Edukira joan

Igeldo Mendiko Jolas-Parkea

Koordenatuak: 43°19′N 2°01′W / 43.32°N 2.01°W / 43.32; -2.01
Wikipedia, Entziklopedia askea
Igeldo Mendiko Jolas-Parkea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 2°01′W / 43.32°N 2.01°W / 43.32; -2.01
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1912ko abuztuaren 25a
Inaugurazioa1912ko abuztuaren 25a
Arkitektura
Webgune ofiziala

Igeldo Mendiko Jolas-Parkea Donostiako Antigua auzoan kokatua dagoen aisialdi gune eta jolas-parkea da, Txubillo edo Igeldo mendiaren tontorrean. 1912an ireki zen jolas-parkea eta gaur egun ere zabalik daude bertako instalazioak. Donostiako badiaren ikusmiraz gozatu daiteke bertatik. Jolas-parkera autoz, edota bertako funikularra erabilita igo daiteke.

Donostian hiru jolas-parke izan dira historian zehar, guztiak XX. mende hasieran sortuak: Ulia, Martutene eta Igeldoko jolas-parkeak. Egun, Igeldokoak baino ez dirau martxan.

Historia

1887. urtetik aurrerako udak Donostian igaro zituen Maria Kristina erreginak. Gorteko turistak bertara joaten hasi ziren eta hiriak sona handia hartu zuen. Bilakaera turistiko handia jasan zuen Donostiak eta bainuetxe-hiri bihurtzen hasi zen. Aisialdirako jarduerak eta eskaintzak handitu eta hiriak garapen handia jasan zuen. XX. mendearen hasieran Errege bainuetxea eta Londres hotela eraiki ziren besteak beste.

Igeldoko jolas-parkearen barnealdea.

Evaristo Sanmartin abokatuak, Igeldo mendian jolas-parke bat eraikitzeko ideia izan zuen. Hala, 1911n Monte Igueldo sozietatea sortu eta lursailak erosi zituen Sanmartinek. Jolas-parkeak kasinoa, jatetxea eta ikuskizun orotarako antzerkia zituen hasiera batean. Luis Elizalde arkitektoak, bere partetik, kasino jatetxea eta funikularraren geltokia landu zituen.

1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen funikularra Maria Kristina erreginak, eta une hartatik aurrera parkearen erakargarritasunetako bat izan zen. Beranduago eraiki zen jolas-parkera daraman errepidea, 1913an. Zenbait urte beranduago, 1925ean, jokoa debekatu egin zen eta kasinoko aretoa bihurtu ziren. 1930. urterako Mendi Suitzarra, Ibai misteriotsua, Kanoen zingira eta Labirintoa ziren jolas-parkeko atrakzio nabarmenenak. Geroztik atrakzio gehiago gehitu zaizkio parkeari. Espainiako Gerra Zibilaren ostean, zinema areto bi eraiki ziren jolas-parkean baina 60ko hamarkadan bertan behera geratu ziren.

Egun, hondatu xamar dago parkea baina horixe izan daiteke parkearen beste erakargarritasunetako bat, xarma moduko bat gordetzen baitu jolas-parkeak. Gainontzekoan, Donostiako badiaren ikuspegia da jolas-parkearen ezaugarrietako bat. Bertara sartzea debaldekoa da baina atrakzioak ordaindu beharrekoak dira.

Dorrea

XVI. mendetik dakigu «la Farola» deituriko dorrea dagoela; nolanahi ere, egungo dorrearen irudia Luis Elizalderen proiektuaren arabera antzinako dorrean egindako esku-hartzearen ondoriozkoa da, beste solairu bat gehitu zitzaion leihate handiekin begiratoki gisa eta haren gainean terraza panoramiko bat.

Jolas-parkean dauden zenbait atrakzio

Suitzar Mendia eta Txalupen Urtegia.
Igeldo Mendiko Jolas-Parkeko Suitzar Mendia.
Igeldoko jolas-parkea.

XX. mende hasieran parkeko atrakzio gehienak eraiki ziren, barrearen pasabidea, karrusel bat, automobil elektrikoak, hegazkintxoak, zartailua, haurrentzako txotxongilo-antzoki bat, ibai misteriotsua eta txalupen urtegia eta labirintua. Parkearen kokapena aldatu egin da atrakzio gehiago ekarri direlako, batzuetan berriak gehitu dira eta beste zenbaitetan zaharren ordez beste batzuk jarri dira, eta gaur egun daudenen artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ibai Misteriotsua. Honako elementu hauek ditu: noria eragile bat, hormigoizko ubide bat, zurezko ontzi txikiak eta jatorrizko hainbat diorama gorpuzdun (gizartearen aurrerabideari buruzkoak, eta abar); gehienak desagertu egin dira eta haien ordez atrakzio modernoak jarri dira.
  • Suitzar Mendia. Atrakzio horren berezitasuna da euste-egitura hormigoi armatuz soilik eraikita dagoela. Egitura horren gainean zurezko ibilgailuak igarotzen diren burdinazko linea dago, eta ibilgailu horietako batean igota dagoen pertsona batek gidatzen ditu ibilgailuak linea horretatik. Malda apalak dituen ibilbidea tuneletan eta bidezuloetan barrena igaroz amaitzen da.
  • Txalupen Urtegia. Igerileku-urmael goratua da, eta hainbat txalupa ibiltzen diren haren gainean; txalupa horiek hasieran eztanda-motorrezkoak ziren, baina gaur egun motor elektrikoak dituzte.
  • Labirintua
  • Zalditxoen gainean ibilaldia egiteko aukera
  • Kosmikar
  • Auto-Txokeak
  • Trena
  • Zaldiko-Maldikoa
  • Hegazkin txikien zaldiko-maldikoa
  • Barrearen pasabidea
  • Beldurraren Etxea
  • Trebetasun jokoak

Funikularra

Sakontzeko, irakurri: «Igeldoko funikularra»
Igeldoko funikularra XX. mendearen hasieran.

Igeldo mendiko funikularra Euskal Herriko zaharrena eta Espainiako hirugarren zaharrena da, Bartzelonako Tibidaboko eta Vallvidrerako funikularren atzetik (1901 eta 1906, hurrenez hurren), gaur egun biak aldatuta badaude ere. Emilio Huizi ingeniariaren diseinupean eraiki zen, eta Severiano Goñik zuzendu zuen obra, hura ere ingeniaria, jendeari Igeldo mendiaren goiko aldean zegoen jolas-parkera iristea errazteko, Donostia hiriko mendebaldean. 1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen Maria Kristina erreginak, eta sektoreko enpresa espezialista batek, Bernako Von Roll Fonderie suitzar enpresak, hornitu zuen guztira 312 metro luze dituen trenbidea.

Bibliografia

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Igeldo Mendiko Jolas-Parkea
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia