Muñatoizko San Martin gaztelua
Muñatoizko San Martin gaztelua | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kostaldeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Muskiz |
Koordenatuak | 43°19′30″N 3°06′33″W / 43.325078°N 3.109296°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIV. mendea - XV. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001165 |
3 | |
Muñatoizko San Martin gaztelua Muskizko San Martin auzoan dagoen gaztelua da, Barbadun eta Kotorrio ibaiek sortzen duten paduran kokatuta. Muskizko findegiaren alboan dago.
Eraikina Joan Lopez Salazarrek 1339 aldera hasi zuen. XIV. mendeko bigarren partean harresiak berritu zituzten. 1439 eta 1446 artean, Lope Gartzia Salazarrek guztia berritu zuen. Azkenekoz, 1476an zenbait obra egin ziren XV. mendera arte.[1].
Gazteluaren nukleo zentrala kubo formako dorre-gotorleku almenatua da, harresi-barru angeluzuzen batekin inguratua. Inguruan zenbait jauregi ditu eta harresi bi. Benetako gaztelua da; Euskal Herriko gaztelurik konplexuena eta garatuena seguru aski Eusko Jaurlaritzaren ustez.
1940ko hamarkadan Espainiako gobernuak monumentu historiko-artistiko izendatu zuen. Eta 2001ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin. Gaur egungo jabea Bizkaiko Foru Aldundia da.
Tipologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muñatoizi dagokionez ez dago zalantzarik haren sailkapen tipologikoaz: saloia duen dorrea da, bi saloi hobeto esanda, nahiz eta goikoa dagoeneko galduta egon. Kanpoko harresiak ditu, gainera, XIV. mendekoak kontuan hartu gabe. XV. mendean bat monumentala eraiki zen, eta bestea sinpleagoa; baina, sinpleagoa izan arren, konplikatu egin zen izkinetako dorreekin eta ateetako kuboekin. Pezoia, multzo eder horretako zatia dudarik gabe, hiru aldetatik inguratzen zuen gaztelua. Egia esan, benetako gaztelua da; Euskal Autonomia Erkidegoko gaztelurik konplexuena eta garatuena seguru aski.
Ondo dokumentatua dago. Hasierako obra 1339 ingurukoa da. XIV. mendeko bigarren erdian harresiak berritu zituzten. Lope Gartzia de Salazarrek 1439 eta 1446 bitartean berritu zuen multzo osoa. Eta, azkenean, 1476an, obra txikiago batzuk hasi eta XV. mendea amaitu arte iraun zuten.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikina multzo bateko zatia da. Beste eraikin osagarri batzuekin osatu zuen multzoa: gaur egun desagertua dagoen San Martin Muñatoiz baseliza eta Pizkundeko jauregi bat, zaharberritua. Gazteluak erdigunean du jatorria, Erdi Aroko euskal gaztelu gehienek bezala: kubo formako dorre-gotorleku almenatua, oso hermetikoa, harresi-barru angeluzuzen batekin inguratua, alde bakoitzean kubo bana duela eta dorre karratua bi aldetan, sarrera modura. Sarrera zeharkatuta defentsako bigarren lerro almenatura heltzen gara eta hortik benetako dorrera.
Oraingo monumentua lehenago egon ziren eraikinetatik eratorritakoa da eta mende bat baino gehiagoan eraikitakoa. Juan Lopez de Salazar hasi zen, 1339 aldera, garai hartako San Martin gotorlekua eraikitzen. Haren dorrea eraikin solido eta hermetikoa zen, lauangeluko oinplanokoa, zabalera sakonera baino zertxobait nabarmenagoa zuela. Gaur egun hogei metroko altxaera dauka. Bi solairuei eta hirugarrenaren abiaburuari dagozkio eta, horrenbestez, hortik eratortzen den bolumena nahiko bertikala da. Hormak nahiko lodiak dira (1,10 m) eta ongi ordenatutako harlanduxkoan eta harlanduzkoan prestatuta daude, gune noblearen adierazgarri.
Barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beheko solairura ezin da kanpotik sartu eta hiru gezileiho oso luze eta txaranbelduak dira argiune bakarrak, leihoburua mentsularen gainean eta laprandura nabarmena behealdean dutela. Horrek adierazten du xede nagusia argia sartzea zutela, ez defentsa. Muñatoiz da beheko solairuan sarrerarik ez duen dorre bakarra Bizkaian.
Lehenengo solairua bizilekua da, oso garaia, gehiegizkoa, ia eraikinaren altxaeraren bi heren hartzen ditu-eta. Bertan zegoen dorrerako sarrera bakarra, arku zorrotz estua, kanoi eskartzano aldebateratu samarra orduko alde nagusian (orain ezkerreko aldea). Jatorrizko multzotik hainbat saietera geratzen dira, aurrekoen antzeko ezaugarriak dituztela.
Solairu honen gehiegizko garaierak argitasuneko arazo batzuk eragingo zituen eta horregatik izango zen beharrezkoa solairuaren gunerik garaienean, goiko solairuko zorutik hurbil, argi-zulo zabalak irekitzea. Bizilekurako zen solairu horren gainean terraza almenatu bat baino ez zen egongo.
Eraldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lope Gartzia Salazarrek 1439an hartu zuen dorrea oinordetzan eta aldaketak egiten hasi zen, baina obrak 1454 arte atzeratu ziren. Lopek lehendik zegoen dorretxoa kimatu egin zuen eta dezente loditu zuen, lau garaiera egin zizkion eta terraza batekin eman zion errematea. Terrazak defentsarako pretila eta angeluetan bi dorretxo zeuzkan. Gainera, hainbat jauregi eraiki zituen dorrearen inguruan eta multzo osoa bi harresiz inguratu zuten, bat oso handia eta bestea txikixeagoa. Muñatoiz gaztelu berriak alde nabarmenak zituen hasierako eraikinaren ondoan. Dorre nagusiak oinplano laukizuzena zeukan oraindik ere, baina fatxada nagusia hasiera batean albo-fatxada izan zenera aldatzean, gelditu zen bolumena zabala baino gehixeago sakona izan zen. Hori normala zen hiriko dorreetan baina bitxi samarra mendialdeko dorreetan. Gaur egun hogei eta bost metroko altuera dauka, baina garaiagoa ere izan zen. Hala ere, Bizkaiko dorreen artean altuenetakoa da. Obra hauekin hormek, kare-harlanduxkoan aparejatuta, 2.80 metroko lodiera lortu zuten.
Hasierako dorrearen behealdea hermetikoa baldin bazen, are itsuagoa geratu zen: hiru gezi leiho estali zituzten eta horien lekuan dinteldutako irekidura eraiki zuten. Bizilekurako oinean ere argi-sistema aldatu zuten. Hasierako sarrera itxi egin zuten eta haren ordez beste bat ipini, ordura arte eskuineko aldea izandakoa. Sarrera berria arku zorrotz handi bat zen, oso aldebateratua, eta desagertu egin zen eraikina suntsitzean; hala ere, kanoi eskartzanoa gorde zen.
Lopek beste bi solairu erantsi zizkion. Lehenengoa hasierako terrazaren gainean, leiho zorroztuen erdibanatutako bikoteen bidez argiztatzen da, asentuak eta gezileiho garaiak dituztela. Bigarrena, bizitzeko beste solairu bat izango da, bigarren gela handia.
Dorrearen gorputz estuak ez zeukan ia bizitzeko gutxieneko baldintzarik; horrenbestez, lau bizigunez inguratu zuten eraikina. Jauregi horiek harlangaitzezko hormatxo batzuetan zeukaten euskarria eta hiru maila zeuzkaten, lehenengo biak gutxi garatuta -zerbitzuaren erabilerarako edo logelak- eta hirugarrena zabalxeagoa -etxeko teilatupearen luzapena.
Dorrearen eta jauregien inguruan harlangaitz irregularrean prestatutako hesi handi bat eraiki zuten. Gaur egun 7,5 metro dauzka baina hasieran 10 m izan zituen. Hesiak bao bat besterik ez dauka, kanoi eskartzano oso aldebateratua duen sarrera zorrotza fatxada nagusiaren ezkerraldean. Oraindik ere tranga bikoitzerako gontzak eta zuloak gordetzen ditu. Bigarren hesia ere eraiki zuten. Hasieran horma txiki bat baino ez zen, baina geroago dorre zilindrikoak eta kuboak zeuzkan harresi ikusgarri bat egiteko erabili zen. Pezoi batekin sendotu zuten, gainera.
Lopek "dorretxo" bat jaso zuen eta gaztelu konplexu bihurtu zuen.
Azkeneko esku hartzea gazteluan ez zen aurrekoak bezain garrantzitsua izan. Loperen oinordekoak, Juan Salazarrek, hirugarren bizitza-solairua berritu zuen, terrazaren ordez egurrezko ganbara eta lau isurkiko teilatua ipini zituen, hainbat eraikin eraiki zituen patioan eta kanpoko horma sendotu zuen, kubo eta dorre zirkularrak ipiniz eta pezoia zabalduz.
Obra hauekin bizileku itxura eman nahi zitzaion San Martin Muñatoizi, biltegirako eta artisautzako instalazioekin. Gainera, gazteluak bizilekutarako ematen zuen espazioa handitzen ahalegindu ziren, eta, horretarako, eraikinaren azken oina zaharberritu zuten, barruko konpartimentazioa hobetu eta elementu apaingarriak erantsi. Lortu zuten benetan etxeari irudi txundigarria ematea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ ARRIETA VALVERDE, Antton.- Euskal Herriko gazteluak : Bizkaia.- Donostia: Inp. Leitzaran, 2019. ISBN 978-84-09-13795-4. 103-112 orr.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Muñatoizko San Martin Gaztelua monumentu izendatzeko ebazpena (deskribapen osoa)[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
- Muskizko udalaren deskribapena
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |