Niue

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Niue
Niuē[1]
Niueko bandera
Bandera

Niueko armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Ko e Iki he Lagi
Niue: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Alofi
19°3′S 169°55′W / 19.050°S 169.917°W / -19.050; -169.917
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa, niuera
Gobernua
Erregina
Lehen Ministroa
Monarkia konstituzionala
Elisabet II.a
Toke Talagi
Autogobernua
Zeelanda Berriarekiko elkargo librea

1974ko urriaren 19a
Eremua
• Guztira
• Ura

260 km² (-)
% 0
Biztanleria
• Zenbatespena(2009)
• Dentsitatea

Herritarra

1.398 (218)
5,35 biztanle/km² (-)

niuetar
Dirua Zeelandaberritar dolarra[2] (NZD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -11)
Ez (UTC -11)
Interneteko domeinua .nu
Telefono aurrezenbakia +683
Niue, munduko lehen "WiFi nazioa".

Niue (ingelesez) edo Niuē[3] (niueraz) Ozeano Bareko uharte-nazio bat da, Polinesian kokatua. Polinesiako arroka ezizena ere ematen zaio. Bere auzokide guztiak ere polinesiarrak dira: Tonga hego-mendebaldean, Samoa ipar-mendebaldean eta Cook Uharteak hego-ekialdean. Bere metropolia den Zeelanda Berria, ordea, 2400 kmra dago.

Independentziatik hurbil dagoen autogobernua du, 1974tik elkargo libreko harremana baitu Zeelanda Berriarekin. Niuetarrak barneko politikari dagokion guztiaren jabe dira; kanpo harremanen gainean ere 1994tik NBEk arlo horretan duen independentzia onartu zion, nahiz eta praktikan askotan Zeelanda Berrian delegatzen duen[4]. Estatuburua, bestalde, Elisabet II.a da.

2003an Niue munduko lehen "WiFi nazioa" bilakatu zen, The Internet Users Society-Niue elkarteak haririk gabeko Interneterako zerbitzua eskaintzen baitu[5]. Tabakorik gabeko munduko lehen herrialdea izan liteke, egin den proposamena aurrera ateratzekotan[6].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niue munduko koral uharterik handienetakoa da. Ekuatore eta Kaprikornioko Tropikoaren artean, 480 km mendebaldera Tonga du, 930 km ekialdera Cook Uharteetako handiena den Rarotonga eta 2400 km hego-mendebaldera Auckland, Zeelanda Berriko hiririk handiena eta niuetar jatorriko biztanle ugari duena.

261,46 km² ditu. Topografiaren aldetik erdialdean goi-ordokia du, non uharteko punturik altuenak dauden (garaiena, izenik gabea, 68 mkoa da); kostaldetik barnealderantz 25 mko kareharrizko amildegiak daude. "Alofiko terraza" izena ematen zaion 500 mko zerrenda dago kostaldean; hiriburuaren izena badarama ere, kostalde osoan zehar dago. Koralezko barrera batek uhartea inguratzen du.

Niueko itsas-eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela urte gutxi Niue eta alboko uhartedien itsasoko Eremu Ekonomiko Esklusiboa (EEE; hau da, lur zati bakoitzari bere inguruan dagokion itsasoaren esparrua) zehaztu egin da. Niuek bi lur zati besterik ez ditu, Niue bera eta Beveridge uharria, beraz 370 kmko erradioko bi borobilen zentroak dira eta bere osotasunean 390.000 km²ko azalera du. Borobil hauek beste nazio batzuenekin topo egiten duten lekuetan itsasoa lehian ari diren nazioen artean banatu egiten da.

Hori dela eta, Niueren EEEa mendebaldean Fijikoarekin, iparraldean Amerikar Samoarekin eta ekialdean Cook Uharteetakoarekin muga du. Hegoaldeko muga lehiarik gabea da eta nazioarteko urekin topatzen da[7].

Uharriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niue uharte nagusiaz gain, uharri bat dago bere itsas-eremuan eta noizbait beste batzuk daudelako testigantzak eman dira:

  • Beveridge uharria: Niuetik hego-ekialdera, goialdean koralezko atoloi bat duen itsaspeko mendia da. Atoloiak lagoon edo itsas-aintzira bat inguratzen du. Oso hurbil egon ezean uharri hau ezin da ikusi[8].
  • Antiope uharria: Niuetik ipar-ekialdean legoke. 1886an Antiope itsasontzi britainiarrak eman zuen bere berri; 1984an ere antzeko leku batean zegoen uharria dokumentatu zen.
  • Harans uharria: 1848an Thomas Dickenson itsasontzian zihoan Harans jaunak aipatua eta Niuetik hegoalderantz legokeena. Bere ondotik gauean pasatu ziren eta ez da bat ere segurua uharri hori dagoenik; mapa berri batzuek 1000 mko itsas mendi bat erakusten dute posizio horretan eta Harans jaunak agian sumendi-gasak besterik ez zituen ikusi.
  • Beste uharri bat, dagoela oso zalantzazkoa dena, 1965ean dokumentatu zen Haransetik hego-ekialdera. Gaur egun uharri hau mito bihurtu da[9].

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niueko udalerrietako mugak.

Niuen 14 "herri" daude; udalerriaren funtzioak betetzen dituzte. Bakoitzak bere udalbatza izateaz gain hautesbarrutia da eta Niueko Legebiltzarrera ordezkari bana bidaltzen dute. Alofi hiriburua Ipar Alofi eta Hego Alofiren artean banatuta dago[10].

Taulan herriak, azalera, bere 2001eko biztanleria eta dentsitatea agertzen dira; herriak bi esparru historikotan banatuta daude, Motu eta Tafiti.

Zkia. Herria Biztanleria
(2001eko errolda)
Azalera[11]
km²
Dentsitatea
(km-2)
Motu (iparraldeko "tribu-eremu" historikoa)
1 Makefu 87 17.13 5.1
2 Tuapa 129 12.54 10.3
3 Namukulu 14 1.48 9.5
4 Hikutavake 65 10.17 6.4
5 Toi 31 4.77 6.5
6 Mutalau 133 26.31 5.1
7 Lakepa 88 21.58 4.1
8 Liku 73 41.64 1.8
Tafiti (hegoaldeko "tribu-eremu" historikoa)
9 Hakupu 227 48.04 4.7
10 Vaiea 62 5.40 11.5
11 Avatele 150 13.99 8.9
12 Tamakautoga 140 11.93 11.7
13 Hego Alofi 358 46.48 13.2
14 Ipar Alofi 256
Niue 1788 261.46 6.8

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharte-nazio honetan klima tropikala da nagusi eta batzuetan zikloi tropikal bortitzen eragina pairatu behar dute: 2004ko urtarrilean, Heta ekaitz tropikalak Niue astindu zuen; 2 pertsona hil ziren eta uhartean kalte oso handiak suertatu ziren[12]. Besteak beste Lord Liverpool Hospital erabat suntsitu zuen. Hala ere, 2006an Niue Foou erietxe berria inauguratu zen.

Urtean batez besteko 25 Â°Cko tenperatura dago. Euri sasoia abendutik martxoa artekoa izaten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fata-a-iki, Niueko 7. patu-iki.

Niueko lehen biztanle ezagunak 900. urtearen inguruan bertan kokatu ziren samoar jatorrikoak izan ziren. XVI. mendean bigarren immigrazio oldea gertatu zen, kasu honetan Tongatik[13].

XVIII. mendea arte ez dirudi gobernu nazional baten funtzioa betetzen zuen egiturarik egon zenik. Buruzagiek (iki) eta familiaburuek biztanleriaren sektore batzuen gaineko agintea zuten. 1700 aldean monarkiaren kontzeptua Samoa edo Tongatik inportatu zutela ematen du; harrezkero errege (patu-iki) batzuek zuzendu dute uhartea[14].

Europarren presentzia Niuen 1774an hasi zen James Cook kapitainaren bisitarekin; Savage Island ("Uharte basatia") izena eman zion eta bertakoek ez zioten lurreratzen utzi. Aipatzeko moduko bigarren presentzia europarra 1846an hara heldu zen Londresko Misiolari Elkarteak egin zuen; ez zuten bat ere erraztasunik topatu eta denbora luzez presentzia iraunkorra izaten saiatu eta gero Nukai Peniamina izeneko gaztea bahitu zuten eta geroago misiolari gisan itzuli zen uhartera. Herri askotan kristautasunaren sarreraren oso kontrako jarrera egon zen. Tui-toga (1875etik 1887ra errege) izan zen Niueko lehen agintari kristaua.

1887an Fata-a-iki erregeak Viktoria I.a Erresuma Batukoari idatzi zion eta beste potentzia batek uhartea anexionatu baino lehen Niueren gaineko protektoratu bat ezartzeko eskatu zion. Lehen eskaera hau eta 1895eko bigarrena arrakastarik gabeak izan ziren baina 1900ean Erresuma Batuak protektoratua antolatu zuen. Hala ere, hurrengo urtean Zeelanda Berriak anexionatu zuen; estatu honek ekin zion Niue administratzeari, Britainiar Inperioaren izenean.

1974an erreferendum bat egin zen; hiru aukera zuten: independentzia, autogobernua ala Zeelanda Berriko lurraldea izaten segitzea. Bigarrenak irabazi zuen eta Zeelanda Berriko legebiltzarrean urriaren 19an Niuerekiko elkargo librea arautzen duen legea onartu zen[15][16]. 1974tik 1992an hil zen arte Robert Rex izan zen Niueko Lehen Ministroa.

Hamar urtez AEBekin eztabaidan aritu eta gero 1997ko maiatzan Niue eta Amerikar Samoaren arteko itsas-muga zehazten duen ituna sinatu zen.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niue Zeelanda Berriarekin elkargo librean lotutako lurraldea da, autogobernu maila oso handia duena; barne arazoetan niuetarrek erabakitzeko ahalmen osoa dute. Wellingtongo gobernuak zenbait konpetentzia gordetzen du kanpo aferetan, beti ere Niuerekin kontsultatuta. 1974ko Niueko Konstituzioaren Legeak aginte betearazlea onartzen dio Erresuma Batuko erreginari, Zeelanda Berrikoa ere delako eta baita estatu honetako gobernadore orokorrari. Konstituzioak, aldiz, egunerokotasunean botere hori Niueko Lehen Ministroak eta beste hiru ministrok osatzen duten kabineteak bereganatzen dutela zehazten du. Kabineteko kideak Niue Fono Ekepule (nazioko legebiltzar legegilea) osatzen dutenen artean aukeratzen dira. Legebiltzar honek 3 urterako hautatutako 20 kide ditu, 6 nazio mailakoak eta 14 herri bakoitzean aukeratuak.

Botere judiziala beste biekiko independentea da.

Kanpo harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan kanpo harremanei dagokienez ere gero eta ekimen gehiago izaten ari da. Wellingtonen bulego diplomatikoa du eta Pacific Islands Forum ("Ozeano Bareko Uharteetako Foruma") zein nazioarteko beste erakunde batzuetako kidea da. Ez da NBEko kidea baina erakunde honekin lotutako zenbait agentziatan esku hartzen du: Itsasoaren Legeari buruzko Konbentzioa, Klima aldaketaz aritzen dena, Ottawako Ituna edota Rarotongako Ituna. 1993ko urriaren 26tik UNESCOko kidea da.

2007ko abenduaren 17an harreman diplomatikoak hasi zituen Txinako Herri Errepublikarekin[17]. Zeelanda Berriarekiko eztabaida ekarri zuen horrek, beraien arteko itunean ez baita argi geratzen ea maila honetako harreman osoak garatzeko ahalmena eskuratu duen; gainera Wellingtonek eta Alofik Taiwango aferaz erakutsi duten jarrera ez da berbera izan.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1398 biztanle zituen 2007an, gehien-gehienak niuetar polinesiarrak; bizitza espektatiba 63 urtekoa da. Biztanle gehienak mendebaldeko kostaldean -Alofiren inguruan- eta ipar-mendebaldean bizi dira.

Immigrazio handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niuetar jatorrikoak askoz ere gehiago dira kanpoan Niuen bertan baino[18][19]; 2001eko Zeelanda Berriko erroldaren arabera 20.100 niuetar[20] bizi ziren han, batez ere Auckland eta bere eskualdean (bereziki Manukaun), beste komunitate polinesiar batzuekin (tokelauar, cooktar, samoar, tongarrak) gertatzen den ber gisan[21]. Niueko gobernua ahalegintzen ari da lagun hauetako batzuk uhartera itzultzeko konbentzitzen, arrakastarik gabe (2007an 1630 biztanle zituen).

Azken urteotan niuetar batzuk Australiara ere joan dira, baldintza ekonomiko hobeak daudelakoan[22].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienbat kristaua: %75 protestanteak (Ekalesia Nieue eliz kongregazionalekoak hain zuzen ere), %10 Azken Egunetako Santuen Mugimenduaren jarraitzaileak, %7 katolikoak; %1,5 Bahá'í dira, munduko 19.a ehunekoan.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niuetar gehiago Zeelanda Berrian bizi direlarik, kezka handia sortu da azken urteotan belaunaldi gazteengan ematen ari den hizkuntza galera dela eta; hizkuntzaren kontra britainiar eskolako irakasleek XX. mendean zehar erakutsitako jarrera ere aipagaia da[23].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niue turismoaren eraginetik gordetako lekua da.

Bere oinarri ekonomiko ahulak, murriztuz doan populazioak eta esportaziorako aukera txikiek Niue Zeelanda Berritik datorkion laguntzaren menpekoa bilakatzen dute. 2006-2007an Wellingtonek 8,7 milioi zeelandaberritar dolarreko dirulaguntza bidali zuen. Diru kopuru hau 1990eko hamarkadatik murrizten ari dira; horren alternatibak bilatu nahi izan dituzte, adibidez offshore finantzekin baina momentuz ekonomiaren dibertsifikazioa ez da oso handia. Bien bitartean Zeelanda Berrian bizi diren niuetarren diru-bidalketak garrantzi handikoak izan dira baina azken urteetan gutxitu egin dira.

  • Gehien esportatzen diren ekoizpenak: barazkiak, eztia eta banilla. Niueko taroa, nazioarteko merkatuetan "taro larrosa" izenez ezaguna, esportatzen den beste ekoizpen bat da.
  • Gehien inportatzen direnak: jakiak, abereak, erregaiak...

Merkataritzako elkartrukatzeetarako Niueko kide nagusiak Zeelanda Berria, Australia, Japonia eta Fiji dira. Inportazioak esportazioak baino askoz gehiago dira[24].

.nu interneteko domeinua ere irabaziak lortzeko bidea izan da, Europako zenbait lekutan oso erabilgarria delako; IANAren ekimenak batzuetan uhartean eztabaidatuak izan dira[25]. Edozein kasutan, arlo horretan lortutakoari esker 2003an Niue munduko lehen "WiFi nazioa" bilakatu zen[26].

Energia berriztagarrien arloan ere nazio txiki honen beharrak asetzeko aurrerapenak eman dira, Europar Batasunaren laguntzaz; 2009ko uztailean eguzki panelen sistema bat ezarri zen. Panelak Niue High School Bigarren Hezkuntzako ikastetxean, Niue Power Corporation elkartearen bulegoetan eta Niue Foou erietxean daude[27].

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asfaltatutako 120 bat km daude.

Alofiko portuan itsasontzi txikiak baino ezin dira sartu; merkantziak eta bidaiariak ontzi txikiagoetara bidaltzen dituzte lurreratu ahal izateko.

Niueko nazioarteko aireportua (Niue International Airport edo Hanan International Airport) Alofiren hegoaldean dago. Air New Zealand da Niuerako hegalaldiak proposatzen dituen bakarra, astean behinekoa baino ez bada ere. Hain hegalaldi gutxi egotea arazoa da turismoaren garapenerako.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost urterekin hasten den hamabi urteko derrigorrezko hezkuntza sistema dago. 2005ean ikasle-irakasle ratioa 8:1 zen, bai Lehen bai Bigarren Hezkuntzan.

Unibertsitateari dagokionez Zeelanda Berrian, Australian edota Fijin segitzen da. Niue eskualde mailako University of the South Pacific delakoaren kidea da; bere campus nagusia Suvan (Fiji) dago eta unibertsitate honek adar oso txiki bat du Niuen bertan. Helduen alfabetatze maila %100 da.

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niue Star (paperezko bakarra), Niue News (berriak online) eta Niue Economic Review astekariak daude[28]; Niue Star elebiduna da (ingeles eta niueraz), 800 ale ateratzen ditu eta egoitza lehen Alofin bazuen ere, orain Aucklanden du. Television Niue eta Radio Sunshine irrati-telebistak daude, Broadcasting Corporation of Niuek kudeatuta.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errugbilari niuetarren haka.

Bertako herri kirolen artean tika (xabalinaren antzekoa) eta koko jaurtiketak zein andrazkoentzako boloak daude.

Herri polinesiar askotan bezala, niuetarren kirol kutuna errugbia da eta gizon zein andrazkoek jokatzen dute. 2008an FORU Oceania Cup (Federation of Oceania Rugby Unions) delakoa irabazi zuen[29].

Kirolzaletasun handia dagoenez beste batzuk ere praktikatzen dira: netballa (andrazkoek baino ez), golfa (9 zuloko zelai bat dago Fonuakulan) edota futbola (lehen mailako ligak Niue Soccer Tournament izena du, 10 talderekin).

Niuetar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Batzuetan Niuē Fekai izen osoa ere erabiltzen da; ikus Entziklopedia honetan; "Niue basatia" esan nahi du, hau da James Cookek sortutako Savage Island izenaren itzulpena. Ikus Nukai Peniamina.
  2. Ofiziala ez den niuetar dolar bat ere dago.
  3. "So egin kokondoari" esan nahi du; ikus Origin of the coco-nut on Niuē.
  4. UN THE WORLD TODAY (PDF) eta Repertory of Practice of United Nations Organs 8. gehigarria, 10.or.
  5. Light Reading Mobile - Broadband - World's First WiFi Nation - Telecom News Wire, Unstrung.com, 2010eko ekainaren 26a.
  6. World's smallest state aims to become the first smoke-free paradise island, The Independent, 2008ko uztailaren 9a.
  7. Niueko geografia Seafriends webgunean.
  8. Exploring new frontiers off Niue Skin Diver online webgunea.
  9. Pacific Islands Pilot, 1984.
  10. Niueko udalerrietako 1967ko araudia.
  11. Niueko lur azalera.
  12. Zikloia Caritaseko webgunean.
  13. Niue, Encyclopædia Britannica.
  14. S. Percy Smith, Niuē-fekai (or Savage) Island and its People, 1903, 36-44. or.
  15. 1974ko legearen testua.
  16. Gobernuaren webgune ofiziala.
  17. Bi aldeek sinatutako testu osoa Xinhua albiste agentzian.
  18. Niuean People in New Zealand: 2006 estatistika txostena.
  19. Nieuarren immigrazioa Te Ara Zeelanda Berriko entziklopedian.
  20. Niuetar jatorrikoen artean % 70 dagoeneko Zeelanda Berrian bertan jaioak dira.
  21. Auckland: Pacific power, New Zealand Herald, 2010eko abuztuaren 28a.
  22. The Impact of Transnationalism on Niue.
  23. Niue confidential bloga, 2010eko irailaren 21a.
  24. Niue Commonwealthen webgunean.
  25. On a tiny island, catchy Web name sparks a battle, Pittsburgh Post Gazette.
  26. WiFi Nation webgunea.
  27. Europar Batasunaren delegazioa Niuen.
  28. Le Programme international pour le développement de la communication de l'UNESCO soutient le journal de Niue UNESCOren webgunean.
  29. Niueko orrialdea FORUko webgunean.
  30. Crossen webgunea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Niue Aldatu lotura Wikidatan