Iberdrola dorrea

Wikipedia(e)tik
Iberdrola Dorrea» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Iberdrola dorrea
Bilbao - Torre Iberdrola 07.JPG
Ibedrola dorrea 2012ko otsailaren 12an.
Herria Bilbo, Bizkaia
Herrialdea  Euskal Herria
Koordenatuak 43°16′03″N 2°56′19″W / 43.2675°N 2.93861°W / 43.2675; -2.93861Koordenatuak: 43°16′03″N 2°56′19″W / 43.2675°N 2.93861°W / 43.2675; -2.93861
Garaiera 165 m
Solairuak 41
Helbidea Euskadi Plaza
Abandoibarra, Abando
Iberdrola dorrea Bilbo erdigunea-n dago
Iberdrola dorrea
Arkitektoa César Pelli
Eraikitzailea Promotora Vizcaina
www.torreiberdrola.es

Iberdrola Dorrea Bilbon 2007 eta 2011 urteen artean eraiki zen bulego dorrea da. Bilboko Abandoko auzoko Abandoibarra gune berriaren ikur nagusia da. César Pelli arkitekto argentinarraren lana da. Guztira 41 solairu eta 165 metroko altuera ditu, eta Euskadi Plazan kokaturik dago.

Eduki-taula

Proiektua [aldatu]

Aurrekariak [aldatu]

Abandoibarran garaiera handiko dorre bat eraikitzeko asmoa gunea berregituratzeko proposamenak 1990eko hamarkadaren hasieran argitaratzen hasi zirenetik egon da. Cesar Pelli arkitektoaren lehen masterplanean, dorreak 200 bat metroko altuera izatea espero zen. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren partehartzearen bitartez proiektua zehaztu zenean, dorrearen altuera 160 metro eta 35 solairuetan ezarri zen.

Dorreak, aldundiak Bilbo guztian zeuzkan bulego ezberdinak batzea zeukan helburu, hiriko hamaika eraikin ezberdinetan zehar banandurik. Horrez gain, dorrearen lehen solairuetan, pertsonentzako harreta-zerbitzua jartzeko asmoa zegoen. Dena dela, 2003. urtean Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak proiektua bertan behera utzi zuen, garestiegia izateagatik. Hurrengo urtean, 2004ean, Iberdrolak bere egoitza berria dorrean ezarriko zuela argitara eman zuen, eta beraz dorrea egiteko prest zegoela.

Iberdrolaren egoitza nagusia Gardoki kalean.

Iberdrolak, dorrearen azkeneko hamar solairuetan ezarriko du bere egoitza. Horrez gain, lehen zazpi solairuetan ABBA hotel kateak lau izarretako hotel berria eraikiko du, dorrearen gainerantzeko bulego solairuetatik bananduz. Hotelaren eta Iberdrolaren egoitzaren arteko bestelako bulegoak dorrearen sustatzaileak salduko ditu, hiriko enpresa ezberdinen artean.

Cesar Pelliren esanetan Bilboko itsasadarrean sartzen diren barkuek ikusiko duten lehen gauza izango da. Hori horrela izan dadin, dorrearen 36 solairuen gainean beste lau altxatuko dira, dorreak behar dituen azpiegiturak ezarri eta eraikinari altuera gehiago emateko, guztira 165 metro eskuratuz.

Dorrea, Iberdrolaren egoitza berria izango denez, enpresa honek Bilbon dituen beste eraikinak salduko ditu, Urkixo Zumarkalean, Gardoki kalean eta Bilboko San Adrian auzoan. Urkixo Zumarkaleko eraikina 2005 saldu zion Iberdrolak sustatzaile pribatu bati bertan bulegoak eta merkatal-gune txiki bat eraikitzeko, FNAC delakoa. Eraikinaren birgaitze lanak 2006. urtearen azkenerako amaitu ziren.

Gardoki kalean Iberdrolaren egoitza nagusia dago. Eraikin honek Bilboko udalaren babesa dauka, duen balio historikoa dela eta. Bertan luxuzko etxebizitzak eraikiko dira, baina eraikinaren egitura mantenduz. Lan hauek dirauten bitartean Iberdrolako langile batzuk enpresak San Adrianen duen eraikinera eramango dituzte.

Behin dorrea amaituta 2011an, eraikin guztietako langileak bertan biltzen dira.

Eraikuntza [aldatu]

Zulaketa [aldatu]

Obrak 2007. urtearen hasieran hasi ziren, eta lau urte beranduago burututa egotea da Iberdrolaren asmoa. Dorrearekin bi alboetan bi etxebizitza bloke eraikiko dira Carles Ferrater arkitektoak diseinaturik. Etxebizitza bloke hauek dorrearen aurretik eraikiko dira, eta lehenago amaitzekotan, lehenago amaituko litzateke dorrearen eraikuntza. Dorrearen lehen harria 2007ko martxoaren 26ean jarri zen.

Ondorengo hilabeteetan lurzoruaren egokitze lanak hasi ziren. Inguruan dauden hainbat egitasmoek, etxebizitzak, aparkalekua, Euskadi plaza berria... lanaren konplexutasuna areagotu egiten dute. 2007ko irailean behin egokitze lanak amaituta eta lurzoruaren sundaketa hasia zela, lurpeko solairuak izango direnen zulaketa hasi zen. Horretarako lehenik eta behin, dorrearen oinplanoaren perimetroa zehaztu eta markatu zen.

Urrian, zulaketak bost metroko sakonera eskuratu zuen. Aldi berean, Euskadi plazako lurpeko aparkalekuaren eraikuntzak aurrera jarraitu zuen, Iberdrola dorrearen kokagunetik oso hurbil. Abenduaren amaieran hamar metroko sakonera zeukan zuloak eta 2008ko urtarrilean zulaketa lanak amaitutzat eman zituzten.

Lurpeko egitura [aldatu]

Dorrea eraikitzen 2009ko irailaren erdialdean.

2008ko apirilean, dorrearen egitura lanak Afer taldeari esleitu zizkion Iberdrolak. Egitura eraikitzeko aurrekontua 40 milioi eurokoa izan zen[1]. Ordurako, dorrearen zutabeak lurraren azpitik hogei metrora ezarriak zeuden eta 82.000 metro kubiko lur eta harri atera behar izan zituzten zulaketa prozesuan.

2008ko apirilaren erdialdean, Gipuzkoako Jaso enpresak lehen garabia jarri zuen, dorrearen ondoko etxebizitza blokearen eraikuntzarako. Maiatzaren hasieran, dorrearen lehen garabia instalatu zen, 90 metroko altuerarekin. Egun batzuk beranduago bigarren garabia jarri zen eta ekainean dorrearen beste aldeko etxebizitza blokearen garabia. Dorrearen altuera dela eta, erabiliko den dorre-garabi altuenak 205 metroko garaiera izango du. 2008ko ekainaren 6an Iberdrolak dorreari buruzko webgunea martxan jarri zuen eta aste berean, dorrearen 21 igogailuak Schindler enpresarenak izango zirela eman zen jakitera.

Ekainean dorrearen altzairuzko egitura eta egituraren erdialdea eraikitzen hasi zen, lurpeko lehen solairuetan. Lurpeko eraikuntza lanak errazteko, beste garabi txiki bat jarri zuten uztailean. Bien bitartean Carles Ferrater arkitektoaren etxebizitza blokeen lurpeko solairuen eraikuntza amaitu eta Deustuko zubiaren ondoko blokea lurgaineko solairuen eraikuntzarekin hasi zen. Pixkanaka burdinezko egitura eta enkofratuak gorantz egin zuen.

Iberdrola dorrea 2009ko urriaren erdialdean.

2008ko abenduan, dorrearen eraikuntza errazteko "egitura autogorakariak" jarri zituzten, lur gaineko eraikuntzarekin hastean, eraikuntza azkartzeko.

Lur gaineko egitura [aldatu]

2009ko urtarrilaren erdialdean, dorrearen lurpeko solairuen eraikuntza amaitu eta lur gaineko solairuak eta dorrearen sarrera eraikitzen hasi ziren. Urtarrilaren 16an, lurpeko egitura eraikitzeko jarritako garabia kendu zuten. Dorrearen nukleoa gorantz egiten jarraitu zuen eta kanpoaldeko lehen habeak jarri zituzten. Otsaila bukatzerako, lehen solairuaren eraikuntza ia amaiturik zegoen. Martxoaren erdialdean dorrearen sarrera edo lobbyaren bigarren maila ere amaitu zuten eta sarreran aste batzuk lehenago jarritako zinbria kendu zuten. Hirugarren solairua apirilaren amaieran altxatu zuten, ondorengo solairu guztiak, bulego solairu normalak ziren.

Hilaren amaieran, dorrearen ekialdeko fatxadan jasogailua instalatu zuten, langileen joan-etorria errazteko. Laugarren solairua, bulego erabilera izango zuen lehena, egun batzuk beranduago amaitu zuten. Maiatza hasieran, egituraren azken solairuan, Iberdrolaren publizitatea jarri zuten, hilabete batzuk lehenago jarritako egitura autogorakarietan. Maiatzaren 17an egituraren seigarren solairua amaitu zuten, eta maiatzaren 25ean zazpigarrena.

Ekainaren 7an zortzigarren solairua amaitu, eta hirugarren solairuko porlanezko egituran, kristalezko gortina-hormadun fatxadaren xaflak eusteko metalezko atalak jartzen hasi ziren. Ekainaren 11an, dorreak 50 bat metroko altuera zeukan, eta garabietako baten txarrantxaketa burutu zuten Jasoko langileek, dorretako baten altuera 110 metrora igoaraziz. Ekainaren 12an egituraren hamargarren solairua amaitu zuten. Astebete beranduago, hamaikagarrena altxatzea lortu zuten.

Iberdrola dorrea Elkano kaletik ikusia 2010eko urtarrilean.

Uztailaren 2an, bigarren dorrea 130 metroko altuerara igoarazi zuten, eta kristalezko fatxadaren lehen xaflak jartzen hasi ziren, aste batzuk lehenago ezarritako metalezko atalei esker. Artean dorreak hamairu solairu zituen. Uztailaren 16an, Iberdrolak dorrearen barrualdearen eraikuntza Balzola enpresari esleitu zion 20 milioi euroko aurrekontuarekin.[2] Egun bat beranduago, eraikinaren kristalezko lehen solairua amaitu zuten, dorreak hamabost solairu zituela. Kristalezko bigarren solairua eta egituraren hamaseigarren solairua astebete beranduago amaitu zuten, uztailaren 26an.

Abuztuaren hasieran dorreetako bat berriro ere gorago igo zuten, 70 metro zituen egiturari lotuz. Uda garaian lanek etengabe jarraitu zuten gau eta egunez eta hilaren amaieran dorreak hogei solairu eta 84 metro zituen, berrogei urtez hiriko eraikinik altuena izandako BBVAren dorreak baino metro gutxi batzuk gutxiago. Azkenik, irailaren erdialdean, Iberdrola dorreak BBVAren eraikuntza gainditu zituen 22 solairu eta 91 metrorekin. Irailaren 23an, kristalezko fatxada jarrita zuten solairuak zortzi ziren. Bien bitartean, Iberdrola dorrea beteko zuten bezero eta enpresen bila hasi zen[3], lanean 600 langile baino gehiago zeuden bitartean[4].

Irailaren 28an 24. solairua amaitzearekin batera, Iberdrola dorreak, BEC dorrearen altuera berdindu zuen, eta hurrengo astean, 100 metroak gainditu eta Euskal Herriko eraikinik altuena bilakatu zen. Urriaren 2an dorretako baten altuera handitu eta 140 metrora igo zuten. Egun batzuk beranduago, Iberdrolako zuzendaria Ignacio Sánchez Galánek eraikuntza lanak bisitatu zituen[5]. Urriaren erdialdean, gortina-hormaren ezarpenak geldialdi txiki bat izan zuen, baina egiturak hazten jarraitu zuen, 27 solairu eta 105 metro. Azkenik, urriaren 27an fatxadaren jartzearekin jarraitu zuten 28. solairua amaitzen zuten bitartean.

Azaroaren 6an, 30. solairua altxatu zuten, Euskal Herrian lehen aldiz eraikuntza batek hainbeste solairu izan zituen lehen aldia. Azaroaren 13an, Iberdrola dorreak 31 solairu eta 119 metro zituen. 2009ko azaroaren amaieran, 33. solairua altxatzen hasi ziren, egiturak 130 metroko garaiera eskuratzen zuen bitartean.[6] Bien bitartean, eraikuntza dorretako bat 185 metrora arte luzatu zuten.

Gorengo garaiera [aldatu]

Otsailaren 18an Iberdrola dorrearen egitura 165 metrora iritsi zen[7], eta ondorengo asteetan heliportuaren instalazioa burutu zen. Egun hartan ekitaldia egin zuten azken solairuan, Ignacio Sánchez Galán, Iberdrolako presidentea, Iñaki Azkuna, Bilboko alkatea, eta Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Dorrea eraikitzen 2010eko uztailean.

Martxoan dorrearen sarrera edo "lobby-a" osatzen zuen altzairuzko egitura eraikitzen hasi ziren. 2010eko uztailaren 7an kristalezko gortina hormaren instalazioa amaitu zuten, 40. solairuan kristalezko azken xaflak jartzean[8].

2011ko martxoaren 22an, dorrearen egiturari atxikita geratzen zen azken garabia kentzen hasi ziren[9]. Dorrea zatika desmuntatu zuten eta martxoaren 28an burutu zuten. Garabia kentzearekin batera, dorrearen ekialdeko fatxadan jartzeko falta ziren azken kristalezko xaflak jarri zituzten. Bien bitartean, fatxada jartzen hasi zenetik pasa zen denbora zela eta martxoaren erdialdean kristalezko xaflak garbitu zituzten[10].

2011ko otsailan dorrearen goikaldean, Iberdrolaren logoa eta enpresaren izena jarri zituzten (kolore zurian). Dena den, astebete beranduago, letrek gehiegizko pisua zutela eta, kendu behar izan zituzten[11]. Azkenik hilabete beranduago, letra berriak jarri zituzten, kasu hontan kolore berdea erabiliz.[12].

Krisialdi ekonomikoaren eragina dorrean [aldatu]

2007an lehertutako higiezinen burbuilak eragina izan du Iberdrola Dorrean. Afer taldearen Promotora Vizcainak esaterako dorrearen bulegoak saltzeko asmoa zeukan, baina 2008ko urrian, dorrean zuen partaidetza saltzeko prozesua hasi zuen. Azkenik Iberdrola geratu zen eraikuntza enpresaren partaidetzarekin. Akzioen eskualdaketa prozesu hontan, urriaren 16an Bilbao Bizkaia Kutxak 80 milioi euroko inbertsioa egin zuen dorrearen akziodun bihurtuz.

Horrez gain, Promotora Vizcainarena den Abba Hoteles enpresak dorrearen lehen solairuetan zabaldu nahi zuen hotela, bertan behera geratu zen.

2009ko uztailaren 2an Afer taldearentzako lanean zeuden bi kontratek lanak utzi zituzten, Aferrek ordaindu ez zielako[13].

Iberdrola dorrean parte hartuko duten enpresak [aldatu]

  • Arkitektoa: Cesar Pelli
  • Eraikuntza enpresak: Promotora Vizcaina
  • Higiezinen Agentzia: Richard Ellis España, Apex Inmobiliaria
  • Ingeniaritza estrukturala: Idom
  • Zimendatze lanak: Terrabauer eta Cimentaciones Abando
  • Igogailuak: Schindler

Argazkiak [aldatu]

Ikus, gainera [aldatu]

Erreferentziak [aldatu]

  1. http://www.gremios-digital.com/pvnavarra/index.php?option=com_content&task=view&id=1260&Itemid=34 Gremios Digital webguneko albistea.
  2. http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20090716/vizcaya/acabado-interior-torre-iberdrola-20090716.html El Correo Español egunkariko albistea.
  3. http://www.deia.com/es/impresa/2009/09/21/bizkaia/herrialdeak/597727.php Deia egunkariko albistea.
  4. http://www.deia.com/2009/10/18/bizkaia/un-trabajo-con-vistas-la-torre-iberdrola-se-eleva-con-la-labor-directa-de-600-empleados Deia egunkariko albistea.
  5. http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20091005/local/galan-visita-torre-iberdrola-200910051136.html El Correo Español egunkariko albistea.
  6. http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20091129/vizcaya/cielo-metros-altura-20091129.html El Correo Español egunkariko albistea.
  7. http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20100218/vizcaya/galan-azkuna-bilbao-coronan-20100218.html Galán, Azkuna y Bilbao coronan hoy el techo de Euskadi El Correo Español egunkariko albistea.
  8. http://deia.com/2010/07/07/bizkaia/bilbao/la-torre-iberdrola-completa-su-fachada-de-vidrio La Torre Iberdrola completa su fachada de vidrio Deia egunkariko albistea.
  9. http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20110323/vizcaya/torre-iberdrola-desmonta-grua-20110323.html El Correo Español egunkariko albistea.
  10. http://www.deia.com/2011/03/20/bizkaia/la-torre-iberdrola-limpia-sus-fachadas Deia egunkariko albistea.
  11. http://www.deia.com/2011/02/24/bizkaia/ecos-de-sociedad/iberdrola-retira-los-luminosos-de-su-torre-por-un-problema-tecnico Deia egunkariko albistea.
  12. http://www.eitb.com/videos/noticias/sociedad/detalle/587901/la-torre-iberdrola-estrena-letras/ Eitb24.com webguneko bideoa.
  13. http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20090702/vizcaya/tension-llega-torre-iberdrola-20090702.html El Correo Español egunkariko albistea.

Kanpo loturak [aldatu]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Iberdrola dorrea


Aurrekoa
BEC Dorrea
Euskal Herriko eraikinik garaiena
2010-
Ondorengoa
Garaiena da
Aurrekoa
BBVAren Dorrea
Bilboko eraikinik garaiena
2010-
Ondorengoa
Garaiena da
Aurrekoa
BEC Dorrea
Euskal Herriko bulego eraikinik garaiena
2010-
Ondorengoa
Garaiena da