Mariano Rumor
Mariano Rumor (Vicenza, 1915eko ekainaren 16a - Asiago, 1990eko urtarrilaren 22a) italiar politikaria izan zen.
Maisu-ikasketak egin zituen Paduako Unibertsitatean, eta maisu izan zen, harik eta, 1939an Bigarren Mundu Gerra piztean, italiar armadan sartu zen arte. 1943an, faxisten aurkako erresistentzian sartu zen. Politika-kargu garrantzitsuak bete zituen: 1948an, parlamentu demokratikoan Demokrazia Kristaua alderdiko diputatu aukeratu zuten; 1959-1963ko gobernu-aldian, Nekazaritzako ministro izan zen, eta barne ministro izendatu zuten, 1963an; Demokrazia Kristauko idazkari nagusi kargua hartu zuen 1964-1968 epean, eta gobernuburu izan zen 1968tik 1970era bitartean. Garai zaila izan zuen: batetik, bere alderdia urte luzeetako agintaldiak ahituta zegoelako, eta bestetik, ezker- nahiz eskuin-muturreko taldeen indarkeria ikaragarri areagotu zelako. Epe horretan, alderdi barruko joeretatik urrundu, eta zentrotik agintzen saiatu zen. Ondoren, ordea, Aldo Moro politikariaren lagun zelarik, ezker-alderako joera hartu zuen. 1973tik 1974ra bitartean, berriro ezarri zuten gobernuburu, eta 1974-1976ko gobernu-aldian Kanpo Arazoetarako ministroa izan zen. Azken urte hartan ustelkeriaz salatu zuten arren, 1978an parlamentuko ikerketetan ardura guztietatik libre geratu zen. Harrezkero, Italian zuen indar politikoak behera egin zuen, baina Europako parlamentario-karguan jarraitu zuen, 1974tik 1984ra arte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mariano Rumor |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.