Kaligula

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kaligula, Louvre museoko eskultura

Kaligula (latinez Gaius Julius Caesar Germanicus) (k. o. 12ko abuztuaren 31ean - K. o. 41eko urtarrilaren 24an) Erromako hirugarren enperadorea (37 - 41) izan zen. Germanikoren eta Agripinaren semea zen. Haren ankerkeria, despotismo eta bitxikeriengatik da ezaguna. Bere bizkartzainek hil zuten 41 urtean. Germaniako gotorleku militar batean igaro zuen haurtzaroa. Soldaduek Kaligula ezizena eman zioten haren botatxoengatik, horixe esan nahi baitu Caligulae latinezko hitzak. Kaligulak gorrotatu egiten zuen ezizen hori.

Tiberioren ondorengoa izan zen eta hasieran herriaren gogoko politika liberala bideratu zuen. Erialdi batek aldatu zuen, ordea, Kaligularen nortasuna eta bere burua, errege ez ezik, jainko bihurtu zuen. Inperioko altxorra xahutu zuen, herriari zergak ordainarazi zizkion eta, dirua lortzearren, aristokraziako kide ospetsuenak hil zituen. Bere eromenean, Erromako herriak buru bakarra izan zezan nahi zuen, ezpata ukaldi batez moztu ahal izateko. 41. urtean hil zuten. Erromako Senatuak enperadoreen zerrendatik kendu zuen. Albert Camus frantses idazleak antzerki lan ospe handikoa idatzi zuen, Caligula izenekoa, enperadorearen bizitza oinarri hartuta.

Garaiko iturriak ez dira, ordea, oso onak. Haietan, orokorrean pertsona baino karikatura ematen du Kaligulak: megalomanoa, apetatsua eta krudela. Aipatzen da Kaligulak bere zaldi maitatuena, Incitatus izenekoa, kontsul izendatu zuela. Halaber, intzestu-harremanak izan ohi zituen bere arrebekin, batez ere Drusila gazteenarekin. Hala ere, ez dago aipamen horiek frogatzerik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kaligula Aldatu lotura Wikidatan