Igeldoko jolas-parkea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Igeldo Mendiko Jolas-Parkea
Igeldo jolas parkea 0001.jpg
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Igeldoko ibilbidea, s/n
Koordenatuak 43° 19′ 17″ N, 2° 00′ 34″ W / 43.32139444°N,2.00953056°W / 43.32139444; -2.00953056Koordenatuak: 43° 19′ 17″ N, 2° 00′ 34″ W / 43.32139444°N,2.00953056°W / 43.32139444; -2.00953056
Arkitektura
Igeldo Mendiko Jolas-Parkeko webgunea

Igeldo Mendiko Jolas-Parkea Donostiako Antigua auzoan kokatua dagoen aisialdi gune eta jolas-parkea da, Igeldo mendiaren tontorrean. 1912ko abuztuaren 25an ireki zen jolas-parkea eta gaur egun ere zabalik daude bertako instalazioak. Donostiako badiaren ikusmiraz gozatu daiteke bertatik. Jolas-parkera autoz, edota bertako funikularra erabilita igo daiteke.

Donostian hiru jolas-parke izan dira historian zehar, guztiak XX. mende hasieran sortuak: Uliako, Martuteneko eta Igeldoko jolas-parkeak. Egun, Igeldokoa baino ez dirau martxan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1887. urtetik aurrerako udak Donostian igaro zituen Maria Kristina erregeordeak. Gorteko turistak bertara joaten hasi ziren eta hiriak sona handia hartu zuen. Bilakaera turistiko handia jasan zuen Donostiak eta bainuetxe-hiri bihurtzen hasi zen. Aisialdirako jarduerak eta eskaintzak handitu eta hiriak garapen handia jasan zuen. XX. mendearen hasieran Errege Bainuetxea eta Londres Hotela eraiki ziren besteak beste.

Igeldo Mendiko Jolas-Parkearen barnealdea.

Evaristo San Martín abokatuak, Igeldo mendian jolas-parke bat eraikitzeko ideia izan zuen. Hala, 1911n Monte Igueldo Sozietatea sortu eta lursailak erosi zituen San Martínek. Jolas-parkeak kasinoa, jatetxea eta ikuskizun orotarako antzerkia zituen hasiera batean. Luis Elizalde arkitektoak, bere partetik, kasino, jatetxea eta funikularraren geltokia landu zituen.

1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen funikularra Maria Kristina erregeordeak, eta une hartatik aurrera parkearen erakargarritasunetako bat izan zen. Beranduago eraiki zen jolas-parkera daraman errepidea, 1913an. Zenbait urte beranduago, 1925ean, jokoa debekatu egin zen eta kasinoko aretoa bihurtu ziren. 1930. urterako Suitzar Mendia, Ibai Misteriotsua, Urmaeleko Txalupak eta Labirintua ziren jolas-parkeko atrakzio nabarmenenak. Geroztik atrakzio gehiago gehitu zaizkio parkeari. Espainiako Gerra Zibilaren ostean, zinema areto bi eraiki ziren jolas-parkean, baina 60ko hamarkadan bertan behera geratu ziren.

Egun, hondatu xamar dago parkea, baina horixe izan daiteke parkearen beste erakargarritasunetako bat, xarma moduko bat gordetzen baitu jolas-parkeak. Gainontzekoan, Donostiako badiaren ikuspegia da jolas-parkearen ezaugarrietako bat.

Bertara sartzeko ordaindu behar da, eta atrakzioak aparte ordaindu behar dira.

Dorrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendetik dakigu «la Farola» deituriko dorrea dagoela; nolanahi ere, egungo dorrearen irudia Luis Elizalderen proiektuaren arabera antzinako dorrean egindako esku-hartzearen ondoriozkoa da, beste solairu bat gehitu zitzaion leihate handiekin begiratoki gisa eta haren gainean terraza panoramiko bat.

Atrakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzar Mendia eta Txalupen Urtegia.
Igeldo Mendiko Jolas-Parkeko Suitzar Mendia.
Igeldo Mendiko Jolas-Parkea.

XX. mende hasieran parkeko atrakzio gehienak eraiki ziren, Barrearen Pasabidea, karrusel bat, automobil elektrikoak, hegazkintxoak, zartailua, haurrentzako txotxongilo-antzoki bat, Ibai Misteriotsua eta Urmaeleko Txalupak eta Labirintua. Parkearen kokapena aldatu egin da atrakzio gehiago ekarri direlako, batzuetan berriak gehitu dira eta beste zenbaitetan zaharren ordez beste batzuk jarri dira, eta gaur egun daudenen artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ibai Misteriotsua. Honako elementu hauek ditu: noria eragile bat, hormigoizko ubide bat, zurezko ontzi txikiak eta jatorrizko hainbat diorama gorpuzdun (gizartearen aurrerabideari buruzkoak, eta abar); gehienak desagertu egin dira eta haien ordez atrakzio modernoak jarri dira.
  • Suitzar Mendia. Atrakzio horren berezitasuna da euste-egitura hormigoi armatuz soilik eraikita dagoela. Egitura horren gainean zurezko ibilgailuak igarotzen diren burdinazko linea dago, eta ibilgailu horietako batean igota dagoen pertsona batek gidatzen ditu ibilgailuak linea horretatik. Malda apalak dituen ibilbidea tuneletan eta bidezuloetan barrena igaroz amaitzen da.
  • Beldurraren Pasabidea
  • Dorrea
  • Labirintua
  • Hegazti Arraparien Erakusketa
  • Urmaeleko Txalupak. Igerileku-urmael goratua da, eta hainbat txalupa ibiltzen diren haren gainean; txalupa horiek hasieran eztanda-motorrezkoak ziren, baina gaur egun motor elektrikoak dituzte.
  • Auto Txokeak
  • Kosmikar
  • Mailua
  • Boca della Veritá
  • Taga-J
  • Trebetasun Jokoak
  • Karrusela
  • Dortoka Lasterketa
  • Safari
  • Igeldoko Trena
  • Barrearen Pasabidea
  • Txirrista
  • Ohe Elastikoak

Funikularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Igeldoko funikularra»
Igeldoko funikularra XX. mendearen hasieran.

Igeldoko funikularra Euskal Herriko zaharrena eta Espainiako hirugarren zaharrena da, Bartzelonako Tibidaboko eta Vallvidrerako funikularren atzetik (1901 eta 1906, hurrenez hurren), gaur egun biak aldatuta badaude ere.

Emilio Huici ingeniariaren diseinuari jarraikiz eraiki zen, eta Severiano Goñik zuzendu zuen obra, hura ere ingeniaria, jendeari Igeldo mendiaren goiko aldean zegoen jolas-parkera iristea errazteko, Donostia hiriko mendebaldean. 1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen Maria Kristina erregeordeak, eta sektoreko enpresa espezialista batek, Bernako Von Roll Fonderie suitzar enpresak, hornitu zuen guztira 312 metro luze dituen trenbidea.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Igeldoko jolas-parkea
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia