Gabriel Aresti
Gabriel Aresti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Gabriel María Aresti Segurola |
Jaiotza | Bilbo, 1933ko urriaren 14a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1974ko ekainaren 5a (40 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta eta itzultzailea |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Euskaltzaindia |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Gabriel Aresti Segurola (Bilbo, Bizkaia, 1933ko urriaren 14a - Bilbo, 1975eko ekainaren 5a) euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat. Txillardegi eta Saizarbitoriarekin batera, euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa izan zen, bai formaren, bai edukien aldetik. 1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak baserritar jatorriko "euskaldun galduak" zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”. 1954an, 21 urte zituela, argitaratu zituen lehen poemak eta hamar urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena, Zarauzko Itxaropena argitaletxearekin: Harri eta Herri. La Tertulia de la Concordia deituriko bilgunean Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poetak izan zituen solaskide eta bere poesiagintzan erreferentzia nagusi bihurtu ziren, Espainiako Antonio Machado bezalakoekin batera, eta eragin horiek poesia sozialaren bideak harrarazi zizkioten: Arestirentzat, literatura oro da soziala. Poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria dela eta literatura gizartea aldatzeko gai den uste osoa zuen: «Esanen dute / hau / poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela» ("Poesia", 1963).
Literaturako genero guztiak idatzi zituen: poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal antzerki berriaren aita ponteko izan zen.
Itzultzaile bikaina zen. Literatura unibertsaleko hainbat lan euskarara itzuli zituen, besteak beste T.S. Elliot, Boccaccio, James Joyce eta Bertolt Brecht. Galiziar intelektual batzuen lagun mina zen eta hartu-eman estuak izan zituen Bilboko galiziar komunitatearekin, hango Centro Gallego-ko ohiko bezeroa izaki. Hori zela eta, Federico García Lorcak galizieraz idatzitako poemak, Castelaoren Nós albuma eta Valle-Inclánen gaztelaniazko Divinas Palabras euskaratu zituen. Guardia Zibilak, haren etxean egindako miaketa batean, James Joyceren Ulises eleberri erraldoiaren itzulpen eskuizkribua konfiskatu omen zion; paper-sorta hartaz ez da ezer gehiago jakin.
1957an Euskaltzaindiako langile izendatu zuten. Aldi berri baten barruan, euskara batuaren gurasoen artean koka dezakegu, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta Txillardegi euskalariekin batera. Hasiera haietan euskal idazleek erabili zuten Euskara Batuaren Kutxa bezalako lanen egilea izan zen, eta batasunaren hastapenetan hiztegi eta morfologia batu bat proposatu zituen. Garai hartako eztabaida gogorretan parte hartu zuen euskara batuaren aurka zein alde zeudenekin. 1960an Bilboko idazleak Maldan behera poema kaleratu zuen, eta garaiko euskaltzain batzuen ildoari jarraikiz, erdialdeko euskarak eredu hartuta idatzi zuen, gerora euskara batua izango zenaren molde oso antzekoan. Ibon Sarasolaren aburuz:[1]
« | [...] Gabriel Arestiren eragina aipatu behar dut puntu honetan. Bere Maldan behera, 1960an, hau da Euskaltzaindiaren batzarra baino zortzi urte lehenago publikatu zena hain zuzen, euskara batuan idatzia dagoela esan daiteke, xehetasunen bat gorabehera. "Profeta" lan hori bere liburu ospetsuarekin, lau urte geroago argitaratu zen Harri eta Herrirekin biribildu zuen". Harri eta Herri izan zen euskara batua eraiki genuen belaunaldiko idazle askok euskara irakurri genuen lehen liburua. Gure lehen euskal liburua, h-a normal erabiltzen zen liburu bat izan zen. Liburu hori 1964an argitaratu zen, Baionako Biltzarreko proposamenak baino urtebete lehenago. | » |
Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta gaztetan EAJ/EGIren inguruan[2] egon ondoren Euskadiko Alderdi Komunistatik gertu ibili omen zen. Edonola ere, ez zen inoiz inongo alderdi politikotako militante izan eta jende askorentzat deserosoa zen pentsaera independente eta polemikoa mantendu zuen heriotzara arte. Ezin eraman zezakeen Bilboko burges jeltzale erdaldunen itxurakeria eta langile maketoen giroan askoz gusturago sentitu zen. Beti unibertsalismoa eta bertako euskal sentimendua uztartu nahian, kritikak eta erasoak alde guztietatik jasan behar izan zituen: Ezkerretik "burges txikitzat" hartzen zuten bitartean, euskal nazionalista batzuek espainolista zelako zurrumurrua zabaldu zuten. Garai hartan eladioak deituraz ezagunek, ELA sindikatuko sektoreek, boikoterako deialdiak egin zituzten Arestik eta Oskorri taldeak elkarlanean egiten zituzten musika-saioen aurka. Artikulu eta gutunen bitartez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal herritar intelektual nagusi guztiekin izan zuen iskanbila dialektikoren bat edo beste.
Poeta sozial eta iraultzaile gisa definitu dute, eta poeta hiritar ere bai. Sarritan esan izan da, Bilbo hiria euskararen mapan kokatzea Arestiri zor diogula. Hain zuzen ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Bilbo industrial hura biziki presente egon da haren lanean; bera bizi izandako langileen auzoak: Zorrotza eta Basurtu. Azken auzo horretakoa da Amelia Esteban haren emaztea, "Melitxu", Leondik etorritako familiakoa.
1975eko ekainaren 5ean hil zen, 41 urterekin, gibeleko eritasunak jota.
Lehen poemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jon Kortazar ikertzaileak 2022ko abenduan argitaratutako artikulu batean[3] azaldu zuen Arestiren ikasle garaitako bi soneto agertu zirela, 1952-1953 ikasturteko erlijio ikasliburu baten barruan. Dirudienez, liburua ikaskide bati utzi zion, eta, urte asko geroago, atera ziren argitara.[4]
Kortazarren iritziz, Arestik gaztetan gaztelaniaz idatzitako bi sonetoetan hizkera «apurtzaile eta jantzia» erakutsi zuen, baina berehala hartuko zuen euskaraz idazten hasteko erabakia: «...badirudi garai horretan sortu zitzaiola euskaraz idazteko gogoa, zeren 19 eta 21 urte bitartean aldatu zuen hizkuntza, 1954an idatzi baitzion Andima Ibiñagabeitiari euskaraz eta poema bi bidali Euzko Gogoa-n argitaratzeko».[3]
2024ko urrian Kortazarrek Arestiren argitaratu gabeko beste lan bat ezagutzera eman zuen, 1955ean idatzitako Errota gorria izeneko euskarazko poema. [5]
Aroak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi aro bereiz daitezke haren lanean:
- Aro sinbolista (1954-61). Maldan behera poema, argi-ilunez iritsi zaigun mintzoa da; argi antsiak ez dira ilunpe eta itzaletatik bereizten. Jon Kortazarrek “aro sinbolista” terminoaz izendatzen du, aro horretan argitaratutako lanek sinbolismoaren ikuspegitik ekoiztuak izan direlako. Sinbolismoa erromantizismoak zeukan idealismoaren barnean kokatzen zen literatur mugimendua izan zen eta, kritikari batzuen ustez, modernitatearen bigarren iraultza poetikoa eragin zuen (erromantizismoak sorturikoaren ostean eta abangoardiak eragindakoaren aurretik). Literatur Terminoen Hiztegiaren arabera, sinbolismoak hiru ezaugarri nagusi ditu: lehenengo ezaugarria zeharkako adierazpidea da. Sinbolistek neoplatonismoaren bidea jarraituz, errealitatea bitan banatzen dela uste dute, ikusten den mundua eta irudien mundua, hitz poetikoa bien artean eraikitzen dute, izan ere, ikusten den munduko terminoak erabiltzen dituzte irudien mundu ezkutu horretako gauzak adierazteko. Hori dela eta, estetika sinbolistan metaforek berebiziko garrantzia dute. Bigarrena heriotzarekiko kezka da, giro ilun, huts eta tristeak eratzearen eragile. Azken ezaugarria musikaltasuna da: sinbolisten iritziz, bertsoen alde musikala oso garrantzitsua da, hitzik erabili gabe, sentipenak sortzeko gai delako. Esandakoa kontuan hartuz, ez da harritzekoa aditu askok T. S. Eliot idazlea jotzea Arestiren garai hartako inspirazio iturritzat. Lanei dagokienez, garai berekoa dugu haren lehen lan garrantzitsua, Bizkaitarrak (1959) poema, baina hala ere, Jon Kortazarren aburuz, aro hartako gailurrean Maldan behera (1960) lana bide dago.
- Aro soziala (1964-75). Ez dago ilunperik. Maldan beherako laino eta itzalak argi bortitz eta kolore bakaneko mintzo bilakatzen dira. Giza arazoen isla eta injustizien salaketa minbera da aro honetako lanetan ageri dena. Garai horretan gizartearen balioak azkar ari ziren aldatzen; Arestiren irakurleek beste kezka batzuk zituzten eta, gainera, literatur lan zuzenago eta hurbilagoak nahi zituzten, euskara ulergarri eta malguagoan. Arestiren poesia aldatu egin zen eta ondo bildu zituen horiek guztiak. Poesia eta euskal poesia artikuluan aditzera eman zuenez, bere ustez olerkariak gauzen esentziaz galdetu behar du, bere kasuan, galderak zertarako senti eta zertarako pentsa izan ziren. Horretaz gain, Arestiren aburuz olerkariaren betebeharra egia aurkitzea da (egia enpirikoa eta ez metafisikoa) eta egia hori herriari azaltzea. Aro honetan Aresti olerkari-profeta gisa aritu zen, eta poesia mailua bezala erabiliz giza kontzientziak ernatu zituen. Hizkera elitistaren ordez hizkera herrikoia erabili zuen, mezu soziala hobeto helarazteko. Maldan behera lanean aurkitu dezakegu Harri eta herri lanaren oinarria, nahiz eta sinboloen bidezko hizkuntza landu batekin ematen den. Oinarri hauen artean, hizkuntzaren zuzentasuna, garbizalekerien baztertzea eta herri-hizkeraren aldeko konpromisoa aurkitu ditzakegu, ahozkoa, bertsolaritzan oinarritua, eta idatzia, Axularrek eraginda. Estilo aldaketak, eragin literario ezberdinak izatea eskatzen du. Aro sozialeko inspirazio iturriak Blas de Otero eta Celso Emilio Ferreiro izan ziren, besteak beste. Garai hartakoak dira, beraz, "Harri eta Herri" (1964), "Euskal Harria" (1967), "Harrizko Herri hau" (1970), "Azken Harria" (1976) (hil ondoren argitaratua). Izenburuetan ikus daitekeenez, harriaren irudia darabil, “harri” eta “herri” kontzeptuak elkartu nahian. Elkarketa horrek, Kortazarren iritziz, poesia egiteko modu berria sortu zuela pentsatzera garamatza, izan ere, une horretara arte “herri” kontzeptua “zuhaitz” terminoarekin lotu ohi zen. Gainera, lotura horrek Harriaren Aroari egiten dio erreferentzia, Arestiren ikuspegiaren arabera, euskaldunen Urrezko Aroa izan zena eta euskal izaeraren jatorrizko esentzia eraiki zuena (Sabino Aranak Erdi Aroa jotzen zuen Urrezko Arotzat; beraz, horretan ere berrikuntza ekarri zuen).
« | Arestiren poesia kitzikagarri handia izan zen alde askotatik. Arestik poemak idazten zituen, baina poesia soziala, hitzaren zentzu zabalenean. Bertan klase-borroka, hizkuntzaren bizi nahia, eta nazioaren sentimendu berri bat aurkitzen nuen, folkloretik urruntzen zena, eta euskarari garrantzi berezia ematen ziona. Bestalde, poema elebidunak zirenez, bi hizkuntzetan "agoantatzen zuen" poesia. Izan ere, banuen halako sentimendu bat, euskarazko poesia edo bertso batzuk itzulezinak zirela, edo hobeto esateko, itzuliz gero lotsagarri geratzen zirela. Arestirengan euskaltasun berri bat aurkitu nuen, baserritik hirirako jauzia egina zuena. | » |
Iritzi kritikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernardo Atxagak adierazi zuenez, Arestiren funtsezko iturria Biblia da.[7]
Adituen iritzira, T. S. Eliot estatubatuar poetaren eragina nabaria da Arestiren lehen poeman. Gizaki modernoaren irudi triste eta zibilizazioaren deskalabruaren adierazpena bide da Maldan behera, gizakiak zibilizazioaren aurrean egiten duen ibilbidearen kontaketa sinbolikoa.
- Aro soziala deitzen deneko lanek gizarteko arazo gordinak adierazten dituzte. Kale gorriko arazo arruntak eta euskararen kezka bizia nabariak dira.
- Garbizaletasunaren aurka, herri-hizkeraren aldeko konpromisoa.
- Neurri tradizionalekin batera, bertso libreari ere ematen dio bide.
- Bertsolaritza, kopla zahar eta herri-kantuen bidez, herritarrek errazago ulertzeko moduko olerki mota.
- Euskara batuaren aldeko apustu tinkoa: eskolaren bidez, euskal irakurleengana iristeko ezinbesteko bidea baita.
- Olerkariari garai zailetan kontzientzia-iraultzaile izatea dagokio. Mandatu bat du olerkiak: gizartean eragiteko eginkizuna, sasoi hartako erlijioaren eta abertzaletasun tradizionalaren aurka.
- Gune poetiko berriak eskaini nahi dizkio Euskal Herriari: mendi-kaskoen eta erreka-zokoen edo udaberriaren ederra baztertu gabe, lanaren, izerdiaren eta mailuaren hotsaren poetikotasuna erakutsiz.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mugaldeko herrian eginikako tobera, Zarautz, Itxaropena, 1961eko Toribio Altzaga Sariaren irabazlea.
- Lau teatro arestiar, Donostia, Lur, 1973.
- Antzerkia, Susa, 1986
Olerkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bizkaitarra, 1959.
- Maldan behera, 1959.
- Harri eta Herri, Zarautz, Itxaropena, 1964.
- Euskal elerti 69, Donostia, Lur, 1969.
- Harrizko Herri Hau, Donostia, Lur, 1970.
- Cuarenta poemas, Madril, Helios, 1970. Barruan Nire aitaren etxea defendituko dut, poema ospetsua dago.
- Lehen poesiak, Susa, 1986
- Euskal Harria, Susa, 1986
- Poesia argitaragabea. Azken poesia, Susa, 1986
Bestelakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hainbat artikulu prentsan, bereziki Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan.[8]
- Mundu-munduan, Egan, 1965.
- Batasunaren kutxa, Donostia, Lur, 1970 (Xabier Kintanarekin batera egindako lana)
- Kaniko eta Beltxitina, Donostia, Lur, 1971.
- Hiztegi tipia, Donostia, Lur, 1973.
- Aurtengo zenbait berri, Donostia, Lur, 1973.
- Obra guztiak, Donostia, Kriselu, 1976.
- Azken Harria, Donostia, Haranburu, 1979.
- Narratiba, Susa, 1986
- Itzulpenak 1, Susa, 1986
- Itzulpenak 2, Susa, 1986
- Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. , Susa, 1986
- Mailu batekin: Biola batekin, Bilboko Udala, 2016.
Bere lanen artean, kantetarako nahita egindako hitzak idatzi zituen, gehienak Oskorri taldearekin elkarlanean eginak. Talde horrek disko bat atera zuen Gabriel Arestiren Omenez izenarekin, idazlearen poema musikatuez osatua. Horietako asko herri-kantu bihurtu dira:
- Gora ta gora beti.
- Guk euskaraz, zuk zergatik ez, Urkok kantatua.
- Egun da Santimamiña.
- Furra furra.
- San Simon eta San Juda, Xabier Letek kantatua.
Edizioaren alorrean, Kriselu argitaletxea sortu zuen eta ondoren, eratutako Lur argitaletxearen sorreran parte hartu zuen.[9]
Omenezko ipuin lehiaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere omenez, Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa antolatzen du urtero.
Errekonozimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2023: Martxoaren 24an, euskara batuak "herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko, Euskaltzaindiak eta Orereta Ikastolak Errenteria eta Donostia lotuko zuen 8.000 lagunek osatutako giza-kate erraldoi bat antolatu zuten. Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona oroituko zituen ekimenak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.[10][11]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ "Euskara batuaren miraria", in Bitakora kaiera, Erein, 2016, 21-22. or.
- ↑ Kintana 1998, 6. orr.
- ↑ a b Gabriel Arestiren soneto bi/dos sonetos 1953 | Sancho el Sabio : revista de cultura e investigación vasca. (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).
- ↑ Lartzanguren, Edu. «Gabriel Arestiren lehen lanak aurkitu dituzte: gaztelaniazko bi soneto» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).
- ↑ Begiristain, Edurne. «Gabriel Arestiren lehen garaiko poema argitaratu gabe bat topatu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ del Olmo, Karlos. (2008). «Antton Elosegirekin solasean» Senez (EIZIE) (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
- ↑ Montse ARREGI: «Bernardo Atxaga: "Gabriel Arestiren poesiaren iturri funtsezkoa Biblia da"», Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-19.
- ↑ Gabriel Arestik Anaitasuna aldizkarian idatzi zituen 30 artikuluak Euskaltzaindiaren webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Sarasola Santamaria, Beñat (2019). “Semblanza de la editorial Lur (1969-)”. InMHLI-Memoria Histórica en Literaturas Ibéricas [URL: https://mhli.net/es/artxiboa/lur-urretabizkaia-sarasola-grabatzen][Kontsulta[Betiko hautsitako esteka], 2021-04-04]
- ↑ «Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko» EITB 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
- ↑ Iraola, Arantxa. (2023-03-18). «Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldekoa, Iñaki (1998): Munduaren neurria: Arestiren ahots biblikoaz, Alberdania.
- Amezaga, Asier (2018): Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean, Erein.
- Azurmendi, Joxe (1985): Aresti: sentsibilitate konkretu bat, Jakin, 36, 5-30.
- Azurmendi, Joxe (1991): Arestiren tintazko bataioaz, Jakin, 62, 129-142.
- Calleja, Seve (2015): Gabriel Aresti: Una biografía de Bilbao, Erein.
- Cerro, Rakel del & Romera, Juan Carlos (2001): "Gabriel Aresti, izena eta izana", Bidebarrieta, 9, 17-80.
- Kintana, Xabier (1998): Gabriel Aresti (1933-1975), Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- Kortazar, Jon (2003): El poeta Gabriel Aresti (1933-1975), BBK Fundazioa.
- Kortazar, Jon: "Gabriel Arestik "mailu batekin" poema bildumari jarritako hitzaurre apokrifo bi", Egan, 2017-1/2, 81-96.
- Landa, Karmelo (2021): Bilbon dabil Gabriel Aresti, Erroa.
- Larrea, Adur (2015) : Gabriel Aresti. BioGrafikoa, Erroa.
- Mujika, Luis Mari: "G. Arestiren poetikan beste eragin batzuk", Egan, 2004-1/2, 5-26.
- Mujika, Luis Mari: "G. Arestiren poesian alde formal kritiko zenbait", Egan, 2006-1/2, 173-200.
- Urrutia, Alain / [ET AL. ] (2013): Gabrielen lekua, Erroa.
- Zelaieta, Angel (2000): Gabriel Aresti. Biografia, Susa.
- Zelaieta, Angel: "Gabriel Aresti Zorrotzako portuan", Egan, 2000-3/4, 79-85.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Nire aitaren etxea defendituko dut |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Gabriel Aresti |
- "Gabriel Aresti. Biografia" Angel Zelaieta. Susa, 2000 (On-line).
- Xabier Kintana "Gabriel Aresti (1933-1975)". Bidegileak bilduma.
- Gabierl Aresti kultura elkartea.
- Gipuzkoa kultura.
- Susa argitaletxea.
- Gabriel Aresti euskaltegiaren webguneko biografia.
- Gabriel Arestiren jaiotzaren 75. urteurrena zela-eta Argia astekarian argitaratutako erreportajea.
- Arestiren hilondokoak armiarma.eus.