Tomas Moro

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Tomas Moro
Hans Holbein d. J. 065.jpg
6. Lord kantzeler

1529ko urria (egutegi gregorianoa) - 1532ko maiatza (egutegi gregorianoa)
Thomas Wolsey - Thomas Audley, 1st Baron Audley of Walden (en) Itzuli
Duchy of Lancaster-coa.png
5. Lancaster Dukerriko kantzeler

1525eko abenduaren 31 (egutegi gregorianoa) - 1529ko azaroaren 3a (egutegi gregorianoa)
Richard Wingfield (en) Itzuli - William Fitzwilliam (en) Itzuli
4. Komunen Ganberako presidentea

1523ko apirilaren 16a - 1523ko abuztuaren 13a
Thomas Nevill (en) Itzuli - Thomas Audley, 1st Baron Audley of Walden (en) Itzuli
3. Member of the 1523 Parliament (en) Itzuli

1523ko apirilaren 15a - 1523ko abuztuaren 13a
Barrutia: Middlesex (en) Itzuli
1. Member of the 1504 Parliament (en) Itzuli


2. Member of the 1510 Parliament (en) Itzuli


Barrutia: London (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakThomas More
JaiotzaLondres1478ko otsailaren 7a
Herrialdea Ingalaterrako Erresuma
Talde etnikoaIngelesa
HeriotzaTower Hill (en) Itzuli1535eko uztailaren 6a (57 urte)
Hobiratze lekuaChurch of St Peter ad Vincula, Tower Hamlets (en) Itzuli
St. Dunstan's, Canterbury (en) Itzuli
Chelsea Old Church (en) Itzuli
Heriotza moduaheriotza zigorra: burugabetzea
Familia
AitaJohn More
AmaAgnes Graunger
Ezkontidea(k)Alice More (en) Itzuli  1535)
Jane More (en) Itzuli  (1505 -  1511)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaLincoln's Inn
Magdalen College School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
latina
antzinako greziera
italiera
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, historialaria, teologoa, politikaria, poeta, estatu-politikaria, eleberrigilea, legelari-poeta, epailea, diplomazialaria eta idazlea
Lantokia(k)Londres
Lan nabarmenakUtopia
Responsio ad Lutherum (en) Itzuli
A Dialogue of Comfort Against Tribulation (en) Itzuli
Santutegia
Ekainaren 22 eta Uztailaren 6
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaThird Order of Saint Francis (en) Itzuli

Musicbrainz: e696ea01-1e64-4aa2-9457-6f5e1357d8b5 IMSLP: Category:More,_Thomas Find a Grave: 6848 Edit the value on Wikidata
Thomas More Signature.svg

Tomas Moro (ingelesez: Thomas More; latinez: Thomas Morus; katolikoek eta anglikanoek San Tomas Moro[1] (Londres, 1478ko otsailaren 7a - 1535eko uztailaren 6) ingeles pentsalari, teologo, politiko, humanista eta idazle izateaz gain, poeta, itzultzaile, Henrike VIII.aren lord kantziler, lege-irakasle, negozio zibilen epaile eta abokatu ere izan zen. Bere lanik ezagunena Utopia da eta bertan, izen bereko irla bateko nazio batean finkaturiko gizarte ideal baten antolaketa adieraztea du helburu. Gainera, Moro Erreforma protestantearen aurkari garrantzitsu izan zen, bereziki, Martín Luterorena eta William Tyndalerena.

1535ean, Henrike VII.a erregearen aginduz epaitu zuten, eta traizio egitea leporatu zioten, batetik, zin-egite antipapista ez egiteagatik Eliza anglikanoaren sorreraren aurrean, bestetik, Aragoiko Katalina erreginarekiko dibortzioari aurka egiteagatik eta, azkenik, Gorentasun Akta ez onartzeagatik, zeinak erregea Eliza berriaren buru zela deklaratzen zuen. Errudun deklaratu zuten eta heriotza-zigorra jaso zuen. Londresko Dorrean egon zen gatibu, urte horretako uztailaren 6an lepoa moztu zioten arte. Eliza katolikoak Moro 1886an beatifikatu zuen eta 1935ean kanonizatu zuen, Juan Fisherrekin batera, santutzat eta martiritzat jotzen baitu. Bestalde, Eliza anglikanoak Erreforma protestantearen martiri gisa aintzatesten du, eta 1980an santu eta heroi kristauen zerrendan sartu zuen.[2]

Canterbury College

Londresko (Ingalaterra) bihotzean jaio zen, Milk Streeteko etxean, 1478ko otsailaren 7an.[3] Agnes Moreren (ezkongabetan, Graunger) eta legelari eta, ondoren, kuria errealeko zaldun eta epaile izendatutako, John More, Lincoln's Inn maiordomoaren (Londres hiriko lau abokatu-elkargoetako bat) seme zaharrena izan zen. 1486an, doakoa zen Londresko gramatika-eskola ezagun bakarrean, hain zuzen, San Antonioko Eskola zaharrean (Saint Anthony's School) lehen hezkuntzako bost urte eman ondoren, familia aberatsen ohiturari jarraituz, Lambeth jauregira eraman zuten. Han, John Mortonen, hau da, Canterburyko artzapezpikuaren eta Ingalaterrako Lord Kantzilerraren morroi izan zen.

Kardenala humanismo errenazentista berriaren defendatzaile sutsua zen, eta estimu handia izan zuen Moro gaztearekiko. Bere ahalmen intelektuala garatuko zuelakoan, Mortonek iradoki zuen 1492an, Tomas Moro (ordurako hamalau urte zituena) Oxfordeko Unibertsitateko Canterbury Collegen sartzea. Bi urte eman zituen bertan, doktrina eskolastikoa ikasten eta haren erretorika hobetzen. Thomas Linacre eta William Grocyn humanista ingelesen ikasle izan zen. Hala ere, bi urte geroago, Morok graduatu gabe alde egin zuen Oxfordetik. Aitak bultzatuta, 1494an legelaritza ikasi zuen Londresko New Innen eta, ondoren, aitak lan egin zuen Lincoln's Inn erakundean. 1496an abokatu lanean hasi zen epaitegietan. Lehen hezkuntzako ikasketetan ikasi zituen ingelesa eta latinaz gain, ziurrenik, garai hartan ikasi zuen frantsesa, Ingalaterrako justizia-gorteetarako eta lan diplomatikorako beharrezkoa baitzen.

1497. urtearen inguruan, poesiak idazten hasi zen, nolabaiteko ospea eta onarpena eman zion ironiarekin. Garai horretan, Errenazimentuko aitzindariekin topo egin zuen, besteak beste, lagun izan zuen Rotterdameko Erasmo eta John Skelton ezagutu zituen.

1501 inguruan San Frantziskoko Hirugarren Ordenean sartu zen eta laikoki bizi izan zen komentu kartusiar batean 1504 arte. Han erlijio-ikasketak egin zituen. 1501 inguruan, greziar epigramak latinera itzuli zituen, eta De civitate Dei, Hiponako San Agustinena aztertu zuen. Humanista ingelesei esker izan zuen harremana Italiarekin. Giovanni Pico della Mirandolaren biografia baten itzulpena egin ondoren, zeina bere iloba Gianfranceskok idatzi zuen (1510ean argitaratua), pertsonalki hartu zuen lanaren sentimenduarekin liluratuta geratu zen, eta sentimendu horrek bere bizitzaren ibilbidea behin betiko bideratu zuen. 1504an Parlamentuko kide izendatu zuten arte bere bizitza aszetikoa alboratu zuen arren, Morok ez zituen inoiz penitentzia-egintza batzuk ahaztu, bizitza osoan izan zuen zilizio bat hankan eta, noizean behin, zigortzea praktikatuz.

Familia-bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1505ean, Jane Coltekin ezkondu zen eta urte horretan bertan jaio zen Margaret alaba, haren dizipulua. Kartusiarren Ordena utzi ondoren, legelaritzan murgildu zen eta abokatu-jardun arrakastatsua eduki zuen, neurri batean justiziarekiko eta ekitatearekiko zuen arrangurari esker. Urte batzuk beranduago, auzi zibiletako epaile eta zuzenbideko irakasle izan zen.

1506an jaio zen bere bigarren alaba, Elizabeth. Urte hartan Samosatako Luciano itzuli zuen latinera, Erasmoren laguntzarekin. Urtebete geroago Cicely jaio zen, bere hirugarren alaba. Tomás Moro pentsioduna eta maiordomoa zen Lincoln's Inn delakoan, eta 1511 eta 1516 artean hitzaldiak eman zituen. 1509an jaio zen John semea. Londresko eta Anberesko konpainia handien arteko kudeaketan parte hartu zuen Morok. Urte horretan bertan, Henrike VIII.aren koroatzerako olerkiak idatzi zituen. 1510ean Parlamentuko kide eta Londresko lehendakariorde izendatu zuten. Urtebete geroago, Jane emaztea hil eta Alice Middletonekin ezkondu zen. Moro baino zazpi urte zaharragoa zen Middleton, eta alaba bat zuen, Alice.

Bizitza publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1504tik Parlamentuko kide izan zen eta epaile eta subprefet hautatu zuten Londresen, Halaber, Henrike VII.aren neurri batzuen aurka agertu zen. Henrike VIII.a, humanismoaren eta zientzien babeslea, iritsi zenean, Morok 1510ean erregeak gauzaturiko lehen parlamentua osatu zuen. Moro Europan zehar ibili zen eta hainbat unibertsitateren eragina jaso zuen. Handik erregeari eskainitako poema bat idatzi zuen, tronua hartu berritan. Idazlana erregearen eskuetara iritsi zen eta ordutik bien arteko adiskidetasuna sortu zen.

Mororen History of King Richard III lana latinez eta ingelesez idatzi zen, eta amaitu ez zen arren, ingelesez argitaratu zen Richard Graftonen Chronicle lanean (1543). Garaiko beste kronista batzuek ere erabili zuten, hala nola, John Stowek, Edward Hallek eta Raphhael Holinshedek, horrela, William Shakespeareri Ricardo III lanerako materiala utzi zioten.

1515ean, Tomas Moro enbaxada komertzial batekin Flandesera bidali zuten. Urte horretan Utopiaren bigarren liburua idatzi zuen eta, urtebete geroago, lehen liburua; lan osoa Lovainan argitaratu zen. 1517an, Tomas Moro Henrike VIII.a erregearentzat hasi zen lanean: Master of requests izendatu zuen eta Errege Kontseiluko kide izan zen. Henrike VIII.ak Mororen diplomazia eta adeitasuna erabili zituen, eta Europako herrialdeetan misio diplomatiko batzuk eman zizkion. Atzerriko misioan bidali zuten Calaisera 1517ko abuztutik irailera, merkataritza-arazoak konpontzeko.

1520an Enrique VIII.ari Assertio Septem Sacramentorum (Zazpi sakramentuen defentsa) idazten lagundu zion. Ondoren, hainbat kargutarako izendatu zuten eta hainbat ohorezko titulu lortu zituen. 1521ean, knight (zalduna) izenez ohoratu zuten eta Altxorraren bikantziler izendatu zuten. Urte horretan bertan, Margaret alaba William Roper-ekin ezkondu zen, Tomas Mororen lehen biografoa izango zenarekin, hain justu. 1524an, Oxfordeko Unibertsitateko High Steward (zentsore eta administratzaile) izendatu zuten. 1525ean,Cambridgeko Unibertsitateko High Steward eta Lancasterreko Dukerriko kantziler ere izendatu zuten. 1526an, Izarraren Ganberako epaile izan zen. Chelseara joan zen bizitzera eta gutun bat idatzi zion Iohannis Bugenhageni Aita Santuaren nagusitasunaren alde. 1528an, Londresko gotzainak liburu heretikoak irakurtzen utzi zion, haiek ezeztatzeko. Azkenik, Lord Cancillerrek izendatu zuten 1529an. Lehen kantziler laikoa izan zen hainbat menderen ondoren.

1530ean, ez zuen sinatu Aita Santuari ezkontza errealaren deuseztatzea eskatzen zion noble eta prelatuen gutuna. 1532an uko egin zion kantziler karguari. 1534an uko egin zion Aita Santuaren nagusitasunaren aurkako Nagusitasun Akta sinatzeari. Aktaren arabera, onartzen ez zutenak zigortu egiten ziren, eta urte bereko apirilaren 17an Moro kartzelaratu egin zuten 1535eko uztailaren 6an lepoa moztu zioten arte.

Erreformaren aurkako kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomas Morok hereje gisa eta elizaren eta gizartearen batasunaren mehatxu gisa ikusi zuen Erreforma protestantea. Erreformaren aurkako lehen ekintzak hauek izan ziren: Wolsey kardinalari Ingalaterran ezkutuan inportatzen ziren liburu luteranoak kentzen laguntzea; ustezko protestanteak zelatatzea eta ikertzea, editoreak bereziki; eta erreforma protestanteko liburuen jabetzan, garraioan edo salmentan parte hartzen zuen edonor atxilotzea.

Justizia-ministro izan zen bitartean eta ondoren, herejeei tratu txarrak eman zizkion zurrumurruak sortu ziren. John Foxe polemista antikatoliko ezaguna funtsezkoa izan zen Mororen aurkako salaketak zabaltzeko El libro de los mártires lanean, herejeei galdeketak egitean pertsonalki indarkeria eta tortura erabiltzen zituela argudiatu zuen. Geroago, Brian Moynahan eta Michael Farris bezalako autoreek Foxe aipatu zuten salaketa horiek errepikatzean. Baina Morok ukatu egin zituen salaketa horiek. Onartu zuen bere etxean herejeak kartzelaratu zituela —haiek seguru mantentzeko—, baina erabat baztertu zituen tortura- eta indarkeria-salaketak.[4]

Sei pertsona erre ziren, guztira, sutan, Mororen kantziler garaian heresia egiteagatik: Thomas Hitton, Thomas Bilney, Richard Bayfield, John Tewkesbery (Londresko kazetaria, debekatutako liburuak edukitzeagatik errudun deklaratua, eta ez uzkurtzeagatik sutara kondenatua), Thomas Dusgate eta James Bainham.[5] B. Moynahanek salatu zuen Tyndaleko erretzean Morok eduki zuen eragin handia.

Surtan erretzea aspaldian ezarritako zigorra zen heresia egiten zutenentzat. Hogeita hamar bat su piztu ziren Mororen kantziler garaiaren aurreko mendean, eta katolikoek eta protestanteek erabiltzen jarraitu zuten hurrengo hamarkadetako mugimendu erlijiosoan. R. W. Chambers historialariak adierazi zuenez, «Morok berari esleitutako ankerkeriak haserre ukatzen zituen aldi berean, mundu guztiak kontrakoa jakin zezan nahi zuen, sediziozko heresien sorkuntza debekatzea beharrezkoa zela uste zuelako. Horiek zigortzeko, muturreko kasuetan, heriotza-zigorra aplikatu behar zitzaiela zioen». Eta honela jarraitu zuen: «Alde guztietan modu berean aurkeztu zela ikusita, hau da, matxinada eta gerra-zibila eragiten zituzten gai espiritualetako agintaritzari eginiko erronkek, bere aburuz heriotza-zigorra merezi zuten.»[6]

Historialariak ez daude ados Morok Kantziler gisa egindako ekintza erlijiosoen inguruan. Peter Ackroyd historialari katoliko ingelesak protestantismoaren aurkako borrokan jarrera neurritsua eta nahiko tolerantea egozten dion artean, Richard Marius, Erreformako aztertzaile estatubatuarra, kritikoagoa izan zen, uste baitzuen «protestanteen sarraskiaren sustapen»aren izenean eginiko jazarpenek Mororen pentsamendu humanista traizionatzen zutela. Mororen biografian hauxe idatzi zuen Mariusek: «Gizon baten aurrean egotea inkisizioan, jakinik gu hil ostean bera poztu egingo dela; jakinik nahi duena egiten ez badugu, une batean surtara jaurtiko gaituela, zalantzarik eta damurik gabe; egoera hori ez da inkisidoreak garrasi egin eta torturatzen duen egoera baino askoz hobea... Morok uste zuen protestanteak akabatu egin behar zirela, eta, karguan zegoela, ahal zuen guztia egin zuen sarraskia gerta zedin.""[7]

Tomás Mororen etxea Carey Streeten (Londres), Justiziako Errege Auzitegien aurrean. Han, estatua batekin ospatzen du.

Baina Peter Berglar historialari eta akademiko alemaniarrak Die stunde des Thomas Morus. Einer gegen die Macht liburuaren egileak arrazoi guztiz ezberdinak azaleratu zituen Tomas Moro errudun egin zuten hereje-heriotzen inguruan. Berglarrek adierazi zuen 1519 eta 1531 arteko hamabi urteetan ez zela hereje-heriotzarik izan Londresko elizbarrutian, hain zuzen, Tomas Mororen eragin handiaren garaian, Altxorraren bikantziler (1521), House of Commonsen bozeramaile (1523), Lancasterreko Dukerriaren kantziler (1525), Frantziako Izarraren Ganbarako epaile (1526), Thomas Wolsey kardinalaren aholkulari . Aldiz, hereje-heriotzak berriz hasi ziren gertatzen Mororen zoritxarreko hondoratzean, Lord Kantziler karguaren dimisioaren aurretik; John Stokesley Londresko gotzain berriaren eta Ingalaterrako Elizaren buruzagiaren bultzatuta.

Tomás Moro alabarekin elkartu zen, William Frederick Yeamesek (1872) heriotza-epaia eman ondoren (The meeting of Sir Thomas More with his daughter after his sentence of death).

Henrike VIII.a erregea Tomas Mororen etsai bihurtu zen, Morok, Kantziller gisa, Aragoiko Katalina emaztearekin zuen ezkontzaren baliozkotasunaren inguruan sortutako desadostasuna zela-eta. Henrike VIII.ak Aita Santuari eskatu zion Katalina Aragoikoarekin zuen ezkontzaren baliogabetzea emateko, eta horren ukazioak Ingalaterra eta Erromako Elizaren arteko haustura ekarri zuen.

Monarkak bere ezkontzaren baliogabetzea lortu nahi izan zuen berriro ezkontzeko, Katalina Aragoikoak eman ezin zion semea izateko. Baliogabetzeak desleialtasuna ezabatuko zukeen, eta zilegitasuna emango ziokeen Eliza Katolikoaren aurrean, horrela, Ana Bolenarekin izan zitzakeen seme-alabak zilegiak izango lirateke.

Tomas Morok erregearen desio batzuk onartzeari behin eta berriz uko egin zionean, Henrike VIII.aren gorrotoa piztu zen. Erromarekiko hausturaren ondoren, eta Morok Henrike Ingalaterrako Elizaren buru nagusi zela aitortzen zuen zin-egitea egiteari uko egin ondoren, erregeak Londresko dorrean espetxeratu zuen.

Azkenik, erregeak, haserre, Moro epaitu zuen, eta, epaiketa sumarioan, traizioa leporatu eta heriotza-zigorra ezarri zioten (lehenagotik betiko kartzela-zigorra ezarri zioten). Europako beste buruzagi batzuek, hala nola, Aita Santuak edo Karlos V.a enperadoreak, zeinak garaiko pentsalaririk onena ikusten baitzuen Mororengan, presio egin zuten bizitza barkatzeko eta betiko kartzela edo erbestea ezartzeko; baina ez zuen ezertarako balio izan eta Tower Hillen akabatu zuten astebete geroago, 1535eko uztailaren 6an. Londresko dorrean dagoen San Pedro ad Vincula kaperaren ondoko lurpeko ganga batean lurperatuta dago.

Amaiera arte umoreari eutsi zion, heriotzaren atalasea zeharkatzean jasoko zuen Jainko miserikordiotsuarenganako konfiantza osoarekin. Urkamendira igotzen ari zen bitartean, honela esan zion borreroari: I pray you, I pray you, Mr Lieutenant, see me safe up and for my coming down, I can shift for myself («Mesedez, mesedez, teniente jauna, lagun nazazu goruntz, beheruntz ni bakarrik moldatuko nahiz eta»). Gero, belaunikatzean, esan zuen: «Begira nire bizarra kartzelan hazi da; hau da, bera ez da erregearen aurkako izan; beraz, ez dago zertan moztu. Utzi iezadazu bereizten». Azkenik, ironia alde batera utzita, bertakoi zuzendu zitzaien: I die being the King's good servant—but God's first («Erregearen zerbitzari on izanik hilko naiz, baina Jainkoarena lehenago»).

Moro ez zen bakarra izan Henrike VIII.a erregeari jarraitu ala Erromako Elizari jarraitu erabakitzen. Orduan sortu berria zen John Fisher kardinalak ere trantze bera izan zuen; Paulo III.ak kardenaliziozko kapelura bidali zuen eta exekutatu egin zuten.

Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere obra nagusia Utopia (1516) izan zen. Bertan gizateriaren arazo sozialak aztertzen ditu eta Europako jakintsu guztien onarpena lortu zuen. Haren inspiratzaileetako bat Rotterdameko Erasmo lagun-mina izan zen. Erregeak Anberesen esleitutako misioetako batean idatzi zuen.

Bere gainerako lanak askotarikoak dira, baina beti lotzen dira idealismoa goraipatzeko eta tirania gaitzesteko hari berarekin. Pertsonaia publikoen erretratuak daude, Pico della Mirandolaren bizitza bezala, hain zuzen ere, Aristotelesen gainetik Platonen nagusitasuna defendatu zuen humanista italiar honen autobiografiaren itzulpena; edo Historia Richardi Tertii (Rikardo III.aren historia), boterea bereganatzeko bere anaia zaharra eta Eduardo IV.aren seme gazteak erail zituen tiranoaren kritika gupidagabea. Lan hau ingelesez eta latinez argitaratu zen, nahiz eta latinezko bertsioa ingelesa baino dezente luzeagoa izan eta, hain zuzen, horregatik, John Morton kardinalari oker egotzi zioten. Lanak Shakespeareren Rikardo III.a ahalbidetu zuen, zalantzarik gabe. Pertsonaia, beraz, Mororen aburuz, gainbehera politikoaren antiheroi tristea zen.

Ingelesez ere idatzi zituen poemak, eta horien artean nabarmentzen dira zintzoki eginiko erregin ingelesen heriotzari buruzko epizedioak, eta bere gaztaroko hainbat epigrama ( Epigrammata ), zeinetan bere pentsamendu antiabsolutistak distira egiten duen. [8] Mororentzat, Antonio Poch -ek dioenez, tiraniaren sustraia zekenkeria da. Aberastasunaren eta boterearen zikoiztasunak elkar elikatzen eta kitzikatzen dute. [9] Erregeak, tirano izan nahi ez badu, izan behar du, beraz, artaldearen zaindari ona:

Zer da printze ona? Artaldearen txakur zaindaria da, otsoak zaunka botatzen dituena. Eta zer da printze txarra? Otsoa da, hain zuzen / Quid bonus est princeps? Canis est custos gregis. . . Quid malus? ipse lupus (IX. epigrama)

Erreinua Kristoren gorputz mistikoa bezalakoa da, zeina erregea burua den: kide guztiak maitasunez baturik daude eta elkar lagundu behar dute: Populus sese pro rege... quilibet hunc proprie corporis esse caput (XV Ep.). Printze onak alaba-seme askeak gidatzen ditu, gaiztoak zerbitzari gisa baliatzen ditu:

Tiranoak zerbitzari gisa gobernatzen dituenak, erregeak alaba-semetzat hartzen ditu/ Servos tyrannus quos regit / rex liberos... putat suos .

Bere obran aipamen garrantzitsua merezi dute fede tradizionalaren defentsan egin zituen elkarrizketa-itunek, zeintzuek erreformista laiko zein erlijiosoei gogor erasotzen zieten. Horrelako lanen artean daude, adibidez, Responsio ad Lutherum (" Luteroren erantzuna"), A Dialogue Concerning Heresies ("Heresiari buruzko elkarrizketa"), The Confutation of Tyndale's Answer ("Tyndaleren erantzunaren errefusa") edo The Answer to a Poisoned Book ("Liburu pozoitu bati erantzuna").

Erromako Elizaren defentsa-idazkiez gain, erlijioaren alderdi espiritualagoei buruz ere idatzi zuen. Hala, badira Treatise on the Passion ("Kristoren pasioari buruzko tratatua"), Treatise on the Blessed Body (Gorputz santuaren tratatua), Argibideak eta otoitzak edo De Tristia Christi ("Kristoren agonia") bezalako idazkiak. Azken eskuizkribu hau, Tomas Morok eskuz idatzi zuen Londresko dorrean 1535eko uztailaren 6an lepoa moztu aurretik gatibu zegoen garaian. Ondoren, Henrike VIII.ak agindutako desamortizaziotik salbatzea lortu zuen. Jarraian, Mororen alaba Margareten testamentuari jarraiki, espainiar eskuetara bideratu zutren; azkenik, Karlos V.a enperadorearen aitorlearen, Fray Pedro de Sotoren bitartez, Valentziara bideratu zen, Mororen lagun min Luis Vivesen aberrira. Gaur egun, Valentziako Corpus Christi Errege Kolegioaren museoari dagokion bildumaren barruan dago.

Idatzi zituen beste lan batzuen artean, Samosatako Lucianoren dialogo batzuen latinetik eginiko itzulpenak daude: Zinikoa, Menipo, Nigromanzia eta Tiranizidioa (horiei Responsio bat gehitu zien, zeinetan tiranoak gogor kritikatzen dituen), baita hainbat gutun [10] eta testu txiki ere: Letter to Bugenhagen, Supplication of Souls, Letter Against Frith, The Apology, The Debellation of Salem and Bizance, A Dialogue of Comfort Against Tribulation, Letter to Martin Dorp, Letter to the University of Oxford, Letter to Edward Lee, Letter to a Monk.

Kanonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leslie Cubitt Bevis-en Thomas Mororen estatua Chelsea Old Church- en aurrean, Cheyne Walk, Londres.

Tomas Moro, beste 52 martirirekin batera (tartean John Fisher ), Leon XIII.a Aita Santuak beatifikatu zuen 1886an. Azkenean, Pio XI.a Aita Santuak santu izendatu zuen Eliza Katolikoak 1935eko maiatzaren 19an (John Fisherrekin batera); bere jaia uztailaren 9an ezarri zen. Egun hori oraindik ere jarraitzen dute katoliko tradizionalistek. Vatikanoko II.aren osteko erreforma batzuen ondoren, bere jaieguna aldatu egin zen. Haren izena 1970ean gehitu zitzaion santu katolikoei ekainaren 22an ospatzeko, John Fisher-ekin batera, zeina apezpiku bakarra izan zen (zortzi adineko apezpikuren heriotza naturalen ondorioz) Ingalaterrako Erreformaren garaian aita santuarekiko leialtasuna mantendu zuena. [11]

2000ko urriaren 31n, Joan Paulo II.ak politikarien eta agintarien zaindari izendatu zuen [12] Francesco Cossiga Italiako Errepublikako presidente ohiak 1985ean egindako proposamenari erantzunez. Eskaera formal gisa aurkeztu zuen 2000ko irailaren 25ean, gobernu eta estatuburuen, parlamentarien eta politikarien ehunka sinadurarekin batera. [13]

1980an, Moro Ingalaterrako Kristau Elizako Santu eta Heroien egutegian gehitu zen John Fisherrekin batera "erreformaren martiri" gisa. Moro uztailaren 6an ospatzen da. [14]

Herri kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fred Zinnemannek zuzendu zuen, Paul Scofield protagonista izan zuen eta sei Oscar saritu, film onenaren barne, dituen A Man for All Seasons (1966) filmak Thomas Mororen azken urteak eta Henrike VIII.arekin izandako harreman zailak kontatzen ditu. Oinarriturik dago sinesmen erlijioso eta erregearen obedientziaren gaineko gatazken inguruan. Filmaren gidoilaria Robert Bolt antzerkigile agnostikoa da, zeinak 1960ko A Man for All Seasons antzezlana idatzi zuen filma idatzi aurretik. Londresen estreinatu zen Globe Theatre -n 1960ko uztailaren 1ean. Antzezlana Boltek berak 1954an BBC Irratirako idatzitako antzezlan baten moldaketa izan zen. Izenburua 1520an Robert Whittington -ek Morori buruz idatzi zuenetik hartu zuten:
  • Bolten lanaren 1988ko telebista-bertsio bat ere badago, Charlton Heston -ek zuzentzen eta egiten du Thomas Mororen papera, eta John Gielgud-ek Wolsey kardinalaren papera.
  • The Tudors telesailean, Enrike VIII.arekin izandako bizitzaren eta harremanaren zati bat kontatzen da. Jeremy Northam -ek antzeztua. Bere amaiera 2. denboraldian, 5. kapituluan azaltzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «The Center for Thomas More Studies: Canonization of Thomas More» www.thomasmorestudies.org.
  2. «Holy Days» Worship — The Calendar (The Church of England).
  3. Copia archivada. .
  4. Ackroyd, Peter. The Life of Thomas More. Ed. Anchor Books. Nueva York, 1999.
  5. Ackroyd, Peter. The Life of Thomas More. Ed. Anchor Books. Nueva York, 1999. Pp. 299-306.
  6. Chambers, R. W. Tomás Moro. Jonathan Cape, Londres, 1976. Pp. 274-275.
  7. Marius, R. Thomas More: A Biography, Fount Paperbacks. Londres, Collins. 1986. P. 407.
  8. Moro, Tomás, Epigramas, traducción y notas de Concepción Cabrillana Leal, Madrid: Rialp, 2012, ISBN 978-84-321-4185-0.
  9. Antonio Poch, "Estudio preliminar" a la trad. de T. Moro, Utopía, Madrid: Tecnos, 1987, pp. lii.
  10. «Son, así, 128 las cartas escritas por Moro que han llegado hasta nosotros» (Anna Sardaro: La correspondencia de Tomás Moro, EUNSA, Pamplona, 2007, ISBN 978-84-313-2457-5, p. 94.).
  11. Diarmaid MacCulloch, The Reformation, (New York: Viking, 2004), 194
  12. Juan Pablo II. (31 de octubre de 2000). Carta apostólica en forma de motu proprio para la proclamación de santo Tomás Moro como patrono de los gobernantes y de los políticos. Libr. Editrice Vaticana.
  13. Contreras, Diego. (1 de noviembre de 2000). Tomás Moro o el elogio de la conciencia. Aceprensa.
  14. Calendar of Holy Days of the Church of England

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ackroyd, Peter (2003). Tomas More . Bartzelona: Edhasa. ISBNa 84-350-2634-5 . 
  • Baczko, Bronislaw (1991). imaginario sozialak. Oroitzapen eta Itxaropen Kolektiboak . Buenos Aires: New Vision Editions. ISBNa 9506022247 | isbn= gaizki ( laguntza ) . 
  • Berglar, Peter (2005). Tomas Moreren garaia. Alone Against Botere (5. Edizioa). Madril: Word Editions. ISBNa 84-8239-838-5 . 
  • Bouyer, Louis (2009). Tomas More. Humanista eta martiria . Bilera. ISBNa 978-84-7490-962-3 . 
  • Castillo Ramirez, Paloma (2010). Tommaso Moro, il Primato della coscienza, Milano: Edizioni Paoline, 2010. ISBN 978-88-315-3675-2 .
  • Del Águila, Rafael.Vallespin, Fernando (1990). Teoria politikoaren historia, liburukia. 2 . Madril: Argitalpen Aliantza, 1995. ISBN 84-206-0484-4 (2. liburukia) | isbn= gaizki ( laguntza ) . 
  • Roper William (2009). Sir Thomas Moreren bizitza . Nafarroako Unibertsitatea. ISBNa 978-84-313-1810-9 . 
  • Silva y Verastegui, Álvaro de (2007). Tomas More . Martial Pons. ISBNa 978-84-96467-48-4 . 
  • Vázquez de Prada, Andrés (1999). Sir Thomas More, Ingalaterrako Lord kantziler . Madril: Rialp Edizioak. ISBNa 9788432132476 . 

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]