Bizkaiko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Bizkaiko historia Paleolitoan hasi zen, hainbat kobazulotan aurkitu diren margoek adierazten duten bezala. Erromatarrek eragin eskasa izan zuten lurraldean eta hori dela eta euskarak bizirik dirau gaurdaino.

Bizkaia bera Erdi Aroan eratu zen, Bizkaiko jaurerriaren sorrerarekin, eta 1200. urtean Gaztelak konkistatu zuen.

Aro Modernoan gune komertzial eta industriala bilakatu zen, batez ere Bilboko Portua dela eta, Gaztelako portua bilakatu baitzen. XIX eta XX. mendeetan burdinak eta feudalismo ezak industrializazio azkarra garatu zuten.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitiko Ertaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakien lehenengo aztarnak Bizkaian (Neanderthalak) garai honetan gertatu ziren. Musteriar tresnak aurkitu dira Benta Laperra, Kurtzia eta Muruan.

Paleolitiko Berantiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santimamiñen Chatelperroniar kultura aurki daiteke. Hau Homo sapiensi edo Neanderthalei egotzi ahal zaie.

H. sapiensekin zuzenki loturiko aztarnategi garrantzitsuenak hauek dira:

Paleolitoko artea ere agertu da. Benta Laperran bisonte eta hartzak agertzen dira. Arenatza eta Santimamiñen ere hainbat animalia daude: lehenengoan gizakiak, batez ere emakumeak agertzen dira eta bigarrenean bisontea, zaldiak, ahuntzak...

Mesolitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aziliar kulturaren garaia dao, ehizarekin baina batez ere arrantzarekin eta fruituekin. Santimamiñe da berriro ere garai honetako aztarnategirik garrantiztusnea. Arenatza eta Atxeta ere garrantzitsuak dira. Silibranka eta Bolinkoba, Lumentxa, Urtiaga eta Santa Catalinan ere aurkitu dira aztarnak.

Neolitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitikoaren lehenengo aztarnak K. a. 4. milurtekoan agertu ziren Euskal Herrian, baina aldaketek oraindik ere beste milurteko bat beharko zituzten gertatzeko. K. a. 3. milurtekoan abeltzaintza eta nekazaritza agertu ziren. Hala ere Bizkaian ez zen egon aldaketa handirik eta Kobeaga, Santimamiñe eta Arenazan aurki daitezke abeltzaintzaren lehenengo aztarnak: ardiak eta ahuntzak.

Aldi berean monumentu megalitikoak egin ziren, trikuharriak batez ere.

Kalkolitikoa eta Brontze Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetan kobazuloetatik kanpo bizitzen hasi ziren Bizkaian, nahiz eta oraindik ere erabiltzen ziren. Ehiza geroz eta eskasagoa bilakatu zen abeltzaintzari ezker. Metalezko tresnak erabiltzen hasi zen, nahiz eta oraindik harrizkoak erabili.

Buztingintza agertu zen, dekorazio gabekoa, Beaker kultura agertu zen arte.

Bizkaia osoan hedatu zen biztanleria, gune irekietan kanpementuak sortzen, nahiz eta kobazuloak erabiltzen jarraitu.

Burdin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztarnategi gutxi daude garai honetan. Kobazuloak utzi ziren eta zaila da zerbait aurkitzea. HAla ere oraindik Santimamiñe, Arenaza eta Lumentxan aztarnak daude.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar geografoek hainbat datu eman zituzten antzinako bizkaitarren inguruan. Euren esanetan bi tribu zeuden gaur egungo Bizkaian: Karistioak eta Autrigoiak. Karistioak Bizkaiaren erdialdean bizi ziren, Bilbotik ekialdera, Arabako iparraldean eta Debako ibarrean. Autrigoiak Bizkaia eta Arabako mendebaldean bizi ziren, Kantabria, Errioxa eta Burgosen ere bizi zirelarik. Toponimia aztertuta uste da euskara hitz egiten zutela [1] . Bizkaieraren muga Karistioen eremuan kokatuko litzateke.

Ez dago inongo berririk euskaldunek erromatarrei aurka egin zietela dioenik, feudalizazioaren garaian izan ezik. Flaviobriga eta Portus Amanus nonbait egongo ziren Bizkaian, baina ez dira aurkitu. Foruan, Gernikatik gertu, erromatar presentzia egon zela aurkitu da [2] .

Erromatarren garaiko azkeneko epean feudalizazioa eman zen eta badirudi erresistentzia izan zela aldaketa horren aurka, bai eta matxinada batzuk ere.

Erromatar Inperioaren krisia eta Antzinate Beranta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal gizartearen antolakuntzaren erakusgarri da Gernikako Arbola.

“Bizkaia” terminoa ez da iturri historikoetan agertzen IX. mendera arte. Ez da beraz Antzinateko izena eta ez da ezagutzen garai honetan inongo entitate politikorik osatuko zuenik.

Behe Inperioan (Diokleziano enperadorearen agintaldiaren hasieratik, 285. urtean, Romulo Augustulo mendebaldeko Erromatar Inperioko azken enperadorera arte, 476. urtean), geroago Bizkaia bezala ezagutuko den lurraldea Galietako prefekturaren barruan, Hispaniako diozesian eta Tarrakonenseko probintziaren barruan zegoen[3].Probintzia honek Ebro harana eta Kantauri itsasoko ekialdeko kostaldea hartzen zituen. Haatik, ezezaguna da Bizkaia zein hiri edo barrutiren jurisdikziopean zegoen.

Hispania Inperioaren barruan erretagoardiako bigarren mailako leku baketsua zen, soldaduz eta baliabide naturalez Erroma hornitzen zuena[4]. Salbuespen bakarra 260. urteko frankoen sarraldia izan zen. Hala ere, inbasioak baskoien eremuan eta, orokorrean, Tarrakonensean izandako eragina handizkatu egin da eta gaur egun ez da pentsatzen eragin handirik izango zuenik eta, are gutxiago, Bizkaian[5]. Ordutik, 409. urteko herri germaniarren sarrerara arte, Hispania bakean egon zen. Urte hori Teodosiar Garaiaren edo bakearen amaieratzat hartzen da.

Bizkaia bigarren mailako lurralde horretan bigarren mailako esparru bat zen. Izan ere, galtzada nagusiek ez dute bertako lurraldea zeharkatzen. Gertuen dagoen galtzada nagusia  Ab Asturica Burdigalam (Iter XXXIV) da eta honek Nafarroa zein Araba zeharkatzen zituen. Dena den, nahiz eta Bizkaitik ez pasa, nahiko gertu dago, 15km-ko distantziara lerro zuzenean.

Lurraldearen antolaketaren berri izateko beste iturri garrantzitsu bat Inperioan zeharreko banaketa militarraren berri ematen duen IV. mendearen amaierako Notitia Dignitatum-a da. Iturri honen arabera, limitanei edo mugako tropak aurkitzen dira Lapurdin eta Veleian, baina Pirinioetan ez zen erromatar armadarekin loturiko tropa erregularrik egongo[6]. Tropa hauek Bizkaiko lurraldetik 80km eta 15km lerro zuzenean kokatzen dira hurrenez hurren, hots, nahiko gertu. Ondorioz, nahiz eta Bizkaian bertan goarnizio egonkorrik ez egon, tropa iraunkorrak lurralde horietatik hurbil aurkitzen dira.

Erregistro arkeologikoari dagokionez, aztarnategiak kostaldean eta itsasadarretan aurkitzen dira. Aztarnategi nagusiak Forua (Forua), Portuondo (Mundaka-Sukarrieta), Lumentxa (Lekeitio) eta Finaga (Basauri) dira. Aztarna isolatuak Plentzian, Muskizen, Bermeon eta Bilbon aurkituak izan dira ere, beste batzuen artean. Horietan, merkataritza-jardueraz gain, baliteke arrantza eta arrainaren kontserbazioari lotutako jarduerak gauzatzea. Horretaz gain, lurraldearen mineral aberastasunek metalurgia eta harriaren ustiaketa eta eraldaketa-jarduerak bultzatu zituzten. Foruan metalurgia jarduera garrantzitsua garatu zen IV. mendearen amaierara arte[7].

Hala ere, Inperioa III. mendean krisian sartu zenean jarduera hauek beherakada nozitu zuten. Behe Inperioan asentamendu batzuek jarraipena izan bazuten ere, beherakada pairatu eta guneak abandonoan sartu ziren. Ezegonkortasun horren testigantza dira Santimamiñeko, Lekeitioko Lumentxako eta Foruako Peña Foruako koben berrerabilpenaren aztarnak[8].

409. urtean sueboak, alanoak eta bandaloak, Pirinioak zeharkatuz, Iberiar Penintsulan barneratu ziren eta lurraldea sarraskitzeari ekin zioten[9], baina garaiko Bizkaian hiri garrantzitsurik ez zegoenez eta komunikazio bide nagusietatik urrun egonik, sarraldi honek ez zuen eragin handirik izan lurraldean. Bi urte beranduago, 411n, Iberiar Penintsula bertara etorritako herri germaniarren artean banatua izan zen eta Tarrakonensea baino ez zen Erromaren esku geratu[10]; horrela, Bizkaia Erromatar Inperioaren mendebaldeko muga izatera pasatu zen. 441.-454. bitartean Tarrakonensean bagauden erreboltak piztu ziren[11], baina ez daukagu Bizkaian eragina izan zutenaren ziurtasunik. 455ean heruloek Kantauriar eta Barduliarren itsasaldeko lurraldeak zakuratu zituzten[12] eta garai hartan gauzatzen zen nabigazioa distantzia laburreko kabotajezkoa izanik, ziurrenik lurralde honetako porturen edo hiriren batean lehorreratu ziren[13]. Eurikoren erregealdian (466-484) bisigodoek Tarrakonensea konkistatzean, Tolosako Erresuma bisigodoaren parte bihurtu zen[14].

Behe Inperioko aztarnategiak Bizkaian

Arkeologiari dagokionez, V. mendean zehar jatorrizko asentamendu erromatar gehienak abandonatuz doaz, jada aurreko mendeetan abiarazita zegoen gainbehera prozesua areagotuz. Asentamendu txikiak dira, gehienak kostaldean eta itsasadar nabigagarrietan kokatutakoak, Goi Inperioan sortu eta hazitakoak eta itsas merkataritzari, arrantzari eta metalurgiari lotutakoak orokorrean. Lumentxako (Lekeitio) eta Ereñoko jatorrizko asentamenduak V. mendean zehar desagertu ziren. Portuondo (Mundaka-Suakrrieta), berriz, jada aurreko mendean bertan behera utzia izan zen. Finagan (Basauri), San Martin baselizaren azpian, IV. mendean hasi eta VI. mendean zehar jarraitzen duen nekropolia topatu izan da, jarraikortasuna erakutsiz. San Juan de Momoition (Garai), bestalde,  IV. eta V. mendekoak izan daitezkeen zeramika zati gutxi batzuk topatu dira.

Badirudi habitatak zonalde babestuagoetara, hala nola kobetara, lekualdatuak izan zirela. Hori izan zen Foruaren kasua, adibidez. Bertan ikus daiteke IV.-V. mendeetan zehar Elexalde muinoko jatorrizko nukleoa abandonatzen den garaian Peña Forua / Ginerradi koba okupatu zela. Ginerradirekin batera, inguruko beste hainbat koba okupatzen dira: Santimamiñe, Sagastigorria eta Aurtenetxe (Kortezubi), Ereñuko Arizti (Ereño) eta Guerrandijo  (Ibarrangelu)[15].

VI.-VII. mendeetan zehar Bizkaiko lurraldea argitzen duten informazio bakarrak arkeologikoak dira[16]. Hauek erakusten dituzten usadio eta materialak komunak dira Arabako eta Nafarroaren erdialdekoekin, hots Bizkaiko gizartea Baskoniako kultur- eta gizarte-eremuan kokatzen dute. Aztarnategia garrantzitsuenak Santimamiñeko (Kortezubi) eta Finagako (Basauri) nekropoliak dira. 

Santimamiñeko baselizan VI.-VII. mendeetako nekropoli baten aztarnak agertu ziren 2007-2008 urteetan. Baseliza XV-XVI. mendeetan eraikia izan arren, materialen berrerabilpena alde batera utzita[17], aurretik eliza bat eta hilerri bat zeudela esateko aztarna gehiago aurkitu dira bertan[18]: burdinezko lantza bat eta brontzezko gopor bat, biak egurrezko hilkutxa baten hondarrak diren iltzeek inguraturik[19]. Gainera, eraikinaren barruko zundaketa batek gopor bat eta frantziska bat atera zituen argitara[20]. Armen gordailua praktikatzen duen hileta-erritua Araba eta Nafarroako garai bereko nekropolien ezaugarria da. Material hauek Antzinaroko nekropoli baten presentzia egiaztatuko lukete; kronologikoki gutxienez VI.-VII. mendean kokaturik.  

Basauri herriko Finaga auzoan, San Martin baselizan[21] XIX. mendean gertatu ziren lehen aurkikuntzak, hala nola zirkuluz eta moztutako koroaz apaindutako hilarri bat eta eraikinaren barruan zegoen hareharrizko harri angeluzuzen bat. Lehenengo indusketa arkeologikoak nekropolia uste baino zaharragoa zela erakutsi zuen, Antzinate Berantiarrekoa, alegia[22]. Erromatar garaiko nekropolia izan ostean, jatorrizko erakinari abside karratu bat erantsi zitzaion eliza bihurtzeko eta honekin lerrokatuta VI.-VII. mendeetako hilobiak agertu dira. Hatuek eta armen presentziak Baskoniako nekropolien eredua erakusten dute.

Bizkaiko jaurerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaiko jaurerria»

Goi Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean Bizkaiaren bi aipamen daude iturri idatzietan. Lehena Alfontso III.aren kroniketan agertzen da. IX. mendean konposatuak izan baziren ere, Asturiaseko Alfontso I.aren (739-757) erreinaldiko gertaerak gogoratzen dituzte:

Eo tempore populatur Asturias, Primorias, Liueria, Transmera, Subporta, Carrantia, Bardulies qui nunc uocitatur Castella et pars maritimam [et] Gallecie; Alaba namque, Bizcai, Aizone et Urdunia a suis reperitur semper esse possessas, sicut Pampilonia [Degius est] atque Berroza. [23]

Hau da:

Orduan populatu ziren Asturias, Primorias, Liebana, Transmiera, Sopuerta, Karrantza, gaur Gaztela deitzen diren Barduliak eta Galiziako itsasaldea. Ordea Araba, Bizkaia, Aizone eta Orduña bertokoen eskuetan egon dira beti, Iruñea eta Berrueza [Deio da] bezalaxe.

Hurrengo Bizkaiaren erreferentzia "Roda-ko Genealogiak" deituriko testuan azaltzen da. Genealogia hauek 970-992 urteen artean konposatu ziren[24].  Iruñeko Antso Gartzez I.aren (905-25) alaben ezkontzak zehaztean, laugarrena, Belaskita, Bizkaiko Momo kondearekin ezkondu zela jasotzen da bertan:

Domina Blasquita uxor fuit Momi comitis Bizcaiensis eta ex ipso habuit filios Aznarium Momez eta Lupum Momez[…].

Hau Bizkaiko konde baten lehen aipua da, bakarra XI. mendea baino lehen. Ezkontza Iruñeko errege familiaren estrategia politikoaren barruan ulertzen da, inguruko lurraldeetako familia nagusiekin harreman-sare bat hedatzeari ekin baitzioten.

Gaztelako Erreinuarekin egoniko gatazkak handiak izan ziren XI. eta XII. mendetan. Gaztelarrak Errioxako lurjabe handiek lagunduta erreboltak egin zituzten, Gaztelako feudalismoak euren interesak babesten zituelako. Gaztelaren aldekoek Haron zuten euren zentrua, Haroko jaunek lortu baitzuten sortu berri zen Bizkaiaren agintea. Bizkaia honek hasiera batean Uribe, Busturia, Markina, Zornotza eta Arratiako eskualdeak hartzen zituen, eta Urduñako hiria ere. X. mendeko Rodako Kodizeko genealogietan Bizkaiko lehen konde ezaguna aipatzen bada ere, Momo izenekoa, Bizkaiko kondeen (eta gero jaunen) lerro historikoa 1043. urtean hasten da, Eneko Lopez lehenengoz agiri batean agertzen denean. Hala ere Bizkaia azkar izan zen Nafarroarekin berbatua eta 1199-1200era arte Bizkaiko Jaunek ezin izan zuten euren titulua egonkortu.

Behe Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko hiribilduen sorrera eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behe Erdi Aroa baino lehenago hasi bazen ere, Bizkaiko hiri-sarearen osatzea XIV. mendeko fenomenoa da gehienbat. Hiribilduen garapena hiru fase desberdinetan gauzatu zen: 1199-1287, 1290-1338 eta 1355-1376[25]. Hiribilduak fundatzeko arrazoiak askotarikoak izan ziren. Lehen fasekoek fundazio zaharrenen indarra berretsi nahi zuten (ad. Balmaseda), nazioarteko harremanen trinkotzearen eta merkantzien elkartrukeen loraldiaren garaian. Bigarren fasekoak, aldiz, Lekeitio moduko nukleoen itsas jarduera edota Bilbo eta Durangoren bidegurutzezko kokapen estrategikoa indartzeko ezarri ziren. Azkenik, hirugarren fasekoen ezarkuntzaren xede nagusia populazioaren finkapena eta haren defentsa izan ziren ahaide nagusien eta oro har nobleen erasoen aurrean[26].

Lehenengo fasean Harotarren helburua Meseta eta Europako kostalde atlantikoa erlazionatzea izanik, lau hiri (Lanestosa, Balmaseda, Otxandio eta Urduña)[27], Gaztelarako bide nagusietan sortu ziren eta bat, Bermeo, itsasaldean[28]. Hasierako hiribildu hauen artean, Bermeo gailendu zen, portu bakarra izateagatik (nagusitasun hau portu berrien agerpenarekin bukatu zen XIII. mendearen bukaeran eta XIV. mendearen hasieran)[29].

Bizkaiko hiribilduek jasotako forua  1095. urtean Alfontso VI. Gaztelakoak Logroñori eman ziona da[30], zeina Gaztelako Koroan frankoentzako lehenengo forua eman zen. Foru honek abantaila handiak ematen zituen merkataritza arloan[31]. Fundataileak Harotarrak eta bere leinukoak izan ziren, lehenengo fasean Lope Sanchez Menakoak Balmasedari (1199)[32], Lope Díaz Harokoak Bermeo eta Urduñari 1229 eta 1236. urteetan[33]. Azkenik, Lanestosa Lope Diaz IV. Harokoak sortu zuen 1287. urtean[34]

Herentziaz Iñigo Lopezen hurrengoek jaso zuten titulua eta 1370an Gaztelako Juan infanteak lortu zuen eta beraz Gaztelako erregeek jaso zuten titulua zuzenean. Horrela Karlos I.ak Espainiako erregearen titulura gehitu zuen, beti ere foruak zin egiten bazituen. Foru horietan esan behar zuena zen subirautza bizkaitarrengan zetzala eta beraz Jaunaren kontra erabakiak hartu zitzaketela.

Jaunek Gernikako Arbolaren azpian zin egin behar zituzten foruak bertan egiten zelarik Batzar Nagusia.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbao in 1575.

Aro Modernoan merkataritzak garrantzi itzela hartu zuen, batez ere Bilboko Portua zela eta, 1511an Espainiak eskumena eman baitzion merkataritzarako. Bilbo Gaztelako portu garrantzitsuena izan zen, bertatik garraiatzen zelarik artilea Flandriara.

1628an Durango Bizkaian sartu zen eta geraoago Enkarterriekin berdina gertatu zen.

Historia Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko kostaldeko herriek itsasontzi nahi zituzten, gehienak arrantzara eta merkataritzara dedikatuak. Lapurdi eta Gipuzkoako beste herri batzuekin batera Bizkaiko golkoan baleen desagertzearen erantzuleak izan ziren. Era berean Ternuan egon ziren lehen Europar asentamentuak sortu zirela uste da. Ingalaterrarekin hainbat tratu ere egin zituzten.

Napoleonen gerren ostean euskal probintziek euren forua galtzeko arriskua ikusi zuten Espainiar Gorteen tendentzia liberala zela eta. Honek Karlistaldiak sortu zituen, non Bizkaiak karlistak babestu zituen. Herri batzuek, batez ere Bilbok, Madrilekin bat egin zuten. Gerraren bukaeran Bizkaiak zuen autonomia murriztu zen.

1850eko hamarkadan burdin meatze handiak aurkitu zituzten Bizkaian. Honek kanpoko dirua ekarri zuen, batez ere Frantzia eta Ingalaterratik. Industrializazioan Ybarra, Chavarri eta Lezama-Leguizamon burges familiak agertu ziren. Altos Hornos de Vizcaya, Iberdrola eta Banco Bilbao Vizcaya Argentariaren parte diren Banco Bilbao eta Banco Vizcaya sortu ziren.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzko Alderdi Jeltzaleak agindu zuen herrialdean. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Bizkaiak Errepublikaren alde egin zuen eta Francisco Francoren aurka. Gerra hasi ondoren lehenengo autonomia estatutua onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan baina Bizkaiko herri batzuetan baino ezin izan martxan jarri. Nafarroatik faxista eta erreketeak Bizkairantz zetozenez, Burdin Hesia eraikiarazi zuen Jaurlaritzak Bilboren inguruetan. Hesiak akats ugari zuen, eta faxistek laster konkistatu zuten Bilbo. 1937an Gernikako bonbardaketa egin zuten Hitlerren hegazkinek eta aste batzuk lehenago Durango eta Otxandion berdina egin zuten. Momentu horretan Euzko Gudarostea Santoñara joan eta Mussoliniren Italiaren aurrean errendizioa aurkeztu zuten.

Francoren diktaduran Bizkaia eta Gipuzkoa "herrialde traidore" izendatu zituzten eta edozein autonomia mota ukatu zitzaien.

1975n Francoren heriotzaren ondoren 1978ko Espainiar Konstituzioak foruak onartu eta 1979an Gernikako Estatutua onartu zen hiru herrialderentzat. Ondoren egoniko hauteskunde guztietan Bizkaian Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)  «Los textos hallados en Iruña-Veleia están escritos «inequívocamente» en euskara», Gara, 2006-06-16, http://www.gara.net/idatzia/20060616/art169077.php .
  2. (Gaztelaniaz)  «Los arqueólogos sacan a la luz en Forua una secuencia histórica de dos mil años», Gara, 2006-06-16, http://www.gara.net/idatzia/20060616/art169085.php .
  3. TORREGARAY, E. “La Antigüedad Tardía en el País Vasco” in BARRUSO, P. & LEMA, J.A. (2006). Historia del País Vasco, Prehistoria y Antigüedad. Hiria: Donosti. 351-352.orr.
  4. ARCE, J (2009). El último siglo de la Hispania Romana. Alianza Editorial: Madril. 27-28.orr
  5. Izan ere, inbasioa aipatzen duten garaiko idazleek (Aurelio Victor, Nazario, Orosio…) modu orokorregian eta zehaztasun gutxirekin egiten dute. Gainera, sarraldia erabili izan da III. mende erdialdeko suntsipenak erakusten dituzten datu arkeologikoen azalpen gisa. Hemen erreferentzia eskuragarri: LOPEZ MELERO, R. “La supuesta invasión del siglo III d.C. en territorios de vascones”. Espacio, Tiempo y Forma, Serie II, H.ª Antigua, 3, 1990. 43-60.orr
  6. Notitia dignitatum: accedunt Notitia urbis Constantinopolitanae et Laterculi provinciarum, (Ed. O. Seek, Berlin, 1876.)
  7. MARTINEZ SALCEDO, A. "La cultura material de época romana en Bizkaia: testimonio en torno a la actividad económica" in Coloquio internacional sobre la romanización en Euskal Herria (1996). Isturitz: Donostia. 565-577.orr.
  8. ESTEBAN DELGADO, M. (2001). El País Vasco atlántico en época romana. Mundaiz: Donostia. 312-313. orr.
  9. Hidazio, Kronika 42 eta 46 (ed. TRANOY, Alain, Hydace. Chronique, Paris, 1974).
  10. Hidazio, Kronika 49.
  11. Hidazio, Kronika 128.
  12. Hidazio, Kronika 171.
  13. GORBEA PEREZ, M.: “Vías de comunicación en territorio autrigón, caristio y várdulo”. Kobie, 6, 2004, 403.-410. orr.
  14. SAYAS ABENGOECHEA, J eta GARCIA MORENO, L: Historia de España: Romanismo y germanismo, el despertar de los pueblos Hispánicos,1989, 463.-467. orr.
  15. MARTÍNEZ SALCEDO, A.: “Arqueología e historia del período romano en Bizkaia (1972-2002), Kobie, 6, 2004, 356.-365. orr.
  16. ikus GARCÍA CAMINO, I. Arqueología y poblamiento en Bizkaia, siglos VI-XII. La configuración de la sociedad feudal. Bizkaiako Foru Aldundia. Kultura Saila. Bilbo. 2002. 525-526 orriak
  17. Ibid. 396-397 or.
  18. SÁNCHEZ RINCÓN, R., Vallo Espinosa, D. eta Unzueta Portilla, M., "Ermita de San Mamés", Arkeoikuska: Investigación arqueológica, 2007, 260. or
  19. UNZUETA, M. eta VALLO, D., "Necrópolis en el entorno de la ermita de San Mamés", Arkeoikuska: Investigación arqueológica, 2008, 283 or
  20. SÁNCHEZ RINCÓN, op. cit. 266 or.
  21. Ibid. 62-63 or.
  22. 1994. urtean burutu zen, I. García Caminok eta M. Unzuetak gidatu zituztelarik
  23. Juan GIL FERNANDEZ, J. & RUIZ DE LA PEÑA, J. I. (eds.) & MORALEJO, J. L. (itzultzailea) (1985): Cronicas asturianas. Universidad de Oviedo: Oviedo. 132 or.
  24. Lacarra, J. M. Textos navarros del Códice de Roda. Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón, I , 1945. 216. or.
  25. Arizaga Bolumburu, B; Martinez Martinez, S. (2006). Ano 1300: La concesión de la carta-puebla a Bilbao In Atlas de Villas Medievales de Vasconia, Eusko Ikaskuntza, Donosti, 21-26 orr.
  26. García de Cortázar y Ruiz de Aguirre, J. A. (2005). Las villas vizcaínas como formas ordenadoras del poblamiento y la población In  García de Cortázar y Ruiz de Aguirre, J.A. eta  Díaz de Durana Ortiz, J.R. Investigaciones sobre historia medieval del País Vasco (1965-2005): 20 artículos y una entrevista, Euskal Herriko Unibertsitatea, Zarautz, 142-143 orr.
  27.   , 2016/05/03 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Erdi Aroko hiribilduak Ikusi in http://www.arkeolan.com/hiribilduak/ .
  28. Arizaga Bolumburu, B; Martinez Martinez, S. (2006). In Atlas de Villas Medievales de Vasconia, Eusko Ikaskuntza, Donosti, 323-329 orr
  29. Ibid. 231-243 or.
  30. Ibid. 21-26 or.
  31. Ibid. 183-194 or.
  32. Ibid. 211-222 or.
  33. Ibid. 323-328 or.
  34. Ibid. 195-200 or.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]