Mongoliera: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Rescuing 1 sources and tagging 0 as dead.) #IABot (v2.0.8
Xabi22 (eztabaida | ekarpenak)
101. lerroa: 101. lerroa:


== Historia linguistikoa ==
== Historia linguistikoa ==
Aurkitu den mongolierazko idatzirik zaharrena Yisünggeko estela da, mongoliar idazkeran [[Petroglifo|harrian]] egindako idatzia, [[Kirol|kirolei]] buruzko informazioa ematen duena. Adituen arabera, idatzi hau [[1224]] eta [[1225]]. urteen artean egin zen. Mongolierazko lehen hitz zerrenda XIII. mendekoa da, Gandzakeko Kirakos historialari armeniarrak jasoa, 55 hitzez osatuta dago eta bakoitzari armenierazko itzulpena ematen dio. XIII. eta XV. mendeen artean mongolieraz egindako idatzi guztiak lau idazkera motetan egin ziren (Mendebaldeko idazkeran jasotako zenbait hitz salbu): [[Uigur]]-Mongoliar alfabetoa (UM, [[Uigur alfabeto|Uigur alfabetoaren]] aldaera), [['Phags-pa]] alfabetoa (Ph, dekretuetan erabilia), [[Txinatar karaktere|Txinatar alfabetoa]] (SM) eta [[Arabiar alfabeto|Arabiar alfabetoa]] (AM, hiztegietan erabilia). Mongolierazko idatzi zaharrenak izan arren, akademikoki "Tarteko Mongoliera" edo "Erta Mongoliera" garaien barnean kokatu izan dira idatzi hauek. UM idazkeran egindako idatziek zenbait ezaugarri linguistiko bereizgarri dituztenez, "Mongoliera Aurreklasiko" izenaz ere sailkatu izan dira.

Yuan dinastiak txinerazko "Guoyu" izenaz (Txineraz: 國語) ezagutzen zuen mongoliera. Izen horrek "Hizkuntza nazionala" esan nahi du eta termino hori Han dinastiak ez beste hainbatek erabili zuten haien hizkuntzei erreferentzia egiteko, adibidez, [[Qing dinastia|Qing dinastiak]] izen hori baliatu zuen [[mantxuera]] izendatzeko, [[Jin dinastia (265-420)|Jin dinsatiak]] [[jurtxen]] hizkuntza izendatzeko, [[Liao dinastia|Liao dinastiak]] berdin [[kitan]] hizkuntzarekin eta Iparraldeko Wei garaian hala izendatu zen [[xianbei]] hizkuntza.

Hurrengo periodo aipagarria mongoliera klasikoarena da, XVII. eta XIX. mendeen artean izan zena. Maila jasoko idazkera dugu hau, ortografia eta sintaxi aldetik estandarizatua eta hurrengo garaia den mongoliera modernotik argi bereizia. Garai honetako idatzi aipagarrienak mongolieraz idatzitako [[Kangyur]] eta [[Tengyur]] testuak eta hainbat kronika dira. 1686an [[Soyombo alfabeto|Soyombo alfabetoa]] sortu zen ([[Budismo|testu budistetan]] erabilia) eta honek mongoliera klasiko goiztiarraren ezaugarri fonologiko bereziak adierazgarri egin ahal izatea ahalbidetu zuen.


== Fonetika eta fonologia ==
== Fonetika eta fonologia ==

19:37, 13 ekaina 2021ko berrikusketa

Mongoliera
монгол хэл — ᠮᠣᠨᠭᠭᠣᠯ ᠬᠡᠯᠡ — ꡏꡡꡃ ꡢꡡꡙ ꡁꡦ ꡙꡦ
Datu orokorrak
Lurralde eremuaMongolia eta Txina (Barne Mongoliako eskualde autonomoan eta Liaoning, Jilin and Heilongjiangeko probintzietan)
Hiztunak5-6 milioi hiztun
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
hizkuntza nostratikoak
Altaitar hizkuntzak
mongoliar hizkuntzak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaSOV hizkuntza eta hizkuntza eranskaria
Kasu gramatikalaknominatiboa, genitiboa, dative-locative case (en) Itzuli, akusatiboa, ablatiboa, instrumentala eta komitatiboa
AlfabetoaMongolian (en) Itzuli, alfabeto zirilikoa, ʼPhags-pa (en) Itzuli, Soyombo (en) Itzuli, latindar alfabetoa eta Mongolian Cyrillic alphabet (en) Itzuli
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1mn
ISO 639-2mon
ISO 639-3mon
Ethnologuemon
Glottologmong1331
Wikipediamn
ASCL7902
IETFmn
Mongolieraz hitz egiten duen gizona

Mongoliera[1] (Mongγol kele edo Mongol khel; alfabeto zirilikoaz: монгол хэл [mɔŋɢɔ̆ɮ xeɮ]) altaitar hizkuntza da, Mongoliako mintzaira ofiziala dena eta hango biztanleen % 90ek inguru hitz egiten dutena. Txinako probintzia batzuetan ere ofiziala da. Guztira, bospasei milioi hiztun baino gehiago ditu. Mongolian Khalkha dialektoa da nagusi, eta idazkera zirilikoan edo mongoliar idazkera tradizionalean idazten da (batzuetan idazkera latindarrean ere bai, batez ere interneti eta sare sozialei begira), baina Barne Mongolian mongoliera askoz aberatsagoa da dialektologiari dagokionean eta bertan hizkuntza mongoliar idazkera tradizionalean idazten da.

Gramatikari dagokionean, mongoliera arautua Khalkha Mongoliera Estandarra da, aldaera hau erakusten da eskoletan eta hori jarraitzen da idazterako orduan. Badira mongoliar hizkuntza familiako kide diren buriatera eta oiratera mongolieraren dialektotzat hartzen dituztenak (beste hainbat ere bai), baina adierazpen horiek ez datoz bat nazioarteko estandarrarekin. Hau da, nazioartean hizkuntzatzat hartzen dira aipatutakoak, nahiz eta mongolieratik hurbil egon.

Banaketa geografikoa

Mongoliera Mongoliako hizkuntza ofiziala eta nazionala da. 2014ko datuen arabera, Mongolian 3.6 milioi pertsona inguruk hitz egiten dute mongolieraz (baina horiek guztiek ez dute idazten mongolieraz).[2] Txinako lurralde autonomo den Barne Mongolian ere mintzatzen da mongoliera eta lurralde hartan ere probintzia mailako hizkuntza ofiziala da, non 4.1 milioi mongoliar inguru bizi diren.[3] Txinan bizi diren mongoliar etniako 5.8 milioi pertsonen artean, gutxi gorabehera horien erdiak hitz egiten daki mongolieraz.[2] Alabaina, ezin da jakin Txina osoan zenbatek dakiten mongoliera, Txinako agintaritzak ez dituelako hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak argitaratzen. Barne Mongolian, mongolieraren erabilerak goraldi eta beheraldiak izan ditu azken mendeetan. Adibidez, hizkuntzak beheraldia izan zuen Qing periodoan zehar, baina suspertu egin zen 1947 eta 1965. urteen artean, ostera 1966 eta 1976. urteen artean berriz ere beheraldi batean sartzeko, eta gero, 1977 eta 1992. urteen artean bigarren susperraldia eduki zuen, baina urte horretatik 2012ra bitarte beheranzko joera eduki zuen.[3] Mongolierak Barne Mongolian beheraldiak eduki baditu ere hiriguneetan eta hezkuntza arloan, ez da berdina pasa txinera mintzatzen duten etnia mongoliarreko pertsonekin, horiek haien nortasuna mantentzen dute, Barne Mongoliako hirietan etnia nagusi delako.[4] Barne Mongoliako egoera linguistikoak, dirudienez, ez die oztoporik jartzen mongoliarrei euren hizkuntza mantentzeko lanak egitean.[5][6] Txinan badira zenbait mongoliar sendia, adibidez, Tumetak, euren jatorrizko hizkuntza (mongoliar familiakoa edo haren dialektoa) hitz egiteko gaitasuna erabat edo ia erabat galdu arren, euren burua mongoliar gisa identifikatzen jarraitzen dutenak eta Txinako agintaritzak ere hala sailkatzen ditu.[2][7] Mongoliar baten eta txinatar baten ezkontzatik sortutako haurrek ere mongoliar etniako kide gisa sailkatzea nahi badute, hartarako aukera dute (eta askotan hala egiten dute).[8] 2020an, Txinako gobernuak mongolieraz irakasten duten eskoletan hiru arlo — hizkuntza eta literatura, politika eta historia — mandarinez erakuts zitezela agindu zuen eta horrek protestak sortu zituen Barne Mongolian,[9][10] nahiz eta Txinako agintaritzak berehala deuseztatu zituen protesta horiek.[11]

Sailkapena eta dialektoak

Mongoliera mongoliar hizkuntzen familiako kide da. Mongoliar hizkuntzak mongoliar hizkuntza-familian duen tokia eztabaidaz betetako gaia da, izan ere, hizkuntza-familia horien kideei buruzko informazioa zaila da erlazionatzen eta antolatzen, hortaz, ezin dira ondorio argiak atera. Faltan botatzen dira mongolieraren garapen soziolinguistiko eta historikoari buruzko datuak. Mongoliar hizkuntza-familiaren kideen arteko fonologia eta lexiko-azterketa konparatiboak ondo garatuak dauden arren, oraindik ere ez dago oinarririk azterketa morfosintaktiko konparatibo bat egiteko, adibidez, Khalkha eta Khorchin bezalako aldaera zeharo desberdinen artean.

Mongoliar taldeko zenbait aldaeren izaera — hau da, aldaera horiek mongolieraren dialektoak diren edo hizkuntza burujabeak diren — eztabaidan dago. Mota horretako gutxienez hiru aldaera existitzen dira: oiratera (baita ere Kalmyk aldaera) eta buriatera, zeintzuk Errusian, Mongolian eta Txinan mintzatzen diren; eta ordosera, zeina Barne Mongoliako Ordos hiriaren inguruko lurretan mintzatzen den. Bestalde, Khalkha dialektoa alde guztietatik mongolieraren dialektotzat hartzen da, zeina Mongolian mintzatzen den. Esan daiteke hori dela adostatsun bakarra, hortik haratago ikuspuntu ezberdinak ditugu, adibidez, Sanžeev-en (1953) sailkapena, zeinak mongoliar hizkuntza hiru dialektok osatzen zutela babestu zuen: Khalkha, Chakhar eta Ordos aldaerek. Sailkapen horrek buriatera eta oiratera hizkuntza ezberdintzat ditu.

Beste ikuspuntu batek, Luvsanvandan-enak (1959), mongoliar hizkuntza zabalago bat proposatzen du, zeina hiru dialektok osatuko luketen: erdialdeko dialektoa (Khalkha, Chakhar, Ordos), ekialdeko dialektoa (Kharchin, Khorchin), mendebaldeko dialektoa (Oirat, Kalmyk) eta iparraldekoa (buriateraren bi aldaerek osatua). Bestalde, Language Policy in the People’s Republic of China: Theory and Practice Since 1949 (euskaraz, Hizkuntza-politika Txinatar Herri Errepublikan: Teoria eta Praktika 1949tik) lanean mongoliera lau dialektotan bana daitekeela adierazten da: Khalkha dialektoa erdigunean, Horcin-Haracin dialektoa ekialdean, Oirat-Hilimag mendebaldean eta Bargu-Buriad iparraldean.

Mendebaldeko zenbait adituren arabera, Ordosen hitz egiten den aldaera hizkuntza burujabetzat har daiteke bere egitura silabiko gordezalea eta aniztasun fonetikoarengatik. Alabaina, Alasha aldaeraren gisakoen sailkapenak, zeina Barne Mongoliaren eraginpe kulturalean dagoen, baina historikoki Oiratekin lotua egon den, eta Darkhad bezalako beste muga-aldaeren sailakpenak zalantzaz josi dezake edonor. Esan daiteke arazo nagusia Chakhar, Khalkha eta Khorchin aldaeren sailkapenean dagoela, nola sailkatu horiek elkarrekiko eta buriatera eta oriaterarekiko? Fonemetan, [tʃ] fonemaren [tʃ]-rako zatiketa *i-ren aurretik eta [ts] gainerako berreraikitako bokalen aurretik, zeina Mongolian aurki daitekeen baina ez Barne Mongolian, askotan funtsezko bereizgarritzat hartzen da; adibidez, proto-mongolierako *tʃil, Khalkhaeraz: /tʃiɮ/, Chakhareraz: /tʃil/ «urtea», eta proto-mongolierako *tʃøhelen, Khalkhaeraz: /tso:ɮəŋ/, Chakhareraz: /tʃo:ləŋ/ «gutxi» ditugu. Alabaina, iraganeko aditz-aurrizkietako -sŋ-ren zatiketa (erdiguneko aldaeretan gertatzen dena) eta ekialdeko aldaeretan egiten den -dʒɛ zatiketa pisurik gabeko bereizgarritzat hartzen da.

Barne Mongolian, bertako hizkuntza-politika ofizialek mongoliera hiru dialektotan banatzen dute: hegoaldeko mongoliera, oiratera eta barghu-buriatera. Hegoaldeko mongoliera Chakhar, Ordos, Baarin, Khorchin, Kharchin eta Alasha aldaerek osatzen dutela esan ohi da. Bertako erakundeek mongoliera estandarra erabiltzen dute, zeinaren gramatika hegoaldeko mongolieran oinarrituta dagoen eta ahoskera – Chakhar dialektoan (Zortzi Banderen Lautadan hitz egiten den eran). Dialektologiari dagokionean, hego-mendebaldeko mongoliar dialektoak Khalkhatik hurbilago daude hego-ekialdeko mongoliar dialektoetatik baino: adibidez, Chakhar dialektoak Khalkha gertukoagoa du Khorchin baino.

Mongoliar hizkuntzetan mongoliera edo «erdialdeko mongolieraz» gain, beste hainbat hizkuntza aurki ditzakegu, hala nola, daurrera (Mongolia ekialdean, Heilongjiangen eta Xinjiang lurraldeko Tacheng inguruan mintzatzen dena), ekialdeko Yugur hizkuntza, bonanera, dongxiangera, monguorrera eta kangjia hizkuntza, azken hauek Qinghai eta Gansu lurraldetan mintzatzen direlarik eta Afganistango mongoliera, zeina ziurrenik desagertuta dagoen.

Mongoliar hizkuntza-familiaren sailkapenari dagokionean, Altaiar teoriak dio (zeinak gero eta babes gutxiago duen hizkuntzalarien artean) mongoliar hizkuntza-familia altaiar hizkuntza-familia handiago baten kide dela. Familia handi horretan turkiar hizkuntzak eta tungus hizkuntzak ere egongo lirateke, eta baita ere koreera eta japoniera beren dialektoekin zenbaiten arabera.

Dialektoen zerrenda

Juha Janhunenen sailkapenaren arabera, 2003an argitaratua, ondorengo dialektoak ditu mongolierak, gehienak Barne Mongolian mintzatzen direlarik:

  • Tongliao taldea
    • Khorchin (Qurciv)
    • Jasagtu (Jasaqdu)
    • Jarut (Jarut)
    • Jalait (Jalajit)
    • Dörbet (Tuirbat)
    • Gorlos (Qhurlus)
  • Juu Uda taldea
    • Aru Khorchin (vAru Qurciv)
    • Baarin (Baqhariv)
    • Ongniut (vUvgniqhut)
    • Naiman (Naimav)
    • Aokhan (vAuqav)
  • Josotu taldea
    • Kharachin (Qaraciv)
    • Tümet (Tuimat)
  • Ulan Tsab taldea
    • Chakhar (Caqar)
    • Urat (vUrat)
    • Darkhan (Tarqav)
    • Muumingan (Muumivgqhav)
    • Dörben Küüket (Tuirbav Gaugat)
    • Keshigten (Gasigdav)
  • Xilingol taldea
    • Üdzümüchin (vUiczumuciv)
    • Khuuchit (Qaqhucit)
    • Abaga (vAbaqhe)
    • Abaganar (vAbaqhanar)
    • Sönit (Suinit)
  • Kanpo mongolieraren taldea
    • Khalkha (Qalqe)
    • Khotogoit (Quduqhujit)
    • Darkhat (Tarqat)
    • Tsongol (Cuvgqhul)
    • Sartul (Sartaqhul)
    • Dariganga (Tariqhavgqhe)

Juha Janhunen –«Mongolian» liburua– 2012koa

«Mongolian» (euskaraz, «Mongoliera») liburuan, Juha Janhunenek idatzitakoan, mongolieraren hizkuntza familia lau adar linguistiko ezberdinetan bananduta ageri da:

Hegoaldeko mongolieraren azpisailkapena

Mongolieraren hizkuntza-familiaren edo mongoliar hizkuntzen taldearen barnean hegoaldeko mongoliera adarra dagoela esan da arestian, zeina ondorengo zazpi hizkuntzez osatuta dagoen, ondorengo azpitaldeetan kokatzen direlarik hizkuntza horiek:

  • Shira Yughur
  • Monguor taldea
    • Mongghul
    • Mongghuor
    • Mangghuer
  • Bonan taldea
    • Bonan
    • Kangjia
    • Santa

Historia linguistikoa

Aurkitu den mongolierazko idatzirik zaharrena Yisünggeko estela da, mongoliar idazkeran harrian egindako idatzia, kirolei buruzko informazioa ematen duena. Adituen arabera, idatzi hau 1224 eta 1225. urteen artean egin zen. Mongolierazko lehen hitz zerrenda XIII. mendekoa da, Gandzakeko Kirakos historialari armeniarrak jasoa, 55 hitzez osatuta dago eta bakoitzari armenierazko itzulpena ematen dio. XIII. eta XV. mendeen artean mongolieraz egindako idatzi guztiak lau idazkera motetan egin ziren (Mendebaldeko idazkeran jasotako zenbait hitz salbu): Uigur-Mongoliar alfabetoa (UM, Uigur alfabetoaren aldaera), 'Phags-pa alfabetoa (Ph, dekretuetan erabilia), Txinatar alfabetoa (SM) eta Arabiar alfabetoa (AM, hiztegietan erabilia). Mongolierazko idatzi zaharrenak izan arren, akademikoki "Tarteko Mongoliera" edo "Erta Mongoliera" garaien barnean kokatu izan dira idatzi hauek. UM idazkeran egindako idatziek zenbait ezaugarri linguistiko bereizgarri dituztenez, "Mongoliera Aurreklasiko" izenaz ere sailkatu izan dira.

Yuan dinastiak txinerazko "Guoyu" izenaz (Txineraz: 國語) ezagutzen zuen mongoliera. Izen horrek "Hizkuntza nazionala" esan nahi du eta termino hori Han dinastiak ez beste hainbatek erabili zuten haien hizkuntzei erreferentzia egiteko, adibidez, Qing dinastiak izen hori baliatu zuen mantxuera izendatzeko, Jin dinsatiak jurtxen hizkuntza izendatzeko, Liao dinastiak berdin kitan hizkuntzarekin eta Iparraldeko Wei garaian hala izendatu zen xianbei hizkuntza.

Hurrengo periodo aipagarria mongoliera klasikoarena da, XVII. eta XIX. mendeen artean izan zena. Maila jasoko idazkera dugu hau, ortografia eta sintaxi aldetik estandarizatua eta hurrengo garaia den mongoliera modernotik argi bereizia. Garai honetako idatzi aipagarrienak mongolieraz idatzitako Kangyur eta Tengyur testuak eta hainbat kronika dira. 1686an Soyombo alfabetoa sortu zen (testu budistetan erabilia) eta honek mongoliera klasiko goiztiarraren ezaugarri fonologiko bereziak adierazgarri egin ahal izatea ahalbidetu zuen.

Fonetika eta fonologia

Bokalak

Mongoliako mongolierak zazpi bokal ditu. Bokalak laburrak edo luzeak dira; hizkiak bikoiztuz adierazten da hori. Mongolierak, beste hizkuntza eranskari askok bezala, singarmonismoa du.[12]

Aurrekoak Ertainekoak Atzekoak
Laburrak Luzeak Laburrak Luzeak Laburrak Luzeak
Itxiak i (и, й) iː (ии) u (ү) uː (үү)
Erdiko-itxiak ʊ (у) ʊː (уу)
Erdikoak e (э) eː (ээ) ɵ (o) oː (oo)
Erdiko-irekiak ɔ (о) ɔː (оо)
Irekiak a (а) aː (аа)

Hitzaren erdian dauden azentu gabeko bokal laburrak ez dira inoiz ahoskatzen: болох «izan» [болх], мэдэх «jakin» [мэдх].

Singarmonismoa

Mongolierazko bokal guztiak bi taldeetan banatzen dira: «gogorrak», hots, а, о, у, eta «bigunak», hots, э, ө, ү; и bokal berezia da eta ez du talderik. Hitz guztiek bokal «gogorrak» bakarrik edo bokal «bigunak» bakarrik izan behar dituzte; и bokala bi taldeetako bokalekin nahastu daiteke. Lehenengo silabak у duenean bigarrenak а izan behar du: хурал «biltzar»; lehenengo silabak о edo ө dituenean bigarrenak ere о edo ө izango ditu: орох «sartu», өвөл «negu».[13]

Kontsonanteak

Ezpainkariak Horzkariak Mihi-atzekariak Aho-gingilezkoak
Sinpleak Bigunak Sinpleak Bigunak Sinpleak Bigunak
Sudurkariak m n ŋ
Leherkariak Ahoskabeak/ahostunak p t ɡ ɡʲ ɢ
Hasperenketa duten ahoskabeak (pʰ) (pʲʰ) tʲʰ (kʰ) (kʲʰ)
Afrikariak Ahoskabeak ts
Hasperenketa duten ahoskabeak tsʰ tʃʰ
Igurzkariak Erdikoak (f) s ʃ x
Albokariak ɮ ɮʲ
Dardarkariak r
Erdi-bokalak w̜ʲ j

Ш eta ж beti bigunak dira; г kontsonantea bokal «gogor»ren aurretik aho-gingilezkoa da eta bokal «bigun»en aurretik eta hitzaren amaieran ahoskabea bihurtzen da; н bokal laburren aurretik [n] gisa ahoskatzen da eta beste kasuetan [ŋ] gisa ahoskatzen da; б kontsonantea л, м, н ondoren [b] gisa ahoskatzen da eta beste kasuetan [w̜] gisa ahoskatzen da.[14]

Azentua

Mongolierazko azentua lehenengo silaba, bokal luze bat edo diptongo batean dago.[15]

Gramatika

Mongoliera hizkuntza eranskaria da.[16] Artikulu honetan Mongoliako mongolieraren gramatikari buruz idazten da, beste dialektoak baztertuz.

Izenak

Numeroak

Mongolierazko izenek bi numero dituzte: singularra eta plurala, baina plurala adieraztea ez da beharrezkoa; pluralaren adierazleek izenen elkarteak adierazten dituzte sarri. Pluralaren adierazleak honako hauek dira: -нууд (-нүүд), -ууд (-үүд), -чууд (-чүүд), -д, нар (gizakiak adierazten dituzten hitzekin bakarrik erabiltzen da) eta -с.[17]

Atzizki horien erabileraren arauak honako hauek dira[18]:

  • izenak -н, -р, -л, -й, -ь, -гч, -аач, edo -ч(ин) dituenean amaieran -д atzizkia erabil daiteke plurala adierazteko; atzizki hori gizakiak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da nagusiki: сурагчид «ikasleak», уншигчид «irakasleak»;
  • izenak bokal labur bat edo diptongo bat dituenean amaieran -с atzizkia erabiltzen da (eta -й diptongo batean galtzen da): нохос «txakurrak», нялхас «haurrak»;
  • izenak kontsonante bat (-н izan ezik) edo galtzen den bokal bat dituenean amaieran -ууд (-үүд) atzizkia erabiltzen da: буга «orein» (azkeneko -а galtzen da) — бугууд «oreinak», байшингууд «eraikinak»;
  • izenak bokal luze bat edo diptongo bat dituenean amaieran -нууд (-нүүд) atzizkia erabiltzen da: тулаайнууд «untxiak», далайнууд «itsasoak»;
  • -чууд (-чүүд) eta -чуул (-чүүл) atzizkiek elkarteak sortzen dituzte: залуу «gazte» — заалуучууд, залуучуул «jende gaztea», ядуу «behartsu» — ядуучууд, ядуучуул «jende behartsua»;
  • нар (ez da hitzekin lotzen) atzizkiak ogibide berdina duten edo ahaidetasuna duten gizakien plurala adierzten du: эгч «arreba, ahizpa» — эгч нар «arrebak, ahizpak».
Kasuak

Mongolierak zortzi kasu ditu: nominatiboa, genitiboa, datibo-lokatiboa, akusatiboa, ablatiboa, instrumentala, adlatiboa eta komitatiboa. Izen guztiak «gogorrak» edo «bigunak» dira beren bokalen arabera (ikus «bokalak» atala).[19]

  • Mongoliera zaharrean nominatiboak -н adierazlea zuen: morin «zaldi», modun «zuhaitz», čilaγun «harri». Gaur egun mongolierazko nominatiboak ez du adierazle zehatzik, baina izenak kasuen (genitiboa, datibo-lokatiboa, ablatiboa eta instrumentala) arabera aldatzen direnean -н adierazle zaharra agertzen da batzuetan. Nominatiboan -аа partikula erabiltzen da eta hori bokatiboaren adierazlea da: Халиун аа! Чамд толь бичиг байна уу? «Haliun! Ba al duzu hiztegirik?».[20]
  • Genitiboaren galderak «nolako?» eta «norena?» dira eta haren adierazleak -ын, -ийн, -ы, -н eta -ий dira. Izenak bokal «gogorrak» dituenean eta kontsonante batekin amaitzen denean -ын atzizkia erabiltzen da: улс «herrialde» — улсын «herrialdearen, publiko»; -ы atizkia hitz «gogor»retan -н ondoren erabiltzen da: орон «lurralde, herri» (-o- galtzen da) — орны «lurraldearen, herriaren»; -н diptongo baten ondoren erabiltzen da: орой «arrats» — оройн «arratseko»; -ийн hitz «gogor»retan erabiltzen da -г, -ь, -ш edo -ч amaieran dituztenean, baita hitz «bigun»etan ere: өвөл «negu» — өвлийн «neguko»; -ий hitz bigunetan erabiltzen da -н amaieran dutenean (-н hori hitz aldatzerakoan agertu daiteke): хэл(эн) «hizkuntza» — хэлний «hizkuntzaren». Genitiboaren adierazlea duen hitza beti aurretik jartzen da euskaran bezala: байгшийн ном «irakaslearen liburua».[21]
  • Datiboaren adierazlea -д (-с, -г eta -р ondoren -т bihurtzen da) da eta -н- «galdua» (nominatiboaren adierazle zaharra) agertzen da beti: Энэ хүнд битгий хэл «Ez esan gizon honi». Datiboa higitzea adierazten duten aditzekin erabiltzen da sarri. Lokatiboak zein tokian ekintza bat jazo den adierazten du: фабрикад ажиллах «lantegian lan egin».[22]
  • Akusatiboaren adierazleak -г, -ыг eta -ийг dira; izenak bokal luze bat edo diptongo bat amaieran dituenean -г erabiltzen da: дуу — дууг; -ыг hitz «gogor»retan kontsonante eta bokal laburren ondoren erabiltzen da: ном — номыг; hitz «bigun»ek -ж, -ч, -ш, -г, -и edo -ь amaieran dituztenean -йиг erabiltzen da: эх — эхийг, засаг — засгийг. Azkeneko bokal laburrak galtzen dira: гэрэл — гэрлийг.[23]
  • Ablatiboaren galderak «nondik?» eta «zergatik» dira eta haren adierazleak -аас, -ээс, -оос eta -өөс dira: Ээж ажлаас ирэв «Ama lanetik itzuli da», Энэ надаас болсон хэрэг «Niregatik jazo da hori»; kasu hori alderatzerakoan erabiltzen da ere: Дорж Болдоос сайн сурдаг «Dorj Bold baino hobeto ikasten du». Kasu horrek н «galdua» gordetzen du.[24]
  • Komitatiboaren adierazlea -тай, -тэй, -той dira eta haren galderak «norekin? zerekin?» eta «zenbat?» dira; «eduki» aditza adierazteko erabiltzen da ere: Би хүүхэдтэй «Seme-alabak ditut» (hitzez hitz: «Seme-alabekin nago»), Би хорин настай «Hogei urte ditut».[25]
  • Instrumentalaren galdera «nola?, zeren bitartez?» da eta haren adierazleak -аар, -ээр, -оор, -өөр dira: зам «bide» — замаар, өвөл «negu» — өвлөөр. Izenak bokal luze bat amaieran duenean adierazleen aurretik -г- jartzen da: бараа «salgai» — бараагаар. Izenak bokal labur bat edo kontsonante bigun bat amaieran dituenean instrumentalaren adierazleak -иар eta -иор dira: тамхи «tabako» — тамхиар, морь «zaldi» — мориор. Kasu horrek erak, bitartekoak, zerbait ekoizteko erabiltzen diren gaiak eta ekintza baten zergatiak eta helburuak adierazten ditu.[26]
Ukapena

Izenekin egiten den ukapena биш hitzaren bidez osatzen da: Энэ ном биш «Ez da liburu bat».[27]

Aditzak

Mongolierazko aditzek hiru forma nagusi dituzte: aditzakoa, partizipiokoa eta ekintza osagarrikoa. Hizkiak aditzen erroei gehitzen zaizkie, adibidez, явах aditzak яв- erroa, -а- bi zati lotzeko erabiltzen den bokala da eta -х infinitiboaren adierazlea ditu.[28]

Aldiak

Etorkizuna adierazteko infinitiboa erabiltzen da: Багш маргааш явах юм «Irakaslea bihar etorriko da»; eragozpenak daudenean юм partikula aditzaren ondoren jartzen da: Би Монгол явах юм «Mongoliara joango naiz (baina ez nago ziur)»; юм байна hitzek halabeharrezko ekintza bat adierazten dute: Тэр хүн ирэх юм байна «Gizon hori etorriko da (eta ziur nago)».[29]

Etengabeko ekintzak -даг, -дэг, -дог eta -дөг atzizkien bidez adierazten dira: Би энд байдаг «Hemen bizi naiz».[30]

Irauten duen orainaldia байна hitzaren bidez adierazten da: Би ажил хийж байна «Lan egiten ari naiz».

Lehenaldia adierazteko atzizki asko erabil daitezke: -в, -лаа (-лээ, -лоо, -лөө), -жээ (-чээ) eta -сан (-сэн, -сон, -сөн). Liburuetako hizkuntza eta galdegiterakoan -в atzizkia erabiltzen da: Таа сайхан амрав уу? «Atseden ona hartu al duzue?»; -лаа atzizkiak duela gutxiko ekintzak adierazten ditu, horrelako ekintzak orainalditik hurbil daude: Би явлаа «Alde egin dut», atzizki hori ekintzaileak berak egin edo ikusi zuen ekintzak adierazteko erabiltzen da; -жээ atzizkiak aspaldeko ekintzak adierazten ditu: Эрт урьт цагт эмгэн өмгөн судаг байжээ «Duela urte asko gizon zaharra eta bere emaztea bizi ziren», atzizki horrek ekintzaileak berak egin edo ikusi ez zuen ekintzak edo ustekabean jazo ziren ekintzak adierazten ditu: Би үзэг мартажээ «Bolaluma ahaztu dut / nuen»; -сан lehenaldiaren atzizki neutralena da, юм hitzarekin nagusiki erabiltzen dena: Багш ирсэн юм «Irakaslea etorri da / zen».[31]

Moduak

Inperatiboa adierazteko aditzen erroak behar dira: явах «ibili, joan» — яв! «zoaz!».[32]

Ukapena

Aditzekin erabiltzen den ukapena -гүй atzizkiaren bitartez adierazten da: Би явахгүй «Ez naiz joango»; битгий eta бүү partikulak debekatzeko erabiltzen dira: Бүү ярь «Ez esan (esateko baimenik ez duzu)»; indikatiboan aditzaren aurretik эс eta үл partikulak ere jar daitezke: Би үл мэднэ «Ez dakit».[33]

Ekintza osagarriak

Aldi berean jazotzen diren bi ekintza daudenean horietako bat ekintza osagarria bihurtzen da eta -ж (-ч) atzizkia jasotzen du: Би ном ушиж сууна «Eserita nago eta liburua irakurtzen dut».

Izenondoak

Mongolierazko izenondoak ez dira inoiz aldatzen: сайн ном «liburu ona» — сайн номыг (akusatiboa).[34]

Partizipioak

Orainaldiko mongolierazko partizipioak -аа, -ээ, -оо eta -өө atzizkien bitartez osatzen dira; aditzaren erroak bokal bat edo erdi-bokal bat amaieran duenean -г- gehitzen da: байх «egon» — байгаа «egoten den».[35]

Joskera (sintaxia)

Mongolierazko esaldiek hitz ordena zehatza izan behar dute. Aditzek esaldiak amaitzen dituzte eta subjektua aditzaren aurretik jartzen da beti; izenondoak izenen aurretik jartzen dira eta aditzondoak aditzen aurretik jartzen dira. Adibidez, Оуютан ном сайн уншина «Ikasleak liburua ondo irakurtzen du»: оуютан «ikaslea(k)», ном «liburu», сайн «ondo», уншина «irakurtzen du».[36]

Galderak

Galdegiteko partikulula bereziak erabiltzen dira, esaldien amaieretan beti jartzen direnak: Энэ ном уу? «Hori liburu bat al da?», Энэ ширээ юү «Hori mahai bat al da?»; бэ (м, н eta л ondoren) eta вэ partikulak galderazko hitzak dituzten esaldietan erabiltzen dira: Энэ хэн бэ? «Nor da hau?»; «edo» hitza duten galderazko esaldiak partikulak berresateaz osatzen dira: Энэ ном уу, дэвтэр үү? «Liburu bat edo koaderno bat da hori?».[37]

Lexikoa

Mongolierak, beste hizkuntzak bezala, bere lexikoan hitz jatorrak eta maileguak ditu.

Mongolierak bere garapenaren bidean hizkuntza askotatik hartu zituen hitzak. Turkiar hizkuntzetatik: оточ «sendagile», шат «eskailera», буурцаг «ilar»; sankritotik: тив «kontinente», чавганц «moja», хийд «monasterio»; tibeteratik: даваа «astelehen», лхагва «asteazken», аравнайлах «argitu»; txinerazko maileguak garai ezberdinetan etortzen ziren: цай «te», байцаа «aza», лууван «azenario», жанжин «gudarostearen buruzagia» eta besteak. Beste hizkuntzetatik hartutako hitzak ere badaude, adibidez, errusieratik, persieratik, arabieratik.[38]

Hitz berriak sortzea

Aditzen erroetatik -л, -лт eta -дал atzizkiak erabiliz izenak sortzen dira: явах «ibili, joan» — явдал «gertaera, jazoera».[39]

Hitz askok esanahi bat baino gehiago dituzte: татах «tiratu», татвар татах «zerga bildu», ус идээ татах «jateari edo edateari utzi».[40]

Idazketa

Mongolieraren idazketa zaharra

Mongoliako mongolierak alfabeto zirilikoaren aldaera erabiltzen du gaur egun; aldaera horrek 35 hizki ditu, baina к, ф, щ eta п maileguetan bakarrik agertzen dira; в eta р ez dira inoiz hitzaren hasieran agertzen[41]:

Zenbakia Alfabeto zirilikoa Izena NAF (hotsa) ISO 9 Latindar alfabetoa, lehenengo aldaera Latindar alfabetoa, bigarren aldaera Latindar alfabetoa, hirugarren aldaera
1 Аа а a a a a a
2 Бб бэ p, pʲ, b b b b b
3 Вв вэ w, wʲ v v w v
4 Г г гэ ɡ, ɡʲ, k, ɢ g g g g
5 Дд дэ t, tʲ, d d d d d
6 Ее е jɛ~jɜ, e e ye, yë ye, yö e
7 Ёё ё ë yo, yö yo ë
8 Жж жэ tʃ, dʒ ž j j zh
9 Зз зэ ts, dz z z z z
10 Ии и i i i i i
11 Йй хагас и i j ĭ i ĭ
12 (Кк) ка (kʰ, kʰʲ) k k k k
13 Лл эл ɮ, ɮʲ l l l l
14 Мм эм m, mʲ m m m m
15 Нн эн n, nʲ, ŋ n n n n
16 Оо о ɔ o o o o
17 Өө ө o ô ö ö ȯ
18 (Пп) пэ (pʰ, pʰʲ) p p p p
19 Рр эр r, rʲ r r r r
20 Сс эс s s s s s
21 Тт тэ tʰ, tʰʲ t t t t
22 Уу у ʊ u u u u
23 Үү ү u ù ü ü
24 (Фф) фэ, фа, эф (f) f f f f
25 Хх хэ, ха x, xʲ h x kh kh
26 Цц цэ tsʰ c c ts ts
27 Чч чэ tʃʰ č č ch ch
28 Шш ша, эш ʃ š š sh sh
29 (Щщ) ща, эшчэ (stʃ) ŝ šč shch shch
30 Ъъ хатуугийн тэмдэг ʺ ı ʺ ı
31 Ыы эр үгийн ы i y y î y
32 Ьь зөөлний тэмдэг ʲ ʹ ʹ ĭ i
33 Ээ э e è e e ê
34 Юю ю jʊ, ju û yu, yü yu, yü iu
35 Яя я ja, j â ya ya ia

Soziolinguistika

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2007-03-30). 38. araua - Munduko estatu-izenak. .
  2. a b c Janhunen, Juha. (2012-11-29). Mongolian. John Benjamins Publishing Company, 11 or..
  3. a b Linda, Tsung. (2014-10-27). Language Power and Hierarchy: Multilingual Education in China. Bloomsbury Academic.
  4. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 84 or..
  5. Janhunen, Juha. (2012-11-29). Mongolian. John Benjamins Publishing Company, 16 or..
  6. Otsuka, Hitomi. (2012-11-30). More Morphologies: Contributions to the Festival of Languages, Bremen,17 Sep to 7 Oct, 2009. , 99 or..
  7. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 56, 64-67 or..
  8. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 61 or..
  9. (Ingelesez) Shih, Gerry. «Chinese authorities face widespread anger in Inner Mongolia after requiring Mandarin-language classes» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  10. (Ingelesez) Qin, Amy. (2020-08-31). «Curbs on Mongolian Language Teaching Prompt Large Protests in China» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  11. (Ingelesez) «Parents Keep Children Home As China Limits Mongolian Language In The Classroom» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  12. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 4-5 or..
  13. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 5 or..
  14. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 6-7 or..
  15. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 5 or..
  16. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 14 or..
  17. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 71 or..
  18. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 75-80 or..
  19. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 81 or..
  20. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 81-82 or..
  21. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 29-30 or..
  22. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 41, 87 or..
  23. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 56 or..
  24. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 70 or..
  25. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 71 or..
  26. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 93-94 or..
  27. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 31 or..
  28. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 14-16 or..
  29. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 17-18 or..
  30. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 29 or..
  31. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 40-41 or..
  32. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 16 or..
  33. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 31, 41 or..
  34. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 15 or..
  35. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 54 or..
  36. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 15 or..
  37. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 30 or..
  38. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 32-35 or..
  39. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 56 or..
  40. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 12 or..
  41. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 4 or..

Kanpo estekak

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.