu. 1258tik aurrera Gasteizek hainbat herrixkaren gaineko jurisdikzioa eskuratu zuen. 1332an Gaztelako Alfontso XI.ak auzitan zeuden berrogeita bat herrixkaren gaineko jabegoa Gasteizi ematea erabaki zuen, eta orduan Arriagako kofradiak erregeari utzi zion Arabako lurren gaineko boterea, Arriagako ituna sinatuz.

1368-1373[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1368. urtean Karlos II.a Nafarroakoak Arabako hainbat lur berreskuratu zituen, Gasteiz haien artean izanik[11]. 1373ko abuztuaren 4an, berriz, Aita Santuaren bitartekaritzak Gasteiz indartsuenari, hots, Gaztelako erresumari eman zion[12].

1373. urtetik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV. mendetik XVII. menderaino hirian egitura feudal tipikoa eratu eta sendotu zen. Arestian aipatutako landa-jauntxoak hirira joan ziren, nahiz eta ez ziren bertako nobleziarekin batu. XIV. eta XV. mendeetan hiriak ahaide nagusien gatazkak pairatu zituen, Gipuzkoan eta Bizkaian baino maila txikiagoan bada ere. Gasteizen hiriko nobleziaren interesak defenditzen zituzten callejatarren eta artisauak eta jende arrunta ordezkatzen zituzten ayalatarren multzoetan bildu ziren[13].

Ahaide nagusien borrokek sorturiko egoera ezegonkorrari, delituen gorakadari eta segurtasun ezari aurre egiteko, 1458an Arabako ermandadea sortu zen[14]. Erakunde hau Arabako lehen erakunde publikoa izan zen, Biltzar Nagusien aurrekaria.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteiz 1843an, Francisco Coellok landutako planoan. Jatorrizko harresia antzeman daiteke.

XV. mendetik XVIII. mendera Gasteizek ez zuen aldaketa nabarmenik izan ez tamainan ez biztanle-kopuruan. XIX. mendean, aldiz, biztanlegoa lau aldiz biderkatu zen, 7.000 biztanletik 30.000ra igaroz, Arabako gainerako herrixketatik etorritako baserritarren ondorioz gehien bat.

1813ko ekainaren 21ean frantziarrak eta espainiarrak aurrez aurre jarri zituen Gasteizko gudua gertatu zen. Gudu hau Frantziako iraultzaren ondoren Espainian sartu ziren frantziarrak kanporatzeko azken gatazketako bat izan zen. 1917an monumentu bat kokatu zen Andre Maria Zuriaren plazaren erdian gudu hau oroitzeko.

Lehen Gerra Karlistaren ondoren euskal lurraldeek zenbait eskubide galdu zituzten, eta aduanak kostaldera mugitu ziren (1841ean). Hiriarentzat kolpe latza izan zen aduana galtzea. Hala ere, Gasteizen hiriburu izaera sendotu egin zen eta indartzen ari zen Estatu espainiarraren hedatze administratiboa aprobetxatu zuen hainbat jarduera tertziario bere gain hartzeko.

Hirugarren Gerra Karlistan Gasteiz gatazkaren erdian geratu zen berriro ere. Espainiako Alfontso XII.aren aldeko soldaduen kuartel nagusia bihurtu zen, karlisten eskuetan zegoen lurralde baten erdian. Alfontso XII.aren garaipenak euskal foruen abolizioa ekarri zuen (1876ko uztailaren 21ean), eta honek, nahiz eta hiria liberalen aldekoa izan, bere gainbehera eragin zuen. XIX. mendearen amaiera bizitasunik gabe igaro zen Gasteizen.

Gasteizko hedapena XIX. mendetik XXI. menderaino.
██ 1838██ 1888 ██ 1927██ 1990 ██ 2010

XX. mendean Gasteizko ekonomia suspertzen hasi zen apur bat. Lehen lantegi modernoak agertu ziren, eta Gasteiz berpizten hasi zen. Hiria 40.000 biztanle izatera iritsi zen, eta auzo berriak eraiki ziren: Judimendi, San Kristobal, etab. Pixkanaka, biztanleen ohiturak eta ideologia ere aldatu ziren, modernotasunean sartuz. Betiko joera politikoez gain (karlistak, liberalak, monarkikoak, errepublikanoak), beste batzuk agertu ziren, batez ere sozialistak eta nazionalistak.

Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, 1931ko apirilean egin ziren udal hauteskundeak errepublikanoek irabazi zituzten. Hala ere, 1936ko estatu kolpean militarrek eta erreketeek mendean hartu zituzten agintari errepublikanoak.

Frankismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilak atzerakada eragin zuen Errepublika garaian garatutako ohitura modernoen kaltetan. Hala ere, honek ez zuen garapen ekonomikoa oztopatu. Gerraondokoa bukatu ondoren, 1950etik 1980ra Gasteizko biztanlegoa hirukoiztu egin zen, 170.000 biztanle edukitzera iritsiz. Etorkinen olde hau Espainiatik etorri zen gehien bat, eta 1975erako gasteiztarren erdia ez zen Araban jaioa. Garai hartan sortu ziren langileen auzo berriak (Adurtza, Zaramaga, Abetxuku, Errekaleor) eta klase ertainaren auzoak (Pilar, Txagorritxu, Lovaina).

Enpresa asko etorri ziren Bizkaitik eta Gipuzkoatik, bai eta Madrildik ere. Garapenkeria garaiko eraldaketek guztiz aldatu zuten Gasteizko ehun ekonomikoa, eta oihalak eta altzariak ekoizten zituen hiria izatetik automobilak, produktu kimikoak, siderometalurgia eta elementu elektrikoak ekoiztera igaro zen.

Trantsizioa eta demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatzekoak dira trantsizioaren hastapenetan —Franco hil eta bost hilabete geroago— jazotako Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia, non Espainiako Polizia Armatuak tiroka 5 herritar hil eta 150 zauritu zituen, Zaramagako San Frantzisko elizan, greba orokor baten testuinguruan.[15]

1980ko maiatzaren 23an Gasteiz Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburua bihurtu zen.

2010eko urriaren 21ean, Gasteizek 2012. urteko Europako Hiriburu Berde saria irabazi zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Erromanizazioa Euskal Herrian Hiru.com
  2. (Gaztelaniaz) Grupo de Investigación en Arqueología de la Arquitectura. Estudio arqueológico del yacimiento de "Mariturri", Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU
  3. (Gaztelaniaz) Besga Marroquín, A. (2001) Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos: la era de la independencia (siglos V-VIII). Librería Anticuaría Astarloa, 2001
  4. (Gaztelaniaz) Juan de Bíclaro, obispo de Gerona, su vida y su obra (1960. Julio Camposen edizio kritikoa. Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Madril
  5. (Gaztelaniaz) Shulten, A. Las referencias sobre los Vascones hasta el año 810 después de J. C. izeneko artikulua euskomedia.org webgunean
  6. (Gaztelaniaz) Lorenzo Pérez de San Román, Roberto (2002). Apuntes sobre la evolución de las fortificaciones de la villa de Vitoria (1181-1431). Sancho el Sabio, 16, 2002, 85-116
  7. (Gaztelaniaz) Vitoria-Gasteiz 2000. Mirando al futuro. Vitoria-Gasteizko Udala, 1999
  8. (Gaztelaniaz) Azkarate Garai-Olaun, Agustín (2004). El País Vasco en los siglos inmediatos a la desaparición del Imperio Romano, hemen: Barruso, P., Lema, J.A., (coord.), Historia del País Vasco. Edad Media (siglos V-XV). Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia, 23-50
  9. (Gaztelaniaz) La Reja de San Millán (1025). Toponimia alavesa del siglo XI. Celtiberia.net
  10. (Gaztelaniaz) Vitoria-Gasteiz 2000. Mirando al futuro. Vitoria-Gasteizko Udala, 1999
  11. (Gaztelaniaz) "Recuperación de parte de Rioja, Álava y Gipuzkoa, 1367-1368" Auñamendi entziklopedian
  12. (Gaztelaniaz) "Mediación papal (1371-1373)" Auñamendi entziklopedian
  13. (Gaztelaniaz) Portilla, M.J. (1976). A quinientos años del Capitulado de 1476. Los bandos de Ayala y Calleja en la Vitoria medieval
  14. Gonzalez Minguez, C. Araba probintziako ermandadearen hasiera Arabako Biltzar Nagusien webgunean
  15. Lluís DANÈS: Llach, la revolta permanent, Mediapro / Bainet Zinema, 2006.