Zabalbide (Bilbo)

Koordenatuak: 43°15′22.30″N 2°55′22.66″W / 43.2561944°N 2.9229611°W / 43.2561944; -2.9229611
Wikipedia, Entziklopedia askea

Zabalbide

Bilbo, Zazpikaleak Begoña
Herrialdea
Probintzia
Udalerria
 Euskal Herria
 Bizkaia
Bilbo
Bilbo erdigunea
Zabalbide is located in Euskal Herria
Zabalbide
Zabalbide
Zabalbide is located in Bizkaia
Zabalbide
Zabalbide
Zabalbide is located in Bilbo
Zabalbide
Zabalbide
Koordenatuak: 43°15′22.30″N 2°55′22.66″W / 43.2561944°N 2.9229611°W / 43.2561944; -2.9229611

Zabalbide Zazpikaleetako San Anton elizatik hasi, gero Begoñatik pasa eta Egirleta mendateraino igotzen den Bilboko kalea da. Bilboko kale luzeena da, ia bi kilometro luze da. 250 metro altueraraino heltzen da.[1][2][3]

Goitibehera "zirkuitua" Aste Nagusian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goitibehera izan zen gerraosteko eta frankismo garaiko neska-mutilen denbora-pasa ezagunetariko bat. Ez zen jostailu-dendetan saltzen; bakoitzak egin behar izaten zuen, eta horixe izaten zen bere grazia. Fabriketatik, biltegietatik, lantegietatik eta zabor artetik apartatzen ziren ohol eta errodamenduekin fabrikatzen ziren,[4] eta dibertitzeko eta jokorako tresna bihurtu. Izenak berak adierazten duen legez, goitik beherako kaleak behar ziren goitibeherok gidatzeko. Bilbon Zabalbide kalea izan zen horretarako egokien antzekoa, bai zuen luzeragatik, eta baita aldats pikan zegoelako ere, Egirletatik San Antoneraino 253 metroko altueran jaisten da ia bi kilometroko ibilbidean.[2] Zabalbide kalearen hasierako aldapak (Fika kaleraino) erabiltzen dute Bilboko konpartsek Aste Nagusian antolatzen duten Goitibehera-Jaitsiera antolatzeko.[5][6][7]

Zabalbide kalean goitik behera eginez gero, Egirletan hasi (Santo Domingon) hasi, Zurbaran auzoaren ertzetik igaro eta Zumalakarregi etorbidea zeharkatu behar da, handik San Anton elizara ailegatu arte.[1]

Izena (Zabalbide eta Santa Klara)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko Zabalbide kalea eta "Begoñako Errepublikako" Santa Klara kalea 1929 baino lehenago.[8]

Zabalbide toponimoaren oinarrian Zabala izena dago, "Zabalako bidea" esan nahi du. Lehenbiziko karlistaldian, 1835ean, Bilboren defentsa hobetzeko asmoz hor zeuden baserri bi eraitsi zituzten: Zabala nagusia eta Zabala txikerra: Zabala Mayor eta Zabala Menor agiri idatzietan. Horien ugazaba Victoriano de Lecea izeneko bat zen, kalearen hasieran Zabala izeneko jauregia eraiki zuen familiakoa. Zabalbide moduan 1581. urtean ageri da dokumentaturik lehenengoz, Bilboko parrokia banaketa egin zen urtean, hain zuzen ere. Bilboko kalerik zabalena, luzeena eta altuena zen hiritarrentzat. Kale luzea eta historia luzea, beraz. Hantxe bertan zegoen Bilbo eta Begoña banatzen zituen muga-lerroa ere. Jagoleak hantxe egoten ziren zain, debekatutako produktuak handik igaro ez zitezen kontrolatzeko eta zergak ordaintzen zirela ziurtatzeko.[1][2][3]

1929ko maiatzaren 6an, Bilbok Begoña errepublika anexionatu zuenetik lau urte pasata, Begoñako Errepublikakoa zen Santa Klara kalearekin lotzeko erabakia hartu zuten Bilboko udalean, Baina garai hartako Begoñako Santa Klara kalea ez zen gaurko Bilboko Santa Klara kalea dena. Santutxu kalea hasten den tokian hasten ziren Begoñako lurrak orduan (frontoi bat zegoen gertu) eta hor hasten zen Santa Klara kalea ere eta Egirletako mendateraino heltzen zen, Bermeorako bidean.[9][8]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaitasuna aldizkaria (Zabalbide 68, 1953-1983)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaitasuna aldizkariko kredituak (1983)
Metro irteera Zabalbide kalean.

Euskarazko aldizkari aitzindari Anaitasuna Zabalbide kaleko 68an izan zuen egoitza 1983ra arte, Orain Zabalbideko Metro-irteera dagoen tokitik gertu.[10] [11]

Aldizkariak lan nabarmena egin zuen euskara batuaren zabalkundeari begira.[12] Imanol Berriatuak sortu zuen hilabetekaria 1953an. Hasieran Euskaltzaindiaren inguruan argitaratzen zen, Alfontso Irigoienen zuzendaritzapean.

Bilbo-Begoña-Santutxu alde horretan bizi ziren aldizkariko kolaboratzaile nagusi hauek: Xabier Kintana, Jose Ramon Etxebarria, Xabier Gereño eta Imanol Berriatua.

.

IKER taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SAIOKA taldea (1974-1992)[13]

Sortu berriak ziren ikastoletan material pedagogiko gutxi zegoenez, Jose Ramon Etxebarriak eta Kepa Martinez de Lagos-ek Iker Taldea Iker taldea antolatu zuten testu-liburuak idazteko. Sortutako liburuen artean SAIOKA saila eta Oinarrizko Hezkuntzarako zortzi mailetarako material pedagogikoa egon ziren. Ikastolen federazioetarako testugintza proiektu bat prestatu zuen Natxo Arregik. Espainiako Educación General Básica-ko zortzi mailetako testuak prestatu zituzten .programa ofiziala betetzeko moduko liburuak ziren, eta euskara batuan, noski. Erabat berritzailea zen hori. Natxo Arregiren ideia izan zen hori, pedagogia arloko ezagutza handia zuelako. Freinet, Freire, Piaget... teknika guztiak ikasi zituzten, eta berea izan zen proiektuen metodologia aplikatzearen ideia. Orain modan dagoen horixe bera, proiektuka ikastearena. Oso goi mailako irakasleak eta jende ezaguna aritu zen horretan: Iñaki Antiguedad, Arantxa Garmendia, Iñaki Zarraoa, Josune Ariztondo, Xabier Kintana, Imanol Añon, Kepa Martinez, Karmele Baelo... [14]

Zinematokia (Zabalbide 31, 1957-1987)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artagan zinematokia 1957an inauguratu zuten, Desirée filmaren proiekzioarekin. 1.300 eserleku zituen. Barietate-antzerki gisa ere funtzionatu zuen. 1987an, Infierno entre rejas filmarekin itxi zituen ateak.

Zabalbideko frontoia (Zabalbide 25, 1879-1936)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun 25. zenbakidun portalea dagoen lekuan, 1869an, “Zabalbideko Pilotalekua” inauguratu zen, oraindino Begoñako Errepublika zen hartan. Lehenagoko dokumentuetan Zabalbide auzoan Vista Hermosa etxeak zeukan pilotalekua aipatzen da; horrela bada, ezin da ziur jakin aurretik zelako taiua zuen.[1][15] Alboko horma etxekoa omen zen eta frontisa zuen,[15] Pala-jokoa eta ezker pareta asmatu barik zeuden garai hartan.

Pala pilota-aldaera Zabalbide frontoian sortu omen zen XIX. mendean.[2]

Garai hartako diseinu berritzailea zuen "ezker-pareta" motako pilotaleku berri hartan sortu zen pilotako pala jokoa frontisaren ezkerraldean bigarren pareta zeukan. Orduan ezarri zituzten pilota garaikidearen ezaugarriak eta jokatzeko moduak. Joko luzea (aurrez aurrekoa, laxoa edo errebotea adibidez) gainbeheran sartu zen eta gaur ezagutzen ditugun joko mota nagusiak (esku huska, pala, zesta modu desberdinak…) finkatu zituzten. Prozesu horretan Bilbo aldeak zer esan handia eduki zuen, bertan egin zituzten pilotaleku berrien inguruan ibili zirelako hala pilotaririk onenak nola zaletu ugari.[16]

Begoñako Errepublikako frontoi hura gutxi iraun zuen baina, zazpi urte geroago suntsitu baitzuten Bigarren Gerra Karlistan Bilbok jasandako bonbardaketetako batean. Hamar urte geroago berreraiki zuten, eta gainera bolatokia eta txakolindegia zeuden alboan.[2]

Arrakasta lortu zuen pala-joko berriak, eta frontoi horretatik figura handiak atera ziren, besteak beste Juan Guisasola, Begoñés I.a izenaz ezaguna, pala irauli zuen aurrelaria, hamabost urterekin Bilboko jokalari guztiak garaituta.[2] Frontoi horretara joateko joera handia eduki zuten "matzorriek"[17] eta txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpi Kaleetatik igotzen ziren pilotan edo boloetan jokatzera eta bertan txakolina eta sagardoa edatera.[1]

Ezkerparetako pilota-modalitate berriek lortu zuten arrakastarekin pilotaleku berriak egin zituzten geroago Bilbon, zein baino zein dotoreago eta handiago: Abando (1885), Deustua (1887), Amistad kaleko Recreo Bilbaino (1890), Euskalduna (1895)… Frontoi zaharretatik bakarrak zirauen, Zabalbidekoak. Eta txoko gehiago zeuden, zaletuentzat nahikoa baitziren horma sendo bi pilotan jokatzeko. Horietakoa zen, esate baterako, Begoñako Udaletxeko arkupea.[16][18]

Begoñés ezizena erabili zuen Begoñako pala jokalari batzuek, Zabalbideko frontoiarekin lotura estua eduki zuten, nahiz eta gero karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Miguel, Rafael eta Higinio Gisasola Bilbao) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Bigarren Karlistaldiaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aitita maisu zituztela.[19]

Frontoia behera bota zen Gerra Zibilaren ostean.[1]

Txakolindegiak (8)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1900ean baziren lau txakolindegi Zabalbide kalean: Antonio Gisasola (Santa Klara 1, frontoikoa, Gerra Zibilaren ostean eraitsi zuten[20]), Esteban Landa (Santa Klara 2), Lorenza Uriarte Jauregi (Santa Klara 5), Manuel Zubieta (Santa Klara 15), Matías Sarasola Arrola edo Gallaga gerra ostean (Santa Klara 28), Jose María Ibarra (Santa Klara 46) , Katezarra, eta Urruñaga.[21][22]

Zabalbide kalean bizi izan zen Pompeu Fabra (1908-1912)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pompeu Fabra katalanaren "Txillardegi" (1917)
Pompeu Fabra hizkuntzalari katalana Zabalbide kaleko Orue etxean bizi izan zen.

Pompeu Fabra, katalanaren eredu estandarra sortu zuena, Bilbon eta Begoñan bizi izan zen 10 urtez XX. mendeko hasieran. 1902an, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kimika-katedra irabazi zuen oposizio bidez. Nahiz eta Kataluniatik urrundu zen, urte haietan filologiarako dedikazioa areagotu egin zuen. 1912an, Bilboko Unibertsitateko katedra lortu ondoren, lanpostua utzi eta Kataluniara itzultzea erabaki zuen.[23][24][25][26][8]

Pompeu Fabrak idatzi zuen gramatika osatuena 1912an argitaratu zuen, hau da, Begoñan bizi izan zen azken urtean. Beraz, Fabrak Begoñako errepublikan idatzi zuen katalan batua finkatzeko gramatikarik osatuena.[24]

Iturribide-Zabalbide igogailua. Argazkiko ezkerraldean zegoen Orue jauregian1912an. Han bizi zen Pompeu Fabra.

Begoñako helbidea hau zen: Santa Clara, 6, 1r pis, (G.U.).[24] Baina garai hartako Begoñako Santa Klara kalea ez zen gaurko Bilboko Santa Klara kalea dena. Begoñako Errepublikako Santa Klara kalea Zabalbide kalearen jarraipen bihurtu zen Bilbok 1925ean Begoña anexionatu zuenean. Santutxu kalea hasten den tokian hasten ziren Begoñako lurrak orduan (frontoi bat zegoen gertu) eta hor hasten zen Santa Klara kalea ere, egun Zabalbide kalearen jarraipena dena.[27] Helbide horretan Orue jauregia zegoen, Pompeu Fabraren familia lehen solairuan bizi zen. 1937 eta 1942 urteen artean etxe hori emakumeentzako kartzela bihurtu behar izan zuten, gerra ondoko errepresio frankistaren ondorioz atxiloketa masiboak izan zirenean.[28][29] Geroago Santa Marta klinika izan zen, 1970eko hamarkadan etxea eta bere inguruko lorategia guztiz urbanizatu zen arte. Orube hartan etxebizitza ugari eraiki ziren, Santutxuko Remigio Gandasegi kalea eta Fagoaga Tenorea kalea sortu ziren orduan.[30] Kale horietan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte, Orue jauregian egon zen tokian bertan, gutxi gora behera. Beraz, toki horretan lan handia egin zuen Fabrak katalana berreskuratzeko, eta, kasualitatez edo, toki horrexetan lan aitzindaria egin zuen Karmelo ikastolak euskara berreskuratzeko.[8]

Larrinagako kartzela (1871-1950?)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santutxu auzoan udalak jarritako irudi publikoa. "ORUE TXALETA (espetxea 1937-1942). Frankismoak bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeen omenez."

Kale luze honetan, gaur egun Vicente Garamendi kaleko 17 eta 19 zenbakidun eraikinak dauden tokian ireki zen 1871n Larrinagako espetxea; frankismo garaian Bizkaiko kartzelarik garrantzitsuena bihurtu zen 1967 arte, hura itxi eta Basaurikoa eraiki zen arte.[2] Espetxe hartan Sabino Arana, Pilar Kareaga Bilboko alkatea eta Ramon Rubial izan ziren preso.[2]

Inguru horretako handikiak izan ziren Larrinagatarren arloetan eraiki izan zelako datorkio Larrinaga izena kartzelari; etimologiaz, larrin (= plazatxoa)+ -aga (plural atzizkia). Baserri-etxe bat egon zen han lehenago, 1859ko erroldan ageri dena. Zabalbideko kartzela moduan ere ezagutu izan da.[1]

Orue Txaleteko Emakumeen Kartzela (1937-1952)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pompeu Fabra bizi izan zen tokian, 25 urte geroago, Orue Txaleteko Emakumeen Kartzela 1937 eta 1942 urte artean emakumeei zuzendutako espetxe frankista izan zen. Larrinagako espetxearen masifikazioa arintzeko egokitua, 16 eta 86 urte arteko 3.000 emakume inguru igaro ziren espetxetik.

Komentuak (10)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoñako basilika Zabalbidetik

Begoñako basilika gertu egonda ugariak izan dira erlijio etxeak eta komentuak Zabalbide kalean: Aingeru Zaindariak (Angeles custodios), Stella Maris, Hijas de la Caridad, Adoratrices, Santa Klara, Refugio, Santa Monika, Artagan Erresidentzia, Ave Maria, Jesuitinak.

Rafaela Ybarra Aranbarrik eraginda, 1897ko abuztuaren 2an hasi ziren eraikitzen Zabalbiden Aingeru Zaindarien lehen ikastetxea. Behin-betiko inaugurazioa 1899ko martxoaren 24an egin zen. Hori izan zen Aingeru Zaindari Santuen Kongregazioaren lehen etxea, gero eraiki ziren beste guztien eredua.

Errefugioa eta Santa Monika komentuak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Goitia, Zuriñe. (2024-02-01). «Zabalbide kalea, goitik behera» Bilbao (Bilboko udala): 42..
  2. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Mujika, Jon. (2021-11-13). «Zabalbide, la calle que tanto cuesta» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  3. a b González Oliver, Javier. «Bilbaopedia - Zabalbide. Kalea» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  4. Bilboko Konpartsak. (2020). Zuk zeuk egin..goitik behera!. Youtube - Bilboko Konpartsak (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  5. «GOITIBEHERA JEITSIERA - VIII. OPEN ASTE NAGUSIA» Bilboko Konpartsak (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  6. (Gaztelaniaz) González, Oskar. (2023-08-20). «En imágenes: la bajada de goitiberas, todo un espectáculo en Aste Nagusia» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  7. (Gaztelaniaz) quintana, asier. (2022-08-21). «Aste Nagusia 2022 | Las goitiberas bajan a toda velocidad por Zabalbide: «Esto es un espectáculo»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  8. a b c d «Santutxun bizi zen Pompeu Fabra 1912an, geroago Karmelo Ikastola egongo zen tokian. -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  9. Abaitua Allende-Salazar, Eulalia.. ([2005]). Begoña 1900 : errepublika eta santutegia = república y santuario : [exposición. ] Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa = Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco ISBN 84-933868-1-2. PMC 433624862. (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  10. Larrea, Jose Maria. (1982). «Iazko kazeta zenbait» Anaitasuna (Bilbo: Anaitasuna) 417: 12-13..
  11. «"Anaitasuna" aldizkaria» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  12. Anaitasuna terminoaren azalpena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikaren web gunean.
  13. Etxebarria, Jose Ramon. (2018). «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  14. Rubio Iturria, Miren. (2019). «Jose Ramon Etxebarriari elkarrizketa» www.jakin.eus (Jakin.eus) (Noiz kontsultatua: 2020-08-27).
  15. a b (Gaztelaniaz) Estornés, Ceésar. (2020-04-02). «Pelota» Santutxu Zaharra (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  16. a b Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Bilboko pilotalekuak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  17. Sarasola, Kepa; Altuna, Ander. (2023). «Orri edo zorri? Zer da "matzorri" hori? -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  18. Arana Corral. «Historia (Begoñako Arana Corral familiarena)» www.aranacorral.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-01).
  19. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  20. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  21. Begoña 1900. Errepublika eta Santutegia // República y Santuario. Euskal Arkeologia, etnografia eta kondaira Museoa ISBN 84-933868-1-2..
  22. (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Urcaregui Urruchua, Alex. (2016-05-25). «Gregorio de Urcaregui y sus jarras de txakoli» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  23. (Gaztelaniaz) Miracle, Josep. (1967). Vida de Pompeu Fabra. Bruguera, 89 or. ISBN B 40197-1967..
  24. a b c (Katalanez) Paloma, David; Montserrat, Mònica. (2018). Ruta Pompeu Fabra Prada / Bilbao (PUBLICACIONS). rutapompeufabra.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  25. Artola Zubillaga, Xabier. (2020-07-16). Mediterraneo usaina – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2020-07-17).
  26. (Katalanez) Ruta Pompeu Fabra Bilbao. rutapompeufabra.com.
  27. Abaitua Allende-Salazar, Eulalia.. ([2005]). Begoña 1900 : errepublika eta santutegia = república y santuario : [exposición. ] Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa = Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco ISBN 84-933868-1-2. PMC 433624862. (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  28. «Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako - Santutxu - 2017-11-29» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
  29. (Gaztelaniaz) Fernández, J.. (2022-11-26). «Bilbao rescata del chalet Orue a sus 11 ‘rosas’» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
  30. (Alemanez) MUJERES ASESINADAS EN LA GUERRA DEL 1936. (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • González Oliver, J. Calles y rincones de Bilbao. Bilboko Udala-Ayuntamiento de Bilbao, 2007.
  • Basterretxea, A: Euskaldunen pilota jokoa / El juego vasco de la pelota. Euskal Museoa. Bilbo. 2009
  • Arocena, A: El frontón de Zabalbide y los Begoñés. Vida Vasca aldizkaria. Bilbo. 1954. 31 zkia. 194-195.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]