Edukira joan

Kalifornia

Koordenatuak: 37°N 120°W / 37°N 120°W / 37; -120
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Ameriketako Estatu Batuetako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kalifornia (argipena)».
Kalifornia
 Ameriketako Estatu Batuak
Ereserkia
I Love You, California (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
ISO 3166-2US-CA
HiriburuaSacramento, Benicia, Vallejo eta San Jose
Kaliforniako GobernadoreaGavin Newsom
Zatiketa
Geografia
Koordenatuak37°N 120°W / 37°N 120°W / 37; -120
Azalera423.970 km²
MugakideakOregon, Arizona, Nevada eta Kalifornia Beherea
Punturik altuenaWhitney mendia
Demografia
Biztanleria39.538.223 (2020ko apirilaren 1a)
39.538.223 (2020)/(2016)/(2015)/(2010)/(2000)/(1990)/(1980)/(1970)/(1960)/(1950)/(1940)/(1930)/(1920)/(1919)/(1918)/(1917)/(1916)/(1915)/(1914)/(1913)/(1912)/(1911)/(1910)/(1910)/(1909)/(1908)/(1907)/(1906)/(1905)/(1904)/(1903)/(1902)/(1901)/(1900)/(1900)/(1890)/(1880)/(1870)/(1860)/(1850)
Dentsitatea93,26 bizt/km²
Etxebizitzak13.103.114
Hizkuntza ofizialaingeles
Ordu eremuaUTC−08:00, Ozeano Bareko ordu-eremua, America/Los_Angeles (en) Itzuli eta UTC−07:00
ca.gov

Kalifornia[1] (ingelesez: California, ˌkæləˈfɔrnjə ahoskatua) Ameriketako Estatu Batuetako estatua da, Estatu Batuetako mendebaldean dagoena. Hiriburua Sacramento du, baina hiri garrantzitsuena Los Angeles da.

Guztira 36 milioi biztanle inguru ditu: Ameriketako Estatu Batuetako biztanle gehien dituen estatua da.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honakoak dira Kaliforniako hiri nagusienak:

  1. Los Angeles: 3.976.071 biztanle.
  2. San Diego: 1.305.736 biztanle.
  3. San Jose: 945.000 biztanle.
  4. San Francisco: 799.263 biztanle.
  5. Long Beach: 491.564 biztanle.
  6. Fresno: 464.727 biztanle.
  7. Sacramento: 412.318 biztanle.
  8. Oakland: 452.959 biztanle.

Orografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru lurralde handi bereizten dira Kalifornian: Erdialdeko Harana, jalkinez eta alubioiez betetako sakonunea; ekialdean Sierra Nevadako mendiak (Whitney, 4.418 m); mendebalean Itsasertzeko mendikatea, 1.600-2.000 metroko mendi paraleloak dituena. San Andresko failak gurutzatzen du lurraldea ipar-ekialdetik hego-ekialdera; horren ondorioz, lurrikara handiak izateko arrisku biziena duen lurraldea da Kalifornia; nolanahi ere, ez dirudi arrisku horrek oraingoz hirien eta ekonomiaren hazkundea mugatu duenik. Klima mediterraneokoa da, gozoa eta epela.

Klimaren gozoa du, ibarreko lurrak emankorrak dira eta ur hornidura sistema modernoa garatu dute: horri guztiari esker, Kalifornia munduko fruitu ekoizle nagusietako bat da. Mahastiek, kotoiak eta lekariek ere garrantzi handia dute. Urre ekoizpenak behera egin du, hobiak ahitu baitira, baina petrolioaren eta gas naturalaren aurkikuntzak industriaren garapena bideratu dute, baita hiri handien inguruetako lantegiak (elektronika, kimika eta hegazkin industria) ere. Kaliforniako zinema industria munduko handiena eta sendoena da (Hollywood). Industriaren garapenaren ondorioz, zientzia eta teknika ikerketagune ugari sortu dira, bai kapital pribatukoak, bai publikokoak.

Jatorrizko amerindiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiarrak iritsi baino lehen, Kalifornia 300.000 indigenen bizilekua zela kalkulatzen da. Talderik handiena Chumash herria izan zen, 10.000 biztanle inguru zituena. Eskualdea oso anitza zen eta hizkuntza ezberdin asko hitz egiten ziren.

Taldeak eremu eta lurralde partikularretara egokituta zeuden. Kaliforniako habitatek eta klimak bizitza basati ugari sostengatu zuten, untxiak, oreinak, arrain barietateak, frutak, sustraiak eta ezkurrak barne. Bertakoek, neurri handi batean, ehiztari-biltzaile bizimodua jarraitzen zuten, euren lurraldean zehar, urtaroetan zehar mugitzen zirelarik, elikagai mota ezberdinen bila.

Kaliforniako herri indigenak, kolonizatzaileak iritsi aurretik.

Espainiarren kolonizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiarrek 16. mendean deskubritu zuten, lehenbizi itsasoz Ozena Baretik irtenda, Behe Kaliforniako penintsula aurkitu zuten, baina hau iparraldean kontinentearekin lotua zegoela aurkitu zuen 1539an Francisco de Ulloak. Lurraldea idorra zen, oso pobrea, eta indiarren zibilizazio maila oso apala; horregatik izen ustez irrigarria eman zioten (California), Las sergas de Esplandián zalduneria liburuko alegiazko herrialdearen izenetik hartua. 1542an Pedro de Alvaradoren espedizioak, Juan Rodríguez Cabrilloren agindupean, lurralde haietako iparraldeko partean Kalifornia Garaia, esploratu zuen lehen aldiz europarrentzat; AEBetako Kalifornoa propio eskualde hori da.

Urte askoan kolonizatu gabe utzi zuten eskualde hura espainiarrek. Asmo erlijiosoa gailendu zen azkenean. Kalifornia Garaia frantziskotarrek kolonizatu zuten, Junípero Serraren gidaritzapean. 1769an San Diegoko misioa eraiki zuten eta 1770ean San Carlosekoa, militarrentzako gotorlekuekin batera. 1776an sortu zen San Franciscoko misioa, hiriaren jatorri izan zena, eta 1781ean Los Angelesko herria. Frantziskotarrek eraman zituzten hara Mediterraneoko landareak, Kaliforniako nekazaritzako gaur egungo aberastasunaren oinarri direnak.

1819an Espainiako Erresumak Estatu Batuekin egin zuen itunak Kaliforniaren iparraldeko muga finkatu zuen, 42° graduko latitudean, eta horregatik du Kaliforniako mapak iparraldeko muga lerrozuzena.

Mexikok burujabetza lortu ondoren Kaliforniak Espainiako koroari leial jarraitu zion 1822 arte.

1834an Mexikoko errepublikak koloniak suntsitu zituen, eta geroago emigrante anglo-saxoiek geratzen ziren indiarrak hil zituzten.

Mexikok Guadalupe Higaldo itunaren bidez (1848) Kalifornia Garaia Estatu Batuei eman zien, estatubatuarrek gerra iarabazita.

1850etik aurrera Estatu Batuetako parte bihurtu zen, estatu moduan. Itun hori izenpetu baino astebete lehenago urrea aurkitu zen, eta abenturazale asko erakarri zuen aurkikuntza hark. Kalifornia munduko bigarren urrearen ekoizle izan zen, 100 tona urteko ematen baitzuen. Burdinbideak bigarren emigrante oldea ekarri zuen, txinatarrak eta japoniarrak batez ere.

Era berean, estatubatuarren agintea genozidio indiarraren sinonimo izan zen. Kaliforniako indigenen populazioa 1848an 150.000 pertsonatik 1870ean 30.000 pertsonara jaitsi zela kalkulatu zuen, eta 1900ean 16.000 pertsonara jaitsi zela. Gaixotasunek, goseak eta sarraskiek eragin zuten murrizketa. Kaliforniako amerikarrak, batez ere urrearen sukarraren garaian, hilketen jomuga izan ziren. Kolonoek 24.000 eta 27.000 amerindiar artean ere hartu zituzten lan behartuetarako. Zuzenean hilak, 9.500 biztanle inguru izan zirela kalkulatzen da.

Urre meatzeak agortu zirenean, Lehen Mundu Gerraren bukaera aldean, hasi zen nekazaritza eta industria iraultza. XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan zehar, izugarri hazi zen populazioa eta ekonomia Kalifornian, Hollywood film komertzialen gune bat izaten hasi zen garai hartan. Los Angelesek eta beste hiri batzuek trenbidearen ibilbideei etekina atera zieten. 1930eko depresioak ere ezin izan zuen estatuaren hazkunde demografikoarekin amaitu, enplegurik gabeko jendeak emigratu baitzuen trumilka Kaliforniara.

Bigarren Mundu Gerra ekonomia hazteko arrazoi bihurtu zen. Gatazkan zehar, japoniar jatorriko kaliforniarrak herritarrak espetxeratu zituzten konzentrazio eremuetan. Aldi berean, industria aeronautikoak eta untzigintzak garrantzi handia hartu zuten Kalifornian garai honetan. Ontziolak eta aeronautika Long Beach, San Diego eta San Frantziskon hedatu ziren; eta AEB hego-ekialdeko beltz migrazioaren une erabakigarria ere izan zen.

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, kultura industriaren gorakadak mesede egin zion estatuari, zineari musika ekoizpena eta telebista ere gehitu baitzitzaizkion ekoizpenetan. Lotutako garapenetan, 1955ean Disneyland Resort inauguratu zen Anaheimen. Era berean, familia bakarreko etxeen salmenta eta zerbitzuen sektorea izan ziren jarduera ekonomiko garrantzitsuenak.

1960ko hamarkadaren amaieran beste iraultza sozial bat hasi zen estatuan, hippyena, eta San Frantzisko hartu zuten hiriburu. 1965ean arraza istiluak izan ziren Los Angeles hegoaldean. Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatea Vietnamgo gerraren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduaren gune naturala bihurtu zen. 1967an maitasunaren udarekin amaitu zen hippie mugimendua.

1970eko hamarkadan, espainiar jatorriko biztanleria asko hazi zen estatuan, eta gayen eskubideen aldeko mugimendua sortu zen. 80ko hamarkadan Kalifornia munduko zortzigarren ekonomiarik handiena bihurtu zen, eta aurreko hamarkadetan jada San Frantzisko hegoaldean kokatuta zeuden industria aurreratu batzuk are gehiago garatu ziren: industria teknologiko handien gune bihurtu ziren Silicon Valleyn. Aldi berean, Los Angelesek musika eta zinema menderatzen zituen, eta San Diego garrantzi handiko gunea bilakatu zen industria farmazeutikorako. 21. mendearen lehen laurdenean Kalifornia munduko seigarren edo zazpigarren ekonomiarik handiena da.

Ekonomiaren aldetik, Silicon Valleyren indarrak eta Los Angelesko ikus-entzunezkoaren munduak pisu ekonomiko handia izaten jarraitu dute, Kalifornian sortutako enpresa batzuek mundu mailako preeminentzia lortu dutelarik 21. mendearen lehen laurdenean: Google eta Alphabet taldea, Facebook bere multzo Metaren bidez, Tesla, Twitter, Snap eta beste batzuk. Hala ere, Silicon Valleyko 20. mendeko izen handi batzuek egoitza nagusia lekuz aldatzea ere erabaki dute: Oracle eta Hewlett Packard, esate baterako, Texasera joanak dira 2020an[2].

21. mendeko beroketa globalak bereziki jo du gogor Kalifornia, non sute eta lehorte sekula aurretik ikusi gabeak gertatu diren[3]. Klima estatuko politikako lehen mailako eztabaidagaia bilakatu da.

Euskaldunak Kalifornian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaliforniaren kolonizazio espainiarrean izan ziren euskaldunak. Esate baterako, Vicente de Santa Maria fraide nafarrak 1760ko hamarkadan idatzitako egunerokoam San Frantzisko inguruko indigenen berri ematen du (Huimenak eta Huichiunak deitzen die), eta bertan ezarritako frantziskotarren misioak deskribatzen ditu[4].

XIX. mendean, Ameriketara joandako euskaldunak Kalifornian kokatzen hasi ziren 1849ko urre aurkikuntzek erakarrita. Haien artean askok azkar ikusi zuten abeltzaintza urre meatzeak baino askoz errentagarriagoa zela. 1870eko hamarkadaren amaieratik hasita eta 50 urteko tartean, euskaldunak trumilka iritsi ziren Kaliforniara eta eskualdeko abeltzaintza eta nekazaritza sektoreei hasiera sendoa eman zieten. Euskaldun aurrendariak ongi egokitu ziren lurralde berrira eta negozio oparoak sortu zituzten: abeltzainak ziren, ostatuen ugazabak, negozioen eta lurren jabeak eta langile onak hainbat industriatan[5].

2019ko urtarrilaren 9an, Estatu Batuetako Gorte Gorenak berretsi egin zuen estatu horretan foie-grasa ekoitzi eta saltzea debekatzen zuen Kaliforniako 2004ko Lege bat.[6]

Pertsonaia ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke Nazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kaliforniako konderriak»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. (Ingelesez) Lyons, Kim. (2020-12-13). «Oracle moves its HQ from California to Texas» The Verge (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  3. Mann, Michael E.; Gleick, Peter H.. (2015-03-23). «Climate change and California drought in the 21st century» Proceedings of the National Academy of Sciences 112 (13): 3858–3859.  doi:10.1073/pnas.1503667112. ISSN 0027-8424. PMID 25829537. PMC PMC4386383. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  4. Donostia, Araitz Muguruza-. «Kaliforniara joandako lehenengo euskaldunen testigantzak, liburu batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  5. Aurkikunde: 1533-1848. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  6. Kauffman, Jonathan. (2019-01-07). «California’s foie gras ban upheld, though chefs vow to fight on» SFGate (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Far Westeko Euskal Herria, Asun Garikano Iruretagoiena. Pamiela, 2009.
  • Kaliforniakoak (1533-1848), Asun Garikano Iruretagoiena. Pamiela, 2014.
  • When the Basques Ruled California, 1784-1834, John J. O'Hagan, Caxton Press, 2015.
  • León-Portilla, Miguel. (1989) Cartografía y crónicas de la antigua California.
  • Rolle, Andrew (1998) [1963]. California: A History. Wheeling, IL: Harlan Davidson. ISBN 0-88295-938-7.
  • Fagan, Brian (2003). Before California: An archaeologist looks at our earliest inhabitants. Lanham, MD: Rowman & Littlefield Publishers. ISBN 978-0-7425-2794-2.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]