Guyana

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Guyanako Errepublika Kooperatiboa
Co-operative Republic of Guyana
Guyanako bandera
Bandera

Guyanako armarria
Armarria

Goiburua: One People, One Nation, One Destiny
( Herri bat, Nazio bat, Patu bat )
Nazio ereserkia:
Dear Land of Guyana, of Rivers and Plains
Guyana: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Georgetown
6°48′N 58°10′W / 6.800°N 58.167°W / 6.800; -58.167Koordenatuak: 6°48′N 58°10′W / 6.800°N 58.167°W / 6.800; -58.167
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Bharrat Jagdeo
Sam Hinds
Independentzia
- Erresuma Batutik

1966 maiatzaren 26
Eremua
• Guztira
• Ura

214.970 km² (84.)
% 8,4%
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Dentsitatea

Herritarra

765.283 (163.)
3,6 biztanle/km² (184.)

guyanar
Dirua Guyanako Dolarra (GYD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -4)
Ez (UTC -4)
Interneteko domeinua .gy
Telefono aurrezenbakia +592

Guyana[1] (izen ofiziala, Guyanako Errepublika Kooperatiboa; ingelesez Guyana), Hego Amerikako iparraldeko estatua, Ozeano Atlantikoko kostan kokatua. Mugakide ditu Surinam ekialdean, Brasil hegoaldean eta Venezuela mendebaldean. Hiriburua Georgetown da.

Mugak: Surinam ekialdean, Venezuela mendebaldean eta Brasil hegoaldean. 214.970 km2 eta 765.283 biztanle ditu (2005), guyanarrak. Venezuelak Guayana Esequiba deritzon lurraldearen mendebaldeko bi herenak bereak direla aldarrikatzen du; Surinamek ere ekialdeko zati handi bat eskatzen du.

Arawak amerindiarrak izan ziren gaur egungo Guyanako lehen biztanleak; lur askoko ura deitu zuten haiek. Hain zuzen ere, oso lurralde hezea da, eta kostaldeak mangladiz eta zingiraz estaliak daude.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georgetown hiriburuko St. George katedral anglikanoa.

Biztanleria oso urria izan da beti. Lurraldea bera osasungaitza izanik, Bigarren Mundu Gerratik aurrera tropikoko eritasunak menderatu ziren arte, ez zuen behera egin hilkortasunak; orduz geroztik oso handia izan da hazkundea (urteko %3,5, 1950 eta 1965 artean); horrez gainera, Guyanara erbesteratu asko iristen da Antilletatik.

Nahiz eta fisikoki Hego Amerikaren zati izan, demografikoki Guyana karibetarra dela esan daiteke, eta ez latinoamerikarra. Bertan hainbat hizkuntza mintzatzen dira, ingeles ofizialaz gainera, hala nola gaztelania, portugesa, Guyanako ingeles oinarriko kreolera, hindi-urdua eta jatorrizko herrien hizkuntzak (wai-wai, arawak akawaio eta macushi).

Hala ere, oso biztanle gutxi dira: 558.000 biztanle ziren 1960an, eta 700.000 1998an; dentsitatea ere, batez beste, oso apala da, 4 bizt./km2. Biztanleriaren egitura etnikoa oso nahasia da, eta erabakigarria izan da Guyanaren historia politikoan. Europar kolonizazioaren lehen garaietan, jatorrizko amerindiar asko deportatu zuten Antilletara; gaur egun, biztanle guztien %7 baino ez dira amerindiarrak. Biztanleen %36 beltzak dira, afrikar esklaboen ondorengoak, eta %50, berriz, indiarrak, 1864-1917 urteetan britainiar inperioak Indiatik eraman zituen langileen ondorengoak. Indiarrak eramatearen helburua, hain zuzen ere, beltzei lan-merkatuan konkurrentzia egitea zen, gizarte-erreibindikazioak saihesteko. Gainerakoak europarraren ondorengoak dira (britainiar eta portugesenak), eta badira antillarrak, txinatarrak eta indonesiarrak ere. Arazo etnikoak larriak izan dira beti Guyanaren historian, eta ez dira desagertu, beltzen eta indiarren artekoak bereziki.

Biztanleriaren banaketak gorabehera handiak ditu. Kostaldeko zerrenda estua oso jendeztatua dago (bertan dago biztanleen % 75). Landaldean amerindiarrak bizi dira, eta beltz gehienak, berriz, hirietan. Gazteak asko dira (% 32 dira hamabost urtetik beherakoak), baina hazkundea moteldu egin da, emankortasun-tasak behera egin baitu (18,23 jaiotza/1.000 laguneko, 1999ko estimazioetan; 2,4 haur jaio ziren emakumeko 1996an); haurren hilkortasun-tasa handia da (45 heriotza mila jaioberriko), eta orobat da handia emigrazio-tasa.

Guyana homosexualitatea debekatzen eta zigortzen duen Hego Amerikako herrialde bakarra da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kayeteur ur-jauziak.

Guyana herrialde ahula da ekonomiari dagokionez: 2010ean 2.868 dolarrekoa zen biztanleko nazio-produktu gordina. Garapena nekazaritzaren eta meatzaritzaren mende dago. 1970 eta 1980ko hamarraldietan, sozialismoaren araberako politika ekonomikoa bideratu zuen gobernuak, baina krisi larri batean amaitu zen. 1990eko hamarraldian ekonomiaren bideak errotik aldatu ziren, plangintza berri bat aplikatu baitzen (Economic Recovery Programme). Plangintza horretan, Nazioarteko Diru Funtsaren egiturazko egokitze-programak aplikatu zituen Guyanak. Gobernuaren politika berriaren ondorioz, pribatizazio-kanpaina handi bat jarri zen abian, baina estatuaren pisuak, hala ere, handia izaten jarraitu zuen. Emaitzek, gizarteari dagokionez, ikaragarri kaltegarriak izan ziren, baina ekonomiaren hazkunde handia ekarri zuten (% 7,9 1996an), eta atzerritar inbertsioak ere erakarri zituzten. Hala ere, zorra oso handia zuen (1.500 milioi dolar 1997an), eta baita handia langabezia-tasa ere (1996an, biztanle aktiboen % 13). Merkataritza-balantzaren desoreka inguruko herrialdeena baino txikiagoa zen (-41 milioi dolar 1995ean). Esportazio-gai nagusiak azukrea, arroza, bauxita, aluminioa eta urrea dira. Kontsumo-gai arruntak, makinak eta erregaiak inportatzen dira, batez ere.

Laborantza eta arrantza dira Guyanako ekonomiaren alor nagusiak; basogintzarekin batera, 1992an, NPGaren % 41 osatzen zuten. Polderrak eraiki dira laborantzako eremua zabaltzeko, baina, hala ere, ustiatu gabe daude oraindik egokiak izan daitezkeen alorrak. Azukre-ekoizpenaren parterik handiena esportatu egiten da. Ekoizten dira, halaber, arroza, kotoia, kafea, kakaoa, koko eta kopra-intxaurrak, eta herrialdea beregaina da ia elikagaitan. Basogintza ez dago oraindik oso garatua, baina atzerritar inbertsioak ari dira alor horretan sartzen. Arrantza ere gorantz doa. Meatzaritza barrualdean egiten da: bauxita eta aluminioa dira erauzten diren gai nagusiak, eta, gutxiago, urrea, diamanteak eta manganesoa. Sektore hori aski zaharkitua dago gaur, eta munduko merkatuaren gorabeheren mende dago. Nolanahi ere, lehorte gogor batek eta 1997ko hauteskundeen ondoren izan zen nahasmendu politikoak hazkunde-tasa negatiboa eragin zuten 1998an. Azpiegitura-arazoak oztopo larria dira gaur garapen ekonomikoan, elektrizitate-horniduraren eskasia bereziki. Gobernuaren erronka nagusiak kanpo-zorra murriztea eta pribatizazio-plangintza zabaltzea dira gaur.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guyana britainiarraren mugak 1896an.

Guyanako independentziaren bidea gatazka etnikoen mende egon da. Izan ere, sufragio unibertsala ezarri zuen konstituzioa onartu zenean jada (1953), hiru talde sozial eta etniko agertu ziren, elkarren kontrakoak, bakoitza bere adierazmolde politikoarekin: amerindiar jatorriko biztanleak, eta Cheddi Jaganen Herri Alderdi Aurrerakoia (PPP), komunista; beltzak, eta Herri Kongresu Nazionala (PNC), Forbes Burnhamena; zuriak, eta Peter d'Agniarren Indar Batua.

1970. urtean bihurtu zen Guyana errepublika independente, eta Commonwealthen barnean geratu zen. 1992. urtea arte, PNC alderdia egon zen agintean, beti ere hauteskundeetan iruzur eginez sistematikoki. PNCko F. Burnham presidentearen administraziopean, Guyana, diktadura izatez, Kubari eta herrialde sozialistei hurbildu zitzaien. Amerindiar eta beltzen komunitateen arteko tirabirak areagotu egin ziren urte haietan. 1980. urtean Walter Rodney erail zuten, Langileen Aliantza alderdiko (WPA) buruzagia; mugimendu marxista zen aliantza hura, 1977. urtean sortua, eta beltzen eta amerindiarren arteko hesia gainditzea zuen helburua; Guyanako egoera politikoaren hondamenaren erakusgarria izan zen hilketa hura. F. Burnham hil zenean, 1985ean, Hugh Desmond Hoyte lehen ministroa izendatu zuten presidente; herrialdearen orientabide ekonomikoa aldatu zuen hark, bere aurrekoaren hauteskunde-ohitura ustelak baztertu gabe ordea.

1990. urtean egin behar ziren hauteskundeak bi alditan egin ziren, hauteskunde-prozesuan azaleratu ziren gorabehera larriak zirela-eta. 1992an, Commonwealtheko begiraleen zainpean egin ziren hauteskundeak, eta Cheddi Jaganen Herri Alderdi Aurrerakoia (PPP) irten zen garaile. Haren egiteko nagusia lur jota zegoen ekonomia suspertzea zen. Jagan 1997an hil zelarik, Samuel Hinds haren lehen ministroak hartu zuen estatu-buruzagitza, urte bereko abenduan hauteskundeak egin ziren arte. C. Jaganen emaztea, Janet Jagan, PPPko hautagaia, irten zen garaile berriz ere susmo txarrez eta bortizkeriaz betetako hauteskundeetan. 1999an dimisioa eman zuen J. Jaganek osasun-arrazoiak zirela-eta, eta haren finantza-ministroa, Bharat Jagdeo, hautatu zuen agintaldiaren bukaera arte ordezka zezan (2001eko urtarrila arte).

2001ean egin ziren 1997rako aurreikusitako hauteskundeak, eta Jagdeok irabazi zituen. 2004an barne-ministro Ronald Gajrajek dimititu egin behar izan zuen, heriotza-eskuadroiekin loturarik zuen ikertzeko prozesua zela-eta. 2006an hilketa-bolada bat izan zen, eta, besteak beste, nekazaritzako ministroa hil zuten. Poliziak droga- eta arma-trafikoari lotutako taldeei egotzi zizkien hilketa horiek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Guyana Aldatu lotura Wikidatan



Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)