Ozeano Barea

Koordenatuak: 0°N 160°W / 0°N 160°W / 0; -160
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ozeano Barea
KontinenteaAmerika, Asia, Ozeania, Antartika
Koordenatuak0°N 160°W / 0°N 160°W / 0; -160
Azalera166.241.700 km²
Zabalera10.020 km
Sakonerabatez bestekoa: 4.300 m
handiena: 11.034 m

Ozeano Barea edo Ozeano Pazifikoa[1] Lurreko ur masarik handiena da, bere azalera osoaren heren bat hartzen duena. Bering itsasotik, Artikoan, Rosseko itsasoraino, Antartikan, zabaltzen da 15.000 kilometroz. 25.000 irla inguru ditu bere uretan, gehienak ekuatore lerroaren hegoaldean kokatuta. 166,2 milioi km²-ko azalera betetzen du. Asia, Amerika, Ozeania eta Antartika kontinenteak bainatzen ditu.

Izenaren jatorria

«Bare» izena hartzen du, Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziotenean oso lasaia aurkitu zutelako. Aipatu behar da beraz, munduari lehen aldiz bira eman zioten bi pertsonai hauek ozeano honetatik pasatu zirela.

Mugak eta ezaugarriak

Muga hauek ditu: Amerika, ekialdean; Asia eta Australia mendebalean. Zirkulu baten antzekoa, Ozeano Antartikoaren aldera zabaltzen da hegoaldean eta Ozeano Artikoarekin bat egiten du Bering itsasoaren bidez. 166.241.700 km²-ko hedadura du, ertzetako itsasoak (Bering, Okhotsk, Japonia, Txina, Horia, Sulawesi) kontuan hartuta.

Ozeano Bareko kostaldea ez da leku guztietan berdina: Ameriketako itsasertza zuzena eta menditsua da gehienbat, ipar muturrekoa (Alaska) eta hego muturrekoa (Patagonia) izan ezik. Asia aldeko ertza, ordea, apala eta bihurria dira. Urpeko mendikate batzuek zeharkatzen dute Ozeano Barea, gailur horiek ur azala urratzen dutelarik zenbaitetan (Hawaii, Tuamotu, Pascua… uharteak).

Ipar eta mendebalean, Ozeano Bareko Suzko Eraztuna izena eman ohi zaion sumendiz sortutako uharte andana luzea ageri da (Aleutiarrak, Kurilak, Marianak, Filipinak, Tonga, Kermadec…). Bertan daude munduko itsas leize sakonenak: 10.000 m-tik gorakoak Kuril, Mariana eta Filipinetan; 7.000 m-koak Txile eta Peruko ertzetan. Munduan dagoen lurrazalaren puntu baxuena ozeano honetan dago, Marinas hobietan.

Uharteetan sumendi asko izateaz gainera, lurrikara ugari sortzen da Ozeano Barean, tsunami (japonieraz «ekaitz uhin») uhin sismikoak sortzen dituztenak. Tsunami hauek kostaldeak erasotzen dituzten itsasikarak sortu ohi dituzte. Bestalde, koralezko milaka harkaitz ageri dira Ozeano Bareko alde tropikalean, basaltozko mendien (atoll) inguruan eta koralezkoak ez diren uharteen inguruetan (koralezko harkaitzak). Hainbat ur lasterrek zeharkatzen dute, bestalde, Ozeano Barea (Humboldt, Kuro-shio, Oya-shio…).

Uharteak

Historia

Vasco Núñez de Balboa espainiarrak 1513an aurkitu zuen eta Fernando Magallanes izan zen Atlantikotik Ozeano Barera igaro zen lehena (1520, Hornos lurmuturra). Ozeano Bareak ez zuen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte garrantzi handirik izan ekonomiari dagokionez. Estatu batzuetako industria aurreramenduak (Japonia eta Australia nagusiki) eta, Asian batez ere, kostalde horietan bizi diren milioika pertsonen arteko salerosketa harremanek izugarri aldatu dute Ozeano Bare aldeko herrien egitura.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiak biak onartzen ditu (Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak) (52. araua)
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ozeano Barea Aldatu lotura Wikidatan