Edukira joan

Elur

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Paisaia elurtua (Gorriti, Nafarroa)
Elurra (Düsseldorf, Alemania)

Elurra hodeietatik maluta edo pikor zurietan erortzen den ur izoztua da, lurrean pausatzean geruza zuria eratzen dutena.[1] Elur-kristalek hexagonoetan oinarritutako forma geometriko fraktalak hartzen dituzte eta malutetan biltzen dira. Normalean egitura irekia eta leuna izaten du, kanpoko presioak konprimitzen duenean izan ezik.

Neguan jasotzen dugu batik bat; bai eta beste urtaro batzuetan ere, gune menditsu eta garaietan. Tenperatura hotzetan eratzen dira, eta lurrera baino lehen isurkari bihurtuko ez badira, zero gradutik beherakoa izan behar du lurraren eta hodeiaren arteko tenperaturak; horrek argitzen du zergatik askotan mendialdeetan elurra egiten duen gailurrean, eta euria ibarrean.

Nibologia da elurra aztertzen duen zientzia.

Elur da euskara batuan erabili beharrekoa[1], nahiz eta euskalki batzuetan antzeko aldaerak erabili: edur mendebaldekoan eta elhür zubereran. Beste eguraldi hitzekin bezala, ari du hartzen du[2], eta ez ari da: elurra ari du. Beste esamolde batzuk ere erabili ohi dira, hala nola elurra dihardu, elurra da.

Elur hitzak badirudi etimologikoki lur hitzarekin lotura duela.

Elur pertsona-izena ere bada, epizenoa[3].

Elurra ez da euria bezain sarri ikusten; izan ere, ez dira erraz aurkitzen prezipitazioak beti gotorrak diren eskualdeak. Elur formako prezipitazio gotorraren batez bestekoari, guztizko prezipitazioarekin alderatuta, «elur koefiziente» esaten zaio.

Mendi handietan eta latitude polarretan, non tenperaturak urte guztian diren hotzak, koefiziente horrek balio handiak izaten ditu, baina eremu horietatik kanpora asko jaisten da. Munduan bildutako elur kopuruen datu zehatzik ez badago ere, badirudi kopuru horiek ez direla izaten guztizko prezipitazioaren % 1 baino gehiago.

Euriarekin gertatzen den bezala, elurraren erortze lastertasuna ere neurriaren araberakoa izaten da, baina malutak oso arinak dira, dentsitate txikikoak baitira, askotan metro kuboko 100 kg baino gutxiagokoak (euri tantek 1.000 kg inguru izaten dute metro kuboko); horregatik, elurraren banaketa lur-arraseko haizearen araberakoa izaten da, eta; horrez gainera, elurra lurrera iristen denean, batzuetan barreiatu egiten da, eta leku asko hutsik utzi, eta besteetan pilatu.

Lurrean pilatu denean, hedaduraz eta lodieraz gorabehera handiak dituen geruza bat osatzen du elurrak, bertan geratu edo desagertuko dena, prezipitazioaren kopuruaren eta banaketaren arabera eta tenperaturaren arabera. Eremu polarretan, hotzak ez baitio askorik eusten hezetasunari, ez da inoiz elurte handirik izaten, baina tenperaturak apalak badira, luzaroan iraun dezake elur geruzak, ehunka edo milaka urtetan batzuetan, eta oso mantso txertatzen da sistema hidrologikoan.

Elur malutak, Wilson Bentley-ren argazkiak (1865-1931)

Elurra hodeian, garaiera oso hotzetan, sortutako izotzezko kristal txiki-txikien modura hasten da eskuarki. Erori ahala, beste kristalekin elkartu eta mataza handiak osatzen dituzte, baina betiere, bi baldintza hauek betetzen direnean:

  • alde batetik, hezetasuna handia izatea, zeren, bestela, kristalak lurrundu egiten baitira;
  • bestetik, tenperaturak izozte-puntuaren ingurukoa izatea (hau da, eguratseko ura gotortzea; hori gertatzen da 0 °C-ko tenperaturetan, edo hortik behera, eta hala eratzen dira prezipitazio gotorrak, elurra, kazkabarra, etab.).

Izan ere, giroa gehiago hozten denean kristalak lehorrak egoten dira, eta ezin dira elkartu.

Elur-malutak eratuko dituzten izotz-kristalek forma ezberdinak hartzen dituzte, tenperaturaren arabera aldatzen direnak, baina baita hezetasun-mailaren arabera ere[4] :

  • 0 eta -4 °C artean: "xafla" hexagonalak[5];
  • -4 eta -6 °C artean: "orratzak";
  • -6 eta -10 °C artean: "zutabe" barne-hutsak (giro lehorragoa);
  • -10 eta -12 °C artean: sei punta luzedun kristalak;
  • -12 eta -16 °C artean: dendritak (giro hezearekin).

Elurra urtzeko behar den beroa hainbat iturritatik dator; naturalena eguzki-erradiazio zuzena da. Elurra urtzeki behar den erradiazio efektiboaren kopurua elurraren islatzeko ahalmenaren edo albedoaren araberakoa da. Elur erori berri eta garbiaren gainean eragiten duen erradiazioaren ia % 90 islatu egiten da, urtzerik eragin gabe. Era berean, erradiazio kopuru berdina baina elur zaharrago edo zikinean, hautsa pilotu duenean, gutxiago islatu eta beraz gehiago urtuko du.

Airearen beroa beste faktore garrantzitsu bat da elurra urtzerakoan. Aire geldiak eroankortasun termiko txikia duenez, elur kopuru txikia urtu egiten du airearen beroak, haizerik ez dagoenean. Izan ere, haizeak eragindako zurrunbiloek aire asko jartzen dute elurrarekin kontaktuan, eta horrek nabarmen areagotzen du elurraren urtzea.

Airearen lurrun-presioa izotzaren presioa baino handiagoa bada, zurrunbiloek airearen hezetasuna ekarri dezake eta elur azalean kondentsatu. Ura 0 °C-tan kondentsatzeko behar duen beroa 596 cal/g denez, eta izotza urtzeko 80 cal/g baino ez, gainazalean 25,4 mm ur kondentsatzean elurreko 190 mm ur inguru urtzea eragingo luke. Aire beroaren konbekzio bidezko eta kondentsazio bidezko urtzea zurrunbiloaren araberakoa denez, haizearen abiadura oso faktore garrantzitsua da elurraren urtze abiadura zehazteko.

Euriak ere beroa ematen dio elurrari, euri-urak izozte-puntutik gorako tenperatura baitu.

Mundu mailako elurte maiztasuna (metroak itsas maila gainean):     500m azpitik: urtero.      500m azpitik: urtero, baina ez lurralde osoan.      500m: gainetik urtero, azpitik noiz behinka.      500m gainetik: urtero.      2.000 gainetik: urtero.      Edonon: elurrik ez.

Mendialdeetan, elur gehiago egiten baitu normalean, zenbat eta gorago orduan eta gehiago irauten du elur geruzak, eta aldi berean tenperaturak jaitsi egiten dira. Hori dela eta, lerro ideal bat marraz daiteke, nahiz gorabehera handiak izaten dituen eskualdeen arabera. Lerro horren gainetik urtean zehar erori den elurra ez da erabat desagertzen urtaro epelean, eta aurreko urtekoaren gainean pilatzen da.

Urte osoko elurraren klima muga esaten zaio arestian aipatu den lerro horri, edo laburrago, elur-muga.

Gaur egun bost mila metro inguruan dago ekuatoreko eremuan, eta askoz beherago latitude handietan, Hego Hemisferioan batez ere; Hego Hemisferioan, Zirkulu polar antartikoaren inguruan, hotzagoa eta hezeagoa izanik giroa, itsas mailan dago muga hori.

Tenperaturaz eta prezipitazio kopuruaz gainera, elur geruzaren kokalekua bestezenbait eragileren mendeko ere bada, eta eragile horiek garrantzizkoak izaten dira batzuetan, leku jakin batzuetan batez ere.

Horien artean, aipagarriak dira norabidea, haize hezearen eragina, topografia, sustratuaren nolakotasuna, etab. Horrela ulertzen da zergatik izaten dituzten urte osoko elurrek, prezipitazioaren erabateko balioek ez bezala, gorabehera handiak garaieraren arabera; hala, adibidez, Alpeetako laiotz aldeetan, 2.800-3.000 metrotan dago muga; Norvegian 1.000 metrotaraino jaisten da Atlantiko aldean, alde hori mendebaleko perturbazioen mende baitago, eta 2.000 metrotaraino igotzen da aldiz, ekialdetik; Kilimanjaron 5.400 metrotan dago hegoaldean, eta 5.800 metrotan iparraldekoan.

Azkenik, azpimarratu behar da urte osoko elur-muga ez dela beti bera izaten, eta aldatu egiten dela klimaren arabera. XX. mendean, hormategiaren eta urte osoko elurraren muga atzerarazi egin du Lurrean tenperaturak gora egin izanak; muga hori gaurkoa baino askoz ere beherago zegoen lehen, eta, adibidez, 800 bat metrotan zegoen Vosgesetan, 1.200-1.300 metrotan Alpeetan, eta 1.800 metrotan Pirinioetan.

Euskaraz hainbat hitz eta esamolde dago elur mota desberdinak izendatzeko:

  • elurbustia[6][7], elur urtua: euriarekin nahasian, maluta egin gabe trinkotu gabe datorrenean, ia urtua;
  • elur geldoa, elur gizia, elur irina, elur izpia, elur xehea[7]: elur fin-fina;
  • elurtxikia edo elurttipia: elur xume eta xehea; beste hainbat izen du, horien artean: elurxea, elurxehea, elurxintxarra, elurgilloa, elurpirrina, elurtxingoa, elur-txipitxa, elur-kixika, elur-zirina...[8];
  • elur malutak[9], elur matazak, elur malkoak[8], elur lumak: erortzen diren kristal multzo arinetako bakoitza;
    • amukela, elur maloa[7]: maluta handia;
    • elur pikorra[7]: maluta txikia eta trinkoa;
    • elur firuka: elur-maluta fin-finak;
    • elur hautsa: fin-fina eta soltea;
    • elur moltsoa, elur hostoa, elur zafla: elkarri lapata, pega-pega, multzotuta datorrenean[8].

Eta lurrean-edo erori denean:

  • elur laparra, elur lapatsa, elur nabarra: lurra apenas estaltzen duen elurra[7];
  • elur geruza: lurra guztiz estaltzen duena, lodia ala mehea izan daiteke; elur-maindirea edo elur-izara eratzen du[8];
  • elur-gazura: herenegungoa[8];
  • elur gesala, elur baltsa, elur kresala: elurra urtzen hasten denean, edo elurbustia lurrera iristean;
  • elur salda: elurra mehetu eta gesaltzen denean, eta plisti-plasta ibiltzekoa[8];
  • lurmena: elurra urtu den lurra[7];
  • kalotxa: oinetakoetan itsatsiriko elurra[7];
  • elurtza: leku batean pilatutako elur kopuru handia;
  • kaparra: elur izoztua.
Elur bisutsa (Ontario, 2004) haize erauntsiek elurra harrotzen eta mugitzen dute.

Elurra egiten duenean, honela sailka daitezke fenomeno meteorologikoak:

  • Elurra mara-mara egin, elurra sapa-sapa egin: elurra emeki baina ugari egin[7]
  • Elurtea: elurra egin duenean, elurraldia edo denbora ere adierazi ahal du
    • elurte arina
    • elurte handia
    • elurte larria
  • Elur erauntsia: elur jasa bortitza[1]
  • Elur ekaitza: haize eta elurrezko ekaitza[1]
  • Bisutsa : haize erauntsia eta elurra dakartzan ekaitz larria[7], haize erauntsiek harrotzen eta mugitzen duten elurra[1]

Eragina ekosisteman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai landareek, bai animaliek elurretara moldatzeko moduak garatu dituzte. Landareen moldatze-mekanismoen artean daude, esaterako, sorgorraldia eta hazien biziraupena; eta animalienetan hibernazioa, isolamendu termikoa, janaria gordetzea, gorputzeko erreserbak egitea eta elkar berotzea[10].

Negu txilintxa

Elurrak bi modu nagusitan elkar-eragiten du landarediarekin: landareek elurraren ezartzean eta mantentzean eragin dezake eta, alderantziz, elurrak landareen banaketan eta hazkuntzan eragina izan dezake. Zuhaitzen adarrek adibidez, batez ere koniferoenak, elurra intertzeptatzen dute eta lurrean metatzea eragotzi. Zuhaitzetan esekitako elurra lurrekoa baino lasterrago desagertzen da, kokaleku eguzkitsuagoa eta haizetsuagoa delako. Gainera, zuhaitzek eta beste landare batzuek lurreko elurra geldoago desgertzea eragin dezakete, eguzkitik eta haizetik babesten baitute. Gainera, elur-jausiek eta elur urtu turrustek lurra eta landareak higatu ditzake.

Era berean, elurrez estalitako landaretza izozte gogorretatik babestuta dago, elur geruza isolatzaile termiko ona baita. Tontorretako zenbait landarek beren bizialdia jarraitzen dute neguan. Adibidez, negu-txilintxa (Galanthus nivalis) elur geruza zeharkatzeko gai da loratzeko.

Azeri artikoa, elurpeko animalia txikien harrapatzailea.

Elurrak animalia barietate handi baten bizileku da, hala gainean zein azpian. Ornogabe asko elurretan garatzen dira, hala nola armiarmak, liztorrak, kakalardoak eta collembolak. Horrelako artropodoak normalean aktiboak dira 5 °C azpiko tenperaturetan. Ornogabeak bi taldetan sailkatzen dira, izozpeko tenperaturan bizirauteari dagokionez: izoztea jasaten dutenak eta izoztea ekiditen dutenak. Lehenengo taldekoak esaterako, asko hoztu daitezke izotz-kontrakoak jariatzeko gai direlako. Organismo batzuek barau egiten dute neguan, digestio-prozesutik izoztu daitezkeen edukiak kanporatuz.

Ornodun txikiak aktiboak izan daitezke elur azpian. Horien artean, arrabio beltzak (Salamandra atra) elurretan aktibo daude -8 °C tenperaturan; udaberrian azaleratzen dira eta urmael urtuetan erruten. Ugaztunen artean, aktibo jarraitzen dutenak 250g baino txikiagoak izan ohi dira. Orojaleek aukera gehiago dute sorgorraldia edo hibernazioa egiteko, eta belarjaleak berriz, elur azpian janaria gordetzeko. Adibidez, lursaguek 3 kg arteko janari gordetzen dute eta pikek 20 kg arte. Saguak eta lursaguak elurpeko espazio ilun eta lasaian bizi dira, tunel-sare batean barrena etengabe mugituz eta landareen zurtoinak marruskatuz. Lursaguak taldekako bizilekuetan ekartzen dira, elkarren artean berotzeko. Gainazalean, otso, koiote, azeri, katamotz eta erbinudeek elurpeko gordeleku horien beharra dute janaria lortzeko, eta maiz sartzen dira elur geruzan haiek aurkitzeko[10].

Uraren zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elurra poliki-poliki bilakatzen da ur likido. Horregatik, askoz hobeto iragazten da lurrean eta euri-urak baino gehiago elikatzen du geruza freatikoa. Hala ere giroa azkar epeltzen bada, euriarekin elkarturik uholde kaltegarriak eragin ditzake.

Elurra eta gizakia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskiatzaileak.

Bat-bateko elurteek azpiegiturak eta zerbitzu publikoak eten ditzakete, giza jarduera geldiaraziz, baita baldintza meteorologiko horietara ohituta dauden eskualdeetan ere. Aireko eta lurreko garraioa erabat itxi daiteke. Oinarrizko zerbitzu publikoek ere (elektrizitatea, telefono-lineak eta gas-hornidura) huts egin dezakete. Elurteek eragin negatiboa izan dezakete sistema fotovoltaikoen errendimenduan.

Elur ugariko eremuetan bizi diren biztanleek elurretan zehar bidaiatzeko hainbat modu garatu dituzte, hala nola eskiak, elur-erraketak eta zaldiek, txakurrek edo beste animalia batzuek eta/edo elur-motorrek tiratutako lerak.

Elurrak irais-tu egiteko aukera ematen du. Horrela, aisialdian eta kirola egiteko estimatua da oso: eskia (alpetarra, iraupenekoa, muturrekoa), luge jeitsiera, snowboarda, elur-erraketa, bobsleigha eta abar. Eski-estazioetan, pistak prestatuta daude eta eskiatzaileak eramateko zerbitzuak eskeintzen dira (igoera mekanikoak: teleskiak, teleaulkiak, teleferikoak). Elurra ziurtatzeko eta aisialdi mota hau iraunarazteko, elur-kanoia asmatu zen elurra artifizialki sortzeko.

Elurra isolatzaile termiko bikaina da, aire asko baitago barruan. Inuitek etekina atera zioten ezaugarriak honi, elurrezko bizilekua eraikitzeko: iglua. Egitura hemisferikoa du eta elur-bloke gogortuz egina dagoe. Gailurra izotz bloke zeharrargizkoa da eta guztia ur izoztuarekin sendotzen da. Kanpoan -40 °C bada ere, barruan -5 °C da lurrean. Baina iglua ez da inuiten ohiko etxea, baizik-eta ehizarako aterpea aldi baterako.

Unicoden, hiru ikur daude elurrari buruz U2700 taulan[11] :

  • U+2744: , elur-maluta
  • U+2745: , elur-maluta itxia
  • U+2746: , elur-maluta lodia

Errepublikar egutegian, elurra zen elurkor hileko lehen egunaren izena[12].

Esaera ugari dago elurra adierazgarri duena, esaterako, hauek:

  • Elur urte, gari urte
  • Negua elurte, uda ogite
  • Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino
  • Abenduko elurra gazta zaharraren pare
  • Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu
  • Izotzileko elurra, burnia; otsailekoa, altzairua; martxokoa, harria; apirilekoa, lurra; eta maiatzekoa, gazura
  • Urtarrileko elur, burdinazko elur
  • Elurra mendian, haize hotza herrian
  • Elur melur, ez nauk hire beldur, etxean badiat nahiko arto eta egur.
  • Ezkur urte, elur urte

Denboraldiko elurterik handienaren munduko errekorra guztira Bellingham (AEB) hiriko Baker Ski Area mendian izan zen, 1998-1999 denboraldian, 2.896 cm elur jaso zuena[13], horrela aurreko errekorra gaindituz, Rainier mendian (AEB), 1971-1972 denboraldian 2.850 cm-rekin[14].

Urteko batez besteko elurterik handienaren munduko errekorra 1.764 cm-koa da, Sukayu Onsen hirian (Hakkōda mendiak, Japonia), 1981-2010 denboraldian[15].

Elur lodieraren munduko errekorra 1.182 cm da, Ibuki mendiaren hegalean neurtu zen, Shiga prefekturan, Japonian, 1927ko otsailaren 14an[16].

Elur gehien duen eta milioi bat biztanle baino gehien dituen hiria Sapporo da, Japonian. Urtean, batez beste, 595 cm elur izaten du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Elur sarrera eta azpisarrerak Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-1-12)
  2. Euskara Batuaren Eskuliburua (kontsulta: 2021-1-29)
  3. Elur Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-1-29)
  4. (Frantsesez) Philippe Beaucage. Considération sur la nature des cristaux de neige. Université de Montréal (Noiz kontsultatua: 2013-11-16).
  5. Organisation météorologique mondiale. Plaque. (Noiz kontsultatua: 2013-11-16).
  6. Elurbusti Euskaltzaindiaren Hiztegian (kontsulta: 2021-1-23)
  7. a b c d e f g h i Elurra Berria Estilo liburuan (kontsulta: 2021-1-23)
  8. a b c d e f Pello Zabala. (2021-1-12). "Natura labur mintzo", Elur motak. Alberdania ISBN 978-8498685459..
  9. Maluta Euskaltzaindiaren Hiztegian (kontsulta: 2021-1-23)
  10. a b (Ingelesez) Jones, H. G.. (2001). Snow Ecology: An Interdisciplinary Examination of Snow-Covered Ecosystems. Cambridge University Press, 248 or. ISBN 978-0-521-58483-8..
  11. Unicode ikur taula (tartea: 2700–27BF), Unicoderen webgune ofizialean.
  12. (Frantsesez) Fabre d'Églantine, Rapport fait à la Convention nationale dans la séance du 3 du second mois de la seconde année de la République Française, 22 or.
  13. (Ingelesez) USA Today 1999-8-3.
  14. (Ingelesez) Frequently Asked Questions. 2006-4-14.
  15. (Ingelesez) JMA. .
  16. (Ingelesez) Burt, Christopher C...

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]