Hedy Lamarr

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hedy Lamarr
Hedy Lamarr
Hedy Lamarr Algiers filmean (1938)
Datu pertsonalak
Izen osoa Hedwig Eva Maria Kiesler
Jaio 1914ko azaroaren 9a
Viena (Austria-Hungariako Inperioa)
Hil 2000ko urtarrilaren 19a (85 urte)
Casselberry, Florida ( AEB)
Bikotekidea(k) Fritz Mandl (1933–1937)
Gene Markey (1939-1941)
John Loder (1943-1947)
Teddy Stauffer (1951-1952)
W. Howard Lee (1953-1960)
Lewis J. Boies (1963-1965)
IMDB IMDBko fitxa

Hedy Lamarr (1914ko azaroaren 9a - 2000ko urtarrilaren 19a) austriar aktore eta asmatzailea zen.[1] 1941ean, George Antheil musikagilearekin batera, maiztasun-jauziaren bidezko espektro hedatuaren (FHSS) teknika bat patentatu zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914ko azaroaren 14an, Vienan, Hedwig Eva Maria Kiesler jaio zen familia judu batean. 16 urterekin ingeniaritza ikasten hasi zen, baina hiru urte geroago, 1933an, antzerki munduan sartu zen, Max Reinhardt zuzendariaren ikasle. 1937an egin zuen lehen filma: Gustav Machatý txekiarraren Ecstasy. Film komertzial batean emakume bat biluzik agertzen zen lehen aldia zen, eta gainera, beste eszena batean, aktore gazteak orgasmo bat antzeztu zuen lehen planoan[2].

Fritz Mandl armagintza magnateak filma ikusi eta aktorearekin ezkontzea erabaki zuen. Ezkontza gurasoekin hitzartu zuen, Kieslerren iritzia aintzat hartu gabe. Bera ere judu jatorrikoa izan arren, Mandlek armak saltzen zizkien Italiako faxistei eta Alemaniako naziei. Gainera Hitlerren eta, bereziki, Mussoliniren lagun pertsonala omen zen. Mandlen ondoan bizitakoak esklabotza urteak izan ziren. Senarra Ecstasyren kopia guztiak suntsitzen saiatu zen, aktore karrera uztera behartu zuen eta ez zion etxetik irteten uzten berarekin batera ez bazen. Keislerrek ingeniaritza ikasketei berriro heltzeko baliatu zuen itxialdia, eta senarraren bezero eta hornitzaileei adi-adi entzunda, asko ikasi zuen garaiko arma-teknologiari buruz[2].

1937an Parisera joan zen senarrarengandik ihesi, eta Londresera ondoren. Han Louis B. Mayer, Metro Goldwyn Mayer estudioetako burua ezagutu zuen. Bitxiak saldu eta Mayerren ontzi berean zeharkatu zuen atlantikoa. Lehorreratzerako, zazpi urteko kontratua zeukan, baita izen berria ere: Hedy Lamarr[2].

30 filmetan lan egin zuen guztira, King Vidorrekin, Cecil B. DeMillerekin, Jacques Tourneurrekin... eta proiektu handiei ere uko egin zien; beraren ordez Ingrid Bergman aritu zen Casablanca (1942) eta Gaslight (1944) filmetako rol protagonista moduan[2].

Bigarren Mundu Gerraren urteak zirela eta, bere erlijioak eta senar ohiaren alboan ikusitakoek bultzatuta, aliatuen aldeko lanari ekin zion. Casablanca estreinatu zen urte berean, Hedy Lamarrek komunikazio sistema sekretua diseinatu eta patentatu zuen George Antheil konpositorearen laguntzaz. Frekuentzien kommutazioan oinarritutako asmakizunari esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe[2].

Goizegi zen; asmakizuna ezingo zen aplikatu sistema elektronikoek sistema mekaniko zaharrak ordezkatu arte. Hala, lehen aldiz 1962an erabili zen Lamarren sistema, Kubako misilen krisian. Vietnamgo Gerran ere erabili zuten, baina 1980ko hamarkadatik aurrera eta ingeniaritza zibilaren alorrean atera zioten benetako zukua ideiari. Teknologia digitala hedatu ahala, frekuentzien kommutazioak Wi-Fi datu komunikazioa ezartzea ahalbidetu zuen, baita bluetooth estandarra eta GPS sistema...[2]

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Izenburua Papera
1930 Geld auf der Straße Neska gaztea
1931 Die Blumenfrau von Lindenau Idazkaria
1931 Die Koffer des Herrn O.F. Helene
1932 Man braucht kein Geld Käthe Brandt
1933 Ekstase Eva Hermann
1938 Algiers Gaby
1939 Lady of the Tropics Manon deVargnes Carey
1940 I Take This Woman Georgi Gragore Decker
1940 Boom Town Karen Vanmeer
1940 Comrade X Theodore
1941 Come Live With Me Johnny Jones
1941 Ziegfeld Girl Sandra Kolter
1941 H.M. Pulham, Esq. Marvin Myles Ransome
1942 Tortilla Flat Dolores Ramirez
1942 Crossroads Lucienne Talbot
1942 White Cargo Tondelayo
1944 The Heavenly Body Vicky Whitley
1944 The Conspirators Irene Von Mohr
1944 Experiment Perilous Allida Bederaux
1945 Her Highness and the Bellboy Princess Veronica
1946 The Strange Woman Jenny Hager
1947 Dishonored Lady Madeleine Damien
1948 Let's Live a Little Dr. J.O. Loring
1949 Samson and Delilah Delilah
1950 A Lady Without Passport Marianne Lorress
1950 Copper Canyon Lisa Roselle
1951 My Favorite Spy Lily Dalbray
1953 The Lovers of Paris
1955 Eternal Woman
1957 The Story of Mankind Joana Arc-ekoa
1958 The Female Animal Vanessa Windsor

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]