Guggenheim Bilbao Museoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Guggenheim Bilbao Museoa
Guggenheim Bilbao Museoa
Museoa, Ibaizabalen ertzean, Bilbon.
Herrialdea Bizkaia
Hiria Abandoibarra, Bilbo
Helbidea Abandoibarra etorbidea, 2
Posta-kodea 48001
Koordenatuak
Guggenheim Bilbao Museoa non dagoen adierazten duen Bilbo erdiguneko mapa
Guggenheim Bilbao Museoa
Guggenheim Bilbao Museoa (Bilbo erdigunea)
Irekitze data 1997ko urriaren 18a
Zuzendaria Juan Ignacio Vidarte
Telefono zenbakia 94 435 90 80
Faxa 94 435 90 39
www.guggenheim-bilbao.es

Guggenheim Bilbao Museoa arte moderno eta garaikideko museoa da,[1] Bilbon (Bizkaia) kokatua. Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak Ibaizabal ibaiaren parean eraiki zuen, Salveko zubiaren ondoan. Solomon R. Guggenheim Fundazioak kudeatzen du museoa, eta munduan beste bost museo dauzka.[2] Juan Ignacio Vidarte da zuzendaria.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoaren atrioa

Guggenheim Bilbao Museoa, Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak diseinatu zuen.

1997ko urriaren 18an zabaldu zuten, bertan Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta Espainiako errege Joan Karlos I.a egon zirelarik. Museoa dekonstruktibismoaren estilo arkitektonikoan eraiki zen, eta CATIA izeneko programa informatikoa erabili zuten museoa osatzen duten titaniozko pieza guztiak diseinatzeko[3].

Guztira 11.000 metro karratuko erakusketa azalera dago, hemeretzi galeria ezberdinetan banatuta. Erakusketa aretoez gain, liburutegi bat, auditorio bat, denda bat, jatetxe bat eta kafetegi batek osatzen dute museoa. Horrez gain, administraritza eta kudeaketa bulegoak, Mazarredo zumarkaleko gunean kokaturik daude.

Museoaren ekialdeko atrioak 50 metroko altuera dauka. Museoan erabilitako leihoek Natural 62 dute izena, eta Idom enpresa bizkaitarrak diseinatu zituen.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoaren sarrera

Museoa Bilbon egitea erabaki zenean eta Frank O. Gehry arkitektoa kontratatu zenean, eraikina non egin erabaki behar izan zen. Udaleko agintariek hasieran Alondegiako gunea eskaini zioten Frank Gehryri, baina honek ezezkoa eman zuen, leku hori txikiegia zelako berak zeukan kontzepturako.

Orduan Abandoibarrako guneko orube bat aukeratu zuten, Salveko zubia eta Mazarredo zumarkaleen bitartean, orubeak guztira 32.500 metro karratuko zabalera zeukan. Obrak 1995an hasi ziren eta bi urte t'erdiz luzatu ziren eta 30.000 milioi pezeta inguruko kostua izan zuten, gehiegizko kostuagatik kritika ugari jaso zirelarik. Hasieran, jende asko egon zen museoaren aurka.

Frank Gehryren erabaki pertsonala izan zen titanioa erabiltzea. Titanioa aukeratu aurretik beste 29 material desberdinekin aprobak egin ziren. Obrak hasi zirenean titanioak nazioarteko merkatuetan izandako prezio igoerak arriskuan jarri zuen museoaren eraikitzea, baina azkenik Errusiatik etorritako titanio merkeagoak obrak amaitzea posible egin zuen.

Obretan enpresa hauek hartu zuten parte, besteak beste:

Museoaren ikuspegi orokorra.

Museoaren inguruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puppy, lorezko txakurkumea

Museoaz gain, kanpoaldean konplexua osatzen duten osagaiak daude. Esaterako, Puppy txakurkumea, hamabi metroko altuera duena, Mazarredo Zumarkale parean kokatua. Bestalde itsasadarreko gunean Mamma izeneko armiarma dago, hamar metroko altuerarekin.

Museoaren aurrealde eta atzealdean, hau da, ekialde eta mendebaldean, bi laku txiki daude, aurrealdeko lakuak museoa eta itsasadarra elkartzea du helburu, eta horretarako zubi moduko bat eraiki zen bien artean. Zubi honek beste elementu artistiko bat osatzen du, eta noizbehinka laino moduko bat ateratzen da zubiaren azpitik.

Museoaren eta Salveko zubiaren ikuspegi orokorra.

Horrez gain, Frank Gehryk Salveko zubia museoarekin elkartu nahi izan zuen, eta horretarako museoaren alboan 57 metroko dorre bat eraiki zuen.[5] Dorreak helburu bakarra du, Abandoibarrako gunea zubiarekin batzea, horretarako eskailera batzuk eraiki ziren. Aurrealdeko lakuaren barruan sua botatzen duten bost su pizgailu daude, normalean arratsalde aldera.

Museoaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran kritika ugari jaso zituen udalak eta Bizkaiko foru aldundiak egiten ari zen inbertsioa gehiegizkoa zelako. Horrez gain, Euskal Herriko artista batzuk, Jorge Oteiza esaterako, uste zuten bertako eskultore eta egileei garrantzia gutxiago emango zitzaiela kanpoko egileen mesedetan.

Dena dela, argi eta garbi dago museoak eragin itzela izan duela Bilboko hirian, esan liteke Bilbo turismoaren nazioarteko mapan "ipinia" izan dela[6]. Urtero ehundaka milaka turista etortzen dira Bilbora museoari buruz entzundakoa euren begiekin ikustera. Horrek hotel, jatetxe eta turismoarekin loturiko hainbat negozioen garapena ekarri du. Horrek, milaka euroko eragina dauka hiriko eta Bizkaiko Barne Produktu Gordinean[7].

Museoaren 10. urteurrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007. urtean zehar Guggenheim Bilbao Museoak 10. urteurrena ospatuko duela eta, hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatuko dira. Horien artean, museoak aukeraturiko Daniel Buren arkitekto frantsesaren proposamena. Proposamenaren arabera ("Zeharkatzen" izenekoa), museoaren ondoko Salveko zubia eusten duen "arkua" gorriz margotuko da. Egileak dioenez, gorria zubiaren berde kolorearekin bat joango da eta museoaren forma kurboekiko kontrajarria.

Daniel Burenen proposamenaz gain, beste bi aurkeztu ziren museoak antolaturiko lehiaketara, bata Liam Gillick artista britainiarrarena, eta bestea Jenny Holzer estatubatuarrarena.

Eragina film eta telebistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Guggenheim Bilbao Museoa Aldatu lotura Wikidatan