Aquilino Amuategi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aquilino Amuategi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAquilino Amuátegui Acha
JaiotzaEibar1877ko urtarrilaren 4a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1919ko martxoaren 13a (42 urte)
Heriotza modua: eritasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Enplegatzailea(k)Orbea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Aquilino Amuategi Atxa (Eibar, 1877ko urtarrilaren 4a, - Eibar, 1919ko martxoaren 13a) eibartar politikari sozialista bat izan zen, XX. mendeko lehen urteetan euskal politikan leku nabarmena izan zuena, Eibarko sozialisten eta, oro har, euskal sozialisten buruetako bat izan baitzen. Armagina izan zen lanbidez, txisperua: pistolak egiten zituen bere lantegian eta txispagin legez su-armetan tiroa eragiten duen mekanismoaz arduratzen zen. Lan sindikal eta politiko trinkoa egin zuen bizitza osoan. 1917ko greba iraultzailearen ondorioz erbestera jo behar izan zuelarik, bizi izandako baldintza gordinen eraginez gaixotuta, 1919an hil zen, jaioterrian.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aquilino Amuategi, ca. 1892.
Aquilino Amuategi, ca. 1892.

Datu urriak daude Aquilino Amuategiren jatorrizko familiaz. Gurasoak izan zituen Jose Jazinto Amurutegi[oh 1][oh 2] Orbea, 1834ko uztailaren 4an jaioa, Eibarren,[1] eta ama Maria Zenona Atxa Chozas, 1838ko irailaren 25ean jaioa, Donostian.[2] Donostiako San Bizenteko elizan ezkondu ziren, 1863ko azaroaren 25ean.[3] Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Andres Antonio (1864), Jose Eustaquio (1867), Maria (1869), Raimunda (1871), Anselma (1873), Aquilino bera (1876), Luisa (1879), Candida eta Angel. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan ez dago Aquilino Amuategiren bataio agiriaren erregistrotik, ziurrenik Espainiako Gerra Zibilaren garaian galdu baitzen.[oh 3]

Itxura guztia du familiaren egoera ekonomikoa ―horretaz lekukotasun eta datu gutxi badago ere―[oh 4] aski ona izango zela, bederatzi senide izanda ere, Aquilinok ikasketak egiteko aukera izan baitzuen, lehenik udal eskolan, eta gero armagintzan. Musika ikasteko bidea ere izan zuen, bonbardinoa jotzen baitzuen; gaztetan, toreatzaile ibili zen herrian; ondo gazterik, estudioko argazki batean ageri da; sindikalismoan eta politikan buru-belarri jarduteko hautua egin zuen... Ziurrenik, aztarna horietan oinarrituta pentsa daiteke Amuategi familiak bazuela baliabiderik bizimodu eroso samar bat aurrera eramateko.[oh 5]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valentina Gisasola, 1940. urtean.

Aquilino Amuategik udal eskoletan egin zituen lehen ikasketak, Eibarren.[4] Berehala, armagin lanbidea ikasi zuen herrian, eta Orbea lantegian hasi zen lanean. Hamabi urtez han lan egin eta gero, lantegia utzi behar izan zuen; dirudienez, kaleratu egin zuten, ideia sozialistak agertzen hasi zelako.[oh 6] Orduan, lagun batek Estaziño kalean[5] utzitako lokal batean jarri zen bere kasa, lehenik, eta gero Pagaegi[6] kalean lantegi bat sortu zuen, armagintzan betiere, sei langile zituela.[4]

Valentina Gisasola Larreategirekin (1875eko azaroaren 3an jaioa, Aginagan)[7] ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Dolores, Tomas, Ines eta Aurora; beste bi hil egin zitzaizkien txikitan.[4] Dirudienez, Valentinak eta Aquilinok batera lan egin zuten Orbea lantegian; Aquilino kaleratu zutenean, Valentinak ere lanpostua utzi zuen, haren atzetik joateko.[oh 7]

1928an Amuategiren omenez egindako ekitaldiaren oroigarria.

Pentsamolde sozialista, errepublikazale eta laiko sakonekoa izan zen bizitza osoan. Sindikalismoan eta politikan murgildu zen, sozialisten lerroetan beti. Mitinak euskaraz eman ohi zituen.

Musikazale saiatua izan zen gaztetatik. Bonbardinoa jo zuen Eibarko udal musika bandan eta herriko beste zenbait taldetan. Kulturaren esparruari lotuta, baita ere, esperantoa ikasi, sustatu eta erabili zuen.

Jarduera politikoetan nabarmendu zelarik, 1917ko greba iraultzailearen ostean erbestera ihes egin behar izan zuen, beste sindikalista eta politiko sozialista askok bezala. Gaixotuta itzuli zelarik herrira, 1919ko martxoaren 13an hil zen, 42 urte zituela.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikalismoa eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak, kontzientzia hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aquilino Amuategiren kontzientzia sindikala —garai hartako eibartar gazte askorena bezala– Mexikoko Quintana Hermanos etxearentzat eskopetak egiten zituen lantegiko armaginen grebak iratzarri zuen, 1878an.[8] Grebak urtebetez iraun zuen; langileen arteko elkartasun uholde bat piztu zuelarik, Eibarko sozialismoaren abiapuntutzat jotzen da.[9]

Hala ere, Amuategi ez zegoen, oraindik, 1879ko urte amaieran sortu zen lehenengo Eibarko sozialisten batzordean; Jose Beaskoetxea, Wenceslao Zenarruzabeitia, Pedro Chastang, Martzelino Baskaran, Felipe Susaeta, Maximo Ruiz eta Jose Esnaola izan ziren batzorde aitzindarian.[10]

Sozialismoan murgilduta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerretik eskuinera, Amuategi, Chastang, Sande eta Gisasola, 1900ean, Parisen.[oh 8]

Politika sozialistaren lehen lerroan 1900ean kokatu zen Amuategi, Pariseko erakusketa unibertsalera joan zenean, Pedro Chastang, J. Rufino Sande eta Pedro Gisasolarekin batera, langile sozialisten ordezkaritzaren barruan. Ziurrenik, bidaia hura aukera bat izan zen Amuategirentzat, bertatik bertara ezagutzeko Jean Jaurès-en sozialismo bakezalea eta humanista.[11] Gainera, era gordin batean bizi izan zuten, erakusketa unibertsalean, zein eratan izan ziren diskriminatuta langile sozialistak, langile katolikoen aldean; horretaz kronika zorrotz bat argitaratu zuen Amuategik, bere adiskideekin batera, La Lucha de Clases astekari sozialistan.[12][oh 9]

Eibarko pistolagileen elkartearen ikurra.

Parisetik itzulita, Eibarko pistolagileen gremioaren buru izendatu zuten Amuategi, 1903an.[8] Elkarteak indar handia hartu zuen langileen artean, eskubideen aldeko borroka etengabe egiten baitzuen, laneko baldintzak hobetu eta ordutegiak murrizteko.[13]

Handik aitzina, agintariekin arazoak etengabe izan zituen Amuategik, militantzia sozialista zela eta. 1910ean, Espainiako trenbideetako langileek grebara jo zutelarik, grebalarien alde sozialistek antolatutako mitinetan Amuategik sutsu aldeztu zituen langileen eskubideak. Halako iritziak jendaurrean agertzeagatik, auzitara eraman zuten, diru isun bat eta hautetsia izateko debekua ezarri zizkioten; Eibarren, berehala antolatu zuten diru bilketa Amuategiri laguntzeko, nahiz, azkenean, ez zen beharrezkoa izan, karguetatik libre gelditu baitzen.[13] 1912an, berriz, Tolosan papergintzako langileek egindako greban,[14] Amuategik grebalarien aldeko lan handia egin zuen, Enrique de Francisco alderdikidearekin batera.[15]

Urte haietan, adiskidetasun estu bat izan zuen zenbait buruzagi sozialistarekin, besteak beste Jose Madinabetiarekin, Tomas Meaberekin eta Guillermo Torrijosekin.[16]

Amuategi, alderdikide batekin 1915ean.
Ezker-eskuin: Eulogio Urrejola, Jose Madinabeitia, Ramiro Maeztu eta Amuategi, Eibarren (1914).

1913an, Eibarko herria astinduko zuen gertakari bat izan zen: Astra, Unceta y Cia enpresak 1908an Eibarren sortutako armagintza lantegia Gernikara eramatea erabaki zuen. Horren ondorioz, Eibarko ehun bat langile, familiarekin batera, eraman zituzten tren berezi batean, Gernikaraino, 1908ko ekainean. Langileen artean askok uste izan zuen lantegia eramateko arrazoi nagusia zela pistolagileen gremioaren kontrolpetik atera eta armagintzako gainerako langileengandik urrundu nahia. Gernikara orduko, langileen lehen erabakia izan zen pistolagileen gremioaren elkartea sortzea, Eibarkoaren gisara. Enpresarekin izandako tira-bira ugariren ostean, irailean grebara jo zuten Astra lantegi berriko langileek, besteak beste, kaleratutako langileak berriro onar zitzaten. Eibarren, berehala antolatu zuten erresistentzia kutxa bat, grebalariei laguntzeko. Urriaren 3an, Martzelino Baskaran eta Amuategi bera egon ziren Gernikan, langileen adorea hauspotzen eta elkartasun diruak banatzen. Sozialistez gain, nazionalistak ere mobilizatu ziren, «kazikismoaren aurkako» bertso saio bat antolatuta Eibarren.[17] Azkenean, Gernikara eramandako eibartar langileek erabaki ausart eta ezustekoa hartu zuten: Eibarrera itzuli ziren, familiarekin eta zeukaten guztiarekin batera.[18]

1917ko greba eta ihesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi eta Guillermo Torrijos erbestean, 1917an.

1917ko greba iraultzaileak guztiz baldintzatu zuen Aquilino Amuategiren bizitza. 1917ko martxoan, UGT sindikatu sozialista eta CNT sindikatu anarkista elkartu egin ziren greba orokor bat antolatzeko. Abuztuaren 9an, Valentziako trenbideetako eta tranbietako langileek hasi zuten greba, eta berehala zabaldu zen Espainian. Euskal Herrian, grebak oihartzun handia hartu zuen, Bilbon eta beste industria eskualdeetan; zer esanik ez, Eibarren.

Amuategi, familiarekin, 1917an, etxera itzuli zenean.

Ez zen greba luzea izan, hilabete doi-doi, baina ondorio lazgarriak utzi zituen grebaren alde nabarmendu ziren sindikalistentzat eta, oro har, langileentzat. Amuategiren eta beste buruzagi sozialista askoren aurkako atxilotze aginduak eman zituen gobernuak; Severiano Martínez Anido[19] gobernari militarrak gerra egoera aldarrikatu eta herriko etxe guztiak ixteko agindua eman zuen. Jose Madinabeitia oñatiar sozialista atxilo hartu eta Bilbora eraman zutenean, Amuategik eta hurbileko beste buruzagi sozialista batzuek, bizia arriskuan ikusita, ihes egitea erabaki zuten.

Lehenik, hiru bat hilabetez Eibarren bertan ezkutuan eduki zuten, sozialista kideren baten etxean gordeta; gero, oinez Elgoibarreraino heldu eta han zain zuen auto batek eraman zuen, muga nola edo hala zeharkatuta, Donibane Lohizunera, baldintza ezin tamalgarriagotan;[20] Amuategirekin batera, Guillermo Torrijos donostiar sozialista.[21]

Erbestean hilabetetan jasan behar izandako baldintza gordinen eraginez, gaixoturik itzuli zen Amuategi etxera, 1917ko urte amaieran. Eibarrera itzuli aurretik, Baionako erietxe batean egon zen aldi batez.[4] Erbestean eta etxera itzulitakoan ateratako argazkietan, nabarmen antzematen da gaixotasunak gogor kolpatu zuela, hain denbora tarte laburrean. Heriotzaren arrazoia difteria infekzio bat izan zen, orduko kroniken arabera.[22][oh 10]

Hileta zibila egin zioten Amuategiri, Eibarko udal korporazio osoa bertan zelarik, Iriondo alkatea buru. Familiaren izenean, Jose Madinabeitia sendagileak hitz batzuk esan zituen, Amuategik sozialismoarekin, justiziarekin eta aurrerapen sozialarekin izan zuen konpromisoa nabarmenduz. Hileta-segizioan Euskal Herriko sozialista ezagun asko izan ziren; besteak beste, Guillermo Torrijos donostiarra, Amuategiren lagun mina.[23]

Zinegotzi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi, 1917an.

Eibarko Udalean lehen zinegotzi sozialista hautatua Esteban Barrutia izan zen, 1904an.[24] Aquilino Amuategi 1909ko uztailaren 1ean hautatu zuten, lehenengoz, Eibarko zinegotzi; heriotza bitartean izan zituen udal ardurak, 1917-1918 aldian izan ezik,[oh 11] erbestera ihes eginda baitzegoen.[24]

Esparru askotan izan zituen udal ardurak: gobernazioa, sustapena, ogasuna eta estatistika, besteak beste. Udalbatzaren bilera-agirietan ikus daitekeenez, Amuategik ongi landutako proposamenak eraman ohi zituen udalbatzara. Santiago Astigarraga Ibargain[oh 12][25] eskuindar zinegotziarekin izandako eztabaida luze bezain mamitsuetan, Amuategik bere dialektika zorrotzaren erakusketa egiten zuen.[26]

Dialektikaz gain, Amuategik kode etiko zorrotz bat eskatzen zion bere buruari: egindako lanaren kontu ematea, hiru hilabetez behin herriko etxean, sei hilabetez behin jendaurreko mitin batean.[27] Jokaera zorrotz hori esaldi honetan laburbiltzen zuen Amuategiren biloba Salvador Marzanak:

« Mutillak, argi e!!, konfiantzia (puesto responsabilidadekuetan be) daneri emon bihar jako, baiña gero lapurraren moduan bijilau, e?[28] »


Laizismoaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen lehen hamarkadatan Eliza katolikoak eragin indar handia zeukan Euskal Herriko gizartean, erakundeetan eta politikan. Alderdi politikoei dagokienez, pentsamolde eskuindar eta monarkikoa zuten alderdietan Elizaren agintea erabatekoa zen; aldiz, errepublikanoen eta, batez ere, sozialisten artean, laizismoa zen boterearen aurkako eta status quo aldatzeko nahiaren ikur bat.

Aquilino Amuategi sutsu agertu izan zen beti, bai udaletxeko bilkuretan, bai mitin politikoetan, Elizaren agintearen eta pribilegioen aurka, eta askatasunaren alde;[29] umorez ere bai, batzuetan, 1910eko Aste Santuan bezala, lagun batzuekin Eibar inguruko zelai batera joan zenean, arratsalde pasa, musika jo eta suziri batzuk botatzera.[oh 13]

Zinegotzi eginkizunetan gogor borrokatu zen Amuategi, Elizari eskumenak eta pribilegioak kentzeko, ahal zuen esparru guztietan. Besteak beste, 1910ean proposamen bat aurkeztu zuen, zaharren egoitza ez zezaten Karitateko Alabek kudeatu, 1904az geroztik egiten zuten bezala. Lekaimeen aldeko agiri bat izenpetu zuten katolikoei erronka bota zien hedabideen bitartez, argudioak jendaurrean eztabaidatu zitzaten.[30] Era berean, 1912ko ekainaren 10ean, lau galdera aurkeztu zituen udalbatzaren bilkuran, Elizaren eta apaizen jarduerak mugatzeko.[31][oh 14]

Eibarko armagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeria Eskolaren bigarren promozioa. Lehen lerroan, ezkerretik bosgarrena Tomas Amuategi.

Amuategi bizitza osoan saiatu zen Eibarko armagintzaren industria bultzatzen eta hobetzen, lehenbizi Orbea fabrikan, gero berak eratutako enpresan.

1905ean, Eibarko pistolagileen elkarteko buru zela, Amuategik idatzi bat aurkeztu zion Eibarko Udalari, merkatuan salgai ikusten ziren errebolber akastunen arazoari aurre egiteko. Enpresaburuen diru goseak eraginda, kalitate urriko armak merkaturatzen zirela ikusita, aldez aurreko kalitate proba bat nahitaezko jartzea proposatu zuen Amuategik.[32]

Langileen kooperatibak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfa kooperatibaren eraikina (2008).

Eibarko sozialistek, Amuategi buru zutela, gogor egin zuten langileen kooperatibak eratzeko, egitura ekonomiko berri horretan ikusten baitzuten irtenbidea, langileei lana eta eskubideak ziurtatzeko.

Langileen kooperatiba sozialistak sortzeko ekimenaren emaitza nagusia, ordea, ez zuen ikusterik izan Amuategik: Eibarko Alfa (Sociedad Anónima Cooperativa Mercantil y de Producción de Armas de Fuego) 1920ko urriaren 28an sortu zen, Amuategi hil ondoren.

Aurretik, beste kooperatiba txikiagoak sortu zituzten eibartar sozialistek, lehenengoa 1909ko urriaren 2an. Lehen hazi hartatik, adar gehiago sortu ziren, guztiak bateratu eta Alfa eratu zuten arte.[33]

Kooperatiben bitartez, sozialistek aurre egin zieten, besteak beste, 1914an armagintza sektoreak bizi izan zuen krisi latzari. Lehen Mundu Gerraren eraginez, armak saltzeko enbargoa aplikatu zelarik Europako herrialde askotan, Eibarko armagintza krisi larri batean murgildu zen. Amuategik, ordurako zinegotzia baitzen, arma lantegietako langileei beste irtenbide bat bilatu nahirik, proposamen bat aurkeztu zuen, Eibarko lur azpian zundaketak egiteko, susmoa baitzegoen kobrea zegoela lurpean.[34]

Kooperatiben eraketan, dena dela, eragozpen eta gatazkak ere izan zituen Amuategik, ideia sozialistekin bat ez zetozen langile eta ekintzaileekin. Besteak beste, 1918an Armeria Eskolatik sortzekoa zen kooperatiba baten eraketan, aurrez aurreko gogorrak izan zituen Tomas Etxaluze errepublikanoarekin, azkenerako proiektua bertan behera utzi behar izateraino.[35]

Mitinlari, euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi mitin bat ematen, 1915ean (I. Ojangurenen argazkia)

Aquilino Amuategik mitinlari gisa irabazi zuen ospea eta karisma politikoa: mitinlari ona zen, eta euskaraz egiten zituen mitinak.

Aro garaikidean baino luzaz gehiago, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran mitina garrantzi handiko genero bat zen; hedabide idatziak ugariak ziren arren, ikus-entzunezko komunikabideak hastapen gorrian ziren oraindik. Horren ondorioz, mitina tresna baliagarri bat zen mezu politikoak bideratzeko, bereziki, Amuategik bezala, langileen eskubideen aldeko aldarrikapenak plazaratu nahi zituztenentzat. Ideologia tradizionalistak Eliza eta hedabide asko alde zituen bitartean, sozialistek eta ezkerreko alderdiek, oro har, mitinetan zabaldu behar izaten zituzten mezuak eta proposamenak; ez da ahantzi behar garai hartan analfabetismo tasa handia zegoela langile soilen artean.[36]

Amuategi gogor aritzen zen mitinetan nahitaezko soldadutzaren aurka eta armadaren aurka. Izan ere, politika kolonialaren erruz sortutako gerrek markatu zuten mende arteko Espainiaren historia (Filipinetakoa, Kubakoa eta Marokokoa). Testuinguru hartan, soldadutza langileen aurkako tresna bat zen, familia aberatseko semeek libre gelditzeko eskubidea baitzuten, diru truke.[37] Amuategik maiz altxa zuen ahotsa bidegabekeria haren aurka.[38]

Mitinak euskaraz ematen zituen, ziurrenik garai hartako Eibarren eta Euskal Herriko beste herri askotan, langile xehe askok nekez ulertzen baitzuten beste hizkuntzarik. Zoritxarrez, Amuategiren hitzaldien transkripziorik ez da gordetzen, orduko hedabideek, aho batez, Amuategiren esanak gaztelaniaz laburbiltzen baitzituzten.[39] Mitin politikoetan euskaraz aritzea ez zen gauza berria, XIX. mendearen amaieratik, baina beti karlismoaren eta, oro har, eskuin ideologiaren aldekoak izaten ziren ordura artekoak. Amuategiren berrikuntza izan zen, ordea, lehenengoz sozialisten mitinetan aritzea euskaraz. Estilo zuzen, sutsu eta askea omen zuen hitzaldietan Amuategik, nahiz kultura zabalagoko alderdikide batzuek ―Toribio Etxeberriak, batez ere― kritikatu zioten gaztelaniazko hitz asko baliatzen zituela.[38][oh 15] Eibartik kanpora, batzuetan arazoak edo erantzunak ere izan zituen, mitina euskaraz emateagatik.[oh 16]

Arazoak arazo, garai hartako Eibarko sozialisten zirkuluetan euskara zen hizkuntza nagusia, zalantza gabe.[40] Horrela, sozialismoaren lehen urteetan (1904tik aurrera), ideia sozialistak zabaltzeko herrietara egiten zituzten ibilaldietan, Amuategik euskaraz egiten zituen beti mitinak.[41]

«Caleco biarguiñac Basarricueri Elesiñuen gañian»[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoña Azpiri eibartar itzultzaileak 1991n azaldu zuenez, sozialismoa ikertzen duen Pablo Iglesias Fundazioak euskaraz idatzitako panfleto bat aurkitu zuen, «Caleco biarguiñac Basarricueri Elesiñuen gañian» izenburuaz.[42] Eibarko sozialistek 1902-1920 bitartean argitaratutako Adelante aldizkariarekin batera banatutako orri bat izan daiteke, ziurrenik 1902. urte ingurukoa. Dokumentu bera aipatu zuen Asier Sarasua blogariak, 2005ean.[43]

Panfletoan, kaleko langileek botoa eskatzen diete baserritarrei; hau da, ordura arte bezala botoa goittarrei (errepublikano eta liberalei) edo behetarrei (eskuindar jauntxoei) eman beharrean, botoa sozialistei emateko.

Egilea ezezaguna den arren, Azpirik hipotesi bat plazaratu zuen:

« (...) gizartearen arlo guztietan euskaraz ederto asko mintzo zen gizon baten eskua dakusakegu izkutuan lerrootan, Aquilino Amuateguirena. »


Sarasuaren ustez, idatziz banatzeko testu baten itxura baino, gehiago du hitzaldi edo mitin batean ahoz esateko mezu baten antza. Horregatik, Azpiriren iritziarekin bat egin zuen:

« Badirudi, benetako argitalpen bat baino, ahoz esan biharreko hizketaldiren baten zirri-borrua dala, jendeaurrian bota biharreko hitzaldi bat. Ahozko hizkerian ezaugarriz betia, testu ederra da, aberatsa eta ariña. (...) Ez dago dudarik, testu hau idatzi zebanak, ondo zekixan zer dan retorikia, eta lehenago be idatzitta zekazen antzerako testuak. Balitteke Akilino Amuategi Txikillana sozialista ezaguna izatia egilia. »


Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Marcial musika banda. Amuategi, lehen lerroan galtza zuriz jantzita.
Eibarko Musika Banda, 1899an. Amuategi, bigarren lerroan, eskuinetik bigarrena.

Aquilino Amuategi oso musikazalea izan zen bizitza osoan. Gazterik, bonbardinoa jotzen ikasi zuelarik, herriko musika bandatan parte hartzen hasi zen; batez ere, eibartar liberal eta ezkertiarrek sortutako La Marcial musika bandan. Eskuin joerako musikariek Santa Zezilia banda sortu zuten, lehia egin nahirik, baina kalitatean alderik ez zuenez, La Marcial bandak jaso ohi zuen udalaren laguntza, asteburuetan kontzertu bana ematearren, eguerdian eta ilunabarrean.[44]

Udalak Eibarko Musika Banda sortzea erabaki zuenean, Amuategi eta La Marcial bandako musikari gehienak bertara pasa ziren, ordura arte lagunarteko giroan landutako zaletasuna modu ofizialagoan eta diziplina handiagoz hartzen baitzen banda berrian.[45]

Esperantoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika taldea Eibarren, 1915ean. Amuategi, ezkerretik lehena.

Amuategi esperantista saiatu bat izan zen, XX. mende hasierako beste zenbait sozialista eta ezkerreko liberal bezala. Gizaki guztien arteko berdintasunaren eta elkar ulertzearen ikurtzat hartzen zuten esperantoa. Eibarren esperantistak goiz esnatu ziren, 1905ean talde bat sortu baitzuten herrian, bilerak eta klaseak antolatzeko; gogoan izan behar da esperantoaren sortzaile Zamenhofek 1887an aurkeztu zituela hizkuntzaren oinarriak. Eibartar esperantisten artean, udal eskolako irakasleak zeuden, sozialista eta errepublikanoekin batera.[46]

Zezenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aquilino Amuategik zezen toreatzaile gisa saio batzuk egin zituen gaztetan, lagunekin batera. Garai hartako ohiturari jarraituta ―eta umore ukitu batez― adiskideek Chiclana goitizena jarri zioten, XIX. mendean ospe handia hartu zuen Chiclanero[oh 17] toreatzailearen aipamena eginez.[oh 18]

Sozialismoan murgildu zenean, ordea, Amuategik guztiz aldatu zuen ikuspegia zezenketei buruz, sozialisten aburuz ikuskizun bidegabe bat baitziren, giza aurrerabidearen aurkako.[47]

Zezenketak atzean utzi arren, Eibarren jende askok jarraitu zuen gaztetako goitizen hura erabiltzen Amuategiri deitzeko, baina euskarazko ahoskeraz, Txikilana moduan.[oh 19]

Amuategi lantegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi lantegiaren iragarki bat, 1950eko hamarkadan.
Ezkerretik hasita, bigarrena, Tomas Amuategi; laugarrena, Valentina Gisasola. 1955.

XIX. mende amaieran sortutako lantegiak luze iraun zuen, Amuategi izenarekin; Aquilino gaixotu ostean, 1917az geroztik, Tomas semeak hartu zuen zuzendaritza, 16 urte besterik ez zituela. Armagintzan, zehazki errebolber zilindroak egiten jarraitu zuen lantegiak urte batzuk, baina Lehen Mundu Gerrak sortarazitako krisi ekonomiko orokorrak eta, bereziki, armagintzaren sektorean izandako eragin latzak ekoizpena aldatzera eraman zuen, bizikletak egiteko piezak ekoiztera, alegia, 1920ko hamarkadan.

Espainiako Gerra Zibilaren ostean, agintari frankistek lantegia eta makinak bahitu egin zizkieten, bide judizialean trikimailuak erabilita. Nola edo hala, bahitura altxatzeko dirua ordainduta, eta izena aldatuta —Amuategi ez zutenez onartzen frankistek, Manuel Gorosabel izenaz—[48] 1941ean ekin zioten ostera ekoizpenari, bizikleta eta motozikleta piezak egiten.[oh 20]

Amuategi batailoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibarko Gazteria Sozialista Bateratuaren (JSU) ekimenez sortu zen Aquilino Amuategi izeneko batailoia; Eusko Jaurlaritzak eratutako Eusko Gudarostearen 35. batailoia izan zen, Tomas Meabe zutabearen 3.a, Eibarren kokatua, eta Kandido Eguren izan zuen komandante. 1936-1939 bitarte, Voz miliciana: órgano del batallón Amuategui aldizkaria argitaratu zuen.[49]

Eibartarrak nagusi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi batailoiaren ikurra.

Amuategi batailoiaz gordetako erregistroen arabera, batailoia osatu zuten milizianoetatik, erdia ia eibartarrak ziren, gehienak armaginak, izan metaleko langileak (armen metalezko osagaiak ekoizten zituztenak), izan zurginak (armen zurezko osagaiak lantzen zituztenak). Eibartarrez gain, gainerako miliziano gehienak ere gipuzkoarrak ziren, gutxi batzuk kanpokoak. Hortik etorri zen Amuategi batailoia Eibarrekin guztiz identifikatuta gelditzea, Eibarren kokatuta egoteaz gain, eibartarrak nagusi zirelako.

Amuategi batailoian Errepublikaren alde borrokatutakoen artean egon ziren, besteak beste: Migel Gallastegi pilotaria,[50][oh 21] Emiliano Manduca Rosales galiziarra,[51] eta Eusebio Arizmendi.[52]

Borrokan nabarmendu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuategi batailoiak parte hartze sutsua izan zuen euskal herri eta hiri askoren defentsan. Gerraren hasieran, Donostia babestera joan zen. Gero, Eibar babestera, Elgeta, Kanpazar eta Udalaitz arteko bidean. Eibar frankisten esku erori ondoren, 1937ko apirilaren 26an, Bilbo defendatzera joan zen.[oh 22]

Lemoatxako borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lemoatx mendia, airetik.

Amuategi batailoiak parte hartze erabakigarria izan zuen Lemoatxako borrokaren pasarte batzuetan. 1936-1939 bitarteko gerran, Lemoatx mendiak garrantzi handia hartu zuen, bai Errepublikaren aldekoentzat, bai frankistentzat. Izan ere, Bilbotik urre egonik (13 km inguru, lerro zuzenean), Zornotzatik eta Lemoatik Galdakaora doazen errepideak goitik menderatzeko aukera ematen zuenez, balio estrategikoa hartu zuen, Bilbo eraso nahiz babestu nahi zutenentzat.

1937ko maiatzaren 27an, Eusko Gudarostearen Simon Bolibar 70. batailoiak Lemoatx hartu zuen, Errepublikako Herri Armadaren 225. eta 230. batailoien laguntzarekin. Bi egun geroago, maiatzaren 29an, artilleriaz eta airez egindako eraso bortitz batez lagunduta, Falangeko bi konpainiak lortu zuten Lemoatx mendean hartzea, iluntzean.

Hurrengo egunetan, Errepublikaren aldeko indarrak saiatu ziren berreskuratzen mendiaren kontrola, baina ez zuten lortu ekainaren 5era arte, Amuategi batailoia, Dragones eta Rosa Luxemburgo batailoiarekin batera, erasora sartu zenean, eguraldi txarrak eta euriak frankisten hegazkinen lana eragozten zutela baliatuta. Alabaina, ekainaren 5eko ilunabarrean, matxinatu frankistek ostera berreskuratu zuten Lemoatx, artilleria indartsuaren laguntzaz. Simon Bolibar batailoiak 935 gizon galdu zituen Lemoatx mederatzeko borrokan.[53]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aitaren abizena Amurutegi gisa ageri da bataio agirian, baita ezkontza agirian ere, harrigarria dirudien arren. Amuategiren biloba Oier Gorosabelen ustez, familiaren jatorrizko Amurutegi etxearen izenak (Aginagako auzoan, egun eroria dago guztiz), Eibarko ahoskeran Amurutegi > Amutegi > Amuategi bilakaera izan zuen. Ikus Oier Gorosabel, «Amuategi-Gisasola artxiboko materialen liberazioa (CC-BY-SA) - 1». Eibar.org.
  2. Amurutegi > Amutegi > Amuategi bilakaeraren hipotesia bat dator Koldo Mitxelenak Fonética histórica vasca lanean ematen dituen azalpenekin (327-341. or.).
  3. Dataren arabera hurbileko erregistro bat kontsultatuta, ohar hau ageri da: «Debido a que el libro que contiene esta partida fue parcialmente quemado en tiempos de la Guerra civil (1936-1939), sólo se han podido extraer los datos señalados».
  4. Aquilino Amuategiren biografia osatu bakarra Antxon Narbaizak 2002an argitaratutako lana da; horregatik, erreferentzietan behin eta berriro aipatzen da.
  5. Amuategiren biloba Oier Gorosabelen ustez, XIX. mendearen amaierako Eibarko testuinguruan, era horretako gauzak ez ziren ohikoak ekonomikoki estu zebilen familia batean. Ikus Amuategi-Gisasola artxiboko materialen liberazioa (CC-BY-SA) - 1, Eibar.org
  6. Eibarko sozialisten Adelante aldizkarian sinadurarik gabeko artikulu batek («Venganzas odiosas y miserables») zioenez, 1901eko abuztuaren 10ean, Aquilino Amuategi kaleratu egin zuten Orbea lantegitik. Antxon Narbaizak (2002) aipatua, 12. or.
  7. Honela dio Aquilinoren biloba Oier Gorosabelek: «(...) endredu sindikaletan (horregaittik bialdu zeben Orbeanetik, amama Valentina atzetik urten zanian)». Ikus Oier Gorosabel (2021) «Amuategi-Gisasola artxiboko materialen liberazioa (CC-BY-SA) - 1». Eibar.org.
  8. Argazkia Eugène Pirou estudio ospetsuan egin zen, Parisen (Boulevard Saint Germain 5). Eugène Pirou (1841-1909) argazkilari eta zinemagile ospetsu bat izan zen; jende ezagunari egindako potretez gain, Pariseko Komunaren argazki sonatuen egile izan zen. Ikus Eugène Pirou, frantsesezko wikipedian.
  9. Pariseko nazioarteko erakusketatik La Lucha de Clases aldizkarira bidalitako kronikan, Amuategik eta bere adiskideek salatzen zuten, besteak beste, kaserna moduko batean eman zietela ostatu, eta protesta egin ostean onartu zietela, langile katolikoei bezala, hotel batean ostatu hartu ahal izateko diru zenbatekoa ematea. Ikus La lucha de clases, 1900-08-18.
  10. Aquilino Amuategiren heriotza difteriak eragin zuela pentsa badaiteke ere, haren biloba Oier Gorosabelek eztarriko minbiziz hil zela azaldu zuen. Ikus Oier Gorosabel (2021) «Amuategi-Gisasola artxiboko materialen liberazioa (CC-BY-SA) - 2.
  11. Aipatzen ari garen XX. mendearen lehen hamarkadatan, zinegotzi hautetsien agintaldiak bi urterako izaten ziren.
  12. Santiago Astigarraga Ibargain etxegintza sustatzaile aberats batzen, idi probatan eta ahari jokoan aritzen zena. Eibarko alkate izan zen 1914-1915 bitarte.
  13. Horrek polemika handi bat sortu zuen hedabide tradizionalistetan. Ikus El Pueblo Vasco, 1910-04-09. Antxon Narbaizak (2002) aipatua, 59. or.
  14. Zehazki, lau galdera haien gaiak ziren: 1, zergatik udaltzainek behartu zituzten herritarrak errespetuzko jarrera bat izatera, prozesio bat kalerik kale ibili zenean; 2, zergatik udaltzain bat joan zen prozesioaren buru, suziriak botatzen, udalak berariaz debekatua zeukanean; 3, zergatik uzten zitzaien apaizei eskean ibiltzea, udalak debekatua zeukanean eskekotasuna; eta 4, zergatik uzten zitzaion Elizari kanpaiak edozein ordutan jotzen, langileen loa eta lasaitasuna eragotziz. Ikus Antxon Narbaiza (2002), 61. or.
  15. Oier Gorosabelek paskin baten berri eman zuen, Aquilino Amuategiren mitinetako hizkera irrigarri utzi nahirik egindakoa, erdarakada larregi zituelakoan. Ikus Oier Gorosabel (2020), «Aittitta Akilinoren kontrako paskiña», Garagoittiko orakulua, Eibar.org.
  16. 1910eko otsailaren 27an, Donostiako Antzoki Zaharrean mitina eman zuten sozialistek eta errepublikanoek, elkarrekin. Amuategi euskaraz hasi zenean, entzule batzuek gaztelaniaz egiteko eskatu zioten, baina Amuategik euskaraz aritzeko arrazoiak azalduta, hala jarraitu zuen. Ikus El Pueblo Vasco, 1910-02-28. Ikus Antxon Narbaiza (2002), 31. or.
  17. José Redondo Domínguez (Chiclana de la Frontera, Cádiz; 1818 - Madril; 1853) toreatzaileak eraman zuen Chiclanero izengoitia.
  18. Amuategiren biloba Oier Gorosabelek dokumentu bat argitaratu zuen 2020an, Eibarko zezen plazan 1895eko ekainaren 9an egindako zezenketa baten programa. Toreatzaileen artean, Aquilino Amuategi ageri da, Chiclanero ezizenaz. Ikus Oier Gorosabel «1895eko korridia», Garagoittiko orakulua, Eibar.org
  19. Euskararen fonetikan -kl- hots konbinazioan kontsonante leherkaria galdu edo neutralizatzeko joeraz, ikus Koldo Mitxelena (1985) Fonética histórica vasca, 347 or.
  20. Amuategi lantegiaren historia 1917tik 1958ra xehetasun handiz bildu zuen Tomas Amuategik txosten batean, 1958ko otsailean enpresako bazkideei aurkezteko. Txostenaren hiru orriak hemen ikus daitezke: Casa Amuátegui - memoria 1958 -1, Casa Amuátegui - memoria 1958 - 2 eta Casa Amuátegui - memoria 1958 - 3.
  21. Migel Gallastegik bere lehen pilota partida ofiziala 1936ko ekainaren 29an jokatu zuen. Bi aste geroago, Amuategi batailoian sartu zen, Errepublikaren aldeko borrokan. Ikus «Miguel Gallastegi, la persona, el pelotari», Aiete.net
  22. Amuategi batailoiak gerran izan zuen partaidetzari buruz, ikus Santiago Arizmendiarrieta (2016) Mis memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero. Eibar, Eibarko Udala. ISBN: 978-84-89696-57-0.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bataio agiria: Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa DEAH/F06.067//2041/002-01(p.298,zk.--/B,1831-07-04).
  2. Bataio agiria: Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa DEAH/F06.061//1835/002-01(f.82r,zk.459/B,1838-09-25)
  3. Ezkontza agiria: Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa DEAH/F06.061//1848/003-01(f.58r,zk.49/M,1863-11-25)
  4. a b c d Antxon Narbaiza (2002), 12. or.
  5. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  6. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  7. Bataio agiria: Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa DEAH/F06.003//1020/001-01(f.79v,zk.--/B,1875-11-03
  8. a b Antxon Narbaiza (2002), 16. or.
  9. «Aro garaikidea — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  10. Ikus La Lucha de Clases, 1898-02-12.
  11. Ikus Oier Gorosabel (2021), 8.
  12. Ikus La Lucha de Clases, 1900-08-18.
  13. a b Antxon Narbaiza (2002), 17. or.
  14. (Gaztelaniaz) Tolosa, villa papelera. (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  15. Antxon Narbaiza (2002), 18. or.
  16. «Amuategui Acha, Aquilino - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  17. Ikus Euzkadi, 1913-10-07.
  18. Antxon Narbaiza (2002), 18-19. or.
  19. (Gaztelaniaz) Muñoz Bolaños, Roberto. (2014). «Severiano Martínez Anido (1862-1937). Militar y represor» Anatomía de la Historia (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  20. Ernesto Gorosabel «Akilino Amuategiren ihesa eta heriotza», Ahotsak.eus.
  21. Antxon Narbaiza (2002), 19. or.
  22. Toribio Etxeberria (2005), 303. or.
  23. Ikus La Voz de Guipúzcoa, 1919-03-14
  24. a b Antxon Narbaiza (2002), 20. or.
  25. guregipuzkoa. «Ibargain (Santiago Astigarraga) probalaria idi parearekin» Gure Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  26. Antxon Narbaiza (2002), 21. or.
  27. Antxon Narbaiza (2002), 22. or.
  28. «Aquilino Amuategi, musika bandako kide eta eibartar sozialista ezaguna - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  29. Antxon Narbaiza (2002), 47-48. or.
  30. Ikus La Voz de Guipúzcoa, 1910-11-07.
  31. Antxon Narbaiza (2002), 61. or.
  32. Igor Goñi Mendizábal (2008), 38. or.
  33. Antxon Narbaiza (2002), 79-80. or.
  34. Pere Pascual Domenech, ‎Paloma Fernández Pérez, (ed.) (2007), 406-408. or.
  35. Elena Catalán Martínez, Igor Goñi Mendizabal, Isabel Mugartegui Eguía (2017), 119. or.
  36. Ikus Rafael Sánchez (2019) El mitín en España. De la plaza de toros a la señal institucional. Bartzelona, Universitat Oberta de Catalunya (UOC). ISBN: 9788491804642.
  37. Ikus Esaú Rodríguez Delgado (2012) «La sustitución o redención para el servicio militar a mediados del siglo XIX» in Iberian. revista digital de historia. 4. zk., 2012ko maiatza /abuztua. ISSN: 2174-5633.
  38. a b Antxon Narbaiza (2002), 25. or.
  39. Antxon Narbaiza (2002), 26. or.
  40. Antonio Rivera (2008), 276. or.
  41. Antonio Rivera (2008), 275. or.
  42. Azpiri, Begoña. (1991). «Caleco biarguiñac... edo eguneroko kontuak euskaraz eman ezina gezurtatzen duen testua» Senez 11, 1991 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  43. Ikus Asier Sarasua (2005-07-04) «Caleco biargiñac basarricueri elesiñuen gañian», Eibartik, Eibar.org.
  44. Antxon Narbaiza (2002), 32. or.]
  45. «Aquilino Amuategi, musika bandako kide eta eibartar sozialista ezaguna - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-08).
  46. Antxon Narbaiza (2002), 49. or.
  47. Antxon Narbaiza (2002), 31. or.
  48. Ikus Ernesto Gorosabel, «Akilino Amuategiren lantegiaren izenak», Ahotsak.eus.
  49. Centro Documental de la Memoria Histórica. Signatura: REV-00151 (01).
  50. Ikus «Miguel Gallastegi, la persona, el pelotari», Aiete.net
  51. Ikus «Emiliano Manduca Rosales Davila». Foro Castelao.
  52. Ikus Urko Apaolaza (2020) «Eusebio Arizmendi gudari ohia. Frankismoak hila, herritarrek ahaztua» in Argia 2020-10-11.
  53. Ikus Jesus Fuentes Langas. Batalla de la Peña Lemona. Auñamendi Entziklopedia, 2021. Kontsulta data: 2021eko maiatzaren 11a.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]