Antifrankismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Antifrankismoa edo frankismoari oposizioa diktadura frankistaren aurkako pentsaera edo ideologia politikoa nahiz hainbat pertsonak, taldek eta erakundek frankismoaren aurka egindako jarduna izan zen. Oposizio armatua ahula izan zen orohar eta diktaduraren lehen urteetan soilik (gerrilla antifrankistaren eskutik) nahiz azken urteetan (ETAren eskutik) egon zen indarrean, Espainiako Gerra Zibilaren bukaeratik (1939) lehen hauteskunde demokratikoak (1977 izan ziren arte, diktadorearen heriotzatik (1975) urte eta erdira aurka egon zitzaizkion mugimendu politiko eta sozial guztien multzoa da.

Oposizioa altxatutako gunean (1936-1939)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra amaitu baino lehen, bada oposizioa frankistek kontrolatzen zuten gunean. 1936ko abenduan, Comunión Tradicionalistako liderra zen Manuel Fal Conderen saiakera izan zen; armadaren pean ez litzatekeen egongo errekete akademia militarra sortu nahi zuen, baina traizio salaketak izan zituen berehala eta alde egin beharrean izan zen.

1937ko apirilaren 16an, talka biolentoak izan ziren Salamancan Falange Española de las JONS barruko kideen artean eta 2 hildako izan ziren haietan. Apirilaren 25ean, berriz, une horretan FE de las JONS alderdiaren buru zen Manuel Hedilla Francoren aurka konspiratzeaz salatu zuten eta 2 heriotza-zigor esleitu zizkioten.

Lehen ika-mika hauek berehala isilarazi zituzten 1937ko Batasunerako Dekretuaren bidez, Falange Española Tradicionalista y de las JONS sortu eta Movimiento Nacional delakoan uztartu zuten.

Oposizioa frankismoa ezartzen ari zenean (1939-1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oposizioaren antolaketa barnean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolatzen hasi ziren lehen erakundeak CNT eta PCE izan ziren eta biak ere klandestinitatean aritu behar izan zuten beraien militanteei laguntza emateko.

Atzerrira alde egin zuten errepublikarrek Alianza Democrática Española (ADE) sustatu zuten 1940an eta Londres zuen egoitza. Ez zuen luze iraun, polizia frankista erakundean infiltratu eta 200 bat pertsona atxilo hartu zituzten Valencia, Madril eta beste hiri batzuetan —10 heriotza-zigorrera kondenatu zituzten eta haietako 3 Paternan fusilatu zituzten azaroan—. Azkenean, britainiar gobernuak laguntzeari utzi egin zion eta ADE desagertu egin zen 1940ko amaieran.

Anarkistei dagokienez, berriz, Esteban Pallarolsek osatu zuen lehen batzarra, Albatera esparrutik ihes egin zuena eta kontzentrazio-esparruetatik alde egiten zuten presoei dokumentazio faltsuak eman eta Frantziara ihes egiten lagunduko zuen sare klandestino bat sortuko zuena. Poliziak Pallarols atxilo hartu zuen eta heriotza-zigorra eman zioten, 1943ko uztailaren 18an fusilatu zutelarik. Manuel López Lópezek hartu zuen haren ordea, baina handik gutxira dimititu beharrean izan zen, tuberkulosiak hartu baitzuen Albaterako esparruan egon zenean, Celedonio Pérez Bernardok jarraitu zuelarik. Berehala harrapatu zuten hau ere eta 1942ko irailean epaitu zuten, 30 urtetako kartzela-zigorra esleituz. Manuel Amil Barcia etorri zen gero, baina atzetik zuen polizia eta Madrildik ihes egin eta Andaluzian errefuxiatu zen, komite nazionalaren funtzioak Madrilgo erakundeak beretu zituelarik. Honen burua Eusebio Azañedo zen eta Valentziako CNTrekin jarri zen harremanetan eta baita Kataluniakoarekin ere. Txibatazo bat medio, 1943ko udan atxilo hartu zuten Acebedo eta, horren aurrean, Amil itzuli zen hiriburura, berriro batzar nazionalaren idazkaritza orokorra hartzeko.

Komunisten artean, klandestinitatean osatu zen lehen erakundea Madrilen izan zen, gerra bukatu bezain pronto, Matilde Landa buru zen batzar probintzial bat eratu baitzen. Militanteen artean, Juventudes Socialistas Unificadas erakundeko militanteak zeuden eta batzuk atxilo hartu zituzten, poliziak gazte erakundearen fitxeroak lortu baitzituen eta, inongo frogarik gabe, Francoren aurkako atentatua prestatzen ari zirela leporatu zieten. Tribunal militar batek epaitu zituen eta heriotza-zigorra eman, fusilatu zituztelarik.

Beste batzuk Isaac Gabaldón komandantearen aurkako atentatuan parte hartzeaz salatu zituzten, hura Talavera de la Reinara kotxez zihoanean. Abuztuaren 4an, lehen gerra-kontseilu sumarisimoa egin zen eta 67 salatuetatik 65i eman zieten heriotza-zigorra, hurrengo egunean 63ren sententzia bete zelarik. Haietako batzuk 13 emakume gazte ziren, adinez txikiak batzuk, 13 arrosak deituko zitzaienak. Matilde Landa ere atxilotu zuten, JSUko buru ziren Enrique Sánchez eta José Cazorlarekin batera. 1940ko apirilaren 8an fusilatu zituzten Sánchez eta Cazorla eta Landari 30 urterako kartzela-zigorraz konmutatu zioten. Ezin izan zuen, ordea, presio psikologikoa agoantatu eta bere buruaz beste egin zuen Palma Mallorcako kartzelan.

PCEren hurrengo zuzendaria lortzeko saiakera Heriberto Quiñonesen eskutik etorri zen. Aurrekoak bezala, 1941eko abenduan atxilotu zuten eta bera eta beste asko ere berdin geratu ziren. Atxilo hartu zituzten eta fusilatu. 1943 arte, PCEko kide ugari joan zen zulora.

Gehiago kostatu zitzaien sozialistei antolatzea. Lehen nukleoa Euskal Herrian sortu zen, Nicolás Redondo Blanco eta Ramón Rubialen lan klandestinoari esker. Asturiasen, berriz, errepresioa bortitzagoa zen, goardia zibil gehiago baitzegoen han eta armada ere bai, makien aurka borrokan. 1944ra arte ez zen lehen batzorde probintziala eratu. Sócrates Gómezek osatu zuen hirugarren nukleo sozialista, Madrilen.

Errepublikazaleen oposizioa atzerrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diego Martínez Barriok lortu zuen ezkerreko errepublikar asko biltzea —Unión Republicana, Izquierda Republicana eta Partido Republicano Federal—, Mexikon, Acción Republicana Española sortu zutelarik. 1941eko apirilaren 14an argitaratu zuen lehen manifestua, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zeneko hamargarren urtean: sin una España libre no será posible una Europa libre.

Anarkistek ere egin zuten bateratzeko saiakera CNT, FAI eta FIJL integratuz. Hala ere, 1942ko udaberrian, atzerriko Mugimendu Libertarioak krisi larria jasan zuen, kolaborazionista (Juan García Oliver eta Aurelio Fernández) eta apolitikoen (Germinal Esgleas eta Federica Montseny) arteko gerra piztu zelarik. Mexikon izandako bilera batean, lehenengoek Ponencia izeneko dokumentua aurkeztu zuten eztabaidarako, baina galdu egin zuten eta bere erakunde propioa eratzea erabaki zuten, CNT berri bat CNT egunkaria erabiliko zuena, antikolaborazionisten bozeramalea Solidaridad Obrera izan zen bitartean.

Komunistak isolatuta mantendu ziren II. Mundu Gerra Espainiak parte hartu behar ez zuen gerra inperialista bat zela-eta. 1941ean SESB inbaditu zutenean, iritziz aldatzen hasi ziren eta Mundu Gerra nazien aurkako borroka bilakatu zuten: Hagamos de toda España un gran frente contra Franco y contra Hitler[1]. Deialdi honekin espainiar guztiak batu nahi zituzten, komunistak eta monarkikoak, frankisten aurka zegoen oro. Lehen fruitua Unión Democrática Española (UDE) sortzea izan zen, Mexikon eta PCE, PSOE eta UGTren Negrínen aldeko sektoreak, Izquierda Republicana, Unión Republicana, Partido Republicano Federal eta Unió de Rabassaires bildu zituen 1942ko otsailean.

Bitartean, maiatzean, PSUCeko kataluniar komunistak Aliança Nacional de Catalunya sortu zuten.

Baina, 1942ko irailean, PCEk beste pausu bat eman zuen manifestua argitara ateratzean. Ez zuten han Juan Negrínen gobernua aitatzen, ezta 1931ko konstituzioa ere eta hauteskunde demokratikoak egiteko asmoa luzatzen zuen, Espainian, askatasuna, independentzia eta oparotasuna bermatzeko. Juan Negrínen erantzuna komunistekin haustea izan zen eta gauza bera egin zuten Erresuma Batuan errefuxiatutako errepublikazaleek.

1943ko otsailean, UDE disolbatu egin zen. Hala ere, Negrínen aldeko sozialista eta errepublikazaleek, Negrínek berak ez bezala, ez zituzten PCEkin zituzten harremanak guztiz eten.

Aldi berean, PCEk Unión Nacional Española bultzatu nahi izan zuen indar antifrankistak, errepublikazale edo monarkiko, bateratzeko xedean.

1944ko udan Frantzia askatu zutenean, UNEk Espainia inbaditzeko garaia iritsi zela iritzi zion, alemaniarrek mugatik alde eginda baitzeuden eta Frantziako Jendarmeria zegoen haien lekuan. Arango haranaren inbasioa planeatu zuten eta makietako 9.000 kide espainiarrek hartuko zuten parte, 1944ko maiatzaz geroztik, Agrupación de Guerrilleros Españoles delakoan barneratuta zeudelarik. Jesus Monzón, Frantziako PCEko gizon indartsua, Frantzia okupatuko errepublikar erresistentzia gidatu eta alderdiaren gutxieneko azpiegitura bat eraikitzen saiatu zen Espainian. Gerrillariek eginiko nazien aurkako erresistentzia ekintzen arrakastagatik fidakor, Pirinioak zeharkatuz Espainiaren inbasio bat has zitekeela uste izan zuen eta zibilen altxamendu baten sorburu izango zela. Baina alferrikako ahalegina izan zen. Espainiaren Errekonkista Operazioaren porrotak 588 baja ekarri zituen gerrilarien artean datu ofizialen arabera eta PCEri ondorio esanguratsuak ekarri zizkion; PCEk Jesus Monzóni leporatu zion desastre haren errua eta UNErekin bukatzeko agindua eman zuen. PCEren zuzendaritzaren aginduei jarraituz, bere gertueneko kolaboratzaile zen Gabriel León Trilla Madrilen erail zuten 1945eko irailaren 6an eta bide bera etorri zitzaien Monzónen aldeko ziren beste batzuei ere; 1945eko urriaren 15ean erail zuten Madrilen Alberto Pérez Ayala eta era berean joan zen Pere Canals Frantziako muga gurutzatu eta berehala. Jesus Monzónen karrera politikoa hortxe bukatu zen. Bartzelonan harrapatu zuten eta Espainiako kartzelatan egon zen 1959ko indultura arte, Mexikoko erbestera joan eta PCEn izandako protagonismo guztia ezdeusean geratu zelarik.

1944ko urrian bertan libertario, anarkista eta errepublikazaleen artean Alianza Nacional de Fuerzas Democráticas sortu zen, behin-behineko gobernua eratu eta askatasun demokratikoak ezarri nahian. Hauteskunde orokorretara deitu nahi zuen eta monarkikoekin ituna egiteko prest, Errepublika ezartzea ezinbesteko baldintza izan gabe. Urte horretako azken hilabeteetan bilerak egin zituzten, Ardatza erortzean frankismoak ez zuela iraungo ustez. Baina bide honek ere ez zuen etorkizunik izan eta kartzelan bukatu zuten ANFD-ren buruzagiak, PSOEkoak eta haiekin hitz egindako politiko monarkikoak ere. ANFD sortu eta hilabetera, Martínez Barriok Gorte errepublikarren bilera iragarri zuen Mexikon, lehena Gerra Zibila bukatu zenetik. 205 kideetatik, 72 etorri ziren (104 Espainian bizi ziren eta 88 gerran hilik zeuden -60 frankistek fusilatuta eta 28 bando errepublikarrak exekutatuta). 49 diputatuk ezin izan zuten etorri, baina baietza eman zieten idatziari. Hala ere, Prietoren aldeko sozialisten quorumik ez zegoela esan zuten.

Jaltako Batzarraren garaian, 1945eko otsailaren 4 eta 11ren artean, oraindik ez zegoen behin-behineko gobernu errepublikarrik. Hartan, II. Mundu Gerran garaile atera ziren SESB, AEB eta Erresuma Batuak askatutako herrialdeek eta nazismo azpian egon zirenek libreki aukeratu behar zituztela gobernuak, hauteskundeen bidez, esan zuten eta horrek nolabaiteko larritasuna ematen zion frankismoari.

1945eko martxoaren 10ean, Roosevelt presidenteak horrela esan zion Madrilen enbaxadore zuen Norman Armourri:

« Alemaniaren aurrean lortu dugun garaipenak nazismoa eraistea ekarriko du eta baita antzeko ideologiak ere. (...) Beraz, NBEN ez dago faxismoaren printzipioekin osatutako gobernu batentzako lekurik.[2]  »

Berehala komunikatu zion Armourrek Espainiako kanpo arazoetako ministroari Roosevelten mezua eta, atzerriratutako lider errepublikarrak behatzaile gisa gonbidatu bazituzten ere, frankismoa NBEren sorreratik at geratu zen. Ekainaren 19an, delegatu mexikarrak proposatutakoari atxiki zitzaizkion frantsesa eta iparramerikarra eta Alemania nazia eta Italia faxistaren laguntzari esker sortutako erregimenak kondenatu zituzten, Espainiako diktadura zuzenean aitatzen zuelarik.

Oposizio monarkikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan Borboikoak

1941eko maiatzaz geroztik, militar monarkikoek Franco presionatzen ari ziren, monarkia ezarri zezan, baina ez zeuden etorkizunerako plangintzarekin ados.

1942ko urtarrilean, Kindelán jeneralak Bartzelonako Kapitania Orokorrean egin zuen diskurtsoan monarkiaren errestaurazioa eskatu zion Francori. Hasieran ez zen mugimendurik izan, baina ekainerako, buruzagiak Espainiatik alde egin beharrean izan ziren.

1942ko azaroan, Maroko eta Aljerian lehorreratuko ziren Zuzi Operazioa gertatu eta bi egunetara, Alfontso XIII.a aita hil ondoren Espainiako koroaren oinordeko zen don Joan Borboikoa eta Battenbergekoak lehenengoz adierazi zuen tronua okupatzeko nahiaz eta, ordura arte laguntza eman zion frankismotik aldentzeko joera hartu zuen. Journal de Genève suitzar egunkariari egin zizkion deklarazioei Genevako manifestua deritzo:

« Atzean geratu dira Acción Españolarekin izandako antzekotasunak eta espainiar guztien errege izan nahi duena aurkezden da hemen, ez bando bakarrarena; misio nagusia nazioaren adiskidetzea da eta zatiketa mantentzen duen arrazoiak ezabatu behar dira. [3]  »

Genevako manifestua atera zen egunean, Kindelán jenerala Francorekin elkarrizketatu zen Madrilen eta monarkia aldarrikatzeko eskatu zion. Ez zuela Ardatzarekin lotura berezirik eta ez zuela karguan mantentzeko asmorik, don Joan ondorengo ikusten zuelarik esan zuen Francok, baina, 2 hilabete geroago, Kindelán jenerala beste postu batean jarri zuen, zuzenean tropekin aritzeko aukerarik gabe, eta Moscardó jeneral falangistak hartu zuen haren ordea.

1943ko ekainaren 15ean, Gorte frankistetako 27 prokuradorek Francori idatzitako mezuan, misioa bukatu eta monarkia errestauratzera animatzen zuten. Diktadoreak kargutik kendu egin zituen eta gutuna sustatu zuena, berriz, atxilo hartzeko agindua eman zuen.

1943ko uztailaren 25ean, Mussolini eraitsi zuten eta monarkiazaleentzako aukera berri bat zegoela zirudien. Abuztuaren 2an, don Joanek Francori bidali zion telegramaren erantzunak mehatxua zirudien [4].

1943ko irailaren 8an, berriz, 12 teniente jeneraletatik 8k sinatu zuten gutuna —Luis Orgaz, Fidel Dávila, José Enrique Varela, José Solchaga, Alfredo Kindelán, Andrés Saliquet, Miguel Ponte, José Monasterio— monarkiaren errestaurazioa eskatuz. Francok ez zuen kasorik egin eta aldekoak kontsideratzen zituen militarrak kokatu zituen postu klabeetan. Banan-banan hitz egiten joan zenean, Kindelán, Orgaz eta Ponte bakarrik mantendu ziren bere iritzian eta besteek ezin izan zioten eutsi.

1944ko martxoan, unibertsitateko katedratiko eta irakasle askok isnatu zuten Joan Borboikoari bidalitako gutuna:

« Monarkian eta B.M.-an dago gure erregimen egonkor bat ezarriko den itxaropena.[5]  »

Francok sinatzaileak ziren Madrilgo unibertsitateko 4 katedratiko desherriratu zituen: Julio Palacios, Alfonso García Valdecasas, Jesús Pabón eta Juan José López Ibor.

Azkenean, 1945eko martxoaren 19an, Joan Borboikoak Lausanako manifestua argitaratu zuen, frankismoarekin harremanak eten zituelarik eta monarkia tradizional baten alde eginez.

Espainiako prentsa eta irratietan ez zuen oihartzunik izan, baina BBC-k bai zabaldu zuen. Martxoaren 25ean bere aldekoei dimiti zezaten eskatu zien, baina bik bakarrik egin zuten hori: Albako dukeak Londresko enbaxada utzi zuen eta Alfontso Orleans eta Borboikoak, berriz, Sevillako dukeak, airezko indarren ikuskari kargua utzi zuen.

Berriro ere Francok erantzun berdina eman zuen eta, martxoaren 20an, Armadaren Kontseilu Gorena 3 egunez bildu zen, monarkia ezartzeko eskaerei uko eginez.

« Ni bizi naizen bitartean, ez naiz erregina-ama izango! [6]  »

Oposizioa frankismoa egonkortu zenean (1945-1950)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oposizioaren antolaketa barnean: makiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makien eragina

Potsdamgo Batzarrean ere, alituek NBEn sartzeko eskaria egin zuen Espainiari ez zioten aldeko botoa eman eta horrek denak itxaropena eman zuen errepublikazaleen artean.

Makien ekintzak zabaltzen ari zirela-eta, erregimenak kontrol zorrotzak ezarri zizkion herriari eta, 1947an, Ley de Bandidaje y Terrorismo delakoa aldarrikatu zuen eta heriotza-zigorra zein kasutan aplikatuko zen zehaztu zuen. Frankismoaren iritzian, gerrilarien ekintzak gerra zibilak jarraitzen zuela esan nahi zuen eta gogor jokatu behar zen komunismoaren alde egin nahi zuten haien aurka.

Errepublikazaleen oposizioa atzerrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makien ekinak aurrera, 1945eko abuztuan, gorte errepublikarren saio berezia burutu zen Mexikon eta Diego Martínez Barrio egin zuten Espainiako II. Errepublikako lehendakari atzerrian eta José Giralek zuzenduriko gobernua izendatu zuten -Negrínen aldekoak eta komunistak kanpoan utziz-.

Baina, ia inork ez zuen gobernu errepublikar hori ezagutu, ez potentzia garaileek, ezta NBEk ere. SESB inguruko ekialdeko Europako herrialdeen, Mexiko, Venezuela, Panama eta Guatemalaren laguntza izan bazuen ere, eta NBEk frankismoa kondenatzen zuen 1946ko abenduko deklarazioan atzerriko gobernu errepublikar horri aipamenik ez zionean egin, 1947ko otsailean, José Giralek dimisioa aurkeztu zuen.

Giral beste arrazoietako bat Indalecio Prieto sozialistak eta José María Gil-Robles, monarkikoen izenean, mantentzen ari ziren elkarrizketak izan zen, bera ez baitzen horien aldeko. Horrela, oposizio errepublikarra banatuta zegoen, batzuk monarkikoen aliatzekoaren eta estatu mota erabakitzeko erreferendumaren aldeko eta errepublikaren legitimitatea defendatzen zutenak.

Aurrez-aurre jarri zituen beste arrazoi bat jarraitzeko bidea izan zen: altxamendu orokorraren aurretik gerrilarien borrokarekin jarraitu (horren aldeko ziren CNT, PSOE eta PCE) edo borroka diplomatikoa nagusitu, nazioarteko potentzia handiak eta NBE haien ahaleginetara erakartzeko nahian (horren aldeko ziren euskal eta kataluniar nazionalistak eta errepublikak alderdiak).

Oposizio monarkikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko martxoaren 19an, Joan Borboikoak Lausanako manifestua argitaratu ondoren, monarkikoek ahalegin handiagoak egin zituzten, baina erregimen frankistarekiko haustura ez zen hain garbia izan eta, abuztuan, akordiorik ez bazuten lortu ere, Eugenio Vegas Latapié don Joanen ordezko bidaiatu zuen Madrilera, Luis Carrero Blancorekin elkarrizketatzera.

Oposizio monarkikoa ez zegoen antolatuta eta batuta Espainia barruan eta armada Francoren aldekoa zen orokorrean, monarkiko kolaborazionista asko bezala eta hori arazoa zen don Joanentzat.

Hala ere, presioa monarkikoa indartzea lortu zuen 1946an, erregenahia Lausanatik Estorilera joan zenean bizitzera eta espainiar eliteko 458 kidek sinatutako ongietorri gutuna jaso zuenean. Karlismoaren hondarrak ere, Rodezno kondea buru, don Joan errekonozitu zuten errege.

1947ko martxoan, Ondorengotzako Legea atera zuten eta biziarteko agintaritza ematen zion Caudilloari eta Francoren eskuetan uzten zuen errege izango zenaren izendapena. Beraz, monarkia ezarriko zen, baina Francok erabakitzen zuenean.

Joan Borboikoak legea aldarrikatu baino lehenago izan zuen haren berri, Eugenio Vegas Latapié eta Luis Carrero Blanco bildu zirenean. Eskubide dinastikorik gabe geratzen zela jakin bezain pronto, erregenahiak Estorilgo manifestua egin zuen 1947ko apirilaren 7an, tronuaren ondorengotzarako eskubide propioak defendatuz. Berriro ere, Espainiako prentsan ez zen inongo oihartzunik izan.

Legitimitate demokratikoaren bila, ekainaren 7an onartu zuten legea Gorteetan eta, gero, 1947ko uztailaren 6an, egin zuten erreferenduma, partaidetza handia eta botoen %93 aldeko lortuz -aldeko propaganda bakarra zegoen baimendua, errazionamendu-txartela aurkeztu behar zen eta zigilua jartzen zioten bozkatzeko orduan...-.

Oposizioaren porrota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Hotza oso lagungarria izan zitzaion Francori, Espainia balio estrategiko handiko lekua baitzen mendebaldeko munduarentzat.

1947ko azaroan AEBk ezezkoa esan zion NBEren frankismoari egiten zitzaion kondena berri bati eta zigor berriak ezartzeari. 4 hilabete geroago, Frantziak Espainiarekin zuen muga ireki zuen eta, 1948ko maiatza eta ekaina bitartean, akordio komertzialak sinatu zituzten Frantzia eta Erresuma Batuarekin.

1949 hasieran, berriz, erregimen frankistak iparramerikar banku batek emandako lehen mailegua jaso zuen -25 milioi dolar- eta, aurreraxeago, AEBetako senatuaren Armadaren batzarraren lehendakaria Espainiara etorri zen.

1950ean diktadura frankista onartuta zegoen, jada, nazioartean, ekainean Koreako Gerrak eztanda egin ondoren eta mendebaldeko enbaxadoreak Madrilera itzultzen hasi ziren. Espainiaren NBEko erakunde berezietan sartzeko bideak egiten hasi ziren.

Nazioarteko onespena eta Ondorengotzako Legearen onarpena ikusita, Joan Borboikoak estrategia aldatu zuen eta, 1948ko abuztuaren 25ean, Francorekin elkarrizketatu zen Bizkaiko golkoan zegoen Azor yatean. Bertan izan zen Jaime Borboikoa ere, Joanen anaia zaharragoa, ondorengotzaren auzia garbi-garbi ez zegoela gogoratu nahian-edo. Akordio haien arabera, don Joanek amore eman zuen eta Joan Karlos Borboikoa bere semea Espainian heziko zen, Francok tutelatuta, 10 urteko printzea azaroaren 7an iritsi zelarik.

Akordio honek bertan behera utzi zuen 3 egun geroago monarkikoen ordez zihoan José María Gil-Robles eta Indalecio Prieto errepublikazaleak Donibanen sinatu zutenari -diktadura eraitsi nahi zuten hartan eta, ondoren, behin-behineko gobernua ezarriko zuten estatu mota erabakitzeke geratu zelarik-

Oposizio errepublikarrak ere, nazioarteko onespenak ikusita, indarrik gabe geratu zen eta gerrilarien ekintzak ere geratu egin ziren. 1952an komunistak bertan behera utzi zuten eta, anarkistek, berriz, noizean-behingo ekintzak egin zituzten 1963ra arte.

1948 bukaera aldean, Francoren agintea ziurra zen dagoeneko; monarkikoak gustura zeuden Joan Karlosen izendapenarekin, gerrilak porrotean, atzerriko oposizio errepublikarrak ez zuen ahotsik eta barnekoak ere ez eta nazioarteko isolapena etenda zegoen. Horregatik, 1948ko apirilaren 7an, eta legearen aurrean delitu politikoak epaitzeko tribunal militarrak erabiltzen bazirene re, Gerra Zibila hasi zenetik irauten zuen gerra-egoera bertan behera utzi zuten.

Oposizioa 50eko hamarkadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

50eko hamarkadan, antifrankismoa isiltasunean murgildu zen. Poliziak kontrol gogorra mantendu zuen eta, 1953an, CNTren Batzar Nazionala lideratzen zuen Manuel Vallejo atxilo hartu zuen; baita PSOEko batzar exekutiboaren buru zen Tomás Centeno ere eta polizia-galdeketan hil zen hau. Joan Comorera, PSUCeko liderra, 1954an atxilotu zuten eta gerra-kontseilu batek 30 urteko kartzela-zigorra esleitu zion, 1958an kartzela hil zelarik. Urte berean atxilotu zuten Antonio Amat Guridi sozialista, Tomás Centenoren ondorengoa izan zena PSOEren batzar exekutiboaren agintaritzan.

Hala ere, 1951n, langileriaren protestak garrantzitsuak izan ziren, lan-baldintza penagarriak zirelako eta prezioak igo besterik ez zutelako egiten. Bartzelona izan zen gune garrantzitsua eta tranbiaren biletearen prezioaren igoera protesta piztu zuen txinparta. Martxoaren 1ean herriak egin zuen boikotak, neurria atzeraraztea lortu zuen. Greba orokor bati eman zioten hasiera orduan, bizitzaren kostea emendatzearen protestan. Hasierako erantxuna apala izan zen eta ez ziren tropak kalera atera, baina ondorengo 10 egunetan indarra erabili zen eta langileek greba bertan behera utzi beharrean izan ziren. Beste hiri batzuetan ere izan zen oihartzuna: Zaragoza, Bilbo, Iruñea eta Madril.

Don Joan Borboikoa, berriz, gero eta gertuago zegoen frankismotik eta Francorekin elkarrizketatu zen 1954 bukaeran.

1956ko otsailaren 9an, gertaera larriak izan ziren Madrilgo Unibertsitatean ikasle eta falangisten artean. Poliziak ikasle batzarraren arduradunak atxilotu zituzten eta haietako batzuk falangista ohiak ziren edo erregimenari atxikitako pertsonalitateen seme-alabak. Francok bi neurri berri hartu zituen: Espainiarren Foruaren 14 eta 18. artikuluak suspenditu zituen eta Madrilgo Unibertsitatea itxiarazi zuen. Otsailaren 16an, gertakizunen erantzule ziren ministroak kendu zituen kargutik: Joaquín Ruiz Giménez Hezkuntza ministroa eta Fernández Cuesta ikasle sindikatua bere pean zuen Movimientoko ministro-sekretario orokorra.

Gertakizun hauek frankismoak unibertsitate garrantzitsunetan zeuden gazteen gaineko kontrola galtzen ari zela esan nahi zuten eta oposizioa berriro ari zela indartu nahian.

Komunistak izan ziren lehenengotakoak eta, 1956ko abuztuan Pragan eginiko kongresuan, Bateratze Nazionalaren alde egin zuten. Indar antifrankista guztiak bildu nahi zituzten, Gerra Zibilean borrokatutako bandoak kontuan izan gabe, baina ez zen gauza samurra eta 1959rako deitu zuen greba orokorra porrota izan zen.

Berriro hasi ziren debekatuta zeuden grebak, Asturias eta Katalunian bereziki. Asturiasko meategiak izan ziren indartsu eta etorkizunean arrakasta izango zuen antolaketari ekin zioten: grebalariek aukeratutako lan batzarrak, erreklamazioak zuzenean aurkezten zietenak patronoei. Gero eta indar gehiago hartzen ari ziren eta 1958ko martxoaren 14an, Espainiarren Foruaren bigarren etena egin zen eta 4 hilabetez iraun zuen salbuespen-egoerak.

Oposizioa 60ko hamarkadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langile mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo iskanbila larria 1962 meatzarien Asturiasko greba izan zen. Baimendutako sindikatu bakarra bertikala izaten jarraitzen zuen, baina lan batzordeek indarra hartzen ari ziren eta zuzenean negoziatzen zituzten hitzarmen kolektiboak. Erregimenak debekatu egin zituen, PCEren filiala besterik ez zela esanez.

Gainontzeko sindikatuak, berriz, -UGT, CNT, ELA-STV- berrantolatzeari ekin zioten hamarkada osoan zehar.

Ikasle mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enrique Tierno

Ikasleek ere ahotsa altxatzen hasi ziren. 1965eko mobilizazioek hainbat katedratikoen laguntza lortu zuten eta José Luis López Aranguren, Enrique Tierno Galván edo Agustín García Calvo Madrilgo Unibertsitatetik bota zituzten. Ikasleen sindikatua desegin behar izan zuten eta beste talde batzuk sortu ziren. 1969ko gertakariek salbuespen-egoera ekarriko zion Espainiari.

Katolikoen oposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoaren harridurarako, frankismoari aurrez-aurre jarriko zitzaizkion sektore katolikoak sortu ziren.

1961ean, 339 apaizek haien gotzainak zentsuratu zituzten Euskal Herrian, erregimenarekin kolaboratzen zuelako. Hurrengo urtean, Milango artzapezkikuak -etorkizunean, Paulo VI.a izango zena- telegrama bidali zion Francori Jordi Conill kataluniar ikasle anarkistarentzako barkamena eskatuz; eraikuntza ofizialetan bonbak jartzea leporatzen zioten hari eta heriotza-zigorra ezartzekotan zebiltzan. Azkenean, 30 urteko kartzela-zigorra eman zioten.

1963ko azaroan, Montserrateko monasterioko abade zen Aureli Maria Escarrék Espainian zegoen askatasun falta salatu zuen Le Monde frantses egunkarian eginiko elkarrizketa batean.

« Ez ditugu 25 urte bakean egin, 25 urte garaipenean baizik. Garaileek, Eliza barne, haien alde borroka egitera behartuta, ez dute garaile eta garaituen arteko banaketarekin bukatzeko ezertxo ere egin. Hau da bere burua katoliko jotzen duen erregimenaren porrot handienetakoa, baina Kristautasunaren oinarrietatik urrun dago.[7]  »

Atzerriratu beharrean izan zen abadea. Baina, handik aurrera, katoliko progresista asko eta baita apaizak ere langile eta ikasleen protestetan parte hartu zuten eta elizetan utzi zuten bilerak egiten, inmunitatea baitzegoen han 1953ko konkordatuaren ondoren.

Oposizio honen ondorioz, 100 bat apaiz eta fraide kartzelan egon behar izan zuten Zamoran 1968 eta 1975 artean.

1967an, eliz hierarkiak 20.000 apaizei eginiko inkestan, %80k Eliza eta Estatua bereiztuta ikusten zutela erantzun zuten, Vatikanoko II. kontzilioak zioen bezala.

Kataluniar eta euskal nazionalismoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETAren logoa

Katalunia eta Euskal Herrian ere, erreibindikazio kultural eta politikoek indarra hartu zuten.

1960ko maiatzean, Palau de la Músican ministro bat baino gehiago zegoen kontzertuan eta publikoaren multzo handi batek debekatuta zegoen kataluniarren himnoa abestu zuen. Haren ondorioz, unibertsitateko ikaslea eta Cristians Catalans taldeko buru zen Jordi Pujol gaztea atxilo hartu zuten, 7 urteko kartzela-zigorra eman ziotelarik. Hurrengo urtean jaio zen lehen erakunde katalanista, Omnium Cultural. Handik aurrera, gero eta laguntza gehiago jaso zuen katalanismo politiko eta kulturalak eta, 1964ako irailaren 11n, diada edo Kataluniako Egun Nazionalerako lehen deialdia egin zen.

Euskal nazionalistak ere presentzia gehiago izan zuten. Gazte unibertsitario eta katolikoak, gehienbat, baina konformismoarekin desados. 1959ko uztailean, ETA jaio zen eta, 1962an, askatasun nazionalerako mugimendu iraultzaile bezala definitu zuen bere burua. Azkenean, ETAk, diktadura frankistak eragiten zuen opresioari aurre egiteko xedean, borroka armatuari ekin zion. Handik aurrera, ETA izan zen lehen mailako arazo politikoa eta frankismoaren erantzuna Euskal Herri osoari egindako errepresio orokor eta indiskriminatua izango zen. 1969an, 2.000 bat euskal nazionalista kartzelan zeuden, ETArekin harremanen bat zuten salatapean.

Alderdi antifrankistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pixkanaka, PSOE, UGT, CNT eta PCE berreraikitzen joan ziren; ez horrela, alderdi errepublikarrak, atzerrian bakarrik irauten baitzuten hauek. PCE izan zen alderdirik aktiboena, hobetoen antolatu zena eta militantzia handiena lortu zuena. Erregimenak gogor eraso zion honi eta Julián Grimau buruzagi komunista izan zen haren adibide, 1963ko apirilean exekutatu baitzuten Gerra Zibil garaina eginiko krimenak zirela-eta. Protesta ugari piztu zuen horrek Europan eta, ondorioz, delitu politikoak ez zituzten epaile militarrek epaituko, zibilek baizik, TOP (Tribunal de Orden Público) sortu baitzuten. Lehen 4 urteetan, 4.500 sumario bildu zituen honek -propaganda ilegala, legez kanpoko asoziazioa, legezk kanpoko bilera, legez kanpoko manifestazioa...- Baina ETAren ekintzak areagotzen ari ziren eta gobernuak Ley de Bandidaje y Terrorismo delakoa berrezarri zuen eta ekintza armatua inplikatzen zuten delitu politikoak epaile militarrengana itzuli ziren.

Ezkerraz gain, izanz iren beste mugimendu batzuk ere: CEDAko lider ohia zen José María Gil-Robles eta beste demokrata-kristau batzuk, Dionisio Ridruejo falangista ohiaren sozialdemokratak edo Joan Borboikoaren alde jarraitzen zuten Joaquín Satrustegi bezalako monarkikoak.

Entzute handikoa izan zen 1962ko ekainean Europar Mugimenduak Munichen ospatu zuen IV. Kongresuan. Bai barneko eta baita atzerriratutako oposizioko politikoak ere gonbidatu zituzten hartara eta benetan ordezkari izango ziren eta demokrazian hautatutako erakundeak ezartzeko ahaleginak adostu zituzten. Frankismoak jazarri egin zituen partaide haiek eta Europako Ekonomia Erkidegoak atzeratu egingo zuen Espainiaren sarrera.

Oposizioa amaierako frankismoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oposizio politiko eta sozialaren areagotzea (1969-1973)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an, Carrero Blanco almirantea buru zuen gobernua eratu zen eta langile eta ikasleen ezinegonari ordena publikoko indarrekin erantzun zion. 1969 eta 1973 artean, 8 langile hil ziren poliziarekin izandako iskanbiletan eta, 1972ko ekainean, ilegala zen langile batzarren kupula hartu zuen atxilo.

Unibertsitateko ikasle eta irakasleek, berriz, poliziaren erasoak jasan behar izan zituzten, santzio administratiboak, atxiloketak eta agintariek toleratzen zituzten eskuin muturreko taldeen kolpeak (Guerrilleros de Cristo Rey, Fuerza Nueva,...).

Oraindik bortitzagoa izan zen, ETAren ekintzei aurre egin nahian, Euskal Herrian eta [[Nafarroa]n aplikatu zen errepresioa. 1969an bakarrik, 1.953 pertsona atxilotu zituzten eta haietatik 890ak tratu txarrak jasan zituzten, 510 torturatu zituzten, 93 TOP-ek epaitu zituen eta 53 gerra-kontseilu burutu ziren.

1970eko amaieran, gobernuak tribunal militar batek 16 ETAko kide -2 apaiz haien artean- epaituko zituela erabaki zuen, baina adibide egin nahi zenak alderantzizko efektua ekarri zuen. Abenduan, prozesu sumarisimoa izango zela Burgosen iragarri zutenean, solidaritate itzela piztu zen Euskal Herrian eta Nafarroan eta euskal nazionalismoak pizgarri bat izan zuen gizartean zuen ezarpena berreskuratzeko orduan. Gobernuak salbuespen egoera dekretatu zuen 6 hilabetez.

Prozesuaren garaian, ETAk Eugen Beihl alemaniar kontsula Donostian bahitu zuen eta abenduaren 25ean askatu zuen. Hurrengo egunean argitaratu zuten sententzia eta heriotza-zigorra esleitu zien epaitutako bederatzi kideri eta kartzela-zigorra gogorrak beste batzuei.

Burgosko prozesuak nazioarteko euskal herriarekiko solidaritate kanpaina ere piztu zuen eta Espainian askatasun demokratikoak ezartzeko eskaera egin zuten. Mugimenduaren erantzuna Francoren aldeko manifestazio erraldoia izan zen Madrilen.

Era berean, Burgosko prozesua Eliza Katolikoa eta frankismoa aldentzeko beste arrazoibide bat izan zen. Donostia eta Bilboko gotzaienek pastoral bateratua idatzi zuten heriotza-zigorra eta epaile militarren pean egitea kritikatuz eta Espainiako Apezpiku Batzarrak ere klementzia eskatu zuen. Hainbeste eskaeren aurrean, abenduaren 30ean, Francok indultuak eman zizkien 9 heriotza-zigorrei.

Burgosko prozesuaren ondoren, erregimen frankista eta Eliza Katolikoaren arteko ika-mikek aurrera egin zuten, 1971ko maiatzean Tarancón Madrilgo artzapezpiku izendatu zutenean batez ere; Espainiako Apezpiku Batzarreko kide egingo zuten Tarancón eta nazionalkatolizismoa ez zuen gustuko, erregimenarekin kolaboratzeari amaiera jarri nahi ziolarik. Tentsioak goia jo zuen 1973ko maiatzaren hasieran, FRAP-ek labanaz erail zuen poliziaren hiletan. Zeremonian zehar, eskuin muturreko taldeen ahotsa entzun zen, apaiz gorriak eta Tarancónen aurka. Tarancón al paredón[8] zioten eta askotan errepikatu zuten etorriko ziren urteetan,.

1973ko abenduaren 20an, ETAk Carrero Blanco erail zuen Madrilen bonbaz eta haren hiletetan ere Tarancóni eraso egiteko saiakera izan zen. Frankismo osoan gertatutako krisi larriena hasi zen une honetan, Francok bera hil eta gero erregimenari jarraipena emango zion pertsona hautatuta baitzuen Carrero[9].

Azken bi urteak (1974-1975)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carlos Arias Navarrok lideratu zuen gobernu berria eta haren irekieraren aldeko pausu xumeek Otsailaren 12ko espiritua izena hartu zuten. Ez zuen luze iraun, hala ere. 1974ko otsailean, Bilboko gotzaina zen Antonio Añoveros Espainiatik alde egitera gonbidatu zuten euskal herriaren askatasunaren aldeko pastorala idatzi zuelako. Martxoaren 2an, berriz, Salvador Puig Antich kataluniar anarkista exekutatu zuten garrotez. Alferrik izan ziren manifestazioak eta mundu osoan zabaldu ziren klementzia eskaerak.

Uztailean, Franco ospitalean sartu zuten tronboflebitisak hartuta eta Joan Karlos printzeak hartu zion ordea, baina, osasunak hobera egin zuenean, berriro ezarri zen Franco agintean irailean.

Abenduaren 13an, berriz, ETAren atentatu batek 12 pertsona hil zituen eta 80 bat zauritu. Madrilgo Puerta del Sol ondoko Correo kaleko Rolando kafetegian jarritako bonba izan zen helburu, polizia asko izan ohi zituena bertan.

Francoren heriotza gertu ikusten zen eta antifrankismoa gero eta indartsuagoa manifestatzen zen, diktadurarekin amaitu nahian.

1973ko krisi ekonomikoa larriagotzen joan zen eta inflazioa igo egin zen eta langabezia ere bai eta, horrekin batera, greba eta mobilizazioak indartu egin ziren. Terrorismoa ere emendatu egin zen; ETAk 18 heriotza eragin zituen 1974an eta 14 1975ean. FRAPek ere 3 atentatu egin zituen 1975ean, heriotza eraginez. Horrek denak errepresioa areagotu zuen eta espiral hura dena okerragoa zen Euskal Herrian.

1975eko irailean, heriotza-zigorra esleitu zien ETAko 3 militante eta FRAPeko 8ri. Herriaren erantzuna itzela izan zen eta atzerrian ere klementzia eskaera ugari egon zen, Paulo VI.arena tarteko, baina oraingoan ez zen barkamenik egon. Ez, behintzat, denentzat. ETAko Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot eta FRAPeko José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz eta José Humberto-Francisco Baena fusilatu egin zituzten 1975eko irailaren 27an.

Oso harrera txarra egin zioten honi nazioartean, frankismoa kondenatu zuten eta enbaxadoreek alde egin zuten Madrildik.

Berriro Movimientoaren erantzuna manifestazio erraldoia izan zen Madrilen, 1975eko urriaren 1ean. Egun horretan agertu zen GRAPO (Grupo de Resistencia Antifascista Primero de Octubre).

Handik egun gutxira, Franco berriro erori zen gaixo. Urriaren 30ean, bi bihotzekok jo eta gero, larri zegoen eta Joan Karlosen esku utzi zuen boterea. Azaroaren 20an, Carlos Arias Navarro gobernuko lehendakariak Caudilloa hil zela iragarri zuen telebistan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]