Gazako zerrenda

Wikipedia(e)tik
Gazako lur zerrenda» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Palestinako lur eremuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaza (argipena)».
Gazako mapa

Gazako zerrenda[1] (arabieraz قطاع غزة qiṭāʿ ġaza, hebreeraz רצועת עזה) Palestinako hego-mendebaldean dagoen lur zerrenda da, Palestinako lurralde okupatuak[2] delakoa eratzen duten bi lurralde unitateetako bat (bestea Zisjordania da, Ekialdeko Jerusalem barne). Gazako lurralde unitateko hiriburua Gaza hiria da.

2005eko udan, Israelek Gazako zerrendaren okupazioari amaiera eman zion, Ariel Sharonen gobernuak bultzatutako deskonexio planarekin. 2008aren bukaeran eta 2009aren hasieran, Israelen eraso bortitza jasan zuen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaza Palestinako hego-mendebaldean kokatuta dago (31º 25' Iparraldera eta 34º 20' Ekialdera). 11 km luze den muga du Egiptorekin, baina hori Israelek kontrolatu zuen 2005eko abuztu arte. Mugako pasu bakarra Rafah hirian dago. Israelekin, berriz, 51 km-ko muga du. Mediterraneo itsasoan 40 kilometroko kostaldea du.

Hiririk garrantzitsuena Gaza bera da. Beste hiri batzuk Rafah, Jan Yunis eta Yabalia dira.

Orotara 360 km koadro ditu, eta horietatik % 0 ura da.

Banaketa politiko-administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako Aginte Nazionalak Gazako zerrenda de jure gobernatu arren, de facto autogobernuturiko eremu bat da. Aginte Nazionalak dituen 16 gobernazioetatik 5 zerrendan daude, bertoko udalerriak Gaza, Rafah, Jan Yunis, Jabalia, Bani Suheila, Deir al-Balah, Beit Hanoun eta Beit Lahia izanik.

Gazako gobernazioak
Izena Biztanleria
(2007)
[3]Azalera (km2)
Iparraldeko Gazako gobernazioa 290.843 61
Gazako gobernazioa 524.001 70
Deir el-Balahko gobernazioa 216.494 56
Jan Yuniseko gobernazioa 290.399 108
Rafahko gobernazioa 177.632 65
Guztira 1.499.369 360

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002. urtean 1.225.911 biztanle zituen. Horietatik 8.000 baino gehiago kolonoak ziren. Horrenbestez, kilometro koadroko 3.400 biztanle baino gehiago ziren. Munduko lurralde guztien artean biztanle dentsitate handienetarikoa du. Gainera, biztanle kopurua urtero % 4 gehitzen da.

Israelek Gazari ezarritako blokeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Gazako zerrenda zorrotz blokeatu du Israelek, Hamas taldeak —2006ko hauteskundeetan irabazi eta, hainbat borrokaldi bortitzetan Fatako indarrak menperatu ostean— 2007an boterea eskuratu zuenez geroztik. Israelgo Gobernuak dio helburu hauek dituela blokeoak: Hamas ahultzea, Hamasek Israelgo herrien aurka egiten dituen kohete erasoak amaiaraztea, eta Hamasek atxilotua duen Gilad Shalit israeldar soldadua askatzea.[4] Israelgo funtzionarioek ukatu egiten dute Gazan krisi humanitarioa dagoenik.[5] Gainera, Israelgo Gobernuak Gazan inolako hornidura gabeziarik ez dagoela dio behin eta berriz,[4][6] eta horren frogatzat lehen ministroaren bulegoak Gazako luxuzko jatetxeetako menuak banatu dizkie hedabideei.[7]

Nazioarteko Amnistiak adierazi du blokeoa ez doala Hamasko militanteen aurka soilik, baizik eta Gazako biztanle guztien aurkako «zigor kolektiboa» dela (eta, beraz, Israel argi eta garbi nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela), eta «krisi humanitarioa» eragin duela.[8] Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioek egoera «lazgarria», «gero eta okerragoa» eta «Erdi Aroko setioa» dela adierazi dute.[4]

Indar okupatzailea denez, nazioarteko zuzenbideak dio Israelen betebeharra dela Gazako biztanle guztien ongizatea bermatzea eta biztanle guztien giza eskubideak betearaztea. Adibidez, osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta bizi maila egokia izateko eskubidea. Azken horren barruan sartuta daude elikatzeko eskubidea eta etxebizitza egokia izateko eskubidea.[9]

Bada, horri dagokionez, Espainiako Nazioarteko Amnistiako zuzendari Esteban Beltranek adierazi du blokeoak eta 2008/2009ko Gazako bonbardaketak egoera eta ondorio hauek ekarri dituztela:[9]

  • Israelek Gazako biztanle guztiak zigortzen ditu, mugatu egiten baititu sartzen diren elikagaiak, sendagaiak, hezkuntzako materialak eta eraikuntzako materialak. Horren eraginak bereziki nabari dira Gazako 1,5 milioi biztanleetatik kalteberenak direnen artean: haurren, zaharren eta gaixoen artean, alegia. Egoera horrek erabateko krisi humanitarioa eragin du, eta Israelgo Gobernua da horren arduradun.
  • 2008/2009ko Gazako bonbardaketaren eraginez, lehendik zetorren krisi humanitario hori hondamendi bihurtu zen. Israelen erasoek 1.380 palestinar hil eta eraikin eta azpiegitura zibil ugari suntsitu zituen, besteak beste ospitaleak, eskolak, eta urez nahiz argindarrez hornitzeko sistemak. Palestinarren etxeak milaka deuseztatu edo larriki kaltetu zituzten. Kalte horietatik guztietatik, materialak direnak ere ezin izan dira konpondu, blokeoaren eraginez.
  • 2008/2009ko bonbardaketan, Gazako 641 eskoletatik 280k izan zituzten kalteak, eta 18 suntsituta geratu ziren. 2009/2010 ikasturtea hastean, Gazako ikasle askok ikaslibururik gabe ikasi behar izan zuten; bien bitartean, Israelek atxikita zituen eskolako materialez betetako kamioiak, Kerem Shalomgo muga pasabidean. Gazako biztanleen erdiak baino gehiago 18 urtez beherakoak dira, eta bonbardaketaren eta Israelek egindako boikotaren eraginez horien hezkuntzak izan duen etenaldiak kalte handia dakar.
  • Ospitaleetan, esan bezala, kalte handia eragin dute bonbardaketak eta blokeoak. Israelgo agintariek behin eta berriz Gazan sartzeko baimena ukatu diete Osasunerako Mundu Erakundeak mediku laguntzarekin bidalitako kamioiei, inolako azalpenik eman gabe. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2009an 28 paziente hil ziren, mediku tratamendua jasotzearren Gazatik irteteko baimenaren zain zeudela. Horietatik 14, Erezko pasabidea erabiliz Israelera joateko zain zeuden.
  • Langabezia abiada bizian hazten ari da Gazan. Izan ere, negozioek apenas iraun dezaketen, blokeoaren ondorioz. 2009ko abenduan, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen langabezia tasa % 40tik gorakoa zela.
  • Blokeoa Gazako biztanleen bizitzako ia alderdi guztiak itotzen ari da. Gazako biztanleak gero eta bakartuago daude, eta gero eta sufrimendu handiagoa dute. Langabezia masiboaren, muturreko pobreziaren, elikagaietako segurtasun ezaren eta eskasiak elikagaietan dakarren prezio igoeraren eraginez, Gazako bost biztanletatik lau jadanik nazioarteko giza laguntzaren mende bizi dira.

Blokeoak eragindako kalte horiek guztiek protesta ugari piztu dute nazioartean, hala nola Askatasunaren ontzidia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0164.pdf .
  2. Nazio Batuen Erakundeak darabilen terminoa da Palestinako lurralde okupatuak. Halaxe ageri da, adibidez, Segurtasun Kontseiluaren 242. ebazpenean
  3. Biztanleria 2007an
  4. a b c Guide: Gaza under blockade. Israelek Gazari ezarritako blokeoaz BBC albiste erakundeak egin duen web ataria.
  5. Adrian Michaels (2010-06-02): «Gaza aid flotilla attack: Israel is always shooting... and fast losing friends», Telegraph.co.uk webguneko artikulua, 2010-06-07an hartua.
  6. Atzerri Arazoetako Israelgo Ministerioa (2010-06-05): «Increased humanitarian aid to Gaza after IDF operation», Atzerri Arazoetako Israelgo Ministerioaren webgunetik hartua, 2010-06-07an.
  7. Gideon Levy (2010-05-30): «Gaza flotilla drives Israel into a sea of stupidity», Haaretz, 2010-06-07an hartua.
  8. Nazioarteko Amnistia (2010-06-01): «Suffocating Gaza: the Israeli blockade's effects on Palestinians», Nazioarteko Amnistiaren webgunetik 2010-06-07an hartua.
  9. a b Esteban Beltrán (2010-06-01): «El asfixiante bloqueo de Gaza», El País.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gazako zerrenda Aldatu lotura Wikidatan