Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Foruen galera ipar euskal herrian» orritik birbideratua)

Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian bertako erakunde publiko eta lege sistemaren bukaera izan zen Frantziako Iraultzaren aldian (1789-1795). Euskal autogobernua frantses tropak Euskal Herrira heldu zirenean desegin zen eraginkorki, Konbentzioaren Gerran kokatuta, herritarren kontrako izua zabalduz Lapurdin. 1780ko hamarkadan, Frantziako Koroaren hertsapen fiskalak handitu egin zuen haren eta mendeko lurraldeen arteko leizea, baita estamentuen arteko gatazka bizitu ere. Ipar Euskal Herrian, oso bizirik ziren herri lurren eta estatuen arteko mugaren inguruko gatazka eta aztoramendua, bereziki Baigorri haranean. Bestalde, artean, Nafarroa Beherea ez zen, formalki, Frantziako Erresumako zati.

Administrazio eta politika diseinu berriaren ondorioz, 1789ko abuztuaren 4an Parisen erabakia, beharturik desagerrarazi ziren Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ordu arteko gobernu eta jurisdikzio organoak. Euskal departamentu bat eratzeko euskal ordezkariek egin ahaleginak ahalegin, Pirinio Apaletako departamendua eratu zen trukean (legez, 1790eko otsailean), euskaldunak eta bearnesak administrazio lurralde berean gogoz kontra elkartuz, Frantziako departamendu sistema berrian kokaturik; diseinu horrek egun arte iraun du.

Elizjendearen Konstituzio Zibila, Ipar Euskal Herrian arbuiatua, ezarri zenean, herritar ugarik ihesari eman zioten, Pirinioak Gipuzkoa eta Nafarroa Garaira zeharkatuz eta batzuek hor erresistentziarekin bat eginez. Konbentzioaren Gerraren hasierak (1793ko martxoa) ekarri zuen aldaketa bortitzena eta itzulezina. Mendebaldeko Pirinioetako Armadak hartu zuen agintea Ipar Euskal Herrian, Konbentzio Nazionaleko mandatarien pean: Jacques Pinet eta Jean-Baptiste Cavaignac. Haiek agindu zuten Lapurdiko zenbait herritako ehunka (edo milaka) biztanleren deportazioa.

Hertsapen giroaren aldi gogorrena 1795eko uztailean joan bazen ere, Frantziako nazio estatuaren aztarna geratzeko heldu zen, euskaldunen birnazionalizazio eredu bati ekinez, hezkuntza eta zerbitzu militarra ardatz harturik. Napoleonen 1814ko porrotaz geroztik ez zen eredu hori baliogabetu. Ipar Euskal Herria, berriz, joera politiko eliztarrari eta kontserbadoreari atxiki zitzaion. Hego Euskal Herrian, Lehen Karlistalditik Bigarren Karlistaldi osteko aldira galdu ziren foruak.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autogobernuaren higadura historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztaritzeko herriko etxea, garai bateko Motteko Gaztelua, Lapurtarren Biltzarraren bilgune

1620tik aurrera pixkanaka murriztuta bazen ere, Frantziako koroaren peko euskal herritarrek estatus erdi-autonomo bati eutsi zioten, erresuma horretan zuten bazter kokapenari eta Hego Euskal Herriarekin zituzten harreman eta loturei esker, hor ere antzeko autogobernu sistema baitzuten. Hala ere, hiru gobernu eta lege jurisdikzio zituzten, eta horietako ordezkariak baziren ere Bordeleko Parlamentuko kideak Gaskoinian (Lapurdi) eta Paueko Nafarroako Parlamentukoak (Nafarroan Beherea, Zuberoa).

Lapurdi zen Ipar Euskal Herriko probintzia dinamikoena, autonomia oso handiaz zerga sisteman XVIII. mende erdialdera, baina aldi berean arrantza okerrera zihoan, Amerikara irekitzen saiatutako merkataritza bideek huts egin zuten, eta ez zen sortzen merkataritza erakartzeko balio erantsiko produkturik. Lapurdiko erakunde legegilea Biltzarra zen, erakunde demokratikoa, eta oso parte-hartzailea orduko estandarretarako. Nobleziaren pisua bertan zinez txikia zen.

Nafarroa Behereak Frantziako Erresumaz aparte iraun zuen Pirinioen magalean, ekonomikoki bortuetako merkataritza bideak baliatuz, adibidez, Iruñea-Baiona bidea. Zuberoako oinarrizko lege agiria Kostüma zen, baina haren biltzar legegileko (estatua edo zinbideta) eskumen garrantzitsuenak 1733an erauziak izan ziren.[1][oh 1] Nafarroako Estatuek antzeko patua izan zuten Paueko agintariekin izandako auzien ondoren botere legegileak zorrozki murriztu zitzaizkienean, 1748an errege dekretu bidez.

Mugaren, herri lurren eta zergen auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako koroaren eta euskaldunen arteko harremanak gero eta zailagoak ziren: koroa gero eta eskumen gehiago biltzen ari zen, eta zerga ekarpen gero eta handiagoa eskatzen zuen. 1768tik Baigorri Harana eta Etxauzko bizkondearen etxea elkarren kontra asaldaturik zebiltzan errege jurisdikzioko lurren gaineko eskubideez. Eskubideak Etxautzeko jaunak eskuratu zituen, baina protestaka 1775ean herriak horiek berreskuratzea lortu zuen.

1784an, liskar gordin bat berpiztu zen Etxautzeko etxearekin, armak eraman eta ehizarako eskubidearen gainean. Mugen gaineko 1785eko Elizondoko Itunak berriz bizitu zuen herri xehearen haserrea, estatuek beren logika herriaren interesen gainetik inposatu zituztenean.

Lapurdin, berriz, zerga berri bat, gabela, sartzeko koroaren ahaleginak zirela eta, ezinegona piztu zen herritarren artean 1784an.[2] 2.000 emakumetik gora kalera atera ziren, haietako batzuk armak eskuetan. Guienako Nevilleko jaunak armadak deitu zituen monarkiako toki desberdinetatik eta interbentzio militar peto-peto bat prestatu. Haranburu apaizaren artekaritzak baretu zuen giroa.[2]

Foruak kendu Frantziako Iraultzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane Garaziko ikuspegia
Lapurtarrak Pariseko estatu orokorretara joateko erregearen deia, Garat anaiek esku hartu ondoren

Hautsak harrotuta Nafarroan, eta Frantziako Erresuman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Beherea asaldatuta zebilen, baina ez zen lurralde bakarra. Frantziako Erresuman, Luis XVI.a erregea estutzen ari zen erresumako lurraldeak zergapetzeko presioa. Aldiz, askotan tokian tokiko gorteen oposizioa aurkitzen zuen. Erregea hertsapenaren sinonimo bihurtzen ari zen, eta gorte horiek gogor egiten zioten. Luis XVI.ak 1788ko Maiatzaren 1eko Ediktua eman zuen; haren bitartez, bertan behera utzi zituen bere koroaren peko gorteak (parlamentuak).

Paueko Nafarroako Parlamentuak kontra erreakzionatu zuen, eta errebolta piztu zen. Frantziako Erresuma osoan izan ziren altxamenduak. Aztoramendu bizia ikusita, monarkak balio gabe utzi zuen bere lehengo erabakia (1788ko ekaina). Aldiz, erregeak zerga berriak jarri zituen, eta Nafarroako Parlamentuak amore eman zuen azkenean, "azken aldiz", adierazi zutenez. 1789an, beraz, Nafarroako Gorteak (estatuak, alegia, parlamentua) ez ziren jada ohartarazpenekin ase, eta betoak jarri zizkieten errege aginduei eta, aldi berean, beren agintaritza eta subiranotasuna berretsi.

Denak zeuden erregearen kontra, eta lurraldeotako eliza eta noblezia estamentuek lehengo protagonismoa eta indarra berreskuratzeko parada ikusi zuten tokian, hirugarren estatuko kideek, haatik, erregeari uztartuta nobleak eta elizjendea ere botatzeko nahia zuten. Luis XVI.ak Pariseko Estatu Orokorrak deitu behar izan zituen.

Aztoramendu horretan, Nafarroako Kantzilertza berrezartzeko mugimenduak hasi ziren. Protestari lotuta eta kantzilertza berrezartzeko, Nafarroako Erresumako intendenteak batzar bat deitu zuen Donapaleun, baina kale protestak erabakietan presioa egin zezakeelakoan, hura Donibane Garazira lekualdatu zuen; are, Kantabriar Ehiztarien konpainia bat bidali zuen bilkuren lasaitasuna bermatzeko. Bertan, "Alderdi Abertzale" (partie patriote) berriak, tokiko gorteak sendotzera dei egiteaz gain, noblezia eta eliza estamentuak elkartzeko erreklamatu zuen, pertsona bakoitzerako sufragio unibertsala, hirugarren estaturako sindiko berezi bat, eta Frantziako Erresumako "hiri eta probintzietan hartutako deliberoekiko atxikimendua".[oh 2]

Versaillesko Estatu Orokorretarako deia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1788ko abuztuaren 8an, Frantziako koroaren peko estatuetako ordezkariek Versailleseko Estatu Orokorretarako deialdia atera zioten Luis XVI.a erregeari (Nafarroako Luis V.ari). Horiek 175 urte lehenagotik ez ziren egiten Frantziako Erresuman.[3] Nafarroako hirugarren estatua, Alderdi Abertzalea, Versaillesen parte hartzearen alde jarri zen; ez, ordea, elizjendea eta noblezia; trukean, protesta bat igortzearen aldekoak ziren. Lapurtarrek, berriz, Kexuen Kaiera prestatu eta protesta bat plazaratu zuten 1788ko abenduan elkartu zirenean: erregearen deialdian, Baiona, Akize eta Saint-Severekin sartua izan zen Lapurdi. Garat anaiek esku hartu eta puntu hori konpondu zuten.[4]

1789ko apirilaren 19an, larunbata, Lapurdiko 35 parrokiak Uztaritzen bildu ziren Versaillesera igorri beharreko ordezkariak hautatzeko. Hiru estamentuetako ordezkariak bildu ziren, erabat ezohikoa, Lapurdin erabakiak hartzeko eskumena hirugarren estatuak baitzuen. Goizeko hamarretan hasi zen bilkura San Bixintxo elizan, 16 urteko Dominique Joachim Urtubiakoa bailea buru zuela. Tartean, bozen eroskeria salaketak entzun ziren; izan ere, Ithurbide zen beste hautagaietako bat, Garat gazteenarekin lehia bizian, eta bigarren hori arrunt arrotza zen Lapurdin.[5] Lapurtarrek 1788ko abenduan egin bezala, baxenabartarrak Donibane Garazin bildu ziren apiril hasieran, eta 1789ko apirilaren 4an ohartarazpena idatzi zioten erregeari:


« Nafarroari zuzendu deialdi gutunek Erresumaren konstituzioa mendratzen dute.
  1. Seneskalari edo Ordezkariari zuzentzen zaizkiolako, eta ez [Nafarroako] Estatuei.
  2. Nazio guztiari deitzen diotelako Frantziako Estatu Orokorretara Diputatuak igortzeaz deliberamendu egiteko; aitzitik, konstituzioak Nafarroako Estatu Orokorrei eman die Erresumaren auzi horien gaineko deliberamendu eskubidea, haiek baitira zinez eta zilegitasunez Nazioaren ordezkariak.
  3. Aurreiritziz diotelako nafar Nazioak nahitaez igorri behar dituela Diputatuak; aitzitik, Luis XIV.ak aitortu zuen bazutela hori egiteko eta ez egiteko eskubidea.
  4. Nafarroari Frantziako Erresumako Probintzia deitzen diotelako; aitzitik, Nafarroak ez dio inoiz utzi izateari Frantziatik desberdina eta bereizia den Erresuma.
  5. (...)
»

— E.I. Baionako apezpikua, Elizjendearen ordezkaria. Elizagarai, Apaiz Nagusia, Elizjendearen ordezkaria. Lograsko markesa, Nobleziaren ordezkaria. Esquilleko markesa, Nobleziaren ordezkaria. Polverel, Nobleziaren ordezkaria. Fargues, Hirugarren Estatuaren ordezkaria. Martixe, Hirugarren Estatuaren ordezkaria. Baihaut, Hirugarren Estatuaren ordezkaria.[6]


Ekainaren 17an, Estatu Orokorrak ireki ziren Versaillesen; Nafarroan, berriz, Kexuen Kaiera prestatzen zuten, Nafarroako Estatu Orokorretako azkena, eta tonu zaharkitukoa, Bearno eta Lapurdikoa ez bezalakoa; azken bi horiek ere beren 'konstituzioa' (alegia, erakunde-egitura eta legeak) babesten zuten. Kaiera horretan, Nafarroa Frantziako tronutik aparte existitzen dela babesten da, baina erregea Nafarroa "bisitatzera" gonbidatu zuten, ohi zen bezala, erregeak bertako lurraldean egin behar baitzuen zina. Nafarrek Frantziako Erresumarekin konfederazio bat osatzeaz hitz egiten zuten. Azkenean, nafar ordezkariek Parisera mandatariak (diputazio bat) igortzeko deliberoa hartu zuten, erregearen aurrera.

Bertan, Logras, Olhontzeko markesa, eta Étienne Polverel sindikoa nabarmentzen ziren. Nafar mandatariak uztailaren amaieran heldu ziren Parisera, "beste mundu bateko enbaxadoreak izango balira bezala", Destreéek dioenez. Haatik, ordurako, erregeak Estatu Orokorrak desegiteko agindua emana zuen, eta Bastillaren Hartzea gertatua zen, uztailaren 14an. Beste mundu bateko ordezkariak ziruditela aurkeztu ziren Frantziako Nazio Biltzarrera, eskumen mugatuz, baina berehala adierazi zieten haien aginduak eta eskumenak baliogabeak zirela han. Zuberoako ordezkariek, nafarrak bezala, ez zuten ekaineko eta uztaileko bilkuretan parte hartu, artean Parisen ez zeudelako. Abuztuaren 4rako, helduak ziren.[3]


PARISEKO ESTATU OROKORRETARA BERTARATUTAKO EUSKAL ORDEZKARIAK (1789)
LAPURDI (Pays des Basques) NAFARROA (Royaume de Navarre)[oh 3] ZUBEROA (Pays de Soule)
Lehen estatua Jean-Louis-Xavier Saint-Esteven Étienne-Joseph Pavée de Villevieille Jean-Baptiste-Auguste Villoutreix de Faye
Bigarren estatua Anne-Henri-Louis, Caupenneko markisa Bertrand Dominique Joachim de Logras Jean-Bernard Uhart
Hirugarren estatua Dominique Garat Hiriarte
Dominique Joseph Garat
Arnaud Vivié
Jean-Baptiste Frantxistegi
Jean-Pierre Arraing
Jean Escuret Laborde

Ipar Euskal Herriko foru antolamenduaren azkena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 4ko gaueko Nazio Biltzarraren erliebe bat
Dominique J. Garat, Lapurdiren azken ordezkaria eta goi-funtzionario Parisen
Étienne Polverelen Tableau de la constitution du royaume de Navarre... idazlaneko XI. or. (1789ko urria)

Nafar ordezkariek are interes gutxiago agertu zuten gertatuko zena ikusirik. Abuztuaren 4ko gauean, Nazio Biltzarra aztoramendu handi batez egin zen. Oihuak entzuten ziren: "Askatasuna, anaitasuna, berdintasuna, ala heriotza!". Estamentuen amaiera aldarrikatzen zen, baina horren inguruko adostasunaz giroa baretzen zela zirudienean, Le Guen de Kergal bretoi ordezkariak "pribilegio kolektiboen" amaiera ere erreklamatu zuen.[7] Euskaldunek, Garat anaia ilustratuak buru zituztela (Dominique Joseph eta Dominique Zaharra), ezin sinetsiz entzun zuten departamendu proposamena, eta aurka egin zioten frantses biltzarrean emandako hitzaldi sutsuetan.

Uhart eta Escuret-Laborde Zuberoko ordezkariak, halaber, haren kontra mintzatu ziren, eta foruak defendatu zituzten. Ondorioz, gaitzespen oihuak eta txistuak entzun behar izan zituzten, eta ganberatik alde egin zuten. Garat anaiak, haatik, aztoramendu iraultzaile horretan, gainezkaturik ikusi zuten beren burua, eta lege- zein zerga-arloko berezitasunak bertan behera uztearen alde bozkatu zuten.[7] Manera horretan, bi estamentuen pribilegio eta eskumenak indargabetu ez ezik (eta horretan, nafar ordezkariak bederen, ados ziren), "probintzia, printzerri, herrialde, kantonamendu, herri eta herritar-komunitateenak" abolitu zituzten Frantziako Erresuma osorako. Adierazpen hori 1791ko Frantziako konstituziora gehitu zen.[7]

Garat anaiak Lapurtarren Biltzarraren mandatariak besterik ez ziren foruaren arabera, eta haren mandatua babesteko igorri zituzten Parisera. Beraz, Lapurtarren Biltzarreko kideak asaldaturik zeuden gertaturikoa entzundakoan. Irailaren 1ean egindako biltzarrean, Piarres Ithurbidek salaketa hitzaldi gogor bat zuzendu zien lapurtar ordezkariei Garat anaien kontra, eta batzartuek aho bateko sumina adierazi zuten.[4] Nafarrek beren estatusari eusten zioten. Erregeari adierazi zioten Nafarroako Gorteak deitu behar zirela, Frantziako Nazio Biltzarraren dekretuaren gainean haien erabakia eman zezaten. Erregeak onartu egin zuen hori, baita Longo markesari agindu ere deialdi hori egin zezan, irailaren 19an egitekoa. Ordurako, Nafarroako Gorteen askatasuna fikziozkoa zen gehiago erreala baino. Longo markesak gutun bat eskuratu zuen koroaren estatu idazkariarengandik, ohartaraziz deialdia egin zezala soilik baldin eta haren bidez Frantziako Nazio Biltzarraren dekretuaren aldeko atxikimendua erdietsiko bazuen. Hala ere, gutun hori bere eskuetara heltzerako, Longo markesak deialdia egina zuen.[8]

Nafar lehen eta bigarren estatua dekretu horren guztiz aurka agertu ziren; hirugarren estatua, berriz, alde. Aho bateko adostasunik ez zegoenez, Longo markesak bertan behera utzi zituen deliberamenduak irailaren 22an, Bearnoko Estatuak elkartu ondoren haiei segida emango zitzaiela zioen klausula baten bidez; Gorteetako nafar ordezkariek protesta egin zuten. Bada, Nafarroako Gorteak urriaren 17tik 22ra berriz elkartu ziren, azkeneko aldiz.[8] Bitartean, urriaren 8an, Frantziako Nazio Biltzarra erregea "frantsesen errege" titulu soilaz izendatzea eztabaidatzen ari zen, "Frantziako eta Nafarroako errege"ren ordez. Lapurtarrek (Dominique Joseph and Dominique Zaharra), haatik, asaldatuta erantzun zioten saiakera horri. Argudiatu zuten horrek Espainiaren alde jokatuko zukeela, eta "Nafarroa Garaiaren gaineko erregearen eskubideari uko egitea" izango zitzakeela.[8]

Urriaren 12an, Frantziako Nazio Biltzarrak bere hurrengo biltzarra egin zuen. Bertan, Polverelen gutun bat jaso zuen eta, Garatek emandako azalpenari segida emanez, ohartarazten zuen Nafarroa ez zela Frantziako probintzia, erresuma baizik, eta "frantsesen errege" tituluak galarazi egingo zuela erregeak Nafarroa Garaiaren zein Beherearen gaineko eskubiderik izatea. Askatasunaren izenean, Garatek Nafarroako Gorteen oniritzia eskatu zuen lehenik. Hasiera batean, Frantziako Nazio Biltzarrak oniritzia emango ziola zirudien arren, berehala estatuak zituzten gainerako lurraldeak berdina eskatzen hasi ziren, erresuma ez ziren arren. Biltzarrak erabaki zuenez, "rien ne sera ajouté à l'expression Roi des Français". Artean, Nafarroako Gorteek beste ahalegin bat egin zuten, Polverelen Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre et de ses rapports avec la France inprimatuz eta aurkeztuz, kutsu historizista handikoa. Patua, haatik, ez zuten alde. Pixkanaka, beren burua ezinean ikusita, Nafarroako hainbat udalerri antolamendu berria onartzen hasi ziren: Bastidak abenduaren 8an, Donibane Garazik hil beraren 13an.[8]


« Nafarrek konstituzio eder baten babesean hain maitagarri genituen pribilegio bereziak... aberriaren alde utzi behar ditugu, hain maitagarri dugun antzinako konstituzioa, haren kausaz izan baita nafar herriaren pobrezia, gobernuaren saiakerak saiakera, ez hain zorigaiztokoa nola izan den erresumako gainerako probintzia askorena. »

— Donibane Garaziko udal ordezkaritza[8][oh 4]


Frantses antolamendu politiko berri bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal herri izenen aldaketak (1793ko urria - 1795eko apirila)
Non Herria Izen berria
LAPURDI Ahurti Liberté
Ainhoa Mendiarte
Arbona Constante
Baiona Port-de-la-Montagne
Beskoitze Hiriberry
Donibane Lohizune Chauvin Dragon
Hiriburu Tricolor
Itsasu Union
Kanbo La-Montagne
Luhuso Montagne-sur-Mer
Sara La Palombière
Senpere Beaugard
Urketa Laurier
Uztaritze Marat-sur-Nive
Zuraide Mendialde
NAFARROA BEHEREA Arrosa Grand Pont
Baigorri Thermopyles
Donamartiri Nive-Montaigne
Donapaleu Mont Bidouze
Donazaharre Franche
Donibane Garazi Nive Franche
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Rapport sur la nécessité et les moyens d’anéantir les patois et d’universaliser l’usage de la langue française

1790eko urtarrila Frantziako Nazio Biltzar eratu berriaren (Assemblée nationale) beste eztabaida batez hasi zen. Eskubideen berdintasunaren izenean, probintziak eta ordu arteko eskualdeko identitateak ezabatu nahi zituzten, desparekotasunak sortzen zituztelakoan. Parisen, Nazio Biltzarrak deliberoa hartu zuen: hutsetik hasitako diseinu administratibo bat erabaki zuen, eta bertan behera utzi ohiturazko herri lotura guztiak administrazioan.[oh 5] Beraz, proposatu zen Baiona, euskal lurraldeak eta Biarno elkartuko zituen departamentua sortzea.[3] Euskal ordezkariek, Biarnorekin zituzten hizkuntz eta kultura desberdintasunak aipatuz, proposamen bat egin zuten hiru euskal lurraldeak departamendu batean elkartuko zituen diseinu administratibo alternatibo bat eratzeko.[9] Garai honetan guztian, euskara zen eguneroko hizkuntza hiru lurraldeotan, gehiengo elebakarraz eta euskal-gaskoi elebidunen zati txiki batez osatuak, eta euskal ordezkariek euskaldunen hizkuntz errealitate desberdina nabarmendu zuten Frantziako Nazio Batzarrean.[oh 6]

Otsailaren hasieran, Ipar Euskal Herriko parrokiak eta haranak, Donapaleun bildurik, euskaldunen departamendu baten alde agertu ziren, Biarnotik bereiz.[3] Herri ordezkarien gogoa ez zen urrun heldu; izan ere, otsailaren 26an, Pirinio Apaletako departamendu berriak unitate administratibo bakarrean uztartu zituen Biarno eta euskal lurraldeak,[3] Jacques Guillaume Thoureten diseinuaren arabera.[8] Lurralde unitate horretan, baina, euskaldunak gutxiengoa ziren. Etsipena eta samina zabaldu zituen euskaldunen artean, eta, Manex Goienetxearen esanetan, mugarria finkatu zuen Iraultzaren aroan Ipar Euskal Herrian.[3]

Frantziako departamendu sistema sortzeko dekretuari Pirinio Apalak departamenduaren sorrera jarraitu zion 1790eko otsailean. Lapurdiko Biltzarrak sumindurik hartu zuen frantses erabakiaren berri eta, are, Garat anaiak kargugabetu zituen, azkenean Frantziako departamendu sistema berriaren alde bozkatzearren. Aldi berean, lurralde erakunde txikiagoak berritxuratu ziren, adibidez, Uztaritze eta Baiona uztartuz, 1780ko hamarkadan banandu berriak zirenean, Biltzarrak hala galdeginik. Frantses erabakiak berehala ekarri zituen arazoak.[oh 7] Garat pastorala Pagolan liburuko historia txostenaren arabera, une horretan, politikarako herritar aktibo berriak zerrenatu ziren: ez zen sufragio unibertsalik izango; izan ere, ordutik aurrera, euskal herritarren % 15ek baino gutxiagok izango zuten bozkatzeko eskubidea, eta hautagai izatekoa, berriz, % 1ek baino gutxiagok, ordu arteko tokiko biltzarretan usatzen zen etxe bakoitzeko boz bat printzipioaren kontrako aldean.[3]

1791n, konstituzioa onartu zen Frantzian, 1790n bozkatutako antolamendu administratiboa berretsi zuena.[10] Dominique Garat Zaharrak uko egin zion konstituzio horren aleak banatzeari, adieraziz euskarazko bertsiorik ez zutela.[7] Nafarroaren ordezkariek (Frantxistegi, Polverel) erabaki zuten ez zutela bozketan parte hartuko, Luis XVI.a erregeak bere burua "Frantsesen Errege" izendatu baitzuen (1791ko irailaren 4a), ohiturazko "Frantziako eta Nafarroako Errege"ren ordez, argudiatuz haiek Frantziako zati ez zirela, eta lurralde erakunde aparte bat sortzeko aukera iradoki zuten. Frantzia erresuma zen artean eta, beraz, erregimen politikoak lehengo horretan jarraitzen zuen. Haatik, politikako kontuak pixkanaka aldatzetik iraultza kutsua hartzera pasa ziren. 1792ko irailean, Frantziako Lehen Errepublika aldarrikatu zen, eta jakobinoak zein Nazio Konbentzioa igo ziren agintera. Luze gabe, Luis XVI.a Frantziako erregea atxilotu eta exekutatu zuten 1793ko urtarrilean, eta nazioarteko aliantza bat eratu zen Frantzia iraultzaileari kontra egiteko.

Konbentzioaren Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konbentzioaren Gerrako guduak eta gertaerak Euskal Herriko Pirinioetan
Maialen Larralderen omenezko Jondoni Martine eliza atariko plaka, Saran (Lapurdi)
Sakontzeko, irakurri: «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian»

Armada frantsesa Ipar Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konbentzioaren Gerrak berretsi egin zuen erregimen berria geratzeko etorria zela, Ipar Euskal Herriko lurraldeak kontrol militarraren pean geratu zirenean, Mendebaldeko Pirinioetako Armada heltzearekin batera. Luis XVI.a 1793ko urtarrilean exekutatu zuten arte, tentsioa gora egiten joan zen, elizjendeari Frantziako Elizjendearen Konstituzio Zibila zin egitea exijitu zitzaionean. Euskal apaiz gehienek uko egin zioten eta, trukean, apaiz 'konstituzionalak' ezartzeko agindua eman zen. Zenbait tokitan, elizak arrazoiaren tenplu bihurtu zituzten. Horrek agintari iraultzaile frantsesen eta euskal herritarren arteko tentsioak igo zituen.

1793 hasieran Konbentzioaren Gerra piztu zenean, euskal herritarrei frantses armadara joateko deia egin zitzaien. Haatik, oso gutxik erantzun zuten, eta euskaldunak Frantziako Errepublikaren aurkakotzat jo ziren. Euskaldunak beldurtzeko, Errepublikaren tokiko ordezkariek izua zabaltzea aztertu zuten, eta horretarako egokiera ikusi zuten Sara eta Ainhoako hamarnaka gaztek beren postuak utzi eta Bera aldera ihes egin zutenean. Haizekorraren hasieran (1794ko otsailaren amaieran), gazte batzuek apaiz konstituzionalen kontrako bertsoak kantatu zituzten Ezpeletan. Agintari iraultzaileak guztiz haserrarazi zituen horrek; Duhalde auzapeza eta Gorostarzu jujea atxilotu, epaitu, eta burua moztu zieten Baionan haizekorraren 24an (martxoaren 11n).[11][oh 8]

Izutea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikako agintariek, Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet buru zituztela, Lapurdin hegoaldean errepresio zabala ezartzea erabaki zuten. Euskara debekatua izan zen bizitza publikoan, adieraziz "fanatismoa euskaraz mintzatzen" zela.[12] Are, hiru hilabete geroago, Parisen Rapport sur la nécessité et les moyens d'anéantir... onartu zen belardunaren 16an (ekainaren 4an), frantsesa esplizituki "askatasunaren hizkuntza" deklaratzen zuena.

1794ko udaberrian, milaka herritar etxetik kanpora behartu, adinaren eta sexuaren arabera taldekatu, eta ilara luze batean bultzatu zituzten haien etxetik gutxienez 80 kilometrora, Donibane Lohizunetik pasa ondoren eta gehienak Capbreton ingurura.[oh 9] Ehunka hil ziren,[oh 10] eta haien jabetzak erre edo bahituak izan ziren.

Hilabete batzuen buruan, deportatu askok itzultzea erdietsi zuten Konbentzio Nazional Jakobinoak porrot egin zuenean, baina ordurako beren jabetzak frantses 'abertzaleen' eskuetan zeuden.[13] Epaiketa bat egin zen erantzukizunak argitzeko Berolisko Konbentzioan, baina ez zen goi-arduradunik erruduntzat jo. Herritarrak asaldatu egin ziren Lapurdi hegoaldean mendeku gosez eta gauzak bere onera etor zitezen. Adibidez, talde batek Uztaritzeko Mundutegi jauna hil zuen, talde deportazioa babestu zuelakoan. Erregimen berriaren biktima eta disidente asko erbestera joan ziren.[14]

Euskaldunak foruak galdu ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Frantses euskaldunek ez dituzte Frantziako ohiturak hartu, ezta haien mintzaira ere, eta espainiar euskaldunek ere ez dituzte espainiar usaiak edo mintzaira hartu. Biek ere euskaldun izaten segitu dute (...) Espainiar euskaldunek eta frantses euskaldunek pentsatzen dute guziak nobleziako kide direla, eta ideia hori beren usaia eta legeetan mamitu dute. Zinez da harrigarria, zazpi probintzietako gizabanako guziak ados baitira pentsaera horretan."
Dominique Joseph Garat, Napoleon Bonaparterentzako txostena, 1803[15]

Frantziako nazio-estatuaren hertsapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehendabiziko Frantses Errepublikako garai gogorrena joan zen arren, errepresioak ondorio kaltegarri eta ahantzezinak utzi zituen euskal gogo kolektiboan.[oh 11] Hura izan zen frantses egituraketa nazional berrian euskaldunak desagerrarazteko lehen ahalegina. Modernitatea frantses nazio-estatuari loturik zegoelako ideiak baztertu egin zituen euskaldunak kultur eta politikako identitate berezi bat edukitzetik.[13] Euskal Herrian, hiru mailatan ezarri zen zentralizazioa: foru abolizioa, lurralde batasuna eta hizkuntza uniformetasuna, eta horrek goitik behera astindu zituen komunitate historiko batek dituen hiru alderdi berezienak: politika, geografia eta hizkuntza.[16]

Artean, Luis XVIII.a Borboiak Nafarroako Errege tituluarekin gobernatu zuen 1815etik 1824ra, baina sinbolikoa baizik ez zen, ez baitzuen esanahi juridiko edo politiko errealik: Nafarroako Erresuma ez zen existitzen gehiago. Iraun zuten Amikuze, Baigorri, Oztibarre, Garazi eta Zuberoako herri lurrek; 1838an ofizialki onartu ziren sindikatu komisioak eremu horiek kudeatzeko, eta 1856ko abenduko mugei buruzko hitzarmenak Pirinioetako haranen partzuergoak arautu zituen Añelarratik Txingudiko badiaraino.[17]

Nafarroa Beherean, Alduden izan ezik, hirugarren estatua frantses sistema berriaren alde lerratu bide zen, bertako nobleziaren kontra egiten zuelakoan. Baigorriko herritarrek babesa eman zioten Jean Isidore Harizperi, 1.800 tiratzaileko Euskal Xazurren (edo Ehiztarien) armada osatuz eta Frantses Errepublikaren alde borrokatuz.[18] Hurrengo hamarkadetan, ordea, euskaldunek kopuru handitan alde egin zuten Frantziako armadatik, bazterketa eta tratu txarren salaketen artean.[oh 12]

Euskal departamenduaren proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herria Pirinio Apaletako departamentu berrian: Baiona eta Mauleko barrutiak

Hala ere, Dominique Joseph Garatek, 1800 inguruan Bonaparteren arduradunetako bat zela, Frantziaren esaneko euskal printzerri bat sortzeko aukera proposatu zion. Proposamen horren zati batzuk Hego Euskal Herrian 1810etik aurrera ezartzen hasi ziren arren,[19] Bonaparteren konponbidean Aragoi eta Kataluniako lurraldeak ere sartu ziren, Ebroz iparraldeko eremua, eta Bonapartek ez zuen kontuan hartu plan hori Ipar Euskal Herrirako.

1804an, Napoleonen Kode Zibila agindu zen, eta horrek oinordetzari eta jabetzari buruzko ohiturazko ikuspegia hautsi zuen, familiaren baserrien zatiketa ekarriz eta herri lurren erabilera murriztuz (estatuak zerga batzuk eskatzen zituen), beste emigrazio olde bat bultzatuz.[20]Lege eta instituzioetako gertaera horiekin batera, askotariko espedizio militarrek exijentziak, errekrutatzeak eta bahimenduak ezarri zizkieten herritarrei, adibidez, Iberiar Penintsulako Gerran.[21]

Frantses errepublikaren kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende erdi geroago, Pirinio Apaletako prefetak deitoratu egin zuen bere eskumeneko lurraldean 80.000 biztanle gutxiago zeudela zergapetzearen eta zerbitzu militarraren ondorioz; Fermin Lasala donostiarrak komentario hori nabarmendu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko berezitasun instituzionala defendatzeko, euskal lurralde horietako foruak bertan behera geratu (1876) baino justu aurretik.[22]Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienek Frantziako Errepublikaren ideiaren kontra agertzen jarraitu zuten mende batetik gora, Erregimen Zaharra eta bertako instituzioak berrezartzeko esperantzaz.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hirugarren estatua nabarmen mugatua izan zen eta, harrezkero, nobleziaren eta elizaren eskuetan geratu ziren erabaki garrantzitsuak.
  2. Zerga eta karga publikoak bidezko maneran banatzea aldarrikatzen zuten.
  3. Nafar ordezkariek uko egin zioten estatuen bilkuretan parte hartzeari. Hala ere, abuztutik aurrera, Nazio Biltzarrean parte hartzen hasi ziren, "behatzaile" gisa.
  4. Frantsesez jatorriz, "les priviléges particuliers dont les Navarrais jouissaient à la patrie leur constitution antique que leur était précieuse et qui, malgré les atteintes du gouvernement, rendait dans sa pauvreté le peuple navarrais moins malheureux que celui de beaucoup d'autres provinces..."
  5. Lapurdik protesta egin zuen, adieraziz beraiek bazutela 'konstituzioa'. Ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea
  6. Bolinaga, 61-66. or. Konparatu 1866. urteko datuekin: orduan, biztanleriaren % 95ek euskara zerabilten hizkuntza nagusi gisa, artean frantsesteko politikak bete-betean indarrean sartu gabe zeudela; ikus Watson, 87. or. Une horretan, Biarritz, Baiona eta Bidaxune gaskoi hiztunak ziren gehienean.
  7. Udal barruti berriak talka egiten zuen Uztaritzeko herritarren iritziarekin eta bi udalerrien hizkuntzarekin. Lehendabiziko bilkura bat ia bertan behera geratu zen, baiones ordezkari gehienak ez baitziren gai euskaraz mintzatzeko; ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea.
  8. Ezpeletako gazteek kantatutako bertsoek hauxe zioten:

    Eskualdunen harrigarri,
    Murde Iharasarri,
    Jainkoaren kontra da jarri,
    kontra dio jazarri;
    haren kontra du bihurtu
    harek eman dohaina,
    ardi jatera ohartu
    artaldeko artzaina.

    Utzazu, sinets nezazu,
    hasi duzun lana,
    ez baduzu goan nahi
    Galtxagorri gana
    tiratzera hazkarki
    jaun hari buztana.

    Ezponda, Amigot non da?
    Hor deia Domingo,
    bizkar konkor makurra?
    Betiri Gorringo,
    eskura zak Okerra.
    Egin dezan bringo,
    Iharasarri non da?

    Hura ere on da
    egiteko arronda
    zuekin batean
    karrika gainean.
    Jauzi, Katalin!
    Jauzi, Pertolin!
    Jauzi orok bardin,
    Galtxagorrirekin!

  9. Askotariko zenbaketak egin dira, 3,000 pertsonatik hasi eta 10,000ra.
  10. Egindako kalkuluak ehunka batzuetatik 1,600era doaz.
  11. Watsonek dioenez, Frantses Errepublika berriaren oinarri filosofikoa Ilustrazioa eta haren errealitateari buruzko ikuspegi dikotomiko eta baztertzailea izan zen; ikus Watson, 58. or.
  12. Auzi hori Dominique Joseph Garatek komentatu zuen Napoleon Bonaparterekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lafourcade, Maité. (2003). «Les assemblées provinciales du PaysBasque Français sous l’AncienRégime» RIEV. http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/48/48589619.pdf.
  2. a b «Lapurdi. Historia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-03).
  3. a b c d e f g Caset, Frantxoa. (2019). «La Révolution, les Basques et les frères Garat /Iraultza, Euskaldunak eta Garat anaiak [Txosten historikoa]» Garat pastorala Pagolan. Oskaxe Zola, 126-144 or..
  4. a b Martinez Garate, L.M. 2019, 48-67. or.
  5. «Garat anaien hautaketa» ZUZEU 2020-04-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  6. (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2020). Protocolos sobre la independencia del Reino de Navarra y sus relaciones con Francia. Nabarralde, 98-99 or. ISBN 978-84-09-20464-9..
  7. a b c d Bolinaga, I. 2012, 30-36. or.
  8. a b c d e f Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 173-188. or
  9. Bolinaga, I. 2012, 61-66. or.
  10. Bolinaga, I. 2012, 62-66. or.
  11. Zabala, A. 1989, 85-88. or.
  12. Bolinaga, I. 2012, 87. or.
  13. a b Watson, C. 2003, 58. or.
  14. Watson, C. 2003, 130. or.
  15. Espartza, Jose Mari. 2012, 52. or.
  16. Iztueta Armendariz, Paulo. (2016). Hizkuntza-asimilazioa eta hezkuntza-sistema Euskal Herrian. Utriusque Vasconum, 275-277 or. ISBN 978-84-944061-7-1..
  17. (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2020). Protocolos sobre la independencia del Reino de Navarra y sus relaciones con Francia. Nabarralde, 14-41 or. ISBN 978-84-09-20464-9..
  18. Martínez de Muniain, Emilio Valerio. (1993). La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad. Donostia: Txertoa, 188 or. ISBN 84-7148-281-9ad..
  19. Bolinaga, I. 2012, 201-211. or.
  20. Douglass 2005, 133-134 orr. .
  21. Douglass 2005, 130 orr. .
  22. Mina 1990, 307-308 orr. .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mina, María Cruz. (1990). «Historia y Política: Las Vicisitudes de una Ley» 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939 (Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco) ISBN 84-87122-14-0..

  • Martinez Garate, Luis Maria. (2019). Ustaritz 1789; Lapurdi en la Revolución francesa. Nabarralde ISBN 978-84-09-10179-5..

  • Watson, Cameron. (2003). Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present. University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]