Edukira joan

Euskal Herriko politika

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko biztanleria, euskal nortasunarekiko atxikimendu ehunekoen arabera.

Euskal Herriko politikan hainbat dimentsiok hartzen dute parte. Alde batetik, munduko beste leku askotan bezala, ezker politiko eta eskuin politikoaren arteko eztabaida dago; bestetik, abertzaletasunaren eta ez-abertzaleen arteko bereizketa ere badago, abertzale askorentzat eusko abertzaletasunaren eta espainiar nazionalismo edo frantses nazionalismoaren arteko ardatza dena. Azken ardatz hau bereziki garrantzitsua da Hego Euskal Herrian. Nafarroa Garaian, gainera, euskalduntasuna ukatzen duten alderdiak ere badira, indar handikoak. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herria egituratzeari edo naziotzat onartzeari buruzko ikuspegiaren arabera bereizten dira. Horrek alderdi anitzeko sistema politiko konplexua sortu du.

Eredu politiko honek sustrai sakonak ditu, egile batzuen arabera Karlistaldietan kokatzen direnak eta, edonola ere, foruzaletasunarekin lotuta daudenak[1]. Gerra horien ondoren sortutako ezinegonetik abiatu ziren bai kontzertu ekonomikoaren ideia[2], eta foruen galeratik abiatu zen ere euskal nazionalismoa. Aldi berean, industrializazioaren garaian sortutako klase diferentziak zein sortutako aldaketa demografikoak eragin handia izan zuen politikan. Bizkaian, bereziki[3], baina industrializazioaren guneetan modu zabalean ideia sozialisten eta komunisten errotzea sakona izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Langileen mugimendua Euskal Herrian indartsua izan zen, eta sortu berrian zen abertzaletasunak berarekin batera landu behar izan zuen proiektu sindikal bat[4]. Lehen Mundu Gerraren ostean Eusko Alderdi Jeltzaleak botere maila handia lortu zuen, eta Espainiako Bigarren Errepublikan jada sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza, egoera dela eta indar abertzale zein ezkertiarrez osatua. Garai horretan sortu zen lehen alderdi ezkertiar eta abertzalea ere, EAE-ANV izenekoa.

Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, mugimendu politiko gehienak klandestinitatera pasa ziren Hego Euskal Herrian. 1950eko hamarkadaren amaieran antifrankismoa eta ezkerreko abertzaletasuna biltzen zituen Euskadi Ta Askatasuna sortu zen, hurrengo berrogeita hamar urtetan euskal politikan garrantzi handia izan zuen erakunde armatua. Bere magalean sortutako ezker abertzaleak pizkunde berri bat abiatu zuen, bereziki hizkuntzaren berreskurapenari eta independentzia aldarriari begira. Ipar Euskal Herrian ere mugimendu abertzalea indartu zen. Frankismoaren amaierarekin batera Espainiako trantsizioa eman zen, alderdien legeztapenarekin eta instituzioen berrezartzearekin. Urte horietan Hego Euskal Herria autonomia bakar batean biltzeko mugimendua izan zen, baina, azkenean, bitan zatitu zen Euskal Herriko hegoaldeko eremua. Zatiketa horrek eragin handia izan zuen hurrengo hamarkadetako politikan.

Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi nagusia EAJ da, ezker independentista, azken urteotan EH Bildu alderdian biltzen dena, Gipuzkoan indartsua den bitartean. Bi familia abertzaleen artean baino, ohikoagoa da itunak eta elkarlana ematea EAJ eta PSE-EEren artean. Nafarroa Garaian, bestetik, UPN da alderdi nagusia, nahiz eta 2010eko hamarkadatik boterea galtzen joan den, gainontzeko alderdien arteko itunak direla eta. Ipar Euskal Herrian, 2010eko hamarkadatik aurrera, indar berezia egon da alderdi ia guztien artean erabaki marko propioak izateko. Hala jaio zen Euskal Hirigune Elkargoa 2017an. 2010eko hamarkadan ezker abertzaleak Euskal gatazkaren alde armatuarekin amaitzeko erabakia hartu zuen; ETA 2018an desegin zen[5]. Gatazka horren ondorioak euskal politikaren gai nagusietako bat dira, bereziki biktimen aitortza eta presoei dagokiona. Independentzia proiektu politikotzat duten alderdiek autodeterminazio eskubidea eskatzen dute, eta 2010eko hamarkadatik aurrera Gure Esku bezalako ekimenek erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio jendetsuak egin dituzte.

Euskal Herria proiektu politiko gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatu den bezala, Euskal Herria, Euskadi/Euzkadi, Baskonia eta bestelako izenak erabili izan dira Euskal Herria kontzeptua adierazteko, eta kontzeptuaren hedadura ere aldakorra izan da denboran zehar. Euskal Herria terminoaren erabilera politikoa zabala da, eta denborarekin ere aldatu da. Zazpiak Bat bezalako helburu politikoak ere garatu dira. Euskal abertzaletasunaren sorreran Sabin Aranak Euzkadi terminoa hobetsi zuen, hizkuntza eta aberria bereizteko asmoz. Garai hartan Fidel Sagarminaga eta Ramon de la Sota bezalako politikariek ordezkatzen zuten sektore foruzaleari euskalerriako izena ematen zitzaion, eta Sabin Aranak euren aurka ere idatzi zuen: Alderdi karlista, integrista eta euskalerriakoa espainolistak dira eta, beraz, Bizkaiaren etsaiak[oh 1][6]. Arturo Kanpionek Euskal Herria kontzeptu historikoa defendatu zuen[7], baina frankismoan zehar Euskal Herria kontzeptua baimendu zen, karlismoak zein Fuerza Nueva alderdi faxistak[8] erabili zutelako[9][oh 2]

Gaur egun (eta artikulu honetan) Euskal Herria gisa definitzen den herriaren batasuna historikoki hainbat autorek defendatu dute. Abertzaletasun historizistak Nafarroako Erresuman (eta zehatzago Antso Gartzeitz III.a Nagusiaren erregaldian) kokatu ohi du nazio horren lehen aurrekari politikoa, baina eztabaidatua da. XVIII. mendean Manuel Larramendik lurralde foralen batasuna aldarrikatu zuen, Pirinioen bi aldeetan Sobre los fueros de Guipuzcoa[10] liburuan. Mende horren amaieran Dominique Joseph Garat Ustaritzeko semeak Fenizia Berria kontzeptua proposatu zuen, Exposé succint d'un projet de réunión de quelques cantons de l'Espagne et de la France dans la vue de rendre plus fáciles et la soumission de l'Espagne et la création d'une maxime puissance lanean[11].

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar administrazioaren pean daudenak:

Frantziar administrazioaren pean daudenak:

Gainera, Euskal Herriaren barruan Gaztela eta Leonek administratutako Trebiñuko konderria dago, eta Kantabriako administrazioak kudeatutako Villaverde Turtziozko herria.

Alderdi politikoak eta hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan den bezala, Euskal Herrian alderdi politikoak bi ardatz ezberdinetan banatuta daude. Alde batetik ezker-eskuin ardatza dago eta, bestetik, abertzale-ez-abertzale ardatza[12]. Bien intersekzioan, zein bakoitzaren graduaren arabera, alderdi sistema korapilotsu bat dago. Gainera, alderdi batzuk Euskal Herri osoan existitzen badira ere, banaketa administratiboaren ondorioz ez daude alderdi berberak administrazio bakoitzean.

Ezker politikoaren esparruan hainbat alderdi egon dira historian zehar. Euskal Herria esparrutzat duten alderdien artean, Ezker Abertzalearen marka ezberdinek, tartean Herri Batasuna edo, beranduago, Sortu batez ere Hego Euskal Herrian izan dira aktibo, Ipar Euskal Herrian Abertzaleen Batasuna alderdiak esparru ideologiko antzekoa betetzen zuelarik. Gatazka armatuaren posizioarekiko kritiko Aralar existitu zen, eta ezker independentistaren baitan sartzen da ere EAJren eszisioa zen Eusko Alkartasuna alderdi sozialdemokrata. Beste alderdi batzuk burujabetza defendatu dute ezkerreko posizioetatik, adibidez Batzarrek edo Alternatibak. Gaur egun esparru zabal honetako ordezkari nagusia Euskal Herria Bildu koalizioa da Hego Euskal Herrian eta Euskal Herria Bai Ipar Euskal Herrian. Esparru honetan existitu diren hainbat alderdi ilegalak dira Espainian.

Ezkerrean ere, baina euren burua ez-abertzale edo Espainiako konstituzioaren aldeko gisa identifikatzen duen alderdi nagusia Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra da EAEn, ideologia sozioliberal-sozialdemokrata duena. Nafarroan Nafarroako Alderdi Sozialista eta Frantzian Frantziako Alderdi Sozialista dira mugimendu berdinaren ordezkariak. Euren ezkerrean kokatzen da Ezker Batua Berdeak eta Nafarroako Ezker Batua (Izquierda-Ezkerra), azken urteotan Elkarrekin Podemos gisa aurkeztu dena Ahal Dugurekin batera. Lehen aipatutako Batzarre ere esparru honen parte da, beste plataforma txikiago batzuekin batera. Alderdi honek indar berezia izan zuen aurkeztutako lehenengo hauteskundetan. Frantziar estatuan Liga Komunista Iraultzailea (Frantzia) (LCR) eta Les Verts du Pays Basque-Euskal Herriko Berdeak esparru ideologiko honetan daude ere eta Parti Communiste Français (PCF) alderdi komunista tradizionalagoa da.

Orokorrean, alderdi abertzaleen artean eskuin politikoak posizio zentristagoak ditu alderdi espainiarzaleen artean baino. Euzko Alderdi Jeltzalea Hego zein Ipar Euskal Herrian existitzen da, eta alderdi politiko hegemonikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ideologia demokristaua du, baina askotan jarrera liberalak edo sozialdemokratak ere defendatu izan ditu. Europako Parlamentuan Europarako Liberalen eta Demokraten Aliantza taldean kokatu izan da. Nafarroan Geroa Bai (GBai) marka erabiltzen du, lehendakaritzara ere iritsi zena 2015-2019 legegintzaldian. Lehenago Nafarroa Bai marka erabili zuen, ezker soberanistako beste alderdi batzuekin batera.

Espainia zein Frantzia ardatz duten zentro-eskuin eta eskuineko alderdien artean garrantzitsuenak Frantziako Demokraziaren aldeko Batasuna (UDF) alderdi demokristaua, Errepublikarrak (lehengo UMPtik datorrena) alderdi kontserbadore gaullista eta indartsua den Errepublika Martxan alderdia daude. Azken honek posizio europearzale neoliberalak defendatzen ditu eta Espainiako Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's) alderdiaren pareko dira. Azken honek indar oso txikia du, baina Nafarroa Garaian lehen alderdia den Nafar Herriaren Batasuna (UPN) alderdiarekin batera aurkeztu zen koalizioan Navarra Suma izenpean azken hauteskundetan. Eurekin batera zegoen Alderdi Popularra (PP), Nafarroan indar txikia duena, eta EAEn gero eta garrantzi txikiagoa duena, baina Espainiako politikan alderdi nagusietako bat dena. Eskuin muturrari dagokionez, Front National (FN) alderdiak gune indartsu batzuk ditu Ipar Euskal Herrian baina Vox alderdiak oso indar txikia du Hego Euskal Herrian.

Ikurrina eta Nafarroako bandera, Zazpiak Bat armarriarekin, Udalbiltzaren batzarrean.

Ikurrina da Euskal Herriaren bandera erabiliena. Luis eta Sabin Aranak asmatu zuten, 1894an, Bizkaiko bandera izan zedin, baina laster zabaldu zen Euskal Herriaren banderatzat.[13] Gaur egun, EAEko bandera ofiziala da, Espainiakoarekin eta tokian tokikoekin batera.[14] Ipar Euskal Herrian ikurrina oso hedatuta dago, eta agintariek onartuta, baina Nafarroa Garaian egoera bestelakoa da: 2003an, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak Ikurren Legea onartu zuen, ikurrina toki publikoetatik kentzeko asmoz.

Euskal herritar batzuek, hala ere, Nafarroako bandera (kate horiak hondo gorrian)[15] lurralde osorako proposatzen dute. Beste batzuek, berriz, Arrano Beltza darabilte Euskal Herriaren bandera gisa.

Ereserkiei dagokionez, gaur egun ez dago behar bezain onarpen zabala duen abestirik. Historikoki, Euskal Herritarren ereserkiaren papera bete duten zenbait kantu izan dira, molde batean edo bestean. Gernikako Arbola (Iparragirrek sortua eta XVIII. mendearen erdialdetik aurrera hedatu zena), San Ignazioren martxaren aldaera den Iñaki Deunaren Ereserkia (1932ko Aberri Egunean erabilia), Euzko Abendaren Ereserkia (XX. mendearen zati batean Euskal Herriari lotua baina 1983an EAEko ereserki ofizial denetik lurralde guztiak biltzeko ezegokitzat jo daitekeena) eta Eusko Gudariak (gerra zibilean frankisten kontrako gudariek kantatua eta gaur egun ezker abertzaleari lotua) lirateke nabarmenenak[16].

Beste ikur batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lauburua ohiko ikurra da euskal herriko tradizioan.

Armarritzat, aldiz, Zazpiak Bat delakoa oso zabalduta dago lurralde osoan. Udalbiltza erakundeak, adibidez, bere egin du.

Goiburuetan, armarriari loturik joan ohi den "Zazpiak Bat" gaur egun onarpen zabala duenetako bat da. Garaiaren arabera beste batzuk ere izan dute hedapena, Gernikako Arbola kantuaren "eman ta zabal zazu" (EHUk darabilena), jeltzaleen "jaungoikoa eta lege zaharra" edo foruzaleen "jainkoa eta foruak", adibidez. Nafarroako erreinuaren garaian, Obanosko Infanzoien biltzarretan latinezko Pro libertate patria, gens libera state lema zerabilten ("aberri askearen alde, jende librea"). Giro informalagoan "Gora gu ta gutarrak" ere entzun ohi da.

Beste ikur bat ere bada, aski hedatua eta euskaldunek beren ikurtzat jotzen dutena: lauburua edo antzinako euskal gurutzea[17]. Eguzki-lorea ere erabiltzen da batzuetan, antzinako sinesmenen adierazgarri.

Sistema legegilea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema judiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Avila, Urko Apaolaza. (2012-10-14). «Foruzaletasunaren abaroan» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  2. «‘Kontzertismoa’, beste behin | Angelu itsua» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  3. (Gaztelaniaz) García, Sara Hidalgo. (2015). «Emociones socialistas en la huelga minera de 1890. La formación de la conciencia de clase y el giro emocional / Socialist Emotions during the Miner’ Strike of 1890. The Formation of Class Consciousness and the Emotional Turn» Historiografías: 31–48.  doi:10.26754/ojs_historiografias/hrht.2015102389. ISSN 2174-4289. (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  4. Ansel, Dario 1979-. (2011). ELA en la Segunda República : "evolución sindicalista" de una organización obrera. (1ª ed. de Txalaparta. argitaraldia) Txalaparta ISBN 9788481364828. PMC 796299027. (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  5. Geneva, Enekoitz Esnaola-. «Ofiziala da: bukatu du ETAk» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  6. www.sabinetxea.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-9).
  7. «Berrikusketak» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  8. «POR ALGO SABINO ARANA LLAMÓ EUZKADI A LA EUSKAL HERRIA CARLISTA» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  9. Nabea, Joan Mari Torrealdai. (1999). La censura de Franco y el tema vasco. ISBN 9788471733498. (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  10. Larramendi, Manuel. (1983). Sobre los fueros de Guipúzcoa : conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los fueros de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones ISBN 8471730839. PMC 850822497. (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  11. «NUEVA FENICIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  12. Albertos, J. F.. (2002). «Votar en dos dimensiones: el precio del nacionalismo y la ideología en el comportamiento electoral vasco, 1993-2001» Revista Española de Ciencia Política 6: 153-181..[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Gaztelaniaz) Arana, Luis. (1930). Las banderas de los ex-Estados históricos vascos o regiones autónomas. in: Apuntes para la historia del nacionalismo vasco..[Betiko hautsitako esteka]
  14. (Ingelesez) Flags of the World. Basque Country (Spain). .
  15. Menendez Pidal, Faustino; Martínez de Aguirre, Javier. (2000). «Para saber más». El Escudo de Armas de Navarra. Nafarroako Gobernua ISBN 84-235-2016-1..
  16. Esparza Libar, Andoni. «Euskal Herriak ez du himnorik» (pdf) Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).[Betiko hautsitako esteka]
  17. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Lauburua. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found