Pier Paolo Pasolini
Pier Paolo Pasolini (Bolonia, Italia, 1922ko martxoaren 5a - Erroma, Italia, 1975eko azaroaren 2a) zinema-zuzendaria, olerkaria, idazlea eta intelektuala izan zen. Lan oparoa egin zuen arlo horietan, kaleko bizitzatik hurbil agertuz eta errealismo gordin bat erakutsiz, sexualitate gaiak ezkutatu gabe. 1949ko abenduan Friuleko sorterritik Erromara deserriratu ondoren, Erroma inguruko giroen deskribapen zakarrak ospea ekarri zion Ragazzi di vita eleberriaren bitartez (1955).
Horri esker, zinemagintzaren ateak ireki zitzaizkion, neorrealismoan kokatu den estiloan. Lehen film luzea Accatone izan zuen (1961), batez ere ikusleen harrera ederra izan zuena. Kritikak kritika, horrek hurrengo filma egiteko modua eman zion. Erromatar gaien etapa oparo horri amaiera emanez, Uccellacci e uccellini zuzendu zuen (1966), bizitzarekin etsipena darion Totò aktore beteranoaren partaidetzaz.
Pasolinik herri hizkuntzen aldeko jarrera aktiboa hartu zuen, friulieraz ere idatziz, eta gogor gaitzetsi zuen kulturaren eta gizakien homogeneizazioa. Kontsumoko gizartearen etorrerari buruzko kritika gogorra egin eta, are, etsipena agertu zuen azken urteetan. Ahobizarrik gabeko bere adierazpideak eta tonu profetikoak Alderdi Komunistaren eta, batez ere, kristau demokraziaren eta elite politikoen zein ekonomikoen etsaigoa ekarri zizkioten.
Bere burua komunistatzat eta kristau ateotzat zuen, eta ez zuen ezkutatu bere homosexualitatea. Italia eta Europako pertsonaia ezagun bihurtuta, 1975eko azaroan modu ilunean eta basatian hil zuten Erromako Ostia auzoko ur aerodromoan eta, oraindik ere, haren heriotzak eztabaida bizia pizten du, ikerketa judiziala eta epaia ez baitziren urrun heldu hilketaren zirkunstantziez, ezta hura agindu eta egin zutenen identitateaz ere. Salò o le 120 giornate di Sodoma haren film luze polemikoa hil ostean plazaratu zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Militar semea, gazteria faxistaren erakundeko kidea izan zen, 30eko hamarkadako italiar gazte ugarik ohi zuten bezala. Ama, irakaslea, aiurri independentekoa zen eta, garai horietarako, baita berandu ezkondu ere. Pier Paolo seme zaharrenak harreman estua zuen harekin. Bigarren Mundu Gerra hasi berritan, letretako unibertsitate-ikasketak egin eta, handik gutxira, herriaren askatasunaren ideiak bultzatuta, ezkerrera lerratzen hasi zen. 1943ko urrian eskola libreak (erdi klandestinoak) ematen hasi zen, eta heziketa-tailer horiek 1944ko otsail arte iraun zuten. Orduan, legez kanpokotzat joak izan ziren, eta itxi.[1] 1944ko maiatzean, friulierazko literatura, hizkuntza eta kultura berpizteko aldizkari bat sortu zuen: Stroligùt di cà da l'aga.
Italia faxistaren hondamendiarekin batera, Alemaniaren armadara soldadu behartu zuten, atxilotua ere izan zen, baina giltzapetik ihes egin zuen 1944an, eta amarenera joan zen bizitzera, Casarsara, Friulin. 1945eko udaberrian, Osoppo-Friuli Brigaden sartuta zebilela, Gido anaia hilik atera zen Josip Broz Titoren armadako Garibaldi brigadaren kontra izandako istilu batean. Pier Paolo eta amarentzako kolpe oso latza izan zen.[1] Aita, orduan, Kenian atxilotuta zegoen, baina itzuli egin zen, nora eta amaren herrira, Casarsara. Hala ere, aita ez zen ondo moldatu, besteak beste hizkuntza, friuliera, arrotza zitzaiolako. Edanari eman zion, eta etxean giroa gaiztotu egin zen.
Alderdi Komunistatik Erromara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pier Paolok alderdi politiko autonomista bat sortu zuen, eta Italiako Alderdi Komunistaren zentralismoa kritikatu. Handik gutxira, ordea, alderdi autonomista hori Alderdi Kristau Demokrata bere helburuetarako erabiltzen ari zelakoan, utzi egin zuen. Bitartean, bigarren hezkuntzako ikastetxe batean irakasle postu bat lortu zuen. Bertan oso errespetatua izan zen, baita maitatua ere. Une hauetan, bere homosexualitatea aditzera ematen duten poemak eta gogoetak idatzi zituen.
1948an, Alderdi Komunistan sartu zen, eta idazki laburrak argitaratzen jarraitu zuen. Beti defendatu zuen kristautasunaren eta komunismoaren bateragarritasuna eta bi ideion izaera berdintsua, justu Pio XII.a Aita Santuak komunistak eskumikatzeko ediktua eman zuenean. Tokiko agintari demokrata kristauei ez zitzaien oharkabean joan eta haien etsaigoa irabazi zuen. Luze gabe, 1949ko udan, zuzenean edo bitartekarien bitartez, mehatxu kutsuko mezuak jaso zituen, bere ideologiak ikastetxeko bere postuan ondorioak izango zituela.[2] Irailean, San Vito al Tagliamentoko Ramuscello auzoan, jaiak ziren eta bertan izan berarekin bere ikasle batzuk ere.
Urrian, ahots anonimo batek salaketa bat jarri zuen bertako polizia-etxean, Pier Paolo gaztetxoekin eszena limurietan ikusi zutela.[2] Bertako Cordovado sarjentua gogotsu agertu zen salaketari buruz, eta gaztetxoen gurasoei deitu zien, baina ez zuten Pier Paoloren kontrako salaketarik jarri. Pier Paolo Pasolini ere polizia-etxera deitu zuten deklaratzera, eta ez zuen oinarrizko gertaera ukatu, elkar masturbatu zutela, eta horretarako "inspirazio literario bat" argudiatu zuen, baita André Gide Nobel sariduna aipatu ere bere alde. Ez zion balio izan, ordea. Ahots anonimoak bere salaketaren inguruko xehetasun gehiago eman zuen eskualdeko prentsan eta prentsa-saltzaileek Pasoliniren izena oihukatu zuten kalean.[3] Pasolini ikastetxetik bota zuten eta, gainera, Alderdi Komunistak ez zuen babestu, kontrakoa baizik, kritikatu egin zuen eta Alderditik bota.
Egoera jasanezina bihurtu zitzaion, eta ama erotu beharrean zebilen;[4] aita ordurako alkoholikoa zuen. Erabaki gogorra hartu zuen: dena utzi eta, amarekin batera (60 urtetik gora zituela), Erromara lekualdatzea, zerotik hasiz. 1950eko urtarril gorrian, Pasolini Erromara heldu zen.
Erroman hutsetik hasi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroman, senitarteko baten etxean hartu zuen aterpe lehenengo urtebetean, erdialdeko Piazza Mattei ondoan, baina gero hiri kanpoaldeko landa-eremuko etorkin proletarioen auzune txiro batera lekualdatu zen, Rebibbiara, eta irakasle postua lortu urrutiko ikastetxe batean. Zenbait urtez bizi izan zen han. Friuliko giro hertsagarritik urrun, bilatzen zuen askatasunerako tartea aurkitu zuen.
Ezagun bihurtzearekin batera, orduko Italiako kulturako sona handiko hainbat pertsonaia ezagutu zituen, baita kulturgile eta artisten topaketarako gune bihurtutako Erromako kafetegietan ibiltzen hasi ere. Maiz elkartzen zen han bere bizitzan ordudanik garrantzi handia izandako Alberto Moravia, Elsa Morante eta Laura Bettirekin. Maite zuen, halaber, Erroma inguruko mutilekin ibiltzea, eta gertukoa izan zuen, halaber, Sandro Penna poeta italiar 'madarikatua', ordurako inork ez bezala haren homosexualitatea ezkutatzen ez zuena. Erromako gaueko irteeretan, Sergio Citti ezagutu zuten.
Ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromako trilogia filmatzen ari zela, Ninetto Davoli gaztetxoa ezagutu zuen, auzo baztertuetako mutil bat. Harrezkero, haien arteko harremana estutu egin zen eta bikote-bizitza ere eraman zuten 60ko hamarkadaren erdialdera. Ez zuen asko iraun, ordea, eta Davoli neskak ezagutzen hasi zen, baita emaztea hartu ere. Bestalde, Pasolinik oso estimutan zuen Totò aktorea 1967an hil zen. Pasolinik ez zuen ondo eraman Davoliren bizitza pribatu berria, eta goibelaldi batean erori zen, sabelaldeko gaitz gogor bat ere tartean; ondorioz, ospitaleratu zuten. Italiatik urruntzea erabaki zuen, eta lurralde berriak ezagutu Alberto Moravia eta Elsa Moranterekin batera. Palestinan ere izan zen, baina bertan egin asmo zuen film bat ezin izan zuen egin.
Harremanen kinka horretan, Medea filmari ekin zion (1969). Horretarako, Maria Callas hartu zuen rol garrantzitsu baterako; haien artekoa, ordea, harreman profesionala baino gehiago izan zen, oso lotuta egon baitziren. Hala ere, ez ziren bikote izan.[5] Pasolinik bere Erromako pisuan bizitzen jarraitu zuen ama Susanarekin eta Graziella lehengusinarekin batera. Laura Betti sarritan izaten zuten bisitan. Bakardaderako joera handia agertu zuen, eta gauetan sarritan ateratzen zen Erroma inguruko auzoetatik, bere kritika intelektualek tonu gero eta profetiko eta ezkorragoak hartu ahala. 1973an, bi etxe erosi zituen Ostiatik gertu.
Hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975eko uda lehia eta jarduera politiko handiko aldia izan zen. Pasolinik berretsi egin zuen Alderdi Komunistaren baitan zuen fedea, haren kide izan ez arren. Aldi berean, bete-betean zebilen Il Petrolio ikerketa-eleberria prestatzen, botere-zirkuluen barruko zirrikitu ilunen ingurukoa.[6] Ez zen sekretua ere ordurako Pasolinik etsai asko zituela Italian, bere kritiken estilo zuzenagatik.
Urrian, Bernardo Bertoluccirekin berradiskidetu zen eta, urriaren 31n, Novecento eta Salò filmen errodatze-taldeek adiskidantzazko futbol-partida bat jokatu zuten elkarren kontra: Novecentokoek irabazi zuten partida. Pasolini gorputzez mardula zen, eta maite zuen Erroma inguruko auzoetan ibiltzea, inspirazioa ematen omen zioten pertsonaien eta tokien bila. Azaroaren 1ean, Pino Pelosi "Igela" delako kaleko gazte batekin geratu zen jatetxe merke batean. Poliziaren esanetan, 20.000 liraren truke, harekin sexua izateko.[7] Gero, elkarrekin autoan sartu ziren, eta Ostiako ur-aerodromora (hidroscalora) joan ziren, baita hor aparkatu ere futbol-zelai baten aldamenean.[7] Gauzak gaiztotu egin ziren, eta hainbat pertsonaren artean jipoi gogor bat eman zioten, baita autoaz gainetik pasa ere.[6] Pasolini guztiz ubelduta eta desitxuratuta geratu zen.
Epaiketetan azaleratu zenez, "komunista zikina", "marikoia" eta antzekoak deitu zizkioten[6] Italia hegoaldeko azentuz mintzatzen ziren hainbat gizonek. Pelosik Pasoliniren autoaz ihes egin zuen, eta poliziak gelditu egin zuen. Hala ere, Pelosi salbu, oraindik inor ez da erruduntzat jo. Kultura eragileek inoiz ez dute onartu haren heriotza gaizki ateratako homosexualen pasadizo bat izan daitekeenik, epaileek esan zuten bezala.[7]
Pasoliniren Erromako hileta omenaldi manifestazio handi bat bihurtu zen, Alberto Moravia idazle ezagun eta adiskidearen hitzaldiaz.
Literatura-lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1939an, Pasolini graduatu egin zen eta, berehala, Boloniako Unibertsitateko Literatura Ikastegian sartu zen. 1941 aldera, friulieraz idazten hasi zen, baita poema-sorta bat ere argitaratu hizkuntza horretan: Versi a Casarsa. Aldi berean, Il setaccio aldizkariaren editore nagusi lanetan hasi zen, baina haren zuzendari faxistarekin iritzi desberdinak zirela eta, bota egin zuten. Alemaniara egindako bidaia batetik, Italiako 'kultura probintziarraz' ohartu zen, eta faxismotik komunismora lerratzen hasi zen.
Alemaniako armadatik ihes egin ondoren, Casarsara heldu zen, eta friulieran interesa zuten beste gazte batzuekin elkartu. Elkarrekin, Stroligùt di cà da l'aga aldizkaria argitaratu zuten 1944ko maiatzetik aurrera. Aldi berean, Pier Paolok, bere amak eta bestek aitorpen ofizialik gabeko eskola libreak ematen hasi zitzaizkien Udinera eta Pordenonera joaterik ez zuten ikasleei, baina 1944an bertan legez kanpokotzat hartu zituzten. 1945eko otsailean, Academiuta di lenga furlana sortzen parte hartu zuen, Friulieraren Hizkuntz Akademia,[8] anaia Guido hil eta gutxira.
Erromara heldu eta gutxira, gertutik ezagutu zuen Erroma inguruko auzoetan (borgate) metatzen ari zen gazteria etorkin baztertua. Pier Paolorentzat, gogo askea eta freskotasuna adierazten zuten, inspirazio-iturri bihurtu ziren eta haien (Erromako) hizkerarekin (hizkuntzarekin) interesatu zen. Sergio Citti ezagutu eta hizkera horretan idatzitako testuak berrikusten lagundu zion. Irakasle-lanetan ibiltzearekin batera, kolaborazio literarioetan hasi zen eta, luze gabe, ezagun egiten hasi zen.
Pasolinik aitortu zuen Erromara iritsita bigarren aldiz ikusi ahal izan zuela Roberto Roselliniren Roma citta aperta film arrakastatsua (1945), baita aztarna sakona utzi ziotela ere irudikatzen duen adierazkortasun aztoratuak eta tragediaren zentzuak. Ragazzi di vita (1955, Kaleko mutilak) eleberria idatzi zuen, baztertuenganako kezka eta atxikimendua erakutsiz, modu errealista batean eta Erromako hizkera berezia erabiliz.[9] Horregatik ere, salaketak jarri zizkioten 'gordinkeria'gatik berari eta Garzanti argitaratzaileari, nahiz eta 1949ko salaketekin bezala,[10] errugabe atera zen oraingoan ere.[11]
Ordurako, ordea, ospe literarioa hartu eta horrek irabazpide ekonomikoa eman zion: etxebizitza txukunago batera lekualdatu zen ama, aita eta Graciella lehengusinarekin batera. Gidoiak idazteari ere ekin zion, zineman erabiltzeko (1953tik). Erroman argitaratu zituen ezagun bihurtu zuten poemak: Le ceneri di Gramsci (1957, Gramsciren errautsak ) eta La religione del mio tempo (1961, Nire garaiko erlijioa).
1975ean hil zutenean, Il petrolio ikerketa-eleberria idazten ari zen. Korporazioen, mafiaren eta gobernuaren arteko tratu ilunak aditzera ematen zituen idazlana.[12] Ordurako, 600 orrialde inguru zituen idatzita.
Zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gidoigintzatik zuzendaritzara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinemarako gidoietan, Soldati, Rossi, Fellini (La dolce vitako pasarteak, adibidez) eta Bolognini zuzendariekin aritu zen 1953tik aurrera. 1958 ondoren, etxebizitza berrian, Atilio Bertolucci poeta ezagun eta adiskidea izan zuen bizilagun, baita haren seme Bernardo ere. Une horretan, Accattone filma idatzi eta zuzendu zuen (1961), auzo ilunetako kronika, baztertuen, hiri inguruko etorkinen eta txiroen gaia ukitzen du, baita Mamma Roma pelikulan ere (1962), Erromako prostituta bati buruzkoa, Anna Magnanirekin.
Erroma inguruko giro baztertuetako Ro.Go.Pa.G. filmeko "La Riccota" zatia zuzendu zuen (1963), parodia moduko bat, eta berriz ere zentsura pairatu zuen, Kristo irudikatzeko moduagatik. Horrela osatu zuen Erromako trilogia. 1964an, Il Vangelo secondo Matteo zuzendu zuen, Kristoren peredikuaren kontakizun horren inguruan, Pasolini bera ateoa izan arren. Eliza katolikoak kritikatu egin zuen, baina pelikulak harrera beroa izan zuen.
Kontsumoaren gizartearen kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pasolinik kezkaz jarraitu zuen 1963tik Italian gertatzen ari ziren gizarte-aldaketak, bereziki kontsumismoaren etorrera. Erromako trilogiaz geroztik, zinemagile ospetsua bilakatu zen, eta film berriak egin zituen. Oraingoan Totó aktore beteranoa baliatu zuen harrera ona izandako Uccellacci e uccellini luzemetraia egiteko (1966). Bertan, berak marxismoaren teoriekin etsipenak jota dagoen zaharra antzezten du, Ninetto Davolik antzezten duen gaztetxo freskoaren beste aldean, eta bien artean bele bat, marxismoaren dogma zaharrak kantatzen.[13] Hain zuzen, 1963an ezagututako mutil hori bilakatu zen Pasoliniren "bizitzako amodioa", eta elkarrekin izan ziren hiruzpalau urtez.
Harrezkero, pelikulen gaiak aldatuz joan zen, baita bere filmen ordu arteko ekoizlea ere. 1967an, Teorema filma atera zuen, ia hitzik gabeko film poetiko bitxia. Lehenengoz, Pasolini homosexualitatearen gaia ukitzera ausartu zen, eta familia burgesaren kritika gogorra egin zuen. Berari ere, ohi bezala, eskuineko sektoreek eta Erromako Elizak kritikatu zioten. Nolanahi ere, Veneziako Zinemaldian Nazioarteko Film Katolikoen Bulegoak Sari berezia eman zion, nahiz eta gero kendu Vatikanoaren kritikak zirela eta.
Klasiko grekoen egokitzapen zail bezain ederrak egin zituen. eta mundu-mailako ospea ekarri zion Bizitzaren Trilogia zuzendu zuen hiru filmetan, Boccaccioren eta Chaucerren idazlan erotikoetan eta Mila eta bat gauak ipuinetan oinarriturik. Teorialari eta kritikari zorrotza zen, eta eragin handia izan zuen bere garaiko zinemagileen artean, baina bere ideiaren erabilera kontsumista kritikatu zuen, bereziki irakurketa pornografiko bat egin nahi izan zituztenak.
Zinemagintza iluna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975, Salo edo Sodomako ehun eta hogei egunak), Pasoliniren azken obra, Italiako faxismoaren hondar-egunen ikuspegi garratza da. Bere bizitzako aldi ezkor horretan, gorputzen manipulazioaren garaipena ematen du aditzera, boterearen barruko zitalkeria agerian utzi. Kezkak eta ekimenak hartaraturik, gupidarik gabe eta zuhur kritikatu zuen bere herriko gizartea. Azken muntaketa bere ekoizpen-laguntzaileak amaitu zuen, 1975eko azaroan erail baitzuten Ostian (Erroman).
Lan intelektuala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatura- eta zinemagintza-lanean aritzearekin batera, pertsona konprometitua izan zen bere ingurunearekin eta gizartearekin. Bere iritziz, buru aldetik eta moralki adorea zuten aldetik, intelektualek gizartean benetan zer gertatzen ari zen esan behar zuten, eta berak ez zuen eragozpenik izan eztabaidetan sartu eta, askotan ausardia handiz, bere iritziak adierazteko.
Italiako zentralismo eta berdinketaren aurka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean, gatazka zegoen Friuliren eskualdearen gaineko nagusitzari buruz, Joseph Broz Tito jeneralaren jugoslaviar indar komunistek Jugoslavia berriaren barruan nahi baitzuten. Pasolinik, berriz, Italia barruko autonomiaren aldeko apustua egin zuen, baita Alderdi Komunistaren zentralismoa kritikatu ere. Movimento Popolare Friulano sortu zuen, baina luze gabe, Alderdi Demokrata Kristaua bere alde erabiltzen ari zelakoan, utzi egin zuen alderdia.[14]
« | Biellan gauerdi arte lan egitera behartuta ikusten dut nire burua, parlamentuz kanpoko ezkertiar kideei -PCIko kideak egia esateko ez baitira etortzen- piemonteraz egunkari txikiak egiten irakasteko. Etorri eta esaten didate (...) piemonteraz idatzi nahi dutela, zerbait berria esan nahi dutela, eta hori da euskal herritarren diskurtsoa: hizkuntza galtzen ari ziren, eta euskal gazteak berriz ikasten ari dira. | » |
— Pier Paolo Pasolini, Vulgar lengua, 1975-10-21[15] |
Italiako tokian tokiko hizkuntzak defendatu zituen, italieraz gehienean 'dialekto' deitu izan direnak, eta gogor gaitzetsi zuen kontsumoko gizartearekin batera telebistaz, prentsaz eta eskolaz zabaltzen ari zen italiera batua, Milanen eta Florentzian oinarritutakoa: hizkuntza behartutzat, artifizialtzat zeukan.
Hil aurreko bere azken hitz jardun luzean (1975ko urrian), etsipenez berretsi zuen ideia hori, azken hamar urtean kultur 'genozidio' bat gertatu zela adieraziz,[oh 1] eta orduko borroka, beraz, "dagoeneko existitzen ez den kultura baten eta gustuko ez dugun errealitatearen artean" zela, hamar urte lehenago errealitatea zena, nor bere lurraldeko hizkuntz nortasuna izatea, galdu egin zela, gazteek ez omen zutelako gehiago 'dialektoz' hitz egiten, alde fonologikoan izan ezik, eta lotsatzen zirelako, masa asimilatuak izan omen baitziren. Hala ere, Pasolinik ez ez zion uzten Italiako aniztasun galera eragozteko irtenbide berriak bilatzeari.[16]
Alderdi Demokrata Kristaua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Casarsan bizi zen garaian, komunismoa kristautasunaren tradizioan kokatu zuen, eta bere jarrera aurrerazaleek eta adierazpenek tokiko demokrata-kristauen jomugan jarri zuten. Ez zuen zalantzarik izan 1949ko irailean piztutako sexu-eskandalua demokrata-kristauei leporatzeko, haiek muntatutako erasoa zelakoan.
Alderdi Demokrata Kristaua faxismoaren segidatzat zeukan eta, 70eko hamarkada hasieran, adierazi zuen benetako gizartearen berpizkunde bat egongo bazen burukide demokrata-kristauek epaiketa ikusgarri batean auziperatuak beharko zutela, non burukide horiek eskuburdinez lotuta eta carabinieriek alde banatan zainduta agertuko ziren.[17]
Alienazioa kontsumoaren gizartean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zineman, Erromako trilogia deitu izan dena amaitzerako, 1963-64 aldera, fenomeno berri batez kezkatzen hasi zen: kontsumoaren gizartearen etorrera. Aldaketa handia gertatzen ari zen gizartean, ezohiko aldaketa bat, aldaketa antropologiko bat, eta horren emaitza herrien eta herritarren alienazioa omen zen, homologazioa.[18] Hain zuzen, klase burgesaren ezaugarritzat zeuzkan horiek, eta Pasolini Erromara heltzean bertako erdigunean kokatuta identifikatu zuen endekapen hori, burgesia bizi zen tokian. Erromaren inguruan, berriz, etorkinak eta herri-klase gaztea metatzen ziren: gogo askearen eta, bere ustez, Italiaren itxaropenaren adierazgarri.
Humanista zen aldetik, masa-produkzioa eta ekoizpen-mentalitatea guztiz gaitzesten zituen,[19] gorputzen manipulazioa deitu zuena. Alde horretatik, telebista sutsuki kritikatu zuen, ezaugarri horiek guztiz betetzen zituen tresna zelakoan. Gainera, bertako zentsura "faxista" gaitzetsi zuen; hain zuzen, adierazpen horiek egin zituen programa zentsuratua izan zen, Pasolini hilik agertu eta hurrengo egun arte (1975eko azaroaren 3a).[20] Kontsumoaren gizartea nagusitzen ikusita, gazteria berrian jarrita zeukan esperantza galduz joan zen 1969z geroztik ("kilkerren itzaltzea" deitu zuena), eta bere zinemagintzak ere joera ezkorragoa hartu zuen.
1968ko istiluen inguruko iritzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968an, istiluak piztu ziren Erromako eta Italia iparraldeko zenbait unibertsitatetan. Ezkertiar indarrek babestu egin zituzten protestaren egileak eta ikasleak, sistemaren kontrako langileen errebolta zelakoan. Pasolinik, ordea, besterik uste zuen, eta ezkerrean asaldura piztu: poliziak babestu zituen, benetako langileak haiek zirelakoan, eta ikasleak, berriz, burgesiako aitatxoen esaneko kumeak. Poliziak ikasketak egiteko aukera izan ez zutenen semeak zirela iritzi zion: "poliziotti figli di proletari meridionali picchiati da figli di papà in vena di bravate". Izan ere, polizia sistemaren kanpoko geruzatzat zeukan, eta muina, berriz, epaileak eta abar.[21] Pasolini 32-33 aldiz izan zen epaitua bizitza osoan eta, azken epaietan, errugabe atera zen beti.
Istiluok sistemako indarren barne-erreformatzat zeuzkan, eta ez benetako aldaketa asmotzat. Hala ere, Pasolinik errebolta birpentsatzera zirikatzeko akuilutzat zeuzkan bere iritziak, eta ez zion utzi borroka autonomoaren aldeko Lotta continua mugimendua babesteari.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olerkigintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1942- Poesie a Casarsa, Bolonia
- 1947 Dalla lingua al friulano, CF XXIII
- 1949 Dov'è la mia patria, Cjasarse
- 1949 Motivi vecchi e nuovi per una poesia friulana non dialettale, "Il tesaur" II
- 1953 Tal cour di un frut, Tresesin
- 1954 La meglio gioventù, Florentzia
- 1965 i 1976 Poesie dimenticate, Udine
- 1968 Il Friuli nella mia piccola vita, "Il Friuli", giugno
- 1975 i 1981 La nuova gioventù, Turin
- 1976 I turcs tal Friûl, Udine
- 1982 Amado mio, Milan
- 1994 L'Academiuta friulana e le sue riviste, Vicenza
- 1994 Romans, Parma
- 1996 Poèmes oubliés. Poesie dimenticate. Argitalpen elebiduna. Arles
- Le ceneri di Gramsci (1957)
- L'usignolo della Chiesa cattolica (1958)
- Passione e ideología (1960)
- La religione del mio tempo (1961)
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1961 - Accattone
- 1962 - Mamma Roma
- 1963 - Ro.Go.Pa.G. (La Ricotta idazlanaren zatia)
- 1963 - La Rabbia
- 1964 - Le Mura di Sana
- 1964 - Il Vangelo secondo Matteo
- 1965 - Il Padre selvaggio
- 1965 - Sopralluoghi in Palestina per il vangelo secondo Matteo
- 1965 - Comizi d'amore
- 1966 - Uccellacci e uccellini
- 1967 - Le Streghe (La Terra vista dalla Luna idazlanaren zatia)
- 1967 - Edipo Re
- 1968 - Capriccio all'italiana (Che cosa sono le nuvole? idazlanaren zatia)
- 1967 - Teorema
- 1969 - Appunti per un film sull'india
- 1969 - Amore e rabbia (La sequenza del fiore di carta idazlanaren zatia)
- 1969 - Porcile
- 1969 - Medea
- 1970 - Appunti per un'Orestiade africana
- 1971 - Il Decameron
- 1972 - I Racconti di Canterbury
- 1974 - Il fiore delle mille e una notte
- 1975 - Salò o le 120 giornate di Sodoma
Euskarari ekarritako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pasolinik bere literatura, film eta saiakera lanetan, hizkuntza gutxitu eta kultura ez-merkantilizatuen inguruko interes handia adierazi izan zuen, eta bere lan batzuk euskaratuak izan dira.
- Bost poema, Susa aldizkaria 18 (1986). Itzultzailea, Bego Montorio.[22]
- Amen balada, Mazantini aldizkaria 3 (1992). Itzultzailea, Joserra Utretx.[23]
- Gauza baten ametsa, Alberdania (1998). Itzultzailea, Josu Zabaleta.[24]
- Ile luzearen aurka, Armiarma.eus (2015. itzultzailea, Koldo Izagirre.[25]
- Gramsciren errautsak, Armiarma.eus (2017). itzultzailea, Iñigo Aranbarri.[26]
- Kale gorriko umeak, Igela, (2022). itzultzailea, Fernando Rey.[27]
- Sei poema, Armiarma.eus (2023). itzultzailea, Irene Hurtado de Saratxo Mendieta.[28]
- Poesia kaiera, Munduko Poesia Kaierak 48, Susa, (2023). Itzultzailea, Irene Hurtado de Saratxo Mendieta.[29]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 'Genozidio' hori Ingalaterran eta Frantzian XIX. mendean egin zela baieztatu zuen, industria iraultzarekin batera; ez, ordea, Italian, ez zelako horrelakorik izan aldi horretan eta, eskolarekin batera, telebista egiten ari bide zen lan hori, hizkuntza molde arrotz bat inposatuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-01-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Martelini, L. 2006, 28-29. or.
- ↑ a b Siciliano, Enzo. 2014, 148. or.
- ↑ Siciliano, Enzo. 2014, 149. or.
- ↑ Siciliano, Enzo. 2014, 151. or.
- ↑ PPP Centro Studi Casarsa Della Delizia. L’amore impossibile tra PPP e Maria Callas nel film “L’isola di Medea” di Sergio Naitza[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c Vulliamy, Ed. 2014ko abuztuaren 24a.
- ↑ a b c Gumbel, Andrew. 1995ko irailaren 23a.
- ↑ PPP Centro Studi Casarsa Della Delizia. Academiuta di lenga furlana[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ PPP Centro Studi Casarsa Della Delizia. Libri d’Estate: “Ragazzi di vita” di PPP
- ↑ Martelini, L. 2006, 48. or.
- ↑ Martelini, L. 2006, 62. or.
- ↑ Martelini, L. 2006, 192. or.
- ↑ PPP Centro Studi Casarsa Della Delizia. Borgata Petrelli. La Roma di “Uccellacci e uccellini”
- ↑ Siciliano, Enzo. 2014, 111-112. or.
- ↑ Pasolini, Pier Paolo. 2017, 103-104. or.
- ↑ Pasolini, Pier Paolo. 2017, 86-92, 99. or.
- ↑ Martelini, L. 2006, 388-389. or.
- ↑ Martelini, L. 2006, 184-185. or.
- ↑ Martelini, L. 2006, 389. or.
- ↑ Gertakariak: bideoaren 10'40" eta 36'58"
- ↑ Martelini, L. 2006, 141. or.
- ↑ «Ibinagabeitia Proiektua / Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ «Ibinagabeitia Proiektua / Mazantini-3 (1992)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gauza baten ametsa – Alberdania. (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ «ILE LUZEAREN AURKA - Pier Paolo Pasolini» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ «GRAMSCIREN ERRAUTSAK[I - Pier Paolo Pasolini»] ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ Kale gorriko umeak – Igela. (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ «NIRE HERIOTZAREN EGUNA - Pier Paolo Pasolini» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ «Susa literatura - Poesia kaiera» susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pasolini, Pier Paolo. (2017). Vulgar lengua. Ediciones El Salmón ISBN 978-84-943217-8-8..
- Siciliano, Enzo. (2014). Pasolini; Una vida tormentosa. Torres de Papel ISBN 978-84-943726-4-3..
- Martellini, Luigi. (2006). Pier Paolo Pasolini; Retrato de un intelectual. Universidad de Valencia ISBN 978-84-370-7928-8..
- Gumbell, Andrew. (1995). «Who Killed Pasolini?» The Independent (Londres).
- Vulliamy, Ed. (2014). «Who Really Killed Pasolini?» The Guardian (Londres).
- Pier Paolo Pasolini; Centro Studi Casarsa Della Delizia. Casarsa della Delizia.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pasolini, Pier Paolok azaldua
- Pier Paolo Pasolini Armiarma.eus-eko Euskarari Ekarriak atalean
- (Ingelesez) Pier Paolo Pasoliniren IMDBko fitxa ikusgai
- (Italieraz) Pasoliniri 1971n RAI telekatean eginiko elkarrizketa (telebistaz 1975ko udazkenean emana)
- (Italieraz) Pier Paolo Pasoliniren hileta eta Alberto Moraviaren hitzaldia
- (Italieraz) Whoever Says the Truth Shall Die, Pasoliniri buruzko dokumentala (1981)