Estatu eta Nazioarteko Erakundeen artean edo Nazioarteko Erakundeen artean egindako tratatuen zuzenbideari buruzko 1986ko Vienako Hitzarmena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Estatu eta Nazioarteko Erakundeen artean edo Nazioarteko Erakundeen artean egindako tratatuen zuzenbideari buruzko 1986ko Vienako Hitzarmena
Irudia
Motatratatu
Data1986ko martxoaren 21a

Lan osoa eskuragarritreaties.un.org…

Estatu eta Nazioarteko Erakundeen artean edo Nazioarteko Erakundeen artean egindako Tratatuen zuzenbideari buruzko 1986ko Vienako Hitzarmena (ingelesez VCLTIO, Vienna Convention on the Law of Treaties between States and International Organizations or Between International Organizations bezala ezagutua), aurretik zegoen 1969ko Tratatuen Zuzenbideari buruzko Vienako hitzarmena osatzeko balio izan zuen nazioarteko hitzarmena da.

Hitzarmen honetako 85. artikuluak dioenez, indarrean sartuko da 35 estatuk berresten dutenean. Gaur egunera arte, 33 estatuk besterik ez dute hitzarmena berretsi, eta beraz, ez dago oraindik indarrean.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmen honi esker, Nazioarteko Erakundeen eta Estatuen arteko harremanek lege hutsunea zutenez, 1986an Estatu eta Nazioarteko Erakundeen artean edo Nazioarteko Erakundeen artean egindako Tratatuen zuzenbideari buruzko Vienako Hitzarmena sortu zen.

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmen honek ez du atzeraeraginkortasun efekturik, hau da, ez die eragingo hitzarmenaren aurretik sortutako tratatuei. Hitzarmenean bilduta ez dauden egoerak arautzeko, hitzaurreak dioenez, ohiturazko Nazioarteko Zuzenbidea aplikatuko da.

Hitzarmena estatuen artean aplikatuko da, baina baita estatu eta nazioarteko erakundeen artean zein nazioarteko erakundeen artean. Bestalde, hitzarmenak ez du atzeraeraginkortasun efekturik izango aipatu bezala. Gainera, Tratatua aldatzeko edota hau zuzentzeko ahalmena esklusiboki parte hartzen duten nazioarteko erakundeena edota estatuena izango da eta tratatuan bertan zehazten diren prozedura eta arauen bitartez egin beharko dira egintza guztiak.

Estatu parte hartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur arte, 33 estatuk onartu dute hitzarmena: Mexiko, Kolonbia, Argentina, Uruguay, Senegal, Liberia, Gabon, Australia, Erresuma Batua, Danimarka, Suedia, Estonia, Bielorrusia, Moldavia, Bulgaria, Zipre, Grezia, Espainia, Alemania, Herbehereak, Belgika, Suitza, Liechtenstein, Italia, Austria, Kroazia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Malta, Albania, Portugal eta Palestina.

Horiez gain, nazioarteko 12 erakundek formalki onartu dute hitzarmena, baina hauek ez dute indarrean sartzeko baldintza betetzeko balio (35 estatuk berretsi behar dutela): Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia edo EANA, Hegazkineria Zibilaren Nazioarteko Erakundea edo HEZINE, Interpol, Nazioarteko Lan Erakundea, Nazioarteko Itsas Erakundea, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea, Saiakuntza Nuklearrak Erabat Debekatzeko Erakundea, Nazio Batuen Erakundea edo NBE, Industriaren Garapenerako Nazio Batuen Erakundea, Posta-Batasun Unibertsala edo UPU, Munduko Osasun Erakundea edo MOE eta Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundea.

Estatu batzuek hitzarmena sinatu dute, baina ez dute berretsi: Boli Kosta, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Bosnia eta Herzegovina, Hego Korea, Japonia, Serbia, Montenegro, Maroko, Egipto, Sudan, Burkina Faso, Benin, Zambia eta Malawi.

Azkenik, Nazioarteko Erakunde batzuek hitzarmena sinatu dute, baina ez dute onarpen prozedura guztiz bete: Europako Kontseilua, Elikadura eta Nekazaritza Erakundea, Telekomunikazioen Batasun Internazionala, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea edo UNESCO eta Munduko Meteorologia Erakundea.

Hitzarmenaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmena zortzi zatitan banatzen diren 85 artikuluk osatzen dute. Zati bakoitza atal bakarrean edota atal ezberdinetan banatuta daudelarik. Lehenengo zatia Sarrera da, Hitzarmenaren nondik-norakoak, xedea eta zergatia biltzen dituenak 5 artikulu ezberdinetan.

Bigarren zatiak tratatuak egiteko prozedura eta ahalmenak zehazten ditu alde batetik eta hauek indarrean sartzeko prozedura eta ahalmena bestetik. Zati honen 1. atalean (6-18 artikuluak) tratatuak egiteko prozedura eta ahalmenak adierazten dira, baldintzekin batera. 2. atalean (19-23. artikuluak), erreserbak lantzen dira eta azkenik, 3. atalean (24-25 artikuluak) Tratatuak indarrean sartzeko baldintzak eta prozedura eta behin behineko aplikazioa zehazten dira.

Hirugarren zatia lau atal ezberdinetan banatzen da eta tratatuen betetzea, aplikazioa eta interpretazioaren nondik-norakoak zehazten dira. 1. atalean (26-27. artikuluak), tratatuak betetzeko betebeharra adierazten da eta barne zuzenbidearekin bateraezintasuna ezeztu egiten da, hau da ezingo da tratatuko xedapenen bat ez bete barne-zuzenbideko xedapen kontrajarri baten bidez justifikatuz. 2. atalean (28-30. artikuluak) Tratatuen aplikazioa zehazten da; tratatuen atzera eraginik eza, tratatua indarrean egongo den lurralde eremua eta gai beraren inguruko ondoz ondoko tratatuen aplikazioa zehaztu egiten dira. 3. atalean (31-33. artikuluak), tratatuen interpretazioa garatzen da, interpretaziorako arau orokorrak zehaztuz, interpretaziorako bitarteko osagarrietara jotzea ahalbidetzen du eta tratatuak hizkuntza guztietan interpretazio bera izango duela zehazten du eta desadostasunak egotekotan bietako bat gailenduko dela. 4. atalean (34-38. artikuluak), tratatuen eta hirugarren estatuen arteko harremana zehazten da. Tratatuak ez du ez eskubide ez betebeharrik sortzen adostasuna adierazi ez duen estatu batengan baldin eta hirugarren estatuentzat betebeharrak edo eskubideak aurreikusten ez baditu tratatuak berak eta hauek ezingo dira errebokatu tratatuaren parte diren eta hirugarren estatuaren arteko adostasunik gabe. Gainera, gerta daiteke hirugarren estatu batentzat tratatu batean adierazitako arau bat beharrezkoa bihurtzea nazioarteko ohiturazko zuzenbidearen arautzat aitorturiko arau gisa.

Laugarren zatian (39-41. artikuluak), tratatuen zuzenketa eta aldaketarako prozedura adierazten da. Honen arabera, tratatua alderdien adostasunez aldatu ahal izango da eta parte hartzaile guztiei helarazi beharko zaie aldaketa. Gainera, parte hartzaile izatera iristeko ahalmena duten estatu guztiek tratatu zuzenduan parte hartu ahal izango dute eta zuzenketa ezezten ez dutenek tratatu zuzenduaren parte ere direla presumituko da. Azkenik, bi estatuen arteko akordioaren bidez haiei bakarrik eragiten dien aldaketa burutu ahalko luke tratatuek hau egitea ahalbidetzen badu eta debekatzen ez badu, betiere, tratatuaren kontra ez badoa eta beste parte-hartzaileei eragiten ez badie.

Bosgarren zatian tratatuen deuseztatzea, amaitzea eta aplikazioa geldieran uzteko prozedura eta eman beharreko baldintzak biltzen dira. 1. atalean (42-45. artikuluetan), xedapen orokorrak biltzen dira. Honen arabera, tratatu bat ezingo da aurkaratu edota amaitu tratatuak berak horrela xedatzen ez badu. 2. atalean (46-53. artikuluetan) tratatuen deuseztasuna zehazten da. 3. atalean (54-64. artikuluetan), tratatuen amaiera eta tratatuen aplikazioa geldieran uzteko prozedura eta baldintzak zehazten dira, izan ere,  soilik amaituko da edo alderdi bat erretiratuko da baldin eta tratatuak hala xedatzen badu edota edozein unetan alderdi guztien adostasunaren bidez hala erabakitzen bada.

Ordea, tratatuak ez badu bere amaiera edo erretiratzea aurreikusten, hau ahalbidetuko da baldin eta tratatutik erretiratzea alderdien asmoa izan dela jaso den edota tratatuaren izaeraren ondorioz, erretiratzeko eskubidea dagoela ondorioztatzen bada. Geldieran utzi ahal izango da baita, tratatuaren xedapenen bidez edo alderdi guztien adostasunez, ordea amaiera ematen bazaio tratatuaren urraketa baten bitartez, gainerako alderdiek ahobetez erabaki beharko dute. Tratatu bat amaitzeko edo geldiera uzteko beste arrazoi batzuk tratatuaren xedea betetzeko ezintasuna, inguruabarren funtsezko aldaketa, harreman diplomatiko eta kontsularren haustea edota Ius Cogens arau baten agerpena direla biltzen du atal honek.

4. atalean (65-67. artikuluetan) prozedura zehazten da. Tratatu bat deuseztatzeko, amaitzeko, erretiratzeko edota aplikazioa geldieran uzteko, alderdiak jakinarazi beharko du eta jakinarazpenean arrazoiak eman beharko ditu. Jakinarazpen datatik hiru hilabetera eragozpenik jarri ez bazaio erabakia aurrera eramango du, ordea eragozpenen bat formulatu bada adostasuna bilatu beharko dute Nazio Batuen Gutuneko 33. artikuluak zehazten duen bide baten bidez. Hamabi hilabeteeteetan ez bada adostasunik lortu konponbide judizialera, arbitrajera edo adiskidetzeko prozedurara joko da.

5. atalean (69-72. artikuluetan) tratatu bat geldieran uzteak, amaitzeak edota erretiratzeak dakartzan ondorioak biltzen dira. Deuseza bihurtzen bada, tratatuak ez du indar juridikorik izango. Amaitzen bada alderdiak tratatuak inplikatzen dituen betebeharretatik aske uztiko ditu eta aurretik sortutako eskubide eta betebeharrei ez die eragingo hau amaitu izanak. Geldieran uztearen ondorioz alderdiak geldieran uzteko epearen bitartean hau betetzeko beharretik aske utziko ditu eta ez du eraginik izango alderdien harreman juridikoetan, baina ez dute oztoporik jarriko tratatua berriro aplikatzeko bidean.

Azkenik, seigarren zatian askotariko xedapenak biltzen dira eta 7. zatian Gordailuzainak, jakinarazpenak, zuzenketak eta erregistroa. Gordailuzainei dagokienez, estatu negoziatzaileek tratatu berean edo beste bide batez izendatu ahalko dute gordailuzaina eta 77. artikuluan zehazten dira gordailuzainen funtzioak. Jakinarazpenei eta komunikazioak zein eduki izan behar duten eta nola helarazi behar diren zehazten da. Bestalde, zuzenketak egiteko prozedura zehazten da. Azkenik, tratatuen erregistatzea eta argitaratzeko, tratatuak idarrean sartu ostean Nazio Batuen idazkaritzara bidaliko dira artxibatu eta inskriba daitezen eta egintza hau egiteko gordailuzain baten izendapenak emango dio baimena. 8. zatian Amaierako xedapenak biltzen dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]