Alemaniaren bateratzea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Political map of central Europe showing dozens of states that were unified into Germany. Prussia in the northeast is by far the largest, occupying about 40% of the unified area.
Alemaniar Inperioa (1871–1918). Hizkuntza anitzeko Austriar Inperioko zati alemanieraduna baztertuta, Alemania Txikiko konponbidearen alde egin zen.

Alemaniaren bateratzea estatu alemanieradunak egitura politiko eta administratibo bakarreko nazio-estatu alemaniar batean batzeko prozesua izan zen, XIX. mendean zehar garatu zena eta bukatutzat 1871ko urtarrilaren 18an jotzen dena, alemaniar estatuetako agintariak Versailles jauregiko Ispiluen Gelan bildurik Prusiako Gilen enperadore izendatu zutenean, Frantzia-Prusia Gerraren ondoren.

Germaniako Erromatar Inperio Santua 1806an desegin zen Franz II.ak tronua utzi zuenean Napoleondar Gerretan. Lege, administrazio eta politika arloetan Inperioa desegiteak sortu zituen gorabeherak albo batean utzita, aurreko Inperioko eskualde alemanieradunek amankomunean zeukaten hizkuntza, kultura eta lege tradizio luzea, Frantziaren kontrako gerretan areagotua. Liberalismoak oinarri intelektualak eman zituen, antolamendu politiko eta sozial zaharrak zalantzan jarri baitzituen. Ekonomiari dagokionez, 1818an Zollverein izeneko salerosteko batasunari esker, estatuen arteko lehia apaldu zen, eta garraiatzeko sistema berriekin batera, negozioak eta bidaiak ugaldu ziren.

Vienako Batzarrean (1814-1815) sortutako eredu politikoak Austriaren nagusitasuna Erdialdeko Europan azpimarratu zuen, baina alemaniar estatuen artean Prusiak gero eta botere handiagoa zeukala ez zen kontuan hartu, eta ezin zen aurreikusi Prusiaren eta Austriaren arteko lehia nagusitasunarengatik. Gatazka horrek Alemaniako dualismoa, bi konponbide alegia, ekarri zituen batasunaren auzian: Alemania Txikiarena (Kleindeutsche Lösung), hau da Alemania Austriarik gabe, eta Alemania Handiarena (Großdeutsche Lösung), Alemania Austria hartuta.

Bateratze prozesua Prusiak, eta zehatzago esanda Prusiako ministroburua zen Otto von Bismarckek, gidatu zuen. Hala ere, historialariak ez datoz bat esaterakoan zein zen Bismarcken asmoa: 1867ko Iparraldeko Alemaniako Konfederazioa zabaltzea eta gainerako alemaniar estatu independienteak bilduta inperio bat sortzea, edo, besterik gabe, Prusiako boterea handitzea. Azkenean, Austriarik gabeko Alemania sortzean, 1871ko bateratzeak dualismoaren auzia konpondu zuen, behin-behinekoz behintzat.

Alemaniar nazionalismoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, Germaniako Erromatar Inperio Santua zatiturik eta ahuldurik suertatu zen, eta ez ziren eman estatu-nazioaren lehenengo urratsak, Ingalaterra edo Frantziaren kasuan ez bezala. Westfaliako hitzarmenetan (1648) Hogeita Hamar Urteko Gerrari bukaera emateaz gain, Inperio Santuaren ahuldadea areagotu zen, printzerri txiki-txikien boterea berretsi baitzen (ikus Kleinstaaterei). Honela, alemaniarren estatu nazionalik eta baturik ez zen garatu.

Alemaniarren sentimendu nazionala XVIII. mendean jaio zen Akademiker delakoen artean (unibertsitateko diplomadunak, goi mailako funtzionarioak eta artzain luthertarrak). Hori dela eta, alemaniar nazionalismoak kutsu protestantea zeukan hastapenean, Habsburgotarren Austriar Inperioa etsai zuela, ilunkeria leporatuta. Frantziako Iraultzarekin batera, sentimendu nazionala herrikoi bilakatu zen.

Frantziar inbasioaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fichte filosofoa.

Frantziako Iraultzako gobernuak Rhin aldea okupatzea alemaniar nazioari berezko lurraldearen zati bat kentzea balitz bazala hartu zuten alemaniar ugarik. 1803an, Napoleon Bonapartek Inperio Santua berrantolatu zuen, eta hein handi batean elizaren printzerriak kentzeagatik, 300 estatu baino gehiago izatetik 100 bat izatera igaro zen inperioa. Dena dela, 1806ko abuztuaren 6an, Inperio Santua desegin zuen Napoleonek.

Alemaniar lurraldeetan, frantziar armadak herritarrei elikadurak kentzetik bizi ziren, eta Ingalaterraren kontrako blokeoak sal-erosketak murriztu zituen, nahiz eta Ruhr aldeko ikatza areagotu zuen, Ingalaterrakoa ordezkatzeko.

Garai honetan nazionalismoaren molde berri bat sortu zen, Erdi Aroko lehenaldia eta alemaniarren arima zintzoa gorestea oinarri duena. Johann Gottlieb Fichte filosofoaren hitzetan:

« Antzinako germaniarren ustez, askatasuna alemaniar jarraitzea zen (...). Haiei, haien hizkuntzari eta pentsamoldeari, gu oraindik alemaniar izateagatik ematen dizkiegu eskerrak, haien arimaren ondorengoak garen guk (...). Haiei ematen dizkiegu eskerrak gure iragan nazionalarengatik, eta, haien odolaren azken tanta gure zainetan geratzen den bitartean, haiei esker izanen gara etorkizunean izanen garena.  »

Errusiara bidalitako Armada Handiak atzera egiteak askapenerako gerra eragin zuen Alemanian, eta Leipzigeko guduaren ondoren, 1813ko azaroan, frantziarrak aterarazi zituen. Batik bat unibertsitateko ikasleak ziren bolondresez osatu zuen armada bat Lützowko baroiak. Napoleonen aginte atzerritarraren aurka eta Alemania batuaren alde borrokatu ziren. Haien uniformea saia beltz bat zen, atzeko aldea gorria eta botoiak urre kolorekoak zituena. Horrez geroztik, beltza, gorria eta urrezkoa Alemaniako batasunaren koloreak bihurtuko ziren. Batera, Volkstum delakoaren ideia sortu zen, hau da hizkuntza eta kultura alemaniarra dituzten gizaki ororen batasuna.

Sentimendu nazionala Vienako Batzarraren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar Konfederazioaren mugak. Urdinez, Prusia. Horiz, Austria.

Vienako Batzarra 1815eko ekainean amaitutzat eman ondoren, Inperio Santu ohia 39 estatuko Alemaniar Konfederazioak (Deutscher Bund) ordeztu zuen, Austriako enperadorearen titulua besterik ez zeramaten Habsburgotarren ohorezko zuzendaritzapean. Frankfurteko Dietan bilduriko ordezkariek, ordea, ezin zuten deus erabaki haien kabuz, Konfederazioa ahalmenik gabe utziz.

Baina Prusia, Austriako Inperioa baino batuagoa hizkuntzari dagokionez, berehala agertu zen alemaniarren sentimendu nazionalaren sustatzaile gisa, alemanieradunak gutxiengo dituen Austriaren aurrean. Alemaniaren batasunaren aldekoek Konfederazioaren ahuldadea kritikatzen zuten, nazioarteko mailan pisurik ez baitzuen eta haren barneko bi botereen aldarte onaren menpean baitzegoen.

Unibertsitateko ikasleen artean hasi bazen ere, mugimendu nazionalista beste esparruetara hedatu zen, eta Alemaniaren batasuna askatasunekin batera aldarrikatzen hasi zen. Parisko 1830eko uztaileko iraultzarekin batera, Palatinatuan gizarte maila guztietako 30.000 laguneko manifestaldian Alemaniako bateratzea ez ezik, adierazpen, biltzearen edo prentsa askearen eskubideak ere aldarrikatu ziren.

1840ko hamarkadan, areagotu zen sentimendu nazionala, Adolphe Thiers-en garaiko Frantzian muga naturalen teoria suspertzen zen bezainbatean. Erakunde politikoak debekaturik egonda, kultur erakundeen inguruan biltzen ziren batasunaren eta askatasunen gaineko nahiak. Sängerbünde delako abesbatzak dira sentimendu nazionalak adierazteko lekuak. Hala, 1847an, Lübecken alemaniar kantuzaleen festa unibertsala ospatu zen, Alemaniako bateratzearen aldeko festa bihurtuta.

1848ko Iraultzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoaren Iraultza Berlinen.

Iraultzen beste olatu bat gertatu zen 1848an, Herrien udaberria hain zuzen ere. Paristik eta Vienatik Alemaniara hedatu ziren matxinadak: Martxoaren Iraultza. Iraultzaileek batasun nazionala, askatasuna eta demokrazia aldarrikatzen zituzten. Zenbait abertzale (liberalak edo demokratak, Friedrich Hecker bezalakoak) Heidelbergen bidurik, batzar konstituziogilea eratu nahi izan zuten, bozka unibertsalaren bidez alemaniar guztiek hautatua.

Frankfurteko Dietak, 1849ko urtarrilean, erabaki zuen Konfederazioa estatu federal bihurtzea, enperadore bat buru zuela. Orobat, beltza, gorria eta urrezkoa Alemaniako banderaren kolore ofizialtzat hartu zituen. Bildutakoen ustez, Austriako alemanieradunek batasunean parte hartzeko beharra zeukaten. Nolanahi ere, Alemania Txikiaren aldeko talde bat ere bazegoen.

Hala ere, Frederiko-Gilen IV.a Prusiakoak ez zuen enperadorearen boterea hala lortu nahi, berak edo gerraren bidez eskuratuta baizik. Frankfurteko parlamentuak eskainitako koroari uko egin zion:

« Koroa hau ez da koroa. Hohenzollern batek har lezakeen koroa ez da hazi iraultzailea duen biltzar batek sortutakoa, baizik eta Jainkoaren aztarna daraman koroa, eramailea Jainkoaren Graziaren bidez subirano bihurtzen duen koroa, edo Jaunak hautatutako antzinako leinuari, eramailearen aurrekoari, atxikitzen zaion koroa. Otondarrek, Hohenstaufendarrek, Habsburgotarrek eramandako koroa eraman dezake Hohenzollern batek, ez dago ukatzerik; ohorearen oparotasuna da berarentzat, mila urteko izpiaren distira. Aitzitik, 1848ko iraultza babuen, ergelen eta txatxuenak emandako koroaren sarraski usaina dela-eta, ohorerik gabe geratzen da.  »

Bere aldetik, Frederiko-Gilen IV.ak alferrik proposatu zuen bi zati izanen zituen batasuna: alde batetik Austriako Inperioa, eta, bestetik, bera buru izanen zuen Alemaniako Inperioa. Austriak hura zein Prusiaren eta estatu txikien arteko batasuna arbuiatu zituen. Herrien udaberriak, beraz, ezin izan zuen Alemaniaren batasuna lortu herrien borondatearen bidez. Iraultzaren porrotarekin, beltza, gorria eta urrezkoa den bandera ez da gehiagorik batasunaren ikurra, Alemaniako mugimendu demokratikoarena baizik. Beraz, Weimarko Errepublikan eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo alemanietan hartu zen ikur nazionaltzat.

Prusiaren lidergopean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar Konfederazioko industria handituz joan zen 1850eko hamarkadan. Horrekin batera, hainbat aldaketa ekonomiko gertatu ziren konfederazioaren barruan, batasunari bide egin ziotenak: estatuen arteko mugak kendu ziren merkataritzarako (Zollverein), burdinbideen bitartez lotu ziren estatuak, eta moneta bakarra hartu zuten ia estatu guztiek. Prusiaren inguruan eraikiko zen batasuna baino lehenago eman ziren urrats hauek ekonomiaren bidean.

Frankfurteko dietan, batasunaren aldeko korrontea suspertu zen 1859an, porrotaren ondoren lozorroan egon ondoren. Hezkuntzaren garapenak ere paper garrantzitsua jokatu zuen batasunaren ideia zabaltzean. Lehen mailakoa ohikoa zen dagoeneko lurralde guztietan, eta bigarren mailakoa hedatzen hasi zen. 1848an garatutako zenbait ideia berreskuratu ziren. Beste batzuk, ordea, berriak izan ziren, Realpolitik besteak beste, 1853an idazki liberal batean lehen aldiz agertua.

Bismarck

Edonola ere, Otto von Bismarcken Realpolitik delakoaren aplikazioarekin, 1848ko pangermanismo liberal eta demokratikotik, burdin eta odolaren politikara igaro zen. Izan ere, Alemaniaren bateratzea, neurri handi batean, Bismarcken politiken emaitza da. Frankfurteko parlamentuan Prusiaren ordezkari 1851tik 1859ra aritu ondoren, 1862an Gilen I.a Prusiakoak ministroburu izendatu zuen, Landstag (Prusiako parlamentua) eta erregearen arteko tirabira (armada zela-eta) konpon zezan. Bismarckek dekretuen bitartez agintzen zuen gobernu autoritarioa osatuta, armada handia, eraginkorra eta ongi hornitua antolatu zuen. Izan ere, "burdina eta odola" ziren bitartekoa, kantzilerraren irudikoz, Alemaniaren baterantzea lortzeko. Halaber, iritzi konterbatzaileko politikari honek uste zuen Alemania eraiki ahal izateko botere nagusi bakar batek baino ez zeukala tokirik, eta lehenago edo geroago bi estatuen arteko talka etorriko zela:

« Alemanian ez dago tokirik biontzat. Mendekua nahi dut Olmützen atzera egiteagatik, Austria gailendu nahi dut. Prusia altxarazi nahi dut eta Alemanian eskubidez behar duen toki nabarmena eman.  »

Bismarcken diplomaziari eta lidergo politikoari, Albrecht von Roonen antolamendu militar berriari eta Helmuth von Moltkeren estrategia militarrari esker, Alemaniako dualismoaren garaitik Prusia alemaniarren babesle eta ordezkari atera zen. Prusiaren lidergopean Alemaniaren bateratzearen bidean hiru mugarri garrantzitsu badaude:

Danimarkaren auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Dukerrien arteko Gerra

Prusiaren lidergoa erakusteko estreinako abagunea Danimarkak eman zion. Izan ere, 1863ko azaroaren 18an, Kristian IX.a Danimarkakoak konstituzio berria izenpetu zuen, eta Schleswigko dukerria Danimarkakoa zela aldarrikatu zuen.

Alemaniar Konfederazioak ekintza hori 1852ko Londresko Protokoloa urratzen zela uste zuen, Schleswig zein Holsteingo dukerriak Danimarkatik independenteak zirela azpimarratzen baitzuen hark. Are gehiago, Schleswig eta Holsteingo populazioek ere nahiago zuten status bereizia izan: Holsteingo lagun gehienek jatorri germaniarra zeukaten eta alemanieraz hitz egiten zuten. Schleswigen populazioa nahasiagoa zen, daniarrek gutxiengo handi samar bat osatzen zutela.

Konstituzio hori bertan behera uzteko hasi ziren ahalegin diplomatikoak. Baina porrot egindakoan Prusiako eta Austriako tropek Schleswigeko muga zeharkatu zuten 1864ko otsailaren 1ean. Hastapenean, Danimarka Danewerk izeneko lurrezko harresi zaharraren bidez saiatu zen herrialdea defendatzen, baina alferrik. Danimarkaren armada eta defentsak ezgauza ziren Prusiako eta Austriako armada batuen aurrean. Gainera, Eskandinaviako beste estatuen laguntzarik ez zuen jaso. Hortaz, garaipena Prusiak eta Austriak erdietsi zuten, eta Vienan sinatutako bake hitzarmenaren arabera, bi herrialde horiek Schleswig eta Holsteingo dukerrien gaineko kontrola irabazi zuten.

Austria eta Prusiaren arteko gerra, 1866[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prusia eta aliatuak (urdinez) eta Austria eta aliatuak (gorriz). Prusiak lortutakoa urdin argiz dago.
Sakontzeko, irakurri: Austria-Prusia Gerra

1866ko apirilean, Prusiak Florentzian zeukan ordezkariak itun isilgordea sinatu zuen italiarrekin elkarri laguntza emateko Austriaren kontrako gerra izanez gero. Biharamunean, prusiar ordezkariak Frankfurteko dietan plan bat aurkeztu zuen konstituzio eta parlamentu nazionala hauteskunde zuzenen eta boto unibertsalen bidez eratzeko. Alemaniar liberalek mesfidati hartu zuten proposamena, Prusiaren boterea handitzeko estrategia zelakoan.

Apirilaren 21ean, italiar tropak Tirol aldean eta Veneziako mugan hasi ziren mugitzen. Austriako gobernuak armadaren zati bat mobilizatu zuen hegoaldeko eskualdeetan. Italiak, orduan, armada osoa mobilizatu zuen. Maiatzaren 2an Prusiak ere mobilizatu zuen berea.

Alemaniako zenbait estatu hasieran Austriarekin lerrokatu ziren eta Frantziak ere laguntza agindu zion Austriari, berandu eta eskas etorri bazen ere. Italia eta Prusiaren alde Saxoniak besterik ez zuen egin. Baina bi fronteko gerra horretan, Königgrätzeko guduan Austriak porrot erabakigarria izan zuen.

Napoleon III.aren bitartekaritza onartu zuten prusiarrek, bakea azkar lortu ezean Errusiak Austriaren alde egin zezakeen beldurrez. Prusiak Hanover, Hesse-Kassel, Nassau eta Frankfurt eskuratu zituen. Hesse Darmstadt estatuak lurraldea galdu zuen, baina ez burujabetza. Baden, Württemberg eta Bavaria estatuek banan-banan bake itunak sinatuta, Prusiaren agindupeko aliantzak osatu zituzten. Austria, eta haren aldeko estatu gehienak, Iparraldeko Alemaniar Konfederaziotik at geratu ziren.

Alemaniar estatuetan nagusitasuna galdu eta Italiari Venezia eman ondoren, Balkanetara so egin zuen Austriak: 1867an Franz Joseph enperadoreak hitzarmen bat sinatu zuen Hungariari Austriaren maila bera emateko, Austria-Hungariako Inperioa sortuz. Frantzia, bere aldetik, sumindurik geratu zen porrota militarrarengatik, eta sentimendu horrek bide emanen zion etortzekoa zen gerrari.

Frantziaren aurkako gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantzia-Prusia Gerra
Napoleon III.a eta Bismarck.

Austria eta Prusiaren gerraren ondoren, argi geratu zen Prusiaren botere militarra. Botere horri esker, Bismarcken Europako afera diplomatikoen manipulazioez gain, Prusia alemaniarren eskubideen eta askatasunen babesle gisa agertu zen, Frantziak erasotzailearen papera jokatzen zuen bitartean.

Espainiako tronua, Elisabet II.a kanporatu ondoren, nork beteko zuen auziagatik sortu zen gatazka Frantzia eta Prusiaren artean. Izan ere, koroa Leopold von Hohenzollern-Sigmaringen printze katolikoari eskaini zioten, Gilen I.a Prusiakoaren leinu berekoa. Baina Napoleon III.ak ez zuen oso gustoko hegoaldeko mugan ere Hohenzollern-en etxeko beste errege bat edukitzea. Hortaz, Gilen I.ari ultimatuma igorri zion, Espainiako koroa Hohenzollern batek onartuz gero Frantziako gobernua erantzungo zuela ohartaraziz. Erantzun hori nolakoa izango zen ez zen guztiz argitu, ordea. Leopoldek tronuari uko egin bazion ere, frantziarrek Gilen I.a adierazpen publiko bat egin zezan nahi zuten. Erregeak telegrama bat bidali zion Bismarcki. Honek prentsaurreko laburra eta zorrotza eman ondoren, itzulpen eraldatuaren berri izan zuten frantziarrek, eta, lehengo porrotak sumindurik oraindik ere, gerra eskatu zuten.

Napoleon III.ak espero zuen Austriak eta beste estatu alemaniar batzuek berarekin bat egitea. Baina estatu alemaniarrak baturik zeuden arlo militarrean, eta, horrenbestez, Frantziaren aurka egin behar izan zuten, nahitaez. Hala, alemaniar estatu guztien aurka egin behar izan zuen Frantziak, inor alde ez zuela.

Prusiaren mobilizazioaren bizkortasunak txunditu zituen frantziarrak. Burdinbidearen sare trinkoari esker, prusiar tropak atseden hartuta iristen ziren borrokara, eta frantziarrak, aldiz, distantzia luzeak zeharkatu ondoren. Zenbait gudu batzuen ostean (batik bat Spicheren, Wörth, Mars la Tour, eta Gravelotte), alemaniarrek frantziar armada garaitu zuten. Metz hartu ondoren, Paris etorri zen. Enperadorea atxilotu eta Sedanen, 1870eko irailaren 1ean, frantziar armada osoa bere esku geratu zen.

Porrot umilgarri horrek aldaketak ekarri zituen. Napoleon III.a kargutik bota eta III. Errepublika aldarrikatu zen. Frantziak Alsazia eta Lorena galdu zituen, eta Versaillesko jauregian Gilen I.a Alemaniako enperadore izendatu zuten 1871ko urtarrilaren 18an.

Naziogintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziaren gaineko garaipenaren ondoren alemaniarrek hitzaldiak, banderak, jendetza txalokariak, konstituzio berria eta egitura inperiala bazituzten ere, horrek guztiak ez du berez nazio bat egiten.

Nazio-estatu batek funtsezko osagarria du kultura nazionala, maiz -baina ez halabeharrez- politika nazional baten bidez berariaz gidatua. Alemania berrian Kulturkampf izeneko politika jarri zen abian (1872-1878), batik bat hizkuntza, hezkuntza eta erlijioa batzeko. Inperioko alemaniarrak ez zirenak, tartean poloniar eta daniar gutxiengoak, alemaniartu nahi izan ziren alemanieraren eta derrigorrezko hezkuntzaren bidez.

Alemaniar ugariren iritziz, nazioaren barruan aniztasunarentzat tokia bazegoen ere, beste batzuek, Bismarckek batik bat, uste zuten katolikoen Aita Santuarekiko lotura zela medio, nazioarekin hain fidelak ez zirela izanen. Hortaz, kantzilerra zelarik, Bismarck saiatu zen Erromako Eliza Katolikoaren eta haren beso politikoaren eragina murrizten, bai eskoletan bai hezkuntza eta erlijio arloetako politiketan. 1875ean ordena erlijiosoak desagerrarazi zituzten eta Eliza Katolikoarentzako diru-laguntzak bukatu.

Judu alemaniartuak ere beste arazo bat ziren. Napoleondar garaietan judu eta kristauen arteko muga andana ezabatu ziren. Frantzian bezala, judu aberatsek kultura babesten zuten. Horretaz haratago, juduak alemaniartu ziren hitz egiterakoan eta janzterakoan, eta XIX. mendeko eszenatoki publikoan sartzen ahalegindu ziren. Horren seinale Alemaniako juduek burututako erreforma erlijiosoa.

Bateratu orduko, juduek paper garrantzitsua jokatzen zuten Alemaniako bizitza profesional, intelektual eta sozialean. Alabaina, juduak Errusiatik 1880 eta 1890eko hamarkadetan kaporatzeak eta Alemaniara miliaka eta miliaka etortzeak integrazioa korapilatu zuten. Txiroagoak eta hezibide gutxiagokoak izanik (eta horrek dakartzan gaixotasunak, langabezia, eskolara ez joatea, alemaniera ikasteari uko egitea zela eta) desberdindu egin ziren, alemaniar kristauen alden ez ezik, jatorrizko juduen aldean ere bai.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]