Edukira joan

Napoleondar Gerrak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gerra napoleonikoak» orritik birbideratua)

Frantziako historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

Napoleondar Gerrak[1] Napoleon Bonaparteren aginte inperialaren garaian (1804-1815) borroka egindako zenbait gatazka armatu izan ziren, 1789ko Frantziako Iraultzak eragindako gerrei jarraipena eman zietenak. Hein handi batean Erresuma Batuaren finantziazioari esker jarraitu zuten gerrak izan ziren, Frantziako Lehen Inperioan zehar.

Ez dago kontsentsurik gerra hauen hasiera zehatzaren inguruan. Batzuen ustez gerrak hasi ziren Napoleonek Frantzian agintea lortu zuenean, 1799ko azaroan, baina beste batzuek uste dute 1799 eta 1802 artean emandako gatazkak Frantziako Iraultzako Gerrak direla, eta Erresuma Batuak 1803an Frantziari gerra deklaratu izana jartzen dute hasieratzat. Kasu honetan Amienseko itunaren haustura izango litzateke hasiera. Beste ikuspegi baten arabera, Konbentzioaren Gerra, Iraultzaren ondorengo lehen gerra handia non koalizio europar batek Errepublikari eraso zion izan daiteke hasiera, horretan hasi zelako Napoeleonen eragin militarra igartzen, bereziki Toulongo setioan lortu zuen garaipenarekin, artileriako kapitaina zela.

Napoleondar Gerrak geroz eta gehiago Koalizioaren Gerrak deitzen dira, izan ere Napoleonen aliatuek sortutako gerrak izan ziren. 1815eko azaroaren 20an amaitu ziren, Napoleonek Waterlooko gudua galdu ostean eta 1815eko Parisko Ituna sinatu eta gero. Batzuetan 1792eko apirilaren 20tik 1815eko azaroaren 20an emandako gerra guztiei Frantziar Gerra Handia deitzen zaio.

Hasiera eta amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituak ez datoz bat Frantziako Iraultzako Gerren eta Napoleondar Gerren arteko muga non dagoen esaterakoan. Hainbat aukera honako hauek dira:

Gerra napoleonikoak Waterloon Frantziaren azken porrotaren ostean (1815eko ekainaren 18an) eta Parisko Bigarren Hitzarmena sinatutakoan (1815eko azaroaren 20an) amaitu ziren. Nolanahi ere, batik bat Britainia Handiko iturri batzuen arabera, 1792tik 1815 arte iraun zuen gatazka armatu jarraituari Frantziako Gerra Handia deitzen zaio. Beste batzuen arabera, 1689tik 1815 arte iraun zuen Bigarren Ehun Urteko Gerraren azken fasea izango litzateke.

Gerren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon Bonaparte Frantziako jeneralik arrakastatsuena izan zen Iraultzako Gerretan, Italiako zati handiak konkistatu baitzituen, Austria bakea sinatzera behartuz. Egiptotik 1799an itzuli zen, eta azaroaren 9an gobernua kargutik kendu zuen. Bera Lehen Kontsul zen Kontsulatuaren bidez ordezkatu zuen. Arrakastarik gabeko konspirazio baten ondoren, 1804ko abenduaren 2an, bere burua enperadore izendatu zuen.

Lehen Koalizioa (1792-1797)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lehen Koalizioko Gerra»

Botere eskalan gora egite horretan, gerrak funtsezko rola jiokatu zuten. Hasieran Iraultzako Gerren kontestuan gobernu iraultzaileei egin zien zerbitzu Napoleonek, hala nola Toulongo Setioan (1793), eta Lehen Koalizioaren gerrako Italiako kanpainetan (1792-1797).

Napoleonen trebetasun militarra 1793an nabarmentzen hasi zen, artileriako kapitain zela. Toulongo Setioan berea izan zen garaipen militarraren meritua, askoren iritziz. Orduan oraindik Napoleone Buonaparte izen korsikar-italiarrarekin zen ezaguna, eta nonbait Robespierreren jakobinoen aldeko sutsua zen. Ironikoki, Robespierre zelarik une hartan Errepublikako botere zentralaren irudi indartsuena, hark ez zuen militarrenganako gehiegizko konfiantzarik, eta beldur zen, garaipen militarren ondoren jauntxo edo buruzagi militar batek boterea hartzea lor ote zezakeen. Robespierrek ez zuen hori gertatzen ikusim, 1794ko uztailean kendu baitzuten boteretik eta gillotinatu zuten; baina bere ustea egiazko bihurtu zen urte gutxiren buruan.[2]

Gerra honetan, 1797 urterako, Napoleonek Italia iparraldea kontrolatzen zuen eta Austriako Vienatik gertura eraman zituen guduak, austriarrak akordio batera iristera behartzeko. Austriaren borondatea bihurtzea lortu zuen azkenean Napoleonek, Campo Formioko Itunarekin. Horri Lehen Koalizioa bertan behera geratzea gehitu behar zaio, Britainia Handiak baino ez baitzuen jarraitu borrokan. Horren ostean, Napoelon Europako generalik famatuena bilakatu zen.

Egiptoko kanpaina (1798-1801)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Egiptoko espedizioa»
1798, Napoleon Piramideetako guduan garaile: "Piramide hauetarik 40 gizaldik begiratzen gaituzte".

1798an Errepublika zuzentzen zuen Direktorioak espedizio bat antolatu zuen Egipto konkistatzeko, zeinaren buru ofiziala Louis-Alexandre Berthier zen, baina praktikan Napoleonek kontrolatu zuen erabat.

Garaipenez eta galeraz betetako kanpaina bat izan zen. Ondo hasi zen Napoleonentzat, Egipto ia erabat konkistatu baitzuen, baina Nelson britainiarraren itsasoko kontraerasoak untzidia suntsitu zion eta praktikan Frantziatik isolatua geratu zen han. Kanpaina konplikatu zen halaber Otomandar Inperioa sartu zelarik gerran, eta hari Sirian luzapena izan zuen espedizioan aurre egin zion Napoleonek. Bitartean, metropolian eta Europako gerretan egoera desengorkotu zitzaion Direktorioari (aurkako potentzien Bigarren Koalizioa osatu zelarik), eta Napoleonek Parisen zuen bere aliatuarekin bere itzulera antolatu zuen, Brumarioko estatu-kolpea emateko Parisen 1799an.

Bigarren Koalizioa (1798-1802)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Koalizioko Gerra»

Napoleon Bonaparte Egiptoko espedizioaren buruan zegoen bitartean, Frantziako aurkariek aliantza berria prestatu zuten haren aurreko konkistak desegiteko. Austriak eta Errusiak armada berriak bildu zituzten Alemaniako eta Italiako kanpainetarako.

Lehenengo ekintza militarra Napoliko erresumak burutu zuen 1798an, Erroma hartu baitzuen urriaren 28an. Hala ere, urtea amaitu aurretik bere mendetik at geratu zen berriro. Iparraldeagoan, Po ibaiaren aldean, Errusiak Moreau buru zuen armada frantziarra garaitu zuen, Alpeetara eta Genova aldera mugiaraziz. Dena den, Errusiako armada Helvetiar Errepublikara (Suitza) iritsi zenean, Andre Massena frantziarrak menderatu zituen.

Alemanian, Austriako armadek Jean-Baptiste Jourdan buru zuten frantziarrak Rhin ibaiaren bestaldera mugiarazi zituzten. Suitzan ere garaipenak eskuratu zituzten austriarrek.

Egiptotik itzuli ostean, Napoleonek Frantziaren gaineko kontrola bereganatu zuen eta armadak berrantolatu zituzten. Are gehiago, hurrengo urterako kanpainak berak zuzendu zituen. 1800en, Italiako armada Napoleonen bizkar gainean geratuta, Michael Melas jenerala buru zuen armada austriarraren kontra Marengoko gudua irabazi zuen.

Alemanian, Moreau frantziar jeneralak Johann artxidukea garaitu zuen Hohenlindengo guduan. Ondorioz, Austriak Lunévilleko Ituna sinatu behar izan zuen, Frantziak Rhineraino lurraldeak menperatuko zituela eta Italiako eta Herbehereetako errepublikak sortu zirela onartuz.

Azkenik, Erresuma Batuarekin ere bakea sinatu zuen Frantziak Bigarren Koalizioari amaiera emanez. Europar kontinenteko koaliziokideentzat amaiera negargarria izan zuen gerra honek, baina britainiarrek Egipton erabat garaitu zuten Frantzia eta itsasoko kontrola zeukaten, eta hortaz Amiensko bakea sinatu ahal izan zuten konfiantza nabarmenarekin, bi urteko bake epe bat irekiz Napoleondar Gerren kontestuan, Paris eta Londresko aginteak bi hamarkadatan bakean egon ziren interregno bakarra.

Frantziaren eta Ingalaterraren arteko bakeak 14 hilabete besterik ez zuen iraun. 1803an, Napoleonek kontinentean oso botere sendoa erakusten zuen. Britainia Handiak botere-oreka arriskuan ikusten zuen; gainera, merkataritza transatlantikoa eta mediterraneoa bereganatzeko bi herrialdeen arteko lehia agerikoa zen. Britainiarrak atsekabetuta zeuden Frantziak merkataritza itun bat sinatzeari uko egin ziolako eta ez ziren Napoleonen irrika inperialistez fidatzen. Azkenik, Amienseko Itunean ezarritakoa gorabehera, Ingalaterrak ez zuen Malta erabat ebakuatu, ezta Frantzia ere, Italiako hegoaldeko portu guztiak hutsik zeudelarik. Malta uhartea casus belli bihurtu zen eta maiatzean Britainia Handiak Frantziari gerra deklaratu zion. Hemen Napoleonek aukera erabilgarri bat ikusi zuen: bere estadista lana handitu zezakeela pentsatu zuen, eta frantziar burgesiak Britainia Handia suntsitzeko bide bakarra zela uste zuen.

Hirugarren Koalizioa (1805-1806)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hirugarren Koalizioko Gerra»

Amiensko bakeak ekarritako interregno laburraren ondoren, Frantzia eta Erresuma Batua berriz prestatu ziren gerrarako.

Gerraren Hirugarren Koalizioaren aurrekari gisa, 1804an gertaera bat izan aliatu kontinental batzuk Britainia Handiaren alde jarri zituena: Frantziarrek Enghiengo dukea atzerrian harrapatu eta hil zuten (1804), konplot antinapoleoniko batean parte hartu izanagatik, frogarik gabe akusatua izan zen arren. Era berean, Napoleonek bere burua frantsesen enperadore izendatu zuen eta bere burua koroatu zuen 1804ko abenduaren 2an. Halako harrokeriaren aurrean, britainiarrek laster izan zuten Napoleonen aliatu beldurti boteretsuen laguntza. 1805ean, Errusia, Suedia, Austria eta Napoli Erresuma Batuarekin elkartu ziren Hirugarren Koalizioa osatuz.

Napoleonen koroatzea, Jacques-Louis Davidek margotua. 1804ko abendutik, Inperio berri bat zegoen Europan, eta enperadore bat harekin.

Napoleonek Britainia Handia inbaditzeko asmoa zuen 1805ean, baina Errusia eta Austriarekin izandako aliantza berriak (Hirugarren Koalizioa) kontinenteari begira jarri zuen. Gainera, Bizkaiko golkoko britainiarren nagusitasuna ezin izan zuen gainditu, Trafalgarren urriaren 21ean porrot erabakigarria pairatu zuelako. Une horretan, Espainiako erresuma Frantziaren aliatu zen, ez zegoem Hirugarren Koalizioan, eta horregatik gudu hartako bi almirante nagusiak izan ziren Nelson britainiarra eta Kosme Damian Txurruka euskalduna espainiar itsas-armadaren buru gisa; biak guduan hil ziren, nahiz eta Nelson garailetzat hartzen den.

Edonola ere, abenduaren 2an, soldadu gehiago zituen Austriar-Errusiar armada gailendu zuen Napoleonek Austerlitzen. Honela, Austriak koaliziotik aldenduta, Napoleonek Germaniako Erromatar Inperio Santua desegin zuen, ia-ia 900 urte iraun ostean. Beraz, 1805eko gertaerak laburbildu ziren, Napoleondar Inperioarentzat, itsasoko porrot handi batekin eta lurreko garaipen handi batekin.

1805eko mugimendu estrategikoak Napoleondar Gerren kontestuan, Europako itsaso eta lurretan.

Austriak bakea sinatu behar izan zuen (Presburg, 1805eko abendua), Italia eta Alemanian izan zuen eraginaren desagerpena suposatu zuten baldintza gogorrenpean: Venezia, Ila eta Dalmaziaren galera (Italiako Erresuman sartuak), Frantziaren aliatu ziren alemaniar estatuei lurralde kontzesioak. Posizio sendoago honetatik, Napoleon, alemaniar eta italiar espazioaren berrantolaketa bat egiteko prest egon zen, neurri batean, bere familiako kideak estatu berrietan kokatzean gauzatu zena. Alemanian, Prusiak Hannover (antzinako errege britainiarraren jabetza) onartzera behartua izan zen, Rhinetik gertu zegoen Cléveriseko dukerria uztearen truke, ordura arte Bavariako kide zen Bergeko dukerriarekin batera, Bergeko dukerri handi berria osatu zutenak, bere koinatu Murati emana.

Laugarren Koalizioa (1806-1807)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europa 1811n. Urdinez Frantziaren menpean zeuden lurraldeak eta blokeoa ezarri zutenak.

1806an, blokeo ekonomikoaren bidearekin saiatu zen Napoleon, Erresuma Batuari Europako merkatuak ukatuz. "Sistema kontinentala" esan izan zaio Inperioaren barruan Napoleonek egin nahi izan zuenari: honek Europan zehar produktu ingelesak blokeatu nahi zituen, Ingalaterra errenditzeko helburuarekin. Horretarako, lehenik eta behin Napoleonek aliantza bat egin zuen Espainiarekin -1808an hautsia-  Prusiarekin, Danimarkarekin eta Errusiarekin, eta urte batzuk beranduago, 1810ean, baita Suedia eta Austriarekin ere, gerrek aurrera egin bitartean.

Hurrengo urtean, Laugarren Koalizioa osatu zen. Urriaren 14an, Napoleonek Prusia garaitu zuen Jenako batailan. Alemania zeharkatuta, Errusia gailendu zuen Friedlandeko batailan 1807ko ekainaren 14an. Tilsiteko hitzarmenetan, Europa Frantzia eta Errusiaren artean banatu zen, eta Varsoviako dukerria sortu zen tartean.

Iberiar penintsula Jose Bonaparteren unerik indartsuenean (1809).[3]

1807ko urrian Frantziak eta Espainiak Fontainebleauko ituna sinatu zuten, Portugal inbaditu eta banatzeko. Aitzaki horrekin Frantziar armadak Espainia inbaditu zuen eta 1808ko maiatzean Napoleonek bere anaia Josef Bonaparte jarri zuen errege. Frantziarren aurkakoak matxinatu zirenean Iberiar Penintsulako Gerra hasi zen.

Espainiako independentzia gerra (1808-1814)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar Penintsulako Gerra, Espainian independentziakoa esaten dutena, Napoleonek lurreko guduetan galerak jasan zituen lehenengo konflikto inportantea izan zen.

Iberiar penintsulan Portugal zuen aliatu nagusi Erresuma Batuak, eta horregat ikFrantziar eta espainiar armada aliatuek Portugal inbaditu zuten 1807an. Portugal okupatzeko xedea zuten indar inparialek itxuraz, baina Ingalaterraren aurkako blokatzea osatzeko estrategiaren aitzakian, Gaztelako artilea eta Ameriketako ondasunak eskura jarriko zizkion estatu satelite bat eratu nahi bide zuen Napoleon Bonapartek.

1808ko martxoan gertatu zen Aranjuezko matxinadaren ondorioz, Godoyk behin-betiko beheraldia izan zuen, eta Karlos IV.ak Fernando VII.a semeari utzi zion koroa. 1808ko apirilean Baionako abdikazioak gertatu ziren: Karlos IV.a eta Fernando VII.a erregetza uztera behartu ondoren, Napoleonek bere anaia Josef jarri zuen errege.

Maiatzaren 2ko matxinada frantsesen aurka, Madrilen 1808an. Urte batzuk geroago Goyak marraztua.

1808ko maiatzaren 2an frantsesen aurkako matxinada izan zen Madrilen (25 frantses eta 25.000 madrildar inguru hil ziren). Egun berean Móstolesko alkateek Napoleonen kontrako gerra deklaratu zuten. Horrela hasi zen Espainiako Independentzia Gerra.

Frantsesak botatzeko jarraitzaileak Batzorde Zentralean batu ziren. 1808ko abuztuaren 19an Andaluziako armadak, Castaños jeneralaren agintepean, Bailénen Frantsesak garaitu zituen. Frantziako lehen porrota izan zen Europan. Era berean Josef Bonaparte tronura igo berriaren posizioa larritu zen Madrilen, eta honek Madril utzi zuen. 1808ko udazkenean Grande Armée Espainian sartu zen, Napoleon Bonaparte buru zuela, eta indar frantsesak Girona eta Zaragoza menderatu zituzten setioen ondoren, eta abenduan enperadorearen anaia tronura bueltatu zuen.

Gerra honen kontestuan, 1809an Erresuma Batuak eta Austriak Napoleonen aurkako Bosgarren Koalizioa osatu zuten.

Bosgarren Koalizioa (1809)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran Austriak garaipenen bat izan bazuen ere, Wagramgo batailan erabateko porrota izan ondoren Schönbrunngo ituna onartu behar izan zuen.

Nolanahi ere, 1812ko ekainaren 12an, Napoleonek Errusia inbaditzeari ekin zion. Smolensken eta Borodinon garaipena izan ondoren, Mosku hartu zuten frantziarrek, baina sutan aurkitu zuten. Honela, atzera egitera behartuta aurkitu zuen bere burua Napoleonek. Atzerako bidaian, kosakoen erasopean, eta goseteak zein hotzak jota, 20.000 gizon baino ez ziren itzuli kanpaina honetatik.

Seigarren Koalizioa (1813-1814)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1813tik aurrera, aldapa gora jarri zitzaion egoera Napoleoni. Leipzigeko guduan (1813) zazpi herrialdetako armadek garaituta, Paris hartu zuten aliatuek. 1814ko Fontainebleauko hitzarmenaren arabera, Elba uhartera erbesteratu zuten, boterea galduta.

Ehun Egunak (1815)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, 1815eko martxoaren 1ean, Frantziara itzuli zen. Armada bat antolatu arren, Erresuma Batuak eta Prusiak Waterloon menderatu zuten ekainaren 18an.

Gerra hauek Europako gerragintza irauli zuten, batik bat artilleria. Aurretik ikusi ez zen maila handiko borrokak izan ziren, batez ere soldaduska-sistema moderno eta masiboa indarrean jarri zelako. Politikari dagokionez, Napoleonen porrotarekin, Borboiak Frantziako tronura itzuli ziren. Bitartean, Espainia Frantziako armadak okupatzean, Amerikan zituen koloniak konturatu ziren Espainiako boterea ez zela hain indartsua, eta matxinadetako atea zabalik geratu zen, beraz.

Napoleondar gerrak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txurruka eta Trafalgar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoelondar gerretako fase batean inportantea izan zen Kosme Damian Txurruka almirante euskaldunaren partehartzea, 1803tik aurrera. Une horretan Frantzia eta Ingalaterraren arteko gatazka itsasoetan zen gerraren puntu nabarmenena, eta aldi berean Espainiako erresuma eta Napoleon aliatu izan ziren. Hortaz, Txurrukak gidatzen zuen Espainiako armada Frantziakoaren aliatu izan zen, eta borrokagune nagusi batean egin zuten topo etsaiek, Espainiako hegoaldeko muturreko Trafalgar lurmuturraren parean, 1805eko urriaren 20an. Borroka garaipen ingeles erabatekoa izan zen, eta Txurruka almirantea bertan hil zen, San Juan Nepomuceno ontziaren agintarit zela. Baina bere kontrarioa eta ordura arteko heroi ingelesa, Nelson almirantea, hura ere Trafalgarko guduan bertan hil zen.

Iberiar Penintsulako Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerogago, 1808 eta 1813 artean, Napoleondar gerren borrokagune nagusietako bat Espainia izan zen, Iberiar Penintsulako Gerra deitu ohi dena; baina Euskal Herrian okupazio militarra gertatu arren, ez zen hasieran gatazkarik izan. Izatez, Bidasoako muga baimenarekin igaro zuten frantziar tropek 1807ko udazkenean Espainiak eta Frantziak aliantza sinatu zutelarik Portugal konkistatzeko asmoz. Hurrengo urtean Aranjuezko altxamenduaren osteko Madrilgo maiatzaren 2ko gertaerak aurrekari izan zirelarik, erregimen aldaketa formala inposatu zuen Napoleonek, Espainiko Borboiak agintetik kenduz eta haien ordez monarkia berra ezarriz, Joseph Bonaparte enperadorearen anaia Espainiako errege bilakatuz. Erregimen aldaketa, hain zuzen, Euskal Herrian formalizatu zen, Baionako abdikazioetan, 1808ko maiatzaren 5ean.

Horren ondoren, Iberiar penintsulako parte asko gerrila erako borroketan nahastu ziren. 1809tik aurrera Francisco Espoz Mina eta bere iloba Javier Mina (biak nafarrak) izan ziren Nafarroan, Gipuzkoan, Aragoin eta Gaztelan gerrila ekintza anti-napoleondarrak gidatu zituztenak. Beste gerrilari ezagun bat Gaspar Jauregi Artzaia izan zen, zeinak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egin zituen kanpaina etengabeak, bereziki 1811tik 1813ra. Jauregik idazkari gazte erabili zuen bere tropa zuzentzeko, Tomas Zumalakarregi, geroago ospetsu bilakatua.

1812ko udatik gerrila fasetik armaden arteko gatazkara eraldatu zen Iberiako Gerra, Arthur Wellesley Wellington dukeak Portugaldik Espainiaranzko ofentsibari ekin ziolarik. Aurrerapen hori etengabea izan zen, eta bere azken faseko gudu inportante batzuk Euskal Herrian izan ziren: Gasteizko gudua, 1813ko ekainean, jarraian frantziar tropen egoztea Nafarroatik Pirinioaren bestaldera, Soraurengo gudua funtsezkoa izan zelarik horretan; eta azkenik 1813ko abuztu amaieran, Donostiaren setioaren apurketa eta hiri honen erreketa eta arpilaketa, Wellingtonen tropa portugaldar eta ingelesek egina.

Guduak Garaipen Arkuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleondar Gerren oroipen mugimendu nagusia da Parisen Garaipen Arkua. Bertan Frantziak irabazitako 158 guduren izenak daude, eta bi dira Euskal Herrikoak. Baztan haraneko gudua eta Tuterako gudua, Le Bastan eta Tudela izenez daude adieraziak. Lehenbizikoa 1794ko uztailean gertatu zen, ez aro napoleondarrean baizik eta Konbentzioko Gerraren kontestuan. Tuterakoa Iberiar Penintsulako Gerran gertatu zen, 1808ko azaroaren 23an gertatua. Bertan, Lannes mariskalak zuzendutako armada frantsesak erabat hartu zuen mendean Castaños jeneralak zuzendutako armada espainiarra.

  • Bell, David A. (2010). The First Total War : Napoleon's Europe and the birth of warfare as we know it. ISBN 978-2-87673-539-2
  • Bergeron, Louis & Furet, François (1994). La época de las revoluciones europeas: 1780-1848. Madrid: Siglo Veintiuno Editores. ISBN 843230118-3.
  • Lentz, Thierry (2002) Nouvelle histoire du Premier Empire - T1 Napoléon et la conquête de l'Europe 1804-1810, 2002 (ISBN 2-213-61387-7).
  • Mikaberidze, Alexander (2020). The Napoleonic Wars: A Global History. Oxford University Press. ISBN: 9780199951062
  • Pope, Stephen. The Cassel Dictionary of the Napoleonic Wars. Cassel. 1999. ISBN 0-304-35229-2
  • Schom, Alan. Napoleon Bonaparte: A Life. 1998. Perennial. ISBN 0-06-092958-8

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Las Cases, Emmanuel, comte de, 1766-1842. (D.L. 2014). Memorias de Napoleón escritas por él mismo ; seguidas de Juicios de Napoleón sobre sus contemporáneos ; Máximas y pensamientos del prisionero de Santa Elena. Desván de Hanta ISBN 9788494274770. PMC 900038000. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  2. Jones, Colin. (2021). «02.00/2.00 a.m. CPS offices, Tuileries palace» The fall of Robespierre: 24 hours in revolutionary Paris. (First edition. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-871596-2. (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
  3. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]